AZKEN 10 SARRERAK

2012/10/18

USURBE ORDIZIATIK: EKIALDEKO HERTZETIK IGO ETA MENDEBALDEKOTIK JAITSI 2012/10/13

Ibilbidearen izenburuari bakarrik kasu egten badiogu badirudi izugarrizko alpinismo bide baten aurrean gaudela, arista batetik igo, beste batetik jaitsi, jejejeje. Irakurriko duzuenez, ibilbideak ez dauka alpinismo arrastorik eta oso erraza da, haurrekin ere egiteko modukoa.

Urriaren 6ean Iker eta biok Murumendi eta Usurbeko ibilbidea egin genuenean (artikulua irakurtzeko hemen klik egin), hainbat zalantza sortu zitzaizkigun Usurbetik beherako bidean. Lehenengoa, mendebaldeko hertzatik jarraitu ezkero nora aterako ginenaren ingurukoa, ez baikenuen oso garbi hemendik hasten den bidea hilerrira edo Beasain bertara eramango gintuen. Bigarren zalantza, AHT-ren lanak direla eta Mariaratz errekatik gora egin den pista jarraituz nora aterako gineraren ingurukoa izan zen.

Bi zalantza hauei erantzun bat emateko asmoz Urriaren 13an etxetik bakarrik abiatu nintzen.

IBILBIDEA

Bidearen helburua bikoitza zenez, berau prestatzea ez zen zaila izan: Malkasko auzotik (gure "barrio"-tik jeje) abiatuz, AHTren obren ondorioz egin den pista jarraitu, hemendik lau baserrietara ("cuatro caserios") irteteko asmoarekin. Hemendik, Ikerrekin Urriaren 6an jaisteko jarraitu genuen ibilbidea jarraitu nuen Usurberen gailurreraino. Usurbetik jaisteko, mendebaldeko hertza jarraituko nuen ea Beasaingo hilerrira edo herriaren erdigunera irteten nintzen hala ez deskubritzeko.

Azkenean ibilbide dotorea atera zen eta gerora "bariante" berria egin dugunez, artikulu honekin batera Josukin urriaren 7an egindako bariante berria ere azalduko dut.

Gorriz gutxi gora behera jarraitu nuen bidea.


Goiko argazkian bide beraren hiru bariante ikusi daitezke:
  • Gorriz: Artikulu honetan osotasunean azalduko dudan ibilbidea.
  • Berdez: Urriaren 6ko ibilbidean Ikerrekin jaisteko egin genuen bariantea.
  • Urdinez: Urriaren 7an Josurekin egin nuen bariante. Artikulu honetan ere azalduko dut.

DESKRIBAPENA

9:30, Malkaskoko zubia. Malkaskoko zubi zaharrak (egun berritua dago) Historia garrantzitsua izan du ordiziarrontzat "Ordizia de mis amores" abestian ere tartetxo bat duelarik "... en el puente de Malkasko, con letras de oro pondré un letrero, diciendo: "tú eres mi Ordizia, la más hermosa del mundo entero"". "Barrio"-an bizi ginenentzat muga bat bezelakoa zen, haur ginela oso gutxitan zubitik gora Ordiziara pasatzen ginelarik.

Malkaskoko zubian. Jarraitutako bidea markatu dut.



Goiko argazkian ikusten den moduan, Malkaskoko zubia atzean utzi eta Ordiziako azken etxea (78 zenbakidun portala) pasa ondoren, autobus geltoki baten ondoan, eskuineruntz hartuko dugu.

Eskuineruntz hartu ondoren. Leku hau kuriosoa da: eskuineko etxeak Ordizia herrikoak dira, ezkerrekoak aldiz, Beasaingoak. Errepidearen azpitik Mariaratz erreka doa, Ordizia eta Beasain herrien arteko muga markatuz. Guk errepidea zuzen jarraituko dugu.


"Zibilizazioa" atzean utzi ondoren. Argazkian guretzat betidanik "errota" ("El Molino") etxea ikusi daiteke. Haurretan zenbat aldiz amorrarazi genuen bertako Joxe Mari baserritarra... Egun baserri hau ere erabat berritua dago eta guk ezagutu genuenarekin ez dauka inongo antzik.


Errota atzean utzi ondoren "Eleknor" (gorri kolorekoa) etxera ailegatuko gara. Hemendik jada ikusi daiteke AHT-ren lanak direla eta egin duten zubi eta tunela. Guk zementuzko bidea jarraituko dugu.


Maldatxo bat igo ondoren azken bordatxo batera (ikulu bezela ere erabilia) ailegatuko gara...


...eta borda hau bere eskuinetik pasa ondoren "Basekotxe" baserrira doan zubia topatuko dugu. Guk goruntz jarraituko dugu (gorriz markatua) dagoeneko AHT lanak direla eta eginiko pista berria jarraituz. Malkaskoko zubitik puntu honetara 7 minututan ailegatuko gara.


Lehen malda gogor bat eta hauspoa ederki berotu ondoren, pistak ezkerreruntz jarraitzen du, argazkian ikusten den "Basekotxe" baserriaren altuera berean jarriko garelarik. Lehen malda honen ondoren, pista zementuzkoa izateari utziko dio.


Pistan gora. Gorriz jarraitutako bidea eta urdinez Ikerrekin Urriaren 6ean jarraitutakoa markatu ditut.


Ordizia pixkanaka azpian gelditzen da laino artean.


Pistaren hasieratik ordu laurdenera gutxi gora behera, tentsio altuko zutabe baten ondoan, bidegurutze batekin topo egingo dugu. Bidegurutze honetan hiru aukera izango ditugu:
  • Ezkerra. Hemendik Letemendi baserrira eta hemendik Sagastigoitia atsedenlekura joango gara.
  • Zuzen: Hemendik aurrera jarraituta bailara batera ailegatuko gara. Bailara honetara AHT-ren lanen ondorioz sortutako harri eta lur guztia bota zuten (honegatik pistaren zergatia) eta berau zeharkatu ondoren Usurbera doan errepidera irtengo gara, ia hilerrira eramaten duen bidegurutzean. Bide hau da orain jarraitzen dudana Usurbeko mendebal hertzetik jaitsi eta Malkaskora itzultzeko eta Josukin urriaren 7an jarraitu nuena lehen aldiz (mapan urdinez markatutakoa).
  • Eskuinera: Hemendik gora Lau Baserrietara ("Cuatro Caserios") ailegatuko gara. Hau da jarraitu nuen bidea.

Bidegurutzea eta hiru aukerak, gorriz, nik jarraitu nuen bidea.


Bidegurutzea hartu ondoren, atzera begirada.


Bidegurutzea hartu eta 4-5 minutu eskasera Zelaieder baserria topatuko dugu...


... eta baserri honen ondoren Usurbera eramaten duen errepidea topatuko dugu, dagoeneko Lau Baserrietan gaudelarik. Argazkiak Loitzenea (ezkerrean) eta Ferminenea (eskuinean) baserriak ikusi daitezke. Gorriz, beti bezela, jarraitutako bidea markatu dut.


9:56, Lau Baserriak. Leku honetan Beasainmendiko mapa batean bertako baserrien kokalekua markatzen duen panel interesgarria topatuko dugu (goiko argazkian panela non dagoen ikusi daiteke).

Panela.


Panelari argazki pare bat atera ondoren goruntz segi nuen.

Hemendik gora jarraitutako bidea Ikerrekin jaisteko jarraitu nuen bide bera da. Hasteko, metro askotan errepidean gora jo beharko dugu. Errepide honetan Aste Santuan gurutz bidea egiten da eta hainbat metroro gurutze bat topatu daiteke. Gurutz bide guztietan pasatzen den bezela, hemen ere hamalau gurutz daude, baina ez ditugu denak jarraituko. Lau baserriak utzi ondoren topatuko dugun lehen gurutzea IXgarrena izango da.

Lau baserrietatik 7-10 minutura bidegurutze bat topatuko dugu, guk ezkerreko aukera hartuko dugularik. 


Bidegurutzeko seinalearen argazkia. Argazkian gurutz bidearen Xgarren gurutzea ere ikusi daiteke.


Lau baserrietatik 12-15 minutura beste bidegurutze bat topatuko dugu, bertan gurutz bidearen XIgarren gurutzea dagoelarik. Puntu honetan Usurbe mendira doan errepidea utziko dugu. Bide hau bukaerarte jarraitu ezkero Usurbe baserrira ailegatuko gara. Kuriosoa da, baina bidegurutzean baserriaren izena jartzen duen seinalea hautsita dago. Ziur ez dakit baina hautsita egotearen arrazoia Usurbe mendira kotxez doan jendea ez nahastea izan daiteke.

Usurbe baserrira (ez mendira) eramango gaituen bidegurutzea. Puntu honetan errepide "nagusia" utzi nuen. Argazkian XIgarren gurutzea non dagoen ikusi daiteke.


XI gurutzearen argazkia. Usurbe mendira doan errepidea jarraitu ezkero beste hiru egongo direla suposatzen dut.


Bidegurutzea hartu eta 3-5 minutura langa batekin topo egingo dugu, langa pasa eta berehala Usurbe baserrira doan errepidea utziko dugularik (argazkian agertzen den bezela).


Langa pasa ondoren jarraitu nuen bidea. Honelakoetan zelaiaren hertzetik joan behar da belarra ahalik eta gutxien zapaltzeko.


Langa eta zelaia mugatzen duen hesia pasa ondoren Usurbe mendiaren gailurreraino eramango gaituen azken maldarekin topo egingo dugu. Malda bi zatitan banatzen da, bien artean pasaleku bat dagoelarik. Indarrak ez baditugu ongi neurtzen bigarren zatia gogorra egingo zaigu, beraz, komeni da lasaitasunez hartzea.

Lehenengo malda bukatzear. Lehenengo malda hau baso baten hertzetik doa. Puntu honerarte laino artean murgildu nintzen eta hemen izan zen Usurbeko gailurra ikusi nuen lehen aldia. Argazkian ikusten den eskuin hertzetik igo eta ezkerretik jaitsi nintzen.


Laino artean joateak duen gauza txarra batzuetan bidea nondik nora doan asmatzea izaten da. Dena den gauza on bat ere badu: laino eta zeruaren arteko mugara ailegatzean ikusi daitezken efektuak eta argazkiak izugarriak izan daitezkela. Nire kasuan, mugara ailegatu nintzenean, atzera begiratu eta parez-pare Aralar ikusi nuen itsaso bateko irla bat izango balitz bezela.

Lainoaren mugan ateratako panoramika. Ikusmira izugarria da.


Oraingoan Aralar bakarrik, mendi guztien gainetik Txindoki nabaritu daitekelarik.


Argazki batzuk atera eta ikusmiraz ederki gozatu ondoren, bideari ekin nion. Maldaren bigarren zatiak hertza jarraitzen du gailurreraino.

Maldaren bigarren zatian.


Hertzaren amaieran eta dagoeneko ia gailurrean pasabide hau topatuko dugu.


10:25, Usurbe, 704 metro. Pare bat argazki atera eta etxera deitu ondoren, beherunzko bidea hartu nuen.

Usurbe, 704 metro.


Irla bat laino artean...


Lainoak basoan sortzen dituen efektuak izugarriak izaten dira.


Jaisteko, kontrako hertza hartuko dugu. Jaitsierako bidea topatzeko lehendabizi lauburu bat duen oroitarri baten ondotik pasako gara.

Oroitarria eta jarraitutako bidea.


Oroitarriaren ondotik ateratako argazkia, bideak ez dauka galtzeko arriskurik.


Bidea lehen metroetan pinudi baten ondotik doa...


... Azkenik pinudian sartzen delarik.


Aizkorriko bistak ere hemendik ederrak dira.


Usurberi azken begirada pinudian sartu aurretik.


Behin pinudian sartu ondoren basotik ez gara aterako.


Orain arte bideak hertza jarraitzen du gutxi gora behera. Jaisten hasi eta 6-8 minutura bideak eskuineruntz (jaitsierako norantzan) hartzen du hertza utziz. Puntu honetan zuzen jarraituz gero langa bat topatuko dugu. Laino artean eta zalantzaz betea nengoenez bidea jarraitzea erabaki nuen. Urriaren 7an Josurekin hemendik pasa nintzenean ez genuen lainorik topatu eta orduan langa zeharkatu eta zelaian behera joan ginen. Zelaia zuzen jaitsiz bidea moztuko dugu Untsarain baserrira edo Abarizketa baserrietara joateko bidegurutzera ailegatuko garelarik (bariante txiki hau ez dut hasierako mapan markatu).

Bihurgunea eta langa. Oraingo honetan bidea jarraitu nuen.


Langatik 3 minutu ingurura borda bat topatuko dugu. Lainoak ikutu majikoa ematen dio.


Bidea jarraitzen hertzatik erabat desbideratzen ari nintzela ikusi eta Garin auzora ailegatuko ote nintzenaren beldurra sartzen hasi zitzaidanean ezkerreruntz bihurgune bat topatu nuen.


Bihurgunea hartu eta berehala bidegurutze bat topatuko dugu. Nik, hertzara ahalik eta azkarren ailegatzeko helburuarekin ezkerrekoa hartu nuen, argazkian azaldu bezela. Eskuinekoa nora doan ez dakit.


Goiko bidegurutzea hartu eta berehala basoa amaituko da zelai batera ailegatuko garelarik.

Atzera begirada, basoa amaitu ondoren.


Zelaian pare bat minutu ibili ondoren, bidegurutze bat topatuko dugu. Zuzen bidexka batetik jarraitu ezkero Untsarain baserrira joango gara. Orain arteko bidea jarraitu ezkero aldiz, Toki Alai eta Abarizketa baserrietara ailegatuko gara. Argazkian, lainoa dela eta, ez da bidegurutzea ongi ikusten.


Oraingo honetan, goiko argazkian azaldu dudan bezela, bigarren aukera hartu nuen.

Urriaren 7an Josurekin Untsarain baserrira doan bidexka hartu genuen. Aukera hau hartu ezkero lokaztutako bide batetik Untsarain baserrira 3 minutu inguruan ailegatuko gara. Behin Untsarainen, baserrira doan zementuzko bidea hartu eta errepide batera ailegatuko gara. Errepide honetan, beheruntz jarraitu ezkero Beasaingo hilerrira ailegatuko gara eta hilerritik behera berriro ere Usurbera doan errepidera. Errepidera ailegatu ondoren, hasieran azaldu dudan AHTko lanerako eginiko pista hartu eta Malkaskora itzuliko gara ibilibide zirkular polit, atsegin eta motz bat eginez. Ibilbide hau urdinez markatuta dago maparen argazkian.

Gaurko ibilbidearen kontaketarekin jarraituz, Toki-Alai eta Abarizketa baserrietara doan bidea jarraitu nuen. Ikusiko dugunez, baserri hauetara errepide bat ailegatzen da. Errepide hau jarraituz Beasaingo hilerrira ailegatuko gara, baita Untsarain baserrira doan bidegurutzera ere.

Toki-Alai eta Abarizketa baserrietara ailegatzen. Argazkian Abarizketagoikoa baserria ikusi daiteke, baita hilerrira eramango gaituen errepidearen bidegurutzea ere.


Errepidea ahalik eta gutxien zapaldu nahi nuenez, Abarizketabarrena baserriaren kanpoan eserita zegoen baserritar batengana zuzendu nintzen: "Hemendio Beasaina zuzen jaisteik baldau?" galdetu nion. "Bai, karreteratio hilerrira hoa, edo bestela hemen atzetio jarraituzkeo bidea segi ta eliza parera aterako haiz" erantzun zidan. Bapatean baserri barrenetik izugarrizko txakur puska atera zen zaunka eta kosk egiteko asmoarekin. Baserritarra ni eta txakurraren artean jarri eta baserritarraren bi oihuen ondoren txakurra berriro baserri barrura sartu zen arte ez nintzen mugitu ere egin. "Honek batzutan bakarren bati heldu ziok" esan zidan nire "lasaitasunerako".

Oraindik izua pasa gabe nuela, baserritarrak jarraitu beharreko bidea erakutsi zidan.

Bidea jarraitzeko lehenik Abarizktabarrena baserria bere eskuinetik inguratuko dugu, argazkian ikusten den bidetik.


Abarizketabarrena barrena eskuinetik inguratzen.


Behin baserria atzean utzi ondoren bidea zelai batetik behera doa. Argazkian azaltzen diren txakurrak ez dira kosk egiteko asmoarekin atera zirenak.


Bidea arazorik gabe jarraituko dugu.


Baserria utzi eta 2 minutu eskasera langa batera ailegatuko gara.


Langa pasa ondoren zementuzko bide bat topatuko dugu. Bide hau goruntz jarraitu ezkero Otaño baserrietara ailegatuko gara. Beheruntz jarraitu ezkero ordez, berriro ere Usurbe mendira doan errepidera ailegatuko gara, baina oraingo honetan errepidearen ia hasierara.


Zementuzko bidean behera hasi eta minutu ingurura, eskuineruntz doan bihurgune itxi bat topatuko dugu. Bihurgunearen ondoren ezkerruntz bidexka bat hasten zela ikusi ondoren, bidearen atajua izango zelakoan berau jarraitu nuen.

Bihurgunearen ondorengo bidexka hartzen den lekua.


Bidexka minutu pare batean jarraitu ondoren berriro ere zementuzko bidea topatuko dugu. Puntu honetan (argazkian ikusten den bezela) bidexkak jarraitzen duenez, berau jarraitzea pentsatu nuen.


Bidexkaren jarraipena zementuzko pistatik.


Bidexka hau nahiz eta hestua izan nahiko zapaldua dago. Baso baten erditik doa (pinudia hasieran eta harizti bat gero). Basoaren amaieran zelai bat topatuko dugu.

Basoaren amaiera eta honen ondoren dagoen zelaia. Dagoeneko Beasaingo lehen etxeak ikusi daitezke.


Dagoeneko zelaian. Bidexkak zelaia zuzen-zuzen jarraitzen du ia zelaia mugatzen duen hesirarte. Argazkian markatu dudan bezela, hesira ailegatu baino lehen eskuineruntz hartuko dugu.


Eskuinera hartu eta metro gutxira irekitako pasabide batera ailegatuko gara Beasaindik datorren zementuzko bidera ailegatuko garelarik.


Zementuzko bidean, Beasaingo etxeak gertu.


Zementuzko bidearen azken metroetan, Beasaingo Foru kalera ailegatuko gara. Foru kalera ailegatutakoan ezkerreruntz hartu nuen.


11:02, Beasain. Berriro ere "zibilizazioan" eta honekin batera kotxe eta jende zaratak.

Esan bezela, ezkerreruntz hartu eta Foru kalea jarraitu nuen. Lehen bidegurutzean eskuinera hartu ondoren malda bat topatuko dugu. Malda hau beheraino jaitsi ezkero Beasaingo tren geltokiraino ailegatuko gara zuzen-zuzen.


Bidegurutzea hartu ondoren. Argazkian Beasaingo tren geltokiraino eramango gaituen melda ikusi daiteke.


Niri tren geltokian ezer galdu ez zitzaidanez, Ordiziaruntz abiatu nintzen, 11:15tan Malkaskora itzuli nintzelarik.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina