Asteburu zuria izan da azkeneko hau. Bizkaiako hainbat lekutan azken hamar urteetako elurterik handiena izan duten bitartean gure inguruan elurra bai, baina ez du horrenbeste bota. Gure aiton-amonek esango luketen moduan, haurrak ginenean elurteak handiagoak izaten ziren, jejeje.
Nahiz eta Goierri aldean elurtea hain handia ez izan, badaezpada elurra zer nolakoa den dastatu beharra genuen eta horren aitzakian larunabatean eta igandean mendi buelta bana egin genuen.
Larunbatean dagoeneko buruz dakigun ibilbidea egin genuen. Mendian korrikan aritzeko zapatilak jantzi eta anaia eta biok Usurbe eta Murumendi mendietara korrika saioa egin genuen (orain honi “snow-running” deitzen omen zaio, badakizue, "moderno" eta "profesional" itsura ematen dio gauza eta lekuei ingelesez deitzea).
Uste dut lehen aldia izan dela inongo arrazoi larririk gabe (berandu egiten delako, ezbeharren bat izan delako…) elurretan korrika egin dugula eta egia esan esperientzia polita izan da. Orekarekin izaten ditugun "gaizki-ulertuak" direla eta, badaezpada makuluak eraman genituen eta ez ginen damutu, Usurberako igoera izoztua zegoen eta.
Iganderako aktibitatea erabat aldatu, korrika egiteko zapatilak elur-erraketengatik aldatu eta Otzaurtetik Aratz mendira igo ginen, Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen ibilbidetik (udan ibilbide bera egin genuen). Jaitsiera San Adrian kobatik doan ohiko bidetik egin genuen, eta Aldaolatik aurrera elurrez erabat estalitako pista jarraituta Otzaurtera itzuli ginen.
Argazki honetan egindako irteeraren ibilbidea ikusi daiteke: gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa.
Mendiaren edertasunatik aparte (leku batzuetan Alaskan geundela zirudien) ibilbide gogorra egin zitzaigun eta elur kantitate handia eta biguna, haize gogorra eta behe-lainoa izan genituen bidelagun.
Ia ibilbide osoan, elurretan 30 -40 zentimetro sartuta, arrastoa irekitzen joan ginen, nahiz eta elurraren gainean (basoetan ezik), milimetro inguruko izotz geruza bat egon. Maratoiaren arrasto horiak hasiera batean erraz jarraitu genituen, batez ere basoetakoa, pagoen enborretako markak agerian zeuden eta. Baina metroak irabazi ahala, elurraren kantitatea (leku batzuetan metrotik gora elurra zegoen) eta behe-lainoa zela eta, bidea GPS-ari mendiari baino gehiago begiratuz egin genuen.
Elurrik gogorrena Aratz mendiaren gailurraren inguruan topatu genuen, haize gogorraren eraginez erabat gogorra zegoen eta. Tarte honetan ordea, haize eta behe-lainoa izan zen lan handiena eman ziguna (eskerrak GPS-ari berriro ere), eta ez ziguten atsedenik eman.
Udan bi ordu eta laurdenean egin izan dugun igoera bost orduetan egin genuen. Jaitsiera ordea, elur arrastoen gainetik, azkarragoa egin genuen eta bi ordu eskasetan Otzaurtera itzuli ginen. Azkenean, 5-6 orduetako irteera aurrikusita genuena 7 ordutaraino luzatu eta kotxera elur-erraketa eta bota gogorrak kentzeko desiatzen eta elurraz kokoteraino iritsi ginen jejeje.
Ibilbidea nondik nora doan errepor honetan deskribatuta dudanez, oraingoan bideo-erreporra bakarrik uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.
AZKEN 10 SARRERAK
2015/02/11
ARATZ OTZAURTETIK NEGU GIROAN 2015/02/08
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
20:58
Etiketak:
aratz,
elurra,
negua,
otzaurte,
smithy,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina