AZKEN 10 SARRERAK

2015/02/05

KILIXKETA (1201 m) ETA BELEKU (1253 m) INTXUSTITIK: NEGU GIROAN, 2015/01/25

Larunbatean Malkorri eta Uarrain mendietara eginiko irteeraren ondoren (erreporra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue), nahiz eta zerbait “teknikoago” egiteko gogoarekin izan, buruak bihotzari irabazi eta zentzudunena elur-erraketekin beste irteera bat egitea zela adostu genuen. Jarraitu baino lehen, inor ez nahastearren, esan beharra daukat gure teknikotasunaren muga kranpoi eta pioletak erabiltzean izaten dela, jejeje.

Lekurekin hitz egin (hiruetatik bihotza beroena zuena bera zen) eta “konbentzitu” ondoren, nora joan “eztabaidatzen” aritu ginen. Egia esan, Leku datorrenean nora joan gutxienekoa izaten da, berarekin joan ezkero umore ona eta irrifarrak ziurtatuta ditugu eta. Enirio Aralar elurrez peto-peto zegoela ikusita, azkenean berriro ere hona itzultzera adostu genuen. Aralarko mapa mahai gainean jarri eta gure begirada Kilixketa eta Beleku mendietara zuzendu zen, honela, bide batez, Blokeren oroimenez landatutako pagoa bisitatuko genuen. Irteera hau egiteko, abiapuntua aldatu genuen: oraingoan, kotxea Intxustiko iturriaren ondoren dagoen "aparkaleku" txikian utzi genuen, Eniriotik gertuago.

Aparkaleku honetara iristeko, Ataungo San Martin auzoan, Bittor jatetxearen ondoan dagoen bidegurutzea hartuko dugu (bertan “Arrateta” izena duen seinale bat dago). Errepidean gora egin ahala, gure ezkerrean pare bat bidegurutze utzi eta “Aralar”-a joateko markatzen duen bidegurutzea hartuko dugu. Hemendik gora galtzeko arriskurik ez dago, eta bihurgune itxi batzuen ondoren, Aralegi baserrira iritsiko gara. Hemendik aurrera malda leundu, eta errepidea tarte batean zementuzkoa bihurtzen da, Aralegiko leporaino. Hemendik aurrera zementuak lurrari bidea eman eta kilometro erdi inguruan, inongo zailtasunik gabe, Intxustiko iturrira iritsiko gara. Iturritik gora pista maldatsuagoa bihurtu eta tarteka zuloren bat edo beste ere azaltzen da, baina ia urte osoan ohiko kotxe batekin ongi igo daiteke (neguan elurrarekin ez). Intxustiko iturritik kilometro eta erdira gutxi gora behera, giltzarrapo batez itxita dagoen langa bat topatuko dugu. Puntu honetan, pistaren alde batean nahiz bestean dagoen zabalgunetxoan (nik "aparkaleku" izena eman diodana) kotxea uzteko aukera izango dugu. "Aparkaleku" honetan guztira zortzi kotxe inguru sartuko dira.

JARRAITUTAKO BIDEA

Kotxea uzten den lekutik, langa zeharkatu eta pista jarraitu genuen Enirioko aerodromora eramaten duen bihurgune itxiraino. Bihurgune honetan pista utzi eta zuzen jarraitu genuen (iparreko norantzarekin), Ikerren koadrilakoa den Joseba Insausti artzainaren Esnaurreta I etxolaraino. Etxola honetan Blokeren oroimenez Ikerren koadrilakoek landatu zuten pago gaztea dago. Hemendik Kilixketa mendira ahalik eta biderik zuzenena jarraitzea pentsatu genuen, eta ipar-ekialdeko norantza hartuta, lehenik Esnaurreta eta Kobaurre etxolak lotu eta gero Kobaurretik Kilixketa mendiaren gailurrera ahalik eta zuzenen igotzen saiatu ginen.

Kilixketa mendia bere hego-mendebaldeko aurpegitik igo ondoren Belekuraino iritsi ginen. Jaisteko, Belekutik behera berriro ere ahalik eta biderik zuzenena jarraitzeko ahaleginean, berriro ere kotxera itzuli ginen.

Argazki honetan ibilbidea hiru koloretan ikusi daiteke: urdinez kotxez igotako pista, gorriz igoeran jarraitutako ibilbidea era orlegiz jaitsieran jarraitutakoa.



DESKRIBAPENA

09:05, aparkalekua, 700 metro inguru. “Todoterrenoari” eskerrak langaraino uste baino zailtasun gutxiagorekin iritsi, kotxea ahalik eta hobekien utzi eta ibilbideari hasiera emateko prestatu ginen. “Oaindio hola?” Galdetu zion anaiak Lekuri elur-erraketak nola jantzi asmatzen ari zela “ateatzeako atsaldea izangoik” jarraitu zuen, begiarekin keinu egin eta Lekuri adarra jotzeko asmotan. Trasteak hartu, eta kotxetik bertatik elur-erraketak jantzita genituela irten ginen, gure aurretik atera ziren eskiatzaile talde baten atzetik.

Irteteko prest.



Pistan gindoazela gaurko elurrak atzokoarekin zerikusi handirik ez zuela konturatu ginen: “atzo gaur baño biguñago zeon” esan nion Lekuri. “deskuidauezkeo gaur Aizkorrin zeoze ittea izangouan” erantzun zidan “baña han elurre pixkateako izangoiau” bukatu zuen irrifar maltzur batekin.

Pixkanaka, Lekuren kontu eta txisteen artean, Errekabeltz errekatxoa zeharkatu, eta barrez lehertzen, aerodromoa dagoen lekuraino iritsi ginen. Oraindik gogoan daukat haur nintzela osabak hemendik gora doan aldapa zuzena aerodromo bat zela esan zidanean. Begiak itxi eta boeing 747 motako hegazkina hemen nola lurreratuko zen pentsatzen ari nintzela, osabak, pentsatzen ari nintzena asmatuko balu bezela, nire pentsamendutik atera, eta hegazkin txikientzat eginiko larrialdietarako aerodromoa zela zehaztu zidan.

Puntu honetan pista utzi eta ipar, ipar-mendebaldeko norantza hartu genuen Esnaurreta etxoletara.

Leku pista utzi genuen lekuan. Argazkian aerodromoaren hasiera ikusi daiteke.



Pista jarraitzen bada leku berera joan daiteke, aerodromoa atzean utzi ondoren ezkerrera doan pista jarraituz. Hala ere, guk hartutako bidea gustuko dugu, eta elurrik ez dagoenean bidexka bat jarraitzea besterik ez da izaten.

Pista utzi ondoren.



Kontu kontari ari ginela, bat-batean geunden lekutik 30 metro ingurura zegoen elorri baten azpitik zerbait atera zen korrika batean. “Haraaaa, erbieeee!!!!” Oihukatu zuen Ikerrek ziztu bizian zihoan erbia seinalatuz. Ez dakit erbi bera den, baina aurten leku berean hirugarren aldia izan da erbi bat ikusi dugula. Josebak udan esan zigunez, geroz eta arruntagoa da paraje hauetan erbiak ikustea.

Erbia ikusi ondoren.



Oraindik erbia gora eta erbia behera ari ginela, Josebaren “Esnaurreta I” etxolara iritsi ginen.

09:40, Esnaurreta I etxola, 800 metro  inguru. Etxolaren egurrezko hesia gainetik pasa eta etxolaren sarreran landatuta dagoen pago gaztera joan ginen zuzen-zuzen. Pago hau Ikerren koadrila eta senideek landatu zuten ihaz, minbiziak eraman zuen Bloke lagun eta koadrilakidearen oroimenez. Pagoa landatu zutenetik, hemendik pasatzen garen bakoitzean momentu hunkigarriak bizitzen ditugu, anaiak bereziki.

Pago hau ikusten dudan bakoitzean bizitza honetan betirako ez gaudela gogorazten dit, nahiz eta, egunerokoan, behin baino gehiagotan hilezkor izango bagina bezala jokatu. Beti planekin buruan, beti etorkizunean egingo ditugun gauzetan pentsatzen, eta etorkizun nahiz iraganeko bizia “biziz”, bizi dezakegun denbora bakarra oraina dela ahaztuko bagenu bezela. Zenbat denbora pasatzen dugu pasatutako gauzak berriro ere bizitzen? Zenbat denbora pasatzen dugu etorkizuneko gauzak nolakoak izango diren buruan bizitzen, denbora, behatz artean galtzen den harea bezela, gure aurretik bizi gabe pasatzen den bitartean? Denoi bizitzeko denbora jakin bat egokitu zaigu, eta diruarekin gertatzen den bezela, norberak erabakitzen du egokitutako denbora honekin zer egin eta nola gastatu. Baina nire ustez ahaztu ezin duguna da egokitutako denbora hau mugatua dela.

Blokeren oroimenez landatutako pago gaztea.



Gertuago... Bideo jokoen jokalari amorratua zen, eta gainera oso ona...



Esnaurretan eginiko geldialdia, Blokeri omenalditxoa egiteaz aparte, atseden bat hartzeko ere aprobetsatu genuen, zerbait jan eta edanez. “Ostia, hemen hotzaitteik” bota zuen Lekuk bat-batean haizea bizitu zenean. Konturatu gabe, haizea inguruak, gure gorputzak barne, hozten hasi zen. Gora begiratu eta, larunbatean bezela, elurra altxatzearen ondorioz sortzen diren “sasi-hodeiak” ikusita, hemendik aurrera artilezko-txanoa eta euritako txamarra jaztea erabaki genuen.

Argazki batzuk egin eta gora jarraitu genuen oraingoan Josebaren etxolaren parean dagoen malda zuzen-zuzen igoz.

Etxolatik gora jarraitutako bidea, argazkianur depositua ikusi daiteke.



Hemendik aurrera arrastoa irekitzea egokitu zitzaigun eta martxa moteltzen joan bazen ere, Esnaurreta eta Kobaurre etxolen arteko ur deposituraino erraz igo ginen. “Hemendio gora hastea okerrena” esan zuen Ikerrek, “malda oteaz beteta dauta”.

Ur depositura iristen, etxolak dagoeneko behean gelditu dira.


Esan eta izan, nahiz eta gure aurrean ustezko malda elurtsu sendo bat ageri, gora gindoazen ehinean azpitik dauden oteen adar eta zainekin behin baino gehiagotan estropuz egin genuen, igoera zailduz. Hala ere, ttirri-ttarra metroak irabazten joan ginen Kobaurre etxolaraino iritsiz.

Oteen pasabidea gainditu ondoren.



10:20 Kobaurre etxola, 950 metro inguru. Bertan gelditu gabe aurrera jarraitu genuen.

Kobaurreko etxolara iristen.



Kobaurretik gora jarraitutako bidea.


Metroak irabazi ahala aurretik genuen paisaia lurretik altxatutako elurrarengatik desagertzen joan eta gure arteko komunikazioa ere, haizearen eraginez, konplexuagoa izaten hasi zen. Tarteka, aurretik genituen mendien erreferentziak galtzen genituen eta Kilixketa edota Beleku zein izango ote ziren ere zalantzan aritu ginen behin baino gehiagotan.

Kobaurre atzean utzi ondoren.


Hemendik gora malda gogortuz joan zen.


Atzera begirada, Kobaurretik gora egindako bidea ikusi daiteke.


Hodeiek Beleku ikustea utzi ziguten momentu gutxienetako batean.


Lekuk, Kilixketa mendiaren iparrean dagoen hagina identifikatu eta mendia zein zen argitu ondoren, bere gailurreraino nondik igoko ginen hizketan hasi ginen: hasiera batean gailurretik mendebaldera doan hertza jarraitzea pentsatu genuen baina bertan zegoen elur-erlaitz handiak atzeraka bota gintuen. Azkenean, ahalik eta zuzenen igotzea erabaki genuen, gailurraren azpian dagoen haginaren ondotik pasatuz.

Lekuk Kilixketa identifikatu ondoren. Argazkian hagina ikusi daiteke.



Kilixketaren gailurreraino jarraitu genuen bidea. Argazkian ikusten den bezela, haginaren ezkerretik pasa ginen.



Metroak irabazi ahala haizearen indarra handitzen joan zen. Arrastoa irekitzen hasi eta atzera begiratu gabe pixkanaka hagina dagoen lekura iristen joan nintzen uste baino errazago. Haginatik gora ordea, bidea tentetu eta elur-erlaitza metro pare batean igo beharra zegoela ikusi nuen. Makilak beheragotik heldu, elur-erraketak aurrean dituzten metalezko puntak kranpoien aurreko puntak bailiran elurretan sartu eta, elur-erlaitza apurtuko zenaren beldurrez gora egin nuen. Burua erlaitzatik atera bezain pronto, haize bolada batek ia lurrera bota ninduen: “Goazemazu hemendio azkar” pentsatu nuen, gailurrera eramango ninduten azken metroak betetzen nituen bitartean.

10:50, Kilixketa, 1201 metro. Gailurrera iritsi eta bertan makurtu nintzen Leku eta Ikerren azken metroak eta bien gailurreko argazkia ateratzeko asmoarekin.

Haizearen eraginez eskuetako behatzak minberatzen hasi zitzaizkidanean Lekuren burua erlaitzaren atzetik azaldu zen. Erlaitzetik atera eta lehen pausu batzuk egin zituenean haize bolada batek lurrera bota zuen. Poliki jaiki eta, minik ez zuela adierazi ondoren, zailtasun faltarik gabe gailurrera iritsi zen. Argazkia atera eta “Lekuuuuuu!!!!! Goazen bestaldea haizetio babestekoooooo!!!!!” Oihukatu nion.

Leku Kilixketaren gailurrera iristen.



Bi mozkor bagina bezela gailurraren hego-ekialdeko aurpegira pasa eta, haizeagatik zertxobait babestuago, Ikerren igoeraren grabaketari eman genion.

Ikerren azken metroak grabatzen, argazkian haizearen indarra nabaritu daiteke.


Iker gailurrera hala nola iritsi zenean, gelditu gabe gu geunden lekura etorri eta Belekurako bidea hartu genuen zuzen-zuzen.

Iker Kilixketaren gailurrean.



Kilixketa eta Beleku mendien arteko bidea ez zen xamurra izan. Haizearen indarragatik ematen genituen pausuak baldar xamarrak ziren eta eskuetako behatzetan nuen mina handitzen joan zen. Eskularru potoloak motxilatik ez ateratzeagatik (ibilbidea ahalik eta azkarren egitea bakarrik nuen buruan), artilezko eskularruekin egin nuen ibilbide zati hau, eta jakina denez, artilezko eskularruek haizea sartzen uzten dute, eta nola gainera.

Kilixketa eta Beleku artean.


Atzera begirada, Kilixketaren gailurretik egindako bidea margotu dut.


Iker irrifartsu nahiz eta giroa ona ez izan.



Honela ba, bakoitzak berearekin, Belekura iritsi ginen.

Azken metroak


Atzera egindako argazki honetan Kilixketaren igoeran jarraitutako bidea eta hemendik aurrera jarraitutakoa margotu ditut.



11:05, Beleku, 1253 metro. Iker eta Leku nire aurretik gailurrera iritsi zirenean, nengoen lekutik argazki bat egin eta aurrera jarraitzeko oihukatu nien, haizeagatik babesteko.

Iker eta Leku Belekuren gailurrean.



Gailurrera iritsi eta ni ere gailurraren bestaldera, hegoaldeko aurpegira, pasa nintzen haizeagatik hala nola babesteko. Pasatzen ari nintzela, beste haize bolada batek Leku berriro ere lurrera bota zuen. “Ostiaaaa hau arriskutsu zeok” oihukatu zuen Ikerrek “Joer ba bai” erantzun zion Lekuk “gaur hemen broma gutxi zeok”. Iker eta Leku atzean utzi eta, metro batzuk behera egin ondoren, haizeak gutxiago jotzen zuen lekuraino jaitsi nintzen atseden hartzeko. Haizeagatik erdi-babestu bezain pronto eskuetako behatzak pixkanaka bere onera itzultzen hasi ziren.

Belekuren gailurra atzean utzi ondoren. Leku lurretik jaikitzen ikusi daiteke.



Hiruok elur-erlaitz baten erdi babesean elkartu eta egoera aztertu genuen. Hasiera batean Gañeta mendia igotzeko asmotan ginen baina haizearen indarra kontutan izanda, alperrikako arriskurik hartuko ez genuela adostu genuen: “Hemen elurre zeokelako, baña harkaitze zeoken lekutan haizek botazkeo miñe hartzeko arriskue zeok” esan zigun Lekuk. Lekuri arrazoia eman eta Gañeta beste baterako uztea erabaki genuen. Bapatean atzera begiratu eta elur-erlaitzean zulo bat ikusi genuen: "Hor sartzeik eongoaldek?" Galdetu zuen Lekuk. Bitan pentsatu gabe Ikerrek motxila lurrean utzi eta zuloko sarrera pixkat zabalduz barrura sartu zen.

Bideo honetan zuloan nola sartzen den ikusi daiteke.


"Zemuz eotea?" Galdetu nion. "De puta madre" erantzun zigun, "bero eta dena itteo".

Iker elur-zuloan.



Zulotik atera eta gure bideari ekin genion. Jaitsiera Belekutik ahalik eta biderik zuzenena jarraituz egin genuen aerodromoaren ondoan utzi genuen pistara itzuliz. Behin hemendik aurrera, igoeran jarraitutako bide bera jarraitu eta 12:30tan kotxera itzuli ginen hiru ordu eta erdiko ibilbidearen ondoren.

Kotxea utzitako lekura iristen, argazkian igotako bi mendiak ikusi daitezke.


Aparkalekuan, hiru ordu eta erdiko ibilbide elegantearen ondoren.





Amaitzeko, laburpen gisa, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina