"Zure erabakiek zure itxaropenen islada izan daitezela, ez zure beldurrenak" Nelson Mandela.
Urtea espedizioaren lehen atseden egunarekin batera hasi genuen. Hurbilketak iraun zuen hiru egunen ondoren banuen gogoa atseden egun bat hartzeko eta, ni bezala, besteren batek ere atseden eguna ederki eskertu zuela pentsatzen dut, goizeko ordubietan beste agentzietako domoetatik musika, algarak eta oihuak gure litereetara iristen ziren eta. Musikagatik animatua edo, haizeak gauean zehar inguruko zokoak dantzan jarri zituen, baita gure logela ere, behin baino gehiagotan esnatuz. Bai, dudarik gabe batzuentzat gaua luzea izan zen.
Goizeko hamaiketan mediku azterketa genuenez goiza lasai hartzea erabaki genuen, iratzargailurik gabe. Eguzkiaren argitasunak goizeko zortziak eta laurdenean esnatu eta goizeko bederatzietarako gosaltzen ginen. Gosariak, beste otorduak bezala, mendizaleak behar dituen proteina, karbohidrato eta gantzez ederki hornitzen gintuen: kafea, infusio, arraultza nahasiak, esnea, pastak, zerealak, gaztarekin egindako torta batzuk, zukuak...
Mendiko liburuetan irakurrita nuen oinarrizko kanpamentuetako egunak atseden hartu, pentsatu, irakurri, idatzi eta datozen egunak prestatzeko aprobetxatu eta, kuriosoa bada ere, eskalatu behar den mendia eta espedizio taldetik mentalki ihes egin eta gogoeta egiteko izaten direla. Gosariaren ondoren goiko kanpamentuetarako anoa-poltsak prestatzen hasi ginen. Hiru motako anoa-poltsak prestatu genituen: gosaria, afaria eta egunen zehar jatekoa, bakoitzean bikoteari zegokion janaria sartuz. Sistema hau Fernando Garridok erakutsi zigun eta oso erosoa iruditu zitzaidan edozein otordurako elikagaiak aukeratzen aritu beharrean anoa-poltsa bat hartu eta bertan behar genuen guztia genuelako. Anoa-poltsa guztiak prestatuta, erosi genuen gehiegizko janariaz konturatu ginen: "esaten nian janari gehiegi erosi geniala" esan zidan Arkaitzek arrazoi handiz.
Plaza Argentina, domo gorri eta zuriak Inka Expediciones-enak dira. Eskuineko eraikin urdinean dutxak zeuden eta urruti ikusten diren bi etxolak (Argentinako bandera dutenak) parke zaindarien eraikina eta "osasun zentroa" ziren.
Komun bat barrutik. Ingurumen-arrazoiengatik gizonezkoek pisa egiteko ontzi berezia zegoen. Oso garbiak eta usainik gabekoak ziren.
Oraindik 4.200 metroetara ohitu gabe geundela somatzen zen azkar mugituz gero arnasestuka hasten ginen eta. "Osasun zentroa" parke zaindarien eraikinaren ondoko eraikina zen, Plaza Argentinaren erdian, agentzia guztietatik gertu. Luxurik gabeko eraikina, espazioa, esku-ohea, mahaia, botikak gordetzeko armairua eta aulki pare batek betetzen zuen. Euskal Herriko mediku eta erizainen kontsulteetara ohituta, eraikinean liburu eta ordenadorerik ez ikustea harritu ninduen.
Lauotatik azterketa egiten azkenekoa izan nintzen. Tartean, besteak ateratzen ziren heinean, azterketa batean izango bagina bezala, mediku eta erizainak egiten zituzten galderak "txibatzen" zizkiguten, honegatik, sartu nintzenerako galdetuko zidaten guztiarentzat erantzun bat pentsatuta nuen. Mediku eta erizaina hogeita hamar urtetik beherako bi mutil gazte ziren. Biak argalak, mendizale arropa eta itsurarekin, hainbat egunetan moztu gabeko bizarraren atzean eguzkiak belztutako azala nabaritu zitekeen. Galdeketa medikuak hasi zuen:
- Sus compañeros nos dijeron que tienen intención de subir por la Directa Polacos, ¿No?
- Si.
- ¿Qué experiencia tiene en altura?
- Por encima de 4.000 metros he subido al Mont Blanc, más alto no.
- ¿No ha subido nunca por encima de 6.000 metros?
- No.
- ¿El último mes a que altura máxima ha estado?
- A tresmil metros en Pirineos. - Erantzun nion Pirinioak mundu guztiak ezagutuko balitu bezala.
- ¿Tiene experiencia escalando en hielo?
- En hielo poca pero en mixto sí. - Esan nion Aizkorriko kanalak buruan nituela.
- Tensión 130/80 y saturación 86% - esan zuen orain arte ixilik izan zen erizainak galdeketa moztuz.
Galdera hauen ondoren osasun egoerari buruzko galderak etorri ziren: alergiak, bihotz edo birika gaixotasunak, bestelako gaixotasunak, eta. Nik emandako erantzunak fitxa moduko orri batean apuntatzen zituen. Besteengatik bazekiten erizaina nintzela, honegatik eramango genuen botikinaren inguruan ere galderak egin zizkidaten erantzun guztiak apuntatuz. Azkeneko erantzuna idatzi zuenean, altueran nuen esperientzia eskasagatik eskalatu nahi genuen biderako ausartegia nintzela aurpegira bota zidan: "el Aconcagua es una montaña muy seria y para ser la primera vez que vienen a escalar una montaña de más de seismil metros sin experiencia previa creo que son demasiado valientes" esan zidan oso serio. Irrifar baten bila erizainari begiratu nion baina honen begirada serioak alderik alde zeharkatu ninduen. Denak ixilik geunden bata besteari serio begiratuz, bazirudien barrez lehen nor hasiko zen jolasera jolasten ari ginela. Egoera ezerosoa izan zen erabat. Edo oso aktore onak ziren edo biak benetan ari ziren.
Iker eta Arkaitz mediku-etxearen aurrean.
Kontsultatik burumakur eta, zergatik ez esan, kikilduta ere atera nintzen, belarriak behera eta isatsa hanken artean dituen zakur izutua bezala. Kanpoan beste hirurak elkarren artean tentsio eta saturazio emaitzak konparatzen ari ziren, eskolan azterketen ondoren galderen emaitzak konparatzen aritzen ginen bezala. Denek tentsioa altua zuten, Ibonek batez ere: "zuek ez deshidratazeko gatzak eta mineralak hartzeko esan eta medikuak gatzarik ez hartzeko esan dit" esan zigun oso kezkatuta. Tentsioa altua izateagatik beldurtuta, egunean zehar honen arriskuei buruzko galderak behin baino gehiagotan egingo zizkidan. Osasun arazoekin oso beldurtia zela aitortu zigun. Beldurti izan hala ez, zuen emaitza altua kontutan izanda gailurrera igotzen hasi aurretik tentsioa berriro neurtzeko hitzordurik ez emateak harritu ninduen.
Plaza Argentina beste ikuspuntu batetik, eskuineko etxe zuria "osasun zentroa" da.
Bazkaldu aurretik, gogoeta egiteko momentua iritsi eta, hormigoi-makinaren moduan, buruari bueltak eta bueltak ematen aritu nintzen: zein zen medikuaren papera, mendizaleak kikiltzea edo mendizaleei begiak irekitzea? "Ausartegiak" ziren mendizaleekin behin baino gehiagotan topo egingo zuela suposatzen nuen, baita "ausartegiren" bat helikopteroz ospitalera eramango zutela ere. Nire burua ez nuen "ausartegitzat" eta AD zailtasuneko eskalada bidea eskalatzeko ondo prestatuta nengoela uste nuen. Hala ere, goi-mendian nuen kurrikulum-a behin eta berriz gogoratuz, medikuak arrazoirik ez ote zuen sinisten hasi nintzen.
Berdura-zopa eta txokolatezko mousse-arekin batera aspaldian jandako lasagnarik goxoena bazkaldu ondoren, anaia eta biok siesta egiten genuen bitartean Arkaitz eta Ibon bueltatxo bat ematera joan ziren, bide batez altuera irabazi eta aklimatazioarekin jarraitzeko. Esnatu ginenean, kontzientzia karguagatik edo, guk ere altuera irabaztea pentsatu eta, txamarra jantzi ondoren, lehen kanpamentura doan bidea ezagutzera joan ginen, Fernando eta Pedrok emandako aholkuei kasurik egin gabe: "los días de descanso son para descansar y vaguear" esanda zigun Fernandok.
Lasagnari egurra ematen.
Kontraesana badirudi ere, atseden egunean ez nekatzeko, hogei kiloetako zama gainean izango bagenu bezala igotzea erabaki genuen, mantso-mantso, hauspoa berotu gabe. Bidean Arkaitz eta Ibonekin gurutzatu eta, beraien gomendioei jarraituz, 4.500 metro inguruan dagoen lepo batera iritsi ginen bertan eseri eta Aconcaguaren ekialdeko horma izugarriaz gozatzeko.
Argazkian ikusten den leporaino igo ginen.
Penitenteen artean.
Lepora iristeko maldarik gogorrena amaitzen zen lekuan.
"Medikuk esan ditenei bueltaka ai naiz ta eztakit ba egin nahi deuna gehiegi izango ote den" esan nion anaiari poloniarren glaziarrari begira. "Hasieratio esan nizun, daukeun esperientzikin bide normaletio igotzea nahiko deula". Anaia espedizioaren hasieratik zuen ideia oraindik tinko mantentzeak lasaitu ninduen, ohiko bidetik igotzeko aukera hartuz gero bi anaiok batera igoko ginela ziurtatuta nuelako. Ordu laurden inguruan Aconcaguari begira izan ondoren Plaza Argentinara itzuli ginen.
Aconcaguaren ekialdeko horma.
Iker "txapeladun" penitenteen artean.
Plaza Argentinara iristen.
Arratsaldean parke zaindarien eraikinera itzuli nintzen orri batean hurrengo egunetarako plangintza idatzita emateko: "es por seguridad, para que en todo momento sepamos donde están" esan zidaten orria eman nienean. Zaindariei eskuetan nuen liburuak atentzioa deitu zien: "¿Es una guía española sobre el Aconcagua?, ¿Además está escrita por Heber?" esan zidaten mendiko gida utzi nienean. Heber Orona Plaza Argentinan zegoela ba ote nekien galdetu eta liburua sinatzea eskatzeko esan zidaten: "es una persona muy agradable, seguro que se lo firma encantado".
Parke zaindarien eraikinaren ondotik egindako argazkia.
Parke zaindarien eraikinaren parean jarritako eguraldi eta haize iragarpenerako kartela.
Tontakeria badirudi ere beti izan dut pertsona ezagun bati sinadura edota argazki bat eskatzeko izugarrizko lotsa. Heber Orona WI-FIa zegoen domoan ikusi nuenean arnasa sakon hartu behar izan nuen pare bat aldiz liburua sinatzeko eskatu aurretik: "No hay problema" erantzun zidan irrifar batekin. Ez dakit zenbat denbora pasa zen parke zaindarien eraikinean izan nintzenetik, baina Heberrek dagoeneko bazekien Poloniarren bide zuzena eskalatzeko asmoa genuela, baita gutako batek berak idatzitako Aconcaguako gida espainiar bat zuela ere. Herrietan, Ordizian gutxienez, zurrumurruen abiadura argiarena baino azkarragoa bada, Plaza Argentina bezalako leku txiki batean abiadura are eta azkarragoa izan zitekeela egiaztatu nuen.
Heberrek gida hura 2002an Desnivel editorialaren enkarguz idatzi zuela esan zidan, baita gida berritua Argentinan argitaratua zuela ere. Euskalduna nintzela esan nionean Edurne Pasaban ezagutzen zuela eta Tolosan pare bat aldiz izanda zegoela ere komentatu zidan: "allá se come muy bien". Eskarmentu handiko mendizalea izan arren (munduko zazpi gailurrik handienak eta Everest oxigenorik gabe eskalatutako lehen argentinarra, besteak beste) ez zuen, orain arte ikusitako gidariekin alderatuta behintzat, alpinista gihartsu baten antzik. Ia 1,90ko mendizale beltzaranak kirol askorik egiten ez duen pertsona normal baten itsura zuen eta sorbaldek aurreraka egiten zioten jestuagatik bizkarra okerra zuela ere zirudien. Hizkera lasaia zuen, mendian eta bizitzan asko bizi eta ikusitakoek izaten dutena, konfidantza ematen duen horietakoa. Berarekin solasalditxoa izan ondoren gure domora arro itzuli nintzen sinatutako liburua erakutsiz: "lehenengo aldie da idazle batek bere liburue sinatzen ditela!!!".
Domora hiru ipar-amerikar iritsi berriak ziren eta beraiekin afaltzeko aukera izan genuen: Scott, ekialdeko aurpegierakoa eta Chilen lana egindakoa, gazteleraz hitz egiten zuen bakarra zen. Jason, New York-eko mendi denda handi batean lana egiten zuen, eta James, itsura alternatiboko mendizale puska zen. Hirurak New York-ekoak eta eskalatzaileak zirela esan ziguten, James batez ere, honen bizkar, esku eta besoekin ez dut imajinatu ere egin nahi eskaladan zein zailtasun mailan ibiliko zen.
Anaia eta biok WI-FI eraikinaren parean.
Afaldu ostean, biharamunean lehenengo kanpamentuan utziko genituen gauzak (kanpin-dendak, janaria, esterak, su txikiak, gasa...) prestatu eta motxiletan sartzen aritu ginen. Honetan ari ginela Inkako zamaketariak ("Porter") diren Peluka eta Nestorrekin hitz egiteko aukera izan genuen. Biak oso gazteak, porter izateaz gain mendi-gidariak ere baziren baina porter lana nahiago zuten: "de esa forma tenemos más tiempo para escalar" esan ziguten irrifartsu. Plaza Argentinatik gertu baita Ameghino mendian ere eskaladarako bideak ekipatzen ari ziren eta ahotik ihes egiten zien hitz bakoitzarekin eskaladarekiko zuten pasioaz kutsatu gintuzten. Aconcaguaren hego horman proiektu bat zutela esan ondoren, egun batzuk lehenago poloniarren bide zuzena 24 orduetan "non-stop" eskalatu zutela esan ziguten: "acabamos deshidratados, oyendo voces, qué sé yo". Bidearen baldintzak oso onak zirela esan ziguten arren, beraiek egindako deskribapenak Heberren gida-liburukoarekin zerikusirik ez zuen: Botila-lepoan 90 graduetako 15 metro eta goiko ertzara iristeko 70 graduetako bi soka-luze eskalatu behar zirela esan ziguten: "hoi ez da AD" pentsatu nuen. Medikuak sartutako beldurraren berri eman genionean "no le hagan caso, el pibe tampoco tenía experiencia en altura cuando lo escaló el año pasado" esan ziguten irrifartsu bidea eskalatzeko behin eta berriz animatuz. Lehenengo kanpamentua non jarri gomendatu eta, iragarritako haize boladengatik lehen kanpamentuan utzitako gauzak ongi babesteko esan ondoren, lo zakuetara erretiratu ginen.
Gaua oso txarra pasa nuen. Literaren olana tinko mantentzen duen soka lasatu eta saihets eta giltzurrunak literaren barratako baten kontra nituela "lo egin" behar izan nuen bizkarreko minez esnatuz. 7:30etarako gosaldu eta Birgit-ekin hitz egiteko aukera izan genuen. Mandazainak Plaza Argentinara etorriko zirela aprobetxatuz bihar etxeko bidea hartuko zutela esan zigun, baita Jim gaur bigarren kanpamentura arte iristen saiatuko zela ere. Elkarri zortea opa ondoren, 15 kilo inguruko motxila bizkarrera bota eta martxan jarri ginen. Anaion asmoa? Orain arte jarraitutakoa, hauspoa ahalik eta gutxien behartuz igotzen joatea. Gainera, espedizioa hasi genuenetik eskuko ferularik gabe eta bi makuluekin ibiliko nintzen lehen eguna zenez, ez nuen eskua gehiegi behartu nahi.
Ibilbidearen lehen metroak atzotik ezagutzen genituen. Plaza Argentina pixkanaka behean gelditu zen arrasto oneko bidea jarraituz. Bideak morrena bat zeharkatzen duenez, ez da ibiltzeko bide erosoa eta bi makuluak ezinbestekoak dira. Orain arte gertatu bezala Ibon eta Arkaitzek aurrea hartu eta denbora gutxian anaiok beste behin bakarrik gelditu ginen: "¡¡¡Vascossssss!!!" Silvioren oihu nahasezina gure atzean entzun eta bezeroetako batekin zetorrela ikusi genuen. Besoarekin agurtu, elkarri animoak eman eta aurrera jarraitu genuen.
Harri soltez betetako bidean ia ordu erdiz igo ondoren atzo igotako penitentez osatutako elurtegi maldatsura iritsi ginen. Penitentea Andeetan ematen den pinakulu itsurako izotz formazio zorrotza da eta izena Aste Santuko prozesioetako penitenteei zor dio. Haizeak eta honek garraiatutako sedimentuen higaduraren ondorioz sotzen diren izotz-irudiak direla esan arren hauen sorreraren arrazoia bestelakoa da. Ikerketa ezberdinen ondorioz, penitenteen sorrera Andeetako ingurumen eta meteorologi-faktoreen menpean dago. Eguzki izpiek elurretan zulo txikiak egiten dituzte eta zulo hauetan izpiak indar handiagoz islatzen dira sublimazio mugatua handitu eta zuloa sakonduz (sublimazio mugatuarekin esan nahi dena da zuloetako elurra ez dela urtzen eta zuzenean gas izatera pasatzen dela). Fenomeno honek jarraitzen duenez, zuloak handituz eta sakontzen joaten dira izotz tontorrak zutik geldituz. Honegatik, penitenteak goitik behera sortzen direla esaten da. Behin penitentea sortuta, haizeak moldatuko ditu noski, baina sorrerarekin zerikusirik ez dauka.
Iker penitenteen artean.
Hasiera batean ibilbidea penitenteen artean badoa ere, ezkerrera jo (igoeraren norabidean) eta penitenteak eskuinean utzi genituen elurtegiaren ezker ertzetik igoz. Metro gutxietara hare eta harri soltez osatutako maldatxo ezeroso bat igo eta, berriro ere arrasto oneko bidera itzuliz, aldapa baten ondoren atzo igotako lepora iritsi ginen. Peluka eta Nestorrek ekipatzen ari diren hormaren gertutik pasatu eta, lehen desnibela gainditu ondoren, gure aurrean harri, izotz eta harkaitzez osatutako lautada zabaldu zen.
Arkaitz goiko lautadaren handitasunean.
Zerua oskarbi eta tenperatura freskoa zegoen, ibiltzeko primerakoa, hala ere, bidean ikusitako putzu eta errekatxoak izoztuak zeuden, gaua hotza izan zenaren seinale. Burura astronauten filmetan azaldutako ilargi edo Marteko lautaden irudia etorri zitzaidan. Baina lautada honetatik gehien txunditu ninduena ixiltasuna izan zen. Haizerik ez zebilen eta, begiak itxi eta indar guztiekin saiatu arren, ez zen gure arnasketatik kanpo beste ezer entzuten. Ixiltasun honek izugarrizko pake sentsazioa eman zidan. Bideak lautada harkaitzak, penitenteak eta izoztutako putzuak alde batetik eta bestetik inguratuz zeharkatzen zuen batzuetan gora eta besteetan behera eginez.
Iker lautada zeharkatzen. Lehen kanpamentura iristeko argazkiaren eskuinean ikusten den elurtegia igo behar da.
Izoztutako putzuak.
Lautadaren amaieran, lehen kanpamentura iritsi aurreko malda gogorraren hasieran, Arkaitz eta Ibonek harkaitz baten ondoan atseden hartzea erabaki zuten. Denbora luzean gure zain izan zirela pentsatu nahi izan nuen, gu iritsi bezain pronto goraka hasi ziren eta: "Aldapea errex igotzeik" esan zigun Arkaitzek. Nahiz eta pisu handirik ez eraman, sorbaldetan nolabaiteko molestia sentitzen hasita nengoenez, motxila gogo handiz kendu nuen. Lurrean eseri eta jan eta edateko denbora lasai hartu genuen.
Arkaitz eta Ibon maldaren hasieran.
Silviok hamaiketakoa gu baino beherago egin zuen: "Pendenza molto grande!!" Oihukatu zigun aldapa seinalatuz. "Piano, piano" erantzun genion. Hamaiketakoa amaitzear ziztu bizian zetorren mendizale bat ikusi genuen: "tipo hoi ostia bizin dator" esan zidan anaiak. 4.600 metroetan izan arren Usurben izango balitz bezala zetorren, gainean zuen motxila puskak eraginik izango ez balu bezala. Gure ondora iritsi eta "buen día" esan zigunean Porterretako bat zela konturatu ginen. Orkesta-gizonaren moduan, ez dakit zenbat litroetako motxilaz gain soka baten bidez hainbat traste zintzilik zeraman eta, itsuragatik behintzat, 30 kiloetatik gora eramango zituela esango nuke. A zer nolako indarra duten!!!
Aurretik genuen sekulako aldapa pazientziaz hartu genuen. Txindokiren Tximista bidea gogora ekarri zidan oso antzekoa baita, baina 4.600 metroetara. Lehen metroak harri artean igo genituen zetak egiten dituen bidea jarraituz. Arkaitzek esan bezala metroak uste baino errazago irabazi genituen eta malda ez zitzaigun gogorra egin. Silvio, bezeroaren abiadura jarraituz, pixkanaka atzean geldituz joan zen. Nahiz eta hauspoaz oso ongi joan, lo faltagatik edo, gorputza ahul eta nekatua sentitzen nuen, Iker ordea oso indartsu ikusi nuen ibilbide osoan. Malda harritsua igo eta gorputzak eskertu zuen malda gutxiko zatiaren ondoren lehen kanpamentura iritsi aurretik igo beharreko penitenteez osatutako elurtegi inklinatuaren oinera iritsi ginen.
Harrizko malda igo ondoren elurtegira iritsi aurreko "atseden" lekuan.
Aurrekoa bezala malda hau ere gogorra zen. Bidea nahiko zapaldua zegoenez kranpoirik ez jartzea erabaki genuen, ordainean oinekin baino makulu eta besoetatik gehiago tira eginez. Elurtegiaren amaierara iristear geundela ezkerrera pasatu eta, harri soltez osatutako azken aldapa gogorraren ondoren, maldaren amaierara hauspoa bero-bero nuela iritsi nintzen. Azken esfortzua eta lehenengo kanpamentua adierazten zuen egurrezko kartela ikusi genuen.
Lehenengo kanpamentura iritsi garela esaten duen egurrezko kartela.
"Hoi ez al da Ibon?" Galdetu zidan Ikerrek gu geunden lekutik 50 metro ingurura zegoen mendizalea seinalatuz. Ibonen ibilkera motela zen, orduan ez genekien nahita edo nahigabe hartutakoa, baina, kontutan izanda gu poliki igo ginela, hain gertu ikusteak harritu gintuen. Lehen kanpamentua 4.900 metroetatik gora zintzilik dagoen zelaigune batean kokatzen da. Non nahi kanpin-dendak muntatzeko lekuak daude eta kanpamentuaren ezkerreko elurtegia Ameghino lepo eta menditik beherako elur eta izotzetik jaiotako errekatxo estuak zeharkatzen du. Aldeak mantenduz Pinetako Balkoia gogora ekarri zidan.
Lehen kanpamentua dagoen zelaigunean, kanpin-dendak muntatzeko lekuen artean. Kanpin-dendak argazkiaren erdian ikusten den elurtegiaren ezkerrean dagoen harkaitz handiaren atzean muntatu genituen.
Kanpin-dendak muntatzeko lekuen artean kanpamentua zeharkatu eta, metroak irabaziz, erdian zegoen elurtegia ezkerretik inguratu genuen. Azken maldatxo bat igo eta, 5.050 metroetara, harkaitz handi baten ondoan, Peluka eta Nestorrek gomendatutako lekura iritsi ginen, kanpamentu osoa zeharkatzen duen errekatxotik 30 metro ingurura. Eguerdiko hamabiak ziren, beraz, Plaza Argentina eta lehen kanpamentuaren arteko metatutako 850 metro positiboak hiru ordu eta berrogei minutuetan bete genituen, uste baino lehenago, lau orduetatik gora ibiliko ginela aurrikusita genuen eta.
Iritsi ginenerako Arkaitz kanpin denda jartzeko lekua egokitzen ari zen bertako hormatxoa harri eta harkaitzekin sendotuz. Nahiz eta bi dendak muntatzeko lekua zela esan, froga ezberdinen ondoren berak aukeratutako lekuan bi dendak sartzen ez zirela frogatu ondoren, ondoko beste leku batean trasteak bota eta hormatxoaren sendotze lanekin hasi ginen harkaitzak leku guztietatik ekarriz. Ibonek ez zuen aurpegi onik eta harkaitz pare bat hartu ondoren eseri behar izan zuen: "enanitoak buruan ditut" esan zigun buruko mina zuela adieraziz. Orduan ulertu nuen zergatik igo zen hain poliki. Eserita lasai egoteko esan eta beste hiruon artean bi hormatxoak eraikitzen amaitu genuen: "ni gora nijek ea enanitok topatzen zizkiaten" esan zigun Arkaitzek motxila eskuetan zuela. Gu bertan geldituko ginela esan ondoren Ameghino lepora igotzen hasi zen: "Hau Mariano Galvan ikusten duen joan da" esan zigun Ibonek. Aurreko egunetan porter, parke zaindari, Inkako langile eta mendi-gidariei Mariano Galvan Pakistanetik ezagutzen zuela eta Aconcaguan ba ote zegoen galdezka aritu ondoren, Guanacos kanpamentuan (bigarren kanpamentua) zegoela esan ziguten. Ibon eta bi anaiok bazkaltzen eta hidratatzen genuen bitartean, Arkaitz urrundu heinean koloreak galdu eta geroz eta txikiagoa egiten zen puntu beltz batean bihurtzen zela ikusi genuen.
Lehen kanpamentuan. Ibon eta Iker Arkaitzek hartutako lekuan daude, gorago gure trasteak utzitako lekua ere ikusi daiteke. Atzean Ameghinoren hego horma eta honen ezkerrean izen bereko lepoa.
"Behera joango gara?" Galdetu zigun Ibonek. Taldekide bat mendian bakarrik uztea kezkatzen ninduen, ezustekoren bat gertatuz gero bakarrik geldituko ez ote zenaren beldurrez. "Ameghino lepora iristeanen buelta ez badu hartzen jungo gea, ondo?" Esan nion. "Gañea beak erabaki du hauntza igotzea, gaurko plana honaño igotzea zen bakarrik" erantzun zuen anaiak arrazoi osoz. Ameghino lepora iritsi zenean zer egingo zuenaren zain izan ginen. Plaza Argentinara denak batera itzultzeko buelta hartuko zuenaren esperantza nuen, baina Arkaitzek gora jarraitu eta gure bistatik desagertu zen. Hau ikusita, adostu bezala, Arkaitzi janaria dendak eta materiala utzitako txokoan utzi eta beherako bidea hartu genuen.
Beherako bidean, azpian lehen kanpamentua kokatua dagoen zelaigunea ikusi daiteke.
Jaitsiera, igoera bezala, lasai hartu genuen, Ibon aldiz, gu baino arinago jaisten hasi zen buruko mina gainetik ahalik eta azkarren kendu nahiko balu bezala. Penitenteez osatutako elurtegian izugarrizko mendizale ilararekin gurutzatu ginen: "plastikozko botila bat galdu dudala uste dut" esan zigun Ibonek harrizko maldaren amaierara iritsi ginenean. Hasiera batean zalantzan izan arren, non zegoen ziur zekiela esan ondoren goraka hasi zen. "Merezi al du plastikozko botila batetio gora jutea?" Galdetu zion anaiak, "gertu dagoela uste dut" erantzun zion metroak irabazten zituen bitartean "uste dudan tokian ez badago behera joango naiz".
Lehen kanpamentutik behera, penitenteez jositako elurtegia jaisten. Goraka zihoan mendizale ilara ikusi daiteke.
Denbora batean Ibonen zain izan ondoren beherako bidea hartu genuen: "hok dijozten belozidadekin harrapauko gaittue" esan zidan anaiak. Iker oso motibatuta eta indartsu ikusten nuen eta Ibon larri ikusteak indarra eman ziola ere esango nuke, orain arte lauotatik ahulena zela sinistua baitzuen. Jaitsieran Jim aurreratu genuen. Arkaitzek hala baieztatuko zigunez, Ameghino lepoaren aurreko elurtegira arte igo eta, kranpoirik gabe, erorketa baten beldurrez, beherako bidea hartu zuen. Igo zen lekura arte igotzea kristoren meritua izan zuen, baita indar handia ere, batez ere hirurogei eta hamar urte zituela kontutan izanda. Mendizaletasuna eta adina bat ez datozela berriro ere argi gelditu zen.
Atzera begirada, mendizaleak penitenteez osatutako elurtegian gora.
Iker Aconcaguaren ekialdeko horma atzean duela.
Bi anaiak.
Plaza Argentinara laurok arazorik gabe itzuli arren, Ibon arratsaldean zehar ixilik eta pentsakor izan zela somatu nuen: konturatuko ote zen honelako mendi bat igotzeak zer suposatzen duen? Bera ere, ni bezala, poloniarren bide zuzena gure eskuetatik kanpo izan zitekeela pentsatzen hasita egongo zen? Anaia pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala hurbildu eta "Ibonek gaur kriston ostia hartu du" esan zidan.
Afaldu ondoren Jim eta Birgit-en bisita izan genuen. Beraiekin argazki batzuk egin eta Euskal Herria eta Irlandak duten antzekotasunez hizketan aritu ginen, baita Euskal Herria eta Espainiaren arteko harremanaren inguruan ere. Atentzioa deitu zidan espedizio osoan atzerritarrek, espainiarrek barne, independentzia eta Espainiarekiko harremanaren inguruan genuen iritzia jakiteko zuten jakin-mina, eguneroko bizitza aspektu hauen baitan izango bagenu bezala. Gure artean euskaraz egiten genuela ikusita, Jim-ek euskara nola mantendu dugun galdetu eta Irlandan gaelikoarekin gertatutakoarekin alderatu zuen: Nahiz eta ezagutu, irlandarrek, gazteek batez ere, ez dute kalean gaelikoz hitz egiten. Birgit-ek Jim-ek Irlandako hainbat mendi-gida idatziak zituela esan zigun, baita Aconcaguako gida bat ere. Afalondo eder eta atsegina izan zen eta pena handia sentitu nuen Birgit eta Jim biharamunean joateaz. Elkarren artean helbide elektronikoak elkarbanatuz egunari amaiera eman genion.
Birgit eta Jim-ekin.
Urtarrilaren 3arekin bigarren atseden eguna iritsi zen. Gaua berriro ere haizetsua izan arren, literaren soka sendo tinkatuta, oraingoan ederki lo egin nuen. Jeiki eta berehala soka batetik lehortzeko zintzilikatu genituen galtzerdi garbiak haizeak eramanak zituela ikusi genuen. Perretxikuen bila arituko bagina bezala inguruak aztertu ondoren anaiaren galtzerdiak aurkitu genituen. Nire galtzerdien arrastorik ez zegoen eta aurkitzeko itxaropena galtzear geundela Luis "Manzanita" Porter eta gidak aurkitu eta literen eraikinaren aurrean harri baten azpian utzi zituela esan zigun: "¡¡¡Muchímas gracias!!!" Esan nion lurrean arrastaka ibiltzeagatik hautsez betetako galtzerdi "garbiak" berreskuratu nituenean.
Hautsa. Hautsak Plaza Argentina hartua dauka eta genetikoki moldatua dagoela esango nuke imajinatu ezin diren zirrikitu guztietatik sartzen baita. Petatetik kamiseta edo galtza garbia atera eta bost minutuetara, giza usainarengatik izango ez balitz, kendutakoagatik ezin zen ezberdindu. Gauetan ahoa eta sudurra zapi batekin estali beharra genuen goizetan ezpain eta mingaina espartzua bezala izaten genituelako. Egun pare batean buruko ilea ere latza eta gogorra gelditzen zen. Elizan "hautsa zara eta hautsean bihurtuko zara" entzun ondoren, ez daukat inongo zalantzarik Plaza Argentinan noizbait hala izango dela. Hautsa eta altueragatik hidratazioa zorrotz eraman beharra genuen ahoa eta eztarria nolabait hezeak mantentzeko.
Hidratazioa, oinarrizko kanpamentuan egin beharreko ezinbesteko ekintza.
Goizean zehar gogoeta egiten jarraitu eta hormigoi-makina martxan jarri nuen, buruari bueltaka eta bueltaka, poloniarren bide zuzena gehiegi izango ez ote zen behin eta berriz pentsatzen: izotzetan esperientziarik ez eta Piriniotan AD zailtasuneko bide pare bat (nahiz eta Aizkorrin zailtasun honetako bideak erraz egin...). Anaiari biharko zamaketa lana hasi aurretik erabakia hartuko nuela esan arren, ohiko bidetik igotzea zen pisurik handiena hartzen ari zen aukera. Gosarian beste hiruekin kezka hauek konpartitu eta, Ibon ixilik gelditu zen bitartean, Arkaitzek bere hortan jarraitu zuen poloniarren bide zuzena eskalatuko genuela esanez nik esan nuena entzun izan ez balu bezala. Honetan ari ginela Heber Orona bisitan etorri zitzaigun. Mendizaletasunaz eta azken bost urteotako bezeroen profila nola aldatu denaren inguruan aritu ginen, dirudienez gaur egun Aconcaguan mendian esperientzia eta mendi gidariei errespetu gutxi duten bezeroak geroz eta gehiago etortzen dira. Eguraldiari dagokionez berak haizearen iragarpena bakarrik kontutan hartzen duela esan zigun, aklimatazio on batekin haizea baita gora igoko zaren hala ez erabakitzen duena. Hurrengo egunei begira urtarrilaren 6-7a egunik onenak izango zirela esan zigun, 8tik aurrera aldiz haize bolada gogorrak itzuliko ziren. Hau ikusita espedizio guztiak gailur eguna aurreratzen ari zirela esan zigun eta denak biharamunean gailurrera irtengo zirela. Poloniarren bide zuzena ez egitea erabakiko bagenu Colera kanpamentutik igotzeko aholkua eman zigun bidea hobea baita. Gailurra indarrez iritsiz gero egun berean dendak jaso eta Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentura iristeko denbora izango genuela ere esan zigun. Coleratik igotzeko aukera hartuz gero gailur egunean goizeko bostak aldera irteteko gomendioa egin zigun. Alpeetako mendi-gidari asko hotz eta edukazio txarrekoak direla entzunda daukat (nik ez dut sekula horrelakorik topatu) baina Aconcaguako mendi-gidarien kasuan hau esaterik ez dago. Elkar ezagutu gabe, Heberrek hizketan izan ginen ordu erdian mila aholku eman zizkigun.
Heber Orona. Argazkia Inka Expediciones-en facebook orritik jaitsita dago.
Bazkaldu ondoren Silvio bisitatzera joan ginen. "Aconcagua Visión" agentziak zuen domoarekin txundituta gelditu ginen: Mountain Hardwear etxeko izugarrizko domo puska, sabai bikoitza, beroketa-sistema eta ispiludun konketarekin. Barruan, egoteko mahai, aulki eta irakurtzeko argi txikiak zuten sofa txikiak. Silviok irrifartsu domoan kanpin-dendetan baino hobe lo egiten zela esanez hasi zen. Heberrek hartutako asmo bera zuela esan zigun, baita domo berean zegoen "Himalayan Experience" agentziaren zuzendaria den Russell Brice mendizale ezagunak ere: "Se si vuole andare a Everest parlare con Russell Brice" esan zigun Brice seinalatuz, "E'buono ma molto costoso" bota zuen irrifar zabal batekin Brice-ek ulertu ez zionaren ziurtasunez. Hurbilketan larri zeuden bi bezeroei buruz galdetu eta espedizioa utzi behar izan zutela esan zigun.
Ordu laurdenenko solasalditxoaren ondoren domorako bidea hartu genuen. Heber, Silvio eta Russell-ek hartutako erabakia eta parke zaindarien eraikinaren aurreko kartelean jarritako haize iragarpenekin erabaki bat hartu beharra genuen: Nondik eta noiz igo behar ginen? Domora itzuli eta bakoitzak bere ikuspuntua eman ondoren, poloniarren glaziarra "pena handiz" baztertu eta zentzuzkoena ohiko bidetik igotzea izango zela erabaki genuen, espedizioaren antolaketa goitik behera aldatuz. Erabaki honek aklimatazioa hiru egunetan murriztea zekarren eta oraindik gutxi aklimatatuak egoteak ere kezkatzen gintuen, baina gailur saiakera bat izan nahi bagenu biharamunean beste espedizioekin batera ateratzea besterik ez genuen.
Hodei formazio xelebreak Plaza Argentinaren gainean.
Bertako eta etxekoei hartutako erabakiaren berri eman beharra genien. Hasteko Inkako langile, parke zaindari eta medikuarengana joan ginen eta denek erabakirik zentzuzkoena hartu genuela esan ziguten. Honen ondoren etxekoen txanda iritsi zen. Interneteko 15 minutuetako "bonoa" hartu eta Itziri erabakiaren berri eman nionean "eta aklimatazioa?" Izan zen bere erantzuna. "Oaingoz ondo, atzo 5.000 metroetan dendak utzi genitun ta ondo, buruko minik gabe", "zeatik hainbesteko presa?", "8tik atzera haizeak beize gora dijolako, gia batzuekin hitzegin deu ta denek gauza bera egin behar dute", "Zemuz Iker?", "Hauspoa ni baño hobe zemakin, pisu gutxigo baita ere, jejeje", "ez al da saiakera azkarregi? Ze mierda wifi!!!!!" Izan ziren jaso nituen azken hitzak. Aklimatazioaren inguruko Itziren kezka ulergarria zen nik kezka bera nuelako, baina beste aukerarik ez genuela ere argi nuen.
Hurrengo egunei begira hartutako azken dutxa beroaren ondoren domora itzuli ginen Plaza de Mulas eta Penitentes-era eramatea nahi genuen arropa eta materiala banatzeko. Lana honetan ari ginela Heber azaldu zen: "han sido muy valientes en tomar esa decisión" hasi zen "les felicito". Ondoren goiko kanpamentuen inguruko kokaleku eta egoeraz aritu eta azken aholku batzuk eman zizkigun, batez ere zein material tekniko igo. Mendozan zenbat egun geldituko ginen galdetu ondoren bertan garagardo pare bat hartuko genuela erabaki genuen.
Afaldu ondoren, Scott, James eta Jason-i gure asmoen berri eman eta lo egitera joan ginen. Lehen kanpamentura arte hiru ordu eta erdi inguru genuela jakinda iratzargailua goizeko zortziretarako jarri genuen. Gailurrera igotzen hasteko une erbakiorra iritsi zen eta, nahiz eta aklimatazioaren aldetik eskas egon, poloniarren bide zuzenetik ez igotzeak zama kendu zidan. Zetorrenerako mentalki prestatzen hasi beharra nuen, gogorrena bihartik aurrera hasiko zelako!!!!
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina