AZKEN 10 SARRERAK

2015/10/27

EGINO, "GOXO-GOXO" BIDEA, 80 metro, 4b. 2015/10/18

Larunbatean "Susi" bidean ederki gozatu ondoren iganderako euria botako zuela iragarrita zegoen. Arratsaldean Gasteizera egun pasa joan eta gauean etxera gentozela Egino parean euririk ez zuela ari konturatu nintzen: "Eta bihar euririk botatzen ez badu?" Pentsatu nuen.

Etxera iritsi bezain pronto MAT taldeko Whatsapp-a sutan jarri nuen eta azkenean Asier eta Iker animatu ziren igandean Egino aldean zerbait eskalatzeko "beti ere goizen kriston zaparrada botatzen ai ez bada jejejeje".

Igandea Ordizian gris esnatu zen. Ez zuen euririk ari baina hala ere dena bustia zegoen. Hau ikusita, egiteke ditugun proiektuen karpeta atera eta honelako egoera batean zer egin genezaken pentsatzen hasi nintzen. Modu honetan, duela denbora bat Xabier Larretxearen "eskalatzen" blogean fitxatutako "Goxo-goxo" bidea atera eta hau egiterik izango genuela bururatu zitzaidan: "bide motza, erraza eta guztiz ekipatue, ebiik badau material gutxi bustiko zaigu" pentsatu nuen.

Zortziretan Ikerren mezua jaso nuen: "ni ez nijo dena bustie dauta". Asierren mezurik jaso ez nuenez bere bila joan eta kotxean sartu zenean buruan nenbilen planaren berri eman nion: "ona, hoire burun banun noizbaitten itteko" esan zidan "gañea bide hoi Josukin ustet eznula sekula ingo".

La Lezera hurbiltzen ginen ehinean gure zorionerako euria gutxitzen eta lurra lehortzen zihoala ikusi genuen. La Lezeko aparkalekura iritsi ginenerako zerua ilun baina inguruak lehor xamar zeudela ikusi genituen: "Ea zorteik deun ta eztigun ebiik itten" elkarri esan genion kotxearen maleteroa irekitzen genuen bitartean.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 80 metro.
Luzeak: 3.
Zailtasuna: 4b. Luzez-luze: 1ºL: 4a (25 m), 2ºL: 4a (30 m) eta 3ºL: 4b (25 m). Bidea erraza eta disfrutatzekoa da. Harkaitza eta parabolten kolorea oso antzekoa denez, batzuetan paraboltak non dauden ikustea kosta daiteke, baina bidea jarraitzeak ez dauka inongo arazorik. Nahiz eta bidea erabat ekipatua izan, autobabesean hasitako eskalatzaileek praktikatzeko bide ederra izan daiteke.
Nork irekia: Iñaki Lerma 1981 urtean.
Orientazioa: Hego-ekialdea. Aparkalekuaren ondoan iturri bat dugu.
Hurbilketa: Kotxeak uzteko dagoen aparkalekutik 10 minutu eskas. Bidea "Thelma y Luis" eta "Señor si Señor" bideen artean kokatzen da. Bidearen hasiera topatzea ez da zaila inguruan paraboltak dituen bide bakarra da eta (beste bide guztiek kimikoak dituzte). Gainera, bidearen hasieran urre koloreko parabolt bat jarrita dago.
Jaitsiera: Bidea rapelatuz.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rapelatzen badugu eskertuko dugu bi rapeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 9 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 55 minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


BIDEAREN OINARA IRISTEKO

Bidearean oinara iristeko aparkalekutik atera eta La Lezeko "La Fuente" eskalada sektorera joan beharko dugu.

Argazki honetan aparkalekutik hormaren oinara ibili beharreko bidea margotu dut.


Aparkalekutik irtetzear. Iturria non dagoen adierazi dut.


Aparkalekutik dagoeneko horma ikusi dezakegu.


Aparkalekutik erreka gurutzatzen duen errepidea jarraitu beharko dugu.

Zubia gurutzatzen. Hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea marraztu dut.


Errepidea zuzen jarraitu eta baserrri batera doan bidea utzi eta Olano mendira doan pista hartuko dugu. Argazkian zuhaitz artean baserria ikusi daiteke.


Bide hau jarraituz horma gure ezkerrean geldituko da.


Pago handi baten ondotik pasa ondoren gure ezkerrean zelai bat irekiko da. Hemen orain arte jarraitu dugun pista utzi eta hormara zuzen joko dugu.

Pagoaren parean.


Pagoa atzean utzita pista uzten den lekuan.


Hormara iristen.


Horma azpira iristen garenean ezkerrera hartuko dugu...


...Eta 15-20 metro egin ondoren bidearen oinara iritsiko gara. Bidearen hasieran urre koloreko parabolt bat topatuko dugu. Bidea topatzea erraza da inguruko eskalada bideekin alderatuz paraboltak dituen bakarra delako. Gainera urre koloreko paraboltaren ondoan hormatik zuhaitz berezi bat jaiotzen dela ikusiko dugu.

Argazkian zuhaitz berezia eta parabolta (gorriz borobilduta) ikusi daitezke.


Argazki bera beste alde batetik egina, kuriosoa da batzuetan zuhaitzak nondik jaio daitezken.


Guztira, aparkalekutik bidearen oinara 10 minutu inguru pasako ditugu.

DESKRIBAPENA

Kotxetik atera eta tenperatura eta zeruaren kolorea ikusi ondoren, badaezpada forro polarra kotxean utzi eta manga motzeko kamisetaren gainetik euritarako txamarra jantzi nuen. Eramaterik genuen materialik gutxiena soinean zintzilikatu eta martxan hasi ginen. Euriaren beldurrez hurbilketa di-da batean egin genuen eta hamar minutu baino lehen hormaren azpian geunden. Bidearen hasiera adierazten duen urre koloreko parabolta identifikatu, sokak luzatu eta eskalatzeko prestatu ginen: "gaur zu hasi" esan nion Asierri, "hola sikiera bi luze itteko aukera izangozu". Materiala Asierri pasatu eta prest zegoenean eskalatzen hasi zen.

Lehen luzea, 25 metro, 4a. Lehen metroak bertikal eskalatu ondoren (helduleku oso onak) zuhaitz baten ondora iritsi arte.  Lehen metro hauek kontu handiz hartu genituen horma bustia zegoen eta.

Eskaladaren lehen metroetan.


Zuhaitzatik gora erlaitz eta plaka txiki eta etzanago batzuen eskalada tartekatuz bilgunera iritsiko gara.

Asier zuhaitzaren (bere ezkerrean) ondoan.


Lehen bilgunera egindako argazkia.


Lehen bilgunetik bidearen hasiera honela ikusten da.


Luzeak ez dauka zailtasun handirik eta helduleku ederrak ditu denbora osoan.

Zuhaitzara iristen.


Bilgunea erlaitz eroso batean dago eta kate batekin lotutako bi uztaidun paraboltez osatua dago. Katean ere mosketoi bat jarri dute rapela errazteko.

Lehen bilgunean.


Esan bezala, luze honetan katu oinak ez bustitzeko kontu handiz eskalatu genuen, bustitako lekuetan behin baino gehiagotan irrist egin genuen eta.

Bigarren luzea, 30 metro, 4a. Bigarren luzeak bilgunetik atera eta ezkerrerako joera hartzen du eta gainean ditugun zuhaitzen artetik doa. Plakatxo batzuk eskalatu ondoren bilgunera eramango gaituen plakaren azpira iritsiko gara. Metro hauek erraz eskalatu nituen harkaitza lehorra zegoelako. Dena den, erlaitzak bustiak zeudenez, behin baino gehiagotan "marabarismotan" aritu nintzen katu oinekin lur bustia ez zapaltzeko.

Bilguneraino doan plakaren azpian.


Plaka honetan helduleko onak topatuko ditugu eta paraboltetatik aparte harkaitz zubiren batean baino gehiagoan sokaren bat pasatuta ere topatuko dugu.

Zuhaitzen artera iristen.


Zuhaitzen artetik lehen bilgunera egindako argazkia...


...Eta bigurren bilgunera (gorriz borobilduta) gelditzen den zatia.


Zuhaitzen artetik pasa ondoren arazorik gabe bilgunera iritsiko gara (uztaidun bi parabolt). Nahiz eta harkaitza lehorra topatu begi bat zeruari kendu gabe eskalatu genuen gaur bustiko ez ginenaren esperantzan. Azkenan eguraldia gure alde izango genuen.

Bigarren bilgunean.


Bilgunera eramaten duen plakaren azpitik egindako argazkia.


Asier zuhaitzen artera iristen.


Bigarren bilgunean.


Hirugarren luzea, 25 metro, 4b. Hirugarren luzeak, bigarrenak bezala ezkerrerako joerarekin jarraitzen du hormatik irteteko eskalatu behar den diedro baten bila. Lehen metroetan ongi babestutako eta helduleku oneko plaka bat eskalatzen da. Plakaren ia amaieran bi behatz juxtu sartzen diren "bidedo" bat topatuko dugu. Nahiz eta bertatik indar handirik ez egin ziur erabiliko duzuela jejeje.

Luzearen lehen metroetan.


Diedroaren azpian dagoen erlaitzera igotzeko hobe da ezkerretik igotzea eskuinetik eskuentzat ia heldulekurik ez dago eta.

Diedroaren azpiko erlaitzean.


Diedroa, nahiz eta bertikala izan, helduleku onak ditu eta ia hestutu gabe bilgunera iritsiko gara. Bilgune hau ere uztaidun bi paraboltez osatua dago.

Diedroa eskalatzeko prest.


Asierrek hirugarren bilgunea inongo esfortzurik gabe eskalatu zuen, hau da artista!!!!.

Hirugarren bilgunetik bigarrenera egindako argazkia.


Igotzeko esan zidanean luzea lasai hartu eta, azkenekoa zela jakinda, ahalik eta gehien gozatzen saiatu nintzen. Hasiera batean diedroaren oinara bere eskuinetik igotzen saiatu nintzen, baina igoerak mugimendu eta postura "arraro" bat eskatzen zidanez, azkenean zeharkalditxo bat ezkerrera egin eta ezkerretik igo nintzen. Diedroan ederki gozatu nuen, pena luzeago ez izatea.

Diedroaren azpiko erlaitzera igotzen.


Diedrotik ateratzen, hau da gozatua!!!!


Bilgunera iritsi eta, "bueno, listo" bat bota nion Asierri. "Pena beste hainbat luze ez izatea" erantzun zidan. "Joer, ba bai" esan nion. bilgunetik sokak pasatu eta bide rapelatzeko prestatu ginen: "Ea rapelakin zorteik deun" esan nion Asierri, "normalen komerik hemen izaten ditteuta".

Asierrek rapelatu zuen lehenik. Rapelatzen zuen ehinean soka txukuntzen joan eta lehen bilguneraino iritsi zen. "Libreeee" esan zidanean nire txanda iritsi zen.

Rapela hasteko prest. Bideak oraindik ezusteko bat gordeta zuen...


Arazorik gabe bilgunera iritsi eta "buenooo, gaur behintzet dena ongi dijo" batekin sokak biltzen hasi nintzen. Baina espaineraz esaten den bezala "hartzaren larrua ez da ehizatu aurretik saldu behar" eta bi sokak lotuak genituen korapiloa bigarren bilgunearen azpian dauden zuhaitzen adarretara iritsi zenean han gustura zegoela erabaki eta bertan gelditzen pentsatu zuen soka ez aurrera ez atzera geldituz. Minutu batzuetan soka batetik nahiz bestetik tiraka aritu ondoren onena zuhaitzetaraino eskalatzea zela erabaki genen. HOnetarako gehien bilduta genuen sokaren puntan lotu eta Asierrek luzea aurretik eskalatzen arituko banintz bezala aseguratu ninduen aseguruetan berriro ere express zintak eta soka pasatuz.

Zuhaitzera iritsi nintzenean bertatik tira egin eta korapiloa zuhaitzetatik behera pasatzea lortu nuen: "bueno, soka libre" pentsatu nuen. Asier zegoen lekura iristeko "Reversoa" bi soketatik pasatu eta luzea berriro rapelatu nuen. Rapelatzen hasi aurretik arnesetik askatutako sokaren puntan korapilo bat egin nuen, bilguneraino rapelatzeko nahiko soka ez nuela banekien eta. Soka amaitzear zegoela parabolt batean aseguratu, soka motzetik tira egin, sokak lotzeko egindako korapiloa zuhaitzen adarren mugaraino igo eta bilgunera iristeko behar nituen bi metroak lortu nituen (eskerrak sokak elastikoak diren jejeje).

Behin bilgunean, berriro ere gauza bera ez gertatzeko, nik soka bat jasotzen nuen bitartean Asierrek bigarren sokarekin bigarren rapela prestatu zuen hamar metro soka soberan izango genituela jakinik.

Bigarren rapela inongo arazorik gabe egin genuen eta hormaren oinara iritsi ginenean gu bezala eskalatzera animatu zen talde bat topatu genuen. Dirudienez Fedeazioarekin eskalada ikastaroa egiten ari zen talde bat zen. Beraiekin solasalditxo bat izan ondoren trasteak hartu eta kotxera itzuli ginen, alde batetik eskalada motza gelditu zitzaigunaren sentsazioarekin eta bestaldetik etxean materiala lehortzeko gela oso bat okupatu beharko ez nuenaren lasaitasunarekin (badakizue, zahartzen garen heinean maniatiko xamarrak bihurtzen gara jejejeje)..