AZKEN 10 SARRERAK
plaza argentina etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
plaza argentina etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/02/26

ACONCAGUA 2016-2017: 6. PLAZA ARGENTINA - HIRUGARREN KANPAMENTUA (COLERA): OSKARBI IZAN ARREN EURIA EGITEN DUENEAN

"Gailurra baina garrantzitsuagoa bidea da eta bidea baino garrantzitsuagoa zure oinak mugitzen dituzten printzipioak" Mariano Galvan.





Iratzargailuak zortziretan jo zuenerako logelako gauzak jasotzen hasita geunden. Inork ezer esaten ez bazuen ere urduritasuna nabaria zen,  egun garrantzitsu baten aurrean geundela nabaria zen. Hurrengo lau edo bost egunetarako zein arropa, material eta janari eraman ongi pentsatu genuen, arropa eta trasteak batez ere, motxilan ahalik eta pisu gutxiena sartzeko. Gainera lehen kanpamentuan materiala eta janaria utzita genuen eta traste hauentzat ere lekua utzi beharra genuen.

"Gaur ez al da zure urtemuga?" Galdetu nion Iboni gosarian, "bai" erantzun zuen. Denon zorionetatik aparte ez genuen ospakizun berezirik egin eta, ez dakit urduri geundelako edo, ospakizun hotza izan zen: "Mendozan garagardo batzuk nire kontu" agindu zigun.

Motxilak prest, gosaldu ondoren Penitentes eta Plaza de Mulasera bidaliko genituen petateak bete eta bereizten bukatu genuen. Domoan zeuden Scott, James eta Jason agurtu eta Makak petateak pisatu zituen mandazainekin arazorik ez izateko.

Plaza Argentina nahastuta zegoen, jendea gora eta behera motxiletan eramateko trasteak prestatzen. Agentzietako porterrak agentzietako kanpin-denda eta trasteekin (bezero baten botak ere igotzen zituztela ikusi genuen) aterata zeuden arren, lasai geunden lehen kanpamentuan dendak muntatzeko lekua hartuta genuelako. Hala ere, Heber Orona haserre ote zegoenaren zurrumurrua iritsi zitzaigun: Idatzi gabeko agentzien arteko adostasunaren arabera agentzia bakoitzari goiko kanpamentuetan leku bat errespetatzen zaion arren, herenegun Heberren taldea lehen kanpamentura iritsi zenerako beraien ohiko lekua beste norbaitek hartuta zuen: "hoixe bakarrik behar deu, goien indako lana inda gero bakarren batek lekue kentzea" esan zidan anaiak.

Soberan genuen janari guztia Inkako sukaldera eraman genuen aprobetxatzerik bazuten aprobetxatzeko. Etxetik ekarritako Idiazabal gazta Inkako lagun eta Heberren artean banatu genuen: "esto por los consejos que nos has dado" esan genion, "muchas gracias, un cuarto me lo comeré en el campo 1 y el otro lo guardaré para Mendoza" erantzun zigun esker onez denoi eskua emanez.

Inkako lagunek egindako agurra hunkigarria izan zen eta beraiekin argazki batzuk egin eta, besarkada eta muxuak banatu ondoren, goizeko hamarrak aldera, Heberren taldearen atzetik martxan jarri ginen. Heberren mendi-gidariren laguntzailea Ari zen, ezpainetan etengabe irrifarra zuen begirada alaieko neska txiki eta beltzarana. Mendi-gidari ikasketak amaituta, gidari izan aurretik laguntzaile moduan lanean aritu behar direla esan zigun, eta hau zen bere lehen espedizioa. Beraien motxilen tamaina bezeroenekin ez zetorren bat: bezeroek 30 litro inguruko motxilak zituzten bitartean mendi-gidarienak, gure motxilen antzera, 60 litroetatik gorakoak ziren.

Inkako lagunekin atera aurretik egindako argazkia, Maka ezkerrean dagoena da.


Lehen metroetan.


Plaza Argentina utzi eta Ari eta Heberren taldearen atzetik metro batzuk egin ondoren, beraiek baino azkarrago gindoazela ikusita, aurreratzeko aukera eman ziguten. Anaion aldetik, Plaza de Mulas kanpamentura iritsi arte atseden egunik izango ez genuela jakinda, orain arte hain emaitza onak emandako erritmo lasaiarekin jarraitzea erabaki genuen, presarik gabe. Arkaitz eta Ibon aldiz, Heberren taldea aurreratu bezain pronto abiadura bizitu eta gugandik aldentzen joan ziren.

Heberren taldea atzean utzi ondoren, Plaza Argentina pixkanaka behean gelditzen da.


Atentzioa deitu zigun herenegun hemendik igo ginenean ikusitako hiru "txapeldun" penitenteetatik bi lurrean erorita ikusteak. Argazkian gorago Ibon ikusi daiteke.


Plaza Argentina hustu zela nabaria zen eta denak mendian gora genbiltzan tartean ilara luzeak eginez. Nahiz eta itsuraz oso poliki igo, pixkanaka talde ezberdinak aurreratzen joan ginen. Mantra bat errepikatzen arituko bagina bezala, ibilbide osoan orduerdiro zerbait edan eta orduro zerbait jaten joan ginen. Eguna lasai zihoan, eguzki eta haize gozoaz gozatuz, eta ahal izan genuen indar gehiena gordez lehen kanpamentuko zelaigunera hiru ordu eta erdietatik behera iritsi ginen: "joer hereneun baño lasaiago etorrita azkarro iritsi gea" esan zidan Ikerrek, "aklimatazioa ondo dijon señale" erantzun nion.

Lehen kanpamentura iritsi aurretik penitentez jositako elurtegian gora. Ibon aurretik ikusi daiteke.


Leku berean egindako argazkia, eguna freskoa izan arren ibiltzeko primerakoa zegoen.


Porterrek dagoeneko kanpin-denda asko muntatuta zituztela ikusi genuen: "etzuen ba gure tokie hartuko ez?" Bota nion anaiari, "no jodas, eztet uste".

Dendak utzitako lekura iritsi ginenean orain arteko lasaitasuna apurtu zen: "ostia!!! Gure lekun dendak montatzen aidie!!!" esan nion anaiari. Arkaitz eta Ibonek hartutako lekuan denda bat muntatuta zegoen, gure lekuan aldiz beste denda bat botata zegoela ikusi genuen. Beste biek, beraien trasteak hartuta, gu geunden lekutik 50 metro ingurura, mendizale batzuk hartutako lekuan kanpin-denda muntatzen ari ziren. Ikerren aurpegia erabat aldatu eta Cacho mendi-gidaria ezagutu ondoren erdi-oihuka hasi zitzaion: "¿Aquí no se respeta el sitio reservado o qué?" Bota zion, "¿Perdón?" Erantzun zion begirada desafiatzaile batekin "¿A quién reservaron el sitio?" Jarraitu zuen. Cachok botatakoari erantzun ezinik deposituan utzitako materiala hartu eta Arkaitz eta Ibon zeuden lekura zuzendu ginen: "Nik e ia mobida izan diat" esan zigun Arkaitzek "iristeako gure lekue hartuta zian baña zuena ez". Ez dakit gehiagora ez iristeko edo gure lekuaren trukean, Cachok Arkaitzi eskuare bat utzi zion kanpin-dendak muntatzeko lekue egokitzeko.

"Hok behintzat oaingon bi dendentzako lekue hartu due" pentsatu nuen dendaren zorroa lurrera bota nuenean. Arkaitzek eta Ibonek denda muntatzen bukatu eta beraien trasteak dendan sartzen zituzten bitartean, anaia eta biok eskuareakin lurra berdindu eta gure denda muntatzen hasi ginen. Denda muntatuta, Cachori eskuarea itzuli nion: "te pido disculpas por nuestra actitud, pensábamos que con dejar la tienda era suficiente para ocupar sitio". "No hay problema" erantzun zidan "si la tienda está montada se respeta el sitio pero sino no, uno no sabe cuándo van a subir a montarla" esan zidan arrazoi osoz. "Ahora sólo falta que tengamos bronca porque venga alguien y nos diga que tenía el sitio ocupado" esan nion "no se preocupe, si tienen algún problema díganmelo y yo se lo explico" erantzun zidan tonu atsegin batekin.

Lehenengo kanpamentua, atzean Ameghino lepoa..


Kanpin-dendetara itzuli eta denden inguruko harrizko hormatxoa sendotzen hasi ginen. Arkaitz eta Ibonen dendak behar handirik ez zuen neurri handi batean harkaitz handi baten babesa zuelako, honegatik, beraien dendatik gertu zegoen zatian izan ezik, hormatxoa sendotzeko ahalegin handirik egin ez zutela ikusi nuenean, honen beharrik sentitu ez zutela pentsatu nahi izan nuen: "gutxiñez biontzako lekue hartu due" esan zidan Ikerrek lo zakuen gainean etzanda geundela, "oaintxe bota dezu egie, gu-txi-ñez" erantzun nion. Hurbilketatik besteek zuten taldearen ideiari susmo txarra hartuta nengoen. Geroz eta argiago zegoen taldeari buruz dudan ideia erromantikoa bi anaiongana mugatuta zegoela baina ez nuen onartu nahi, eta ideia erromantiko honi hala nola eutsi nahi nion.

Arkaitzen denda, hormatxoa eta denda babesten zuen harkaitz handia.


Bi anaiok lo zakuen gainean hizketan aritu ginen momentua.


Lehen kanpamentu "ofiziala" dagoen zelaigunea gure kanpamentutik ikusita.


Arratsaldea lasai joan zen, dendetatik gertu zegoen errekatxotik ura hartu, hidratatu eta goiz afaltzen. Noizik eta behin Ameghino lepoari zeharka begiratzen nion. Kanpamentuaren gainetik horma moduan altxatzen zen eta horraino motxilak gainezka igotzea lan makala ez zela izango pentsatu nuen.

Gure dendak (argazkiaren ezkerrean) eta "Aconcagua Vision"-ekoek muntatutakoak. Atzean Ameghino lepoaren horma.


"Afaltzen hasiko al gea?"


Afaria prestatzen ari ginela, agentzietako sukaldariek bezeroei kanpin-dendan bertan afaria, fruta freskoa eta ur beroa nola eraman eta eskeintzen zietela ikusi genuen, "Teleafari" baten moduan. Dudarik gabe, oinarrizko kanpamentutik gora luxurik zutenak baziren.

Zopa beroa afaltzen.


Eguzkia desagertzearekin batera, tenperatura ziztu bizian jaitsi eta lo zakuetan sartu ginen. Biharko etapa lau-bost orduen bueltan ibiliko zela aurrikusita genuenez, eguzkiaren lehenengo izpiekin batera esnatuko ginela erabaki genuen.

Plaza Argentina eta lehen kanpamentuaren arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


Lo gelditzen hasi nintzenean, biriketara sartzen zen airea pixkanaka gutxitzen zela sentitu nuen. Sentsazio hau handituz joan zen itolarri sentsazioarekin esnatu nintzen arte. Ezpainak estaltzen zizkidan zapia kendu, ahoa ireki eta, errekatik kanpo dagoen arrainaren moduan, arnasestuka hasi nintzen. Segundu batzuk iraun zituen tentsio handiko momentu honen ondoren begiak itxi eta, arnasketa lasaitzen hasi zitzaidanean berriro gertatu zitzaidan. Ez dakit zenbatetan izan nuen sentsazio bera, baina beldurtu egin nintzen: "ez dut ba antsietate krisi bat izango?" Pentsatu nuen. Erlaxatzeko pastilla bat hartzear izan nintzen baina, arnasketan izango zuen eraginarekin kezkatuta, azkenean botikinera itzuli nuen. Ez dakit zein orduetan gelditu nintzen lo baina goizeko zazpiak eta erdietan, eguzkiaren argitasunarekin batera, azkenekoz esnatu nintzen. Gosaltzen genuen bitartean Arkaitzi honen berri eman eta altueraren ondorioa zela esan zidan: "hoi normalaek ta denboakin juteek" izan zen bere erantzuna Pakistanen izan zenean honelakorik gertatzea ohikoa zela gaineratuz.

Azkar gosaldu ondoren Iker eta biok gehien kezkatzen gintuen unea iritsi zen: lehenengo kanpamentuan genuen material osoa motxiletan sartuko al zen? Motxilaren zirrikitu guztiak aprobetxatzen genituen bitartean Ibon eta Arkaitz beraien motxilak prestatu eta gure zain gelditu ziren. Gure mugimenduei begira, beraien aldetik espero ez banuen ere, ez zen gure materialaren zati bat eramateko eskaintzarik izan, eta hau gutxi ez bada ere, Ibonek txiste moduan beraien motxilak baina txikiagoak eramatea arinago ibiltzeko aitzakia zela aurpegiratu zigun. Komentario honek ez zidan inongo graziarik egin zein motxila eta zein material eramateak hausnarketa luzeen ondorengo erabakia izan zelako, denon erabilerako izango zen botikin eta talkie-a barne.

Motxilak prestatzen.


Porterren gisa, 25 kiloetatik gertuko motxilak bizkarrean genituela, inguruko mendi-gidari eta bezeroekin batera goizeko bederatzi eta erdietan martxan jarri ginen: "Ostia motxilakin!!" Esan zidan anaiak bizkarrarekin kezkatuta, "kontutan izan gaur izangoala pisu gehien eramango deun egune, bihartik atzea pisua gutxitzen jungoa" erantzun nion animatu nahian.

Ameghinotik zintzilik dagoen elurtegiaren ertzera ordulaurden eskasean iritsi ginen. Elurra oso gogorra zegoela ikusita kranpoiak jantzi, motxila puskak hala nola bizkarrera bigarrenez bota eta elurtegia igotzen hasi ginen, Iker eta biok lasai-lasai, Arkaitz eta Ibon arinago.

Kranpoiak jantzita elurtegian gora hasteko prest.


Lehen metroetan, Arkaitz eta Ibon gorago ikusi daitezke.


Orain arte gertatu bezala, pixkanaka aurretik genituen bezeroak aurreratzen joan ginen nahiz eta beraien eta gure motxilen arteko pisu aldea nabaria izan.

Elurtegian gora, argazkiaren eskuin eta erdian ikusten den triangelu itsurako harkaitzean (itzala egiten duena) izan zen kanpamentua muntatu genuen lekua..


Ibon eta Arkaitz lepora iritsi aurreko harkaitz handi baten babesean atseden hartzen gelditu zirela eta, kranpoiek elurretan ondo eusten zutela ikusita, erosoago igotzeko elurra ahalik eta gehien aprobetxatzea erabaki genuen, bidetik ateraz eta zetak eginez elurtea zuzenean igoz: "hemendio aurrea elurrik etzeok" esan zigun Arkaitzek beraiengana iritsi ginenean.

Elurtegiaren azken metroetan.


Atseden hartutako lekuan.


Atseden hartzen genuen bitartean Porter pare bat pasatu eta atzetik zetorrenari ura eskeintzeko tentazioari ezin izan nion eutsi: "muchas gracias". "Vaya mérito tenéis" esan nion, "Ya, pero a mí me pagan por ello" izan zen bere erantzuna. "Mira si somos tontos que nosotros pagamos para llevar todo este peso" bota zuen Ibonek atzetik.

Porterra Ameghino lepora iristen. Ikusten denez bezero baten goi-mendiko botak ere zintzilik daramatza.


Ameghino lepoa oso zabala da eta haizeak erruki gabe zigortzen duen leku horietako baten itsura du. Haizeak gogor astindu gintuen arren, aurrean genuen lautada zabal eta lauaz animatuta edo, Guanacos-era (bigarren kanpamentua) di-da batean iritsiko ginela sinistu eta abiadura bizitu genuen.

Ameghino lepoa zeharkatzen.


Aurretik oraindik 200 metroetako desnibela genuen eta zeharkaldi luze baten ondoren maldan gora hasi ginenean, Ibon pixkanaka geldituz joan zen ia gure parera iritsi arte, indarrak gorde nahiko balitu bezala.

Zeharkaldi luzean.


Gertuago, bidea nondik doan ikusi daiteke. Aurretik ikusten den maldaren amaieran dago Guanacos kanpamentua.


Ibilbidea ikusgarria zen. Atzean Ameghino mendiaren mendebaldeko horma izugarria uzten genuen bitartean ezkerrean Aconcaguaren poloniarren glaziarra bere osotasunean genuen. Glaziarrari agur esatea kosta egin zitzaigun, tentagarria izan arren oraindik hura eskalatzeko prestaketa eta mailarik ez genuela argi gelditu zen.

Poloniarren glaziarraren azpian.


Elurtegi handi bat zeharkatuta, Guanacos-en amaitzen zen azken aldapa amaitezina egin zitzaidan, ez gogortasunagatik, pisuaren ondorioz sorbaldetan nuen minagatik baizik. Ostiral Santuko prozesioetako nazarenoen moduan nindoan eta gurutzea gainetik kendu eta lurrera botatzeko irrikitan nengoen.

Azken aldapa igotzen.


Nazarenoa eta bere gurutzea.


Guanacos-era hamabi eta erdiak pasatxo iritsi ginen, lehen kanpamentutik atera eta hiru ordu pasatxora. Ordurako porterrek dendak muntatuta zituzten besteok kanpin-dendak muntatzeko leku eskasa geldituz. 5.500 metroetara dagoen kanpamentu hau txiki eta deserosoa iruditu zitzaidan.

Muntatutako kanpin-denden artean nindoan bitartean kanpin-denda bat jartzeko leku aproposa ikusi nuen, baina Arkaitz eta Ibon aurrerago zeudela ikusita beraiek zeuden lekura joan ginen. Espedizioan hirugarrenez Arkaitzek lekua bi dendak sartzeko modukoa zela esan zigun. Oraingoan "¡¡¡ni por el forro!!!" bat bota nion aurpegira. Berak baietz eta nik ezetz. Gelditzen ziren lekuak hartzen ari zirela eta anaia eta biok lekurik gabe geldituko ginenaren beldurrez, jenio txarrez motxila lurrera bota eta, agentzietako denden artean leku aproposagoa aurkitu nuela esanda, bertara zuzendu nintzen.

Zein izan zen nire tonto aurpegia, lekura iristear nengoela Arkaitzek aurrea hartu eta bere denda ni nindoan lekuan bota zuenean. Hori gutxi ez balitz zorrotik denda atera eta, nire harridurarako, Ibonekin denda muntatzen hasi zen. Txundituta nengoen eta txantxa bat izango zelakoan izkutuko kameraren bila hasi nintzen. Presio-eltze baten moduan haserrea gorputzean nola igotzen zen sentitzen hasi nintzen: "beraiek biontzako tokie hartu ez ta nik aukeratutako lekue kendu. ¡¡¡Manda cojones!!! Ta gañea beraien denda montatzen hasi!!!" bota eta denden artean leku berri baten bila hasi nintzen.

Haserreak jota, nere onetik aterata nengoen. Dendak muntatzeko lekuak gutxitzen ari zirela ikusita, lurrean botatako motxila hartu, Arkaitzek hasieran hartutako lekura bota eta, Ikerri bertan gelditzeko esan ondoren, erdi etsita, toki hobeago bat alferrik aurkitzen saiatu nintzen. Minutu batzuen ondoren amore eman eta, oso haserre eta etsita, anaia zegoen lekura itzuli nintzen. Emozioak pil-pilean eta erdi blokeatuta, Peluka azaldu eta elkar besarkatu ondoren hartutako lekua hain txarra ez zela esan zigun: "el otro día un guía acampó acá". Lekua ona zenik ere ez zigun esan. Aitzur zabal bat utzi eta lurra ahalik eta txukunen jartzen saiatu ginen, dendaren azpitik kendu izan ez genuen harkaitz bat izan ezik. Denda muntatzen hasita, beste biak denda muntatuta eta porterrekin batera elurra biltzen ari ziren, inongo momentuan laguntzarik eskeini gabe. Honek gehiago sutu eta Iker beraiek zeuden lekura elur bila bidali nuen nik denda muntatzen amaitzen nuen bitartean. Espedizioa hasi zenetik taldeari buruz onartu nahi ez nuena muturraren aurrean lehertu zitzaidan. Erabilia eta salduta sentitu nintzen eta hainbat egunetan iraungo zuten dezepzio eta haserre sentsazioek hartu ninduten: "hasieratio esan nizun taldea gu biok ginela" esan zidan anaiak, "bai, baña Tolosan in genun azkeneko bileran taldea laukoa giñela esan ziguten" erantzun nion "ta nik horri eutsiot oain arte".

Iker elurra urtzeko prestatzen, atzean Ameghinoren mendebaldeko horma.


Bikote bakoitza bere dendan bazkaldu, elurra urtu eta hidratatzen aritu zen. Inkakoek emandako "Sabor de reyes" etxeko lentejak txorixokin bazkaldu genituen. Bazkaldu baino, bazkaltzen saiatu ginen, "redios ze txarrak". Elikadura eta kaloriengatik kezkatuta lentejak derrigorrean jan nituen eta Iker ere larritu nuen behin eta berriz jan beharra zuela estutzen: "¿trankis, eh?" bota zidan haserretu baino lehen. Anaiarekin haserretzea behar nuen bakarrik, honegatik lasai utzi eta lentejak gogorik gabe irensten jarraitu nuen. Bazkaltzen ari ginela mendizale asko pasa zen gure dendaren aurretik. "En el nombre de la rosa" liburuan bezala larri aurpegiarekin joan eta lasai aurpegiarekin itzultzen ziren, eskuetan parke zaindariek emandako laranja koloreko poltsa nahaseniza eramanez. Arkaitzen azalpenak jarraituz Guanacos-eko komun ofiziala deskubritu eta frogatu nuen. Gehiengoak kakak jasotzen zituzten arren, izugarrizko bistak zituen leku horretan beste batzuek utzitakoen artean makurtu eta poltsaren barruan libratzea ez zen egunean egin nuen gauzarik atseginena: "zerri galantak!!!!" pentsatu nuen.

Arkaitzekin komunera joan aurretik.


Komuneko bista ikusgarriak. Ezkerrean urrun ikusten den mendia Mercedario mendia da.


Arratsaldean Ibon eta Arkaitzen bisita izan genuen. Betiko moduan zeuden, aurretik izandako haserre eta tentsio handiko momentuaz jabetu izan ez balira bezala. Ni ez nengoen beraiekin hitz egiteko umorez eta uste dut hau nabaria izan zela, batez ere beraiekin batera afaltzeko gonbiteari ezezkoa esan nionean. Elkarrekin geundela Peluka, Nestor eta Luis "Manzanita" azaldu, elkar besarkatu eta denon argazkia egin genuen. Beraien alaitasunak zeozer animatu ninduen.

Arkaitz eta Ibonen bisita.


Porterrekin egindako argazkia: ezkerretik hasita Arkaitz, Peluka, ibon, Luis "Manzanita", Nestor eta bi anaiak.


Arkaitz eta Ibon beraien dendara itzulita Silvio agertu zen: "Vascossss!!!!!" Bezeroetako batekin zegoen eta bezeroak gauetan apneak zituela esan zidan. Nik lehenengo kanpamentuan ere izan nituela esan eta, Arkaitzek esan bezala, altueraren ohiko efektua izan zitekeela esanez lasaitu nuen. Bisita eta kontsulta aprobetxatuz bezeroari argazki kamera utzi eta hiruok elkarrekin argazkia egin genuen.

Silvio Mondinellirekin.


Aconcagua eta poloniarren glaziarra.


Gertuago...


Afaldu ondoren lauok Peluka eta Luisekin elkartu eta hirugarren kanpamentura arteko bidea zein zen azaltzen aritu ziren. 3-4 orduko bidea zela esan ondoren, biharamunean, gaur bezala, eguzkiaren izpiekin batera esnatzea erabaki genuen. Pelukak Plaza Argentinara itzuli eta bihar berriro ere honaino igo behar zuela esan zigun: A zer nolako indarra duten!!! Luis aldiz, oraingoan Inkarekin mendi-gidari lanetan zebilen.

Hoteleko bistak.


Lehen eta bigarren kanpamentuen (Guanacos) arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


Goizeko seietan, erdi-lo geundela, dendaren kremailera ireki eta Arkaitzen burua azaldu zen: "buruko miñentzako pastillaik emateik baaldek? Bik enanitokin gerek". Gainean neraman Hemicraneal pastillen kaxa atera eta pastilla pare bat eman ondoren kremailera itxi eta desagertu zen.

Ez dakit noiz esnatu ginen baina bazidurien kanpamentu osoak esnatzeko ordua adostuta zuela denak batera atzera eta aurrera hasi ginen eta. Gaua oso txarra pasa nuen itolarriz eta bizkarra txikitu zidan harkaitzagatik. Ikerrek lo egiteko erabiltzen zuen almohada bizkarraren azpian jarrita ere lo kostata egin eta, ez dakit altuera edo lo gutxi egiteagatik, buruko minez esnatu nintzen. Anaiak ere buruko min arina zuenez, Hemicraneal bana hartu genuen: "bestela beste bik pastillaik gabe utziko gaittue, jejeje" esan zidan. Pastilla hauen efektua sinistezina da: gosaldu eta traste guztiak jasotzen pasa genuen ordu eskasean buruko mina desagertuta zegoen.

Ateratzeko prest.


Kanpamentuko gehiengoak martxan batera jarri ginen. Gure aldetik gauzek berdin jarraitzen zuten: anaia eta biok lasai hauspoa berotu gabe, Ibon eta Arkaitz aldiz aurretik, nahiz eta atzo bezala, metroak irabazi genituen heinean Ibon atzean gelditu eta gurekin edo gugandik gertu ibili zen. Nahiz eta lasaiago esnatu oraindik haserre jarraitzen nuen.

Lehen metroetan, hauspoa berotzeko igo genuen maldatxoan.


Maldatxoaren ondoren goraka egiten zuen lautada zabal honetara iritsi ginen. Colera kanpamentua eskuinean ikusten den lepoaren atzean dago.


Ibilbideak ez zuen misterio handirik eta ongi zapaldutako bide monotonoa jarraitzea besterik ez zen izan noizik eta behin elurtegiren bat zeharkatuz.

Lepora pixkanaka hurbiltzen.


Agentzietako bezeroen atzetik.


Plaza Argentinatik atera ginenetik hau izan zen Ibon polikien ikusi genuen eguna eta ia ibilbide osoan batera joan ginen nahiz eta amaieran gu atzean utzi. Beste egunetan bezala Iker eta biok gure mantra errepikatuz jarraitzen genuen, ordu erdiro edan eta orduro zerbait janez. Espedizio osoan hau izan zen laurok batera hamaiketakoa egin ez genuen egun bakarra eta Arkaitz ibilbidearen hasieran argazkiren bat egiteko gelditu zenean bakarrik ikusi genuen.

Lepora iristear atzera begira egindako argazkia.


Berlin eta Independencia kanpamentuak gertu izan arren, Colera da Plaza Argentina nahiz Plaza de Mulas kanpamentuetatik igotzen diren gehienentzat gailur airreko azken kanpamentua. 6.000 metroetan dagoen zelaigune zabal eta lauan kokaturik dago, "Piedras blancas" deitutako harkaitzen azpian. Bertan txapa metalikoz eraikitako Elena aterpea kokatzen da. Aterpe hau munduko altuena omen da eta larrialdi kasuetarako bakarrik erabili behar den arren, Youtube-n aterpe hau lo egiteko erabili dutenen bideoak ikusi daitezke. Mendian, eguneroko bizitzan bezala, arauei kasu zipitzik egiten ez diotenak badira. Aterpearen araudia hemen irakurri dezakezue.

Elena aterpea.


Colera kanpamentura (hirugarren kanpamentua) arteko metatutako 500 metroak lau ordu inguruan igo genituen. Sentsazioen aldetik indartsu sentitu nintzen denbora osoan eta ez nuen hauspoa behartu. Iritsi ginenerako Arkaitz eta Ibon kanpin-denda muntatzen hasita zeuden gure dendarentzat lekurik hartu gabe. Atzotik nuen dezepzio eta haserre sentimentuengatik itsututa beste biengan ikusten nituen jarrera gehienak negatiboak iruditzen zitzaizkidan eta modu batera edo bestera gutaz aprobetxatu nahi zutela uste nuen. Ondoan zegoen Luis "Manzanita"-ri leku on bat non hartu genezakeen galdetu eta Arkaitz eta Ibonen dendaren ondoko lekua ona zela esan eta gero denda muntatzen hasi ginen: "baita Luisek asmatu ere!!!". Denda ahalik eta sendoen muntatzeko aholkatu zigun, kanpamentua haizearen menpe izaten delako, honegatik, gailur saiakeraren aurreko gauean arazorik ez izateko, denda kontu handiz muntatu genuen.

Colera kanpamentua eta atzean gailur egunean igotzen den malda. Iker trasteak dendan sartzeko prestatzen ikusi daiteke baita Arkaitz (gure dendaren atzean) ere.


Denda muntatuta Iker kanpamentuaren iparrean zegoen elurtegitik porterrek utzitako palarekin elurra jasotzera joan zen: "ostia hor hildako bat dau" esan zidan. "No jodas, serio?" Erantzun nion. "Nik eztet ikusi baña pixe ittea nijon ta Luisek ez pasatzeko esan dit" erantzun zidan. Luisekin hitz egin eta dirudienez atzo gauean libratzera jaiki zen mendizale japoniar baten gorpua zegoela esan zigun. Inork ez zekien zergatik baina ez zen dendara itzuli eta goizean izoztuta aurkitu zuten. Bihotzekoak jota edo lo gelditu ote zenaren susmoa zuten. Zurrumurrua kanpamentuan zehar ziztu bizian zabaldu eta beste dendetako bezero eta mendizaleek hilotza zegoen harkaitzetara zeharka begiratzen hasi ziren.

Salbamendukoek gorpua esku-ohe batean maindiraz estalita atera zutenean eriotzaren garrasi ixiliak kanpamentua alderik alde zeharkatu zuen bazter eta denda guztietara iritsiz. Kanpamentu osoa geldirik gelditu eta isildu zen. Han geundenetako gutxik esku-oheari begietara begiratzeko ausardia izan zuten, gehiengoek aldiz, begirada lurrera edo zerura zuzendu zuten, hilotza begiratzeak zorte txarra emango balu bezala. Ozeanoaren bestaldean momentu berean beharbada bakarren bat "gutxienez gustatzen zaiona egiten hil da" esaten arituko zen kaka egiten hil zela jakin gabe. A zer nolako ergelkeria!!! Edozein ikuspuntutik begiratuta eriotza putakeria iruditzen zait, sufritzen ari denaren kasuan lasaitua izan daitekeen arren. Eriotza denoi iritsiko zaigu eta, behin emango dugun pausua izanda, zer hobe maite ditugunen artean ematea pikutan dagoen mendi urrun batean hiltzea baino? Eriotzak mendian eramaten banau eta bakarren bati "gustazen zaiona egiten hil zen" esaten entzuten badiozue belarrondoko bat emaiozue, mesedez.

Gorpua eraman eta denbora gutxira, ezer gertatu ez balitz bezala, kanpamentua bere onera itzuli zen: amonak askotan esan didan "egun bateko negarra, bizi guztiko atsedena" esaldia burura etorri zitzaidan.

"Bihar ze ordutan abittuko gaittuk?" Galdetu zigun Arkaitzek elurra urtzen ari ginen bitartean. "Heberrek bostetan ateatzeko esan zigun" erantzun nion, "etzekiat ba beandu izango ez ote deken" berak. "Asierrek iaz oso goiz ateata kriston hotza pasa ziala ta berriz etortzekotan beandugo ateako huala esan zian" esan zion Ikerrek. Gure arrazoiengatik konbentzitua egon gabe egunean zehar Luis eta Pelukari galdera bera egingo zien biek erantzun bera emanez: ordurik onena bostak aldera ateratzea zen.

Colera kanpamentua beste ikuspuntu batetik. Elurtegiaren atzeko harkaitzak izan ziren hilotza zegoen lekua.


Arratsaldea denda barruan atseden hartzen eta hidratatzen pasa genuen. Dendatik atera nintzenetako batean Ibonek deitu zidan: "Mariano Galvan hor dago Arkaitzekin". Ibon eta biok hurbildu eta Mariano Galvan ezagutzeko aukera izan genuen. Begi urdineko mendizalea, nahiz eta plumiferoa jantzita izan gihartsu dagoenaren alpinistaren itsura zuen. Espedizioetarako mendi-botak jantzita izateak harritu ninduen, batez ere Arkaitzi bereak ez eramateko aholkatu ziolako. Aurkezpenen ondoren, Guanacos kanpamentuan bezero batekin ondo ordaindu zizkion 5 egun extra egon behar izan zuela kontatu zigun, urtarrilak 6-ko haize leuneko eguna aprobetxatzeko. 6ean gailurra zapaltzetik zetorren. Goizean, hodeiez inguratuta eta arropa eta motxilak izotz zuriz beteta igotzen hasi arren, "Portezuelo del viento" zeharkalditik aurrera zerua oskarbitu eta gailurrera arazorik gabe iritsi zirela esan zigun. Igoera kontatzen ari zela kranpoiak Independencia kanpamentutik gora jazteko aholkua eman zigun.

Ez nuke esango zergatik baina lehen begiratuan Galvanek ez zidan inpresio onik egin. Arkaitzekin bakarrik hitz egiten zuen Ibon eta ni bertan izango ez bagina bezala, beharbada, hiruotatik Arkaitzekin bakarrik tratua zuelako, beharbada tipo lotsatia delako. "¿Mañana a qué hora tendríamos que ir hacia cumbre?" Galdetu zion Arkaitzek "ustedes saliendo a las 6:00 van de sobra, en torno a tres horas llegarán a Independencia. Con clientes se suele salir a las 5:00" erantzun zion ordura arteko guztiek bezala. Arkaitz entzun nahi zuen erantzunaren bila mediku ezberdinetan dabilen pazientea bezala jokatzen ari zela iruditu zitzaidan eta, "honek berandugo ateatzeko esateik", esan nionean "bueno ordun bostetan ateako gaittuk" erantzun zidan.

Dendetara itzuli aurretik Ikerri talkie eskatu eta Arkaitz Plaza de Mulasekin harremanetan jartzen saiatu zen ongi geundela esateko.

Mariano Galvanekin.


Berriro dendetara itzulita Galvani utzitako materialagatik eskerrak eman ez niola konturatu nintzen. Arkaitz eta Ibonek beraien dendan denak batera afaltzeko gonbidapena egin ziguten. Oraindik haserre nengoen: "gure hornilloa komeni zaie ta gañea beraien dendea berotzea nahiko due" esan nion Ikerri, "hoixe behar deu!!!". Afaria bakoitzak bere dendan egin genuen.

Haserrea kudeatzeko dudan moduak behin baino gehiagoetan gaizki ulertuak sortu ditu, haserrea azaleratu eta haserre nagoela esatea baino isilik gelditu eta barruan gordetzen dudalako. Haserre egondako egun hauetan ere gauza bera egin eta Ikerrekin bakarrik elkarbanatu nuen. Arkaitz eta Ibonekin ordea, isilik mantentzea erabaki nuen eta. Zergatik? Ausardia faltagatik. Ez nituen horrenbeste ezagutzen eta, elkarbizitzaren hobe beharrez, isilik mantentzea aukera onena zela erabaki nuen: "hobe da bat haserre izatea lau izatea baino" izan zen orduan pentsatu nuena.

Afaldu ondoren Iker Gopro kamerarekin grabatzen hasi zen "Tomorrow summit?" Galdetu zidan. Eztula egin eta "maybe" erantzun nion, Iñaki Otxoa de Olzak Annapurnan grabatu zuen azkeneko bideoetako bat antzeztuz: "Esperoet broma honengatik Iñalki ez haserretzea eta indarra ematea" esan nion anaiari.

Aurreko egunetan jandakoa kontutan izanda gutxi bazkaldu genuen eta afaltzeko ere zopa batzuk, antxoa lata bat eta urdaiazpiko bandeja erdibana besterik ez genuen afaldu. Ez genuen lenteja gehiago jateko gogorik eta plastikozko poltsan gelditu ziren. Mendi lasterketetan erabiltzen ditugun Salomon botilatxoak eta termoa prestatu, iratzargailua goizeko lauetarako prestatu eta lo-zakuetan sartu ginen.

Eguzkiaren azken izpiak, lehenengoak gailurreko bidean ikusiko genituen.


Urtean zehar entrenatutakoak zerbaitetarako balio izan zuen ikusteko momentuaren aurrean nengoen eta, nahiz eta mentalki haserre sentitu eta burua mendian erabat izan ez, fisikoki oso indartsu sentitzen nintzen. Hala ere Wolfgang Gullich eskalatzaile handiak esandako esaldia burura etorri zitzaidan: "eskaladan garuna da muskulurik garrantzitsuena". Eta nik garuna mendiarekin zerikusirik ez zuen beste gauza batean nuen.

Anaia ere oso indartsu ikusten nuen eta, lauotatik ahulena Ibon ikusi arren, aposturik egitekotan, bihar lauok gailurra zapalduko genuela ziur nengoen. Hala esan nion anaiari: "Ea egie den" erantzun zidan lo gelditu aurretik.

Bigarren (Guanacos) eta hirugarren (Colera) kanpamentuen arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


2017/02/23

ACONCAGUA 2016-2017: 5. ESPEDIZIOA ALDATU ZUEN ERABAKIA

"Zure erabakiek zure itxaropenen islada izan daitezela, ez zure beldurrenak" Nelson Mandela.





Urtea espedizioaren lehen atseden egunarekin batera hasi genuen. Hurbilketak iraun zuen hiru egunen ondoren banuen gogoa atseden egun bat hartzeko eta, ni bezala, besteren batek ere atseden eguna ederki eskertu zuela pentsatzen dut, goizeko ordubietan beste agentzietako domoetatik musika, algarak eta oihuak gure litereetara iristen ziren eta. Musikagatik animatua edo, haizeak gauean zehar inguruko zokoak dantzan jarri zituen, baita gure logela ere, behin baino gehiagotan esnatuz. Bai, dudarik gabe batzuentzat gaua luzea izan zen.

Goizeko hamaiketan mediku azterketa genuenez goiza lasai hartzea erabaki genuen, iratzargailurik gabe. Eguzkiaren argitasunak goizeko zortziak eta laurdenean esnatu eta goizeko bederatzietarako gosaltzen ginen. Gosariak, beste otorduak bezala, mendizaleak behar dituen proteina, karbohidrato eta gantzez ederki hornitzen gintuen: kafea, infusio, arraultza nahasiak, esnea, pastak, zerealak, gaztarekin egindako torta batzuk, zukuak...

Mendiko liburuetan irakurrita nuen oinarrizko kanpamentuetako egunak atseden hartu, pentsatu, irakurri, idatzi eta datozen egunak prestatzeko aprobetxatu eta, kuriosoa bada ere, eskalatu behar den mendia eta espedizio taldetik mentalki ihes egin eta gogoeta egiteko izaten direla. Gosariaren ondoren goiko kanpamentuetarako anoa-poltsak prestatzen hasi ginen. Hiru motako anoa-poltsak prestatu genituen: gosaria, afaria eta egunen zehar jatekoa, bakoitzean bikoteari zegokion janaria sartuz. Sistema hau Fernando Garridok erakutsi zigun eta oso erosoa iruditu zitzaidan edozein otordurako elikagaiak aukeratzen aritu beharrean anoa-poltsa bat hartu eta bertan behar genuen guztia genuelako. Anoa-poltsa guztiak prestatuta, erosi genuen gehiegizko janariaz konturatu ginen: "esaten nian janari gehiegi erosi geniala" esan zidan Arkaitzek arrazoi handiz.

Plaza Argentina, domo gorri eta zuriak Inka Expediciones-enak dira. Eskuineko eraikin urdinean dutxak zeuden eta urruti ikusten diren bi etxolak (Argentinako bandera dutenak) parke zaindarien eraikina eta "osasun zentroa" ziren.


Komun bat barrutik. Ingurumen-arrazoiengatik gizonezkoek pisa egiteko ontzi berezia zegoen. Oso garbiak eta usainik gabekoak ziren.


Oraindik 4.200 metroetara ohitu gabe geundela somatzen zen azkar mugituz gero arnasestuka hasten ginen eta. "Osasun zentroa" parke zaindarien eraikinaren ondoko eraikina zen, Plaza Argentinaren erdian, agentzia guztietatik gertu. Luxurik gabeko eraikina, espazioa, esku-ohea, mahaia, botikak gordetzeko armairua eta aulki pare batek betetzen zuen. Euskal Herriko mediku eta erizainen kontsulteetara ohituta, eraikinean liburu eta ordenadorerik ez ikustea harritu ninduen.

Lauotatik azterketa egiten azkenekoa izan nintzen. Tartean, besteak ateratzen ziren heinean, azterketa batean izango bagina bezala, mediku eta erizainak egiten zituzten galderak "txibatzen" zizkiguten, honegatik, sartu nintzenerako galdetuko zidaten guztiarentzat erantzun bat pentsatuta nuen. Mediku eta erizaina hogeita hamar urtetik beherako bi mutil gazte ziren. Biak argalak, mendizale arropa eta itsurarekin, hainbat egunetan moztu gabeko bizarraren atzean eguzkiak belztutako azala nabaritu zitekeen. Galdeketa medikuak hasi zuen:

- Sus compañeros nos dijeron que tienen intención de subir por la Directa Polacos, ¿No?
- Si.
- ¿Qué experiencia tiene en altura?
- Por encima de 4.000 metros he subido al Mont Blanc, más alto no.
- ¿No ha subido nunca por encima de 6.000 metros?
- No.
- ¿El último mes a que altura máxima ha estado?
- A tresmil metros en Pirineos. - Erantzun nion Pirinioak mundu guztiak ezagutuko balitu bezala.
- ¿Tiene experiencia escalando en hielo?
- En hielo poca pero en mixto sí. - Esan nion Aizkorriko kanalak buruan nituela.
- Tensión 130/80 y saturación 86% - esan zuen orain arte ixilik izan zen erizainak galdeketa moztuz.

Galdera hauen ondoren osasun egoerari buruzko galderak etorri ziren: alergiak, bihotz edo birika gaixotasunak, bestelako gaixotasunak, eta. Nik emandako erantzunak fitxa moduko orri batean apuntatzen zituen. Besteengatik bazekiten erizaina nintzela, honegatik eramango genuen botikinaren inguruan ere galderak egin zizkidaten erantzun guztiak apuntatuz. Azkeneko erantzuna idatzi zuenean, altueran nuen esperientzia eskasagatik eskalatu nahi genuen biderako ausartegia nintzela aurpegira bota zidan: "el Aconcagua es una montaña muy seria y para ser la primera vez que vienen a escalar una montaña de más de seismil metros sin experiencia previa creo que son demasiado valientes" esan zidan oso serio. Irrifar baten bila erizainari begiratu nion baina honen begirada serioak alderik alde zeharkatu ninduen. Denak ixilik geunden bata besteari serio begiratuz, bazirudien barrez lehen nor hasiko zen jolasera jolasten ari ginela. Egoera ezerosoa izan zen erabat. Edo oso aktore onak ziren edo biak benetan ari ziren.

Iker eta Arkaitz mediku-etxearen aurrean.


Kontsultatik burumakur eta, zergatik ez esan, kikilduta ere atera nintzen, belarriak behera eta isatsa hanken artean dituen zakur izutua bezala. Kanpoan beste hirurak elkarren artean tentsio eta saturazio emaitzak konparatzen ari ziren, eskolan azterketen ondoren galderen emaitzak konparatzen aritzen ginen bezala. Denek tentsioa altua zuten, Ibonek batez ere: "zuek ez deshidratazeko gatzak eta mineralak hartzeko esan eta medikuak gatzarik ez hartzeko esan dit" esan zigun oso kezkatuta. Tentsioa altua izateagatik beldurtuta, egunean zehar honen arriskuei buruzko galderak behin baino gehiagotan egingo zizkidan. Osasun arazoekin oso beldurtia zela aitortu zigun. Beldurti izan hala ez, zuen emaitza altua kontutan izanda gailurrera igotzen hasi aurretik tentsioa berriro neurtzeko hitzordurik ez emateak harritu ninduen.

Plaza Argentina beste ikuspuntu batetik, eskuineko etxe zuria "osasun zentroa" da.


Bazkaldu aurretik, gogoeta egiteko momentua iritsi eta, hormigoi-makinaren moduan, buruari bueltak eta bueltak ematen aritu nintzen: zein zen medikuaren papera, mendizaleak kikiltzea edo mendizaleei begiak irekitzea? "Ausartegiak" ziren mendizaleekin behin baino gehiagotan topo egingo zuela suposatzen nuen, baita "ausartegiren" bat helikopteroz ospitalera eramango zutela ere. Nire burua ez nuen "ausartegitzat" eta AD zailtasuneko eskalada bidea eskalatzeko ondo prestatuta nengoela uste nuen. Hala ere, goi-mendian nuen kurrikulum-a behin eta berriz gogoratuz, medikuak arrazoirik ez ote zuen sinisten hasi nintzen.

Berdura-zopa eta txokolatezko mousse-arekin batera aspaldian jandako lasagnarik goxoena bazkaldu ondoren, anaia eta biok siesta egiten genuen bitartean Arkaitz eta Ibon bueltatxo bat ematera joan ziren, bide batez altuera irabazi eta aklimatazioarekin jarraitzeko. Esnatu ginenean, kontzientzia karguagatik edo, guk ere altuera irabaztea pentsatu eta, txamarra jantzi ondoren, lehen kanpamentura doan bidea ezagutzera joan ginen, Fernando eta Pedrok emandako aholkuei kasurik egin gabe: "los días de descanso son para descansar y vaguear" esanda zigun Fernandok.

Lasagnari egurra ematen.


Kontraesana badirudi ere, atseden egunean ez nekatzeko, hogei kiloetako zama gainean izango bagenu bezala igotzea erabaki genuen, mantso-mantso, hauspoa berotu gabe. Bidean Arkaitz eta Ibonekin gurutzatu eta, beraien gomendioei jarraituz, 4.500 metro inguruan dagoen lepo batera iritsi ginen bertan eseri eta Aconcaguaren ekialdeko horma izugarriaz gozatzeko.

Argazkian ikusten den leporaino igo ginen.


Penitenteen artean.


Lepora iristeko maldarik gogorrena amaitzen zen lekuan.


"Medikuk esan ditenei bueltaka ai naiz ta eztakit ba egin nahi deuna gehiegi izango ote den" esan nion anaiari poloniarren glaziarrari begira. "Hasieratio esan nizun, daukeun esperientzikin bide normaletio igotzea nahiko deula". Anaia espedizioaren hasieratik zuen ideia oraindik tinko mantentzeak lasaitu ninduen, ohiko bidetik igotzeko aukera hartuz gero bi anaiok batera igoko ginela ziurtatuta nuelako. Ordu laurden inguruan Aconcaguari begira izan ondoren Plaza Argentinara itzuli ginen.

Aconcaguaren ekialdeko horma.


Iker "txapeladun" penitenteen artean.


Plaza Argentinara iristen.


Arratsaldean parke zaindarien eraikinera itzuli nintzen orri batean hurrengo egunetarako plangintza idatzita emateko: "es por seguridad, para que en todo momento sepamos donde están" esan zidaten orria eman nienean. Zaindariei eskuetan nuen liburuak atentzioa deitu zien: "¿Es una guía española sobre el Aconcagua?, ¿Además está escrita por Heber?" esan zidaten mendiko gida utzi nienean. Heber Orona Plaza Argentinan zegoela ba ote nekien galdetu eta liburua sinatzea eskatzeko esan zidaten: "es una persona muy agradable, seguro que se lo firma encantado".

Parke zaindarien eraikinaren ondotik egindako argazkia.


Parke zaindarien eraikinaren parean jarritako eguraldi eta haize iragarpenerako kartela.


Tontakeria badirudi ere beti izan dut pertsona ezagun bati sinadura edota argazki bat eskatzeko izugarrizko lotsa. Heber Orona WI-FIa zegoen domoan ikusi nuenean arnasa sakon hartu behar izan nuen pare bat aldiz liburua sinatzeko eskatu aurretik: "No hay problema" erantzun zidan irrifar batekin. Ez dakit zenbat denbora pasa zen parke zaindarien eraikinean izan nintzenetik, baina Heberrek dagoeneko bazekien Poloniarren bide zuzena eskalatzeko asmoa genuela, baita gutako batek berak idatzitako Aconcaguako gida espainiar bat zuela ere. Herrietan, Ordizian gutxienez, zurrumurruen abiadura argiarena baino azkarragoa bada, Plaza Argentina bezalako leku txiki batean abiadura are eta azkarragoa izan zitekeela egiaztatu nuen.

Heberrek gida hura 2002an Desnivel editorialaren enkarguz idatzi zuela esan zidan, baita gida berritua Argentinan argitaratua zuela ere. Euskalduna nintzela esan nionean Edurne Pasaban ezagutzen zuela eta Tolosan pare bat aldiz izanda zegoela ere komentatu zidan: "allá se come muy bien". Eskarmentu handiko mendizalea izan arren (munduko zazpi gailurrik handienak eta Everest oxigenorik gabe eskalatutako lehen argentinarra, besteak beste) ez zuen, orain arte ikusitako gidariekin alderatuta behintzat, alpinista gihartsu baten antzik. Ia 1,90ko mendizale beltzaranak kirol askorik egiten ez duen pertsona normal baten itsura zuen eta sorbaldek aurreraka egiten zioten jestuagatik bizkarra okerra zuela ere zirudien. Hizkera lasaia zuen, mendian eta bizitzan asko bizi eta ikusitakoek izaten dutena, konfidantza ematen duen horietakoa. Berarekin solasalditxoa izan ondoren gure domora arro itzuli nintzen sinatutako liburua erakutsiz: "lehenengo aldie da idazle batek bere liburue sinatzen ditela!!!".

Domora hiru ipar-amerikar iritsi berriak ziren eta beraiekin afaltzeko aukera izan genuen: Scott, ekialdeko aurpegierakoa eta Chilen lana egindakoa, gazteleraz hitz egiten zuen bakarra zen. Jason, New York-eko mendi denda handi batean lana egiten zuen, eta James, itsura alternatiboko mendizale puska zen. Hirurak New York-ekoak eta eskalatzaileak zirela esan ziguten, James batez ere, honen bizkar, esku eta besoekin ez dut imajinatu ere egin nahi eskaladan zein zailtasun mailan ibiliko zen.

Anaia eta biok WI-FI eraikinaren parean.


Afaldu ostean, biharamunean lehenengo kanpamentuan utziko genituen gauzak (kanpin-dendak, janaria, esterak, su txikiak, gasa...) prestatu eta motxiletan sartzen aritu ginen. Honetan ari ginela Inkako zamaketariak ("Porter") diren Peluka eta Nestorrekin hitz egiteko aukera izan genuen. Biak oso gazteak, porter izateaz gain mendi-gidariak ere baziren baina porter lana nahiago zuten: "de esa forma tenemos más tiempo para escalar" esan ziguten irrifartsu. Plaza Argentinatik gertu baita Ameghino mendian ere eskaladarako bideak ekipatzen ari ziren eta ahotik ihes egiten zien hitz bakoitzarekin eskaladarekiko zuten pasioaz kutsatu gintuzten. Aconcaguaren hego horman proiektu bat zutela esan ondoren, egun batzuk lehenago poloniarren bide zuzena 24 orduetan "non-stop" eskalatu zutela esan ziguten: "acabamos deshidratados, oyendo voces, qué sé yo". Bidearen baldintzak oso onak zirela esan ziguten arren, beraiek egindako deskribapenak Heberren gida-liburukoarekin zerikusirik ez zuen: Botila-lepoan 90 graduetako 15 metro eta goiko ertzara iristeko 70 graduetako bi soka-luze eskalatu behar zirela esan ziguten: "hoi ez da AD" pentsatu nuen. Medikuak sartutako beldurraren berri eman genionean "no le hagan caso, el pibe tampoco tenía experiencia en altura cuando lo escaló el año pasado" esan ziguten irrifartsu bidea eskalatzeko behin eta berriz animatuz. Lehenengo kanpamentua non jarri gomendatu eta, iragarritako haize boladengatik lehen kanpamentuan utzitako gauzak ongi babesteko esan ondoren, lo zakuetara erretiratu ginen.

Gaua oso txarra pasa nuen. Literaren olana tinko mantentzen duen soka lasatu eta saihets eta giltzurrunak literaren barratako baten kontra nituela "lo egin" behar izan nuen bizkarreko minez esnatuz. 7:30etarako gosaldu eta Birgit-ekin hitz egiteko aukera izan genuen. Mandazainak Plaza Argentinara etorriko zirela aprobetxatuz bihar etxeko bidea hartuko zutela esan zigun, baita Jim gaur bigarren kanpamentura arte iristen saiatuko zela ere. Elkarri zortea opa ondoren, 15 kilo inguruko motxila bizkarrera bota eta martxan jarri ginen. Anaion asmoa? Orain arte jarraitutakoa, hauspoa ahalik eta gutxien behartuz igotzen joatea. Gainera, espedizioa hasi genuenetik eskuko ferularik gabe eta bi makuluekin ibiliko nintzen lehen eguna zenez, ez nuen eskua gehiegi behartu nahi.

Ibilbidearen lehen metroak atzotik ezagutzen genituen. Plaza Argentina pixkanaka behean gelditu zen arrasto oneko bidea jarraituz. Bideak morrena bat zeharkatzen duenez, ez da ibiltzeko bide erosoa eta bi makuluak ezinbestekoak dira. Orain arte gertatu bezala Ibon eta Arkaitzek aurrea hartu eta denbora gutxian anaiok beste behin bakarrik gelditu ginen: "¡¡¡Vascossssss!!!" Silvioren oihu nahasezina gure atzean entzun eta bezeroetako batekin zetorrela ikusi genuen. Besoarekin agurtu, elkarri animoak eman eta aurrera jarraitu genuen.

Harri soltez betetako bidean ia ordu erdiz igo ondoren atzo igotako penitentez osatutako elurtegi maldatsura iritsi ginen. Penitentea Andeetan ematen den pinakulu itsurako izotz formazio zorrotza da eta izena Aste Santuko prozesioetako penitenteei zor dio. Haizeak eta honek garraiatutako sedimentuen higaduraren ondorioz sotzen diren izotz-irudiak direla esan arren hauen sorreraren arrazoia bestelakoa da. Ikerketa ezberdinen ondorioz, penitenteen sorrera Andeetako ingurumen eta meteorologi-faktoreen menpean dago. Eguzki izpiek elurretan zulo txikiak egiten dituzte eta zulo hauetan izpiak indar handiagoz islatzen dira sublimazio mugatua handitu eta zuloa sakonduz (sublimazio mugatuarekin esan nahi dena da zuloetako elurra ez dela urtzen eta zuzenean gas izatera pasatzen dela). Fenomeno honek jarraitzen duenez, zuloak handituz eta sakontzen joaten dira izotz tontorrak zutik geldituz. Honegatik, penitenteak goitik behera sortzen direla esaten da. Behin penitentea sortuta, haizeak moldatuko ditu noski, baina sorrerarekin zerikusirik ez dauka.

Iker penitenteen artean.


Hasiera batean ibilbidea penitenteen artean badoa ere, ezkerrera jo (igoeraren norabidean) eta penitenteak eskuinean utzi genituen elurtegiaren ezker ertzetik igoz. Metro gutxietara hare eta harri soltez osatutako maldatxo ezeroso bat igo eta, berriro ere arrasto oneko bidera itzuliz, aldapa baten ondoren atzo igotako lepora iritsi ginen. Peluka eta Nestorrek ekipatzen ari diren hormaren gertutik pasatu eta, lehen desnibela gainditu ondoren, gure aurrean harri, izotz eta harkaitzez osatutako lautada zabaldu zen.

Arkaitz goiko lautadaren handitasunean.


Zerua oskarbi eta tenperatura freskoa zegoen, ibiltzeko primerakoa, hala ere, bidean ikusitako putzu eta errekatxoak izoztuak zeuden, gaua hotza izan zenaren seinale. Burura astronauten filmetan azaldutako ilargi edo Marteko lautaden irudia etorri zitzaidan. Baina lautada honetatik gehien txunditu ninduena ixiltasuna izan zen. Haizerik ez zebilen eta, begiak itxi eta indar guztiekin saiatu arren, ez zen gure arnasketatik kanpo beste ezer entzuten. Ixiltasun honek izugarrizko pake sentsazioa eman zidan. Bideak lautada harkaitzak, penitenteak eta izoztutako putzuak alde batetik eta bestetik inguratuz zeharkatzen zuen batzuetan gora eta besteetan behera eginez.

Iker lautada zeharkatzen. Lehen kanpamentura iristeko argazkiaren eskuinean ikusten den elurtegia igo behar da.


Izoztutako putzuak.


Lautadaren amaieran, lehen kanpamentura iritsi aurreko malda gogorraren hasieran, Arkaitz eta Ibonek harkaitz baten ondoan atseden hartzea erabaki zuten. Denbora luzean gure zain izan zirela pentsatu nahi izan nuen, gu iritsi bezain pronto goraka hasi ziren eta: "Aldapea errex igotzeik" esan zigun Arkaitzek. Nahiz eta pisu handirik ez eraman, sorbaldetan nolabaiteko molestia sentitzen hasita nengoenez, motxila gogo handiz kendu nuen. Lurrean eseri eta jan eta edateko denbora lasai hartu genuen.

Arkaitz eta Ibon maldaren hasieran.


Silviok hamaiketakoa gu baino beherago egin zuen: "Pendenza molto grande!!" Oihukatu zigun aldapa seinalatuz. "Piano, piano" erantzun genion. Hamaiketakoa amaitzear ziztu bizian zetorren mendizale bat ikusi genuen: "tipo hoi ostia bizin dator" esan zidan anaiak. 4.600 metroetan izan arren Usurben izango balitz bezala zetorren, gainean zuen motxila puskak eraginik izango ez balu bezala. Gure ondora iritsi eta "buen día" esan zigunean Porterretako bat zela konturatu ginen. Orkesta-gizonaren moduan, ez dakit zenbat litroetako motxilaz gain soka baten bidez hainbat traste zintzilik zeraman eta, itsuragatik behintzat, 30 kiloetatik gora eramango zituela esango nuke. A zer nolako indarra duten!!!

Aurretik genuen sekulako aldapa pazientziaz hartu genuen. Txindokiren Tximista bidea gogora ekarri zidan oso antzekoa baita, baina 4.600 metroetara. Lehen metroak harri artean igo genituen zetak egiten dituen bidea jarraituz. Arkaitzek esan bezala metroak uste baino errazago irabazi genituen eta malda ez zitzaigun gogorra egin. Silvio, bezeroaren abiadura jarraituz, pixkanaka atzean geldituz joan zen. Nahiz eta hauspoaz oso ongi joan, lo faltagatik edo, gorputza ahul eta nekatua sentitzen nuen, Iker ordea oso indartsu ikusi nuen ibilbide osoan. Malda harritsua igo eta gorputzak eskertu zuen malda gutxiko zatiaren ondoren lehen kanpamentura iritsi aurretik igo beharreko penitenteez osatutako elurtegi inklinatuaren oinera iritsi ginen.

Harrizko malda igo ondoren elurtegira iritsi aurreko "atseden" lekuan.


Aurrekoa bezala malda hau ere gogorra zen. Bidea nahiko zapaldua zegoenez kranpoirik ez jartzea erabaki genuen, ordainean oinekin baino makulu eta besoetatik gehiago tira eginez. Elurtegiaren amaierara iristear geundela ezkerrera pasatu eta, harri soltez osatutako azken aldapa gogorraren ondoren, maldaren amaierara hauspoa bero-bero nuela iritsi nintzen. Azken esfortzua eta lehenengo kanpamentua adierazten zuen egurrezko kartela ikusi genuen.

Lehenengo kanpamentura iritsi garela esaten duen egurrezko kartela.


"Hoi ez al da Ibon?" Galdetu zidan Ikerrek gu geunden lekutik 50 metro ingurura zegoen mendizalea seinalatuz. Ibonen ibilkera motela zen, orduan ez genekien nahita edo nahigabe hartutakoa, baina, kontutan izanda gu poliki igo ginela, hain gertu ikusteak harritu gintuen. Lehen kanpamentua 4.900 metroetatik gora zintzilik dagoen zelaigune batean kokatzen da. Non nahi kanpin-dendak muntatzeko lekuak daude eta kanpamentuaren ezkerreko elurtegia Ameghino lepo eta menditik beherako elur eta izotzetik jaiotako errekatxo estuak zeharkatzen du. Aldeak mantenduz Pinetako Balkoia gogora ekarri zidan.

Lehen kanpamentua dagoen zelaigunean, kanpin-dendak muntatzeko lekuen artean. Kanpin-dendak argazkiaren erdian ikusten den elurtegiaren ezkerrean dagoen harkaitz handiaren atzean muntatu genituen.


Kanpin-dendak muntatzeko lekuen artean kanpamentua zeharkatu eta, metroak irabaziz, erdian zegoen elurtegia ezkerretik inguratu genuen. Azken maldatxo bat igo eta, 5.050 metroetara, harkaitz handi baten ondoan, Peluka eta Nestorrek gomendatutako lekura iritsi ginen, kanpamentu osoa zeharkatzen duen errekatxotik 30 metro ingurura. Eguerdiko hamabiak ziren, beraz, Plaza Argentina eta lehen kanpamentuaren arteko metatutako 850 metro positiboak hiru ordu eta berrogei minutuetan bete genituen, uste baino lehenago, lau orduetatik gora ibiliko ginela aurrikusita genuen eta.

Iritsi ginenerako Arkaitz kanpin denda jartzeko lekua egokitzen ari zen bertako hormatxoa harri eta harkaitzekin sendotuz. Nahiz eta bi dendak muntatzeko lekua zela esan, froga ezberdinen ondoren berak aukeratutako lekuan bi dendak sartzen ez zirela frogatu ondoren, ondoko beste leku batean trasteak bota eta hormatxoaren sendotze lanekin hasi ginen harkaitzak leku guztietatik ekarriz. Ibonek ez zuen aurpegi onik eta harkaitz pare bat hartu ondoren eseri behar izan zuen: "enanitoak buruan ditut" esan zigun buruko mina zuela adieraziz. Orduan ulertu nuen zergatik igo zen hain poliki. Eserita lasai egoteko esan eta beste hiruon artean bi hormatxoak eraikitzen amaitu genuen: "ni gora nijek ea enanitok topatzen zizkiaten" esan zigun Arkaitzek motxila eskuetan zuela. Gu bertan geldituko ginela esan ondoren Ameghino lepora igotzen hasi zen: "Hau Mariano Galvan ikusten duen joan da" esan zigun Ibonek. Aurreko egunetan porter, parke zaindari, Inkako langile eta mendi-gidariei Mariano Galvan Pakistanetik ezagutzen zuela eta Aconcaguan ba ote zegoen galdezka aritu ondoren, Guanacos kanpamentuan (bigarren kanpamentua) zegoela esan ziguten. Ibon eta bi anaiok bazkaltzen eta hidratatzen genuen bitartean, Arkaitz urrundu heinean koloreak galdu eta geroz eta txikiagoa egiten zen puntu beltz batean bihurtzen zela ikusi genuen.

Lehen kanpamentuan. Ibon eta Iker Arkaitzek hartutako lekuan daude, gorago gure trasteak utzitako lekua ere ikusi daiteke. Atzean Ameghinoren hego horma eta honen ezkerrean izen bereko lepoa.


"Behera joango gara?" Galdetu zigun Ibonek. Taldekide bat mendian bakarrik uztea kezkatzen ninduen, ezustekoren bat gertatuz gero bakarrik geldituko ez ote zenaren beldurrez. "Ameghino lepora iristeanen buelta ez badu hartzen jungo gea, ondo?" Esan nion. "Gañea beak erabaki du hauntza igotzea, gaurko plana honaño igotzea zen bakarrik" erantzun zuen anaiak arrazoi osoz. Ameghino lepora iritsi zenean zer egingo zuenaren zain izan ginen. Plaza Argentinara denak batera itzultzeko buelta hartuko zuenaren esperantza nuen, baina Arkaitzek gora jarraitu eta gure bistatik desagertu zen. Hau ikusita, adostu bezala, Arkaitzi janaria dendak eta materiala utzitako txokoan utzi eta beherako bidea hartu genuen.

Beherako bidean, azpian lehen kanpamentua kokatua dagoen zelaigunea ikusi daiteke.


Jaitsiera, igoera bezala, lasai hartu genuen, Ibon aldiz, gu baino arinago jaisten hasi zen buruko mina gainetik ahalik eta azkarren kendu nahiko balu bezala. Penitenteez osatutako elurtegian izugarrizko mendizale ilararekin gurutzatu ginen: "plastikozko botila bat galdu dudala uste dut" esan zigun Ibonek harrizko maldaren amaierara iritsi ginenean. Hasiera batean zalantzan izan arren, non zegoen ziur zekiela esan ondoren goraka hasi zen. "Merezi al du plastikozko botila batetio gora jutea?" Galdetu zion anaiak, "gertu dagoela uste dut" erantzun zion metroak irabazten zituen bitartean "uste dudan tokian ez badago behera joango naiz".

Lehen kanpamentutik behera, penitenteez jositako elurtegia jaisten. Goraka zihoan mendizale ilara ikusi daiteke.


Denbora batean Ibonen zain izan ondoren beherako bidea hartu genuen: "hok dijozten belozidadekin harrapauko gaittue" esan zidan anaiak. Iker oso motibatuta eta indartsu ikusten nuen eta Ibon larri ikusteak indarra eman ziola ere esango nuke, orain arte lauotatik ahulena zela sinistua baitzuen. Jaitsieran Jim aurreratu genuen. Arkaitzek hala baieztatuko zigunez, Ameghino lepoaren aurreko elurtegira arte igo eta, kranpoirik gabe, erorketa baten beldurrez, beherako bidea hartu zuen. Igo zen lekura arte igotzea kristoren meritua izan zuen, baita indar handia ere, batez ere hirurogei eta hamar urte zituela kontutan izanda. Mendizaletasuna eta adina bat ez datozela berriro ere argi gelditu zen.

Atzera begirada, mendizaleak penitenteez osatutako elurtegian gora.


Iker Aconcaguaren ekialdeko horma atzean duela.


Bi anaiak.


Plaza Argentinara laurok arazorik gabe itzuli arren, Ibon arratsaldean zehar ixilik eta pentsakor izan zela somatu nuen: konturatuko ote zen honelako mendi bat igotzeak zer suposatzen duen? Bera ere, ni bezala, poloniarren bide zuzena gure eskuetatik kanpo izan zitekeela pentsatzen hasita egongo zen? Anaia pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala hurbildu eta "Ibonek gaur kriston ostia hartu du" esan zidan.

Afaldu ondoren Jim eta Birgit-en bisita izan genuen. Beraiekin argazki batzuk egin eta Euskal Herria eta Irlandak duten antzekotasunez hizketan aritu ginen, baita Euskal Herria eta Espainiaren arteko harremanaren inguruan ere. Atentzioa deitu zidan espedizio osoan atzerritarrek, espainiarrek barne, independentzia eta Espainiarekiko harremanaren inguruan genuen iritzia jakiteko zuten jakin-mina, eguneroko bizitza aspektu hauen baitan izango bagenu bezala. Gure artean euskaraz egiten genuela ikusita, Jim-ek euskara nola mantendu dugun galdetu eta Irlandan gaelikoarekin gertatutakoarekin alderatu zuen: Nahiz eta ezagutu, irlandarrek, gazteek batez ere, ez dute kalean gaelikoz hitz egiten. Birgit-ek Jim-ek Irlandako hainbat mendi-gida idatziak zituela esan zigun, baita Aconcaguako gida bat ere. Afalondo eder eta atsegina izan zen eta pena handia sentitu nuen Birgit eta Jim biharamunean joateaz. Elkarren artean helbide elektronikoak elkarbanatuz egunari amaiera eman genion.

Birgit eta Jim-ekin.


Urtarrilaren 3arekin bigarren atseden eguna iritsi zen. Gaua berriro ere haizetsua izan arren, literaren soka sendo tinkatuta, oraingoan ederki lo egin nuen. Jeiki eta berehala soka batetik lehortzeko zintzilikatu genituen galtzerdi garbiak haizeak eramanak zituela ikusi genuen. Perretxikuen bila arituko bagina bezala inguruak aztertu ondoren anaiaren galtzerdiak aurkitu genituen. Nire galtzerdien arrastorik ez zegoen eta aurkitzeko itxaropena galtzear geundela Luis "Manzanita" Porter eta gidak aurkitu eta literen eraikinaren aurrean harri baten azpian utzi zituela esan zigun: "¡¡¡Muchímas gracias!!!" Esan nion lurrean arrastaka ibiltzeagatik hautsez betetako galtzerdi "garbiak" berreskuratu nituenean.

Hautsa. Hautsak Plaza Argentina hartua dauka eta genetikoki moldatua dagoela esango nuke imajinatu ezin diren zirrikitu guztietatik sartzen baita. Petatetik kamiseta edo galtza garbia atera eta bost minutuetara, giza usainarengatik izango ez balitz, kendutakoagatik ezin zen ezberdindu. Gauetan ahoa eta sudurra zapi batekin estali beharra genuen goizetan ezpain eta mingaina espartzua bezala izaten genituelako. Egun pare batean buruko ilea ere latza eta gogorra gelditzen zen. Elizan "hautsa zara eta hautsean bihurtuko zara" entzun ondoren, ez daukat inongo zalantzarik Plaza Argentinan noizbait hala izango dela. Hautsa eta altueragatik hidratazioa zorrotz eraman beharra genuen ahoa eta eztarria nolabait hezeak mantentzeko.

Hidratazioa, oinarrizko kanpamentuan egin beharreko ezinbesteko ekintza.


Goizean zehar gogoeta egiten jarraitu eta hormigoi-makina martxan jarri nuen, buruari bueltaka eta bueltaka, poloniarren bide zuzena gehiegi izango ez ote zen behin eta berriz pentsatzen: izotzetan esperientziarik ez eta Piriniotan AD zailtasuneko bide pare bat (nahiz eta Aizkorrin zailtasun honetako bideak erraz egin...). Anaiari biharko zamaketa lana hasi aurretik erabakia hartuko nuela esan arren, ohiko bidetik igotzea zen pisurik handiena hartzen ari zen aukera. Gosarian beste hiruekin kezka hauek konpartitu eta, Ibon ixilik gelditu zen bitartean, Arkaitzek bere hortan jarraitu zuen poloniarren bide zuzena eskalatuko genuela esanez nik esan nuena entzun izan ez balu bezala. Honetan ari ginela Heber Orona bisitan etorri zitzaigun. Mendizaletasunaz eta azken bost urteotako bezeroen profila nola aldatu denaren inguruan aritu ginen, dirudienez gaur egun Aconcaguan mendian esperientzia eta mendi gidariei errespetu gutxi duten bezeroak geroz eta gehiago etortzen dira. Eguraldiari dagokionez berak haizearen iragarpena bakarrik kontutan hartzen duela esan zigun, aklimatazio on batekin haizea baita gora igoko zaren hala ez erabakitzen duena. Hurrengo egunei begira urtarrilaren 6-7a egunik onenak izango zirela esan zigun, 8tik aurrera aldiz haize bolada gogorrak itzuliko ziren. Hau ikusita espedizio guztiak gailur eguna aurreratzen ari zirela esan zigun eta denak biharamunean gailurrera irtengo zirela. Poloniarren bide zuzena ez egitea erabakiko bagenu Colera kanpamentutik igotzeko aholkua eman zigun bidea hobea baita. Gailurra indarrez iritsiz gero egun berean dendak jaso eta Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentura iristeko denbora izango genuela ere esan zigun. Coleratik igotzeko aukera hartuz gero gailur egunean goizeko bostak aldera irteteko gomendioa egin zigun. Alpeetako mendi-gidari asko hotz eta edukazio txarrekoak direla entzunda daukat (nik ez dut sekula horrelakorik topatu) baina Aconcaguako mendi-gidarien kasuan hau esaterik ez dago. Elkar ezagutu gabe, Heberrek hizketan izan ginen ordu erdian mila aholku eman zizkigun.

Heber Orona. Argazkia Inka Expediciones-en facebook orritik jaitsita dago.


Bazkaldu ondoren Silvio bisitatzera joan ginen. "Aconcagua Visión" agentziak zuen domoarekin txundituta gelditu ginen: Mountain Hardwear etxeko izugarrizko domo puska, sabai bikoitza, beroketa-sistema eta ispiludun konketarekin. Barruan, egoteko mahai, aulki eta irakurtzeko argi txikiak zuten sofa txikiak. Silviok irrifartsu domoan kanpin-dendetan baino hobe lo egiten zela esanez hasi zen. Heberrek hartutako asmo bera zuela esan zigun, baita domo berean zegoen "Himalayan Experience" agentziaren zuzendaria den Russell Brice mendizale ezagunak ere: "Se si vuole andare a Everest parlare con Russell Brice" esan zigun Brice seinalatuz, "E'buono ma molto costoso" bota zuen irrifar zabal batekin Brice-ek ulertu ez zionaren ziurtasunez. Hurbilketan larri zeuden bi bezeroei buruz galdetu eta espedizioa utzi behar izan zutela esan zigun.

Ordu laurdenenko solasalditxoaren ondoren domorako bidea hartu genuen. Heber, Silvio eta Russell-ek hartutako erabakia eta parke zaindarien eraikinaren aurreko kartelean jarritako haize iragarpenekin erabaki bat hartu beharra genuen: Nondik eta noiz igo behar ginen? Domora itzuli eta bakoitzak bere ikuspuntua eman ondoren, poloniarren glaziarra "pena handiz" baztertu eta zentzuzkoena ohiko bidetik igotzea izango zela erabaki genuen, espedizioaren antolaketa goitik behera aldatuz. Erabaki honek aklimatazioa hiru egunetan murriztea zekarren eta oraindik gutxi aklimatatuak egoteak ere kezkatzen gintuen, baina gailur saiakera bat izan nahi bagenu biharamunean beste espedizioekin batera ateratzea besterik ez genuen.

Hodei formazio xelebreak Plaza Argentinaren gainean.


Bertako eta etxekoei hartutako erabakiaren berri eman beharra genien. Hasteko Inkako langile, parke zaindari eta medikuarengana joan ginen eta denek erabakirik zentzuzkoena hartu genuela esan ziguten. Honen ondoren etxekoen txanda iritsi zen. Interneteko 15 minutuetako "bonoa" hartu eta Itziri erabakiaren berri eman nionean "eta aklimatazioa?" Izan zen bere erantzuna. "Oaingoz ondo, atzo 5.000 metroetan dendak utzi genitun ta ondo, buruko minik gabe", "zeatik hainbesteko presa?", "8tik atzera haizeak beize gora dijolako, gia batzuekin hitzegin deu ta denek gauza bera egin behar dute", "Zemuz Iker?", "Hauspoa ni baño hobe zemakin, pisu gutxigo baita ere, jejeje", "ez al da saiakera azkarregi? Ze mierda wifi!!!!!" Izan ziren jaso nituen azken hitzak. Aklimatazioaren inguruko Itziren kezka ulergarria zen nik kezka bera nuelako, baina beste aukerarik ez genuela ere argi nuen.

Hurrengo egunei begira hartutako azken dutxa beroaren ondoren domora itzuli ginen Plaza de Mulas eta Penitentes-era eramatea nahi genuen arropa eta materiala banatzeko. Lana honetan ari ginela Heber azaldu zen: "han sido muy valientes en tomar esa decisión" hasi zen "les felicito". Ondoren goiko kanpamentuen inguruko kokaleku eta egoeraz aritu eta azken aholku batzuk eman zizkigun, batez ere zein material tekniko igo. Mendozan zenbat egun geldituko ginen galdetu ondoren bertan garagardo pare bat hartuko genuela erabaki genuen.

Afaldu ondoren, Scott, James eta Jason-i gure asmoen berri eman eta lo egitera joan ginen. Lehen kanpamentura arte hiru ordu eta erdi inguru genuela jakinda iratzargailua goizeko zortziretarako jarri genuen. Gailurrera igotzen hasteko une erbakiorra iritsi zen eta, nahiz eta aklimatazioaren aldetik eskas egon, poloniarren bide zuzenetik ez igotzeak zama kendu zidan. Zetorrenerako mentalki prestatzen hasi beharra nuen, gogorrena bihartik aurrera hasiko zelako!!!!