AZKEN 10 SARRERAK

2014/01/02

AKETEGI (1551 m), ARBELAITZ - IRAULE IPARREKO ANFITEATROA ZEHARKATUZ 2013/12/30

Izenburu luzeegia izan daiteke irteera batentzat, baina ez nekien zein izen eman, hasiera batean Arbelaitzeko ipar aurpegiko igoera izan behar zena Aketegiko gailurrean amaitu zen eta. Gutxitan gertatuko da mendi bateko ipar aurpegian ibilbidea hasi eta ondoko mendi bateko ipar aurpegian amaitzea, baina honek ere bere xarma dauka jejeje.

"Plin, plin, plin" egin zuen mugikorrak: "elurre botaik goietan, bihar haizea zeok emanda, 40 Km/h gehienez, Arbelaitzeko beko korredorei bistazobat eman zezakeau, eindizkiunen tarteio eo" zioen Lekuren Whatsapp-ak.

Mezu batzuk eta Asierrekin hitzegin ondoren 30erako plana egin genuen. Lekurentzat egun berezia, bota berriak estreinatuko zituen eta.

IBILBIDEA

Kotxea, betiko moduan, Itzubiagaren ondoko bordan utzi genuen. Hemendik, zuzen-zuzen, Arbelaitzen ipar aurpegian dagoen erdi izkutuko kanal batetik igo eta, Arbelaitzeko ipar aurpegian ia elurrik ez zegoela ikusita, Irauleruntz zeharkaldia hasi genuen. Irauleko ipar aurpegiaren azpitik pasa eta Nardasakon zeharkatu ondoren, honen ezkerretik (igoerako norantzan) arkaitz hormaren azpitik jarraitu genuen erdi izkutuan gelditzen den erresalte bat igoz. Erresaltea igo eta Aketegirako gailurrera zuzen igo ordez ertz-lerrora ateratzeko irteera dibertigarriago bat jarraitu genuen.

Argazki honetan jarraitutako bidea eta bertako zailtasunak ikusi ditzazkezue.


DESKRIBAPENA

08:30,Itzubiaga, 900 metro inguru. "Hau da haizea!!!" bota nien kotxetik atera eta pinuak haizeak okertzen zituela ikusita. Hamar minutu edo ordu laurden bat izango ginen trasteak prestatzen baina haizearen eraginez ia izoztu egin ginen. Motxiletan genuen arropa guztia jantzi eta irteteko prestatu ginen.

"Abittu aurretik goazen ikustea ea pareta zemuz zeoken" bota zigun Lekuk. Kotxearen parean dagoen zelaira joan eta Iraule eta Arbelaitz mendiek osatzen duten anfiteatroa ikustera joan ginen. "Zemuz ikustek?" Galdetu zidan Lekuk. "Etzekiat ba, baño uste baño elur gutxigo zeok" erantzun nion. "Nahibaek diagonala itteiken kanaletio igo ta Arbelaitzeko iparra nola zeoken ikusi zezakeau" erantzun zidan. "Zuk nola ikustezu?" Galdetu nion Asierri. "Nigatik nahizuena, inbestigatzea jungo gea" erantzun zidan.

Lekuk proposatutako kanal izkutua Arbelaitzeko pinakulura doan kanala egin genuenean ikusi genuen. Honen inguruan genuen informazio bakarra Itzubiagatik ikusten zena zen. Itzubiagatik bi harkaitzen artean ezkerreruntz diagonalean doan kanal bat ikusten da, baina ez da honen irteera garbi ikusten. Bazpare eskaladarako trasteak hartu eta kanalaruntz abiatu ginen.

Itzubiagan dagoen zelaitik egindako argazkia eta jarraitu genuen bidea. Argazkia jaitsieran egin genuen.


Itzubiagako zelaitik erreferentzi batzuk hartu eta gutxi gora behera nondik-nora igoko ginen ikusi ondoren martxan jarri ginen.

Leku eta Asier pagadian sartuta.


09:10, Erresaltetxoa. Pagadiaren bi herenak gutxi gora behera igota genituela gure aurrean 2-3 metro inguruko erresaltetxo bat agertu zen. "Eztik zalle ematen ezta?" Bota zuen Lekuk "Itsuraz ez" erantzun zion Asierrek, "baña bertaño allau aurretik ezin jakin".

Erresaltetxoa.


Nahiz eta erraz itsura izan nik nire zalantzak nituen, Aizkorriko erresalte hauek ez baitira oso fidagarriak izaten.

Leku erresaltetxoa igotzen.


Hiruok erresaltetxoa bere eskuinetik (igoerako norantzan) uste baino errazago igo genuen. Behin igo ondoren bere zailtasuna II inguruan egongo dela adostu genuen.

Asier erresaltetxoaren amaieran.


Erresaltetxo hau igo ondoren, 30 metro inguru oso gogorra zegoen elurretik igo eta bi kanalen artera iritsi ginen. Eskuinetik edo ezkerretik joan behar ote "eztabaidatu" ondoren, azkenean eskuineruntz hartu genuen, baita asmatu ere, beste 30 metro inguru igo ondoren kanalaren hasierara iritsi ginen eta.

Eskuinera eginiko zeharkaldian.


Kanalaren sarrera.


09:30, kanalaren hasiera. Zuhaitz baten ondoan pioletaren laguntzarekin plataformatxo bat egin ondoren, kranpoi, kaskoa eta pioletak atera, ur pixkat edan eta kanala igotzeko prestatu ginen.

Asier kanalaren lehen metroetan eta ni atzean irteteko prest.


Kanalak bi zati ditu: lehen zatia politena da, pasabide baten moduan, bi arkaitzen artean doa eta. Maldaren inklinazioa 45-50 gradu inguruan egongo da eta 15-20 metroetako luzera izango du. Elurra gogorra topatu genuenez, igoera ederra egin genuen.

Asier kanalaren lehen zatian.


Kanalaren lehen zatitik ateratzen.


Lehen zatia goitik ikusita.


Lehen zati honen ondoren 5 metro inguruan maldaren inklinazioa jaitsi eta honen ondoren, beste 45-50 gradu inguruko 15-20 metro igo eta gero, kanaletik atera ginen.

Asier bigarren zatiaren amaieran.


Kanalatik ateratzen.


09:50, kanalaren irteera. Behin kanalatik atera ondoren errealitatearekin parez-pare topo egin genuen: "Bufff!!! Ipar aurpegin eztao bate elurrik" esan zuen Asierrek "Joer, ba bai" erantzun nion "ea alternatibaik aurkitzen deun".

Asier eta biok kanalaren irteeran Arbelaitzeko ipar aurpegian egin zitezkeen aukera ezberdinak aztertzen.


"Gauzak hola eonda, Aketegi aldea jun zezakeu" bota zuen Lekuk "han elur gehio eongoik". Alternatiba gehiagorik ez genuenez, Lekuren aholkua jarraitu eta Aketegira zeharkaldia egiten hasi ginen.

Zeharkaldiaren hasieran, ikusten denez ez genuen elur askorik topatu.


Tarteka gelditu egin ginen ipar horma honetan egin daitezken bide ezberdinak aztertu eta milaka argazki egiteko.


Zeharkaldian elur gogorreko elurtegiak ere zeharkatu genituen. Argazkian, hodei artean, Aketegi ikusi daiteke.


Asier eta biok zeharkatutako elurtegi batean.


Pixkanaka Arbelaitzeko ipar aurpegia atzean utzi eta Irauleko ipar aurpegian murgiltzen hasi ginen, gure parean Aitxuri bere osotasunean azalduz. Gure aurrean genituen aukeren artean, ustez elur gehiena zuena jarraitzea erabaki genuen. Honetarako, Nardasakon zeharkatu eta honen ezkerrean (igoerako norantzan) dagoen arkaitz hormaren azpitik ezkerreruntz zeharkatuko genuen izkutuan zegoen erresalte bateraino. Erresaltearen ondoren, zailtasunak amaituta, Aketegiren gailurreraino elur pala bat jarraituz iritsiko ginen.

Argazki honetan gorriz Aketegiraino jarraitutako bidea eta urdinez jaitsierako bidea marraztu ditut.


Irauleko ipar aurpegiaren azpian. Hiru kanal "nagusien" artean itsura hoberena eskuinekoak zuen.



Nardasakon zeharkatu eta arkaitz hormaruntz abiatu ginen. Hemendik gora maldaren inklinazioa 45 gradu inguruan topatu genuen.

Leku hormaren azpiko zeharkaldian.


Asier eta biok atzetik. Gure atzean eginiko zeharkaldi osoa ikusi daiteke.


Maldak 45 gradu inguruan ibiliko da.


Ehun metro inguru zuzen igo ondoren eskuineruntz hartu genuen orain arte erdi izkutuan zegoen erresalteruntz. Hemen maldak 50 gradu inguruan topatu genuen eta kontutan izanda elurra gogor-gogorra zegoela, hanketako bikiak bero-bero genituela iritsi ginen erresaltearen azpira.

Leku eskuineruntz hartu genuen lekuan. Elurraren amaieran erresaltea ikusi daiteke.


Asier eta biok zati berean, Nardasakon jada oso beheran gelditzen da.


Argazkian ikusten denez elurra oso gogorra topatu genuen.


10:25, erresaltea. "Hemen belarra zeok!!" Oihukatu zigun Lekuk zoriontsu pioletekin lehenengo kolpeak eman ondoren.

Erresalte honek hiru zatitan banatu daiteke: lehenengo zatiak, tenteenak, 4-5 metro inguru izango ditu. Nahiz eta bertikala izan, belar eta lokatza duenez erraz igotzen da. Zati honen ondoren 3-4 metroetan oinez egin daiteken bigarren zati bat dago eta honen amaieran 2 metro inguruko beste erresaltetxo bat, hau ere, lokatza eta belarra duenez, erraz igotzen dena. Azken erresaltetxo hau ezkerretik ekidin daiteke.

Leku erresaltearen lehen zatian.


Bideo honetan Leku lehen zati honen azken metroak nola igotzen dituen ikusteko aukera duzue.



10:30, erresaltearen irteera. Behin erresaltea igota, Aketegiko iparraldean dagoen elur pala zabalera iritsi ginen, pala honetan dagoeneko ahaztua genuen protagonista ikustezinarekin topo eginez: haizea.

Bideo hau erresaltetik irten ondoren grabatu genuen. Bertan Iraule eta Arbelaitz ikusteko aukera duzue, baita haizearen indarra ere.


Aketegiren gailurrera eramaten duen elur palan haizearekin borrokan.



Haizetea zela eta, gailurreruntz jarraitu beharrean eskuinean (igoerako norantzan) gelditzen diren harkaitzetara abiatu ginen babes bila. "Ostia, hau da haizea!!" Bota nien arkaitzen babesera iritsi ginenean. "Ba bai, eskerrak hemen ondo eoteken" erantzun zuen Lekuk, "gutxiñez puntaño igo beharkoiau ez?" Galdetu zigun.

Gure atzean zeuden arkaitzei begiratu eta hauen artean bertikalki pitzadura bat igotzen zela ikusi genuen: "ta hemendik igotzen bagea?" Proposatu zuen Asierrek "eztu zalle ematen". Hiruok begiradatxo bat bota eta baiezkoa esan genuen.

Leku eta Asier harkaitzen babesean eta atzean ertz-lerrora irteteko jarraitu genuen bidea.


10: 45, irteera. Irteera eskalatu zuen lehenengoa Asier izan zen. Oso erraz igo zuen eta bere atzetik ni eta Leku abiatu ginen. Irteerak 10 metro eskas izango ditu eta pitzadura batetik gora doa. Denbora osoan helduleko onak ditu bai oin baita eskuentzat ere, eta pioletekin gantxeatzen aritzeko ere leku asko ditu, horien artean pitzaduraren barruan harrapatuta dagoen harri bat. Irteera honen zailtasuna II+ inguruan egongo da.

Bideo honetan Asierren igoera ikusteko aukera izango duzue.



Behin ertz-lerroan haizeak ia lurrera bota gintuen. Leku irteeratik atera bezain pronto ertz-lerrotik Aketegira doan ohiko bidea jarraitu genuen.

Aketegiko bidean.


Leku azken metroetan hala-nola haizearekin borrokan.


Aketegiko gailurra.



11:00, Aketegi, 1551 metro. Gailurrera iritsi, eta iparralderuntz metro pare bat ibilita ia haizerik ez zegoela ikusi genuen. Bertan atseden pixkat hartu, argazki batzuk atera eta beheruntz hasi ginen.  "Zeoken haizekin hobe izangoiau iparretio jaistea" esan zuen Lekuk. "Ba bai" erantzun zion Asierrek "atzen badakiu zer daun, hemen sikiera babesen jatxikogea".

Aketegi, 1551 metro.


Jaitsieran. Atzean Aketegiren ipar horma ikusi daiteke.


Jaisteko igoerako bide bera jarraitu genuen, baina oraingoan Aketegiren ipar aurpegian dagoen elur pala jarraituz.

Erresaltea destrepatzen.



Bideo honetan erresaltearen destrepea ikusteko aukera izango duzue.



Erresaltea destrepatu ondoren, igoeran jarraitutako bidea jarraitu ordez, gure eskuinean (jaitsierako norantzan) zegoen leporaino joan ginen hemendik behera zuzen jaisteko.

Lepoan.


Nardasakonera eramango gaituen jaitsiera.


Maldan behera.


Leku Nardasakonera eramango gaituen azken zatian.


Nardasakonera iritsi eta Itzubiagaraino milaka aldiz jarraitutako bidea jarraitueta kotxera 12:20etan iritsi ginen.

Trasteak jaso, kotxea hartu eta etxeruntz abiatu ginen. "Azkenen plan politte ateaek, ezta?" Lekuk, "ba bai, ni behintzat gustoak nijek" erantzun nion. "Sikiera beste kanaltxo berri bat ezagutuiau" Asierrek "baña ustet hurrengo elurterarte itxoin beharkoiaula etortzeko". Asierrek esan bezelan, elurraren kalitatea nahiz eta ona izan, kantitate urria dela eta, uste dut hurrengo elurterarte itxaron beharko dugula berriro ere kanaletan jolasteko.

Aizkorriri azken begiradatxoa.




Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina