AZKEN 10 SARRERAK

2013/12/21

ARBELAITZEKO IPAR PUNTA EDO PINAKULUA IPARRETIK 2013/12/15

Arbelaitzeko ipar aurpegiaren zeharkaldiak Aizkorrin ate bat ireki gintuen. Etxera joan eta ipar horma honetan egin litezken aukera ezberdinak aztertzen hasi ginen, baina azken astean hego haize eta eguzkiak eramandako elurra dela eta aukera hauek hurrengo elurtearako uztea pentsatu genuen.

"Dena den itteko zeoze eongoik" bota zidan Lekuk whasapp batean. Azken urteotan Arbelaitzeko ipar aurpegiari ateratako argazkiak ikusi eta honen eskuinean (iparrean) dagoen pinakulu itsurako orratz handi batean elurrak dexente irauten zuela ikusi genuen. "Eta pinakulu aldera jute bagaittuk?" Galdetu nion. "Oso ondo, hola hemendio atera ta ipar aurpegiko aukerak bertan ikusteik izangoiau" erantzun zidan. Ikerri beste whastapp bat bidali ondoren iganderako gelditu ginen.

IBILBIDEA

Arbelaitz mendiaren ipar aurpegiaren azpira begiratzen badiogu, honen eskuinean pinakulu itsurako orratz ezberdinak daude, hauen artean bat nabarmenduz. Pinakulu honen eskuin eta ezkerretik pagoen artean bi kanal igotzen dira, biak beherago hasten den kanal amankomun baten adarrak izanik.

Gure asmoa Arbelaitzeko ipar aurpegiari begiradatxo bat botatzea zenez, honen eskuinean dagoen kanaletik igotzea pentsatu genuen. Behin kanaletik atera eta ipar aurpegiari mila argazki egin ondoren, Pinakulura igo eta, zirkular txiki bat eginez, honen ezkerreko kanaletik jaitsi ginen.

Betiko moduan gure abiapuntu eta helmuga Itzubiagan dagoen borda izan zen.

Argazki honetan igoera (gorriz) eta jaitsiera (orlegiz) ikusteko aukera duzue. Jaitsieraren erdian ikusten den zeharkaldia bertan dagoen erresaltea ekiditeko egin genuen.


Argazki honetan igoerako bidea bakarrik margotu dut (nahiz eta jaitsierako kanala ere ikusi). Puntu beltzekin margotutako bidea igo genuen kanalaren eskuin adarra da.


ERAMANDAKO MATERIALA

Estuasunik ez pasatzeko badaezpada eskaladako trasteak eraman genituen: 30 metroetako soka, friend batzuk, iltze batzuk, express zintak eta luzera ezberdineko baga eta kordinoak. Honetaz aparte, bi piolet, kranpoiak, arnesa eta kaskoa.

DESKRIBAPENA

08:15, Itzubiagako borda, 900 metro inguru. Eguzkia irtetearekin batera bertara iritsi ginen. "Uff, gaur eztik hotzik itten" bota zuen Lekuk. "Ba ez" erantzun nion "esperoet goiko parten elurra sikiera gogorra eotea, bestela sufrittuko diau". "Bueno, ta ikusten badiau igotzeko gaizki zeokela zonea exploraukoiau" esan zidan.

Kotxetik jaitsi, trasteak prestatu eta oinez hasi aurretik Itzubiagako zelaira joan ginen gaur egingo genuen ibilbideari argazki batzuk egin eta basotik gutxi gora behera nondik igo beharko ginen ikusteko.

Egunsentia.


Egunsentiarekin zeruak hartzen duen su kolorea izugarria izaten da.


Zelaitik borda erreferentzi bezela hartuz igoera nahiko zuzena egin beharko genuela ikusi genuen, honela ba, zuzen-zuzen igotzen hasi ginen.

Pinudia atzean utzi eta pagadia hasten den lekuan. Duela astebete hemendik gora elurra topatu genuen.


Igoera osoan pinakulua erreferentzi bezela hartu genuen bidea ahalik eta hobekien jarraitzeko. Kotxetik atera eta 20-25 minutu inguruan igoerako kanalaren azpira iritsi ginen.

Kanalaren azpian, pagoen artean, erdi izkutuan, pinakulua ikusi daiteke.


Belar eta txillarri tiraka aritu ginen lehen maldatxo batzuen ondoren elurra etengabe topatu genuen.

Kanala ia osoki pago artean doan.


Kanalaren malda ez da oso gogorra eta 40 gradu inguruan egongo da. Elurra erabat gogorra ez zegoenez kranpoirik ez jartzea erabaki genuen.

Kanalaren hasieratik ordu laurden eskaseko igoeraren ondoren kanalari zailtasuna ematen dion erresaltera iritsi ginen. Erresalteak 10-15 metro inguru izango ditu eta, igo ondoren, III+ zailtasuna emango genioke, batez ere arkaitzaren kalitatea eta aseguruak jartzeko leku eskasak kontutan izanda.

Leku aurrean erresalte duela.


Iker eta biok erresaltera iritsi aurretik dagoen "koxka" igotzen, azpian kanala ikusi daiteke.


Leku erresaltearen azpian. Goian lehen bilgunea jarri genuen pagoa non dagoen adierazi dut.



"Zemuz ikustek?" Galdetu zidan Lekuk. "Etzekiat ba, eztik zalle ematen baña erresalte hauekin ezin fiatu" bota nion. "Bazpare soka ateratzen badeu hobe" bota zuen Ikerrek. "Bai" erantzun nion " hobe orain ateatzea erresalte erdin ez aurrera ez atzera gelditzen bagea baño". "Piolok eta kranpoiak?" Lekuk "Piolok bazpare bai, gantxeatzeko sikiera, baña nik eztitut kranpoiak jarri behar" erantzun zion Ikerrek.

Eskaladako traste guztiak eta pioloak atera, makuluak gorde eta erresaltea eskalatzeko asmoz bere oinarrira hurbildu nintzen. "Pena elur gehiagokin ez eotea" esan nien "elurrekin errexago izangoala emateo".

Lehenengo aseguruak non jarri zitezken ikusi ondoren goruntz hasi nintzen. Lehenengo metro pareak ez dira oso zailak baina urteetan elur-jausien ondoren ederki leundutako arkaitz batetik gora igo behar izan nuen honen gainean zegoen elur gogorrezko plaka batean pioletak sartu eta bertara igo nintzen arte. "Bueno, lehenengo metrok einda" bota nien.

Lehen metroetan. Goian elur plaka ikusi daiteke.



Elur plakatik gora nola igo pentsatzen ari nintzela, nire azpian Kraaaakkk bat sentitu eta plaka osoa mugitzen hasi zen. Ia instintiboki ondoan nuen harkaitzera heldu, plakatik atera eta plaka erori egin zen. Bapatean sokatik beheruntz kriston tiraldia sentitu nuen. "Joder" pentsatu nuen "elur plaka osoa sokaren gainean erori da". Oihu baten ondoren eta ia desorekatuta nengoela, Iker gertatzen ari zenaz ohartu, erresaltearen oinarriraino joan eta pioletarekin elur plaka osoa hausi zuen soka askatuz. "Ostia, hau da lasaittue hartu detena" bota nien.

Elur plaka eori ondoren, datorren zatiari emateko prest.


Ezusteko honen ondoren erresaltearen bigarren zatiari emateko prestatu nintzen. Bigarren zati honetan arkaitz handi baten eskuinetik 2-3 metroetan eskalatu behar da arkaitzaren gainera igotzeko. Zuhaixka baten hala-nolako sustrai batetik kordino bat pasa ondoren pioletak lokatzean sartu eta metro erdi gora igo nintzen. Nire parean erdi lurperatuko sustrai handiago bat azaldu zen. Pioletekin inguruko lokatza kendu, kordino bat pasatu eta aseguru sendoa jarri nuen. Oposizioan egindako pausu batzuen ondoren arkaitzaren gainera iritsi nintzen. "Zemuzkoa Xabi?" Bota zidan Lekuk "Bueeeeeeno" erantzun nion, "eskerrak soka ateraiaun".

Metroerdiko igoeratxoa egiten. Honen ondoren fundamentuzko sustrai bat topatu nuen.


Harkaitzetik gora zailtasuna jaitsi egiten da, baita aseguruak jartzeko aukerak ere. Harkaitzaren gainean juxtu friend bat jarri ondoren irteera eskalatzen hasi nintzen. Lehen metro zuzen batzuk eta gainetik nuen arkaitzaren kalitate eskasa ikusi ondoren, eskuineruntz zeharkaldi bat egiten hasi nintzen pixkanaka elurrera pasatuz. Oraindik azpiko elur plakarekin gertatutakoa ahaztu gabe, kontu handiz, elurrari metroak irabazten joan eta gora jarraitu nuen.

Eskuinera zeharkaldia egiten hasi aurretik.



"Zenbat metro gelditzen die?" Galdetu nien. "Hamar bat!!!" Erantzun zidan Lekuk. Nire gainetik bost metro ingurura bi enbordun pago bat ikusi eta bertaraino iritsi nintzen. Bi enborrak besarkatuz baga bat pasatu, segurtasun mosketoia pasa, bertatik zintzilikatu eta "Reuniónnnnnn" ozen bat bota nien.

Minutu gutxiren barruan Iker nire parera iritsi zen: "Ostia, ona, eh!!!", "Bueno" erantzun nion, "beheko plaka eroita, zuen igoera nerea baño zallagoa izanda".

Iker eta ni bilgunean.


Handik gutxira Leku iritsi zen.

Bilgunean zoriontsu.


Bilgunetik gora, kanaletik jarritu ezkero bigarren erresaltetxo bat genuen. Erresalte hau elurrez erdi estalita zegoen eta hasieran hemendik gora igotzea pentsatu genuen. "Ufff" bota nien, "beran elurre zeon bezela, eztakit ideia ona den hemendio igotzea". Etxean ikusitako argazkietan bigarren erresalte hau ezkerretik zeharkaltzea zegoela uste genuenez, eskalado trasteak jaso eta, badaezpada, Lekuk soka lepoan bildu ondoren, zeharkaldiarekin hasi ginen.

Iker eta biok zeharkaldiarekin hasi aurretik.


Trepadatxo erraz baten ondoren, eskuineruntz zeharkaldia egin eta berriro ere kanalera itzuli ginen.

Trepadatxotik ateratzen.


Kanalera itzulita, bigarren erresaltearen gainetik beheruntz egindako argazkia.


Behin kanalean malda 45 gradu ingurura tentetzen da kanalari beste puntutxo bat emanez.


Iker eta biok kanalean gora.


100 metro inguru igo ondoren, kanala bi adarretan banatzen zela ikusi genuen. Bietatik zein hartu ez genekienez, oraingoan ezkerrekoa hartzea pentsatu genuen, bietatik tentena izan zitekelakoan.

Iker eta biok bi adarren bidegurutzera iristen.


Bideogurutzean. Gorriz, jarraitu genuen bidea. Eskuineko kanala (beltzez) beste baterako gelditu beharko da.


Eta hemendik gora malda bere hortan jarraitu zuen, 45 gradu inguruan bi arkaitzen arteko estuleku batetik irten ginen arte, hemen 50 gradu ingurura iritsi baitzen.

Iker eta biok bi arkatizen arteko estulekuan, atzean Arbelaitzen ipar aurpegia ikusi daiteke.


Estulekuaren ondoren.


Atzera begirada.


Estulekutik irten ginenean pixkanaka eskuineruntz hartu genuen, goruntz jarraitu ezkero elurra etengabe ez zegoen eta. Hemen ere malda 50 gradu inguruan egongo zen.

Iker kanalaren irteeran.


Leku kanaletik irteten.


Azken metroetan.


Kanaletik atera ondoren, gure parean Arbelaitzeko ipar aurpegia agertu zen.


"Ederra indiauna" esan zuen Lekuk. "Ba bai, sikiera kanal berrie ezautuiau" erantzun zion Ikerrek.

Arbelaitzeko ipar aurpegia argazkiz "amterallatu" ondoren, kanaletik erabat atera ginen pinakulura igotzeko asmoz.

Kanaletik irteten.


Nor da nor?


Pinakulura iristeko 100-150 metro inguruko zeharkaldi bat egin behar izan genuen, erraza eta tarteka elurrik gabe.

Zeharkaldiaren hasieran.


Zeharkaldiaren erdian, atzean pinakulua ikusi daiteke.


Pinakulua eta honen ezkerretik irteten den kanala.


Iker pinakuluaren gailurrean.


"Ta oain jaixteko nundik?" Galdetu zuen Ikerrek "Ni pinakuluren ezkerretio jaitsiko nintzen, hola beste kanal haure ezagutzeko aukera izangoeu" erantzun nion. Bitan pentsatu gabe anaia eta biok beheruntz hasi ginen.

Jaitsieraren lehen metroetan.


Kanal hone lehen metroak tenteak dira, 45 ingurukoak. "Ondo jetsiko gaittuk ezta?" Galdetu zidan Lekuk. "Nik uste baietz" erantzun nion, "argazkitan bi erresaltetxo ikusteittuk baña eskubitio ebitatzeik bazerek".

Lehen metroetan, pinakuluaren itzalpean.


Atzera begirada. Argazki honetan pinakulua bitan banatzen duen pitzadura ikusi daiteke. Ez dakit hemendik bakarren bat eskalatzen igota izango den, baina gogorra dirudi.


Kanalaren inklinazioa lehen metroen ondoren malgutu eta erraz jaitsi ginen.


Jaitsieran bi erresalte topatu genituen: lehenengoa, metro t'erdi edo gehienez bi metroetakoa bertaik jaitsi genuen inongo eragozpenik gabe, bigarrena aldiz, 3-4 metroetakoa eta tenteagoa, badaezpada bere eskuinetik (jaitsierako norantzan) inguratu genuen.

Iker lehen erresaltea jaisten.


Bigarren erresaltea inguratu ondoren.


Atzera begirada, argazki honetan jaitsieran topatu genuen bigarren erresaltea azpitik ikusita ikusi daiteke.


Goizeko 11:25ak aldera berriro ere kotxera itzuli ginen. Itzubiagako zelaitik berriro ere Iraule eta Arbelaitzeko ipar aurpegiei mila argazki atera eta etxerako bidea hartu genuen datorren elurterako planak egiteko asmoz.



Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra jartzen dizuet, espero dut gustuko izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina