AZKEN 10 SARRERAK

2013/10/02

CASTILLO DE ACHER (2384 m), LEDORMEUR TXIMINIATIK (5 m, III), 2013/09/28

Midi d'Ossau mendiarekin gertatzen den bezela, Castillo de Acher itsura kurioso eta berezidun mendi horietako bat da, inguruko mendietatik identifikatzeko erraza dena.

Itsura bereziko mendiek mendizaleok erakartzeko majia berezia izaten dute eta Castillo de Acher mendiak aspalditik erakartzen ez gintuela ez dut esango, aurkakoa baizik. Dena den, gauza bategatik edo bestegatik bertara igotzeko plana alde batera uzten genuen.

Castillo de Acher Ozatik.



Izugarrizko beroa pasa genuen astearen ondoren, irailaren azken astebururako eguraldiaren iragarpena erdipurdikoa emanda zegoen. Iragarpenaren arabera, larunbatean arratsaldeko hirurak arte zerua ateri izango zen nahiz eta oso lainotuta egon. Hiruetatik atzera aldiz, ekaitz arriskua iragarrita zegoen. Iragarpen honen ondoren, Asier eta biok hasiera batean Panticosa aldean antolatuta genuen eskalada eguna bertan behera utzi (haize bolada handiak iragarrita zeuden eta) eta Castillo de Acher igotzeko plana egin genuen. Irteera osoa larunbatean bertan egingo genuenez, Iker ere animatu zen.

"Bide normaletik igo behar gea?" Galdetu zidan Asierrek ostiral arratsaldean. "Beste bide interesgarriagoik baldau?" Erantzun nion. "Interneten irakurriet Ledormeur deitzen den tximinia bat badaula, ez oso zalle, tercero-koa eo" erantzun zidan. "Ze ona!!!" Esan nion, "ta ze material beharko deu?" Galdetu nion, "kaskoa bakarrik nahikoa izangoala ustet harri sueltok dare ta" erantzun zidan. "Oso ondo ba, biharrarte" agurtu nuen.

Asierrekin hitzegin ondoren ordenadorea piztu eta tximinia honen inguruko informazioa irakurtzen hasi nintzen. Ez zen eskalada handiko bide bat baina bai igoerari xarma emango ziona.

GURE BIDEA

Goian azaldu bezela, Castillo de Acher Ledormeur tximiniatik igo genuen. Dirudienez, hemendik igo zen lehenengoa Ledormeur bera izan zen, baina ez dago oso argi. Honetarako Selva de Oza-tik Castillo de Acher-era doan ohiko bidea jarraitu genuen. 1900 metro inguruan ohiko bidea utzi eta, GR 11-1 bidea jarraituz, Acher mendatera ailegatu aurretik, Castillo de Acher mendiak dituen bi gailurren artean dagoen leporuntz igo ginen, mendiaren hegoekialdeko aurpegian, tximinia bertan baitago.

Tximiniak IIIko zailtasuna izango du gutxi gora behera eta ez da oso luzea, 5 metro inguru. Guk, igoera "interesgarriagoa" egiteko tximiniaren aurretik dagoen pitzadura batean sartu eta pitzaduraren gainean dagoen orratzera ere igo ginen (III inguru).

Ledormeur tximinia igo ondoren, Castillo de Acher mendiak dituen bi gailurren artean atera eta lehenik iparraldekoa, bietatik altuena, eta gero hegoaldekoa igo genituen.

Jaisteko, Selva de Oza-tik datorren ohiko bidea jarraitu genuen.

ERAMANDAKO MATERIALA

Asierrek gomendatu bezela, kaskoa bakarrik eraman genuen, baina express pare bat eta kordino bat eramatea ere ez legoke gaizki, batez ere eskalatzen ohitua ez dagoen norbait badoa.

DESKRIBAPENA

08:40, aparkalekua, 1130 metro. Goizeko seietan etxetik atera eta ia bi ordu t'erdietako kotxe ibilbidearen ondoren, Ramiro Monje kanpamentuaren aurretik dagoen eraikin handi batera ailegatu ginen (Echo herritik Selva de Ozako norantzan 7 kilometro inguru gutxi gora behera). "Ikusi al dezue erreka nola dijon?" Esan zuen Ikerrek txokolate kolorearekin zetorren errekari begira, "joe, ba bai, hemen duela gutxi kristoneko zaparrada botao" erantzun zion Asierrek.

Kotxea eraikin handi honen aurrean dagoen zelaiaren aparkaleku batean utzi genuen. Kotxetik atera, Ikerrek Asierri GPS-ko datuak pasatu eta martxan hasi ginen. Botatako zaparrada oraindik ere airean arnasten zen hezetasun usaina zegoen eta.

Ateratzeko prest, atzean Castillo de Acher ikusi daiteke.



"Gure bidea" atalean azaldu bezela, hasiera batean Selva de Ozatik Castillo de Acher-era doan ohiko bidea jarraitu genuen. Honetarako, errepidea iparralderuntz 200 metro inguruan jarraitu, Aragon Subordan ibaiaren gainean dagoen Oza zubia zeharkatu, eta bertan dagoen indikazio panel baten ezkerretik abiatzen den bidexka hartu genuen, gure ezkerrean Ramiro Monje kanpamentua utziz. Bidexka hartu eta berehala indikazio poste bat topatu genuen.

Eraikin honen aurrean kotxea utzi genuen. Argazkian indikazio panela ikusi daiteke.


Oza zubia zeharkatzen eta jarraitutako bidea.


Indikazio panelaren ezkerretik hartu genuen...



...Eta indikazio panela atzean utzi ondoren indikazio poste hau topatu genuen.



Bidexkak lehen metroetan tirolinak, sareak eta honelako trasteak dituen pinudi bat zeharkatzen du metrorik irabazi gabe. Bi pinudien artean dagoen zelai zabal bat zeharkatu ondoren pago eta pinuez nahastatutako basoan sartu ginen, pixkanaka altuera irabaziz.

Pinudien arteko zelaia zeharkatzen, gure atzean kotxea utzitako lekua ikusi daiteke, baita Chipeta mendia ere.


Zelaia zeharkatu ondorengo basoan sartzen, hasieran pinu artean...


...eta gero pagadian.



Bidea ederra da, galtzeko arriskurik ez daukana, eta goizeko freskurarekin gozo-gozo egin genuen. Pentsatzen dut udan ederki eskertuko dela hemengo itzala. Kotxetik atera eta hamar minutu ibili ondoren orain arte jarraitutako bidea utzi eta gure ezkerrera (igoeraren norantzan) ateratzen den bidexka bat hartu genuen. Bidegurutze honetan indikazio poste berri bat topatu genuen.

Bidegurutzean dagoen indikazio postearen ondoan, hemendik aurrera ezkerrean ikusten den bidexka jarraitu genuen.


Bidexka hartu ondoren maldak zertxobait gora egiten du pista batera ailegatu arte.

08:55, zeharkatu behar den pista, 1250 metro. Pista hau zeharkatu ondoren, zati lauak tartekatuta dituzten aldapatxoak igo genituen. Duela urte batzuk, lagun batek pagadian izugarrizko aldapak zeudela esan zidan baina guri ez zitzaigun horrelakorik iruditu, aldapen ondorengo zati lauetan atseden hartu daiteke eta.

Pista zeharkatzen.



Pistaren ondoren bidea hasiera batean zabala da, baina metroak gora igo ahala hestutzen joaten da.


Kotxetik atera eta 40 minutu eskasera lehortutako erreka bat gurutzatu genuen, suposatzen dut udaberrian hemendik ura jaitsiko dela, errekaren ondoan eroritako zuhaitzak zeuden eta. Erreka zeharkatu ondoren, Espata amildegiaren ingurura hurbildu ginen.

Erreka zeharkatzen.


Errekaren erditik goruntz ateratako argazkia, parean gure gaurko helburua.


09:23, Espata amildegia, 1420 metro. Amildegia gure eskuinean utzi genuen, nahiz eta gure eskuinean amildegirik ez zegoen sentsazioa izan, zuhaitz eta zuhaixkengatik ez baita ongi nabaritzen. Bihurgune bat pasa ondoren, amildegiaren bestaldera pasa eta hemendik gora bideak pagadi batean sartu gintuen.

Espata amildegiaren hertzean.


Pagadian topatu genuen bisitaria, edo.. bisitariak gu ginen? Ez dakit goizean izandako zaparradagatik edo, baina salamandra asko ikusi genituen.


Iker pagadian.


Kotxetik atera eta ordu bete eskasera basoak larrari txanda ematen dion lekura ailegatu ginen.

09:36, basoaren amaiera, 1500 metro inguru. Nahiz eta hasieran esan malda handirik ez genuela topatu, aitortu beharra daukat pagaditik atera ginenerako berotzeko arropa guztia erantzi genuela je,je,je.

Behin pagadia atzean utzi ondoren, orain arte nabaria den bidea ahalik eta nabariagoa egiten da, larratik doa eta.

Basotik atera ondoren.


Kotxea dagoeneko oso beheran gelditzen da.



Basotik atera ondorengo metroetan, atzean Castillo de Acher.


Bidea lokaztuta zegoenez, bertatik jarraitzea nekeza egin zitzaigun, honegatik, ahal izan genuen neurrian belarratik igo ginen.



Bideak goruntz gogorra ez den malda iraunkorrarekin jarraitzen du eta konturatzerako Castillo de Acher aterpetik 150 metro ingurura pasa ginen.

09:50, Castillo de Acher aterpea, 1750 metro inguru. Esan bezela, bidea ez da bertatik pasatzen, aterpea gure eskuinean geldituz.

Castillo de Acher aterpearen paretik pasatzen.


Aterpetik gora pixkanaka ezkerreruntz (ekialde - ipar ekialderuntz) jo eta norantza honetan 300 metro inguru ibili ondoren pixkanaka eskuineruntz (ekialderuntz) desbideratu ginen.

Aterpea behean utzi ondoren ezkerruntz egindako bidean.


Ezkerreruntz egindako zeharkaldi luzearen amaierara ailegatzen.



Hemendik gora, basora berriro ere sartu arte, ibilbide osoan utziko ez gintuen fenomenoarekin topo egin genuen: haizea. Kuriosoa da haizeak gorputza hozteko duen ahalmena, basotik genekarren beroa ziztu bizian aldegin zuen eta.

Arkaitz batzuen ondoan topatu genuen babes txiki batean gelditu eta berriro ere manga luzeko polarrak jantzi genituen.

Hotzarako arropa jarri ondoren, gure gainetik hodeiak ziztu bizian pasatzen ziren.


Kontuak-kontu, basotik atera eta hiru ordulaurden eskasera, Castillo de Acher-era doan ohiko bidea nondik jarraitu behar den adierazten duen harkaitz handi batera ailegatu ginen.

Harkaitzera ailegatzen (borobilean sartuta). Argazkian, Castillo de Acher-en hego-ekialdean dagoen monolitoa non dagoen ikusi daiteke, Ledormeur tximiniara ailegatzeko erreferentzi bezela hartu genuena.


10:20, bidegurutzeko harkaitz handia, 1850 metro inguru. Harkaitz handi honetan orain arte jarraitutako GR-11.1 bidea eta Castillo de Acher-era doan ohiko bidea banatu egiten dira. Ohiko bidea mendiaren hegoaldeko aurpegitik gora doa, guk ordea, hegoekialdeko aurpegira hurbildu nahi genuenez, Acher mendateruntz GR bidea jarraitu genuen.

Bidegurutzeko harkaitza, ezkerrean Castillo de Acher-era doan ohiko bidea ikusi daiteke, guk GR-a jarraitu genuen.


Harkaitzean dagoen GR arrastoa.


GR bideak maldarik igo gabe jarraitzen du eta haize bufaden artean pixkanaka Acher mendateruntz hurbiltzen joan ginen.

Mendatetik 200 metro ingurura geundela, 2000 metro inguruko altueran, hego-ekialdeko hormara begiratu eta Ledormeur tximiniaren gainean dagoen arkaitz bloke handia ikusi nuen.

Gutxi gora behera tximinia ikusi genuen lekuan, nahiz eta argazkian ez oso ongi nabaritu, tximinia monolitoaren atzean dago.



"Ehhhh!! Hemendik tximinia ikustea!!!" Oihukatu nien. "Ah bai!! Esan zuen Ikerrek "baina GPSko trakak  buelta bat itteo gutxi gora behera goiko monolito horrearte" erantzun zidan. "Eta paren daukeun kanal hortatik igotzen bagea?" Proposatu nien "haizetik erdi babesen igoko gea ta gañea eztu hain gorra ematen". "Probatzea badaukeu" esan zuen Asierrek "goien gaizki badau bestaldea pasako gea".

Nahiz eta erdi babesean egon, badaezpada haizegatik babesteko ditugun txamarrak eta eskularruak jarri genituen. Honetaz aparte, ibilbide osoan jango genuen barrita bakarra jateko ere aprobetsatu genuen.

Argazki honetan igo genuen kanala eta jarraitutako bidea ikusi daitezke.


Haizerako prestatu ondoren, ttirri-ttarra maldan gora hasi ginen. 


Ahal izan genuen guztietan belarratik igotzen saiatu ginen, bertan lur finkoena baitzegoen. Aldapa, nahiz eta luzea izan, ze zitzaigun oso gogorra iruditu.

Goruntz igotzen ari ginela, hormaren ondoan pitzadura bat eta honen eskuinean (igoeraren norantzan) orratz bat ikusi genuen. "Eta hortio igotzen bagea?" Galdetu nien "deskuidauezkeo tximinira eramango gaittu". "A ver zemuz daun" erantzun zuen Asierrek, "beittu ta zalle badau buelta hartukoeu".

Argazki honetan pitzadura eta orratza ikusi daitezke.


Monolitora iristen.


Behera begirada.


20 minuturen ondoren monolitoaren parera iritsi ginen. Tximiniara doan ohiko bideak monolitoaren eskuinetik (igoeraren norantzan) doa hitoez markaturiko bidexka bat jarraituz. Monolitoaren aurretik dagoen lepora atera ginenean haizeak ia lurrera bota ninduen. "Ayyy!!! Hain luzea eta pisu eskasa edukitzeak ez dit honelakoetan batere laguntzen" pentsatu nuen oreka hala nola mantenduz.

Pitzadurara ailegatzeko, monolitoaren ezkerretik pitzadurarantz diagonalean jarraitu genuen harri askez jositako malda bat igoz.

"Zemuz ikustea?" Galdetu nion Asierri. "Pitzadura itxita daula emateo, ta zuzen iotzeko nahiko larri" erantzun zidan. Bere parera ailegatu eta berak esandakoa baieztatu besterik ez nuen egin. "Joer, igoera nahiko kabroia ikustea bai" esan nion.

Buelta hartu behar genuenean pitzaduraren blokearean azpian atzeko harriekin erdi izkutuan zegoen zulo bat ikusi nuen. "Ta hortio sartzen bagea?" Galdetu nion Asierri.

Asier pitzaduraren sarreran. Gero egingo genuen eskaladatxoa ikusi daiteke.


"Ostras, zulo hoi ikusibe neon" erantzun zidan. "Inbestigatzea jungo naiz ea nora ateratzean".

Pitzaduran sartuta.


Asier blokeen azpian dagoen zuloan sartzeko prest.


Blokeen azpian dagoen zulotik pasa eta di-da batean blokeen gainean azaldu zen. "Zemuzkoa da?" Galdetu nion, "bueeeno, ez da zalle" erantzun zidan "itxoin pixkat ea orratzetik ateratzeik daun edo ez ikusteko". Minutu batzuk itxaroten egon ondoren Asierren oihua ailegatu zidan: "Ondo pasa daike. Trepada bat dau, baña ongi pasa daike".

Bitan pentsatu gabe, blokeen azpian dagoen zulotik sartu nintzen. Zulo hau ez da oso handia eta motxila handia eraman ezkero juxtu pasako gara. Behin zuloa zeharkatu ondoren dagoen koxka batera igo eta pitzaduraren gainean dauden blokeetara igo nintzen. Igoerak ez dauka misterio handirik, oin bat azpiko blokearen gainean eta beste bat pitzaduraren paretan jarrita oposizioan ongi atera nuen. Zailtasuna? II edo. Behin blokeen gainean, niri gehien kostatu zitzaidan pausuroa ailegatu nintzen: orratzeraino doan 3 metro inguruko eskaladatxoa. Eskaladatxo hau berez ez da zaila (IIIko zailtasuna izango du) baina haize boladek dexente mugatu zuten nire eskalada eta nahi baino zailago atera nuen.

Bideo honetan pitzaduratik azken eskaladatxo honetaraino dagoen tartea ikusteko aukera izango duzue nahiz eta oso argi ez ikusi. Bideoan ere orratzera doan azken eskaladatxoa ere ikusiko duzue.


Behin orratzera igo ondoren, haizearekin borrokan, ageriko ertz-lerro motz batetik beste 4 metro inguru egin ondoren "lurrera" itzuli ginen. Orratzaren punturik altuenean dagoen arkaitzaren inguruan kordino bat topatu genuen.

Bideo honetan ertz-lerroko pausua ikusteko aukera izango duzue.

"Bueeeeeeno, haizegatik uste baño tentsio gehio pasaet" esan nien. "Bai, ikusiet" erantzun zidan Ikerrek, "nik ordea nahiko ondo ein det".

Ertz-lerrotik atera eta beste 40 metro inguru ibili ondoren Ledormeur tximiniara iritsi ginen.

Bideo honetan ertz-lerrotik tximiniara egindako bidea ikusteko aukera izango duzue. Ikusiko duzuenez, frantsesa erabat menperatzen dut jejeje.


11:15, Ledormeur tximinia, 2200 metro inguru. Tximiniaren zatirik teknikoenak 5 metro inguru izango ditu, arkaitza oso konpaktoa da eta esku nahiz oinentzat helduleku onak ditu. Pausua babesteko bi iltze (bat pausuaren hasieran eta bestea amaieran) eta tximiniaren erdian bakarren batek utzitako zinta bat ere ikusi genuen, nahi izan ezkero eskuekin tiratu eta oinak bertan sartzeko, baina guk ez genuen erabili. Behin zati bertikala amaitu ondoren tximiniatik oinez irten ginen.

Ledormeur tximinian sartuta.



Tximiniari lehenik, bideoan ikusten den bezela, Asier eta Ikerrek eman zioten.


Eta ondoren nik eman nion. Bideo honetan tximinian dagoen bigarren iltzea eta bertako irteera ere ikusteko aukera izango duzue.


Tximiniatik atera ondoren. Honen gainean dagoen arkaitz bloke handia ikusi daiteke.



Behin tximiniatik atera ondoren, motxiletatik makuluak atera, kaskoak gorde eta iparralderunzko norantza jarraituz, 15 minutuetan Castillo de Acher mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Argazki honetan tximiniatik gailurrera jarraitu genuen bidea marraztu dut. Gailurrera doan ohiko bidea nondik doan ere ikusi daiteke.



11:35, Castillo de Acher, 2384 metro. "Joer, hau da hotza eskuetan pasa detena" esan nien. "Nik ere behatzak zuri-zuri dauzket" erantzun zidan Ikerrek.

Castillo de Acher, 2384 metro.


Castillo de Acher-en gailurrean dagoen buzoia.


Gailurrean, haizearen eraginez, ez genuen denbora luzean egon. Bertako buzoian utzitako bi olerki (bat euskeraz eta bestea espaineraz) irakurri, argazki pare bat eta bideo motz bat grabatu eta beherunzko bidea hartu genuen.

Jaitsieran, "ya que hemen gare" Castillo de Acher-en hegoaldeko gailurra igotzea pentsatu genuen.

Gailur nagusitik hegoaldeko gailurrera jarritutako bidea. Urdinez, gailur nagusira doan ohiko bidea margotu dut.


Gazteluaren erdian hegoalderuntz ateratako argazkia. Bukaeran ikusten den zatia da kotxetik ikusten dena.


Gailur nagusitik hegoaldeko gailurrera ailegatzeko, 10 minutu pasa genituen.

11:50, Castillo de Acher, hegoaldeko gailurra 2347 metro. Hemen ere argazki pare bat atera eta, haizetik ihesi, beheruntz jo genuen.

Castillo de Acher, hegoaldeko gailurra, 2347 metro.


Erreporraren hasieran komentatu bezela, jaitsiera ohiko bidetik egin genuen.

Lehen metroetan Gazteluaren hormaren ertzetik gertu jaitsi ginen.


Baina berehala ohiko bidearekin topo egin genuen.


Atzera begirada, bi gailurrak ikusi daitezke.


Hemen itsasorik ez dago baina olatuak ikusi genituen. Hemen imajinazioa da nagusi, batzuk olatuak ikusten dituzten lekuan beste batzuk haritz hostoak, zerrak, gondorrak etab ikusiko dituzte eta.


Hegoaldeko gailurretik 10 minutuetara gaztelutik behera eramango gintuen pasabidera ailegatu ginen.


2270 metroetan dagoen pasabide honetan hito handi bat dago.


Behin pasabidea zeharkatu ondoren, ohiko bidea jarraitzea besterik ez genuen egin.

Atzera begirada, pasabidetik eginiko bidea markatu dut.


Jaitsiera ez zitzaigun gogorra egin. Jaitsieraren ideia bat egiteko, Beriain-era Unanuatik doan bidearekin antzekotasun handia dauka.

Jaitsieran. Borobil gorrian, oooooooso beheran Castillo de Acher aterpea ikusi daiteke.


Goizean utzitako bidegurutzeko harkaitzeraino dagoen bidea. Argazkian monolitoa ere ikusi daiteke.


12:15, bidegurutzeko harkaitz handia, 1850 metro inguru. Puntu honetan haizeagatik babesean geundenez haizetik babesteko txamarrak kendu eta bideari ekin genion.


Bidegurutzeko harkaitzera iristen.


Loretxoa.


Eta harkaitz handi honetatik behera, goizean jarraitutako bidetik jaitsi ginen.

Castillo de Acher aterpera iristen.


Basora sartu ginen lekuan.


Basoan, haizegatik babesean, arropa gehiago kendu ondoren, frexko-frexko jarraitu genuen.

Kotxea ia bistan dugu.


13:30, aparkalekua, 1130 metro. Jaitsiera hainbat mendizale taldeekin gurutzatu ondoren, kotxera uste baino frexkoago iritsi ginen.

Kotxea utzitak lekura iristen, zerua beltz.



Castillo de Acher mendiari azken begirada.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina