AZKEN 10 SARRERAK

2012/12/05

AIZKORRIKO GURUTZEA SAN ADRIAN-ETIK: UDAZKENEAN NEGUA EGITEN DUENEAN 2012/12/01

Eskalada istripua izan eta sorbaldako lesioa izan ondoren, ia hiru hilabetetan geldirik egon nintzen. Azken hilabete t'erdian, mendian bide errezetatik  ibiltzen hasia nengoen baina mendi irteera hauetan ez nuen makulurik eramaten, eskuin besoan oraindik indar eta konfidantzarik ez daukat eta, baina azken bi astetan irabazitako mugikortasun eta indarra dela eta Eiderrek (eramaten nauen fisioak) makuluekin saiakeratxo bat egiteko gomendatu zidan.

Honela ba, eta inguruko mendietan lehen elurte "serioa" bota zuela aprobetsatuz, Iker eta Lekurekin Aizkorrira bueltatxoa eman eta makuluekin sorbalda frogatzeko gelditu ginen.


IBILBIDEA

Hasiera batean irteeraren inguruan zalantzak izan genituen. Lekuk kanalen batean sartzeko proposamena ere egin zuen baina sorbalda dudan bezela eta elurra bigunegia egongo zenaren aitzakiarekin, azkenean goierritarrok Aizkorriko gurutzera igotzeko jarraitzen dugun bide "normaletik", hau da, San Adrian-etik, igotzea proposatu nien.

Gainera, eta blogean oraindik Aizkorriko gurutzearen bide "normala" deskribatuta ez dudala aprobetsatuz, "Kalbariotik" igo eta Zegamako maratoia igotzen den bidetik jaistea proposatu nien modu honetan ibilbide polit bat eginez. Ibilbide honekin ere, Aizkorriko gurutzeko ipar aurpegiko elurra nola dagoen ere ikusiko genuen datorren abenduko zubiari begira, kanal bat egiteko asmoarekin (nahiz eta ni gauza gutxietarako egon).

Aurrera jarraitu aurretik, San Adrian euskeraz Sandrati dela badakit, baina Goierrin beti San Adrian hitza erabili dugunez, honela deituko diot irteera osoan.

IBILBIDEAREAN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 7,5 km.
- Abiapuntua: Sandrati azpiko aparkalekua, 825 metro.
- Amaiera: Sandrati azpiko aparkalekua, 825 metro.
- Altuera minimoa: Sandrati azpiko aparkalekua, 825 metro.
- Altuera maximoa: Aizkorriko gurutzea, 1.528 metro.
- Desnibel metatua osora: 705 metro.
- Zailtasuna: Erraza. Bidea bustia dagoenean, urteetan pasatako mendizaleen higaduraren ondorioz hainbat lekuetan harkaitza labainkorra egoten da.
- Igotako mendiak: 1.
- Ibilbidea betetzeko pasatako denbora (atsedenak barne): Hiru ordu eta laurden poliki-poliki joanda.
- Ura: Otzaurteko bentaren ondoko iturrian eta Eskaratza iturrian ura hartu daiteke.

Bidea "Wikiloc" orritik deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

9:00, San Adrianera igotzeko egin duten Parking berria, 800 metro. Duela gutxi arte, San Adrianeko kobara joateko aukerak ezberdinak genituen (Otzaurtetik abiatu, Beundetik, Aldaolatik, etab.), baina alperrontzat biderik motzena Otzaurtetik abiatzen den zementuzko pista kotxez jarraitu eta kotxea kobatik ordu laurdenera zegoen bihurgune batean uztearena zen, langa baten ondoan. Kotxea uzten zen leku hontatik kobara joateko ez zen San Adriango aterpetik pasatu behar eta igoera nahiko zuzena egiten zen.

Iaz, hemendik gora doan bideak zeharkatzen duen basoa hesiz itxi egin zuten eta bihurgune honetatik 300-400 metro beherago Parking bat eta Parking honetatik San Adriango aterpera eramango gaituen bide bat egin da.

Kotxetik jaitsi eta termometroak -3Cº markatzen zizkigula ikusirik "Joer, hau da pereza hemendio ateatzeko" esan zuen Ikerrek. Ziztu batean jaitsi, "mendizalez" jantzi eta irteteko prestatu ginen. 

Irteteko prest.


Parking-a zeharkatzen. Lehen, pista hau jarraitu eta 300-400 metroetara kotxea uzten genuen. 


Parking-aren hertzean indikazio poste bat topatuko dugu, bertan San Adrianera joateko bidea nondik doan markatzen digularik.


Parking-etik gora doan bidea oso ondo zainduta dago eta pago, gorosti eta elorri artean gozo-gozo San Adrian-go aterperaino eramango gaitu. Bide honek duen gauza txarra bakarra izaten duen izotza da, beraz, kontu ibili beharreko lekua.


Denbora gutxian San Adriango aterpea bistan izango dugu...


..Eta konturatu gabe, hamar minututan bertara ailegatuko gara.


9:10, San Adriango aterpea, 900 metro. Aterpea izan zena esaten badut zuzenago ibiliko naiz gaur egun itxita baitago. Egia esan, pista bat hain goraino egoteak aterpeari kalte handia egin zion baina aterpea elegantea izan zen. Aterpea izan aurretik Mikeleten etxea ere izan zen.

Hemendik gora bi aukera ditugu: San Adriango kobaruntz hartu edo Sancti Espiritu baselizara igo. Guk lehen aukera hartu genuen gero bigarren aukeratik jaitsiko ginen eta. Lehen aukera hau hartuta Aizkorri parke naturala zeharkatzen duen erromatar galtzadatik murgilduko gara.

Aterpearen ondoan dagoen indikazio poste eta panela.


Hemendik gora maldak gora jotzen du baina ez hauspoa erretzeko bezainbeste nahiz eta aurpegi serioak eraman, jejeje.


Dagoeneko koba bistan, bidea Donejakue bidearen barnean dago, gezi horiak markatzen duen bezela.


Aterpetik ordu laurdenera lasai-lasai ibiliz, kobara ailegatuko gara.


09:25, San Adrian koba, 1000 metro. Koba hau pasatzen dudan bakoitzean zirrara berezi bat sentitzen dut. Barruan beti haizea dabil eta ixiltasun une bat eduki ezkero sabaiatik erortzen diren tantak ere entzun daitezke. Euskal Herriko mendietan topatu daitezken leku majiko horietako bat da.

Iker koban dagoen baselizara ailegatzen...


Kobatik irteten.


Kobaren bestaldea.


 "Joño hemen elurren bazeok", Leku. "Elurre ta hotza" Ikerrek. "Ba oain babesen gaude, hemen hotza badau, goien gehio eingou"nik.

Behin koba atzean utzi ondoren badirudi beste mundu batean sartzen zarela. Neguan askotan pasatzen da Gipuzkoa aldera ia elurrik ez egon eta kobatik bestaldera elurra barra-barra topatzea, guk topatu genuen bezela. Hemendik aurrera erromatar galtzadan sartuta egongo gara. Udan ederki ikusten da eta bertan argazki ederrak atera daitezke.

Koba atzean utzi ondoren atzera begirada.


Koba atzean utzi eta hamar 5-10 minutu eskasera erromatar galtzadak ezkerreruntz hartzen duen (gorako norantzan) bihurgune baten eskuinean zelai bat dago. Kalbarioko bidea hartzeko, puntu honetan galtzada utzi eta eskuineruntz (pago batzuen eskuinetik) doan bidexka bat jarraitu beharra dugu.

Iker galtzada (urdinez) uzten den lekuan. Guk jarraitutako bidea gorriz markatu dut.


Galtzada utzi eta 100 metro eskasera, jarraitu dugun bidexka pagadian sartzen da lotsagabe, dagoeneko Kalbario bidean sartzen garelarik (mapa batzuetan "mandobide" izena ere ematen zaio).


Kalbarioa hasten den lekuan atzera begirada. Leku orain aurretik dugun maldarako prestatzen.


Aurretik duguna...


"Hemen onena pausu lasaie hartu ta xuabe iotzea deu" komentatu nien aurretik jarri nintzelarik.

Kalbario edo mandobide bidea ez da berez oso gogorra baina pazientziz hartu behar den horietakoa da, xorro-xorro ia atsedenik ez baitu ematen. Udan igotzeko bide ederra izaten da ia denbora osoan itzalpean joaten gara eta. Neguan aldiz, elurra badago eta berandu abiatu ezkero, pagoen adarretatik erortzen den elurragatik blai eginda bukatuko dugu.

Kalbarioren lehen metroen ondoren. Ikusten den bezela, elur dexente topatu genuen.


Bidea marra horiz markatua dago. Udan galtzeko arriskurik ez dauka, baina neguan, elurrarekin kontuz ibili behar da aurretik inor pasa ez bada.


Elurra barra-barra dagoenean basoen erdian ibiltzea sentsazio berezia izaten da...


Hasieran, arrastoaren gainetik joan ezkero ez genuen elur askorik topatu...


Baina pixkanaka elur kantitatea pilatzen joan zen...


... Arrastotik kanpora ia belaunerarte sartzen ginelarik.


Pagadian gora ordu erdiz gutxi gora behera igo ondoren, pagadia atzean utzi eta lepo antzeko batera ailegatuko gara.


Lepotik atzera begirada eginez Aratz laino artean ikusi daiteke.


"Zemuz'" galdetu nien. "Ederki Xabier!!" Lekuk. "Bueeeeno" Ikerrek "notatzea azkenaldian ez detela ezerrin".

Aizkorriko gurutzerako igoeran askotan gertatzen da Kalbariotik gora ari garela gozo-gozo igo eta lepo hontatik aurrera kristoneko haizeteak topatzea. Lepora ailegatzear geundela eta Aratz nahiz Aizkorri aldean lainoek zuten abiadura kontutan izanda, Lekuk eta biok haizerako txamarra eta Buff zapia jantzi genituen. Ikerrek ordea,  xuabe-xuabe goruntz jarraitzeko erabakia hartu zuen "erritmoa ez galtzeko, gañea errex harrapatuko nazue"..

Lepotik gora datorren pasabidea ikusgarria da, hestua, eta elurrarekin bere xarma duena. Udan ere gozada bat izaten da hemendik gora igotzea.

Haizerako prestatu ondoren. Lepotik gora dagoen pasabidea Aizkorrin topatu daitezken pasabiderik ikusgarrienetakoa dela iruditzen zait.


Pasabidearen lehen metroetan. Mendizale batzuk dagoeneko beheruntz datoz.


Leku pasabidearen azken metroetan...


...eta nik pasabidea amaitu ondoren.


Pasabidearen ondoren, gure eskuinera Haiztontor altua mendia izango dugu eta parez-parez lehen aldiz, Aizkorriko gurutzea ikusiko dugu.

Pasabidetik aurrera duguna. Aizkorriko gurutzea, aterpea eta Sancti Espiritu baseliza ikusi daitezke. Hemendik aurrera bidea nondik nora doan ere garbi ikusten da.


Pasabidetik atera eta haize hotz gogor batek hartu gintuen eta elurra aurpegira botatzen hasi zen gure matrailezurrak izozten hasi zirelarik. "Madailezuga izozten agi zait" esan nion Lekuri hala nola.
 
Hemendik aurrera zailtasun guztiak amaitutzat eman ditzazkegu, bidearen gogortasuna dexente jaisten baita. Zerbait aipatzekotan, Aizkorriko gurutzera ailegatu aurretik berriro ere iztarrak zertxobait gogortuko dizkigun azken malda bat topatuko dugu. Udan zati hau errez egiten da, baita neguan ere, baina elurra biguna dagoenean, zulo asko izaten dira, honegatik zapaltzen dugun tokiarekin kontuz ibili behar da. Honetaz aparte, hemendik gailurrerainoko zatian ohikoak izaten dira izotz plakak sortzea, eta harriaren irristakortasunarekin batera kontuz ibiltzeko lekua bihurtzen da.

Pixkanaka gailurrera hurbiltzen...


Gailurrera eramango gaituen azkeneko malda hasteko prest. Argazkia Ikerrek atera zuen gailurretik.


...azken esfortzua. Badirudi Aratz mendia ere garbitzen hasi dela.


Leku eta biok aterpearen parean.


10:40, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Kotxetik atera eta ordu t'erdi pasatxoan gailurrera ailegatu ginen. Egiten zuen hotza eta haizea kontutan izanda, gurutzeari argazki azkar bat atera eta Sancti Espiritu baselizara "hamaiketakoa" egitera joan ginen.

Aizkorriko gurutzea. Hau da hotza bertan zegoena!!!!


Aralar ere elurtuta ikusten da.


"Hamaiketako" garaia: te beroa, gailetak eta barritaren bat. Non gelditu dira txorixo tortilla ogitarteko eta zatoa? jejeje


Atsedentxoa hartu eta indarrak berritu ondoren, berriro ere gailurrera abiatu ginen talde argazkia ateratzeko asmoarekin.

Leku indar berrituta.


Aizkorriko gurutzea, 1538 metro.


Aketegira ateratako argazkia. Argazkian azaltzen den kanal zabala Sakonaundi da...


... Argazki honetan aldiz Iralarrainardea ikusi daiteke, normalean Aizkorriko gailurrera igotzeko igotzen den kanala.


11:15, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Argazki batzuen ondoren eta egiten zuen hotzagatik ihesi beherunzko bidea hartu genuen. Artikuluaren hasieran komentatu bezela, jaisteko Zegamako maratoiak igotzeko jarraitzen duen bidea hartu genuen. Honetarako, aterpera eramaten gaituen malda jaitsiko dugu lehenik. Behin malda hau jaitsi ondoren, 25 metro inguru ibili eta ipar aurpegiruntz desbideratuko gara (jaisteko norantzan ezkerreruntz).

Leku desbideratuko garen lekura ailegatzen. Gorriz, jarraituko dugun bidea.


Iker bidegurutzea hartu ondoren eta aurretik duen bidea.


Bide hau ere ederra da eta egia esan, ez da hain masifikatua egoten. Behin bidegurutzea atzean utzi ondoren, 40-45 gradu inguruko pareta bat zeharkatu beharko dugu. Neguan normalean ountu honetan elurra biguna izaten da eta arazorik gabe pasatzen da, baina izotza egongo balitz kontuz ibili beharreko puntua da erori ezkero kolpe handia hartu daiteke eta.

Iker pausuaren hasieran.


Malda handirik ez du, baina elurrarekin kontuz ibili beharreko puntua da.


"Nik bazpare maldari begira pasako diat". Lekuk, segurtasuna bermatuz, paretari begira pasatzea erabaki zuen.


Leku eta biok zailtasunak atzean utzi ondoren.


Elur pala pasatu ondoren.


Hemendik aurrera pareta zeharkatzen jarraituko dugu, baina, argazkian azaltzen den bezela, maldak dexente behera egiten du.


Elur askorekin jaitsiera gozoa izaten da, baina elur gutxi dagoenean oso irristakor edota izotza duten puntuak topatu daitezke ipurdikoren bat edo beste hartzeko arriskua handituz.


Gailurra utzi eta ordu laurden ingurura berriro ere pagadian sartuko gara.


Eta igoeran pasa zitzaigun bezela, pagadian sartzearekin batera elurraren kantitateak ere gora egin zuen...


... Eguberrietako postalak ateratzeko leku aproposa bihurtuz jeje.


Ihurbain eta Beriain baso artean ...


...eta gu baso zurian murgilduta.


"Zemuz hoa?" Lekuk. "Beno, igotzen nahiko ondo, molestik pe, baina jaisten segun eta besoa nola jartzen deten molesti pixkat itteit, baña halere oso ondo" erantzun nion.

Aralar...


...eta gure mendi handia.


Basoan zehar ordu erdi pasatxo ibili ondoren, malda amaitu egiten da eta bideak pago zabal baten ondotik jarraitzen du (argazkian ikusten dena). Hemen, arropa pixkat kentzeko aprobetsatu genuen.


Pago zabala atzean utzi eta pagadi baten hertzetik ibili ondoren, maldatxo bat igo...


...eta pasabide batera ailegatuko gara. Gailurretik honaino lasai-lasai joanda ordu betean ailegatuko gara.


Pasabidea zeharkatu eta bideak ezkerreruntz (jaisteko norantzan) hartzen du. Hemendik dagoeneko berriro ere San Adrian koba eta aterpea izandakoa ikusiko dugu, baita Sancti Espiritu baseliza ere.

Iker aterpera eramango gaituen azken malda jaisten. Aurrean duen lehen eraikina Sancti Espiritu baseliza da.


Sancti Espiritu baseliza atzean utzi ondoren jarraitutako bidea.


Behin San Adriango aterpera ailegatzerakoan igotzeko jarraitutako bidearekin bat egingo dugu, hamar minututan berriro ere kotxera ailegatuko garelarik. Gailurretik kotxera guztira ordu eta hogei minutu inguru pasako dituzue lasai joanda.


Makilekin egiten nuen lehen irteera izateko nahiko gustura gelditu nintzen. Igotzen ia ez daukat molestirik eta jaisten, batez ere besoa atzean gelditzen denean, molesti pixkat egiten dit baina oso eramankorra da. Makilen "birbatailoa" ospatzeko hurrengo egunean Usurbe eta Murumendi aldean erdi korrikan aritu nintzen makilen gainean indar handiagoa eginez. Bigarren egun honetan sorbaldak hobe eutsi zion. Badirudi tunelaren amaiera gertuago dagoela...


4 iruzkin:

  1. Ederra Xabier, edurra zapaltzeko gogo asko eh! pozten naiz berriz kuadrila osoa martxan ikusteaz. Zorionak! lasai hartu ta animo asko.

    Argazki batzuk oso polittak geratu zaizkizue.

    Ondo segi!

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker giroa!!!!

    Ea hurrengo batean kanal errezen batekin animatzen naizen, baina, oraingoz, sorbaldak esaten duen menpe egonbeharra daukat.

    ErantzunEzabatu
  3. Kaixo Fernando,

    lan profesionalez ari bazea, erizaina naiz. Momentuz Beasaingo anbulategian lana egiten det.

    ErantzunEzabatu