Eskaladaren itzulerako bidean eta, bide batez, aspaldian egindako eskalada bideak blogean ezagutarazteko lanarekin jarraituz, urriaren 10ean Asier eta biok Aiztondora itzuli ginen "Clásica Sur" bidea eskalatzea. "Ainhoa" bidearekin batera nire ustez horma honetan dagoen biderik errazena da, hainbat luzeetako eskaladan hasteko primerakoa.
Bide honen berezitasunik handiena bertikal jarraitu beharrean eskuin-ezker zeharkaldi diagonal bat eginez eskalatzen dela da, azken luzeko azken metroak "Ainhoa" bidearekin elkarbanatuz.
Bide honetarako helburu bikoitza ekarri genuen: Alde batetik, eta bietatik garrantzitsuena, eskaladaz disfrutatzea eta bestetik hormaren gainetik kotxera oinez egiten den bidea topatzea, bide hau jarraitzea erraza den eta batez ere horma rapelatzea baino gehiago merezi duen jakiteko.
OHARRA: 2017an MEKNF (Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Erakundea) Erakundeak Aiztondo eskalada eskolako bide asko kimikoekin berrekipatu zituzten bide batzuei aldaketaren bat eginez, horien artean “Clásica Sur” bidearen bigarren eta laugarren luzeetan. Bilgune guztiak ere berriak jarri dituzte.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 115 metro.
Luzeak: 4.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 4b (35 m), 2ºL: 5a (30 m), 3ºL: 5b (25 m), 4ªL: 5c (25 m). Lehen luzetik aurrera adi eskalatu behar da lekuren batean baino gehiagoan aseguruak topatzea ez baita oso erraza.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut. Hala ere, goiz ibiliz gero, 11:30ak arte bide osoa itzalpean eskalatzeko aukera izango dugu.
Hurbilketa: kotxea uzten den aparkalekutik 15-20 minutu.
Erabilitako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rapelatzen badugu eskertuko dugu bi rapeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko. Bidea rapelatzen badugu "Ainhoa" bidea jarraituz rapelatuko dugu.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokisa zehatzago.
BIDEAREN OINARA IRISTEKO
Oinara iristeko deskribapena kronika honetan irakurri dezakezue
Kotxea utzi genuen lekutik egindako argazkia. Argazkian bidearen oinara joateko jarraitu behar den bidea margotu dut.
DESKRIBAPENA
Goiza hotza iragarrita zegoen, eta Goierri estaltzen zuen behe-lainoa zeharkatu genuenean eguna hotza izateaz aparte garbia ere izango genuela ikusi genuen. Hala ere, nahiz eta kotxeak 6 gradu adierazi, trasteak jaso eta arin-arin bidearen oinara uste baino epelago iritsi ginen. Trasteak prestatzen ari ginela "ni hasiko naiz, hola azkeneko luzeari zuk emangoiozu" esan nion Asierri "Duela bi aste nahiko izan nun luze horrekin". Nahiz eta hasieran zalantzak izan, bidearen hasiera identifikatu, trasteak arnesetik zintzilikatu eta eskalatzen hasi nintzen.
Lehen luzea, 35 metro, 4b. Luze honetan izango dugun lehen zailtasuna hasiera zein den identikatzea izango da. Luzea hormaren oinean dagoen zuhaitz fin baten eskuinetik hasten da eta hormari gora begira bagaude metro batzuk gorago ikusten den zuhaixka baten eskuinetik ere doa. Beste erreferentzi bat izateko, bidea kimikoez ekipatutako bide baten eskuinean dagoena da.
Lehen luzea nondik doan identifikatzen. Nire ezkerrean ikusten den zuhaitz fina hartuko dugu erreferentzi bezala, baita zuhaitz honen gainean, horman, ikusten den zuhaixka ere, luzea bien eskuinetik doa eta.
Lehen luzea identifikatu ondoren, Asierri keinu bat egin, Talkiak piztu eta eskalatzen hasi nintzen.
Luzearen lehen metroak helduleku oneko plaka etzan bat eskalatuz egiten dira. Metro hauek ez dira zailak baina eskalatzaile asko pasata daudela nabaria da, harkaitza leuntzen hasita dagoelako. Plaka etzan hauen amaieran erlaitz eroso bat topatuko dugu.
Plaka hauek ederki gozatuz eskalatu nituen, ahal nuen guztietan eskuetatik tiraka aritu gabe, azkeneko luzerako indarrak gordez jejeje.
Plaka etzanen amaieran dagoen erlaitzean. Nire ezkerrean luze hau nondik doan jakiteko hormaren azpian identifikatu behar den zuhaixka ikusi daiteke.
Plaka etzanen amaieran dagoen erlaitzetik behera egindako argazkia. Luzearen oinean dagoen zuhaixka fina ikusi daiteke.
Erlaitz honetatik gora plaka zertxobait tentetzen da bilgunearen azpian dagoen arrail bertikal batera iritsi arte. Arrail honetan topatuko dugu luzearen zailtasunik handiena.
Arraila non dagoen identifikatzen.
Argazki honetan arraila non dagoen ikusi daiteke.
Arrailaren azpira iritsi, arnas sakon bat hartu eta konfidantzaz gora egin nuen. Oin nahiz eskuentzat helduleko ederrak ditu eta denbora osoan soka gainetik aseguratzeko aukera ematen duenez, lasai eskalatu nuen. Arraila eskalatu ondoren lehen bilgunea (uztaidun bi parbolt) dagoen erlaitz erosora arazorik gabe iritsi nintzen. Oraingoz eskalada ongi zihoan, ederki gozatuz.
Lehen bilgunean.
Lehen bilgunea.
Bilgunea antolatu, sokak jaso eta Asierri igotzen hasteko abisatu nion.
Asier luzea hasteko prest.
Arrailaren azpitik egindako argazkia, aseguruak eta bilgunea non gelditzen diren ongi ikusi daiteke.
Arrailatik irteten.
Bigarren luzea, 30 metro, 5a. Asierri soberan nuen materiala pasatu eta, "Reversoa" bilgunetik arnesera pasa nuenean eskalatzen hasi zen. Bigarren luzea gainetik dugun diedro/arrail nabariaren ezkerreko harkaitz-plaka eskalatuz hasten da, gero ezkerrean dugun zuhaixkara zuzenduz. Lehen metro hauek kimikoekin babestuta daude.
Argazki honetan lehen bilgunetik gora jarraitu daitezken hiru bideak ikusi daitezke: gorriz "Clasica Sur", urdinez "San Miguel de Aralar" eta orlegiz "La Juakina".
Asier harkaitz-plaka eskalatzen. Argazkia 2018ko maiatzakoa da.
Zuhaixken gainetik diagonalean eskuin-ezker doan arrail zabal eta ikusgarri bat jarraitu beharko dugu arrailaren amaierarte. Bertan, zuhaixka baten ondoan bilgunea bistan izango dugu. Bilgunera iristeko bi aukera ditugu: lehenengo aukeran zuzen joko dugu zeharkaldi horizontal bat eginez (pausu fin bat egin beharko dugu asegururik ez dago eta). Bigarren aukeran, bietatik errazena eta helduleko hobeak dituena, arrailatik pixkat gora jo, zeharkaldia egin eta zeharkaldiaren amaieran metro pare bat destrepatuko ditugu bilgunera iristeko. Zuhaixkaren ondoan bi bilgune ditugu: guk lehenengo bilgunean bilgunea muntatu genuen (uztaidun bi parabolt dituena), baina egokiagoa da bilgunea bigarrenean (bi parabolt) muntatzea hirugarren luzea hemendik gora hasten baita.
Lehen bilgunetik irteteko prest.
Hasierako diedro-arraila azpitik ikusita.
Hasierako arrail-diedroraino erraz eta ziurtasun handiz eskalatu nuen. Lehen esan bezala, zuhaixketara egin behar den zeharkaldiaren hasieran pausu arraro bat egin behar da. Nire kasuan, ezker beso eta hanka ahal nuen guztia ireki eta behatzekin ongi heltzen nuen helduleku batetik indarra egin ondoren pausua atera nuen. Gogoan daukat pausu hau errazago egiten zela, baina oraingoan ez nuen bide errazagorik topatu. Hemendik aurrerako metroak inongo eragozpenik gabe eskalatu nituen.
Zuhaixketatik gora doan arrail zabalam amaieran Asier bigarren bilgunean ikusi daiteke.
Arrailaren amaierara iristen. Goian ikusten den asegurutik bilgunera iristeko zeharkaldia egin beharko dugu.
Bilgunearen aurretik dagoen azken asegurura iristen (arrailaren amaieran).
Bilgunera iristeko ere gorputza "alertan" jarri zitzaidan. Duela urte batzuk bilgunera iristeko aukera zuzena eskalatua nuen baina oraingoan ere ez nuen oso ongi ikusi, honegatik, aukera errazena jarraitu nuen. Egia esan behar badut, bigarren luze honek zertxobait deskolokatu egin ninduen orain arteko pake sentsazioa mehatxatuz.
Bilgunera iritsi eta trasteak arnesean ordenatzen hasi nintzen: "eztet ba gustoa egin luze hau" esan nion Asierri "ez nabil oso eroso". "Egun guztik eztie igualak" erantzun zidan "gaur eztezu egun ona izango".
Bigarren bilgunea.
Asier bilgunean, atzean Uharte Arakil.
Hirugarren luzea, 25 metro, 5a. Nire burua ez nuen "eroso" ikusten, baina hala ere eskalatzen hasi nintzen, erosotasun eta pakearen bila.
Hirugarren luzeak eskuin-ezkerreko zeharkaldiarekin jarraitzen du. Bilgunetik atera eta berehala helduleku onak dituen plaka bertikal bat eskalatuko dugu ezkerreko norabidearekin. Plaka hau eskalatzeak ongi etorri zitzaidan orain arte nituen zalantza guztiak desagertu zirelako. Kuriosoa da batzuetan zein gutxi behar den egoera mental eta animikoa aldatzeko jejeje.
Plaka eskalatu ondoren.
Plaka hau eskalatu ondoren belarra duen diedro-erlaitz inklinatu erraz bat eskalatuko dugu, zutik eroso egon daitekeen erlaitz batera iritsiz. Diedro-erlaitz hain da nabaria ezen ez dirudi luzea hortik joango denik, batez ere aseguruen arteko tartea luzea delako. Hasiera batean diedrotik ezkerrera begira aritu nintzen bidea ezkerrago ote zihoan begiratzen, baina hemen ere asegururik ikusi ez nuenez, "Bueno, hemendio gora nijo ea ze daun" batekin Asierri adi egoteko eskatu nion.
Diedro-erlaitz inklinatua eskalatzen.
Metro batzuk eskalatu nituenean eskuinean erdi izkutaturik parabolt bat agertu zen: "beno, bidea gutxiñez hemendio dijo" pentsatu nuen.
Diedro-erlaitza eskalatu ondoren bigarren bilgunera egindako argazkia.
Erlaitzatik gora tarteka belarra duen arrail bat eskalatuko dugu bigarren erlaitz batera iritsiz. Arrailak helduleku onak ditu, baina hemen ere aseguruak topatzea zertxobait kostatzen da. Arraila eskalatu ondoren bigarren erlaitz batera iritsiko gara.
Erlaitzetik gora eskalatuko dugun arraila.
Bigarren erlaitzetik behera egindako argazkia.
Amaitzeko, helduleku oneko plaka bertikal bat eskalatuko dugu bilgunea dagoen erlaitzera iritsiz.
Bilgunera eramango gaituen plaka bertikala.
Plaka hau dirudiena baina errazagoa da eta ezkerrean dagoen harlauzaren laguntzarekin erraz eskalatu nuen. Hirugarren bilgunera (kate eta uztai batez lotutako bi parabolt) konfidantzaz toperaino iritsi nintzen. Bilgunera patxadaz muntatu, soka jaso eta Asierri igotzeko eskatu nion.
Hirugarren bilgunetik egindako argazkia.
Hirugarren bilgunea.
Bigarren bilgunetik hirugarrenera Asierrek egindako argazkia.
Asier plaka bertikalera iristen.
Plaka bertikalaren azpitik bilgunera egindako argazkia.
Asier di-da batean bilgunera iritsi zen: "eztakit, baña ustet bide hau
inbe dudala" esan zidan "ez naiz akordatzen pareta hainbeste gurutzatu
behar zenik". "Ba nik ustet honekin laugarren aldie detela" erantzun
nion "bakizu, hemen betik errezenak itten ditteun señale, jejejejeje".
Laugarren luzea, 25 metro, 5c. Trasteak pasatu, gora pixkat begiratu eta azken luzea eskalatzen hasi zen. Luzea plaka bertikal bat eskalatuz hasten da eta bertara iristeko metro pare bateko zeharkaldi horizontala ezkerrera egin beharko dugu (oinentzak eskuentzat baino helduleku ederragoak daude). Nahiz eta plaka hau ikusgarria izan, helduleko onak ditu eta hestuasun handirik gabe eskalatzen da. 2017an bidea berrekipatu zenean plaka honetan kimiko berriak jarri dituzte, baita lehenengo parabolta mantendu ere. Ezkerrerako zeharkalditxoa egin gabe ere plaka eskalatu daiteke. Honetaz aparte, plakaren amaieran zegoen harlauzaren zati handi bat apurtu da eta gelditu denari sika eman diote hormara itsasteko.
Asier plaka bertikalaren amaieran.
Argazki bera 20108an egina, kimikoak ikusi daitezke.
Plaka bertikala eskalatu ondoren hormak inklinazioa galtzen doa azken luzeari zailtasuna ematen dion sabai azpira iritsi arte. Nahiz eta erraza izan, bigarren eta hirugarren parabolten arteko tartea luzea da, hau kontutan izan bigarren paraboltetik hirugarrena ez baita ikusten.
Plaka bertikala eskalatu ondoren aurretik dugun "plaka etzana".
Laugarren bilgunetik aurreko argazkia eginda dagoen leku berberara egindako argazkia. Plaka "etzanak" ongi ikusi daitezke.
Sabai azpira iritsitakoan luze honek "Ainhoa" bidearen azken luzearekin bat egiten du.
Asierrek duen eskalatzeko modua oso elegantea da: eskalada lasaia,
segurua, inongo momentuan nekatzen ez den sentsazioa isladatzen duena. Sabai azpira iritsi zenean, pausuaren gainean dagoen segurutik soka pasatu eta, segundu batzuk pentsatu ondoren sabaia trebetasun osoz eskalatu zuen, pausua ezagutzen ez duenari erraza denaren sentsazioa isladatuz.
Nire kasuan, kordadan bigarren joateak ematen duen lasaitasunez pausua garbi egiten saiatu nintzen. Sabai gainean dauden heldulekuetatik tira egin eta gorputza altsatu nuen. Pausua gaindituko nuela uste nuenean ezker hankarekin helduleku baten bila hasi eta aireari ostikadak ematen hasi nintzen: "joerrrrrr, behize ez!!!!" Pentsatu nuen. Besoak gogortzen hasten zirela somatu nuenean sokatik zintzilikatu nintzen.
Sabaiko pausua atera nahian.
Ia garbi ateratzen dut.,,
... baina azkenean ezin izan nuen, nahiz eta bigarren aukeran pausua atera.
"Trukoa eskuin hanka goien dagoen repisilla hortan ateratzean dau" esan zidan Asierrek. Asierren aholkuak jarraituz, oinak lekuz aldatu eta bigarren aukeran pausua gainditu nuen. "Eztakit ba behize ingo nuken" esan nion. "Hortako behize probau behar" erantzun zidan irrifartsu.
Asier laugarren bilgunean, atzean Uharte Arakil.
"Bueno, ea oain jatxierako bidea topatzeun" esan nion. Lehenik hormatik irten beharra genuen. Honetarako "bosgarren luze" bat egin genuen. Asierrek hormatik ateratzeko pausua (IIko eskaladatxo bat) bilgunetik aseguratu eta ezkerrera oinez jarraitu nuen harkaitz batzuetatik zinta bat pasatu eta Asierri pausu hau aseguratzeko.
Uharte Arakil eta Beriainen ipar aurpegia eta Moteaundiko kanala hormaren gainetik.
Trastea guztiak jaso eta hasiera batean nondik jaitsi beharko ginen zalantzan aritu ginen: Ezkerretik hala eskuinetik? SUA Edizioak argitaratutako Carlos Velazquezen "Escalada en Navarra: Guía Completa" gidaliburuan hormaren eskuinetik bidexka bat jaisten dela adierazita dago. Hala ere, ezkerretik jaistea erabaki genuen, zergatik? Ba egia esan ez dakit, beharbada aparkalekua hemendik gertuago geldituko zela uste genuelako jejeje.
Trasteak jaso ondoren gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.
Harkaitzetik harkaitzera murgildu ondoren mendia aldapan behera hasten den lekura iritsi ginen. Bi mendien arteko zuloak osatzen duen diagonala aparkalekurako norabidea zuela ikusita, tarteka ahuntzek jarraitutako bidexkak jarraituz eta tartea bidexkarik jarraitu gabe, uste genuen bide errazenetik bi mendien arteko zulo edo ibar honetara hego-mendebaldeko norabidea jarraituz iritsi ginen. Hasiera batean zuzen jaisteko tentaldia izan genuen, baina bagenekien zuzen jaitsi ezkero Irripe sektoreko hormetara iritsiko ginela.
Mendiak behera egiten duen lekuaren hasieratik egindako argazkia eta gutxi gora behera jarraitutako bidea.
Behin mendien arteko zuloan, gure lasaitasunerako hemendik behera hego-ekialdeko norabidean bidexka bat zihoala ikusi genuen. Hasieran bidexka bat zena pixkanaka zabaltzen hasi eta, eskalada bidearen amaieratik 25 minutu inguruan kotxera itzuli ginen.
Kotxea utzitako aparkalekura iristen.
"Joer, ba jarraitu deun bidea hobea da paretan rapelatzen hastea baño" esan nion Asierri. "Ba bai" erantzunn zidan, "beste bateako badakigu".
Kotxean trasteak bota, txokolatezko barratxo batzuekin igoera ospatu eta Aiztondo beste baterako atzean utzi genuen.
Aiztondoko hormei azken begirada.
AZKEN 10 SARRERAK
2015/10/15
AIZTONDO, "CLÁSICA SUR" BIDEA, 115 metro, 5c (2015/10/10)
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
10:05
Etiketak:
aiztondo,
clasica,
clasica sur,
eskalada,
klasika,
sur
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina