AZKEN 10 SARRERAK

2013/10/15

BACHIMAÑA ORRATZA: EDU ESPOLOIA, 250 m, IV+. 2013-10-12

Asierrek duela hilabete eskas zera galdetu zidan: "Arnalesen daun Edu espoloia ezagutze al dezu? Ustet bost-sei luze dittula ta IV+etik eztela pasatzen". "Joer ba eztet ezagutzen" erantzun nion, "baña esaten dezunagatik tentagarrie da".

Interneten informazio bila hasi nintzen, eta egia esan ez dago gauza handirik, baina dagoen gutxitik badira bi deskribapen eder: Landher-en web orrian dagoena, eta mendiak-eko ilargibetea eta cuarte lagunena, bigarren hau oso gomendagarria.

Duela hamabost egun bertara hurbiltzeko asmotan izan ginen, baina eguraldiaren iragarpena oso fidagarria ez zenez, azkenean Castillo de Acher mendira joan ginen.

Urriaren 12an Asierrek lanean jai zuela eta behingoz eguraldiaren iragarpena ona zela ikusi ondoren, hiruzpalau whatsapp-en ondoren, ostiralean lanetik atera eta arratsaldean Panticosa aldera joan ginen Ibones de Bachimaña aterpean  lo egiteko asmoarekin.

GURE BIDEA

Esan bezela, gure asmoa Arnales mendiaren hegoekialdean dagoen Bachimaña orratzaren Edu Espoloia igotzea zen. Espoloi honek beste izen batzuk ere baditu, Bachimaña orratzaren hegoekialdeko ertz-lerro edota Arnales mendiaren hegoekialdeko ertz-lerroa, besteak beste.

Espoloi hau Club Vasco de Camping taldekoek lehen aldiz 1992 urtean igo zuten, izena Gavarnie-n zendu zen Eduardo Garate eskalatzaile gipuzkoarrari eskeiniz. Espoloiak 220 metro inguru ditu eta ez da IV+ zailtasunetik pasatzen. Harkaitza orokorrean oso ona da, helduleku onekin, nahiz eta likenez josita egon, honegatik, kontuz pareta bustita badago. Friend, fisurero eta zintak jartzeko aukera handiak dituenez, katxarreatzeko mundu honetan hasi berrientzat bide aproposa izan daiteke. Eskalada bera lau luzeetan igo genuen. Orratzatik jaisteko bosgarren luze bat egin genuen baina espoloia berriro ere igotzekotan, bosgarrena sokarik gabe egingo nuke.

Behin orratzatik jaitsi ondoren II mailako zailtasuna duen 400 metro inguruko ertz-lerro bat jarraitu genuen hito bat duen orratz bateraino. Hitodun orratz honetatik bidearen hasierara itzultzeko, beheruntz zeharkaldi bat egin genuen orratza bere ipar eta ekialdetik inguratuz.

Igoera bi egunetan egiteko antolatu genuen: lehen egunean, ostiral arratsaldean, Panticosako Balneariotik Ibones de Bachimaña aterpera igo, eta bigarrenean espoloia igo eta Balneariora jaitsi.

Argazki honetan Bachimaña orratzaren ekialdeko aurpegian dauden bide ezberdinak ikusi daitezke: Urdinez, Bachimaña aterpeko zaindariek irekitakoa ("Vía guardas"), IV+, orlegiz, Julio Benedé eta Luis Royok Edu Espoloira igotzeko irekitako beste aukera bat, V, urdin argiz, lehen luzea ertz-lerroaren ertzetik egin daiteken aukera, V+, eta gorriz, jatorrizko bidea, IV+.


Urdinez markatutako "Vía guardas" bidearen deskribapena. Argazki hau ibones de Bachimaña aterpean aterpean lortu genuen.


Orlegiz markatutako Julio Benedé eta Luis Royok irekitako bidearen deskribapena. Krokis hau ibones de Bachimaña aterpean lortu genuen.



Edu Espoloira doan jatorrizko bidea guk egin genuen bezela. Argazkian ez da ondo nabaritzen non amaitzen den lehen orratza eta non dagoen pitzadura.



ERAMANDAKO MATERIALA

Tamaina ezberdineko zintak (guztira hamar bat), Alien semaforoa (gorria, horia eta orlegia), Link Cam hori eta gorria, hiru Camalot (0,5, 1 eta 2), fisurero jokoa eta zortzi segurtasun mosketoi. Badaezpada katu oinak eraman genituen baina azkenean ez genituen jantzi. Luzeak ahalik eta luzeen egin behar genituenez, talkie-ak ere eraman genituen gure artean oihuka ez aritzeko.

DESKRIBAPENA

Lehenengo eguna

Goian esan bezela, lehen egunean Ibones de Bachimaña aterpera igo ginen. Baziren urte pare bat paraje honetara etorri gabe nengoela, eta duen edertasuna kontutan izanda, espero dut beste urte pare bat ez pasatzea itzuli aurretik.

17:50, Casa de Piedra aterpea, 1636 metro. Aterpean afaria gaueko zortziretan ematen zutela jakinda, igoera lasai-lasai hartu genuen, izerdirik bota gabe.

Ibones de Bachimaña aterperaino doan bidea hemen deskribatuta dudanez, honen inguruko zehaztasunik ez dut emango.

Asier Casa de Piedra aterpearen parean.


Bideak ez dauka galtzeko inongo arriskurik GR-11 bidea jarraitzea besterik ez da.

Bidean zehar leku ikusgarriak ikusi daitezke.


Altuera pixkat irabazi ondoren gure biharko helburua berehala ikusi genuen.


Edu espoloia gertuago... Argazkian espoloiaren lehen orratza non dagoen adierazi dut.


Udazken koloreak.


Frailearen malda lasai-lasai eta pazientziz igotzen ari ginela, zerutik tanta batzuk erortzen ari zirela somatu genuen. "Ez al da elurre?" Galdetu zidan Asierrek. Galderagatik harrituta, gelditu eta goruntz begiratu nuen, Asierrek arrazoia zuela baieztatuz: zerutik erortzen zena ez ziren euri tantak elur malutak baizik. "Hoixe bakarrik behar deu, elurre bota ta bihar ezer inbe gelditzea" erantzun nion, "dena den erortzen ari den fundamentukin eztet uste asko txurittuko donik".

Aterpera iristeko Beheko Bachimaña urtegian dagoen pasabidea zeharkatu beharko dugu. Argazkian aterpearen teilatua ikusi daiteke.


19:20, Ibones de Bachimaña aterpea, 2200 metro. Noizik eta behin elur malutaren bat edo beste zerutik erortzen jarraitzen zutela, aterpearen barrura sartu ginen.

Ibones de Bachimaña aterpea.


Aterpearen sarreran dagoen kartela.



Aterpean sartu eta ezkerrean dagoen botak uzteko gelan, zapatilak erantzi eta eskuragarri dauden txankletak jantzi genituen. "Zapatilak hemen uzten baditteu bihar goizen izoztuta eongo die" esan nion Asierri. "Ba bai" erantzun zidan. Honegatik, logelan bakarrik egongo ginela esan zigutenean (gure logela Xuans logela zen), zapatilak motxilekin batera logelan utzi genituen.

Aterpea primerakoa da. Aurrekaldean heliportu bat dauka. Beheko solairuan botak eta makuluak uzteko gela (bertan takilak daude), harrera-lekua eta jangela-egongela daude. Lehen eta bigarren solairuan takilak dituzten logelak daude. Logelak tamaina ezberdinekoak dira: 4 eta 12 pertsonen artekoak. Komunak amankomunak dira eta konketa nahiz dutxetan ur beroa dago. Guztira 80 pertsona sartzen dira. Afariak gaueko zortziretan ematen dituzte eta gosariak goizeko sei t'erdietatik atzera. Tratua zoragarria da eta edozein zalantza irrifar batekin argituko dizuete.

Aterpeak bi web orri ditu: Refugios y albergues de Aragon web orrian eta Facebook-en.
Erreserbak egiteko telefonoa hau da: 697126967
Erreserba internet bidez egin nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.
Prezio aldetik, pentsio erdia 28 euro inguruan ateratzen da, federatua egon ezkero.

Edu espoloiaren ikusmira aterpearen sarrerako atetik benetan ikusgarria da. "Hortik igo behar gea?" Pentsatzen aritu nintzen.



Afarian GR-11 ibilbidea egiten ari ziren balentziar batzuekin hizketan aritu ginen. Bueno hizketan baino, entzuten, denbora osoan hitzegin eta hitzegin aritu ziren eta jejeje. Afaltzeko garbantzu krema bat, entsalada, borobil saltsan eta arroz-esnea eman ziguten. Edateko ura eta ardo pitxar bat. 2200 metroetan egoteko ezin da gehiago eskatu.

Afaldu ondoren, kalera pixkat atera, pixkat literalki gainera, kriston hotza zegoen eta, oraindik ere elur malutaren bat edo beste erortzen ari zela ikusi, eta ohera joan ginen.

Bigarren eguna.

Gauerako iragarrita zegoen hotza kontutan izanda, aterpeko guardari goizeko zazpiretan gosalduko genuela esan genion.

Gauean aterpeko kalefakzioa ez zegoen piztuta. Dena den, hamabiko gelan bakarrik geundenez, inguruko manta batzuk hartu eta epel-epel lo egin genuen. Gela beteta izango balitz gaua frexko-frexko pasako genuen. 

Zazpi t'erdietarako gosaldu (harrigarria bada ere gosaltzen lehenak izan ginen) eta logelara itzuli ginen presarik gabe motxilak prestatzera. "Joer, gauen amets ein det orratza erabat elurtuta zegoela" esan nion Asierri, "No jodas, nik ebai" erantzun zidan. "Esperoet premonizio bat ez izatea" pentsatu nuen.

Ufffffff!! Nola somatzen da garai honetan egunsentia beranduago datorrela. Eguna argitzen hastearekin batera, zortzirak aldera, logelatik atera ginen. "Ikusita trepatzen eta gero destrepatzen ibiliko gean denbora makuluk hemen utzikoittut" esan zidan Asierrek.

08:10, Ibones de Bachimaña aterpea, 2200 metro. Aterpeko guardari espoloira ailegatzeko biderik onena zein den galdetu ondoren, "La Palestra" eskalada eskolatxoaren hormaren azpitik doan bidexka bat jarraitzea gomendatu zigun. Atera baino lehen Itziarri mezu bat bidali nion ostiralean gelditu ginen bezela. Dena pronto eta etxekoak gure irteeraren jakinaren gainean egonda, goizaren hotzera irten ginen.

Aterpea uzteko prest.


Lehen metroetan... Argazkiaren eskuinean aterpearen aurrekaldean dagoen heliportuaren zati bat ikusi daiteke.


Argazki honetan bi bide ikusi daitezke: Urdinez GR-11 bidea, eta gorriz guk jarraitu genuena. Ikusten denez, bideak bi hormen arteko pasabide batetik doa. Pasabidearen goiko horman "La Palestra" eskalada eskolako bideak daude.


Beheko Bachimaña urtegiko pasabidea zeharkatu, GR-11 bidean metro batzuk egin eta GR bideak eskuineruntz (igoeraren norantzan) egiten duen bihurgunean ezkerreruntz (mendebalderuntz) hartu genuen. Bihurgunean GR marka bat dago eta pixkat begiratu ezkero, hemendik aurrera jarraituko dugun bidexkan dauden hito batzuk ere ikusiko ditugu.

Bihurgunean. GR marka eta hito pare bat ikusi daitezke.


Bidea hitoekin oso ondo markatua dago eta inongo arazorik gabe jarraitu genuen.

"La Palestra" eskalada eskola dagoen horma atzean utzi ondoren.


Atzera begirada, aterpea urruti eta txiki gelditzen da honen atzean dauden Serrato eta Xuans mendien azpian.



Jarraitutako bidea. Nahiz eta hito asko ez egon, daudenak oso ongi jarrita daude.


Aterpetik atera eta 20 minutu inguruan espoloia parez-pare topatu genuen. Argazkian bidea hasten den lekuraino gutxi gora behera jarraitutako bidea ikusi daiteke.


Hemendik aurrera belarra desagertu eta harkaitz blokeen gainetik igo ginen.



"Ez zait batere gustatzen harkaitz blokeen gañetik ibiltzea!!!" esaten nion behin eta berriz Asierri. Uste dut esaldi honekin kokoteraino bukatu zuela jejeje.

Geroz eta gertuago... Argazkian lehen orratzeraino ezker eskuin ikusten den diagonalean gora doa Julio Benedé eta Luis Royok ireki duten bidea. Hurrengo bisita baterako badaukagu non aukeratu.



08:50, bidearen hasiera. Espoloira sartzeko bi aukera ikusi genituen: ertz lerroan bertan zegoen diedrotxo antzeko bat eta ertz-lerrotik metro pare bat eskuinago zegoen beste diedrotxo antzeko bat. Bi aukerak aztertu ondoren, ertz-lerrotik doana zailagoa zela, eta katu oinak jartzeko intentzio gutxi genuela ikusita, eskuineko aukera hartu genuen. Jaitsieran, badaezpada zalantzarik ez izateko, espoloia hasten den diedrotxo honen azpian hito bat egin genuen.

Lehenengo luzea, 50-55 metro, IV+. Atsedentxo bat hartu eta dena prestatu ondoren, goizeko 09:15etan Asierrek lehen luze honi ematen hasi zen. Lehen 25 metro inguruan harkaitzek osatzen duten diedrotxo batetik gora igo zen. Diedrotxoa amaitzen den lekuan ezker-eskuin zeharkalditxo bat egin zuen plaka bat eta sapai txiki bat saihestuz. Lehenengo metro hauetan dago luzearen zailtasunik handiena. Plaka hau atzean utzi ondoren, bideak ertz lerrotik 2 metro inguru eskuinera (igoeraren norantzan) doa bilgunera ailegatu arte. Azken zati honen zailtasuna III+ edo IVkoa izango da gutxi gora behera. Bilgunea nahiz eta bi iltzez osatua egon, Asierrek bi friend-ekin indartu zuen. Luzeak lehen orratzaren gainetik metro gutxi batzuetara utzi gintuen.

Lehen luzearen nondik norakoak gutxi gora  behera.


Asier lehen metroetan diedro itsurako lekuan.


Ezker-eskuin egin zuen zeharkaldiaren hasieran.


Zailtasunak amaitu ondoren. Hemendik bilgunera erraz igotzen da.


Nire txanda iritsi zenerako eskuak izoztuta nituen. Eskularruak jarri eta pixkanaka goruntz hasi nintzen. Asierrek ezker-eskuineko zeharkalditxoa egin zuen lekura iritsi nintzenean soka zuzen goruntz nuela ikusi nuen zeharkaldia egiteko aukera galduz. Arnasa hartu, eta nahi baino tentsio gehiagorekin plakan gora hasi nintzen. "Katuak jantzi izan banitu!!!" pentsatu nuen behin baino gehiagotan. Fede handiko pausu pare baten ondoren, plakatik arnas-hestuka atera nintzen.

Plakatik atera ondoren. Hori da hori hartu nuen lasaitasuna.


Hemendik bilguneraino lasaiago igo nintzen, baina izandako tentsioa erabat pasa gabe. "Joder, hoi da tentsioa pasa detena" esan nion "zuk indako zeta hoi zuzen egin behar izan det soka tentsoa nuen eta". "Esan ein behar zenidan" erantzun zidan "hola soka emango nizun". "Utzi, utzi" esan nion "gañen neuken tentsiokin oihuka hasteko talentuik ere ez neuken".

Lehenengo bilgunea.



Bigarren luzea, 60 metro, IV+. Horrenbesteko tentsioaren ondoren zalantzan izan nintzen bigarren luzeari lehenengo emateko, baina azkenean animatu egin nintzen. Asierrek bazpaere "ikusten bazu blokeatzen zeala, bilgunea egin ta kitto" esan zidan. Bigarren luzearen lehen 8 metro inguruan orratzera igo eta honen atzean dagoen pitzadurara destrepatu nuen. Pitzadurara jaitsi aurretik parabolt bat topatu nuen. Parabolt honek Julio Benedé eta Luis Royok irekitako bidearen azken bilgunea osatzen du, baina pitzadurara doan destrepea babesteko ederki dator. Niri behintzat, ez dakit lehen luzetik neraman tentsioagatik edo, destrepe hau delikatu xamarra iruditu zitzaidan. Nik ertz-lerroaren ezkerretik jaitsi nintzen baina Asierrek ertz-lerroaren eskuinetik errazago izango liteken susmoa izan zuen.

Behin pitzaduran, metro pare bat ertz-lerroaren ertzetik igo eta ertz lerrotik 2 metro inguru eskuinetik (igoeraren norantzan) 3-4 metroetako zeharkalditxoa egin nuen ertz-lerroan dagoen arkaitz bloke bateraino (bertan zinta bat topatu nuen). Hemendik gora ertz-lerroaren ertzetik jarraitu nuen bilgunerarte. Bilgunea arkaitz baten inguruan pasatako zinta eta fisurero batekin egin genuen.

Luze osoan hasierako parabolt-a, arkaitz blokean zegoen zinta eta harkaitz zubi txiki batean pasatako kordino bat topatu nuen.

Pitzaduratik atera ondoren, ertz lerroaren eskuinetik egin  nuen zeharkaldia hasi aurretik. Zinta dagoen blokea ikusi daiteke.


Asier lehen bilgunean. Parabolt-a non dagoen ikusi daiteke.


Zinta zegoen blokean.


Asier pixkanaka beheran gelditzen da.


Bigarren bilgunera iristen, nahiz eta oso argi ez ikusi.


Gertuago... Ni bigarren bilgunean.


Bigarren bilgunea. Zinta bat harkaitz batetik pasata eta fisurero bat.


Arkaitz zubitxoan topatu genuen kordinoaren argazkia.


Asier bigarren bilgunera ailegatzen, aterpea ooooooooso azpian geldituz.



Hirugarren luzea, 60 metro, IV+. Asierrek bilgunetik zuzen jo eta denbora osoan ertz-lerroaren ertzetik igo zen. Luzearen erdian gutxi gora behera erlaitz zabal bat dago eta bertan bibak bat egiteko (leku txiki xamarra ordea) edo babesean egoteko harriekin eginiko babesleku txiki bat. Erlaitz honetatik gora doazen lehen metroak ikusgarriak iruditu zitzaizkidan ertz-lerroa hestutu eta ertzatik bertatik metro batzuk igotzen dira eta. Metro ikusgarri hauen ondoren, zailtasuna jaitsi eta IV-tik pasa gabe bilgunera ailegatu ginen. Asierrek bilgunea bi harkaitzetatik pasatako zintekin egin zuen.

Luze honetan bi harkaitz blokeetan pasatako bi soka topatu genituen. Bigarrenaren egoera nahiko kaskarra zen eta ez dakit zenbat iraungo duen.

Luzearen lehen metroetan.


Ni bigarren bilgunean.


Erlaitz zabala dagoen lekuan gutxi gora behera.


Ni erlaitz zabalera iristen.


Erlaitz zabalatik gora dagoen pausu ikusgarria gainditu ondoren ateratako argazkia. Asier hirugarren bilgunean ikusi daiteke.


Bilgunera iristen.


Hirugarren bilgunea.


Asier hirugarren bilgunean. Bidean egin genituen bilgune guztiak leku erosoetan egin genituen.


Laugarren luzea, 45 metro, IV. Hau izan zen bide osoan egin genuen luzerik errazena. Luze hau ere ertz-lerroaren ertzetik jarraitu nuen. Lehen hamar metroetan pitzadura fin eta txikia duen arkaitz bat zuzen igo nuen (ezkerretik ekidin daiteke), pausua Alien batekin babestuz (IV). Pausutxo honen ondoren, III+ zailtasuneko eskaladatxo bat egin eta ertz-lerroak bertikalitatea galtzen du. Hemendik gora, IIIko zailtasuneko ertz-lerroa jarraitu nuen hito handi bat duen bloke bateraino. Puntu honetan amaitzen dira zailtasun guztiak, baita Edu espoloia ere. Bilgunea hitotik hamar metroetara gutxi gora behera jarri genuen, bi arkaitzetatik zinta bana pasatuz.

Luze hau ensanblean egiteko modukoa da, denbora aurreztuz.

Ertz-lerroak bertikalitatea galtzen duen lekuan.


Leku beretik hirugarren bilgunera ateratako argazkia.


Eskaladaren amaiera adierazten duen hitora ailegatzen.


Hirugarren bilgunea behean gelditzen da.


Edu espoloiaren amaiera adierazten duen hitoa.


Ni laugarren bilgunean hirugarren bilgunetik ikusita.


Asier hitoa dagoen lekuan. Tokia benetan ikusgarria da.



Bosgarren luzea, 60 metro, III. Asier ertz lerroaren ertzetik hamar-hamabost metro inguru egin ondoren (III agerikoa), Bachimaña orratzaren amaierara ailegatu zen. Hemendik aurrera, orratz hau destrepatzea besterik ez da bideak zailtasun guztiak galduz. Dena den, kontuz ibili beharreko lekua da (Asierrek badaezpada tarteka arkaitzen batetik pasatako zintaren bat edo beste jarri zuen). Orratza destrepatu ondoren lepo batera iritsi eta hemendik dagoeneko oinez, arkaitz handi baten inguruan bilgunea egin zuen.

Eskalada osoa, bosgarren luze hau barne, 11:45etan amaitu genuen, guztira bi ordu eta erdi pasatuz.

Asier orratzera ailegatzen. Bilgunetik bera dagoen lekura dagoen pasabidea da luzearen zailtasunik handiena.


Asier orratza destrepatu ondoren bilgunera ailegatzen. Argazkian hemendik aurrera hitodun orratzeraino (gero azalduko dut zer den) jarraitu genuen bidea margotu dut.


Ni laugarren bilgunetik atera ondoren. 


Bachimaña orratzaren gainean.


Orratza jaitsita dagoen lepoan eskuineruntz (Iparralderuntz) hartuko bagenu,  Landher-en deskribapenean azaltzen den jaitsiera hartzen dela esango nuke, baina halaere, cuarte eta ilargibetearen deskribapena jarraitzea adostu genuen.

Bosgarren bilgunean sokak jaso, zertxobait jan eta edan (hemen jan genuen egun osoan jango genuen gel bakarra) eta arnesean bazpaere friend pare bat eta zintaren bat zintzilikatu ondoren, aurretik genuen 400 metroetako ertz-lerroari ekin genion.


Ertz-lerroan.


Hitodun azken orratza dagoeneko bistan (borobilaren barruan ikusi daiteke).



Ertz-lerroak aukera ezberdinak dauzka baina guk ia denbora osoan bere ertzetik joan ginen. Zailtasunaren aldetik ez dut uste IItik igoko denik, baina tarteka kontuz ibili beharreko pausuak daude.

400 metro inguru hauek ibili ondoren eta altueragatik arnas hestuka, hitodun orratz batera ailegatu ginen.

"Han dago!!!!"



12:10, hitodun orratza, 2763 metro. Bertan argazki batzuk atera ondoren, ur pixkat edan eta behruntz abiatu ginen.

Hitodun orratzaren gainean. Lekuri omenalditxoa.


Asier eta biok orratzean.


Orratzetik mendebalderuntz eginiko argazkia. Arnales eta Infiernoak ikusi daitezke.


Hemendik behera jaisteko, hitodun orratzetik 5 metro inguru atzera egin eta iparralderuntz oinez jaisten hasi ginen. Jaisteko erreferentzi bezela, azpian ikusten den harkaitz bloke handi bat hartu genuen. Horraino inongo erreferentziarik ez zegoenez, noizik eta behin hito bat egin genuen, bakarren batek gure pausuak jarraitu nahi izan ezkero erreferentzi bat izateko.

Jaitsieraren lehen metroetan. Argazkian harkaitz bloke handia non dagoen ikusi daiteke.


Atzera begirada eta gutxi gora behera eginiko jaitsiera.


Harkaitz bloke handia denbora osoan gure bistan. Atzean Vignemale ikusi daiteke.


Vignemale handia gertuago... Pique Longue eta Clot de la Hount.


Harkaitz bloke handiaren paretik pasatzen.


Harkaitz bloke handia atzean utzi ondoren ekialde - hegoekialde norantzarekin jarraitu genuen igotako espoloi eta orratzak pixkanaka ezkerretik (jaitsiereako norantzan - orratzaren iparraldetik -) inguratuz.

Harkaitz bloke handia atzean utzi ondoren gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Momentu batean hito bat topatu eta "Bueeeno, ez goaz hain gaizki" pentsatu genuen.


Esan bezela, jaitsieran orratza inguratuz joan ginen, pixkanaka goizean eskalada hasitako lekura hurbilduz.


Asier espoloiaren lehen luzearen eskuin aldean (eskaladaren norantzan). Argazkian ikusten den pitzaduratik gora lehen luzearen ondoren dagoen pitzadurara (goian ikusten da) irten daiteke IV+ zailtasuneko luze bat eginez.


Eta gaurko eskaladarekin amaitzeko, bidearen sarreran hito bat egin genuen.


Espoloia azpikaldetik. Hitoaren kokalekua ikusi daiteke.


"Ez zait batere gustatzen harkaitz blokeen gainetik ibiltzea" behin eta berriz berriro esanez, blokeak amaitzen diren lekura iritsi ginen. Jaitsieran, ekialdeko aurpegi honetan dauden beste bideak nondik nora joan daitezken begiratzen joan ginen.

Espoloiaren sarreratik behera, igoeran jarraitutako bidea jarraituz.


14:00, Ibones de Bachimaña aterpea, 2200 metro. Bertara iritsi, Asierrek goizean utzitako makuluak hartu, bertako guardei eginiko bidearen zehaztasunak eman, eta beherunzko bidea hartu genuen. Guardek eginiko irteeraren argazki batzuk bidaltzeko eskatu ziguten.

Jaitsieran, goizean pasatako hotzaren ondoren eskertu genuen eguzkiaren epeltasuna.

Edu espoloiari azken begirada.



15:00ak aldera  Panticosako balneariora ailegatu ginen, eginiko bidearengatik zoriontsu.