AZKEN 10 SARRERAK

2016/12/15

BATANES MEDEBALDEKO HORTZA (2.888 metro), HEGO-MENDEBALDEKO ERDIKO KORREDORETIK. 2016/12/03

Urte hasieran urrun bazegoen ere urtearen amaiera iristear dago eta honekin batera aurtengo erronkarik nagusiena: Aconcaguara egingo dugun espedizioa. Maila honetako erronkarako urtean zeharreko entrenamentuetatik aparte, beharrezko arropa eta materiala pixkanaka erosten joan bagara ere, orain arte material hau guztia frogatzeko aukerarik ez genuen izan. Honegatik, materiala frogatu eta Aconcaguara joan behar garen lau lagunak bi egunetako irteera bat egiteko aitzaki bikoitzarekin Pirinioei bisitatxoa antolatu genuen. Iker eta nire aldetik irteera honen helbururik nagusiena Arkaitz eta Ibonetik ahalik eta gehien ikastea eta bide batez materiala frogatzea zen, anaion arteko koordinazio eta elkarlana landuz.

Nora joan? Astebete lehenagotik Pirinioak zurituta zeuden eta aukera asko genituen mahai gainean. Larunbaterako egun eguzkitsua bazegoen ere, igande eguerdirako eguraldiak txarrera egingo zuela iragarrita zegoen. Eguraldiaren iragarpena eta elurraren egoera kontutan izanda (elur-hautsa zegoela irakurri genuen) hirumilako bat igotzea berehala baztertu genuen.

Mahai gainean jarri genituen aukera ezberdinak mahaitik erortzen ziren bitartean, bi aukerek geroz eta pisu handiagoa hartzen zuten: lehena larunbatean Anayet ingurura joan (tartean Culivillas mendiko "Marchando una de vermut" korredorea igoz) eta iganderako Anayet bera uztea zen. Bigarren aukera aldiz, Batanes Hortzetara joan, bertako korredoren bat igo eta iganderako Serrato mendiko mendebaldeko korredorea eskalatzea zen. Bi aukerak oso tentagarriak ziren eta balantza batean jarri ezkero biek antzerako pisua zutela esango nuke, honegatik irteera egunean nora joan erabakiko genuela adostu genuen (baina kronikaren izenburua irakurrita argi gelditzen da nora joan ginen, jejeje).

Irteera baino bi egun lehenago Ikerrek Pedroren whatsapp bat jaso zuen bera ere gurekin joateko asmoa zuela esanez: "Ze onaaa!!!" Esan nion anaiari "Pedrok duen esperientzitik seguru pilo bat ikasiko deula".

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Goian azaldu bezala helburua bikoitza zen: larunbatean Panticosatik atera, Brazato aintziretara doan GR-11 ibilbidea hartu eta Batanes Hortzetara doan ohiko bidea jarraitu genuen. Kanping dendak hegomendebaldeko korredoreen azpian elur jausietatik babestutako zelaiune batean jarri ondoren hego-mendebaldean Arkaitzek ezagutzen duen korredore batetik igo ginen, ipar aurpegian zeharkaldi bat egin ondoren Batanes mendebaldeko Hortzaren gailurrera iristeko.

Iganderako Serrato mendiko mendebaldeko korredorea utzi eta kanpamentua jaso ondoren Panticosara itzultzeko asmoa genuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 7 kilometro, kanping dendak jarri genituen lekuraino.
- Punturik baxuena: Panticosa, 1.640 metro.
- Punturik altuena: Diente de Batanes, 2.888 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.280 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Elurra zela eta ibilbidean ez genuen iturririk topatu. Su txikiak eraman genituen elurra urtzeko.
- Zailtasuna: Korredorak 200 metro inguru ditu eta zailtasun handirik ez dauka. Zailenetik joanda guk II edo II+ zailtasuna inguruko bi erresaltetxo topatu genituen. Korredorearen irteera bertikalagoa izan arren zailtasun berekoa da. Dena den elurra egoera kaxkarrean topatu genuen, egoera onean korredorea ziurrenik errazagoa izango da. Mendiaren ipar aurpegian  egin genuen zeharkaldia delikatu xamar topatu genuen, elur hautsa eta finkatu gabea zegoen eta. Zeharkaldiaren amaieratik Batanes mendebaldeko Hortzaren gailurrera iristeko erresalte bat eskalatu behar da, baina hau ere zaila izan gabe (II edo II+ inguru), elurraren egoeragatik "pikante" xamar topatu genuen.
- Eramandako materiala: Bi piolet, kranpoiak eta kaskoa. Ez genuen eskalatzeko materialik atera nahiz eta motxiletan eraman.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 5 ordu eta erdi dendak jarri genituen lekura arte. Denbora honetan korredorea igotzen hasi aurretik dendak jartzen eta "bazkaltzen" pasa genuen denbora zenbatu gabe dago.

BIDEAREN KROKISA

Korredorearen krokisa.


Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

10:00, Panticosa, 1.640 metro.. Goizeko zazpiretan Iruñako Zuasti atseden lekuan elkartu ondoren, Ibonen furgonetan sartu eta Panticosako bidea hartu genuen. Bidean oraindik Anayet edo Batanes aldera joateko zalantza zegoen, baina azkenean bigarren aukera hartzea erabaki genuen, Panticosaren inguruan sortzen den fenomeno meteorologikoa kontutan hartuz. Arkaitzek azaldu zigun bezala, Panticosa inguruan, mendi altuez inguratuta dagoenez, eguraldi txarra beranduago sartzen da, mendi hauek osatutako hormak hodeiak eusten ditu eta. Hala ere, arrazoi beragatik, behin eguraldi txarra sartzerakoan gehiago kostatzen zaio hormatik ateratzea.

"Ostia, hau da hotzaaaa!!" Bota nien furgonetaren berotasunetik irten ginenean. Pereza apur batekin mendiko botatzarrak jantzi eta, harrijasotzailearen moduan, parean nuen 19 kiloetako motxilari begietara begiratu, arnasa sakon hartu, ausardiaz pausu batzuk egin eta "eeeeeuuuuuuupp!!!!" Altzada pare batekin motxila bizkarrera bota nuen.

"Pisua, eh?" Esan zidan Ibonek, "ya te digo..." erantzun nion. Denok harria bizkarrean jarri genuenean Panticosari "bihar arte" esan eta martxan jarri ginen.

Ibilbidearen hasieran harriak bizkarrean ditugula, ezkerrean luxuzko hotela ikusi daiteke.


Panticosatik gora Brazato aintziretara doan GR-11 ibilbidea hartu genuen. Honetarako Panticosaren mendebaldera joan ginen, gure ezkerrean Balnearioa eta luxuzko hotela utzi eta eskilara batzuk igo ondoren GR markak jarraituz.

Panticosako azken eraikinetan.


Bidean gora hasi eta berehala Ibon eta Arkaitzek aurrea hartu zuten, indartsu zeudenaren seinale. Pedro, Iker eta hiruok ordea, martxa lasaiagoa hartzea erabaki genuen, argazkiak egin, kontu kontari aritu eta, Iker eta nire kasuan, bidea ezezaguna zenez, indarrak gordetzeko.

Panticosatik Brazato aintziretara doan bideak zeharkatzen duen mendiaren aurpegia elur jausien mende arriskupean izaten da eta hauetatik babesteko hainbat horma eraiki dira.

Kontuz!!! Elur jausien arriskua.Kartela badago zerbaitegatik izango da, jejeje.


"Zibilizazioa" utzi eta berehala maldan gora hasi ginen. Aldapa ez da gogorra, zeta asko egiten dituelako, baina ez du ezer oparitzen eta metro gutxietan altuera handia hartu genuen, Panticosan genuen hotza atzean utzi eta gorputza ederki berotuz, jejeje.

Gorputzari lehen berotua ematen, Balnearioa behean gelditzen da.


"Bizkarra zemuz?" Galdetu nion anaiari, "oaingoz oso ondo" erantzun zidan. "Ehhhh, minik bazu abixau ta pixue eramangoizut" esan zion Pedrok. Anaiak urtean zehar hankan izandako arazoen jatorria bizkarrezurrean zuela diagnostikatu berri zioten eta honek bai bera eta baita ni ere arduratzen gintuen, ez baigenekien motxila astun batekin nola moldatuko zen.

Igoerako ikusmira ikusgarria da.


Dagoeneko sei zortzimilako igota izateak ematen duen esperientziarekin Pedro bezalako mendizalearekin igotzea luxu bat da eta irakasle onaren aurrean ahozabalka izaten den ikaslearen moduan igo ginen, berak ematen zizkigun aholkuak irensten. Hau gutxi ez bada ere, Pedrok duen umorearekin txiste eta irrifarrak ziurtatuak daude.

Bideak zailtasun teknikorik ez dauka eta oso zapaldu eta ibilia topatu genuen, ongi irekitako arrastotik eroso igoz. Hala ere izotz gogorrez estalitako pasagunetxo batean kontu handiz pasa izan behar genuen lurrera ez joateko: hoixe behar genun hasi ta berehala eroi ta eskumuturre hautsi, jejeje" esan nion anaiari irrist egin nuen leku batean.

Nahiz eta maldan gora joan, igoeraz disfrutatzen.


Igoerak duen malda alde batera utzita zoragarria iruditu zitzaidan eta denbora osoan Panticosa inguruko hirumilakoen begiradapean igo ginen: Argualas, Algas, Garmo Negro, Aguja de Pondiellos, Infiernoak... Oraindik gogoan ditut duela urte batzuk hirumilako hauek igotzeko paraje hauetan pasa genituen bi egun zoragarriak, gainera Jonen hirumilakoen batailoa ere izan ziren. A zer nolako batailoa gainera!!! Honen inguruko kronika irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.

Panticosa inguruko hirumilakoak, besteak beste.


1.980 metro inguruan, "zetak" amaitu eta basotik atera ginenean, Ibon eta Arkaitzekin elkartu ginen: "hemen GR-a uzteek ta bidek hortio gora jarraitzeik goien ikustean leporaño" esan zigun Arkaitzek gure aurrean genuen elur pala izugarria adieraziz.

12:15, GR-11 ibilbidea uzten den lekua, 1.980 metro inguru. Bertan atsedena hartu, gehiegizko arropa kendu eta eguzkitarako krema emateko aprobetxatu genuen, dagoeneko ederki jotzen ari zen eta. Atsedentxoa hartzen ari ginela eskiatzaile talde bat iritsi zen. Beraien asmoa Respomuso aterpera iristea zen, Arako haranean zeharkaldia egin ondoren. Solasalditxo motz baten ondoren eskiatzaileak agurtu eta gure martxarekin jarraitu genuen.

GR-11 ibilbidea utzitako lekutik gora egindako bidea.


Hemendik gora ongi zapaldutako bidearen erosotasuna utzi eta arrastoa irekitzen hasi ginen: Arkaitz eta Ibon berriro ere aurrea hartu eta hain neketsua den lan honekin hasi ziren gu atzetik jarraitzen genuen bitartean. Malda itzalpean izanda, elurra, elur-hautsa ia bere osotasunean, ez zegoen eraldatua ezta lurrera ongi finkatua ere, eta arrastoa irekitzea kosta egiten zen.

Maldaren erdian, hemen aurpegia ez da lehen bezain zoriontsua, jejeje.


Atzetik gindoazenak ere, nahiz eta erosoago igo, leku askotan aurrekoek utzitako arrastotik igotzea kostatzen zitzaigun, puntu batean baino gehiagoan arrasto berria irekitzeraino, ezinezkoa baitzen arrastotik gora jarraitzea.

Lehen malda gogorra amaitzen.


Hauspoak ederki berotu zizkigun lehen malda gogor honen ondoren, Pedrok hala eskatuta harkaitz baten ondoan gelditu ginen: "ez dezue zuek denbora guztin arrastoa irekitzen aitu behar, ez?" Esan zien Arkaitz eta Iboni. Geldiunetxo hau aprobetsatuz ur pixkat edan eta denei aurrea hartu nien arrastoa irekitzen hasteko: "Ehhh, nora zoaz?" Galdetu zidan Pedrok. "Oain nere txanda da, gero zuek irekikozue" erantzun nion.

Pedro Arkaitz eta Ibon gure zain gelditu ziren lekura iristen.


Arrastoa irekitzen hasi nintzen lekuan eguzkiaren eraginez elurraren egoera zertxobait hobea zen, baina hala ere zenbait lekuetan belauneraino sartzea saihestezina izan zen. Noizik eta behin atzera begiratzen nuen Arkaitzek ematen zizkidan aholkuei kasu egiteko: "oain goragotio, hor berago hartu....".

Noizik eta behin elurraren gainetik ateratzen ziren mugarriei jarraituz, maldari metroak pixkanaka irabazi eta lepo batera iritsi ginen gure aurrean elurrez estalitako Serrato aintzira txikia azalduz: "ibona eskubitio inguratu behar dek" esan zigun Arkaitzek.

Serrato aintzirara iristen.


Ia altuerarik galdu gabe aintzira eskuinetik (igoeraren norantzan) inguratzen hasi ginen. Inguraketa honetan, berriro ere itzalpean, nekeza izan zen arrastoa irekitzea, eta nahastu nintzen puntu batean Ikerrek hartu zuen arrastoa irekitzearen ardura: "elurre de puta pena dau, eh?" Esan nion Pedrori. "Bai", erantzun zidan "ea goiean zemuzkoa daun". Serrato aintzira atzean utzi ondoren Labaza aintziretara hurbildu ginen, hauek ere eskuinetik inguratuz. Ordurako gure sorbaldak motxilen pisuaren ondorioz kexatzen hasita zeuden eta eta noizik eta behin motxila altsatu eta gerrikoa pixkat hestutzen genuen kexak nolabait baretzeko: "Kriston gogoa dauket motxila gañetio kentzeko" esan zidan Ikerrek, "baita nik ere" erantzun nion, "ez da gauza bea Txindokin hamabost kilotako motxila txikikin ibili edo hemen 19 kilotako motxilatzarrakin ibili".

Motxilak sorbaldetan ahalik eta min gutxiena sentitzeko nola jarri zinta batetik eta bestetik tiraka ari ginela Arkaitzek buelta hartu eta "hor zerek!!" Esan zigun. Gandor itsurako Batanes Hortzak gure parean zerua moztu zuten: "Itxura earra dute" esan nien. Nahita nahi ez begirada hego mendebaldeko zirrikitu eta korredoreetara joan zitzaidan, gaur zein igoko genuen asmatu nahiko banu bezala.

Batanes Hortzen hegomendebaldeko aurpegia.


Labaza lakuetatik azken malda gogor bat igo eta hegomendebaldeko hormetatik gertu dagoen zelaiune batean "oinarrizko kanpamentua" jartzea erabaki genuen.

14:15, Oinarrizko kanpamentua, 2.655 metro."Leku hau earra dek" esan zigun Arkaitzek "gañea elurjausitatio babestua zeok". Ibonek motxilatik pala atera eta bi dendak jartzeko plataforma bat egiten hasi zen, beste batzuk dendak muntatzen genituen bitartean.

"A ze aldea hemen edo Himalaian paleatzen aitzea" esan zigun Pedrok "han bi palada eman ta oxigenoa hartzeko eseri beharren zare, jejeje".

Ikerrek egindako Time-lapse honetan kanpamentua nola muntatu genuen ikusi daiteke.


Oinarrizko kanpamedua muntatu ondoren.


Plataforma amaitu, bi dendak jarri eta indarberritzeko zerbait jateko ere aprobetxatu genuen. Oinarrizko kanpamentua prest genuenean zein korredore igoko genuen aztertzen hasi ginen: "nik paren diauna ingonikek" esan zigun Arkaitzek "lehen ere igota zeukeat ta ondo zeok". "Materialik beharko diau?" Galdetu nion. "Piolet ta kranpoiak bakarrik" erantzun zidan. Irteerako ordua? 15:25ak.

Korredorea igotzeko prestatzen.


Barrita pare bat, kopetako linterna eta argazki kamera galtzaren poltsikoetan gorde eta, kaskoa eta kranpoiak jantzita, pioletak eskuetan genituela martxan jarri ginen.

Lehen esan bezala, Batanes Hortzen hego-mendebaldeko aurpegian korredore eta zirrikitu ezberdinak ikusi daitezke. Denetatik errazena ezkerrekoa da, Batanes mendebaldeko hortzara doan 40-45 gradu inguruko korredore zuzen bat. Guk honen eskuinean dagoen korredorera zuzendu ginen, tentegoa da eta.

Korredorera hurbiltzen, parez-pare duguna igo genuen. Honen ezkerrean errazagoa den beste korredorearen sarrera nondik doan nabaritu daiteke.


Hurbilketan ere Ibon hasi zen arrastoa irekitzen, "tipo hau nekaezina da!!!" Pentsatu nuen, jejeje. Korredorearen azpiko konora iritsi eta malda tentetzen hasi zenean, atsedentxo bat hartu zuela aprobetxatuz, aurre hartu eta arrastoa irekitzen hasi nintzen: "besteoi zeoze utzi beharkozu, jejeje".

Korredorearen sarrerara iristen.


Pedro taldea ixten, parajea benetan ikusgarria.


Korredorea harkaitz bloke handi batzuk bitan banatzen zutela ikusi nuen: eskuinetik hartuz gero 50 gradu inguruko elur malda bat igotzea besterik ez zen. Ezkerreko bidea hartuz gero aldiz, erresaltetxo "interesgarri" bat igotzeko aukera zuela ikusi nuen. Atzera begiratu eta "hemendio saiauko gea?" Galdetu nion Arkaitzi. "Nahi diaken bezela, hortio zailxeago dek".

Bitan pentsatu gabe ezkerraldera jo eta lehen erresaltearen azpira iritsi nintzen.

Korredorearen lehen errealtean.


Lehen erresaltea 2-3 metro ingurukoa izango da eta elurraren kalitate txarrarengatik izango ez balitz erraza iruditu zitzaidan. "Erraza" hitza objektibatu nahian II zailtasunean dagoela esango nuke.

Ibon erresaltetik atera ondoren eta Iker ateratzear.


Arkaitz lehen erresaltetik irteten.


Bertatik atera eta metro batzuetan 50-55 gradu inguruko elur pala bat jarraitu genuen bigarren erresalte batera iritsiz.

Bigarren erresaltean.


Bigarren erresalteak ere ez ditu 3 metro baino gehiago izango eta aurrekoa baino tentegoa izan arren, elurra gogorrago topatu genuen, baina hala ere, badaezpada, ezkerrean dituen harkaitzetatik tira eginez igo genuen. Korredore hau aurrekoa baino teknikoagoa iruditu zitzaidan baina zailtasunari dagokionez ez dut uste IIIgarren gradura iritsiko denik.

Ibon bigarren erresaltetik ateratzen.


Erresalte hau atzean utzi eta orain arte harkaitz blokearengatik banandutako bi korredoreek bat egin zuten. Hemendik gora metro batzuetan beste elur pala bat jarraitu (50 gradu inguru) eta korredorearen irteerara iritsi ginen.

Irteerara hurbiltzen.


Irteerak 4-5 metro izango ditu eta korredorean zehar igo genituen erresalteetatik hau izan zen tenteena. Bigarren erresaltean egin genuen bezala, hemen ere ezkerrean dituen harkaitzetatik tira eginez eta oinak bertan jarriz zailtasun handirik gabe igo genuen.

Irteeran.


16:00, korredorearen amaiera, 2.815 metro. Korredoretik atera eta parez pare Vignemale azaldu zen: "Onaaa" esan zidan atzetik Ibonek Vignemaleri tonto moduan begiratzen ari nintzen bitartean. "Ba bai, izugarri gustatu zait" erantzun nion, "oain nahizta bihar egualdi txarra egin gutxiñez zeozer politte indeunaren sentsaziokin nijo".

Vignemaleko hirumilakoak parez pare: bufffffff!!!!! Hauen inguruko abenturak hemen irakurri ditzazkezue.


Ibonen atzetik Iker, Arkaitz eta Pedro atera ziren: "Oain hemen zeharkaldie egin ta korredoretxo bat igoz Hortzara iritsiko gaituk" esan zigun Arkaitzek.

Korredoretik ateratzen.


Orain arte eguzkipean zegoen elurra kaxkarra zela iruditu bazitzaigun ere, Hortzen ipar hormako elurra penagarria zegoen. Horma osoa elur-hautsak estaltzen zuen eta ez zegoen ez eraldatua ezta oso finkatua ere. Bi aukera genituen: igotako bidetik jaitsi edota zeharkaldia egin.

Korredorearen irteera destrepatzea arriskutsu izan zitekela ikusita, zeharkaldia egitea pentsatu genuen. Arkaitz aurrean jarri eta elurraren punturik altuenetik zeharkaldia egiten hasi zen.

Arkaitz zeharkaldia hasten.


Zeharkaldia ez zitzaidan teknikoki zaila iruditu baina, Lekuk esaten duen moduan, erortzea ez zen aukera bat. Kontu handiz joan ginen oina non jarri ongi begiratuz. Egia esan behar badut, ibilbide osoan beldurra pasa nuen puntu bakarra hau izan zen.

Zeharkaldian. Arkaitz dagoen lekuan gailurrera eramaten duen kanala hasten da.


Vignemaleko Pique Longue, Clot de la Hount eta bere orratzak gertuago...


30-40 metroetako zeharkaldiaren ondoren ipar horma igotzen zuen kanal motz baten azpira iritsi ginen. Kanalak 50 gradu inguru izango ditu eta nahiz eta elur-hautsa izan nahiko erraz igo genuen.

Kanalaren hasieran.


Kanalaren amaieran 3-4 metroetako erresalte bat topatu genuen. Erresalte hau ere ez dut uste IIIko zailtasunera iritsiko denik eta kontu handiz, bertako harkaitzen laguntzarekin, kanaletik atera ginen metro gutxietan Batanes mendebaldeko Hortzaren gailurrera iritsiz.

Pedro erresaltearen hasieran...


...Eta erresaltearen azken metroetan.


16:35, Batanes Mendebaldeko Hortza, 2.888 metro."Ona, eh??" Esan nion anaiari iritsi nintzenean. "Motxa baño izugarri gustau zait" erantzun zidan.

Gailurretik beste Hortzetara egindako argazkia, gailur nagusia ikusi daiteke, baita Taillon mendia urrun ere.


Taillon eta Gabietoak gertuago.


Gailurrean taldeko argazkia egin eta beherako bidea azkar-azkar hartu genuen dendetara eguzkia sartu baino lehen iristeko.

Batanes Mendebaldeko hortza, 2.888 metro.


Mendebaldera egindako argazkia. Azpian Labaza aintzira eta honen eskuinean Xuans mendia ikusi daitezke.


Jaitsiera ohiko bidetik egin genuen, eguzki-itzala arteko ertza jarraitu eta Batanes eta Xuans mendien arteko lepora iristear geundela hego-ekialdeko norabidea hartuz.

Hortzatik behera doan ertza zabala jarraitzen.


Atzean Serrato mendia, iganderako helburua.


Balaitus inguruko hirumilakoak.


Xuans eta Batanes mendien arteko lepotik behera. Arrastoa jarritu ezkero ertza utzi genuen lekua ikusi daiteke.


Jaitsiera ere ez zen oso erosoa izan, nahiz eta alde honetako elurraren egoera hain kaxkarra ez izan, baina hala ere arrastotik kanpo arrastotik baino erosoago joaten zen.

Iker beherago...


Oinarrizko kanpamentua dagoeneko bistan.


Gailurretik dendetara gutxi gora behera ordu erdi pasatxoan iritsi ginen.

Atzera begirada, igoerako arrastoa ikusi daiteke.


Kanpamentura iristen.


Pedro taldea ixten berriro ere.


Dendetara iritsi, kranpoi, kasko eta pioletak jaso eta afari-merienda egiten hasi ginen su-txikiei egurra emanez. 2.600 metro inguruan egoteko ez genuen gaizki afaldu: txorixoa, Idiazabal gazta, sardinak olio eta tomatean, zopa beroa eta onddo risotto-a. Postrerako txokolatedun gaileta batzuk.

Trasteak kendu eta afarirako prestatzen.


Eguzkia sartzear zegoela Hortzak gorri-gorri jarri ziren..


Argazki honetan guk igo genuen korredorea (eskuinekoa) eta errazagoa dena (eskuinekoa) ikusi daitezke..


Abenduak gauza on asko ditu baina egunak horren motz izateak ez dut ongi eramaten. Arratsaldeko bostak eta erdi aldera eguzkia Telera aldean sartu bezain pronto dena ilundu eta tenperatura bat batean jaitsi egin zen: "biharko ze ordutako martxan?" Galdetu nuen, "igual argitzeako martxan jartzen bagaituk hobe" erantzun zuen Arkaitzek.

Eguzkia Telera atzean sartzen.


Gaurkoak akabo, bihar beste egun bat izango zen..


Honela ba, arratsaldeko seiak aldera denda eta lo zakuetan sartu ginen: "eguzkie ateatzeako oaindio hemen hamalau ordu egon beharren gare" esan nion Ikerri. "Ya te digo" erantzun zidan "ea gaue azkar pasatzean". Hau esan eta ordu erdira anaia zurrungaka hasi zen: "a ze kabroia..." pentsatu nuen "hau da lo itteko talentue".

Gaua hotza izan zen (tenperatura denda barruan -6ªCetara iritsi zen) nahiz eta zakuen barruan bero egon. Lasai hasi arren gaueko hamaikak aldera haize bufadak hasi ziren: "ez da ba egualdi aldaketa uste baño leno etorriko?" Pentsatu nuen. Haize bufadek inguruan genuen elurra altxatu eta dendaren kontra jotzerakoan esnatzen nintzen, orduan konturatuz nintzen denda ez genuela behar hainbat tenkatuta jarri. Erlojuari mila aldiz begiratu eta bazirudien denborak aurrera egiten ez zuela. Eta hau gutxi ez bada ere anaia gauean zehar maskuriarekin borrokan aritu zen, jejeje.

Goizeko zazpirak aldera hots leun batek esnatu ninduen: "Ebie ai do?" Galadetu nion anaiari. "Ez dakit" erantzun zidan. Kanpoan langarra arituko balitz bezala entzuten zen eta handik denbora gutxira Arkaitzek genuen susmoa baieztatu zuen: "elurre ai dek" entzun nion.

Goizeko zortziak aldera esnatu eta dendak zurituta zeudela ikusi nuen: "denda barrutio blai inda dau" esan zidan Ikerrek.

Dendak goizean esnatu ginenean.


Dendaren paretak ukitu eta bustiak zeudela ikusi nuen, baita denda barruan utzita genuen guztia ere: "zuen dendan kondensazioik izan al dezue?" Oihukatu zigun Arkaitzek beraien dendatik. "Ba bai, den bustita dau" erantzun genion. "Gu ere berdin gerek, halere atea erdi irikita utzi diau kondensazio gutxi izateko".

"Bueno, gaur zeozer ikasi deu" esan nion anaiari, "edo dendan nolabait korronte pixkat itten deu edo zakutatik kanpo gelditzen den guztie bustiko zaigu".

Dendatik ateratzear nengoela mendiko botak hartu nituenean bigarren gauza bat ere ikasi nuen: "dendaren sarreran uzten dena estali egin behar da". Botak elurrez beteta nituen nahiz eta barrura elur gutxi sartu. Eskerrak botinek zaku barruan nituen, oinak gutxienez epel eta lehor sartu nituen eta. Botak ez ezik, su txikia eta gas botilatxoa ere elurrez beteta zeuden, honegatik erabaki genuen gosaltzeko kafe berorik ez egitea.

Bizilagunak gosaltzen.


"Egualdi honekin ze ingo deu?" Galdetu nien. "Onena Panticosara jaitsi ta nubaiten bazkaltzen gelditu" erantzun zidaten. Gaileta batzuk eta isotonikoa gosaldu eta ahal izan genuen moduan traste guztiak eta dendak jaso ondoren beherako martxa hartu genuen.

Jaisteko prest.


Jaitsiera igoera bezain ezerosoa izan zen, nahiz eta maldan behera joan. Tarteka igoeran irekitako arrastoa elur-hauts geruza berri batez estalita zegoen, eta nahiz eta lainoak sartuta izan 50-75 metroetara ikusteko aukera zegoen. Gure arteko tarteak ere zabaldu genituen, zeharkaldietan aurretik eta atzetik genuen lagunaren mugimenduak zaintzeko.

Labaza aintzirak atzean utzi ondoren.


Nola aldatu daitezkeen gauzak egun batetik bestera, atzo eguzkitsu zegoena gaur behe laino batek estaltzen zuen.


Nahiz eta gauean hoztu, bazirudien elurraren gain ez zuela efekturik izan, igoeran bezala biguna zegoen eta. Gainera, puntu batzuetan zapaldutako arrastoa zapaltzen genuenean belaunetatik gora sartzen ginen ibilbidea zailduz.

Anaia aurretik...


...Eta Pedro taldea ixten.


GR-11 bidearekin bat egitea eramango gintuen azken maldara iritsi ginenean denok berriro ere elkartu ginen: "Ze ustezue, atzoko bidetio jaitsi edo hemendio bera ingodiau?" Galdetu zigun Arkaitzek, "goien kolada bat izan dek ta jaitsiera hau elur jausietako nahiko expuestoa dek" esan zigun goiko elur maldak adieraziz.

Denak elkartu ginen lekuan. Nahiz eta Balnearioa bertan ikusi oraindik tartea bagenuen bertara iristeko.


Batera eta bestera begiratu ondoren Pedrok zuzen jarraitu ezkero elurretan gehiago sartuko ginela esan zuen. "Ni atzoko bidetio jaitsiko nintzen, nahiz ta arriskutsugo izan arrastotik askoz azkarrago jatxiko geata" esan nien. Iker eta Ibonek ere igoerako bidetik jaistea nahiago zutela esan  ondoren martxan jarri ginen.

Ibiltzen hastera geundela helikoptero bat inguruan bueltaka hasi zen: "ez al dik ba elur-jausi bat eragingo?" Galdetu nion Arkaitzi. "Eztiat uste" erantzun zidan "nahiko goien zijek". Helikopteroa joanda etorrian zebilen eta aurreko egunean gurekin hizketan aritu ziren eskiatzaileek istripuren bat izan ez ote zuten ere pentsatu genuen. Niri Mont Blanc-eko Gouter aterpera igo gineneko eguna burura etorri zitzaidan, eta egun horretan helikopteroen eraginez "bolatokian" erortzen ziren harkaitzak gogoan nituela zeharkaldiarekin hasi ginen.

Arkaitzek zeharkaldi honetan badaezpada motxilak aske eramateko esan zigun: "hola elurjausik bazeok motxila errexago kenduko diau". Jaisteko ere, eskaladan izango bagina moduan "luzeak" eginez jaitsi ginen. Bat 50 metro aurreratu eta atzetik zetorrenaren jaitsiera zaintzen zuen. Bigarrena lehenengoaren lekura iritsitakoan lehenengoak bera jarraitu eta hirugarren martxan jartzen zen. Jaitsiera honetan menditik ihesi genbiltzala zirudien azkar-azkar egin genuen eta, begi bat bidean eta bestea goian genuen elur hormatik kendu gabe.

Zeharkaldian Ikerren pausuak zaintzen.


Momentu batean ostarteak zabaldu baziren ere, berehala ilundu zen.


GR-11 ibilbidera iritsi eta elur jausien arriskutik babesean geundenean motxilak berriro ere lotu eta zertxobait jan ondoren beherako bidea hartu genuen.

Zeharkaldia amaitu ondoren berriro ere GR-11 ibilibdean.


Hemendik behera jaitsiera lasai joan zen, igoeran bezala, Pedrok ematen zizkigun aholkuak barneratuz eta konturatzerako Panticosara iritsi ginen. Iritsi bezain pronto Itziri deitu dena ongi atera zegoela esateko eta Casa de Piedra aterpera joan ginen irteera garagardo txarro batekin ospatzera.

Materiala frogatzeko irteera ederra izan zen eta gauza asko ikasteko balio izan zigun. Orain falta zena zen anaiok bakarrik beste nonbaitera joan ikasitakoa praktikan jartzeko.

Hori bost egun barru gertatuko zen....


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina