AZKEN 10 SARRERAK

2013/12/17

ARBELAITZ (1513 m), IPAR AURPEGIAREN ZEHARKALDIA 2013/12/08

Arbelaitz mendiaren ipar aurpegia aspalditik begiartean genuen baina gauza bategatik edo bestegatik ez ginen bertara hurbiltzen. Aurtengo udazkeneko lehenengo elurtea aprobetsatuz, Arbelaitzen ipar aurpegiari leku guztietatik argazkiak egin eta egin eta etxean argazkien tamainak handitzen aritu ginen, bertan bide baten bila aurkitu asmoz.

Tamainaz handitutako argazkietako batean bertan dagoen koba txikia topatu genuen, baita bertaraino iritsi zitekeen erlaitz bat ere. Beste argazki batean kobatik gailurreraren ingurura joan zitekeen beste erlaitz bat topatu genuen. Argazkietan garbi ikusten ez genuena, kobara eramango gintuen erlaitzeraino nondik igo zen.

Honelakoetan egokiena lekuan bertan egoera zer nolakoa den ikustea izaten denez, ustezko bide asko eta zalantza handi baina abentura eta esplorazio izpirituarekin, Leku, Iker, Axier eta laurok Arbelaitzen ipar aurpegiruntz abiatu ginen.

IBILBIDEA

Azkenean, nahiz eta erreporrari misterioa kendu, gure zorionerako gentiuen usteak egi eta zitekenak zirela bihurtu ziren.

Gure abiapuntua Itzubiagan dagoen borda izan zen. Hemendik nahiko zuzen igoz, Arbelaitzen ipar aurpegira sartzeko giltza emango zigun erresaltera eraman gintuen kanala jarraitu genuen. Behin erresalte honetan, soka eta eskaladako trasteak atera 30 metro (III+ edo IV zailtasunekoa) eta 25 metroetako (III zailtasunekoa) bi soka-luze egin eta erresaltea eskalatu ondoren, kobara eramango gintuen erlaitzera iritsi ginen. Ageriko zeharkaldi bat eginez erlaitza alderik alde jarraitu eta kobara iritsi ginen. Hemendik aurrera ageriko beste erlaitz bat jarraituz Arbelaitzen gailurretik 25 metro eskasera irten ginen.

Jaisteko Arbelaitz eta Iraule mendien arteko ertz-lerroa jarraitu genuen lepo baterarte. Lepo honetan ipar aurpegira pasa eta ageriko zeharkaldi bat eginez Irauleren eskuin kalaneraino joan ginen, kanal hau jarraituz, Itzubiagara itzultzeko.

Argazki honetan gorriz igoerako bidea eta orlegiz jaitsierakoa margotu ditut.


Argazki honetan igoerako bidea eta eginiko bi soka-luzeak margotu ditut.


Aketegitik ateratako argazki honetan jaitsierako bidea bakarrik margotu dut.




ERAMANDAKO MATERIALA

Bide honetarako eskaladako materiala eraman genuen: bi piolet, kaskoa, arnesa eta kranpoiak, 30 metroetako bi soka Alien semaforoa, LinCam hori eta gorria, iltze batzuk, bagak eta zintak, eta luzera ezberdinetako sei express zinta.

DESKRIBAPENA

08:15 Itzubiagako borda, 900 metro inguru. Iritsi ginenean berri on batek alaitu gintuen: "Izotza botaik!!!" Esan zuen Lekuk. Mendi irteerak berri onekin hastea gozada izaten denez, eskaladako trasteak lauron artean banatu eta zoriontsu goruntz abiatu ginen.

Jarraitu nahi genuen kanalerako Itzubiagako bordatik nahiko zuzen igo ginen pinudia amaitu ondoren, pagadiaren erdian ezkerreruntz (igoerako norantzan) joz.

Itzubiagatik 40 minutu eskasera kanalaren hasierara iritsi ginen

Leku pagadiaren amaieran. Aurrean, pagoen artean, kanala non dagoen ikusi daiteke.


Ikusten denez, hemen ere elur-jausien arrastoak topatu genituen.


Nahiz eta izotza bota, kanalera iritsi arte elurraren egoera ez zen erabat gogorra, baina behin kanalean egoera dexente hobetu zen.

Kanaltxo honek nahiko zuzen doa eta "galtzeko arriskurik" ez du. Inklinazioa ez da 40-45 graduetatik igoko.

Iker, Asier eta Leku kanalean gora. Bertan topatu genuen erresaltea eta berau ekiditeko eginiko zehakaldia (gorriz margotua) ikusi daitezke.


Lekuk beheruntz ateratako argazkia, azpian Itzubiagako zelaia ikusi daiteke.


Kanalean gora hogei minutu ingururen ondoren, parez-pare 6-7 metro inguruko erresalte bat topatu genuen.

Kanalean topatu genuen erresaltea.


"Zemuz ikustezu?" Galdetu nion Lekuri. "Etzekiat, erabat pelauta zeok" erantzun zidan "sikiera elurre eukiko balik". Asierri begiratu eta galdera bera bota nion. "Ummmmmm" bota zidan "Ez dakit ba". "Ta ezkerretik pasatzen bagea?" Bota zuen Ikerrek. "Eintzeikik, ea elurre zemuzkoa deken" bota zuen Lekuk.

Bitan pentsatu gabe Lekuk erresaltearen zeharkaldiari ekin zion.

Leku zeharkaldiaren hasieran eta Asier zai.



"Kontu ibili elurre biguñe zeok eta" bota zigun Lekuk puntu batzuetan ia belaunarte sartuz. Elurraren egoera bigun eta hauskorrarengatik delikatu xamarra egin genuen lehen zeharkalditxo horizontal baten ondoren, goruntz jo genuen bertan zeuden zuhaixken adar eta sustraietatik tiraka.

Asier eta biok zeharkaldi horizontalean. "Honelako lekutan hobe ez eroitzea" bota zigun Lekuk goitik.


Zeharkaldiaren ondoren zuhaixkak dauden lekura iristen.


Zuhaixken artean zuzen igotzen. Momentu batean motxila eta guzti kendu behar izan zuen ez bainitzen adarren artetik pasatzen.


Iker zuhaixkak zeuden lekutik irteten, atzean urrun, Txindoki.


Eguneko lehen zailtasunak amaitu ondoren, atzean Gazteluberri eta Beriain.


Zuhaixketatik irten ondoren eskuineruntz (igoeraren norantzan) beste zeharkaldi horizontal bat egin ondoren berriro kanalera pasa ginen. Bigarren zeharkaldi honetan elurra gogorra zegoenez, aurrekoa baino lasai eta seguruago egin genuen.

Asier kanalean bigarren zeharkaldiaren ondoren.



Eta jada kanalean, elur gogor bat zapalduz goruntz zuzen jo genuen.


Gazteluberri, Ihurbain eta Beriain.


40 metro inguruko igoeraren ondoren bigarren erresaltetxo bat topatu genuen. Lekuk saiakeratxo bat eman ondoren honen eskuinetik doan diagonala hartu genuen.

Leku erresalteari saiakeratxoa ematen eta gorriz jarraitu genuen bidea.


Diagonal honetan elurra oso gogorra eta tarteka izotza ere topatu genuen eta irteera interesgarri bat egiteko aukera eman zigun.


Eta behin diagonal hau igo ondoren Arbelaitzen ipar aurpegiaren azpian dagoen elur zabalune handira iritsi ginen. "Hara, hor goien dau argazkitan ikusten genun ustezko sarrera" bota nien. "Hemendio errexa ematek" bota zuen Lekuk. "Goazenba ikustea" Ikerrek. Zabalunean maldak gora jotzen du 45 gradu inguru (edo batzuetan zerbait gehiago) izanez.

Ni zabalunean eta goian eskalatu genuen erresaltea.


Asier zabalunean. Nahiz eta hala ez iruditu hemen malda handia dago, eskerrak elurra gogor-gogorra topatu genuen.



Erresalte azpira hurbildu eta oso zaila ez zirudiela iruditu zitzaigun. "Soka ateako al deu?" Galdetu zuen Ikerrek,, "eztu zalle ematen, baña bakizu, azpitio gauzak beti errexago ematedue" bota nion. "Materiala igo deunez etzaigu ezer kostatzen ateratzea" esan zigun Asierrek tajuz. Honela ba, nire burua erresaltea eskalatzeko eskeini, materiala osoa atera eta eskaladarako prestatu nintzen. Bi kordada egin genituen, alde batetik Iker eta biok eta bestetik Leku eta Asierrek. Ni aurretik joango nintzen segurtasun materiala eta exprressak jarriz, Iker atzetik igoko zen soka askatu baina aseguruak bertan utziz eta Lekuk eta Asierrek aseguruak jarrita zeudela igoko ziren, Asierrek aseguruak kenduz.

Argazki honetan gutxi gora egin genituen bi luzeak margotu ditut eta hauen zailtasuna.


Asier ni aseguratzeko prest.


Erresaltearen lehen metroetan.


Belar eta arkaitz artean egindako lehen metro bertikal batzuen ondoren (III) bertan topatu nuen zuhaixka baten enborraren inguruan zinta bat pasatu lehen asegurua jarri nuen. Behin asegurua jarri ondoren goruntz segi eta hormatxo bertikal bat topatu nuen, tartean, badaezpada, arkaitz baten pitzaduran Alien horia jarriz.

Lehenengo zuhaixkara iristen.


Erresaltearen azpian topatu nuen harkaitz zubian kordino bat pasatu ta hirugarren asegurua jarri nuen. "Asierrr!!!" Oihukatu nuen "Oain bazpare kontu izan zati hontan aseguruk jartzeko aukeraik eztau ta".

"OK!!!" Erantzuna azpitik entzun nuenean, arraultz artean mugitzen denaren moduan pixkanaka gorputza goruntz jasotzen hasi nintzen arnasketari eutsiz. Tentsio pixkat pasa ondoren hormatxo hau igotzen hasi (ez dakit III+ edo IV eman) eta amieran elur gogorra topatu nuen. Bertan pioletak sendo sartu eta hormatxotik atera nintzen. Elur pala bat metro batzuetan jarraitu ondoren eta parean nuen beste hormatxo bertikal bat ekidinez, ezkerreruntz diagonalean zihoan malda igo (60-65 gradu) eta soka amaierarekin batera LinCam hori eta Alien orlegiarekin bilgunea egin nuen.

Lehen bilgunea.



Iker hormatxo bertikala igo ondoren, aurretik bilgunerarte belar izoztuen artean egin genuen diagonala.


"Bufffff!!!" Bota zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean "metro bat gehio ta ensanblean ateatzeko neon". Bera iritsi zenean nik soberan nuen materiala pasa eta bigarren luzea igotzen hasi zen. Izotza topatu genuen lehen 3 metro bertikalen ondoren (III zailtasuna gutxi gora behera), diagonalean eskuinera (igoearen norantzan) jo zuen 25 metro ingurura topatu zuen arkaitz handi batean bilgunea jarri arte. Luze osoan ez zuen asegururik jartzeko beharrik izan elurraren egoera paregabea zela eta.

Leku bilgunera iritsi zenean ni bilgunea utzi eta goruntz jarraitu nuen bera Asier aseguratzen gelditzen zen bitartean.

Asier lehen bilgunearen irteeran, izotza topatu genuen lekuan.


Bigarren bilgunearen ondoren eta 50-55 graduko malda bat jarraituz, kobara eramango gintuen erlaitzaren zeharkaldiaren hasierara igo ginen.

Iker bigarren bilgunetik irteten eta Asier Leku aseguratzen.



Erlaitzak hasieran metro erdi eskaseko zabalera izango zituen, baina ondoko horma inklinatua denez, ezin izan genuen zutik egin. Zeharkaldia 55-60 gradu inguruko horma elurtsu baten gainetik doa eta honelakoetan, hobe irrist ez egitea ipar hormaren oinarian bukatu nahi ez bada. Ikerrek erlaitza lau hanketan zeharkatu zuen, nik ordea, pioletak erlaitzean sartu eta gorputza elur ormara ateraz zeharkatu nuen babaresan eskalatzen arituko banintz bezela. Eskerrak elurra oso gogorra zegoen, bestela zeharkaldi hau oso arriskutsu izan daiteke.

Iker erlaitzaren hasieran.


Erlaitzaren amaieran, hemen hormak ez dauka horrenbesteko inklinaziorik eta zeharkaldia erosoago egin genuen. Argazkian koba non dagoen kokatu dut.


Erlaitzaren lehen zeharkaldi honen ondoren bigarren zeharkaldi bat hasi genuen, aurrekoa baina inklinazio gutxiagokoa baina estropuzik onartzen ez zuena.

Asier bigarren zeharkaldian.


Eta bigarren zeharkaldi honen ondoren kobara iritsi ginen.

Koba pasa ondoren atzeruntz eginiko argazkia. Bertan bigarren zeharkaldi osoa ikusi daiteke, erlaitzarena hormak estaltzen du.


Kobatik Txindokiri ateratako argazkia.



Koba ez da oso sakona, hiru-lau metro izango ditu baina goian elurrez estalitako zulo bat zuela ikusi genuen. "Hortio ateatzeik eongoaldek?" Bota nion Lekuri. "Etzekiat" erantzun zidan "baña elur dexente pikatu beharkoik". "Elurrik ez dauden itzuli behar,jejeje".

Leku eta biok kobaren sarreran.


Ibilbidearen lehen erronka beteta, kobaren ondoren argazkietan ustezko erlaitz baten gainetik zihoan zeharkaldia benetazkoa zen hala ez ikusteko momentua iritsi zen. Honetarako, Asier aurreratu eta zeharkaldia posiblea zela oihukatu zigun: "Hemendio juteik badau!!" Bota zigun "ea goitio ateratzeik deun". "Argazkitan ikusteana ondo badau, ziur irteera goien daula" erantzun nion.

Bidea kobatik aurrera zegoen elur maldatxo batetik jarraitu genuen. Behin maldatxoa igo ondoren itzaletan zegoen ipar aurpegira pasa eta bertan, diagonalean ertz-lerroruntz zihoan erlaitz hestua eta zeharkaldia ikusi genuen.

Iker eta biok koba pasa eta gero dagoen maldatxoa igo eta itzalera pasa ondoren.


Iker puntu berean, atzean Leku eta gorago Asier ikusi daitezke.


Ipar hormaren itzalera pasa ginenean, erlaitza hestutu eta ageriko zeharkaldi batetik pixkanaka ertz-lerroruntz hurbildu ginen. Zeharkaldi honek teknikoki ez dauka zailtasun handirik baina oso agerikoa da, honegatik hemen hobe kontu handiz ibiltzen bagara. Lehenengo zeharkaldian gertatu bezela, hemen ere horma zertxobait etzaten da, metro batzuetan makurtuta pasatzea hobe izanez. Altuak bagara, hormak enbarazu egin eta erlaitzetik ateratzea hobe izango dugu.


Iker erlaitz hestuaren hasieran. Nork esaten du Aizkorrin izotzik egiten ez duenik?


Makurtuta ibili behar den lekuan. Ni hemen, makurtuta ere sartzen ez nintzenez, erlaitzetik atera behar izan nuen.


Pixkanaka ertz-lerrora hurbiltzen joan ginen. Zeharkaldiaren amaieran gure parean 15 metro eta 50-55 gradu inguruko irteera bat azaldu zen eta, amaiera zela ikusita, hemendik gora ertz-lerrora atera ginen.

Asier irteeraren amaieran.


Iker zoriontsu irteeratik atera ondoren.


Irteera goitik ikusita eta ni (borobilduta) bertara iristen. Atzean Aketegi (altuena) eta Iraule (Aketegiren eskuinean dagoen punta) mendiak ikusi daitezke.


Zeharkalditik atera eta ertz-lerroa jarraituz, 20-25 metro ondoren Arbelaitz mendiaren gailurrera iritsi ginen.

11:40, Arbelaitz, 1513 metro. "Ostia ze ona indeuna" Ikerrek. "Earra hi!!! Kriston sensazio ona utzi ziak" Lekuk. "Bai, politte indeuna" Asierrek. Gailurrean merezitako atsedena hartu, ura edan, argazki batzuk egin, eta eguzkitan pixkat egon ondoren itzulerako bidea hartu genuen.

Arbelaitz, 1513 metro.


Asier Arbelaitz mendiaren gailurraren inguruan irteera posibleak aztertuz.


Itzultzeko, Aizkorriko ertz-lerroa jarraitu genuen Aizkorriko norantzan.

Atzera begirada. Argazki honetan koba eta ipar aurpegian eginiko lehen zeharkaldi osoa ikusi daitezke.


Iraule mendiaren aurretik dagoen lepo batean ertz-lerroaren ipar hormara pasatu ginen.

Asier eta biok ipar hormara pasa ginen lepoan.


Gure asmoa horma honetan zeharkaldia eginez Irauleko eskuin kanalera iristea zen. Horma hau itzalean izanda, hemen berriro ere elurra oso gogorra topatu genuen.

Asier eta biok zeharkaldiaren hasieran.


Oinez eginiko lehen metroen ondoren, maldaren inklinazioa zela eta (55 gradu inguru) zeharkaldia hormari begira egiten jarraitu genuen.

Iker zeharkaldiaren zatirik tentenean. Hobe leku honetan erortzen ez bagara.


Asier kontu handiz zeharkaldia egiten.


200 metro inguruko ageriko zeharkaldiaren ondoren, maldaren inklinazioa jaitsi eta Irauleko eskuin kanalaren amaierara iritsi ginen.

Iker kanalera iristen.


Eta hemendik behera, hainbatetan jarraitutako bidea jarraituz, Itzubiagaraino itzuli ginen.

Iker, Asier eta hiruok Irauleko eskuin kanaletik behera jaisten.



Itzubiagara eguerdiko ordubatak eta laurden inguruan iritsi ginen, nekatuta baina oso zoriontsu.


Amaitzeko, hemen duzue irteeraren bideo-erreporra, espero dut gustuko izatea.



"Ta hurrengoa ze?" Lekuk "Aurpegi hontan kriston aukerak zerek". "Bueno, nik ere zerbait ikusiat, ea hurrengo elurten inguratzen gaittuken, jejeje" bota nion irrifartsu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina