Denboraren iraupena erlatiboa da. Behin nonbaiten irakurri nuen bezela, "denboraren iraupena zauden komuneko ateko aldearen baitan dago". Barruan dagoenari denbora di-da pasako zaio, kanpoan dagoenari aldiz segundu bakoitza luzea egingo zaio.
Ez dakit hiru hilabete denbora luzea izango den hala ez baina internet gabe egon naizen denbora hau amaigabea egin zait. Beno, "iluntasun digital" hau ez da hain iluna izan, egungo mugikorretan interneten saltseatzeko aukera dago eta, baina ez da gauza bera. Etxean internet izan dudanarako antibirusaren lizentzia-epea amaitzear zegoen, ordenadoreak mila eguneratze zituen pendiente, eta hau guztia gutxi izango ez balitz, Google-ek bloga enpresa bat dela erabaki ondoren (blog honek dirudienez helburu komertzialak ditu), ordainketatik BEZ inpostua kendu zidan. A zer nolako lana eman didan bloga berriro ere bere onera itzultzen eta helburu komertzialik ez dituen profila jartzen, ia informatikan master bat egin behar izan dut, jejeje.
Udatik publikatzeke dauden erreportaitxoen kaxa handituz joan da, baina blogaren "berrestreinaldirako" atzo bertan egin genuen irteera bat aukeratu dut.
Udazkeneko lehen elurte ederraren ondoren, urtero egiten dugun bezela eta elur-goseari nolabait iruzur eginez, Aizkorriko gurutzera igotzea pentsatu genuen, kotxea Aldaolatik aurrera egin dagoen aparkalekuan utzi eta Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bidea jarraituz. Bide hau kalbariotik doan ohiko bidea baino bakartiagoa da, baina niri bide ikusgarri eta ederragoa iruditzen zait. Udan galtzeko arriskurik ez dauka, ongi zapaldutako bidean puntu horiak jarraitzea besterik ez da eta. Neguan aldiz gauza aldatu egiten da, puntu hori gehienak elurraren azpian gelditzen dira eta bidea nondik joan daiteken asmatu beharra dago, ibilbideari bere xarma emanez. Bide hau ezagutzen ez baduzue, merezi du.
IBILBIDEA
Kotxea Aldaola mendia eta San Adrianen artea dagoen aparkalekuan utzi genuen. Hemendik abiatzen den bidetik San Adriango aterperaino igo eta hemendik zuzen goruntz jo genuen Sancti Espiritu baselizaraino. Hemendik gora maratoiaren marka horiak jarraitzea besterik ez da.
DESKRIBAPENA
Elurrak bideak deskribatzeko dituen zailtasunak kontutan izanda, ez dut bidearen deskribapen zehatz bat egingo. Honen ordez, argazki pare bat eta ibilbidearen bideoa utziko dizuet, gustuko izango duzuenaren itxaropenean.
Aparkalekuan ireteteko prest.
Sancti Espiritu baseliza atzean utzi ondoren, San Adrian koba eta Aratz mendiruntz egindako argazkia.
Pagoak zuriz jantzita zein ederrak diren.
Iker eta Asier gailurrean.
Hiruok Aizkorriko gurutzean gailurrean, 1538 metro.
Argazkiak baino bideo gehiago egin genituen, honegatik segidan uzten dizuet irteeraren bide-erreportaitxoa.
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina