AZKEN 10 SARRERAK

2015/11/21

EGINO, "PLACAS DEL PÁJARO LOCO" SEKTOREA: "HASIBERRIAK" BIDEA, 190 metro, 4b (2015/11/14)

"El Pájaro Loco" bidea eskalatu genuenean, bigarren luzearen eskuineko horman luze bat eskalatzerik izango zen hala ez pentsatzen aritu ginen. Luze hau belar-kanal batek bitan banatzen duen ezker horma eskalatuz egiten da eta horma honetan topatu genuen harkaitzaren kalitate ona ikusita, harritu gintuen belar-kanalaren eskuin horman inongo eskalada biderik ez izatea (edo gutxienez inon ez dugu honen inguruko informaziorik aurkitu).

Honetaz aparte, "El Pájaro Loco" bidearen amaieraren eskuinean ur tantadun plakatxo bat ikusi eta eskalada-bide bat hemendik amaitzea ederra izango zela pentsatu genuen. Etxera joan eta hormari egindako argazkiak ordenadorean aztertzen aritu nintzen "El Pájaro Loco" bidearekin kontakturik izango ez zuen eskalada-bide posible baten bila. Helburu nagusiena belar-kanala dagoen horma honetara ahalik eta zuzenen iristea zen, oinez ahalik eta metro gutxien egiteko. Honetarako "El Pájaro Loco" bidea hasten den monolitoaren eskuinean (Eginotik begiratuta) dagoen monolito txikia hartu nuen erreferentzi gisa eskalada-bide berri hau hasteko.

Argazki batean interesgarriak ziruditen aukera ezberdinak marraztu eta MAT taldekoei whatsapp bidez bidali nien beraien iritzia jakiteko. Ez nuen denbora luzerik itxaron behar izan Asier horma miatzera etorriko zela jakiteko. Azkenean, Josu ere etorriko zela esan eta, larunbateko goizeko bederatzietan Eginon geunden miaketarako prest.

Aurrera jarraitu aurretik, Aizkorriko kanalekin egiten dudan moduan, argitu nahi dut "Hasiberriak" izena guk asmatu dugun izena dela, honen inguruko informaziorik inon topatu ez dugu eta. Ziurrenik hemendik dagoeneko bakarren batek eskalatu du eta ez dio inongo izenik eman, honegatik eskertuko nuke bide honen inguruko informazio edo izenik baduzue esatea.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 190 metro.
Luzeak: 4.
Nork irekia: Ez dugu daturik topatu. Josu Izagirre, Asier Izagirre eta Smithy Mujika 2015eko azaroaren 14ean???
Zailtasuna: 4b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (35 m), 2ºL: 4a (60 m), 3ºL: II+ (60 m), 4ªL: III+ (35 m). Lehen eta hirugarren luzeak saihestu daitezke.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 25 minutu inguru.
Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"-tik jaisteko bide beretik. Bidearen amaieratik Eginora 35 minutu inguru lasai joanda.
Erabilitako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, Alien semaforoa (grisa baita ere), mircrofriend pare bat eta lincam gorri eta horia. Bukatzeko, Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzen pasatako denbora: 3 ordu eskas.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

"El Pájaro Loco" bidearen oinera iristeko bide bera da, baina oraingoan honen eskuinean dagoen bigarren monolitora joango gara.

Gorriz, hurbiltzeko bidea, urdinez "El Pájaro Loco" bidea, horiz, "Hasiberriak" eta orlegiz jaitsierako bidea.


DESKRIBAPENA

Egino herritik bidea nondik eskalatu zitekeen irudikatzen eta behatzekin airean bideak "marrazten" aritu ginen: nondik sartuko ginen, zein erreferentzi hartuko genituen eskalada jarraitzeko, nondik irtengo ginen... Betiko moduan, eskaladak eta luzeak urrutitik erraz ikusten dira jejeje.

25 minutu inguruan "El Pájaro Loco" bidearen eskuineko bi monolito txikien azpira iritsi ginen: "Zuk nundik esatezu bidea hasteko?" Galdetu zidan Josuk, "ba ezkerreko hortatik, hola bidea nahiko zuzen ateako da". Bi monolitoak azpitik miatu eta ezkerrekoak ia zailtasunik ez zuela ikusita (II-III inguruan egon daitekela pentsatu genuen), eskuineko monolitoa eskalatzea erabaki genuen: "gutxiñez hemen zertxobait eskalatuko deu" esan zuen Josuk arrazoi handiz.

Eskalatu genuen monolitora iristen.


Lehen luzea, 35 metro, 4b. Josuk traste guztiak hartu eta Asierrek aseguratzen zuen bitartean, "askatasun" osoz argazkiak egiten aritu nintzen. Gustuko dut hiruko kordada egiten dugunean, biko kordadak egin ezin dituen argazkiak egiteko aukera ematen didalako.

Lehen luzea.Argazkian harkaitzaren kalitatearen arabera topatuko ditugun bi zati nabarmenak adierazi ditut.


Josu kontu handiz eskalatzen hasi zen, ihintzaren eraginez belar guztiak bustiak zeuden eta. Ikusgarria da lurra bustia dagoenean katu-oinak jazteko zein oreka eta postura arraroak egiten kapaz garen: zapatilak kendu, oinak lurrean jarri gabe katu-oinak jantzi eta katu-oinekin harkaitz baten gainean hanka bakarrean oreka mantenduz prozesua berriro ere hasten da. Tamalez gehienetan esfortzu hauek guztiak ezerezean gelditzen dira oreka galdu eta katu-oinak nahi baino gehiago bustitzen ditugulako, jejejeje.

Bidea hasten.


Josuk monolitoa zuzen eskalatu zuen. Hasieran harkaitz trinkodun plaka etzan bat, baina metroak irabazi eta horma bertikal bihurtzen zen ehinean harkaitzaren kalitateak behera egin zuen.

Harkaitz oneko plakaren lehen metroetan.


Harkaitz onean azken asegurua jartzen.


Luzearen zatirik bertikal eta zailenean zuhaixka baten enborraren inguruan zinta bat pasatu behar izan zuen gainean zituen harkaitz gehienak ezegonkor edota eskuarekin kolpekatu ondoren hutsak zeuden eta. Erdi-sendoa zirudien harkaitz baten azpiko arrailean Alien bat sartu eta, poliki-poliki, inguruko harkaitzak esnatu nahiko ez balitu bezala, pausu bertikala eskalatu zuen.

Eskuin eskuan dagoen zuhaixka da asegurua jarri zuena.Atzean Eginoko zazpigarren monolitoa.


Metro batzuk gorago Alien-a jartzen.


Hemendik gora, nahiz eta harkaitzaren kalitatea hobea ez izan, zailtasunak amaitzeak ematen duen lasaitasunarekin, arte batean bilgunea muntatu zuen.

Luzea amaitzen.


Asier eta biok luzea beste modu batera hartu genuen eta, ahal izan genuen neurrian behintzat, aske zeuden harkaitz eta harri gehienak kenduz eskalatzen joan ginen. Nahiz eta "garbiketa" lana egin pentsatzen dut oraindik ere harkaitz askeak izango direla.

Harkaitz ona amaitzen den lekuan.


Zailtasunak amaitzen. Harkaitza dirudiena baino okerragoa da.


Harkaitz txarreko zatian.


"Ostia Josu, ze ona!!!" Esan nion bilgunera iritsi nintzenean "meritu handiko luzea indezu, batez ere harkaitz horrekin". "Bueno" esan zidan "eztet ba asko disfrutau". "Luze honi zenbat emango zenioke?" Galdetu nion, "eztakit ba" erantzun zidan "IV+ igual gehitxo izangoa ta IV pixkat eskas, tarteko zerbait".

Lehen bilgunea.


Lehen bilgunetik lehen bilgune "bis"-era joateko, ezkerrera diagonalean 70 metro inguruko zeharkaldi bat egin genuen, arteek osatzen duten barrera horizontal batera iritsi arte. Zeharkaldia II-II+ zailtasuneko eskaladatxoren bat tartekatuz eta ahalik eta harkaitzik sendoena eskalatuz egin genuen. Arteek osatzen duten barrera pasabide batetik zeharkatu eta bigarren "bis" bilgunea plaka sendo bateko harkaitz-zubi ederrean muntatu genuen.

Zeharkaldian.


II+ zailtasuneko zatietako batean, azpian lehen luzea eskalatutako monolitoa ikusi daiteke.


Lehen "bis" bilgunea eta bigarren luzearen lehen metroak.


Bigarren luzea, 60 metro, 4a. Bigarren luzea muntatzen ari ginela bat batean gure atzean hiruko kordada bat azaldu zen: "joer bada kasualidadea honea bi kordada azaltzea" esan zidan Asierrek. Guk zerbait egiteko zain izango balira bezala gelditu eta ixiltasunezko segundu batzuen ondoren aurretik zihoanak zera galdetu zigun: "¿A la Arista de los Caracoles se va bien por aquí?". Gure begiak erabat ireki, eta oraindik txundituta, "Bufff, que va, tenéis que ir mucho más a la izquierda" erantzun nien. Gutxi gora behera nondik joan adierazi genienean, bidearen oinera arte zuten zeharkaldiagatik edo, "y vosotros, ¿Qué vais a hacer?" Galdetu zigun. "Pues, la verdad es que no sabemos" erantzun zion Asierrek, "hemos venido a dar una vuelta para ver cómo es esta pared". Gure plana oso erakargarria ez zela ikusi zutenean beherako bidea hartu zuten.

Josu bilgunera iritsi zenean (berak hormaren eskuinean dagoen espoloiaren igoera miatzera joan zen) ezin zuen gertatutakoa sinetsi: "eta ez al due ba informazioik ekarri?" Galdetu zigun. "Pentsatzet baietz" erantzun zion Asierrek, "baña jendea aurretio ikusiko zuen ta holakotan bakizu, aurrekoei jarraitzeiezu galderaik ingabe".

Bitxikeri honen ondoren bigarren luzea eskalatzeko prestatu ginen. Hasiera batean zalantzan izan ginen bilgunetik gora doan plaka edota 4-5 metro eskuinera dagoena eskalatzea, biak harkaitz sendokoak ziruditen eta. Asierrek azkenean lehen aukera hartu zuen.

Plaka hasieran ez da oso tentea eta ur-tantadun metro batzuetako plaka trinkoa eskalatu zuen.

Hasieran dagoen harkaitz-zubi txiki batean zinta bat pasatzen.


Ur-tantadun plakan.


10-15 metro eskalatu ondoren, goitik zuen harkaitzaren kalitatea okertzen zela ikusita, eskuinera 4-5 metroetako zeharkaldi horizontal bat egin eta bigarren plaka sendo bat zuzen eskalatu zuen amaiera arte. Bilgunera iritsi aurretik zailtasun gutxiko harkaitz bertikal bat eskalatu eta bilgunea harkaitz batetik pasatako zinta batekin muntatu zuen. Bilgunea bi friend-ekin sendotu zuen.

Zeharkaldiaren hasieran...


... Eta amaieran.


Bigarren plaka eskalatzen.


Bigarren bilgunea.


Asierrek eskalatu zuen bigarren plaka gure eskuinean 4-5 metro inguru zegoen plakaren jarraipena izan zitekeela ikusi genuen: "Josu, nahibazu zuk eskubiko plakatio eskalatu, ta hola bi plakak konparauko ditteu" komentatu nion, "hortan pentsatzen ai nintzen" erantzun zidan irrifar "maltzur" batekin.

Asierrek jarraitutako bidea eskalatzen nuen bitartean (sokak aseguruetatik pasata zeuden bezala nik ezin nuen eskuineko plaka eskalatu), Josuk eskuineko plaka eskalatzen hasi zen.

Josu eskuineko plakan.


Eskuinera egin beharreko zeharkaldira iritsi nintzenean eskua harkaitz handi batera bota eta erabat kolokan zegoela ikusi nuen. Josu harkaitzak erortzean egingo zuen bidetik kanpo eta hormaren azpian inor ez zegoela ikusita, Josuri abisatu eta harkaitza horman behera erortzen utzi nuen, "Piedraaaaaaa!!!!!" bat oihukatuz. Harkaitzak izugarrizko zarata egin zuen, batez ere gelditu zen zuhaitzaren kontra jo zuenean.

Zeharkaldia amaituta, Josuren zain gelditu nintzen argazkiak egiten nizkion bitartean: "zemuzko plaka?" Galdetu nion, "ba, politte" erantzun zidan. "Zenbaten eongoa?", "Ba IV+ ingurun eo".

IV+ plakaren amaieran.


Plakaren amaieran Josu igota zegoen harkaitzak dar-dar egin zuen: "Ostiaa!!!" Bota zuen, "haure botatzeko dau". Hasiera batean zalantzan izan ginen harkaitz hau ere horman behera bota hala ez, baina azkenean bertan uztea erabaki genuen, aurreko harkaitzak egin zuen zarata kontutan izanda. Honegatik, bigarren luzea Josuk eskalatu zuen plakatik eskalatzen baduzue kontutan izan plaka amaitzen den lekuan kolokan dagoen harkaitz handi bat topatuko duzuela.

Bigarren plakaren hasieran.


Hemendik gora harkaitz ederreko plaka eskalatu genuen bilgunera iritsiz. "Hoi da ostia harrik egin duna, hautse ta dena atea da" esan zigun Asierrek bilgunera iritsitakoan.

Josu bigarren plakaren erdian, harkaitza oso ona eta trinkoa topatu genuen.


Bigarren bilgunea eta honen azpian eskalatu behar den harkaitz bertikala.


Harkaitz bertikalean.


Hirugarren luzea, 60 metro, II+. Hirugarren luzea transiziozko luzea da eta bilgunetik gora doan gandorraren ertza jarraitzea besterik ez da. Gandorrak ez dauka inongo zailtasunik eta II+ inguruko hiru pausu isolatu topatu genituen. Gandorraren eskuinetik bagoaz zati hau oinez egin daiteke, baina "saltsa" galdtzen da jejeje.

Hasiera batean sokak jaso eta gandorra sokarik gabe egitea pentsatu genuen, baina azkenean, sokak jasotzen ez aritzeagatik, zintzilik nuen materialarekin gora egin nuen luze bat izango balitz bezala, zailtasuneko zatietan aseguruak jarriz.

Bigarren bilgunean.


Hirugarren luzean.


II+ zailtasuneko pausuetako batean.


Bilgunea muntatzen.


Bilgunea, gandorraren amaieran dagoen haitzaren eskuineko plakan dagoen zuhaixka batean muntatu nuen.

Hirugarren bilgunea.


Josu eta Asier di-da batean igo ziren gandorrak ia zailtasunik ez duela aprobetsatuz. Gandorra amaitzen den haitzan argazki bat egiteko aprobetsatu genuen.

Asier II+ zailtasuneko beste pausuetako batean.


Hirugarren bilgunea.


Josu gandorraren amaieran dagoen haitzan.


Izagirre anaiak gandorraren amaierako haitzaren puntan.


Hirugarren luzearen nondik-norakoak. Eskuinean ikusten den orratza "Placas del Pájaro Loco" bidearen  laugarren luzean eskalatzen dena da.


Hirugarren bilgunea, "El Pájaro Loco"ren laugarren luzeko monolitoaren ertzaren azpian gelditzen denez, hemendik gora ertza hau eskalatu eta bide honekin bat egin daiteke. Guk eskuinera 25 metro inguruko oinezko zeharkaldia egin eta bertako hormaren azpian hirugarren "bis" bilgunea muntatu genuen.

Bilgunetik "El Pájaro Loco" bidearekin bat egiteko jarraitu beharreko bidea.


Azken luzearen oinera iristeko zeharkaldian.


Laugarren luzea, 35 metro, III+. Behin baino gehiagotan idatzi izan dudan bezala, ur-tantadun plakak ez ditut batere gustuko. Behatzekin indar handia egin behar izaten da eta behatzetako indarra nire punturik ahulena denez, ez ditut eroso eskalatzen. Honegatik azken luzea ur-tantadun plaka bat eskalatuz hasten zela ikusi nuenean luzea nik irekiko nuela esan nien: "ez aldezu ikusi luzeak goterak dittula?" Galdetu zidan Asierrek, "ba, horregatio ba" erantzun nion, "bildurrei aurre egin behar zaiela esatea, ez? Gañea luzea ateatzen ez badet nunbaiten zeoze sartu ta jatxiko nazue". Traste guztiak jaso eta luzearen oinera iritsi nintzen, nire beldurrei aurre egiteko asmoz.

Luzearen oinean.


Ur-tantadun plaka etzana eskalatzen hasi nintzen. Nahiz eta aseguruak jartzeko aukerarik ez izan helduleku paregabeak ditu eta erortzeko arrisku handirik ez dauka.

Ur-tantadun plakan.


Hala ere, plakaren bi herenak (10 metro inguru) aseguru bat ere jartzeko aukerarik gabe eskalatu nituela ikusi, eta arrail txiki batean Alien orlegi bat jartzeko aukera izan nuenean, izugarrizko lasaitasuna hartu nuen. Asegurua jartzeak ematen duen lasaitasunarekin plakaren amaierara iritsi nintzen.

Aliena aukeratzen. A zer lasaitasuna hartu nuen jarri nuenean jejejeje


Ur tantadun plakaren amaieran.


Hemendik gora luzea nondik jarraitu argiago nuen. Hasteko, eskuinean dauden harkaitzak eskalatu nituen, tartean aseguru gehiago jarriz. Hemen belar pixkat dago baina belarrak saihestu nahi badira eskuinean dagoen ur-tantadun beste plakatxo batetik ere eskalatu daiteke.

Eskuineko harkaitzak eskalatu ondoren.


Irteeraren bila.


Harkaitz hauek eskalatu ondoren, ezkerrera diagonalean doan tximinia itsurako batean sartu nintzen. Tximinia honetan helduleko oneko harkaitza topatu nuen (nahiz eta ezegonkor zegoen bakarren bat ere izan), baina aseguruak jartzeko arazorik ez dagoenez, lasai eskalatu nuen.

Irteerako tximinian.


Azken asegurua jarri eta, luzea amaituko nuen ziurtasunean, tximiniatik oso zoriontsu irten nintzen. Bilgunea gandorrean topatu nuen harkaitz-zubi handi batean muntatu nuen.

Tximiniatik irten ondoren.


Hirugarren luzetik bidearen amaieraino egindako bidea zehatzago. Urdinez "El Pájaro Loco" bidearekin bat egiteko aukera marraztu dut.


Josuk ur-tantadun plakaren eskuinektik eskalatu zuen, itsasgaritasunezko pausuak eginez, Asierrek aldiz ur-tantadun plaka amaitzen den lekutik gora zuzen: "oso ona Xabi" esan zidan Josuk bilgunera iritsi zenean, "luze ederra, pena metro gehio ez izatea". Asier iritsi zenean "zemuzkoa zuk indezuna?" Galdetzea ezinbestekoa izan zen: "ba, ona, IV+ ingurun ibilikoa, baina de primero itteko eztakit ba, aseguruk jartzeko leku askoik eztau".

Josuk ur-tantadun plakaren eskuinetik eskalatzen.


Itsasgarritasunezko plaka eder batez gozatzeko izango dugu.


Asierrek berak egindako aukera zuzenean.


Aukera bertikalagoa...


... Baina aseguruak jartzeko aukera gutxiago dituena.


Laugarren bilgunean.


Traste eta sokak jaso eta Asierrek mugarri bat egin zuen bidearen amaiera nolabait adierazteko: "hola hemendio pasatzen gean bakoitzen jakingodeu nundik atera ginen".

Asierrek mugarria egiten ari zen bitartean Josuk beherako bidea  hartu zuen: "Ehhh, ezteula bidearen bukaerako argazkie atera!!" esan zidan Asierrek. "Joer, ba egie da" erantzun nion. "Bueno guk bat ingodeu ta gero Josuren argazki bat pegaukoet, jejejeje" esan nion irrifartsu.

Bidearen amaierako argazki erreala.


Eta argazki "ofiziala" jejejeje. Josu Arnales Sur mendiaren gailurrean dago jejejejejeje


Josukin elkartu eta etorkizunerako projektu eta abenturetaz hitzegiten Eginora patxadan itzuli ginen.

Eginoko kaleak.



Arratsaldean Josuren telefono dei bat jaso nuen. Bere ilobekin parkean jolasean ari zela hanka baten mina hartu eta giharretako zuntz haustura handi bat egin zuen. Tamalez gutxienez sei asteetan geldirik egon eta gero, berriro ere oinez pixkanaka hasi beharko du. Bere ahotsan nolabaiteko haserre, tristura eta atsekabea atzematen zen, ahalik eta handiagoa Eginoko jaitsieran mendian serio hasi beharra zuela esan zidala gogoratu zidanean.

Animo Josu eta besarkada handi bat, prozesu honetan sokalagun izaten jarraituko dugu eta!!!!!!!!!! Gaintza herriko hilerriaren sarreran irakurri daiteken bezala: "Gaur ni bihar zu".


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina