AZKEN 10 SARRERAK

2013/12/18

AKETEGI ERPINA, "ANAIENA" IRTEERATIK 2013/12/09

Aketegiren ipar aurpegia Aizkorriko kanaletatik ertz-lerrora ateratzeko aukera gehien ematen dituen horma da. Zirrikituz eta kanaltxoz josia dago eta hauek elurrez betetzeko zai izaten gara piolet eta kranpoak hartu eta saiakera ezberdinak egiteko.

Azkeneko egunetako elurraren egoera paregabea kontutan izanda Ikerri aspaldian buruan nuen irteera hau egiteko proposatu nion. Baiezko erantzuna berehalakoa izan zen eta aurreko egunetan bezela, goiz xamar gelditu ginen.

IBILBIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "Anaiena" irteeraren izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala erabili ahal izateko. Irteera bere izen propioa izan dezake (ez dugu inon topatu). Gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Igoerarako aukeratu genuen kanal nagusia Nardagaizto izan zen, gero honen ezkerreko adarra hartu eta ertz-lerroraino zuzen doan irteera eskalatzeko. Nardagaiztoren nondik-norakoak errepor honetan irakurri ditzazkezuenez, honen inguruan ez dut azalpen zehatzik emango.

Oinarrizko kanpalekua Itzubiagan jarri genuen. Goian azaldutako bidetik Aketegi Erpinera igo ginen, hemendik, ertz-lerroa jarraituz, Aketegiraino, eta azkenik, Aketegiren ipar aurpegiruntz pasatuz, Nardasakoneraino zeharkaldi bat egin genuen bertatik berriro ere Itzubiagara itzultzeko.

Argazki honetan gorriz igoerako eta orlegiz jaitsierako bideak margotu ditut. Bidean topatzen diren erresalte guztien kokalekua ere ikusid daiteke.


Zegamatik egindako argazki honetan igoerako bidea bakarrik zehaztu dut.


ERAMANDAKO MATERIALA

Motxiletan eskaladarako materiala eraman genuen baina ez genuen atera eta hau hankasartze handia izan zen, nahiz eta irteera oso zaila ez izan, ez baitu akatsik onartzen. Guk egin genuen irteerarako 30 metroetako soka bat, friend txikiren bat eta bertan dagoen zuhaixkan aseguratzeko baga motza batekin nahiko izango dugu.


DESKRIBAPENA

Aurten Aizkorrin elur-jausi urtea izan da. Kanalaren lehen erresaltera iritsi ginenean bertako elur eta zuhaitz asko elur-jausi batek eramana zeudela ikusi genuen. Erresalte hau eskuinetik (igoerako norantzan) ekidin genuen, normalean egiten dugun bezela.

Bigarren erresaltearen egoera ez zen hobea. Bertatik zuzen igotzeko aukera alde batera utzita, bere ezkerretik zeharkaldia eginez igo genuen.

Hirugarren erresalteraino elurra gutxi zapalduz iritsi ginen elur-jausia erresalte honen gainean sortu zen eta. Orain arte sekula ikusi gabe neon hiru erresalteak ia elurrik gabe.

Bideo honetan Iker hirugarren erresaltea igotzen ikusteko aukera duzue.



Hirugarren erresaltetik gora dagoeneko etengabeko elurra topatu genuen, elur gogorra eta igotzeko primerakoa. Kranpoiak eta kaskoa jartzeko atsedentxoa hartu eta goruntz jarraitu genuen, bideoan ikusten den bezela.



Iker hirugarren erresaltetik gora.


"Bueno, hemen behintzat elurre earra dau" bota zidan Ikerrek kranpoiekin kras-kras egiten zuen bitartean. Arrazoi handia zuen, egia esanda, orain arte ez baikinen ezer disfrutatzen ari.

Laugarren erresaltearen aurretik dagoen estugunean.


Estugunea pasa ondoren, gainean laugarren erresaltea ikusi daiteke, hau ere, elur eskasiarekin.


Laugarren erresaltea ia elurrik gabe topatu eta mixtoan atera genuen (elur askorekin 60-65 gradu inguruko hormatxoa izaten da). Erresaltearen gainean zegoen elurra harria bezela zegoela eskerrak, bertan pioletak sendo sartu eta erresaltea azpitik zirudiena baino errazago eskalatu genuen.

Laugarren erresaltea atzean utzi ondoren.


Hemendik gora, Nardagaizto zabaltzen hasten den lekuan ezkerrera (igoerako norantzan) hartu genuen hona doan kanalaren adarra jarraituz, argazkian ikusten den bezela.


Iker kanalaren irteeraren ezkerrean dagoen pinakuluaren gainean.


50 metro inguru igo ondoren lepo antzeko batera iritsi ginen. Hemendik eskuinera begiratuz bi pinakuluen artean dagoen erresaltea eta honen atzean irteera zuzena ikusi genuen.

Aurretik duguna, irteerak misterio handirik ez dauka zuzen-zuzen jarraitzea besterik ez da eta.


Aurretik duguna gertuago... Pinakuluen arteko erresaltea eta goian irteerarako jarraitu genuen bidea ikusi daitezke. Ikusten denez, ez genuen zuzen jarraitu, elurraren egoerak ez zigun utzi eta.


Iker pinakuluen arteko erresaltera iritsi aurretik.


Hasteko, pinakuluen arteko erresaltea igo genuen. Erresaltetxo hau Asierrekin "Leze" irteera egin nuenetik ezagutzen nuen (erreporra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue) eta banekien ez zela oso zaila. Orduan bezela 3 metro inguruko erresalte bat topatu genuen, erraza, baina bertikal xamarra. Piolet eta kranpoiak ederki sartzen zirenez, erresalte hontan ederki gozatu genuen.

Oraingoan, erresaltea igo ondoren, eskuinera hartu ordez, zuzen jarraitu genuen gure ezkerrera gelditzen zen ertz-lerro antzekora iritsiz.

Bideo honetan Ikerrek erresaltea nola igotzen duen ikusteko aukera izango duzue.



Ertz-lerrotik ezkerrera egindako argazkia, erdian ihaz Iker eta Lekuk eskalatutako "Eskirol" irteera ikusi daiteke.


Baina oraingoan, zuzen jarraitu eta irteera zuzenera hurbiltzen joan ginen. Hasieran zalantzan izan ginen irteera zuzena edo honen hasieratik ezkerrera doan diagonala jarraitu, baina elurraren egoera ederrak konbentzitu eta gora jarraitu genuen.

2-3 metroetako hormatxo bertikal baten ondoren, 3 metro inguruko bigarren hormatxo bertikal batera iritsi ginen. Bigarren hormatxo honen ezkerretik elur behatz bat zintzilik zegoela ikusi eta hasiera batean hemendik gora igotzea pentsatu genuen. Iker behatzera hurbildu eta pioletekin bi kolpe eman ondoren elurra azpitik hutsa zegoela ikusi eta "eskubitio hartzen badeu hobe" batekin goruntz jarraitu zuen "zeatio ezteu soka ateatzen?" Galdera entzun gabe.

Argazki honetan bi hormatxoak ikusi daitezke. Bideak eskuineruntz hartzen duen lekuaren parean elur-behatza ikusi daiteke. Pena egoera onean topatu ez izana, beste batean izan beharko da.


Hala-nola eskuineruntz diagonalean 4 metro inguruan egin genuen ageriko zeharkaldi baten ondoren, horma erdi-bertikal bat jarraituz beste 10 metro inguruan ertz-lerrora atera ginen. Horma honetan elurraren egoera paregabea topatu genuen eta uste baino hestuasun gutxiagorekin atera ginen.

"Ederra eindeuna ez?" Esan zidan Ikerrek atera nintzenean "Ederra bai, baña hemendio aurrera itten ditteun irteera guztitan soka atera beharren gaude", bota nion erdi haserre. "Bai, arrazoia dezu, hemen ere soka atera izan bagenu hobe" erantzun zidan.

Behin irteeran, ertz-lerro erraza jarraituz Aketegi Erpinera iritsi ginen.

Aketegi Erpina, 1545 metro.


Eta Aketegi Erpinetik di-da batean Aketegira iritsi ginen.

Aketegi, 1551 metro.


Aketegitik atzera ateratako panoramika.


Aketegi gailur berberatik ipar aurpegiruntz jaitsi ginen metro batzuetan eta pixkanaka Nardasakonera desbideratzen joan ginen, denbora osoan bide errazenetik joanez.

Ehiztari ehizatua.



Ni Aketegi Erpinaren gailurra atzean dudala.


Nardasakonera iristen. Iraule eta Arbelaitzera egindako argazkia badirudi helikoptero batetik egina dela.Bi mendi hauen inguruan ibili gara azken egunotan.




Amaitzeko, hemen uzten dizuet irteeraren bideo-erreporra, bertan erreportaian jarri gabeko bideo gehiago ikusteko aukera izango duzue


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina