AZKEN 10 SARRERAK

2012/10/19

PURA VIDA, "THE RIDGE"




2008ko Maiatzaren 23an, bost egunetako borrokaren ondoren, Iñaki Ochoa de Olza, alpinista nafar handia, Annapurna mendiaren hegoaldeko aristan  itzaldu zen.

Iñakik alpinismoaz eta bizitzaz zuen ikuspuntua oso berezia zen, gaur egun eramaten ez den horietakoa, eta beharbada, ikuspuntu honek 2010 urtean bere "Bajo los cielos de Asia" liburu gomendagarria irakurtzera eraman ninduen. Liburu hau ez da Himalayako mendien igoeren deskribapen soil bat, sentimentuz eginiko liburua da, bihotza parez-pare irekita duzula idazten den horietakoa, eta magnetismo berezia dauka. Liburua bukatu ondoren, Iñaki bezelako pertsona bat dagoeneko gure artean ez izateak asko tristetu ninduen. Dennis Urubko alpinistak "arimaren doktore" bezela definitu zuen.

Beharbada gauza bera pentsatuko zuten Annapurna mendian gora eta behera Iñakiren bizia aurrera ateratzeko beraien bizia arriskuan jarri zuten herrialde ezberdinetako alpinistek. Himalayan lehen aldia izan zen honelako erreskate bat antolatu zela, eta egun gauzak dauden bezela, tamalez badirudi zaila izango dela horrelakorik berriro gertatzea.

Iñaki erreskatatzera joan ez baziren ez zien inorrek ezer esango eta munduak bere kaxa jarraituko zuen, baina 14 alpinista hauek bizi bakar bat aurrera ateratzeko beraien bizia arriskuan jartzea erabaki zuten. Tamalez, ez zuten lortu, baina utzitako ondareak urtetan iraungo du.

Iñakiren eriotza gogorraren gainetik, pixkanaka, alpinista talde honek izandako ausardia eta eginiko balentria gailendu zen. Canal + telebistak, "Informe Robinson" sailoan, lehen aldiz erreskate honen inguruan eginiko dokumentalean denok ikusi genuen Annapurnan gertatutakoa eta gertatutakoarekin denok negar egin genuen. Tamalez, honelako munduan bizi gara, dokumental hau famatua egin zen Pep Guardiolak, partidu garrantzitsu baten aurretik, Bartzelona taldeko jokalariei jarri zielako.

"Informe Robinson" sailoko dokumentalaren lehen zatia...


...eta bigarren zatia.
2011 urtean, Iñakiren laguna zen Jorge Nagore kazetariak "Los catorce de Iñaki" liburua argitaratu zuen. Liburuan 2088ko Maiatzaren 19tik 23ra pasatakoa kontatzen da,  Annapurnan nahiz Iruñako erreskaterako koordinazioan zeudenen ikuspegitik.  Oso liburu hunkigarria da, erabat gomendagarria.

2012ko Donostiako Zinemaldian Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinak zuzenduriko "Pura Vida, The Ridge" filma aurkeztu zen. Filme hau Iruñan ikusteko aukera izan nuen eta erabat txunditu eta hunkituta atera nintzen bertatik. Filmea Iñakiren erreskatearen baitan kokatua dago, baina Annapurnan gertatutakoa bertan parte hartutako alpinisten ikuspuntutik kontatzen da. Ez da kontaketa soil bat, filmaren atzean "Zergatik eskalatzen duzue? Zergatik zuen bizitzak arriskuan jartzen dituzue? Zer da alpinismoa? Zergatik zure bizia arriskuan jarri zure lagunarena aurrera ateratzeko?" galderen erantzuna dago eta nire uste apalean, sekula ikusi eta sentitu dudan alpinismoaren definiziorik onena da.

Gaur, Itziarrekin bigarren aldiz ikusteko aukera izan dut Gasteizen, eta berriro ere hunkituta atera naiz zimenatik. Filmaren ondoren eta afariko solasaldian, Itziarrek esan zidan faltan bota zuela Iñakiren eriotzaren ondoren mendian zeuden alpinisten beherako bideko erreflexioa, eta arrazoi duela uste dut. Bizi bat salbatzeko dena eman ondoren, zer da beherako bidean sentitu zutena? Hau da beharbada filmari egin daiteken kritika gutxienetako bat.

Mendizale edo mendizale ez zaretenontzat erabat gomendagarria den filmea da, bertan sentituko duzuena eguneroko bizitzarako ere balio baitu. Ez utzi ikusteko aukerari pasatzen uzten. Ziur naiz zinematik irteten zaretenean ez zaretela pertsona bera izango.

Pura Vida filmaren web orri ofiziala: www.puravidatheridge.com

Pura Vida filmaren trailler-a: