AZKEN 10 SARRERAK

2015/10/30

EGINO: "ASEZINAK" BIDEA, 205 metro, 5a (2015/10/24)

Azkeneko asteburuak pendiente ditugun bideen eskaladaren sinonimo bihurtzen ari direnez asteburu hau ez zen ezberdina izan behar jejeje. "Amona" bidea eskalatu genuenean honen eskuinean dagoen ezproiko "Asezinak" bidea gure "itxaron zerrendaren" lehen posturaino igo zen, honegatik ez genuen asko falta izan larunbatean zein bide eskalatuko genuen erabakitzeko.

Oraingoan lau anaiak elkartu ginen, Izagirretarrak alde batetik eta Mujikatarrak bestetik, eta Eginora gindoazela kordadak eta eskaladak nola banatuko genituen erabakitzen joan ginen. Azkenean, eta batez ere kordada batek besteari harriak botatzeak izan zezakeen arriskuarengatik, Josu eta Iker "Amona" bidea eta Asier eta biok "Asezinak" bidea eskalatzera joan ginen. "Hola, Kokakolakok bezela, kordada batek istripue badu eztie familiko bik izorrauko" bota nien irrifartsu.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 205 metro.
Luzeak: 4.
Nork irekia: Iurgi, Lauren eta Iker, 2015/05/09.
Zailtasuna: 5a. Luzez-luze: 1ºL: 5a (55 m), 2ºL: 4b (55 m), 3ºL: 4a (50 m), 4ªL: 4a (45 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: Egino herritik, 25-30 minutu, tarte luzean Iturrimurri ezproira doan bide bera jarraituz.
Jaitsiera: Iturrimurri ezproitik jaisteko jarraitzen den bide bera.
Eramandako materiala: Bidea erabat desekipatua dago. 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta (ez genituen 6-8 baino gehiago erabili), zintak bilguneetarako, hainbat zinta bidean dauden harkaitz zubietatik pasatzeko, alien semaforoa (baita grisa ere), Camalotak 0,5-2 artean eta Limcam gorri eta horia (egia esan ez genuen horrenbesteko friend-ik erabili, batez ere zintak erabili genituen harkaitz zubi nahiz blokeetatik pasatuz). Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu bat eta 35 minutu.

Bidean kolokan dauden harriak topatu daitezke batez ere bigarren luzetik aurrera. Guk ahal izan genuen neurrian bidea zertxobait garbitzen joan ginen. Dena den, plakak eskalatuz joaten bagara harkaitz oso ona eta konpaktua topatuko dugu.

Iturrimurri ezproia, Amona eta Asezinak bideak A-1 errepidetik ikusita, gorriz hormaren oinara iristeko bidea, orlegiz eskalada eta urdinez jaitsieran jarraituko duguna.


BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


Krokis bera beste ikuspuntu batetik.


BIDEAREN OINARA IRISTEKO

"Amona" bidera doan bide bera jarraituko dugu, bide honen eskuinean dagoen ezproia igotzen du eta. Gure kasuan Iker eta Josu "Amona" bidearen oinera arte lagundu eta hemendik eskuinera zeharkaldi horizontal bat egin genuen. "Mendiak eta eskalada" blogetik lortutako deskribapenean bidearen hasiera eroritako enbor baten ondoan dagoela jartzen zuenez, aurrera eta atzera aritu ginen enbor hau aurkitu gabe. Azkenean, lehen luzea doan horma erreferentzi bezala hartuz, II inguruko 15-20 metroetako trepadatxo baten ondoren hormaren oinara iritsi eta harkaitz plaka baten atzean dagoen erlaitz batean "0" bilgunea egin genuen. Kasualitatez erlaitz honetan eroritako enbor hestu bat topatu genuen baina ez dakigu enbor hau deskribapenean azaltzen den berbera den. Kronika hau publikatu zen egun berean nirekin Iker (bidea ireki zuenetako bat) harremanetan jarri zen eta bidearen oinean plakatxo bat jarrita zutela esan zidan. Dirudienez euriak plakatxoa erortarazi zuen eta berriro ere jartzera joango zela esan zidan. Hala ere, guk jarraitutako bidea bide egokia dela baieztatu zidan. Milesker Iker!!!

Ni IIko eskaladatxoa egin ondoren. Heltzen ari naizen zuhaitz hila eta atzeko horma erreferentzi bezala hartzea gomendatzet dizuet.


Argazkia gaertuago. Goian lehen luzerako hartu beharreko erreferentziak adierazi ditut: zuhaixka, harlauza eta arrail txikia.


"0" bilgunea jarri genuen erlaitzaren ondoan zegoen enbor eroria. Ez dakigu generaman deskribapenean enbor honi erreferentzi egiten zioten hala ez.


DESKRIBAPENA

Lehen luzea non hasi erabaki genuenerako Josu eta Ikerrek "Amona" bidearen lehen luzea jada eskalatuta zuten. Luzea garbien eskalatu zitekeen lekuaren azpian jarri eta harkaitz-zubi hestu batetik zinta bat pasatu ondoren "0" bilgunea muntatu genuen. Dena prest genuenean, Josu eta Ikerren animoen artean Asier eskalatzen hasi zen.

Lehen luzea azpitik ikusita.


"0" bilgunea, harkaitz-zubi batetik pasatako zinta.


Lehen luzea, 55 metro, 5a. Gainean dugun ezproia eskalatu beharko dugu. Honetarako, 40 metro ingurura hormatik ateratzen den zuhaixka eta harlauza txiki bat erreferentzi bezala hartuz lehen luzea zuzen-zuzen gora doa harkaitz oneko plaka bat eskalatuz. Plaka hasieran etzana da, helduleku onekoa eta friend-ak nahiz harkaitz zubietan zintak jartzeko aukerak dituena.

Bidea hasten.


Lehen metroen ondoren bilgunera egindako argazkia.


Bitartean gure eskuinean Josu "Amona" bidearen bigarren luzea eskalatzen ari zen.


Asier plaka etzanak amaitzen diren lekuan.


Harlauza dagoen lekura iritsitakoan horma bertikal bihurtu, arrail txiki bat eskalatu eta luzearen zailtasunik handienak hemendik aurrera topatuko ditugu, batez ere heldulekuak aurkitzeko batzuetan metro bat eskuinera eta beste batzuetan metro bat ezkerrera eskalatu beharko dugu eta.

Harlauza eta zuhaixkaren artean.


Zatirik zailenean helduleku eta aseguruak jartzek lekuen bila.


Atsedentxo bat.


Bertatik bilgunera egindako argazkia.


Josu eta Iker "Amona" bidearen bigarren bilgunean.


Helduleku eta aseguruak jartzeko lekuen "bilaketa" honetan pausu fin (5a) pare bat egin beharko ditugu. Bilgunea ezproiaren amaieran dagoen harkaitz batzuetan zinta bat pasatuz egin genuen.

Luzearen amaieran.


Gertuago...


Iker "Amona" bidearen hirugarren luzean Josuren begiradapean.


Asierrek luzea maisutasun handiz ireki zuen, lasai-lasai eta konfidantza osoz. Ikusgarria izan zen hormari metroak nola irabazten zizkion ikusteak eta ahozabal utzi ninduen. Sokak jaso eta eskalatzen hasi nintzenean oraindik eta meritu handiagoa eman nion, batez ere zatirik bertikalenera iritsi nintzenean, heldulekuak ez zeudela ziruditen lekuetan helduleku on eta aseguruak jartzeko toki ederrak topatzeko trebezia izan zuen eta.

Ni lehen luzea hasten.


"0" bilgunera egindako argazkia. Erlaitza, plaka berezia eta hildako zuhaitza ikusi daitezke.


Zatirik zailena hasteko prest.


Harlauzaren ondoren dagoen arrail txikia azpitik ikusita.


Zailtasunak amaitzen.


Bitartean gure ezkerrean Josu eta Iker beraien bigarren luzea eskalatzen ari ziren, eta kordadan bigarren joateak ematen duen lasaitasuna aprobetsatuz, argazki batzuk egiteko aukera izan nuen. Beraiek ere gauza bera egin zuten eta ia denbora osoan argazkiak elkarri egiten pasa genuen.

Iker "Amona" bidearen hirugarren bilgunean Josu aseguratzen.


Asier eta Iker bakoitza bere bilgunean.


Lehenengo bilgunean.


"Ostia Asier, ze ona!!!" Esan nion bilgunera iritsi nintzenean "profesional modun ikusi zaitut". "Pausutxoren bat edo beste bazun" erantzun zidan "baña kontentu gelditu naiz" erantzun zidan umiltasunez.

Asierrek soberan zituen trasteak hartu deskribapena poltsikotik atera eta bigarren luzea nondik eskalatuko genuen begiratzen hasi ginen.

Bigarren luzea, 55 metro, 4b. Bigarren luzea eskalatzeko eskuinera 8-10 metro inguruko zeharkaldi erdi-horizontala egingo dugu fidagarritasun gutxiko harkaitza duen arrail bateraino (4b zailtasuna). Guk eraman genuen  deskribapenak arraila eskalatu behar dela esan arren, harriaren kalitatea ikusita zeharkaldiarekin jarraitu eta arrailaren eskuinean dagoen plakaren ertzetik eskalatu genuen (III+).

Zeharkaldiaren amaieran arrailaren eskuinean dagoen ertzara igota.


Asier lehen bilgunean ertzetik egindako argazkian.


Ertzean egiten den eskalada honetan helduleku onak daude baina aseguru bakarra jartzeko aukera izango dugu.

Ertza amaitzen.


Ertza eskalatuta metro batzuk ezkerrera egin eta diedro erdi-etzan bat topatuko dugu. Diedroaren eskalada ez da zaila (III inguru) baina bai estetikoa eta helduleku nahiz aseguruak jartzeko toki ugari ditu.

Diedroa.


Diedroa eskalatzeko prest...


...Eta eskalatu ondoren.


Diedroaren ondoren plaka ezberdinak eskalatzen joango gara (III inguru bertikaleenak aukeratzen baditugu), tartean punta txiki bat ere, eta soka amaitzear dagoenean zuhaitz baten enborraren inguruan bilgunea egingo dugu.

Bigarren bilgunean. Nire ezkerrean Josu "Amona" bidearen laugarren bilgunean ikusi daiteke.


Luzea arazo eta urduritasunik pasa gabe eskalatu nuen. Bilgunetik Josu eta Ikerren laugarren bilgunea gertu ikusten nuen eta atzematen nuen hurrengo luzean batera eskalatuko genuela.

Asierrek luzea azkar eskalatu zuen eta konturatzerako ondoan nuen: "Diedrotxoa politte eh?" Esan zidan iritsi zenean. "Ba bai" erantzun nion, "pena luze ta tentegoa ez izatea".

Trasteak pasatu eta Asier bilgunetik atera zen.

Hirugarren luzea, 50 metro, 4a. Hirugarren luzeak bilgunetik gora zuzen jarraitzen du ahalik eta plaka bertikaleenak eskalatuz (4a) "Amona" bideak jarraitzen duen ezproiaren ertzera iritsi arte. Hemendik aurrera bi bideek bat egiten dute.

Asier bilgunetik ateratzen.


Gure kasuan, aurretik Josu zihoala ikusita eta batez ere Ikerri enbarazurik ez egiteko, Asierrek ertzatik metro batzuk eskuinera dauden plakak eskalatuz (IV) joan zen ertzak bertikalitatea galdu aurretik dagoen arte batera igotzen diren bi plaketaraino. "Amona" bidearen bosgarren luzea eskalatu genuenean eskuineko plaka jarraitu behar zela bagenekienez, Asierrek honen oinean bilgunea egin zuen.

Asier Iker eta Josuk jarraitzen ari diren bidearen eskuinetik eskalatzen.


Bilgunea jarri zuen lekura iristen. Ikerrek ezkerreko plakan egin zuen, baina hobe da eskuinetik eskalatzea.


Aurreko bi luzeen ondoren luze honetatik gehiago espero nuen eta Asierrek bidean topatu zituen plaka bertikaleetatik aparte misterio handirik gabe bilgunera iritsi nintzen.

Luzean topatu nuen plaka bertikaleetako bat,


Aurreko argazkia egindako plaka eskalatzen.


Zailtasunak amaitzen. Argazkian Iker, Josu eta Asier ikusi daitezke.


Iker eta Asier beraien bilguneetan.


Ikerrek eta Josuk beraien bilgunea ere ondoan egina zutenez Ikerrekin solasalditxoa egiteko aukera izan genuen: "zemuzko bidea?" Galdetu nion. "Politte" erantzun zidan, "baña zallagoa espero nun". "Zuek?" Galdetu zidan, "lehenengo luzea ederra benetan eta bigarrena ere ezta txarra baña hau deskafeinatu xamarra iruittu zait" erantzun nion.

Trasteen elkartrukearen ondoren azken luzea eskalatzeko prestatu nintzen.

Laugarren luzea, 45 metro, 4a. Iker eta biok bakoitzaren bilgunetik batera atera ginen. Hemendik gorako bidea ezagutzen nuenez, bidearen amaierara iristeko plaka ezberdin batzuk eskalatuz joan nintzen (III inguru), Ikerren bidetik 4-5 metro eskuinerago.

Zuzen jarraitu beharrean bilgunetik eskuinera atera nintzen. Argazkian Asier bilgunean ikusi daiteke.


Ikerrek ertzatik jarraitzen zuen bitartean ni eskuinagotik eskalatu nuen.


Argazki honetan hobe ikusi daiteke.


Bidearen amaierara eramaten duen azken plakara iritsi ginenean, Ikerrek nire aholkuak jarraituz ezkerreko plaka (4a) eskalatu zuen.

Azkeneko plaka eskalatzen.


Nik aldiz eskuineko plaka ahal izan nuen zatirik zailenetik (III+) eskalatu nuen, bidearen amaierari nolabaiteko saltsa bat emateko asmotan. Plakatxo hau eskalatu ondoren bidearen amaierara iritsi nintzen. Bilgunea oraingoan amaieran dauden zuhaixka baten enborratik zinta bat pasatuta egin nuen pausu zail eta bertikalik ez zeudela jakinda.

Iker eta Josu bidearen amaieran.


Josu azken bilgunean.


Asierrek azken plakaren azpian egindako argazkia. Oraingoan eskuineko plaka eskalatu genuen.


Gure azken bilgunea zuhaixka baten enborratik pasatako zinta.


Asier iritsi zenean berriro ere laurok elkartu ginen eta ezinbestean egindako bideen inguruan aritu ginen: "Zemuzkoa jun da eskalada?" Galdetu zidan Josuk, "Ba" hasi nintzen "lehenengo bi luzek onak, bateze lehenengoa, baina hortio gora errexa" erantzun nion. "Zuek?" Galdetu nion: "Ustenun zailtasun gehio izango zula" esan zidan. "Ikerrek berdiñe esan dit" esan nion. "Bueno, indeu ta listo" erantzun zidan. Ez zidan garbi esan baina uste dut Josuk ez zuela uste bezain beste disfrutatu. Ikerrek ere, nahiz eta Josu baino zoriontsuago izan, zerbait gehiago espero zuenaren sentsazioa zuela iruditu zitzaidan.

Gure aldetik, Josuri esan nion bezala, lehen bi luzeak (baina batez ere lehenengoa) ederrak iruditu zitzaizkigun, nahiz eta egia den azkeneko bietan zailtasunaren bila joan behar dela denbora osoan.

Bi kordaden argazkia, Izagirre eta Mujikatarrak.


Trasteak jaso, bidearen amaieran argazkia egin eta Eginorako bidea hartu genuen hurrengo egunetarako planak eginez.

Eginotik egindako azken argazkia, bertatik "Amona" eta "Asezinak" bideek jarraitzen duten ezproiak ikusi daitezke.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina