Elkarbanatu nahi dudan hausnarketa hau, izenburuak dioen bezela,
gure mendi-eskalada irteeretarako dugun materialaren egokitasuna eta zentzuzko gastu bat egiteari buruzkoa da. Artikulua ez da produktu garesti edota markakoen aurkako hausnarketa bat, gure mendi errealitatera gehien hurbiltzen diren produktuen erosketarako erabiltzen ditudan erizpideak elkarbanatzea baizik.
Alde batetik, zuen artean bakarren bat mendiaz edota eskaladaz gozatzearen mundutxoan hasiberria izango da. Bestaldetik, mendian ibiltzen direnenen artean, urtaroaren
aldaketarekin hotz eta euritarako duten materialari begiradatxoa eman,
eta beharbada armairuan duten produktu zaharren bati erretiroa emango diote. Eskiatzaileek berriz, gauza bera egingo dute beraien
eski eta arroparekin ere, datorren denboraldi berriaren atarian.
Azken urteotan mendirako materiala jasaten ari den aurrerapena izugarria da. Beharbada aurrerapenik handiena produktuen arintasunean datza, produktu arin berriek hastunagoak diren beste batzuen emaitza bera eskeintzen dutelarik. Merkatuan dugun aukera eta prezioen aldea ere handia da, askotan produktu berri bat erosten dugunean edo zahar edo hautsitako bat berritzen dugunean buruhauste handiak izaten ditugularik. Merkatua merkatua da eta egunero GoreTex, SimpaTex, Thermolite, Thinsulate, Polartec, Novadry, Wind Stopped eta Softshell bezelakoekin bonbardeatzen gaituzte besteak-beste.
1986 urteko neguan Aralarren. Garai hartako "oinarrizko" materialarekin: larruzko bota beltz "iragazkorrak", txandal-a (goiko zatia gerrian lotuta), kotoizko alkandora, kotoizko kamiseta eta larruzko makutoa. Barruan xira ("kanguroa") kantinplora ogitartekoa eta fruta eramaten nuen, baita jaunartzean oparitu zidaten Agfamatic argazki kamera ere. Ikusten denez, argazkian "Tex" gutxi ikusi daiteke.
Tamalez, kontsumoari eta itsurakeriari zuzentzen zaion gizarte batean bizi gara eta kontsumorako sukarrak mendizaletasunari ere eragin dio. Badira azken txamarra gore-tex megatxatxi superguai-a 400 edo 500 euro ordaindu ondoren erostea gustuko dutenak, Aralar, Aizkorrin edota Piriniotan
udan ibiltzeko, okerrenean lanera joan edota herrian pasiatzeko erabiltzen ez badute behintzat. "Zahartzen hasten denen mendin ibiliko det", esaten dute. Badira horrenbeste diru ordaindu gabe Txinakik marka ezagunen produktuen falsifikazioak erosten dituztenak ere, ez produktuaren kalitateagatik, beraz, beraiek jakingo dute zergatik. Badaukat urtero Ukraniatik etortzen den haur bat etxean hartzen duen lagun bat. Lagun honek behin haur honi Txinan falsifikatutako X markako megatxamarra bat oparitu zion. "Behintzat Ukraniara itzultzen denean X markako txamarrarekin "fardatuko" du" erantzun zidan txamarraren kalitatea zalantzan jarri nionean.
Baina, hau guztia zergatik? Merezi du?
Nik ere jasan ditut sukar honen ondorioak eta urteetan erabili ez dudan material asko izan dut armairuan. Ihaz, 38 urte pasa ondoren, nire buru eta kontzientziarekin tratu bat egin nuen. Tratua, hasieran mendiko produktuekin hasi nuen eta pixkanaka bizitzaren esparru guztietara zabaltzen ahalegintzen ari naiz, nahiz eta oraindik, behin baino gehiagotan kontsumismoaren sarean erori.
Tratua hontan datza: mendirako edozein produktu erosteko "beharra" sentitzen badut nire buruari hiru galdera erraz egingo dizkiot: Behar al dut produktu hau? Zer erabilera eman behar diot? Zein da nire errealitatera hobekien egokitzen den produktua?
Hiru galdera hauen praktikotasuna, adibide erraz batekin azalduko dut. Demagun euritarako txamarra baten bila ari naizela.
Lehenengo galdera: Behar al dut produktu hau?
Galdera honekin produktua erosteko zergatiari erantzungo diogu besteak-beste. Galdera hau oso garrantzitsua da eta komeni da gure buruari zintzoki eta fundamentuz ondo hausnartu ondoren erantzutea.
Adibideari jarraituz, zein da euritako txamarra erostearen arrazoia? Txamarrik ez daukat, txamarra zaharra puskatu egin da, X markako azken modeloa aspaldi begi artean daukat, neguan korridoretan eeskalatzen hasi behar naiz, etab. Nire kasuan, hausnarketa luzearen ondoren, demagun txamarrik ez eta baten beharrean nagoela uste dudala.
Bigarren galdera: Zer erabilera eman behar diot?
"Produktua gure aktibitate eta beharretara egokitu behar da eta ez alderantziz". Esaldi hau produktu bat erosteko garaian beti gogoan izaten saiatzen naiz.
Galdera honi erantzuna emateko gure errealitatea eta gure nahia parez-pare jarri beharko dugu nahi eta nahi ez. Nahia: "Euria ari denean ez bustitzeko", errealitatea: "euriarekin mendira joaten al naiz?". Nahia: "Korridoreak egiten ditudanean elurrarekin ez bustitzeko", errealitatea: "zenbat alditan joan naiz azken urteotan korridoreak egitea?". Nahia: "orain dudana zahartxo dago eta hainbat egunetako trabesia batean euriak harrapatzen banau beharbada bustiko naiz", errealitatea: "zenbat alditan atera dut txamarra zaharra motxilatik?". Nahia-errealitatearen arteko hausnarketa egitea oso zaila da batez ere hasieran, baina dena bezela, entrenatu beharrean gaude. Kontutan izan "nahiak" bere aldera eramaten saiatuko gaituela.
Produktua gure errealitatera egokitu, erabilera bat emango diogula ebatzi eta oraindik erosteko beharra badugu azken galderara pasako gara.
Hirugarren galdera: Zein da nire errealitatera hobekien egokitzen den produktua?
Galdera honen erantzuna oso argi edukitzea komeni da eta askotan ez dator batere gaizki paper batean gure errealitatea zein den idaztea. Zergatik da garrantzitsua galdera hau? Galdera honi erantzuteko produktuen merkatura joan eta merkatuak dituen tranpetan (merkealdiak, promozioak, ebay etab.) erortzeko arriskua izango dugu eta.
Adibidean, euritarako txamarrarik ez dudanez, bat erosi behar dudala uste dut. Gainera nire errealitatea honako hau da: astebururo inguruko mendietara joaten naiz, euria egiten duenean etxean gelditzen naiz, Piriniotan udan bakarrik ibiltzen naiz eta oso gutxitan egun bat baino gehiagoko ibilbideak egiten ditut.
Informazio hau edukita, txamarraren erabilera argia da: Normalean euria ari duenean ez naiz mendira joaten eta hainbat egunetako trabesiak egitera eramango dut, bazpare egunen batean euririk botatzen badu ez bustitzeko. Ondorio hau OSO ARGI badut, behar dudan produktua honela geldituko da definituta: Txamarra ia urte osoan armairuan geldituko da, eta eguraldiarekin "segurola" bat naizenez, egun bat baino gehiagoko trabesietan motxilan eramango dut bazpare eguraldikoak hanka sartzen badu.
Egin dugun produktuaren definizio hau oso argi izatea komeni da, definizio honetan oinarrituko baitugu gure erosketa, produktua azkenean erosten badugu behintzat. Beharbada definizio honen ondoren motxilan aterki bat eramatea hobe dela erabakitzen dut (gainera eguzkitarako ere balioko dit). Baina beharbada oraindik txamarra erosi nahiko dut. Honetarako, zuen errealitatera hobekien egokitzen den produktuaren definizioa idatzita eraman eta definizio hontatik ahal bada ez ateratzea gomendatzen dizuet, modu honetan produkturik egokiena erosiko duzue eta (berria nahiz bigarren eskukoa).
2011 urtea, Midi d'Ossau mendiaren La Fourche korridorean. Aurreko argazkitik 25 urte pasa dira. Hemen materiala bestelakoa da, baita irteeraren maila ere.
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina