Azkeneko urteotan Aizkorriko kanaletan mistoan "sasi-eskalatzen" aritu arren, IIIgarren mailako zailtasunetik pasa gabe aritu gara. Harkaitzean ere, Txindokiko mendebaldeko gandorratik aparte ez dugu gauza handirik egin. Eta denbora azkar doa, batzuetan azkarregi, eta konturatzerako bi urte pasa dira harkaitzean eskalatu gabe, eta datorren urterako buruan ditugun helburuak konturatzerako gainean izango ditugu.
Eskuin tibia atzeko zurdaren lesioagatik Gorka fisioak korrikan lasai, presarik gabe, aritzeko aholkatu zidan. Egia esan aholku handirik ez nuen behar, zintaren gainean korrikan minik gabe bost minutu baino gehiago ez bainituen jasaten. Nire "etsipenean", aurrera eta atzera kaiolatik atera nahian dabilen lehoiaren moduan, etxean egun batzuk gora eta behera bueltaka neramatzan. Honelako batean, inongo intentziorik gabe, eskaladarako materiala gorderik dudan armairua ireki nuen. Armairuan zintzilik dauden sokak eta eskaladako trasteak ikustea seinale baten modukoa izan zen: "eta eskaladara bueltatzen bagea?" Pentsatu nuen "igual eskalatzen eztet minik izango".
Bitan pentsatu gabe anaiari deitu nion. Iker ere, ezker belaunean duen mina dela eta, azkenaldian geldirik zegoen, honegatik eskalatzeko plana proposatu nionean bitan pentsatu gabe baiezkoa erantzun zidan. Nafarroako San Fausto eskalada eskolan igande bat kirol eskaladan gure hankak frogatu eta minik ez genuela ikusita, hurrengo eskalada Jentilbaratzara doan hego-mendebaldeko gandorra (guretzat "Ataungo arista") egitea erabaki genuen, modu honetan hainbat luzeetako eskalada erraza eginez.
Jentilbaratza Goierriko eskalada eskolarik handiena da eta bertan zailtasun ezberdinetako hainbat bide topatu daitezke. Orokorrean arkaitza oso ona da eta zailtasuna "oparitzen" ez den eskola horietakoa da, hau da, bideen zailtasun maila oso ongi jarria dago. 80garren hamarkadan goierritar eskalatzaile talde bat hasi zen eskola hau ekipatzen eta lan ederra egin zuten. Duela gutxi bideak berriro ere ekipatu dira aseguru zaharrak berriengatik aldatuz. Kontutan izan behar da Jentilbaratzan egiten dugun eskalada egiten dugula kaskoa denbora osoan jantzita eramatea gomendagarria dela, eskalada bideen goiko haitzetan ahuntzak ibiltzen dira eta. Ezusteko bat baina gehiago izan ditugu ahuntzek botatako harri eta harkaitzekin. Etxetik hain gertu izanda Jentilbaratzan ordu batzuk egindakoak gara, baina oraindik blogean honen inguruko erreferentziarik egin gabe nuen. Lehen kronikarako, eskolak duen hainbat luzeetako biderik errazena aukeratu dut: Jentilbaratza mendira doan hego-mendebaldeko gandorra. Espero dut gustuko izatea.
Eskola honen inguruko informazio zabala hemen topatu daiteke.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzeak: 5.
- Zailtasuna: "Gipuzkoako eskalada gida" liburuan V zailtasuna ematen diote. Luzeek honako zailtasuna dute: 1ºL: V, 2ºL: IV, 3ºL: IV, 4ªL: IV+, 5ºL: III. Euria bota duenean ohikoa izaten da lehen luzeko sabaiaren azpia egun batzuetan bustia edota hezea topatzea. Bestela, lehen esan bezala, kontuz ahuntzekin, harri eta harkaitz asko botatzen dituzte eta.
- Orientazioa: Ipar-ekialdea, komeni da ura eramatea beroa egiten badu, inguruan iturririk ez dago eta.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 5-10 minutu.
- Erabilitako materiala: 60 metroetako bi soka (lehenengo luzean eskertuko dugu), luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Ez genituen katu-oinik erabili baina erabaki hau bakoitzaren trebetasunaren arabera hartu beharko litzateke. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogei minutu.
BIDEAREN KROKISA
Gorriz igoera eta luzeak eta orlegiz jaitsiera. Jaitsieran ikusten den hormatxo txikia Kantera sektorea da.
Krokisa gertuago.
BIDEAREN OINARA IRISTEKO
N-I errepidetik bagatoz (berdin da nondik), errepidea 419 irteeran utzi beharko dugu, GI-2120 errepidea hartu eta Ataun herrira iristeko. Ataungo San Martin auzoaren herrigunetik irten bezain pronto, Bittor jatetxearen ondoan, "Arrateta" auzora doan bidegurutzea hartuko dugu.
Arratetara doan bidegurutzea.
Bidegurutzea hartu eta gure parean gandorra parez-pare izango dugu.
Kotxez 300-400 metro egin ondoren, eskuinera doan bidegurutze zabal batean kotxea uzteko aukera izango dugu (bidegurutze honetan askotan moztutako enborrak uzten dira). Bidegurutze honen aurretik (75-100 metro inguru) bi baserrien artean pasa ondoren ezkerrera doan bidegurutze batean etxola itsurako zementuzko eraikin txiki bat dago. Eraikin honen ondoan ere kotxea utzi daiteke.
Zementuzko etxola txikia eta kotxea utzi daiteken lekua.
Gandorra kotxea uzten den lekutik.
Kotxea uzten den lekutik errepidean gora 30-40 metro inguru egin, eta errekara ez erortzeko dagoen petrila amaitzen den lekuan, erreka zeharkatuko dugu. Tarte honetan, eskuineko horman 3-4 metro inguruko bi eskala bide erraz daude, primerakoak haurrekin joateko.
Errekaren zeharkaldira arte egin beharreko bidea. Iker dagoen lekua da kotxea utzi daiteken eskuineko bidegurutze zabala.
Errepidetik ikusita, azken luzeko diedroa eskalaezina dirudi.
Petrila eta jarraitu beharreko bidea. Eskuin horman haurrekin jolasean aritzeko izan daitezkeen bi eskalada bideen aseguruak adierazi ditut.
Gora goazela lehen eskala bidea...
...Eta bigarren eskalada bidea.
Errekaren zeharkaldian kontu handiz ibili behar da bertako harria oso labainkorra da eta.
Zeharkaldia egin ondoren eta hemendik gora jarraitu beharreko bidea.
Erreka zeharkatu ondoren bidexka bat jarraituz metro batzuk gora egin, eta kotxetik 5-10 minutu inguruan gandorraren oinara iritsiko gara.
Bidearen hasieran.
DESKRIBAPENA
Eskalatzeko gose eta antsietate puntu batekin gandorraren oinara iritsi ginen. Korrika batean, norbait jarraika izango bagenu bezala, express guztiak arnesean zintzilikatu, soinean bilgunea egiteko material nahikoa nuela ikusi, eta Iker prest zegoela esan zidanean eskalatzen hasi nintzen.
Lehen luzea, 40 metro, V. Ekipazio berria jarri aurretik bidearen hasieran parabolt bat zegoen bertan aseguratu eta aurretik eskalatzen doana lehen paraboltean aseguratu aurretik erori ezkero bi eskalatzaileak errekaraino ez erortzeko, baina orain kenduta dago. Eskalada errazak egiteko ditugun zapatilek ematen diguten lasaitasunarekin lehenengo metroak eskalatu nituen gainean dagoen haritz txikira iritsi arte. Lehen metro hauek batez ere oinekin eskalatu eta eskuak oreka mantentzeko erabili nituen. Haritzaren parera iritsitakoan burua ukitu eta kaskoa motxilan nuela konturatu nintzen: "ostia eztet kaskoik jarri!!!" Esan nion anaiari "hainbesteko presakin ahaztu zait".
Lehenengo luzea.
Eskaladaren hasieran eta kaskoa motxilan jeje.
Iker 0 bilgunean. Aseguru berriaren ondoan zaharraren zuloa nola estali duten ikusi daiteke.
Haritzaren ezkerretik gora pare bat metro bertikal egin ondoren (esku eta oinentzako helduleko paregabeak daude) horma etzan egiten denez hurrengo metroak berriro ere oinekin igotzeko aukera eman zidaten eskaladaz gozatuz. Zati hau eskalatzen ari garen bitartean oso eskuinera ez joatea komeni da gandorraren eskuinean dauden eskalada bideetako aseguruekin ez nahasteko. Honegatik, luzeari zailtasuna ematen dion sabai azpira iristear gaudela gure eskuinean gertu ikusiko dugun bilgunea atzean utzi beharko dugu beste eskalada bide batekoa da eta.
Eskaladaz disfrutatuz eta aspaldiko partez behatzetan harkaitzaren energia sentituz, mugitzen den parabolt batean aseguratu ondoren izugarrizko pake sentsazio batek estalia sabaiaren azpira iritsi nintzen. "Bueno, hemen hasten die komerik" pentsatu nuen. Sabaia azpitik zeharkatzen duen pitzaduran behatzak sartuz eskuin-ezker egiten den zeharkaldiarekin hasi nintzen buruaren gainean azaltzen den paraboltean aseguratu arte. Harkaitza ona eta itsaskorra da eta normalean zeharkaldia ongi egiten da. Dena den, zeharkaldi hau askotan bustia edota hezea egoten da, baina hala ere, kontu handiz, zailtasun handirik gabe egin daiteke. Luzea hobe aseguratu eta soka tiraka ez eramateko komeni da mugitzen den parabolta eta hurrengo paraboltean express zintak luzeak jartzea, batez ere soka bakarrarekin joaten bagara. Gure kasuan, bi soka eraman genituenez, aseguru bakoitzetik soka bana jarri genuen eskalada erraztuz. Honegatik, eta batez ere express luzerik ez baduzue, nik bide hau bi sokekin eskalatzea gomendatzen dut.
Zeharkaldiaren ondoren bi hormen artean zutik egoteko aukera izango dugu. Nahiz eta hormen arteko pitzaduran zinta bat duen iltzea ikusi, guk parabolta duen horma eskalatu beharko dugu. Horma honen eskaladan dago lehen luzearen zailtasuna. Banekien pausu honek "truko" bat bazuela eta ezer egin baino lehen esku eta oinak non jarriko nituen irudikatzen hasi nintzen. Pausua egiteko prest nengoela, ezker besoa luzatuz eskuarekin hartzen den heldulekua hartu eta "Iker preeeeeest!!" Batekin ezker besotik tira egin eta gorputza gora igo nuen. Bapatean azpitik oinarentzat hain garbi ikusi nuen lekua desagertu eta oina non jarri ez nekiela gelditu nintzen. Orain arte sentitutako bake sentsazio atsegina di-da batean desagertu eta bihotz taupada eta arnasketa korrika bizian hasi ziren. Hau ikusita, ezker besoa leher eginda bukatu baino lehen, berriro ere nengoen lekura jaitsi eta, pausua nola egingo nuen berriro ere irudikatzen hasi nintzen bihotz taupadak eta arnasketa lasaitzen ziren bitartean. Oinarentzat dagoen puntu bakarra (harkaitzak egiten duen koxka txiki bat) non dagoen ongi memorizatu ondoren, ezker besoarekin berriro ere indar egin, eskuin oina, orain bai, koxkan jarri eta bigarren saiakeran gora egin nuen eskuin eskuarentzat dagoen helduleko paregabean indarra eginez. "Smithy egiñaaaa!!" Pentsatu nuen.
Azken metroak eskalatu ondoren bilgunea (bi parabolt, kate eta uztaia) dagoen erlaitz erosora iritsi nintzen.
Iker lehenengo bilgunetik.
Bilgunea antolatu, kaskoa motxilatik atera eta jantzi, eta dena prest nuenean, Ikerri talkiez abisatu eta eskalatzen hasi zen.
Sabai azpira doan plaka etzanean.
Bilgunera iristen.
"Joerrr, pausu hau nolakoa zen ahaztuta neon!!!!" Esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean, "errexago zelakon neon". "Baita nik ere" erantzun nion, "gañea gaur zapatilekin ai gea ta horrek ere zerikusie bauke". "Ba bai", Ikerrek, "lenengo metrotan hankekin konfiantza hartzea kostauzait".
Solasalditxo honen ondoren bigarren luzea ere nik egingo nuela adostu genuen. Ikerrek zekarren material guztia hartu eta berriro ere eskalatzen hasi nintzen.
Bigarren luzea, 40 metro, IV. Luze honen zailtasuna lehenengo metroetan dago, gainera lehen asegurua ikustea zaila egiten da, batez ere altua ez bazara. Zailtasun honi aurre egiteko bi aukera ditugu: Bilgunetik ezkerrera zeharkaldi diagonal eta bertikal bat eginez lehen asegurura arte eskalatu edota bilgunetik gora 2-3 metro eskalatu (errazago) eta aseguruaren parera iritsitakoan, ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin. Ez duguna egin behar da bilgunetik gora zuzen doan kanal itsurakoa eskalatu, ez baikaitu inora eramaten. Lehen luzean pasatako estualdia oraindik gogoan, bigarren aukera hartu nuen, zailtasunik gabe lehen asegurura iritsiz.
Bigarren luzearen krokisa.
Lehen aseguruaren gainetik (argazkian asegurua ikusi daiteke) bilgunera egindako argazkia.
Aseguru hontatik gora bideak zailtasuna galdu eta IIIko zailtasun inguruko plaka etzan batzuk eskalatzen joango gara, oinekin eskalatzeko paregabeak eta oinekin konfidantzaz ongi ez bagoaz eskuentzat ere helduleku onak dituztenak. Zati honetan lehen luzean ihes egindako pake sentsazioa itzuli zen, jada eskalada osoan lagun izango nuena.
Inongo ezustekorik gabe bilgunera iritsi nintzen (bi parabolt, katea eta uztaia). Bidea berriro ere ekipatu zuten arte bilgunea eskuinean (eskaladako norabidean) gelditzen diren haritz txikien enborretan egiten genuen.
Bilgunearen aurretik dauden plaka etzanetan.
Konturatu nintzenerako Iker nire ondoan zegoen. "Zemuz zoaz?" Galdetu nion, "de puta madre!!! A sako disfrutatzen" erantzun zidan. "Zeatio eztiezu hurrengo bi luzeei zuk ematen?", "Ea ba!" Konfidantzaz erantzun zidan.
Bigarren bilgunean.
Bigarren eta hirugarren luzeen artean gandorraren gainean 40-50 metro inguru oinez egin behar direnez (erraza), sokak jaso gabe Ikerrek gora egin zuen denbora irabazteko. Gandorra egiterakoan hau kontutan izan behar da, bigarren eta hirugarren bilguneen arteko zatia aseguratzen aritu den kordadarik ikusi izan dugu eta. Inongo zailtasun eta ezustekorik gabe hirugarren luzearen hasieran dagoen bilgunera (katea eta uztaia) iritsi ginen, guretzat bigarren "BIS" bilgunea.
Bigarren "BIS" bilgunean.
Hirugarren luzea, 45 metro, IV. Luzea erdi etzanda den hodi itsurako kanal bat eskalatuz hasten da. Eskilara baten moduan, oinentzat dituen heldulekuak aprobetsatuz, merezi du hodi itsurako honetan denbora hartzea benetan gozatzeko modukoa da eta.
Hirugarren luzearen krokisa.
Hodi itsurako kanalean.
"Hodi"a eskalatu eta gero nire ustez luzeari zaitasuna ematen dion itsasgarritasunezko plaka batekin topo egingo dugu, hau ere hasieran erdi etzana, baina oinek ongi heltzen dutena. Plaka tentetzen den lekuan eskuentzat primerako heldulekuak topatuko ditugu. Plaka eskalatu ondoren, harkaitz baten ondoan, laugarren bilgunea (katea eta uztaia) topatuko dugu.
Itsasgarritasunezko plaka, nire ustez luzeari zailtasuna ematen diona.
Ikerrek luzea oso azkar egin zuen, zapatiletan dagoeneko konfidantza osoa zuenaren seinale. Nik aldiz, luzea erraza izanda, lasaiago hartu eta helduleko bakoitza sentitu eta disfrutatuz igo nuen eskaladaren bake sentsazioa ahalik eta gehien sentitu nahian. Bilgunera iritsi, anaiari bidean jasotako materiala eman eta gora begira hasi zen: "hemendio ikusita goiko diedrok berea dula emateo ezta?" Bota zidan. "Bai" erantzun nion, "Baña gero uste baño errezago ittea, ez altzea akordatzen?". "Ba ez" erantzun zidan "bakizu nere memorikin beti bide guztik "a vista" eskalatzen dittudala" bota zidan irrifartsu.
Hirugarren bilgunean (bigarren "bis"-etik eginiko argazkia).
Laugarren luzea, 40 metro, IV+. Luzeak goian ikusten den diedrora garamatza eta bertan topatuko dugu luzearen zailtasunik handiena. Bilgunetik atera eta plaka erraz batzuk zuzen eskalatuko ditugu. Hanka asko igo behar den pausu batera iritsitakoan (hemen bada gaineko erlaitzean belauniko ere jartzen dena) luzeak pixkanaka ezkerrera hartzen du diedroaren azpira iritsi arte. Diedroa pazientziz hartzen badugu helduleku paregabeak topatuko ditugu. Bilgunea (katea eta uztaia berriro ere) diedroa eskalatu ondoren topatuko dugu.
Laugarren luzearen krokisa.
Luzearen hasieran.
Hirugarren bilgunea.
Diedrora iristen...
... Gertuago...
Iker luzea konfidantza osoz egin zuen. Diedroaren azpian dagoen paraboltean aseguratu, eta inongo zalantzarik gabe, aitaren batean erraztasun osoz diedroa eskalatu zuen. Tartean, gustura eskalatzen ari zenaren seinale, gelditu, beheraka begiratu eta argazki batzuk egiteko aukera ere eman zidan.
Diedroaren zatirik gogorrena eskalatu ondoren.
Laugarren bilgunean sokak jasotzen.
Hirugarren bilgunea laugarrenetik ikusita.
Ikerrek talkietik esan zidan bezala, diedroa azpitik ez dirudi hain zaila denik, baina hala ere kontuz eta buruarekin eskalatu beharreko lekua da, mendiari errespetua galdu gabe.
Diedroa azpitik.
Lehen metroak diedroan erdi sartuta egin ondoren, bi aldeetan dauden oin eta eskuentzako heldulekuak aprobetsatuz anaiaren parera iritsi nintzen: "Bueno, zallena bukauta" esan nion. "Ba bai" erantzun zidan "azken trepadatxok ta bertan gare".
Diedrotik ateratzen.
Hau da gozatuaaaa!!!!
Laugarren bilgunea.
Bosgarren luzea, 50 m, III. Gandorra jarraitzea besterik ez da egin behar. Luze honetan bi parabolt topatuko ditugu eta luzeari zailtasuna ematen dion harkaitza bere ezkerretik ekidin daiteke (pausu bakar bat da). Hala ere merezi du gandorraren ertzatik jarraitzea. Guk luze hau azkarrago egitearren Reversoa erabili gabe aseguratu genuen, eskalatzaile klasikoen moduan soka bizkarretik pasatuz. Luze hau ensanblean ere egiterik badago.
Eskaladaren amaierara iritsi aurretik dagoen erlaitz zabalaren ondoko harkaitzean lehen hirugarren parabolt bat zegoen eta bertan egiten zen azken bilgunea, baina orain kendu egin dute. Nire kasuan erlaitz honetan eseri eta bizkarra harkaitzaren kontra eta oinak lurrean dauden harkaitzetan ongi apollatuz anaia "modu klasikoan" (soka bizkarretik pasatuz) aseguratu nuen.
Bosgarren luzearen krokisa eta luzea amaitu ondoren gailurrarte oinez egiten diren azken metroak (urdinez).
Erlaitzean elkartu ginenean traste guztiak eta sokak jaso, azken trepadatxo erraz bat egin eta 20-30 metro egin ondoren Jentilbaratzaren gailurrera beste behin iritsi ginen.
Materiala jaso ondoren, atzean gailurra ikusi daiteke.
Azken trepadatxoak.
Jentilbaratza, 465 metro. "Earra, ezta?" Esan nion Ikerri "Pena luze gehio ez izatea" erantzun zidan. "Ba, bai" bota nion "gañea uste baño leno bukau deu" esan nion erlojua begiratuz. Egia esan nahiko arin ibili ginen eta ordu eta berrogei minutuetan bidea egina genuen.
Jentilbaratza, 465 metro.
Gailurrean argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen. Kotxera itzultzeko aukera eta modu ezberdinak daude baina nire ustez erraz eta seguruena honako hau da: dorrearen horma zenaren atzera iristen den bidexka jarraitu beharko dugu jaitsieran tarteka haritz txikiei helduz bidea labainkorra izaten da eta. Metro batzuen ondoren gure ezkerrean kanteraren horma ikusgarriarekin topo egingo dugu. Bidexka hormatik 2-3 metro eskuinetik doa eta berriro basora sartzen denean, behera zuzen jarraitu beharrean, gure eskuinean dugun harrizko kanala zeharkatu egin beharko dugu. Behera zuzen jarraitzen badugu destrepe delikatua duen hormatxo batekin (5-6 metro inguru) topo egingo dugu. Destrepe delikatu hau rapel motz batekin ekidin daiteke.
Harrizko kanala zeharkatzerakoan, gure parean, zuhaitzen adarren arten, dugun harrizko horma erreferentziatzat hartuko dugu. Modu honetan "Kantera sektorea"ra iritsiko gara. Hemendik kotxeraino belarrak estalitako pista bat jarraitzea besterik ez da. Jentilbaratzatik kotxera gutxi gora behera 20 minutuetako bidea izango dugu.
Gure kasuan, denborari kasurik egin gabe jaitsiera lasai hartu genuen, eskalada bat amaitzeak uzten duen sentimentu atseginen nahasketa ahalik eta gehien sentituz. "Kantera sektorean" eskalatzen ari ziren hiru gazte agurtu ondoren kotxera iritsi ginen eskaladaz disfrutatu izanak uzten duen irrifar berezi hori aurpegietan genuela.
Gandorra jaitsieran egindako argazkian. Hurrenarte!!!!
AZKEN 10 SARRERAK
2015/10/12
JENTILBARATZA (465 m), HEGO-MENDEBALDEKO GANDORRATIK, 260 m, V, 2015-09-19
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:49
Etiketak:
aralar,
arista,
ataun,
ertza,
eskalada,
gandorra,
jentilbaratza
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina