AZKEN 10 SARRERAK

2012/10/25

LUMADUN PRODUKTUAK EROSTERAKOAN KONTUTAN IZAN BEHARREKOAK

Artikulu honen bidez, lumadun produktu bat (plumiferoa, lo zakua, manoplak etab.) erosteko garaian kontutan izan beharreko erizpide batzuk lagungarri gisa eman nahi nituzke.

Artikuluarekin jarraitu aurretik zuen buruei komeni da, "honelako produktu bat benetan behar dut?" galdera egitea.

Hasteko, esan beharra da ez dagoela beroa ematen duen arropa edo zakurik (kalefakziorik ez badu behintzat). Hotzetik babesteko materialaren funtzioa gure baitan berotzen dugun airea ahalik eta gehien mantentzea da, hau da, gure inguruan aire berozko geruza bat sortu eta mantentzea. Produktu hauen funtzioa, beraz, hau litzateke: guk sortutako beroa mantendu eta gure kanpoan dagoen aire hotzatik isolatu, aire hotza barruan dugun aire beroagatik aldatu ez dadin.

LUMA MOTAK

Hotzatik babesteko produktu eta materiale asko topatuko ditugu baina momentu honetan "beroenak" bi ditugu: Luma naturala eta luma "sintetikoak" (zuntz sintetiko hutsa izaten da, gaur egun ezagunena Primaloft® izan daiteke, baina marka ezberdinek dagoeneko hasi dira beraien produktuak garatzen) dituzten produktuak. Bi "luma" mota hauek alderatuz zera topatuko dugu:
  • Luma naturalaren alde onak sintetikoaren gainetik: Pisu berean beroagoa da, arinagoa da, gehiago konprimitu daiteke (motxilan gutxiago okupatzen du) eta zaindu ezkero bizi iraupen luzeagoa dauka.
  • Luma sintetikoaren alde onak naturalaren gainetik: Busti edo hezetzen bada beroa mantentzeko ahalmena ez du galtzen eta orokorrean, merkeagoa da. Luma naturalaren hezetasuna ekidin nahian, bada bere lumei tratamentu hidrofugoa ematen dion markarik.
Produktu batzuen eta besteen abantail eta desabantailak ikusita bada bi lumak nahastatua eramaten duen produkturik ere, bi lumen abantailak batu asmoz. Produktu hauek luma sintetikoa, sorbalda, manga eta gerrialdean eramaten dute eta luma naturala bularraldean.

Dena den, ezaugarri hauek ikusita ondo jakin behar da zertarako nahiko dugun produktua eta batez ere zer erabilera emango diogun.
 
Artikulu honetan luma naturalaren inguruan bakarrik arituko naiz. Sintetikoa hurrengo artikulu baterako utziko dut.

LUMA NATURALA

Mendiko produktuei dagokienez, eta asko sinplifikatuz, bi luma mota ditugula esango dugu: luma eta lumatxa ("plumón"), azken hau Duvet bezela ere ezaguna.

Luma

Kurbatura txikia duen ardatz batez osatua dago (teknikoki "raquis" izena duena), ardatz honetatik, alde batera eta bestera filamentu hestuak ateratzen direlarik.


Luma tipikoa


Lumatxa

Lumatxak ia nukleorik ez dauka eta, eta izar baten moduan, milaka kapilar ateratzen dira alde batera eta bestera elur maluta baten itsura ematen diolarik. Lumatxak hegaztien lepo, bular eta sabelaldean egoten dira geruza isolagarri bat sortuz. Lumatxa geruzaren gainetik, babesgarri gisa, lumen geruza bat egoten da. Lumatxa kalitaterik onena 2-3 urteko antzarrek dute.


Lumatxa, duvet edo gaztelaniaz "Plumón".

Lumatxa da bi luma moten artean hotzetik hobe isolatuko gaituena, pisu gutxian aire asko "harrapatzeko" gaitasuna baitu.

Kalitate altueneko lumatxa europear herrialdeetatik dator: Frantzia, Alemania, Hungría eta Poloniatik. Herrialde hauetan antzarrak helduak izan arte zaintzen direnez (patea egitearen kulturak ere honetan eragin handia dauka), lumatxa kalitate eta gaitasun handikoa izango da.


Dena den, lumatxa kantitaterik handiena Asiako herrialdeetatik dator:Txina, Taiwan eta Mongolia bezelako herrialdeetatik. Herrialde hauetan antzar eta ahaten haragia beraien dietan oinarrizkoa da eta ondorioz, antzarrak jaio eta aste edo hilabete gutxietara hiltzen dira, hauetatik lortzen de lumatxa kalitate eta bolumen gutxikoa delarik.


LUMATXA GUZTIEK KALITATE BERA DUTE?

Erantzuna "ez" izango litzateke.

Lumatxen kalitatea neurtzeko "cuin" izeneko unitatea dugu eta lumatxek duten cuin kopurua produktuaren "Fill Power" edo "Loft"-a (puzteko gaitasuna) emango digute. Azken finean puzteko gaitasun hau jakitea ezinbestekoa dugu, zenbat eta gehiago puztu ahalik eta aire bero gehiago "harrapatuko" du eta.

Zer da "cuin"-a?

‘Cuin’-a (inglesez "cubic inches" edo pulgada kubikoak) lumatxak duen puzteko gaitasuna ("Fill Power" edo "Loft" inglesez) neurtzen duen unitatea da. Honetarako lumatxa ontza bat (28,35 g) hartzen da eta kalibraturiko zilindro transparente batean sartzen da. Lumatxari ahal den guztia puzten uzten zaio eta behin puztutakoan bere gainean 67,2 g-tako tapa bat jartzen da presioa egin dezan. 60 segundu pasa ondoren lumatxak zilindroaren barnean betetzen duen bolumena neurtzen da. Ondorioa? Lumatxak zenbat eta cuin altuagoa izan bolumen gehiago beteko du, beraz, babes handiagoa emango digu hotzaren aurka.

Baina "cuin"-en mundua ez da hain erraza, cuin amerikar eta europearrak baitaude. Bien arteko ezberdintasuna "cuin"-ak kalkulatzeko prozesuan datza: amerikarrek froga luma lehor eta 0 hezetasuneko egoeran egiten dute, europearrek berriz froga egoera "hezeago" batean egiten dute. Honegatik, "cuin" kopuru berean, produktu europearra amerikarra baino beroagoa izango da.


Lumatxa ezberdinen frogen emaitzak. Ikusten denez, zenbat eta "cuin" altuagoa (azpiko datua) puzteko gaitasun handiagoa dauka (goiko datua).


ORAIN ARTE IKUSITAKOA NOLA IKUSTEN DUGU MENDIKO PRODUKTUETAN?

Mendiko lumadun produktuen ezaugarrietan (kalitatezko produktua bada behintzat) beti bi datu ikusiko ditugu: "Cuin" kopurua, Fill Power edo Loft-a eta produktuak duen lumatxen portzentaia.

Fill Power, Loft edo "cuin" kopurua.

Orain arte azaldutakoarekin argi duguna da zenbat eta cuin gehiago geroz eta beroagoa izango dela produktua. 

Produktuak duen lumatxen proportzioa.

Normalean 80/20, 90/10, 92/8 bezelako datuak ikusiko ditugu. Honek esan nahi duena da produktuak %80, %90 eta %92 lumatx izango duela. Hemen ere, portzentaia zenbat eta altuagoa izan hobe. Oso zaila da %90-etik gorako portzentaiak lortzea beti lumatxa ez den luma kantitate bat nahigabe sartzen delako.

Portzentaiekin ere, "cuin"-ekin gertatzen den bezela, neurketa amerikarrak eta europearrak ditugu:
  • Portzentai amerikarretan produktu batek 90/10-ekoa izateko gutxienez %89 lumatx izan beharra dauka.
  • Portzentai europearretan aldiz, 90/10-ekoa izateko nahikoa da %81 baino gehiago izatea.
Hemendik atera dezakegun ondorioa argia da: portzentai berean litekena dela produktu amerikarrak europearrak baino lumatxa gehiago izatea.

Goiko tenperatura, tenperatura erosoa, mugakoa eta muturrekoa

Lo zakuetan aurreko bi datuaz aparte beste lau datu hauek izango ditugu. Datu hauek pixkanaka mundu osoan zabaltzen ari den europear EN 13537 arauan oinarrituta daude. Tenperatura hauek pertsonak arropa geruza bat, koltxoneta/isolagarri baten gainean eta kanping dendarik gabe lo egiten ari dela neurtzen dira. Dena den, tamalez mendiko materialaren fabrikatzaile batzuek emango dizkiguten tenperaturen balioek ez dute ezertarako balio oso "subjetiboak" izan daitezke eta.
  • Goiko tenperatura ("Límite superior"): Mediako gizon batek (73 kg, 25 urte eta 1.70m-ko altuera) izerdi handirik bota gabe lo egingo duen tenperatura da. Tenperatura hau zakuaren kremailerak irekita eta pertsonak besoak kanpoan dituela hartzen da.
  • Tenperatura erosoa ("Confort"): Mediako emakume batek (60 kg, 25 urte eta 1.60m-ko altuera) eroso eta erlaxatuta lo egin dezaken tenperatura da.
  • Mugako tenperatura ("Límite inferior"): Mediako gizon batek zortzi ordutan zehar esnatu gabe lo egin dezaken tenperatura da.
  • Muturreko tenperatura ("Extrema"): Mediako emakume batek sei ordutan zehar hiportemia eriotz arriskurik gabe lo egin dezaken tenperatura da. 

Tenperatura ezberdinen taula


ZER IZANGO DUGU KONTUTAN EROSKETA EGITERAKOAN? 

 Oinarrian gauza hauek dira kontutan hartu beharreko gauzak:
  • Produktuaren kanpoko ehuna. Luma produktu bizi bat da honetarako arnas egitea behar du. Bestalde, luma busti ezkero beroa mantentzeko ahalmena galtzen duela esan dugu. Bi datu hauek kontutan izanda, arazo handiak sortzen dira kanpoko materialentzat: alde batetik, materiala oso iragazkorra eta fina bada, luma euri edo langarrarekin bustiko da eta produktua ere errazago urratuko da. Bestaldetik materiala iragazkaitza bada lumak ez du arnasarik hartuko eta gure izerdiak heze eta bustiko du. Normalean erabiltzen diren ehunak sintetikoak izaten dira (poliamida, nylon...). Produktuen fabrikatzaileak aukera ezberdinak hartzen dituzte:
    •  Zuntz sintetikoei tratamentu iragazkaitz bat eman. Honetarako gehien erabiltzen den produktua DWR (Durable Water Rapellent) delarik.
    •  Haize eta euriari erabat iragazkaitz ez diren produktuak erabili: ezagunena Pertex®, bere mota ezberdinetan (Quantum® edo Endurance®) ehuna izan daiteke. Ehun hau nahiko iragazkorra da eta langar edo txirimiri bat jasaten du.
    • Honetaz aparte, fabrikatzaile bakoitzak bere ehunak erabiliko ditu: Drylite®, Conduit SL®, Defender®, Event® etab.
  • Produktuaren diseinua. Produktuaren xehetasunei begiratuko diegu, plumiferotan adibidez txapelarik duen hala ez, txapela kaskoaren gainean jarri daiteken hala ez, nola lotzen da lepo inguruan, eskumuturretako eta gerrirako ajusteak, kremailera mota, produktuaren puntu hotzak (joskurak adibidez) etab. Diseinuaren zati garrantzitsu bat produktuaren tabikeetan dago. Tabike gutxi egonez gero luma, grabitatearen indarraren ondorioz, biltzen joango da. Arazo hau Tabike askorekin konpontzen da baina josturen kopurua handitzen denez, puntu hotzak ere handitu daitezke. Honegatik, kopuruatik aparte, tabikeen tamaina, forma eta joskurei ere begiratu behar zaio. Dena den, tabike asko daudenean, hauen arteko gertutasunak joskurak estali ditzazke hotz puntuak gutxituz.
  • Produktuaren neurria. Produktua gure gorputzera moldatu behar da. Zenbat eta handiagoa gelditu, gure gorputzak bere inguruan aire gehiago berotu beharko du, ondorioz beroa mantentzeko ahalmena ere gutxitzen delarik.
  •  Luma. Honen inguruan dagoeneko azalpen nahikoak eman ditut kalitatezko produktua zein izan daiteken jakiteko. Dena den lumarekin bi faktore izango ditugu kontutan: 
    • Lumaren kalitatea. Kontutan izan behar da bi produktuen artean, pisu berean, "cuin" eta lumatxa portzentai handiko produktu batek bero handiagoa "emango" duela. Dena den, fabrikatzaileak ez dira tontoak eta askotan "cuin" frogetarako erabiltzen duten luma ez da gero produktuetan erabiliko duten luma bera. Gainera, beraien produktuetan lumaren daturik handienak ematen saiatuko dira. Praktikan, datuetatik aparte komeni da produktua ukitu eta leuntasuna ikustea (produktuak luma asko -eta lumatxa gutxi- badu, ikutzerakoan barruan lastoa izango duenaren sentsazioa izango du) eta produktua  "zanpatzea" lumaren bolumenaren errekuperazio ahalmena ikusi dezagun.
    • Lumaren kantitatea. Produktuak zenbat eta luma gehiago izan beroagoa izango da, baina honek ere produktua hastunagoa egingo du. Dena den, gauza askorekin pasatzen den bezela, luma kantitateak muga bat du, muga horren gainetik nahiz eta luma gehiago sartu efektu beroago bat lortuko ez dugularik.

Ikusten duzuenez lumaren mundua oso zabala da eta zaila izan daiteke gure beharretara egokitzen den kalitatezko produktua aurkitzea. Gure kasuan, bi anaiok ditugun lumetako txamarra eta lo zakua erosi aurretik ia urtebetez aritu nintzen gure beharretara hobekien egokitzen zen produktuaren bila.

Ez ahaztu, lehen lana, artikulu honetan azaldu nuen bezela, produktua erosi aurretik hiru galdera hauei erantzutea komeni dela: behar al dut produktu hau? Zer erabilera eman behar diot? Zein da nire errealitatera hobekien egokitzen den produktua? Hiru galdera hauei zintzoki erantzuten badugu ez dugu dirua alperrik gastatuko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina