AZKEN 10 SARRERAK

2015/11/17

ATAUN: ARTZATEKO HAITZEN ZEHARKALDIA (2015/10/12)

Irailaren 19an, Iker eta biok "Ataungo arista" eskalatu genuen, askotan egiten dugun eskalada honen deskribapen eta kronika bat blogean idazteko asmoarekin. Gandor hau eskalatzen genuen ehinean atzera begiratzen nuen, Jentilbaratzaren hegoaldean dauden haitz eta puntei begirik kendu gabe: "punta hoitatik arista osoa ikusikoa" esan nion Ikerri "ta arista osoko argazkie itten badeu kronikarako krokis elegantea geldittu leike".

Ataungo Jentilabaratza eskalada-eskolaren hegoaldean dauden haitz hauetara igotzeko aukeraz behin baino gehiagotan hitz eginda geunden. Tamalez, askotan gertatzen den bezala, etxe ondoko igoerak, edozein momentuan egin daitezkenaren aitzakian, betirako igotzeke gelditzen dira eta ez da sekula denborarik topatzen igotzeko.

Ikerrekin "Ataungo Arista" eskalatu nuen egun berean haitz hauen inguruko informazio bila hasi nintzen, bai etxeko mapa eta liburu zaharretan, baita interneten ere. Egun horretan ikasi nuen haitz hauek "Artzateko haitzak" izena dutela eta hiru haitz edo puntez osatua daudela: Artzate haitza (656 metro) hegoaldean dagoen haitzarik altuena, Itaundieta (608 metro) iparraldean dagoena, eta Loibe (625 metro) aurreko bien artekoa. Azken hau identifikatzen erraza da gailurrean puntu geodesiko bat dauka eta.

Urriaren 12rako eguraldi nahasia iragarrita zegoenez, ohean gelditu eta atseden hartuko genuela erabaki genuen. Baina goizean-goiz jaiki eta euririk botatzeko arriskurik ez zegoela ikusi nuenean: "zeoze inbeharko deu, ezta?" Pentsatu eta "whatsapp"-a dantzan jarri nuen. Hainbat mezuren ondoren Asier eta Ikerrek zeharkaldi hau egitera etorriko zirela esan zidaten.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Haitz hauetara nondik igo zitekeen ez nekien eta honetarako mendikat web orrira jo nuen. Bertako igoeraren deskribapena oinarritzat hartuz kotxea Bedamako zelaian dagoen antenaren ondoan utzi eta Loibe eta Itaundieta punten arteko lepora igo ginen. Hemendik iparraldera jo eta Itaundietatik iparraldera dagoen azken haitzeraino iritsi ginen, bidean ahalik eta punta gehienak igoz. Haitz honetatik "Ataungo aristari" argazki pila egin ondoren hegoaldera jo eta, parean topatu genituen punta eta haitz gehienak igoz, Loibe puntaraino iritsi ginen. Mendi honetatik Artzarte Haitzera trepadarik ez zegoela eta lehenengo euri tantak erortzen ari zirela ikusita, Artzate Haitza beste baterako utzi eta kotxera itzultzea erabaki genuen, azken haitz honen hegoaldeko gandorra destrepatuz.

Gorriz igoeran jarraitutako bidea eta orlegiz jaitsierakoa.


Ibilbidea Imanol Goikoetxearen "Aralar" maparen gainean marraztua.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 3 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Bedamako zelaia, 475 metro.
- Punturik altuena: Loibe, 625 metro.
- Desnibel positiboa osora: 360 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Ibilbidean ez genuen iturririk topatu, beraz, hobe da ura eramaten bada.
- Zailtasuna: Punten arteko gandorratik joaten bagara eta haitz guztiak igotzeko asmoa badugu II edo II+ zailtasuna inguruko pausuak topatuko ditugu. Dena den, pausu eta zailtasun guztiak ekidin eta ibilbidea inongo zailtasunik gabe egin daiteke.
- Eramandako materiala: Ez genuen ezer eraman. Dena den, haitz eta punta guztiak igo nahi badira eta II/II+ko eskaladatxoak egiteko erraztasunik ez badago kordino bat eraman daiteke pausu zailenak aseguratu ahal izateko.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 2 ordu.

Iblbidea deskargatu nahi baduzue. Azaltzen den ibilbidea iparrean dagoen azken haitzetik kotxeraino egin genuena da, haitz honetan konturatu bainintzen GPSa ordurarte itzalia nuela.



KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Argazki honetan Ataun herritik kotxea uzten den lekuraino jarraitu behar den bidea (gorriz) marraztu dut. Urdinez azaltzen dena Aralarrera doan errepidea da.


N-I errepidetik bagatoz (berdin da nondik), errepidea 419 irteeran utzi beharko dugu, GI-2120 errepidea hartu eta Ataun herrira iristeko. Ataungo San Martin auzoaren herrigunetik irten bezain pronto, Bittor jatetxearen ondoan, "Arrateta" auzora doan bidegurutzea hartuko dugu.

Arratetara doan bidegurutzea.


Errepidea jarraitu eta basoan sartzen garenean gure ezkerreann Enirio-Aralarrera doan bidegurutzea utzi eta Larditxiki-Bedamara doan bidegurutzea hartuko dugu.

Aralarrera joateko dagoen bidegurutzea, guk gorriz marraztutako bidea jarraituko dugu. Kartela ere gorriz azpimarratu dut.


Artzateko aitzak denbora osoan gure eskuinean ikusiko ditugu. Argazkia Larditxiki baserritik gertu egina da.


Hemendik aurrera errepideak gora jo eta zertxobait estutzen da baina ez dauka inongo arriskurik. Larditxiki baserria atzean utzi ondoren bigarren bidegurutze batera iritsiko gara eta hemen ere eskuineko aukera hartuko dugu, hau da, Bedamara doana.

Bigarren bidegurutzea eta jarraitu behar den bidea. Bedamara eramaten duen seinalea ere azpimarratuta dago.


Bedamako zelaira iritsitakoan antena bat ikusiko dugu. Kotxea antena honen ondoan utziko dugu. Lekua ez da oso handia eta kotxe pare bat sartuko dira gehienez.

Kotxea antenaren ondoan utzi ondoren.


DESKRIBAPENA

10:25, Bedamako zelaia, 475 metro.. Kotxetik atera eta denbora luzerik galdu gabe, Itzik Ordizian euria ari zuela ohartarazi zigun eta, arin-arin martxan jarri ginen.

Ibilbidea antenaren ondotik pareko pinudira doan belar-pista jarraituz hasten da.

Gorriz jarraitu beharreko bidea.


Bideak ez dauka inongo zailtasunik eta nahiz eta pixkanaka gorako joera izan, esfortzurik gabe jarraitzen den pista da.


Hasieratik 7-8 minutuetara, pistak ezkerrera bihurgune itxi bat egiten du. Hasiera batean zalantzan izan ginen bihurgunea hartu hala ez, baina azkenean bihurgunea hartu gabe "pista nagusia" utzi eta aurrera jarraitzea erabaki genuen gure ezkerrean haitzak utzita. Oraindik ez genekien baina Loibe mendiaren jaitsieran puntu honetara iritsiko ginen zuzen-zuzen.

Pistak bihurgunea egiten duen lekua, guk aurrera jarraitu genuen. Jaitsieran, Asier dagoen lekuan azalduko ginen gutxi gora behera.


Orain arteko bideak galtzeko arriskurik ez dauka. Gutxi gora behera ipar norabidea jarraituz, altuera handirik irabazi gabe joan ginen denbora osoan. Bidegurutze bat topatzen genuen bakoitzean orain arteko norabidea jarraitzen zuen aukera hartzen genuen, altuerarik galdu gabe. Eta honela jarraitu genuen pinudi baten erdian pista amaitu zen arte.

10:35, pistaren amaiera, 520 metro inguru.Hasiera batean zalantzan izan ginen zer egin, baina azkenean, gora begiratu, eta haitzen ekialdeko horma oso urrun ez zegoela ikusita, pinudian gora zuzen igotzen hasi ginen (mendebaldeko norabidean), orain arteko abiadura arina halabeharrez motelduz.

Pista amaitzen den lekuan, hemendik aurrera hauspoa ederki berotu genuen.


Goierriko pinudi bat izateko igoera nahiko garbia izan zen, sasirik gabe, baina bertako aldapak, nahiz eta abiadura moteldu, hauspoa ederki berotu zigun, jejeje.

Pinudian gora.


Pinudiak hurrizti bati pausu eman eta hurritz eta hormetatik eroritako harkaitzen artean haitzen ekialdeko hormaren oinera iritsi ginen. Bertan, hegotik iparrera (edo iparretik hegora, ikuspuntuaren arabera, jejejeje) doan erdi estalitako bidexka bat metro batzuetan iparrerako norabidean jarraitu genuen gure ezkerrean (ibilbidearen norabidean), edo mendebaldean, belar-kanal bat azaldu zen arte.

Hurriztian.


Bitan pentsatu gabe belar-kanala igotzen hasi ginen. Igoera, nahiz eta tarteka eskuak erabili behar izan, erraza da eta Loibe eta Itaundieta arteko haitzen arteko lepora iritsi ginen.

Belar-kanalaren hasieran.


Belar-kanalaren lehen metroetan.


10:45, belar-kanalaren amaierako lepoa, 560 metro inguru. Hemendik aurrera ipar norabidea hartu genuen. Igoerari "saltsa" pixkat ematekotan, gandorraren ertzetik ahalik eta denbora gehien joatea pentsatu genuen, modu honetan, trepadatxo errazak eginez, parean topatuko genituen punta guztiak igoz. Honela, lepoan bertan II+ inguruko trepadatxo bat egin eta ertzara igo ginen. Jarraitu aurretik esan beharra daukat, hasieran esan dudan moduan, ibilbide bera inongo trepadatxorik egin gabe ere egin daitekeela, zailtasun guztiak ekidin daitezke eta.

Kanaletik ertzara trepatzen. Gero, atzean dugun punta ere igoko genuen.


Ertzan harkaitza lehor, itsaskor eta urratzailea topatu genuen, hemendik mendizale gutxi ibiltzen denaren seinale, eta nahiz eta mendian korrika egiteko zapatilak eraman, harkaitzaren itsasgarritasunarekin inongo arazorik izango ez genuela ikusi genuen.

Eskaladatxo errazak bata bestearen atzetik lotuz, inongo zailtasunik gabe Itaundietaren hegoaldeko haitzaren puntara iritsi ginen.

Itaundietaren hegoko puntan.


Bere ipar aurpegira hurbildu eta amildegia besterik ez zegoela ikusita, honen ezkerretik doan belar-aldapa ahuntzek egindako bidexka batetik lepo bateraino jaitsi ginen. Hemen berriro ere gandorraren ertzara igo eta eskaladatxo erraz batzuen ondoren Itaundietaren gailurrera iritsi ginen.

Belar-aldapa edo kanaltxoa jaisten.


Berriro ere gandorrean.


Atzera begirada, Asier belar-kanaltxoa jaisten.


Azken trepadatxoak.


Itaundietako gailurrean.


10:55, Itaundieta, 608 metro. "Ta urrungo haitzera igotzen bagea?" Esa nien iparraldean dagoen beste haitz bat seinalatuz, "beharbada handio Ataungo arista earki ikusikoa".

Itaundietaren iparraldeko haitzak.


Itaundietaren mendebaldeko aurpegi belartsua kontu handiz jaitsi (belarra bustia zegoen eta) eta bigarren belar-aldapa bat (aurrekoa baino motzagoa) jaitsi ondoren, gandorraren ertzara berriro ere igo eta iparrean dagoen haitzaren puntara igo ginen. Gure harridurarako, honen iparraldean beste haitz bat ikusi genuen: "horrea ere igo beharkodeu" esan nien irrifartsu.

Belar aldapa jaisten.


Lehenengo haitzaren puntan, aurrean bigarrena ikusi daiteke.


Bigarren haitzaren puntaraino iritsi eta honen iparraldean hirugarren haitz bat ikusi genuen. Oraingoan ez nuen ezer esan beharrik izan, Asier eta Ikerrek begiratu eta irrifartxoa bota nienean hirugarren haitzara zuzendu ginen eta: "Hola jarraitzebadeu Ordiziraño iritsiko gea" bota zuen Ikerrek irrifartsu.

Azken haitzaren puntara igo eta, gure "lasaitasunerako" (jejeje) honen iparrean beste haitzik ez zegoela ikusi genuen (beno bat badago baina pagoen artean erdi-izkutuan jejeje), izan ere gandorrak behera jarraitzen zuen Arratetara iritsi arte. Punta honetatik "Ataungo Arista" ia bere osotasunean ikusten zenez, argazki kamara atera eta argazkiak egin eta egin aritu nintzen gandor honen inguruan idatziko nuen kronikan pentsatzen.

Jentilbaratza, Aizkoate, Intzartzuko haitzak eta Arastortz igo genuen azken haitzetik ikusita.


"Ataungo Arista" ia bere osotasunean, hemendik ikusgarria da benetan.


Atzera begirada, itzuleran igoko genuen lehenengo haitza.


Orduan konturatu nintzen korrikarako dudan erlojuko GPSa itzalduta nuela: "joerr, a ze amorrazioa!!" Bota nien. "Sikiera jatxierako bidea grabatzeik badezu" esan zidan Ikerrek. "Ba bai", erantzun nion, "gañea jetxiko gean bidea igotzeko ere balio dula seguru". GPSa piztu eta, sateliteak topatu zituenean, martxan jarri ginen.

Honaino jarraitu genuen bide bera jarraituz, Itaundieta eta Loibe artean dauden haitzen arteko lepora parean topatu genituen haitzen punta guztiak igoz itzuli ginen.

Aurreko argazkiko haitza igo ondoren, Itaundietaraino dagoen gandorra.


Zati asko oinez egin genituen.


Haitzetako punta batean.


Itaundietara berriro ere igotzeko aldaketatxo bat egin genuen eta belar-kanal txikitik igo ordez, honen ipar-mendebaldean dagoen haitzara iparretik igo (hemen IIItik gertu izan litekeen eskaladatxo bat dago), hegoaldetik jaitsi eta Itaundietara mendebaldeko aurpegitik igo ginen (joandako bidean jaitsi genuen aurpegi beretik). Modu honetan Itaundietatik behera joandako bidean jarraitu genuen belar-aldapa txikia saihestu genuen beste haitz bat igoz.

Itaundietaren gailurra (ezkerreko haitza). Oraingoan bi punten arteko belar-aldapatxoa jarraitu beharrean (zuhaitzengatik estalia dago) lehenik eskuinean ikusten den haitza igo genuen bestaldetik jaitsi eta Itaundietara igotzeko.


Eskuineko haitzara igotzen (III)


Eskuin haitzetik Itaundietaren mendebaldeko aurpegia honela ikusten da.


Eskuineko haitz honetara iristen.


Itaundietarako igoeran.


Gailurrean argazki azkar bat egin, honen hegoaldeko lepora jaitsi, belar-kanala berriro igo eta Itaundietaren hegoaldeko haitza berriro destrepatu ondoren haitzetara igotzeko jarraitutako belar-kanala amaitzen den lepora itzuli ginen.

Itaundietan egindako argazki "azkarra".


Itaundietan behera, parean igo beharko dugun belar-aldapa edo kanala ikusi daiteke.


Itaundietatik behera egin behar den destrepadatxoa.


Belar kanala hasten den lepora jaisten.


Belar-aldapa edo kanalean.


Itaundietako hegoko haitzan berriro ere.


Hegoko haitza jaisten, Loibe urrun ikusten da.


11:45, belar-kanalaren amaierako lepoa, 560 metro inguru. Hemendik aurrera, orain arte bezala, parean topatzen genuen zailtasunaren arabera, gandorraren ertzetik edota alde batetik joan ginen.

Belar-kanalaren amaieratik gora jarraitu genuen bidea.


Trepadatxo honetan pausu interesgarriak topatu genituen.


Zailtasunak amaituta.


Atzera begirada, Asier trepadatxoaren erdian.


Loiberen iparraldeko haitzara igo eta honen hegoaldeko ertza destrepatu ondoren, haitz hau eta Loiberen arteko lepora iritsi ginen. Lepo honetara ekialdeko pinuditik beste kanal bat iristen da, ziurrenik guk igoeran jarraitutakoa baino erosoagoa. Hemendik igotzeko aukera ere kontutan hartzekoa da.

Iker Loiberen iparreko haitzaren puntan argazkia egiten.


Argazki hau, alegia!!!! Jejejeje.


Loiberen iparreko haitzetik aurrera jarraitu genuen bidea.


Ipar haitzaren jaitsieran.


Nahiz eta erraza izan, tentea da.


Lepotik gora belar-aldapa bat jarraitu genuen eta aldaparen amaieraren ezkerrean dagoen haitz txiki bat igo ondoren bigarren lepotxo batera iritsi ginen.

Belar aldapa igotzen, lehenik ezkerrean ikusten den haitza igo genuen.


Atzera begirada, Loiberen iparrean dagoen orratzaren jaitsiera.


Hemendik gora, berriro ere ertzetik ahalik eta gehien mantenduz, II-II+ inguruko eskalada erraz batzuen ondoren hormigoizko puntu geodesikoa duen gailurrera iritsi ginen.

Loiberen gailurrera eramango gaituen azkeneko eskaladatxoan (II inguru).


Eskaladatxoaren erdian.


Asier eskaladatxoa amaitzen.


Gailurrerako azken metroetan.


12:00, Loibe, 625 metro. Argazki batzuk egin eta hasiera batean Artzateko Haitzera igo hala ez pentsatzen hasi ginen, baina bertaraino harkaitz gandorrarik ez zegoela eta, batez ere, euri tanta batzuk botatzen hasita zeudela ikusita, azkenean kotxera itzultzea erabaki genuen, "besten baten horrea igoko gea" batekin.

Loiben, 625 metro.


Hiruok gailurrean.


Jaisteko Loibetik hegoaldera doan gandorraren ertza jarraitu genuen. Destrepetxo erraz batzuen ondoren harkaitza amaitzen den pinudira iritsi eta inongo biderik jarraitu gabe pinudian behera (ekialdera) zuzen hartu genuen.

Jaitsieran topatu genuen zailtasunik handienean.


Pinudira iristen.


Jaitsiera honen amaieran, gure harridura atseginerako, igoeraren hasieran jarraitu genuen pistak ezkerrera egiten duen bihurgunera iritsi ginen, eta hemendik di-da batean kotxera itzuli ginen. Loiberen gailurretik kotxera guztira 20 minutu pasa genuen.

Berriro ere pistara iritsi ginen lekuan, pinuaren ondoan mugarri bat dago.


Mugarria gertuago, erreferentzi bezala hartu daiteke guk jaitsieran egin genuen bidea alderantziz egin nahi bada.


Bedamako zelaira iristen.


Kotxean sartu eta jaitsieran Gipuzkoako Foru Aldundia, Ataungo udala eta Gipuzkoako Mendi Federakuntzak Jentilbaratzako eskalada eskolaren inguruan jarri duten informazio kartelaren aurrean gelditu ginen hainbat argazki egiteko. Egia esan detaile handia eskalada eskola baten inguruko informazioa hain ongi zabaltzea.

Jentilbaratzako eskalada eskola.


Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ataungo udalak eta Gipuzkoako Mendi Federakuntzak jarri duten kartela, eskertzekoa benetan.