AZKEN 10 SARRERAK

2015/10/04

AIZTONDO, "AINHOA" BIDEA, 110 m, 5c (2015/09/20)

Larunbatean Ataungo gandorra eskalatzen ederki gozatu ondoren, igandean eskalada eskola eta estiloaz aldatzea erabaki eta hormako eskalada egiteko asmoz, Iker, Leku eta hiruok Uharte Arakilen dagoen Aiztondo eskalada eskolara hurbildu ginen.

Aiztondoko eskalada eskola izan zen eskaladan lehen pausuak eman nituen lekua. Hemen ikusi nituen lehen aldiz "torloju" batzuk harkaitzean sartuta, eskalatzaile "mozorroa" lehen aldiz jantzi nuen eta hemen ere lehen aldiz oinen azpian amildegia izatea zer den sentitu nuen. Eskola ederra da, hainbat luzeetako eskaladan hasteko aproposa. Kirol eskaladarako dituen bideak ere ederrak eta zailtasun ezberdinetakoak dira. Eskarmentu handiko eskalatzaileen artean eskola honetako gradua "merkea" dagoela esaten da eta egia da hemengo "kintoek" beste eskola batzuetako "kintoen" gogortasunarekin (Eginoko monolitoak, Etxauri, Atxarte...) zerikusi gutxi dutela, baina neretzat "kinto" guztiek berea dute, eskarmentuko eskalatzailea ez naizelako izango da jejejeje.

Aiztondok hiru eskalada sektore ditu: Makurketa, Irripe eta Aiztondo. Azkeneko honetan hainbat luze eta zailtasuna duten 9 bide eskalatzeko aukera dugu. Eskola honen inguruko informazioa eta bide batez Nafarroako eskalada eskolen informaziorik zabalena SUA Edizioak argitaratutako Carlos Velazquezen "Escalada en Navarra: Guía Completa" gidaliburuan topatuko duzue. Gidaliburu hau euskal eskalatzaile guztien liburutegian egon beharko litzatekeela uste dut.

Gure kasuan, helburua luzeetako eskaladarekin jarraitu eta zailtasuna pixkat igotzea zenez, Aiztondoko hormaren ezkerretik doan "Ainhoa" bidea aukeratu genuen, nire ustez "Clásica Sur" bidearekin batera hormaren biderik errazena. Gainera, progresio moduan eskalatzeko aukera ematen du, luzeak egiten ditugun ehinean zailtasuna igotzen doa eta. Eta nola ez, Antxon Gorrotxategiren sinadura izanda, kalitatezko bide baten aurrean gaudela ez dago zalantzarik.

Aiztondoko eskola eta bertako sektoreak.


BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 110 metro.
Luzeak: 4.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategik.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 4b (30 m), 2ºL: 5a (25 m), 3ºL: 5b (30 m), 4ªL: 5c (25 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut. Hala ere, goiz ibiliz gero, 11:30ak arte bide osoa itzalpean eskalatzeko aukera izango dugu.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
Erabilitako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rapelatzen badugu eskertuko dugu bi rapeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko. Bidea rapelatu genuenez, rapelatzeko shunt aparatuak ere eraman genituen.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


BIDEAREN OINARA IRISTEKO

Etxegarateko mendatetik bagoaz, A-1 errepidea jarraitu eta Altsasun A-10 errepidea hartu beharko duzue Iruñako norabidean. A-10 errepidea 12garren irteeran ("Uharte-Arakil") utziko dugu (Irurtzundik etorrita ere, A-10 errepidea uzten den irteera 12garrena da). Irteeraren ondoren dagoen biribilgunean laugarren irteera hartu eta A-10 errepidearen gaineko zubia zeharkatu ondoren bigarren biribilgune batera iritsiko gara. Hemen NA-2410 errepidea hartzen duen irteera hartuko dugu. Eskuinera doan bihurgunearen ondoren bidegurutze batera iritsi eta ezkerrera hartuko dugu (NA-2410 errepidea jarraituz). Errekaren ondoko makaldian dagoen atseden lekua pasa eta zementuzko eraikin baten ondoan ezkerrera doan pista jarraituz aparkaleku batera iritsiko gara. Aparkalekua oso txikia da eta hiru-lau kotxe gehienez sartuko dira. Aparkaleku hontatik horma aldera joan eta bi basoen arteko zabalunea jarraitu beharko dugu (goi-tentsioko zutabeak daude). 5 minutu inguruan ezkerrean dugun basora bidexka bat sartzen dela ikusiko dugu. Bidexka hau jarraituz beste bost minutu inguruan hormaren azpira iritsiko gara

Kotxea uzteko beste aukera bat badago: atseden lekua atzean utzi ondoren kotxearekin aurrera jarraitu eta Aralarko San Miguelera doan zementuzko pista hartuko dugu. 150-200 metro ingurura gure eskuinean, pistatik kanpo, kotxea uzteko leku batzuk azalduko dira. Hemendik hormaren azpiraino ere 10-15 minutu pasako ditugu haritzen artean doan bidexka jarraituz. Kotxea hemen uzten badugu kontutan izan ezin dela zementuzko pista zapaldu. Behin baino gehiagotan polizia aritzen da pistan dauden kotxeei isunak jartzen.

Bidearen oinara iristeko krokisa, urdinez kotxez egiten dena eta gorriz oinez egiten dena. Kotxea uzteko hiru leku adierazita daude.


Atseden lekua utzi ondoren, zementuzko eraikinaren ondoan dagoen bidegurutzea: urdinez, aparkalekura joateko eta gorriz San Miguelera joateko.


Goitik egindako argazki honetan aparkalekura iristeko bidea (urdinez) ere ikusi daiteke. Gorriz San Miguelera igotzeko bidea.


DESKRIBAPENA

"Joñooooo!!! Frexko itteik" esan zuen Lekuk kotxearen berotasunetik kaleko 8 graduetara irten ginenean. Kotxetik traste guztiak azkar-azkar hartu eta, gorputza ahalik eta azkarren berotzeko asmoz, martxan jarri ginen. Lekuren lehen aldia zen Aiztondon eta hormaren azpira iritsi ginenean aho-zabalik gelditu zen alde batera eta bestera begira. Material guztia atera, eskalatzailez mozorrotu eta Iker prest zegoenean denbora luzerik galdu gabe eskalatzen hasi nintzen.

Aiztondora hurbiltzen.


Horma azpitik ikusita ikusgarria da benetan.


Lehen luzea, 30 metro, 4b. Lehen luze hau diagonalean ezkerrera eskalatuz egiten da. Lehen metroetan esku nahiz oinentzat helduleku paregabeak dituen plaka etzan bat eskalatuko dugu, hestuasunik pasa gabe, aseguruak gertu izateak ematen duen lasaitasunaz. Ongi etorri zitzaizkidan lehen metro hauek gorputza berotzen hasi eta eskalatzen izaten dudan pake sentsazioa sentitzen hasteko.

Lehen luzearen hasiera, helduleku onak dituen plaka etzana.


Iker eta Leku prest...


... Baita ni ere.


Bilgunera iritsi baino lehen plaka tentetu eta heldulekuak gutxitzen dira, itsasgarritasunezko plaka bihurtuz. Azken plakatxo hau da luzeari zailtasuna ematen diona. Hala ere, azken metro hauetan "tranpa" egin daiteke plakaren eskuinetik eskalatzen badugu. Nire kasuan, konfidantza osoa oinetan jarriz plaka zuzen eskalatu nuen, lasai, eta mugimendu bat egin baino lehen oinak eta eskuak non jarriko nituen ongi pentsatuz. Plaka eskalatu ondoren bilgunea dagoen erlaitz erosora zailtasunik gabe iritsi nintzen.

Talkietik Leku eta Ikerri prest nengoela esan eta behiak jezten arituko banintz bezala soka batetik nahiz bestea jasotzen hasi nintzen. Soka jasotzen nuena baino azkarrago eskalatuz (konfidantza handiarekin ari zirenaren seinale) konturatzerako nire ondoan nituen: "Politte luzea" Lekuk, "bai" erantzun nion "gorputze berotzen hasteko etzeok gaizki".

Iker itsasgarritasunezko plakatik ateratzen.


Bigarren luzea nork ireki eta boluntariorik ez zegoela ikusita, beraiek jasotako materiala soinean jarri eta eskalatzen hasi nintzen.

Lehen bilgunean, atzean Berain mendiaren ipar aurpegia.


Bigarren luzea, 25 metro, 5a. Eskalatzen hasi aurretik gainean eta ezkerrean ditugun bi zuhaixkak erreferentzi bezala hartuko ditugu, bidea zuhaixka hauen ezkerretik doa eta. Honetarako lehenik bi zuhaixkak orekan dauden hormaren azpitik ezker-eskuin zeharkaldi diagonal bat egin beharko dugu. Zeharkaldiak zailtasun handirik ez dauka esku nahiz oinentzat helduleku oso onak ditu eta.

Zeharkaldia bigarren zuhaixkaren azpian amaitzen da. Puntu honetan kontu handiz ibili behar da bi zuhaixken artean Irrintzi bidea doa eta (parabolta zaharrak daude). Guk zuhaixkaren ezkerrean dauden paraboltak jarraituko ditugu plaka bertikal bat eskalatuz. Plaka honetan dago luzearen zailtasuna. Plakak helduleko onak ditu baina, lehenengo luzean egin daitekeen bezala, plakaren eskuinetik eskalatzen badugu, helduleku hobeak topatu eta plaka errazago eskalatuko dugu. Dena den, aukera hau hartzen badugu litekeena da zuhaixkaren adarrek traba egitea.

Plaka bertikalaren azpira iritsi eta Ikerri badaezpada prest egoteko esan nion. Orain arteko eskalada etzanaren ondoren hasieran pixkat kosta egiten da bertikala den horma eskalatzea. Dena den, aseguruak ongi jarrita daudenez, arnasa sakon pare bat hartu eta burua animatuz gora hasi nintzen plaka uste baino errazago eskalatuz.

Plaka eskalatu eta zuhaixkak atzean utzi ondoren, ezkerrera diagonalean metro batzuk eskalatu eta bilgunera iritsi nintzen.

Bigarren bilgunean.


Bigarren bilgunearen kokalekua ez da erosoa, bi eskalatzaile nahiko lan dute bertan egoteko eta hiru zer esanik ez. Honegatik, Ikerri (bietatik aurretik zihoana) bilguneraino eskalatzeko eta Lekuri bilgunea iritsi aurreko aseguruan dagoen erlaitzean gelditzeko eskatu nien. Beharbada azken aseguru hontako erlaitza, nahiz eta oso handia ez izan, leku aproposagoa izan daiteke bilgunerako.

Iker plaka bertikala eskalatu ondoren, azpian zuhaixkak ikusi daitezke.


Hiruok elkarrekin ez geundenez, Ikerrek jasotako material guztia pasatu eta hirugarren luzea nik ere irekiko nuela adostu genuen, denon erosotasunerako.

Bilgunera iristen.


Hirugarren luzea, 30 metro, 5b. Luze honetan, gure gainean eta ezkerrean ikusten den haritza (artea hobe esanda) erreferentzi bezala hartuko dugu luzea haritz honetara eramaten gaitu eta. Bilgunearen ezkerretik atera eta bertikala den plaka bat eskalatzen hasiko gara (nire ustez plaka honetan dago luzearen zailtasunik handiena). Plaka honetan helduleku onak daude baina, orain arte ez bezala, besoetatik nahi baino gehiago tira egin eta ordurate eramandako pake eta kontzentrazioa galdu nuen. Erdi-arnasestuan plaka bertikalaren amaierara iritsi nintzen: "Ostiaaa!!!" Oihukatu nien "kontzentrazioa galdu ta hanketan dardarizokin nau". Honelakoetan egiten dudan bezala, horman eroso jarri, arreta osoa arnasketan jarri eta, bere onera itzuli zenean eskalatzen jarraitu nuen.

Bilgunetik ateratzen.


Iker bilgunean eta Leku bigarren luzeko azken asegurua dagoen erlaitzean.


Haritzara iristeko plakaren ondoren ezkerra diagonalean doan helduleku oneko erlaitz hestu bat eskalatzen da.

Haritza. Argazkian ikusten den aseguruan "txapatu" ondoren ezkerrera doan erlaitz hestua hartu beharko dugu.


Behin haritzera iritsitakoan gainean dugun plaka bertikala zuzen eskalatu beharko dugu. Plaka honetako helduleku onak aurkituz inongo zailtasunik gabe bilgunera iritsi nintzen. Bilgune hau ere ez da oso erosoa hiru eskalatzaile egoteko eta hirurak hala nola jarri ginen, Ikerren kasuan (oraingoan atzetik zetorren) bilgunearen ondoko harkaitz zubi batetik zinta bat pasatu eta bertan aseguratuz.

Hirugarren bilgunetik bigarrenera egindako argazkia. Eguzkiak jotzen duen lekuan erlaitz hestua dagoen zeharkaldia nolabait ikusi daiteke.


Iker eta Leku bigarren bilgunean.


"Bueno, zeinek emango ziok azken luzeari?" Galdetu nien. "Bestek irikita azkenekoa eztiau ba guk ingo, ez?" Bota zidan Lekuk irrifar maltzur batekin, "hola hik luze guztik de primero bukaukoittuk". Ikerri begiratu eta honek ere azken luzea irekitzeko asmo handirik ez zuela ikusita gora begiratu, arnasa sakon hartu eta eskalatzen hasi nintzen, Leku eta Ikerrek azaldutako "ausardia" eta "lankidetzari" erreferentzia eginez noski jejejejeje.

Laugarren luzea, 25 metro, 5c. Bidearen zailtasunik handiena luze honetan dugu. Bide hau "garbi" eta "askean" behin bakarrik egina nuen eta pentsamentu honek ezin izan nuen burutik kendu bilgunetik irtetzear nintzenean. Honegatik, noiz erokiko nintzen pentsamentuarekin "konfidantza osoz" (jejeje) eskalatzen hasi nintzen.

Bilgunearen gainean sabai txiki bat dago. Sabai honen azpiraino zuzen eskalatu eta bertan dagoen aseguruan "txapatu" ondoren ezkerrera pasako gara plaka fin eta bertikal bat eskalatuz. Heldulekuak orokorrean ez dira txarrak, baina nire uste apalean pausu finaren bat egin beharko dugu. Nik plaka honi nion beldurrik handiena, duela urte batzuk hemen ezusteko desatsegin bat izan nuen eta, baina oraingoan, eskuentzat baino oinentzat heldulekuak aukeratuz, uste baino errazago eskalatu nuen, nire lasaitasun eta konfidantzarako.

Sabai txikia (argazkian ikusi daiteke) eskalatu ondoren.


Plaka bertikal honen amaieran dagoen asegurutik hurrengo asegurura tarte luzea dago, baina irteera ezik, zailtasuna asko jaisten da, plaka etzan egiten da eta. Plaka etzana erraz eskalatuz luzeari zailtasuna ematen dion sabaiaren azpira iritsiko gara. Sabaia igotzeko oinak non jarriko diren ongi begiratu behar da eta ezinbestean besoetatik tira egin beharko dugu. Dena den, oso ongi babestua dago eta inongo momentuan minik hartzeko arriskurik ez dago (beti ere aseguratzaiea arretatsu badago, jejeje).

Sabaiaren azpira iritsi nintzenean banekien errazago igotzeko trukoren bat bazuela. Pausua babesteko dagoen asegurua "txapatu", mila aldiz oinak non jarriko nituen begiratu, eskuentzat goian dituen heldulekuei heldu eta "Baaaa Lekuuuuu!!!" Baten ondoren gorputza sabaiatik gora altsatu nuen. Burua sabaiaren gainetik atera nuenean ezkerrera begiratu eta azken asegurua ikusi nuen. Aseguru hau azpitik ez da ikusten eta bat-batean bidea egin nuen azkeneko aldian pausu hau aseguruaren azpitik errazago eskalatzen zela gogoratu nintzen. Baina ordurako besoetako giharrak marmarrean nituen eta indarrak erabat galdu aurretik Lekuri heusteko esan eta asegurutik zintzilik gelditu nintzen.

Besoak gutxi gora behera bere onera itzuli zirenean, izkutuan zegoen asegurua non zegoela jakinda bigarren saiakera egin nuen. Asegurutik express zinta pasa eta soka jasotzen hasi nintzenean besoak berriro ere dardarrean hasi ziren. Bitan pentsatu gabe express zintari heldu, soka mosketoiatik pasatu eta pausua A0-n egin nuen bilgunera arnasestuan iritsiz.

Laugarren bilgunean, bidea eskalatu ondoren.


Pausua artifizialean egiteagatik oraindik amorratuta sokak bildu eta Iker eta Leku eskalatzen hasi ziren. Biek sabaiaren pausua oso erraz egin zuten pausua zuzen eskalatuz, izkutuan dagoen aseguruaren azpitik zuzen igo gabe, kontutan izango dut luze hau errepikatzen dudanerako.

Iker sabai txikia eskalatu ondoren.


Plaka bertikalaren amaieran.


Sabaia azpitik ikusita.


Laugarren bilgunean.


Iker sabaiatik ateratzen...


...Oinentzat lekua bilatu...


...Eta azken esfortzua. Azpian ikusten den bordaren ondoan dago kotxeak uzteko aparkalekua.


"Ostia Xabi ona luzea, merittu handikoa" esan zidan Lekuk. "Bai, baña azken hontan tranpa ittek amorratu zitek" erantzun nion. "Halare earra izan dik" erantzun zidan. "Ta expresai heltzeagatik ez apurau, azpiko bati nik ere heutsiot" esan zidan anaiak.

Laugarren bilgunean.


Behin hiruok batera eskaladaren nondik-norakoak aztertzen joan ginen, bakoitzak estuasunik handiena non pasa zuen konpartituz

Iker eta Leku laugarren bilgunean.


Sokak jaso eta rapelatzeko prestatu ginen. Dirudienez, goitik ateratzen bagara badago oinez hormaren azpira jaistea baina hemengo bideak guk beti rapelatu izan ditugu. Gainera bi rapel eginaz hormaren azpira iristen denez, horman zintzilik denbora gutxi pasako genuela uste genuen.

Lehenengo rapela bigarren bilguneraino egin genuen. Rapelekin normalean izaten ditugun arazoetarako oso rapel garbi deta azkarra izan zen. Sokak bildu, bigarren rapela prestatu eta sokak behera bota genituen.

Eta bat-batean munduan inork azaldu ez dezaken fenomeno hori gertatu zen: ongi jasoak zeuden sokak ados jarri eta erabat korapilatu ziren. Soka "Potroiloraino" rapelatu eta korapiloa askatzen hasi nintzen: soka hemendik pasa, handik sartu, hemendik tira egin... Soka pixkanaka askatzen joan nintzen zentimetroz-zentimetro rapelatuz. Hasieran batean gauzak lasai hartu nituen baina denborak aurrera zihoan ehinean desesperatzen hasi nintzen. Momentu batean labana atera eta soka mozteko puntuan ere izan nintzen jejejeje. Gutxienez, eskerrak Shunt aparatua nuela, bi eskuak libre izanda korapiloa errazago askatzeko aukera ematen zidan eta.

Amaigabeak iruditu zitzaizkidan minutuen ondoren, azkenean juramentuen artean lurra berriro ere zapaldu nuen, inguruko eskalatzaileen begiradapean. Behin soka aske utzitakoan, Iker eta Leku di-da batean rapelatu zuten.

Eskalatzaile mozorroa kendu, zapatilak jantzi eta hormari "Beste bat arte" esan ondoen trasteak jaso eta kotxera itzuli ginen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina