AZKEN 10 SARRERAK

2011/09/30

PANTICOSA INGURUKO HIRUMILAKOETAN, 2.go zatia: PONDIELLOS orratzatik ARGUALAS mendira 2011/09/10

Atzoko egunean Infiernos eta Arnales mendietan ibili ondoren, gaur Panticosa inguruko beste bost hirumilakoak igotzeko prestatu ginen gure bi egunei amaiera polit bat emateko asmoarekin. Aterpean ederki afaldu ondoren goiz joan ginen lo egitera goizeko 6:00tako jeiki ginelarik.

GURE BIDEA

Eginiko ibilbidea hirumilako hauek igotzeko mendizale askok egiten duten ibilbide bera da: Balneariotik Pondiellos lepora igo, hemendik Pondiellos orratzera, eta Pondiellos orratzetik Garmo Negro mendira pasa ondoren kresteatzen joan Argualas mendiraino, bidean Algas Norte eta Algas mendiak igoz. Jaisteko Argualas mendira igotzeko erabiltzen den ohiko bidea jarraituko genuen.

ERAMANDAKO MATERIALA

Zalantzan izan ginen kaskoa eraman hala ez Pondiellos orratzatik Garmo Negrora dagoen trepadatxoagatik, harri askez betetako trepadatxoa baita, baina azkenean ez genuen eraman. Nahiz eta guk ez eraman, trepadatxoa nolakoa den ikusi eta gero, uste dut gomendagarria dela kaskoa eramatea.

DESKRIBAPENA

7:10, Casa de Piedra aterpea, 1636 metro. Atzo bezela goizeko 6:30etan gosaldu eta kotxetik motxilak hartu ondoren, aterpetik irten ginen. Igoerarako atzo jaitsieran jarraitutako bide bera jarraituko genuen. Bide hau hartzeko, aterpetik hegomendebalderuntz joan behar da Ibon de Baños iboneruntz. Ibon honetara ailegatzear gaudela eskuinera (iparmendebalderuntz) basoan sartzen den bide argi bat topatuko dugu. Bide hau da jarraitu beharrekoa. Gure lehenengo helburua? Mallata baxa d'as Argualas zabalunea.

Gaurko gure lehen eta azken helburuak egunsentiaren aurretik.


Bideak ez dauka inongo galerarik eta metro gutxietan altuera majoa irabazten du.


7:35, Mallata baxa d'as Argualas, 1900 metro. Uste baino azkarrago eta ia konturatu gabe lautada zabal honetara ailegatu ginen.

Mallata Baxara ailegatzen.


Mallata Baxa atzean utzi ondoren.


Mallata baxa atzean utzi ondoren bideak lotsagabe gora hartzen du gure hauspoen kalterako.

Mallata Alta d'as Argualasera ailegatzen.


08:00, Mallata alta d'as Argualas, 2260 metro. Erritmoa bizi-bizia mantenduz bigarren Mallatara ailegatu ginen.

Mallata Alta zeharkatzen. Parean Pondiellos Orratza garbi ikusi daiteke.


Mallata Alta zeharkatzen ari garela, Saretas lepora doan bidegurutzea topatuko dugu, hemendik Arnales mendira igotzeko. Guk ez genuen bide hau hartu, noski.


Bidegurutze hontatik aurrera maldak puntu bat gora egingo du. "Ufff, nik nire erritmoa hartzea noa, bestela lepora leher eginda ailatuko naiz" komentatu nien eramaten ari ginen erritmoa eta izerditzen ari nintzela kontutan izanda. Honela Josu, Asier eta Leku zertxobait aurreratu ziren Iker, Jon eta hiruok lasaixeago hartu genuelarik.

Iker Mallata Altatik gorako malda gogorrean.


Mallata Alta atzean utzi ondoren, Pondiellos lepora eramango gaituen harrikaran gora malda gogorrenak atzean utzi eta erritmo lasaiago bat hartu ondoren.


Pondiellos leporaino aurretik duguna eta gutxi gora behera jarraitutako bidea.


09:25, Pondiellos lepoa, 2809 metro. Hasieran eramandako erritmoa moteldu ondoren nahiko frexko ailegatu ginen lepora. Hala ere, hemen atseden hartzeko denbora hartu genuen inongo presarik gabe.

Pondiellos lepora ailegatzen


Jon eta Josu ere lepora ailegatzen.


Midi d'Ossau handia eta Pondiellos ibonak Pondiellos lepotik.


Lepoan atseden hartzen ari ginela Garmo Negro mendirarte ibilbide bera jarraitu behar zuen mendizale batekin hizketan aritu ginen. Azkenean gurekin batera Garmo Negrora etorriko zela erabaki zuen.

Lasai asko atseden hartu ondoren 9:50tan Pondiellos orratzaruntz abiatu ginen.

Nondik joango gara, Leku?

Lehendabizi hemendik...


...eta gero hemendik.


Pondiellos lepotik gora izen bereko orratzera igotzeko lehenik eskuin-ezker doan tximinia antzeko batetik gora igo ginen. Tximinia honek ez dauka inongo zailtasunik, arrisku bakarra duen harri soltea delarik. Guk ahal izan genuen denbora osoan tximiniatik kanpo ibili ginen bertan baitago harkaitzik onena.

Tximinian sartzeko prest.


Metro gutxietan Pondiellos lepoa oso behean utzi genuen.


Ahal den guztia tximiniatik kanpo egiten...


...nahiz eta azkenean nahi eta nahi ez tximinian sartu.


Jon eta Iker tximinian gora...


...eta tximiniaren azken metroetan, harriaren kalitate kaxkarra antzeman daiteke.


Behin tximinia igotakoan bideak iparmendebalderuntz hartu genuen, Pondiellos Orratzaren gailurraraino kresteriotik gertu mantendu ginelarik. Kresterioak ez dauka inongo zailtasunik eta makilak ez genituen gorde ere egin.

Tximinia igo ondoren Pondiellos Orratzaren gailurreruntz hartu genuen bidea. Gurekin igo zen mendizalea ikusi daiteke, ez zigun izenik esan.


Leku kresteriora hurbiltzen Jon tximiniatik ateratzen den bitartean. Atzean, mendi guztien gainetik, Vignemale handia ikusi daiteke.


Tximiniaren irteeratik aurrera jarritutako bidea.


Asier kresterioan, atzeko panorama ikusgarria da benetan: Frondiellak, Balaitus, Infiernoak, Arnales...


Kresterioakin jolasean, atzean Hegoekialdeko Infiernoa, Arnales eta Arnales Sur.


Pondiellos orratzaraino eramango gaituen kresterioaren ikuspegi orokorra, zailtasun handirik ez duela ikusi daiteke.


Dagoeneko Garmo Negro mendiaren gailurrean mendizale talde bat dago.


Gailurrera eramango gaituen azken metroetan.


Jon ibilbidearekin gozatzen.


10:20, Aguja de Pondiellos, 3011 metro. Gozo-gozo eguneko lehen hirumilakora ailegatu ginen. Bertan gurekin igo zen mendizaleari gailur argazkia ateratzeko eskatu eta ur pixkar edan ondoren, Garmo Negroruntz abiatu ginen.

Aguja de Pondiellos, 3011 metro. Atzean Garmo Negro mendiaren gailurra ikusi daiteke.


Garmo Negrora ailegatzeko lehenik Pondiellos orratza eta Garmo Negroren arteko punturik bajuenera ailegatu beharko gara. Honetarako lehenik hegomendebalderuntz hartu behar dugu bidexka bat jarraituz, amaieran destrepe erraz batekin lepoaren beheraino ailegatuko garelarik.

Garmo Negro mendiaren gailurreraino eramango gaituen trepadatxoa gutxi gora behera nondik doan markatu dut.


Behin bi mendien arteko lepoaren barrenean trepadatxo baten ondoren (hau da igoerako punturik zailena) arkaitz marroia duen kanalera ailegatuko gara. Arkaitz marroi honetatik gora kontu handiz trepatu beharrean gaude harria oso askea baitago. Iker eta Lekuk arkaitz marroiko "kanalaren" ezkerretik jo zuten lehen metroetan. Gu aldiz, zuzen hartu genuen hasiera-hasieratik, Asier aurretik genuela. Gurekin igo zen mendizaleak esan zigun beste bide errazago bat badagoela, baina bera ere azkenean gurekin batera igo zen.

Iker eta Lekuk lehen metroetan harkaitz marroiaren ezkerretik jo zuten.


Iker trepadan murgilduta.


Gu bitartean bi mendien arteko punturik bajuenera ailegatzen.


Trepadatxoa azpitik ikusita. Igoera kontu handiz egin genuen harri askeak zirela eta.


Jon igoeraz disfrutatzen nahiz eta hasieran tentsio pixkat pasa zuen, baina berehala pasa zitzaion.


Igoera poliki poliki egin genuen harririk ez botatzeko.


Jon lehen trepadatxoa amaitzen. Atzean Pondiellos orratzaren gailurra ikusi daiteke.


Lehen trepadatxoa amaitutakoan berriro ere kresteriora hurbilduko gara dagoeneko zailtasun guztiak amaituta. Zergatik kresteriora? Bertan harri sendoena baitago.


Iker kresterioan Garmo Negro mendiaren gailurrera eramango gaituen azken trepadatxoaren aurretik.


Azken trepadatxo honetara hurbiltzen. Ez dauka zailtasun handirik, II mailakoa edo, baina harkaitzaren kalitatea eta heldulekuak paregabeak dira.


Azken trepadatxoa gainditu ondoren, gailurra zapaltzear.


10:50, Garmo Negro, 3051 metro. "Hau da jende pila!!!" komentatu genuen, "Txindoki igande batean dirudi!!!". Gailur argazkia atera eta irteteko prest geundela, bapatean mendizale bat hurbildu zitzaigun: "Ya me imaginaba que entre tanta gente iba a encontrar a alguien conocido". Buelta hartu eta mendiak-eko Davidwill foreroa topatu genuen. Lagun batzuekin guk hemendik aurrera egin behar genuen ibilbide bera egitera Iruñatik etorri zen. Berarekin solasalditxo bat izan ondoren agurtu eta gure bideari ekin genion.

Garmo Negro, 3051 metro.


Jon eta Josu Garmo Negroren gailurra atzean utziz. Atzeko mendizaleen artean dago Davidwill.


Hemendik aurrera kresterioa jarraitzea besterik ez da, nahiz eta, nahi izanez gero kresterioa alde batera utzi daiteke hasiera hasieratik Algas Norte mendiaren gailurrera ailegatzeko.

Aurretik duguna, eskuinetik ezkerrera Algas Norte, Algas eta Argualas.


Guk ere Algas Norte gailurrera ailegatzeko ez genuen kresterioa bere osotasunean jarraitu argazkiak markatu dudan bezela.


Atzera begirada, Garmo Negro atzean gelditu da jada.


Kresterioa utzi ondoren gailurrera eramango gaituzten azken metroetan. Gailurrean bi mendizale ikusi daitezke.


11:35, Algas Norte, 3032 metro. Gailur argazkia atera, eta ur pixkat edan ondoren, aurreruntz jarraitu genuen.

Algas Norte, 3032 metro.


Algas Norte eta Algas mendien arteko arista zatiak ez dauka zailtasun handirik eta bi mendien arteko bidea di-da batean egiten da.

Algas Norte mendia atzean utzi ondoren.


Kresterio zatia Lekuren ikuspuntutik ikusita.


Garmo Negro eta Infiernos mendiruntz begirada.


11:50, Algas, 3036 metro. "Ze eingo deu? Hamaiketakoa oain ein edo Argualas igo ondoren?" Galdetu nien. "Hobe Argualas igo eta gero, gañera egualdi aldaketa emanda dau atsaldeako eta onena ahalik eta azkarren ibiltzen bagea" esan zuen Ikerrek. Honela ba, gailur argazkia atera eta aurreruntz jarraitu genuen.

Algas, 3036 metro.


Algas eta Argualas mendien arteko arista zatiak ere zailtasun handirik ez dauka, eta zatirik zailena (II edo III pausuak dituena) aristaren ezkerretik doan bide normaletik ekidin daiteke. Guk aukera hau hartu genuen Argualas mendira ahalik eta azkarren ailegatzeko.

Algas menditik aurrera jarraitutako bidea.


Lehen metroetan dagoen destrepe interesgarri bat.


Arista utzi ondoren, dagoeneko Argualas mendira eramango gaituen bide normalean. Bukaeran Vignemale handia ikusi daiteke, ezkerrean Pondiellos orratza erdi izkutuan, Garmo Negro eta Infiernoak.


Iker trabesia berean.


Aristaren punturik zailena ekidin ondoren, trepadatxo erraz bat igo eta berriro ere kresteriora atera ginen.

Jon eta Asier trepadatxoa gainditzen.


Dagoeneko aristan, Argualas gailurraren aurretik egingo dugun azken trepatxoari ekiteko prest...


...eta trepadatxoan murgilduta, gehienez II mailako zailtasuna izango du.


Trepadatxoaren ondoren berriro kresteriora "salto" egiten.


Behin kresteriora bueltatzerakoan bertatik jarraitu ordez kresterioa utzi eta eskuineruntz (hegoalderuntz) hitoz markaturiko bidexka bat jarraitu beharko dugu.

Arista utzi ondoren.


Leku puntu berean. Eginiko eta jarraitu beharreko bidea markatu ditut.


Bigarren trabesia honen ondoren berriro ere kresteriora ailegatuko gara azken metro erraz batzuen bidez Argualas mendiaren gailurrera ailegatuko garelarik.

Gailurra irabazteko azken metroetan.


12:10, Argualas, 3046 metro. "Azkena!!!!!!!". "Hoi da batalloa, beatzi hirumilako igota" esan genion Joni. "Kontuz, ze hirumailakoek engantxau eiten dute".

Argualas, 3046 metro.


Atzera begirada, gaur eginiko ibilbidea ikusi daiteke, baita Garmo Negrora doan bide normala ere.


Partacua mendikatea eta Peña Telera, ea negu honetan hemen estreinatzen garen.


Gailurrean argazki batzuk atera ondoren, beherunzko bidea hartu genuen fundamentuzko hamaiketakoa egiteko leku baten bila. Dagoeneko haizea aldatu eta frexkatzen hasi zen "Ummm aldaketa zetorrek, azkenen ebie eingo dik" Lekuk.

Beherunzko bidean. Iker, Josu eta Lekuren eskuinean nabaritzen diren traza zurietatik gutxi gora behera jaitsi ginen.


Gailurrera igotzeko pasa genuen bigarren pasabidea pasa eta aristara itzuli ondoren kresterioa utzi eta harrikara batetik behera jaitsi ginen.

Jon eta biok eta gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Harrikaran behera egin ondoren topatu genuen lehen babesean motxilak utzi eta merezitako atsedena hartu genuen. Ordu erdiz jan, edan eta solasaldian izan ginen, baina hoztu aurretik beherunzko bidea hartu genuen.

Atsedenaren ondoren beherunzko bidean. Lehenik azpian ikusten den ibonaren parera ailegatu beharko gara.


Ibonaren parean, hemendik aurrera Garmo Negro mendira doan bide normalarekin bat egingo dugu Panticosako Balneariorarte.


Garmo Negrora doan bide normalarekin bat egin ondoren, Balnearioa oso behean gelditzen da.


Jaitsiera harrien artean doa etengabe.


John, Paul, Ringo eta George.


Garmo Negrotik behera bide ezberdinak topatu genituen, denak ongi markatu eta zapalduak. Guk iparekialderuntz doan bat hartu genuen tximinia bateraino.

Ipar ekialdeko norantza hartu ondoren...


...eta tximiniara hurbiltzen.


Ipar ekialderunzko norantza duen bide hau hartu eta hamar minutu ingurura tximinia zabal batekin topo egin genuen.


Nahiz eta tximinia oso tentea iruditu, osorik makilekin jaisten da, momentu puntualetan eskuak jartzen direlarik.

Tximinian behera...


...eta tximiniaren amaieran.


Tximiniaren ondoren bidea berriro ere gozotu egiten da nahiz eta harrien artean jarraitu.


Atzera begirada, jarraitutako bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut.


Hemendik aurrera berriro igoerako bidearekin elkartu ginen, pixkanaka Panticosako Balneariora ailegatu ginelarik.

14:45, Casa de Piedra aterpea, 1636 metro. zazpi ordu t'erdiko ibilalditxoaren ondoren berriro ere abiapuntura ailegatu ginen.

Iker, Jon eta hiruok zoriontsu eginiko lanen ondoren.


Arropa aldatu, aterpeko guardekin kontuak egin eta etxeruntz abiatu ginen, etorkizunean egin ditzazkegun planen inguruan solasaldian.


14 iruzkin:

  1. Aupa Xabi.
    Hemen nauk berriz informazio bila.
    Zuek eginiko bi eguneko bide hau egin nahiko nike, baina gure asmoa pondielloseko lepoan lo egitea izango zen, panticosaraino jeitsi gabe, nahiz eta horrek bizkarrean pisu gehiago eramatea esan nahi.

    Galderak (sentitzen diat hainbeste izatea)
    1) Zailtasunaren arabera nola ikusten dek? Noan lagunak, Perdido egina dauka eta mendian ibilia da, baina ez du inoiz rapelatu.
    2) Bidea jarraitzea erraza al da?
    3) Destrepeak "asekibleak" dira?

    Egia esan, gehien beldurtzen nauena, Infernutatik beherako rapelak, eta ondoren tontorren artean dauden destrepeak dira. Eztakit ez ote den gehiegi izango lagunarentzat.

    Ze iritzi daukak bideaz?

    Eskerrik asko. Sentitzen diat galdeketa!

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa tokallo!!
    Lo egiteko Pondiellos lepoan bertan vivac bat jarrita dago, bestela, beste batzuk Pondiellosko ibonetara jaisten dira bertan dauden vivac-etan lo egitera (gainera bertan ibonetako ura hartu dezakazue, bidean goiko ibon urdinetik gora ez baituzue urik topatuko).

    Zure galderei erantzunez:
    1) Zailtasuna. Ez da oso handia, gainera guk topatu genituen bi zailtasunak (rapela eta Arnales Sur menditik beherako jaitsiera) ekidin daitezke. Igerturen errepor honetan ikusi dezakezu aukera "errezago" bat (http://igertu.blogspot.com.es/2007/07/20070707-infiernos-y-arnales.html). Zuen helburua kresteriotik segitzea bada (guk egin genuen bidea jarraituz), eztakit ba, bazpare zure laguna ez nuke hortik sartuko.
    2) Bideak ez dauka inongo galerarik, ia denbora osoan kresteatzen joango zarete eta, gainera mendizale asko ibiltzen den lekua da.
    3)Destrepe zakarrenak Arnales Sur menditik behera topatu genituen, baina, lehen esan bezela, bidea luzexeagoa eginda, ez daukazue zergatik kresta ertzetik jarraitu behar.
    Bigarren eguneko ibilbidea lehenengoa baino errezagoa da, zailtasun bakarra Garmo Negro-rako igoeran topatu dezakezue, baina hau ere, kontuz ibilizkeo errez egingo dezue.
    Kontutan izanda ibiltzen den mendizale kopurua eta harri askea, kaskoa eramatea gomendatuko nizueke.
    Beste zalantzarik edukizkeo lasai asko galdetu.
    Ondo ibili, ibilbideak merezi du eta!!!!!

    ErantzunEzabatu
  3. 1) Infernutik beherako bidea, rapelatu gabe, errezagoa da? Igerturen blogeko azalpenetan, jeitsiera arriskutsua jartzen du, eta ondoren elur zati batetik igarotzen dira. Bide hori nundik hartu behar da? Erdiko infernuaren eta hego infernuaren artean?

    Gehien bat jeitsiera horrek ematen ziat bildurra. Gero kresteatzen joatea, ertzetik edo beheragotik egingo diagu nola ala.

    2) Rapeka ekidin ezkero, kaskoa eramatearekin nahiko ezta? Arnesa, soka ta guztiak eraman gabe...

    3) Pondielloseko ibonak lepotik gertu daude? Ezta oso distantzi handia izango, mapan ez du ematen behintzat.

    Milesker berriro ere!

    ErantzunEzabatu
  4. Aupa berriro ere:

    1)igertu jaitsi zen lekutik jaisteko hegoaldeko infernutik pixkat atzera egin behar duzue. Jaitsiera hori guk egin genuena baino errezagoa da, pentsatu beharra duzu Pondiellos-tik doan bide normala hortik doala. Bidean hitoak topatuko dituzue. Nire ustez jaitsiera horrek duen zailtasunik handiena dituen harri solteak dira oso arkaitz puskatua dauka eta. Behin jasten zaretenean ahalik eta altuera gutxiena galtzen joan Arnalesera. Nire ustez garai honetan ez dezue elurrik topatuko.

    2) Kresterioa ez baduzue egiten kaskoarekin nahiko izango dezue. Bazpare (zure laguna oso ohitua ez badago) 8 mm-tako kordino bat eraman dezakezue (nik Beal markako 30 metroetako bat Decathlonen erosi nuen eta merkeak dira). Gure kordinoak kilo bat inguru pisatzen du.

    3) Pondiellos ibonetatik lepora di-da batean zaudete eta gainera bertan haizetik babestuta egongo zarete (normalean lepoetan haizeak ederki jotzen du eta).

    Besterik beharrez gero lasai galdetu.

    Ondo izan!!!

    ErantzunEzabatu
  5. Ok. ederki!

    Nik ere bazeukeat 30 metroko soka bat. 8,2mm-koa. 1250gr pisatzen dizkit. Baino horri arnesak eta mosketoien bat gehitu beharra zaio, baino bazparerako ongi legoke.

    Espero diat, azken galdera izatea.
    Zuek eginiko zentzuan hobe da alderantzizkoan baino? Aurkitu baitiat batenbaten azalpena alderantziz egina, ta infernuko aldapa hobea omen da igotzea jeistea baino...

    p.d. orain ihurbaineko irteeran idatziko diat... puff

    ErantzunEzabatu
  6. Guk kordinoa bakarrik eraman izan dugunetan (trepatzen oso ohitua ez dagoen batekin adibidez) ez dugu arnesik eta mosketoirik eramaten jakinda bidean ditugun pausuak errez aterako ditugula. Honela, ohitua ez dagoena pausuren batean konfidantza faltarekin badoa, soka gerrian biok lotu, pausua atera eta behin pausua atera ondoren soka tente eramanez aseguratzen dugu guk ondo aseguratuta edo arkaitz baten atzetik soka pasatuz.

    Nik bidea guk eginiko zentzuan egingo nuke. Garmo Negrotik Pondielloseko orratzera doan destrepea (guk eginiko zentzuan trepada izango litzateke) Infiernosekoa baino zailagoa dela esango nuke. Normalean Infiernoak egiten dutenak guk eginiko zentzuan egiten dute Pondiellos lepotik berriro Panticosa jaisteko.

    Destrepatzen soltura izanez gero eta zure laguna konfidantzarekin ez badoa, kordinoa lotu iezaiozu gerrian eta jaitsi bere atzetik soka tente dezula. Infiernotatik behera jaisteko kanalaren kanpotik jaistea errezagoa da.

    ErantzunEzabatu
  7. Aupa Smithy!
    Galderatxo bat, gauden garaian gaudela, eta jakinda astebururako ona eman dutela, ze gomendatzen didak, vivac-a egitea, edo kanping denda eramatea Pondielloseko lakuetan lo egiteko?

    Mila esker!

    ErantzunEzabatu
  8. Aupa tokallo!!

    Normalean garai hontan, hego haizerik ez badabil behintzat, gauean basurea (ihintza) botatzen du eta hezetasunen artean lo egitea ez da oso atsegina izaten. Nik denda eramango nuke.

    Zuen helburua hirumilakoak bakarrik egitea bada vivac eta guzti, pisuaren asuntoarengatik beste gauza bat egin dezakezue:

    - Lehen egunean material guztiarekin Pondiellos lepora igo, vivac-a egingo dezuen lekuaren inguruan trasteak izkutatu, eta material minimoarekin infiernoak eta Arnales egin.

    - Bigarren egunean traste guztiekin falta direnak egin.

    Modu honetan ez zarete hainbeste denbora pisu guztiarekin ibiliko ta zuen sorbalda eta oinek eskertuko dute.

    Zalantza gehiago izanez gero lasai asko galdetu.

    ErantzunEzabatu
  9. Orain dela 5-6 egun egindako elurteak eraginik izango duela uste dek? Zailtasunen bat gehitu zatiren batean edo material gehiago beharra?

    Nik espero diat egin dizkiken tenperaturekin urtuko zela dana, baino hori ezin da jakin.

    Ze uste dek? Mila esker!

    ErantzunEzabatu
  10. Aupa tokallo!!!

    Nik ustet elurre junda egongo dela. Dena den Casa de Piedra (974 487 571) edo ireki berri den Bachimaña aterpera (697126967) deituzkeo informazio hobea emango dizute.

    Ondo ibili eta zalantza gehiago izanezkeo lasai galdetu.

    ErantzunEzabatu
  11. Aupa Xabi!
    Bachimaña eta Casa de Piedrara deitu diat eta esan zidatek, Infernuak igotzeko kranpoiak eta pioleta beharrezkoak direla, izotza baitzegoan atzo gune batzutan. Eta Casa de Piedrakoak esan ziak, Infernuak horrela egonda, Garmo Negro inguruko kresterioa egiteko ere onena neguko materiala eramatea izango zela.
    Gauzak horrela egonda, uste dek agian ez dala momentu egokia iteko irteera? Infernutatik Pondiellos leporako jeitsiera elurrez baldin badago... arriskutsua izan daiteke ez?

    ErantzunEzabatu
  12. Bachimañako aterpean hori esan badizute horrela izan daiteke, baina egun asko jarraian eguzkiak jo du eta oraindik neguko materialarekin igotzeko moduko elurra egotea, eztakit ba.

    Garmo Negrotik aurrera dagoen kresterioagatik ez nintzen arduratuko: oso erreza da eta zailtasunik topatu ezkero errez ekidin daiteke. Ziur naiz kresterio horretan ez dezuela arazorik izango.

    Bazpare, mendi foroetan galdetu dezu? Pirineos3000, mendiak eta madteam bezelako foroetan galdetu ezkero ziurrenik bakarren batek bertako informazioa emango dizu.

    ErantzunEzabatu
  13. Mendiak-en galdetu det baino inork ez dit erantzun. Bachimañara deitu det berriz oain ea esan didate gaur mendizale batzuk buelta eman behar izan dutela eta beharrekotzat jotzen dutela materiala.
    Pondielloserako jeitsiera eta aguja de pondiellosetik garmo negrorako igoera arriskutsuak lirateke elurrarekin? Ze uste dek?
    Eztakigu materiala eraman edo ez. Edota 30 metrotako kordinoarekin aseguratu ezkero leku arriskutsuetan nahikoa izango den.

    ErantzunEzabatu
  14. Bachimañan Infiernos-etar igotzeko materiala behar dela baieztatu badizute Pondiellostik Garmo Negrora ere erabiliko duzue ziurrenik.

    Dena den, Pondiellostik Infiernosetara doan bidea errezagoa izaten da elurrarekin elur gabe baino, baina Aguja de Pondiellostik Garmo Negrora doan zatia nahiz eta oso zaila ez izan, elur gutxi eta izotza badago arriskutsua izan daiteke.

    Vivac-erako eramango duzuen materialari kranpoiak eta pioleta batuzkeo pisua handia eramango duzue. Arinago ibiltzeko aitzakiarekin ez dezue pentsatu ibilbidea guk egin genuen moduan egitea? Vivac-aren xarma kentzen zaio, Pondiellosera beste behin igo beharko duzue, baina arinago ibiliko zarete. Guk ibilbide hori egin genuenean arintasunaren alde egin genuen vivac-a alde batera utziz.

    ErantzunEzabatu