AZKEN 10 SARRERAK

2012/10/29

LUMA EDO ZUNTZ SINTETIKODUN PRODUKTUAK: ZER DA KONTUTAN IZAN BEHARREKOA?

Aurreko artikulu batean nahiz eta lumaren mundua orokorrean hartu, luma naturalaren inguruan aritu nintzen (artikulua irakurtzeko hemen klik egin). Artikulu honetan luma edo zuntz sintetikoaren inguruan arituko naiz.

ZER DA LUMA (ZUNTZ)  SINTETIKOA?

Luma edo zuntz sintetikoa, elkar lotuta dauden dentsitate ezberdinetako poliester mikrozuntzez osatutako estruktura bat da . Mikrozuntzez lotutatko estrukturatxo honi "boata" edo "guata" deitzen zaio. Boata hauek, lumatxekin gertatzen den bezela, kalitate ezberdinetakoak izango dira. Boata honen funtzioa lumatxaren funtzioa ahalik eta hobekien betetzea da, hau da, gure gorputzaren baitan ahalik eta bero gehiena mantentzea.

Luma sintetikoaren argazkia



ZEIN LUMA SINTETIKO MOTA DAUDE?

Luma sintetikoen artean mota ezberdinak ditugu (Polarloft®, Primaloft®, Polarguard®, Thermoloft®, Thermolite®, Loft Tex®, Climashield®, guata®, Quallofil®, Microloft®...) baina denetatik ezagun eta erabileena Primaloft® zuntza da.

Thermolite® zuntzaren berezitasunak



Primaloft® zuntzaren barnean zazpi mota topatuko ditugu: Pimaloft® One (hiruetatik "beroena"), Primaloft® Synergy, Primaloft® Sport (arin eta merkeagoa), Primaloft® eco (birziklatutako materialarekin egindakoa), Primaloft® Infinity, Primaloft® eco footwear eta Primaloft® Yarn.

Primaloft® zuntzaren inguruko ezaugarri guztiak irakurri nahi baduzue hemen klik egin.

Primaloft® zuntzaren argazkia



Luma sintetikoan egun, oraindik ez dago unitate estandar bat (luma naturalarekin "cuin"-arekin gertatzen den bezela) zuntza ezberdinak alderatzeko, eta honek fabrikatzaileei askatasun handia ematen die bakoitzak bere frogak egin eta beraien zuntzak duen kalitatea adierazteko. Dena den, fabrikatzaileek orokorrean balio hauek emango dizkigute: lumak xurgatzen duen ura (orokorrean balore baxua izan beharko du), egoera lehorrean mantentzen duen beroa (orokorrean altua izan beharko du) eta egoera heze edo bustian mantentzen duen beroa (egoera lehorrekoa baino baxuagoa).

Primaloft® One zuntzak dituen berezitasunak, fabrikatzailearen esanetan: "Haizearen kontrakoa eta transpirakorra, luma baino lehen lehortzen da, luma bezain bero eta goxoa, luma bezela estutzen da, ur iragazkaitz handiaagoa eta termikoki efizientea"



LUMA SINTETIKOA NATURALAREKIN ALDERATZEN BADUGU.

Bi produktu hauen arteko ezberdintasunak hauek dira:
  • Egoera lehor batean naturala sintetikoa baino askozaz beroagoa da (pisu bereko bi produktu alderatzen baditugu).
  • Sintetikoa naturala baino askozaz lehenago lehortzen da.
  • Sintetikoa bustia egonda ere beroa mantentzen du, zuntza orokorrean urari iragazkaitza baita.
  • Sintetikoa naturala baino merkeagoa da, erdia gutxienez.
  • Pisu bereko bi produktu motxila barruan estututa betetzen dutena alderatzen badugu, sintetikoak bolumen handiagoa betetzen du naturalak baino.
  • Egoera berean luma sintetikoaren bizi iraupena naturalarena baino askozaz laburragoa da, erabilpen handia ematen badiogu, sintetikoa, 2-3 urtetan beroa mantentzeko ahalmen gehiena galdu dezakeelarik.
ZERTARAKO ERABILTZEN DIRA LUMA SINTETIKODUN PRODUKTUAK?

Oraingoz gorputza beroa mantentzeko ez dago luma naturalaren parekorik, eta goian azaldutako ezberdintasunak direla eta oraindik luma sintetikodun produktuak ez dira egiten muturreko hotza topatuko dugun lekuetara joateko (Himalayan edo Poloetan adibidez), luma naturala, beste gauza batzuen artean, arinagoa baita. Honegatik ere, ezustekorik ez hartzeko, ez da komeni luma sintetikodun produktu bat naturala baten ordezko bezela erostea.

Orduan, zertarako nahiko genuke mota hontako produktu bat?

Orokorrean produktu hauek, txamarretan behintzat, forro polarrak ordezkatzen ari dira, pisu berean, berotasunari dagokionez, errendimendu askozaz hobea ematen dutelako. Baina produktu hauen arintasunak ere bere kalteak ditu, forro polarra askozaz sendoagoa baita, beraz, egoera "agresibo" batean (sasi artean, tximinia batean arrastaka ari bagara, etab.) luma sintetikodun produktua, gainetik beste txamarra bat jartzen ez badugu behintzat, errazago urratu daiteke. Honen ondorioz, luma sintetikodun txamarren erabilera egoera "geldietan" izango da batez ere: Arkaitz nahiz izotzean eskalatzen ari garela bilguneetan jazteko, lo egin behar dugun lekuan dendatik kanpo edo denda barruan jazteko, etab. Honekin ez dut esan nahi mendian aktibitateak egiteko ere balio ez duenik (egoera oso hotzetan primeran etorri daiteke), baina orokorrean ez da honetarako erabiltzen.

ZER IZANGO DUGU KONTUTAN EROSKETA EGITERAKOAN? 

 Luma naturaldun produktuen inguruan aritu nintzenean bezela, luma edo zuntza sintetikodun produktua erosterakoan puntu hauek kontutan izatea komeni da:
  • Produktuaren kanpoko ehuna. 
  • Produktuaren diseinu eta xehetasunak.
  • Produktuaren neurria.
  •  Zuntz sintetikoaren kalitate eta kantitatea.
    • Zuntzaren kalitatea. Goian azaldutakoagatik aparte, komeni da produktua ukitu eta "estutzea"zuntzaren bolumenaren errekuperazio ahalmena ikusi dezagun. Produktuak estututa okupatzen duena ere kontutan izan beharko dugu, momentu askotan motxilan joango baita.
    • Zuntzaren kantitatea. Luma naturalarekin gertatzen den bezela, produktuak zenbat eta  zuntza gehiago izan beroagoa izango da, baina honek ere produktua hastunagoa bihurtuko du. Zuntzaren kantitatea g/m2-ko (gramu/metro karratu) neurtzen da eta normalean 60 g/m2-tik (finenak) 180 g/m2-ra (lodi eta beroenak) joan daiteke.

Iker Txileko Cerro Toco (5.604 metro) mendiaren gailurrean. Jantzita duen txamarra Primaloft One® zuntz sintetikodun 330 gramutako txamarra bat da.



Dena den, ezer erosi baino lehen, ez ahaztu, lehen lana, artikulu honetan azaldu nuen bezela, produktua erosi aurretik hiru galdera hauei erantzutea komeni dela: behar al dut produktu hau? Zer erabilera eman behar diot? Zein da nire errealitatera hobekien egokitzen den produktua? Hiru galdera hauei zintzoki erantzuten badugu ez dugu dirua alperrik gastatuko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina