AZKEN 10 SARRERAK

2017/04/25

AIAKO HARRIAK, ARITXULEGI, "ASKETIK ATSEDENLEKURA", 185 m, 5b, 2017/04/15

2016ko abenduan Iñaki Zuzak kudeatzen duen "Mendia eta Eskalada" blogean "Aritxulegiko-Goiko Sektoreak" eskalada gunea bere osotasunean zabalik zegoela argitaratu zuen. Informazio honekin batera ekipatzaileek pasatako informazio zehatza elkarbanatzen zuen: zortzi sektore, eskalada bideak kimikoekin ekipatuak eta, hau gutxi ez bada, bide gehienak zailtasun ertainekoak. Zehaztasun hauen guztien artean, ekipatzaileek "Aske" (azpian dagoen sektorea) eta "Atsedenlekua" (goian dagoena) sektoreak tarteko sektore ezberdinak elkartuz eskalatzen lotzerik bazeudela esaten zuten, zortzi luzeetako eskalada bidea eskalatuz. Sektore eta eskalada bide hauetako informazio eta krokis zehatzak hemen topatuko duzue.

Hilabete beranduago, Xabier Larretxeak kudeatutako "Eskalatzen" blogean "Aske" eta "Atsedenlekua" sektoreak elkartzen zituen deskribapena argitaratu zuen. Berak proposatutako bidea, "Behetik goraino" bezala izendatu duena, 5b zailtasun mailatik pasatzen ez den 185 metro eta bederatzi luzeetako bidea da.

Xabierren bidearen deskribapenak irrika bizia sortu zidan. Ikerri, zortzi luzeetako bidea egiten ez bagenuen ere, gutxienez sektore hauek ezagutu beharra genituela esaten hasi nintzaion, bideen zailtasun maila nolakoa zen ikusi eta granitoan eskalatzeko. Duela bi urte Aritxulegi inguruko "Basurdeen begiratokia" bidea eskalatuta genuen arren, badaezpada, irekitako eskalada bide berri hauetako batzuk eskalatu nahi genituen, zailtasun mailarekin ezustekorik ez izateko.

Martxoaren 19a izan zen eskalada bide hauek ezagutzeko seinalatutako eguna. Kotxea Arritxulo aterpean utzi eta, kirol eskaladako soka hartuta, "Fuxina" sektorera joan ginen zuzen-zuzen, bertan zailtasun maila ezberdinetako bideen aukera zabala baitago. Egun horretan "El otro día" (4b), "Garbantxoa" (5a), "Babarrunak" (5b), "Eta arroza ere bai" (5c), "Ez du" (5b), "La pasada" (5b), "Intxalbe" (5b), "Marabunta" (5b) eta "El atajo" (4b) bideak eskalatu genituen. Goiz-pasa ederra eman ondoren kotxera bide hauekin maiteminduta itzuli ginen. Kareharrian eskalatzen ohituak, harkaitz oso itsaskorra iruditu zitzaigun eta eskalada gehienak oinekin "fidatu" beharrekoak dira. Eskalatu genituenetatik "Eta arroza ere bai" eta "Marabunta" zailenak iruditu zitzaizkigun, lehenengoa batez ere, beso eta eskuetatik ongi tiratu behar zelako. Zailtasunaren aldetik, zailtasun maila ongi jarria dagoela iruditu zitzaigun eta aseguruak (kimikoak bere osotasunean) oso ongi kokatuta daude, inongo momentuan beldurrik pasa gabe eskalatzeko aukera emanez: "guri gustatze zaigun modun, seguruk gertu darela" esan zidan Ikerrek kotxera itzuli ginenean.

Martxoaren 19an "Fuxina" sektorean eskalatzen.


Granitozko eskalada bide hauen testa gaindiduta, "Aske" eta "Atsedenlekua" arteko sektoreen elkarketa prestatzen hasi ginen. Honetarako Xabier Larretxearen "Behetik goraino" bidea erreferentzi bezala hartu eta eskalatzen diren sektoreetatik zailtasun maila altuena zutenak aukeratu genituen, salbuespen hauekin: "Aske" sektoreko "Ariletxugi" (5c), "Fuxina" sektoreko "Eta arroza ere bai" (5c) eta "Enarri" sektoreko "Aialde" (5c), "Gure ametsak" (5c) edo "Mon ami" (6b/Ae - 5b) bideak ez genituen eskalatu, eskalada bideak jarraitzen duen lerro logikotik kanpo gelditzen direlako. Kronika honetan proposatutako bidea gogortu nahi bada bide hauek eskalatu daitezke.

Aste Santuko oporrak aprobetsatuz, "Asketik Atsedenlekura" bidea eskalatzeko larunbata egun aproposa izan zitekeela pentsatu genuen, nahiz eta eguraldiaren iragarpena alde ez izan: "eguerditik atzea ebie ingo omen du" esan zidan Ikerrek kotxean sartu zenean. "Bueno, ordun azkarrago ibili beharko gea, jejeje" erantzun nion irrifartsu.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 185 metro.
Luze kopurua: 8.
Nork irekia: Club Vasco de Camping Elkartea eta Xabier mendi taldeko kideak, 2016ean.
Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 5b (25 m), 2ºL: III (30 m), 3ºL: 4b (15 m), 4ªL: 5b (40 m), 5ºL: 4c (30m), 6ºL: 5b (21 m), 7ºL: 4b (20 m), 8ºL: 5b (15 m).
Orientazioa: Hego-mendebaldea, udan bero handia pasa daiteke eta gainera iturririk ez dago. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Arritxulo aterpean hartu daiteke.
Hurbilketa: Arritxulo aterpetik 15 minutu lasai joanez.
Jaitsiera: Bidearen amaieratik ordu erdi pasatxo. Dena den, ezusteko baten aurrean, eskalatzen den edozein sektoretik oinez jaisteko aukera ere badago.
Eramandako materiala: 70 metroetako soka bakarra (guk erditik tolestatua eraman genuen), luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2h20'.

BIDEAREN KROKISA

Aritxulegiko goiko sektoreenkokalekua eta guk jarraitutako ibilbidea: urdinez oinez gorako bidean jarraitutako bidea, gorriz eskalatutakoa eta orlegiz jaitsierako bidea.


Bidearen krokisa.


Lehen hiru luzeetako krokis zehatza.


Hurrengo lau luzeetako krokis zehatza.


Azken luzeko krokis zehatza.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Arritxulo aterpera iristeko zehaztasunak kronika honetan irakurri ditzazkezue.

Arritxulo aterpetik Aiako Harrietara doan bidea jarraitu genuen, tartean GR-121 bidea ere jarraituz, lepo batean dagoen tentsio altuko zutabe batera iritsi arte. Hemen, mendebaldera hartu eta, alanbre arantzadun hesi bat pasatu ondoren, bidexka bat jarraitu genuen, altuera pixkat galduz di-da batean "Aske" sektorera iritsi ginen arte. Aterpetik sektorera 15 minutu eskas pasa genuen.

Arritxulo aterpetik "Aske" sektorearen oinera jarraitutako bidea. Urdinez, "Fuxina" sektorera doan bidea..


DESKRIBAPENA

Iker etxetik jaso nuenean zerua iluna zegoen, mila hodeiez estalita. Bidean zehar edozein momentuan euria botako zuenaren mehatsupean, paisaiari baino kotxearen aurreko kristalean euri tantarik erortzen ote ziren begiratuz joan ginen, edozein momentuan buelta hartu eta etxera itzultzeko. Arritxulo aterpera kristala lehorra zegoela iritsi ginen: "ea eztigun ebiik itten" esan nion anaiari, "gutxiñez aproximazion ez itteko, horrek kriston amorrazioa emango ziten eta" erantzun zidan.

Motxilak hartu eta, hormara lehenbailehen iristeko, denborarik galdu gabe martxan jarri ginen. Zerua iluna zegoen, belarra bustia eta giro hezea, Euskal Herriko udaberriko egun tipikoa, mendiaren berde kolorea bizi-bizi eta nabarmen izaten den horietakoa. Haatik, honelako egunak argazkiak egiteko ez dira onak izaten argazki kamerek argia ongi neurtzeko zailtasun handiak izaten dituztelako: "ea gaurkon ze argazki ateatzen dien", pentsatu nuen argazki kamera zorrotik atera eta lehen argazkiak egiten hasi nintzenean.

Arritxulo aterpea.


Aritxulegi mendatera doan errepidearen ertzean metro batzuk egin eta, tunelera sartu aurretik, GR-121 ibilbideak jarraitzen duen pista 75-100 metro eskasean ibili ondoren pasabide bat zeharkatu eta ezkerrera (iparrera) doan bidexka hartu genuen.

Tunela eta guk jarraitutako pista.


Pista utzi genuen lekuan.


Zelaian gora doan bidexka igotzen genuen bitartean sektore ezberdinak argazki kamerakin metrailatzen joan nintzen, bapatean euria hasi eta paisaia osoa ezabatuko zuenaren beldurrez egongo banintz bezala.

Lepo batean dagoen tentsio altuko zutabe baten ondora iritsi ginenean, orain arte jarraitutako bidea utzi eta, ezkerrean genuen alanbre arantzadun hesia zeharkatu ondoren, mendebaldera doan bidexka hartu genuen.

Tentsio altuko zutabe bereizgarria eta jarraitutako bidea.


Alanbre arantzadun hesia zeharkatzen den pasabidea.


"Aske" sektorea begien bistan izanda bideak galtzeko arriskurik ez dauka. "Fuxina" sektorera doan bidegurutzea eskuinean utzi eta, maldan behera metro batzuetan egin ondoren, "Aske" sektorera iritsi ginen.

"Etxetik honea ordubete pasa deu" esan zidan anaiak motxila lurrean utziz. Mugikorreko erlojua begiratu eta arrazoi zuela ikusi nuen. "Bueno, horma behintzat eztau bustita" esan nion hatz-mamiekin harkaitz hotz eta lehorra ukitu ondoren, "hemendio gora ebie haste bada eozein lekutatio oñez jaixteko aukera deu". "Esperoet ebiik ez ittea" erantzun zidan. "Baita nik ere!!".

Damoklesen ezpata moduan euriaren mehatsua gainean genuen, honegatik ahalik eta azkarren mugitzeko bi neurri hartzea pentsatu genuen. Batetik, sokaren jasotze lanak azkartzeko, eramandako 70 metroetako soka erditik tolestu eta soka bikoitza eramango bagenu bezala jarri genuen, batak sokaren bi puntak eta besteak sokaren erdian egindako "zortzi" motako korapiloa arnesera segurtasun mosketoi batekin lotuz. Bestetik, nahiz eta egokiena ez izan, bilguneen bi kimikoetatik zinta luzea pasatu eta indar triangeluaren teoria aplikatuz bilgunea muntatu beharrean, kimiko batetik autobabestu eta bestetik bigarrena aseguratzeko "Reversoa" zuzenean zintzilikatuko genuela pentsatu genuen.

Zapatilak motxilan sartu eta ekarritako 12 express zintak arnesaren eraztun ezberdinetan banatu ondoren, Iker eskalatzen hasi zen.

"Aske" sektorea eta lehen luzearen parabolt (borobiletan) eta bilgunearen (karratua) kokalekuak.


Lehen luzea, "Aske" sektoreko "Aruba" (5b, 25 metro) bidea. Iker kontu handiz eskalatzen hasi zen. Lehen metroak bertikalak dira eta bertan dago luzearen pausurik finena. Ikerrek pausua itsuraz erraztasunez eskalatu eta "hasierako pasoa da, gero errex dijo" esan zidan.

Plaka bertikalean.


Pausu fina eskalatuta, bertikaltasuna zertxobait galdu eta helduleku ederrak dituen hormatik metroak azkarrago irabazten joan zen, luzearen bilgunera iritsi zen arte: "Bilera ez da hemen itten, ez?" Galdetu zidan. "Ez, ezkerren diagonalen behar du izan" erantzun nion. "Baleee, ikustet!!" Esan zidan begien bistatik pixkanaka galduz.

Zailtasun handienak amaitu ondoren, bilgunetik gertu.


Zain izan nintzen denbora motzean "Reunionnnnn!!!" eta, sokak bildu ondoren, "Nahizunennn!!" entzun ondoren eskalatzen hasi nintzen.

Lehen metroek hotz harrapatu ninduten eta, bide hauek besoekin baino oinekin gehiago eskalatu behar direla konturatzerako, besoetatik nahi baino gehiago tira eginda nuen. Eskalada presiopean hasi nuen, euriaren beldurrez azkar eskalatu beharra nuela behartuz. Pausu fina eskalatu ondoren arnasa sakon hartu eta, "ebie itten badu jatxiko gea" batekin, burua lasaitu eta eskaladaz gozatzen hasi nintzen.

Luzearen berezko bilgunea eta guk muntatutakoaren arteko zatia.


Luzeak lehen bilgunera arte 15 metro izan arren, azaldu bezala, guk beste 10 metro eskalatu genituen erlaitz zabal eta eroso batean dagoen bigarren bilgunera iristeko. Bidearen berezko lehen bilgunetik zinta luzea jartzea komeni da sokek ez tiratzeko.

"Berezko bilgunetik" atera ondoren.


Lehen bilgunea eta hemendik gora doan luzearen lehen parabolten kokalekua.


"Ze iruittu zaizu?" Ikerrek. "Hasiera fiñe baina gero gozatzekoa" erantzun nion. Argazki batzuk azkar-azkar egin eta, Ikerrek zuen materiala jaso ondoren, bigarren luzea eskalatzen hasi nintzen.

Bigarren luzea, "Agorre" sektoreko "Tercero y punto" (III, 30 metro) bidea. Bilgunetik gora doan luze bakarra izanik, luze behartua dela esango nuke. Bilgunea kokatua dagoen harkaitza eskuinetik eskalatu (III) eta hemendik aurrera bloke ezberdinak oso erraz eskalatuz joan nintzen (II) bertikalagoa den plaka moduko azken bloke baten oinera iritsi arte. Bloke honen eskalada (III) bi kimikoekin babestuta dago eta hau ere erraz eskalatu nuen, denbora osoan "oinak, oinak, oinak" esanez.

Bilgunearen gaineko harkaitza eskalatu ondoren.


Blokea eskalatuta, 2-3 metroetan oinez ibili ondoren, bigarren bilgunera iritsi nintzen, parean nuen horman kokatutako bi kimikoz osatutakoa.

Bigarren bilgunea.


Iker di-da batean iritsi zen: "Bueno, transiziozko luzea, ez?" esan zidan soberan nuen materiala arnesetik hartzen zidan bitartean, "neire hala iruittuzait" erantzun nion, "oain datorrena tentego emateo".

Blokeak dauden zatian, azken blokean dagoen paraboltetako bat ikusi daiteke.


Hirugarren luzea, "Agorre" sektoreko "Pizkor" (4b, 15 metro) bidea. Bilgunearen ezkerretik atera eta, metro bat pasatxo zuzen eskalatu ondoren, horma eskuin-ezker diagonalean zeharkatzen duen pitzadura nabarmena metro batzuetan jarraitu zuen: "zemuz dijo?" galdetu nion. "Oaingoz ondo, helduleku onak ta errex".

Eskuin-ezker doan pitzadura inklinatuan eta bigarren bilguneko parabolten kokalekua.


Pitzaduraren amaierara iritsi aurretik, kimikoak jarraituz, gainean zuen bloke puskaren oinera eskalatu eta blokea zuzen eskalatu zuen honen gaineko bilgunera iritsiz.

Blokea eskalatu ondoren.


Bilgunean. Karratuan bigarren bilgunearen kokalekua adierazi dut.


Eskalada bide gehienetan altua izatea abantaila handia izaten den arren, makurtu beharreko lekuetan ezeroso mugitzen naiz. Horixe gertatu zitzaidan eskuin-ezker doan pitzadura eskalatu nuenean. Pitzaduran sartuta, kaskoarekin goiko hormari jotzen nion bitartean, ezeroso eskalatu nuen. Pitzaduratik atera nintzenean ordea, luzea ederki gozatu nuen, azkeneko blokea batez ere, bertikala izanda ere, helduleku ederrak dituenez, erraz eskalatzen baita.

Hirugarren bilgunean.


"Aske" eta "Agorre" sektoreak amaituta, "Fuxina" sektorera zuzendu ginen. Bertara iristeko hirugarren bilgunearen ezkerretik atera eta, oso nabaria ez den bdexka 30-35 metro inguru oinez jarraitu ondoren, zuhaitz batzuen estaltzen duten sektorera iritsi ginen.

Hirugarren bilgunetik "Fuxina" sektorera jarraitu behar den bidea.


Laugarren luzea, "Fuxina" sektoreko "Marabunta" (5b, 20 metro) eta "Goruntz segi" (III+, 10 metro) bideak. "Bueno iritsi gea azkenekon kostau zitzaigun luzera" esan nion anaiari, martxoaren 19an egindako eskalada gogoratuz, "ea oaingon aurrekon baño itsurosogo ateatzen deten". Ikerri keinu egin eta eskalatzen hasi nintzen.

Luzearen sarrera fina eta estutu beharrekoa da. Lehen kimikoa altu izan arren, kimikoak babesten duen pausu bertikalaren azpiko plakan oinak igota ongi iritsi nintzen: "bueno, oain hastea asuntoa" bota nion anaiari. Zertxobait atzeraka egiten duen pausuan oinak ahal izan nuen guztia igo eta, ezker eskuarentzat dagoen helduleku txiki batetik tiraka, kimikoaren eskuinean hiru behatz ongi sartzen diren zulo batera iritsi nintzen. Eskuin eskua oso ondo helduta nuela ikusita bertatik indarra egin eta, oinak oraindik gorago kokatu ondoren, pausua eskalatu nuen: "Onaaaaaa!!" bota zidan Ikerrek, "buffff!!" erantzun nion "oaingon behintzet kimikotik gora zuzen eskalatzen ateaet".

Luzearen pausu gogorra eskalatu ondoren.


Pausu gogorra eskalatuta hormak bertikaltasuna zertxobait galdu eta, dituen helduleku onekin gozatuz, bilgunera iritsi nintzen: "zenbat soka gelditzea?" galdetu nion Ikerri. "Oaindio hamabost metro inguru" erantzun zidan. Bilgunetik gora zihoazen kimikoak ikusi eta goian ikusten nuen harkaitzean bilgunea izango zelakoan, bilgunean express luze bat jarri eta eskalatzen jarraituko nuela esan nion: "ea soka iristean!!".

Luzearen berezko bilgunera iristen.


Bilgunea atzean utzi eta, nire nahia betez, beste hamar metro eskalatu ondoren, gainetik nuen harkaitzaren eskuinetik eskalatu eta honen gaineko bilgunera iritsi nintzen.

Luzearen berezko bilgunea eta laugarren bilgunearen kokalekua.


Laugarren bilgunea ez da oso erosoa, harkaitza eta honen atzean dagoen plaka inklinatuaren artean nolabait jarri edo zintzilikatu behar delako. Lekua ere txikia da eta bi eskalatzaile nekez izango dira eroso. Hau dela eta, Iker bilgunera hurbildu zenean, bilgunea ezkerrean utzita (igoerako norabidean) zuzen jarraitzeko eskatu nion bilgunearen atzeko harkaitz batzuetara igoz.

Laugarren bilgunean, bistak paregabeak izan arren ez da bilgune erosoa.


Iker eroso jarri zenean sokak jasotzen hasi eta, bilgunetik askatu ondoren, "Enarri" sektorera zuzendu ginen.

Laugarren bilgunetik egindako argazkia. Bertan "Tetxo" sektorea eta eskalatuko ditugun hurrengo hiru luzeak ikusi daitezke.


"Enarri" sektorera iristeko 100 metroetatik gora oinez egin beharko ditugu. Hasieran zalantzan izan ginen katu oinak kendu ala ez, baina azkenean katu oinekin poliki-poliki jarraitzea erabaki genuen eta, egia esan, bidea ez zitzaigun ezerosoa iruditu.

Laugarren bilgunetik gora oinez.


Zuhaixken artean sartzen den bidexka nabaria 50 metro inguru jarraitu ondoren alanbre arantzadun hesi batera iritsi ginen. Duen egurrezko pasabidetik zeharkatu eta Aritxulegitik datorren GR-121 bidearekin bat egin genuen, ezkerrera (ipar-mendebaldera) hartuz.

GR-121 bidearekin bat egiteko zeharkatu behar den alanbre arantzadun hesia.


Metro batzuk ibili ondoren "Tetxo" sektorearen sabai handi eta bereziaren ondora iritsi ginen.

GR-121 bidean "Tetxo" sektorera iristen.


Bertan bidea utzi eta, sabaiaren azpitik sektorea zeharkatuz, 15 metroen ondoren "Enarri" sektorearen lehen plakara iritsi ginen.

"Tetxo" sektorearen sabaiaren azpian. Atzeko karratuan bosgarren luzearen oinean dagoen blokearen kokalekua adierazi dut.


Bosgarren luzea, Enarri sektoreko "Basurdeen begiratokia" (4c, 30 metro) bidea. Plakaren ezkerreko luzea da, ia ertzetik doana. Sokak lurrean zabaldu eta, Ikerrek material guztia zintzilik zuela aprobetsatuz, denborarik galdu gabe luzea eskalatzen hasi zen.

Blokearen gainean materiala ordenatzen. Argazkian bosgarren luzearen parabolt (borobiletan) eta luzearen berezko bilgunearen (karratuan) kokalekuak adierazi ditut.


Luzearen oinean dagoen harkaitz-blokea aprobetsatuz, zentimetro batzuk irabazi eta ezkerrera zeharkalditxo bat egin zuen lehen kimikoaren azpira iritsiz. Lehen metro hauek arraroak eta bertikalak dira eta, heldulekuak handiak ez badira ere, ez dira txarrak: "joer, uste baño gehio kostauzat" esan zidan eroso zegoen leku batetik, "beheko blokeren ezkerretio hobe eskalaukoela esango nuke".

Lehenengo metro bertikalak eskalatu ondoren.


Lehen metro bertikal hauen ondoren, horma zertxobait etzaten dela aprobetsatuz, metroak azkarrago irabazi zituen luzearen berezko bilgunearen gaineko sabai txikiaren azpira iritsi zen arte. Luzeak berezko bilguneraino 21 metro ditu baina, laugarren luzean egin genuen moduan, eskalatzen jarraitzea erabaki zuen.

Sabaia maisutasunez eskalatu ondoren begien bistatik galdu eta, minutu batzuetara "Reunionnn!!" hitza entzun nuen.

Ikerren gomendioari jarratuz luzearen lehen metro bertikalak blokearen ezkerretik eskalatu nituen, eskuin oina blokearen gainean jarriz. Zati bertikala eskalatu ondoren, sabaira iritsi arteko tartea erabat gozatzekoa iruditu zitzaidan eta, bertako koxka eta heldulekuak aprobetsatuz, eskailera batetik gora igotzen arituko banintz bezala sentitu nintzen.

Bilgunearen gainetik dagoen sabai txikia oso ongi babestua dago eta bertako heldulekuetatik tira eginez ez nuen zuzen eskalatzeko aparteko zailtasunik izan. Sabai txikia eskalatuta horma etzan eta, kimiko pare batekin babestutako 8-9 metroetako ertza itsurako zeharkaldiaren ondoren, parean nuen hormaren azpiko bilgune erosora iritsi nintzen.

Sabai txikia eskalatu ondoren behera egindako argazkian luzearen berezko bilgunea ikusi daiteke.


Bosgarren bilgunera (Ikerren burua ikusten da) iritsi arte eskalatu behar den ertza itsurako zeharkaldia.


"Ze ona tetxu aurreko zatia, gaurko zatik polittena" esan nion anaiari bilgunera iritsi nintzenean. "Neire izugarri gustau zait, koxkak jarraituz ttipi-ttapa eskalatzeata".

Bosgarren bilgunera iristen. Seigarren luzearen parabolten kokalekua adierazi dut.


Seigarren luzea, Enarri sektoreko "Talbet" (5b, 21 metro) bidea. Gora begiratu eta "bueno, gaurko hirugarren kintoa" esan ondoren eskalatzen hasi nintzen. Lehen metroetan luzea bertikala izan arren helduleku onak ditu. Esku eta, batez ere, oinentzat lekuak aurkituz metroak azpitik ikusita baino errazago irabazi nituen erlaitz inklinatu batera iritsi arte.

Erlaitz inklinatuan.


Erlaitz inklinatuan gora begiratu eta, bertikalago bihurtzen zen horman gora kimikoek jarraitzen zutela ikusi nuenean, "ustet pasoa hemen eongo dela" esan nion Ikerri. Zertxobait atzeraka egiten duen horman metro pare bat igo eta, lehen kimikoan aseguratu ondoren, pixkanaka eskuinera eskalatuz joan nintzen hormaren helduleku onak aprobetsatuz. Horma bertikal hau eskalatu nuenean horma zertxobait etzan eta bi kimiko eta parabolt batez osatutako bilgunera arazorik gabe iritsi nintzen.

Iker zati bertikalatik ateratzen.


"Honek ere bere gauza zeuken, eh?" esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean, "baña gutxiñez helduleku oso onak dauzke".

Bilgunera iristen, azpian Arritxulo aterpea.


Zazpigarren luzea nondik doan identifikatu eta seigarren bilgunetik 5-6 metro horizontal ezkerrera eginez hasten zela ikusi genuen: "ez al da hobe hauntza jun ta bertan aseguratzen hastea?" Esan nion Ikerri, "nik ere hala ustet" erantzun zidan. 5-6 metro hauek zailak ez diren arren, bazpare bata besteari aseguratuz zeharkatzea pentsatu genuen. Seigarren bilgunetik Iker aseguratu eta, zazpigarren luzearen azpian dagoen kimikoan auto-babestu zenean, soka jaso eta korapilo dinamiko batez baliatuz aseguratu ninduen.

Seigarren bilgunetik seigarren "bis" bilgunera egindako zeharkalditxoa.


Zazpigarren luzeko lehen bi parabolten kokalekua seigarren bilgunetik ikusita.


Zazpigarren luzea, Enarri sektoreko "Formando al niño" bidea, 4b, 20 metro. Soka eta expres zintak ordenatu ondoren Iker eskalatzen hasi zen. Luzea lehen metroetan bertikala izan arren helduleku onekoa da.

Zati bertikalean.


Lehen metro hauen ondoren, horma pixkanaka etzaten doan heinean eskuin aldera eskalatuz joan zen, zeharkaldi honetako helduleku ederrak aprobetsatuz. Zeharkalditxoaren ondoren tentea den azken hormatxo batera iritsi, bitan pentsatu gabe hormatxoa eskalatu eta begien bistatik galdu nuen.

Zati bertikalaren azken metroetan.


Hurrengo minutuetan soka jasotzen eta askatzen aritu zen, horman gora eta behera arituko balitz bezala. Ikusten ez nuenez, denbora osoan badaezapda soka tente mantentzen saiatu nintzen. Soka geldirik gelditu zen une baten ondoren azkar jasotzen hasi eta "Reunionnnnn!!!" entzun nuen. Iker bilgunera iristeko zain izan nintzen denboran haizea aldatu eta bazterrak hozten hasita zeudela sentitu nuen, euria hurbiltzen ari zenaren seinale. Hatz-mamiak hozten hasita nituen eta harkaitzeko tenperatura ere hasieran baino baxuagoa zela iruditu zitzaidan.

Forro polarraren kremailera goraino igotzen ari nintzenean Ikerrek "Nahizunennn!!" oihukatu eta eskalatzen hasi nintzen. Lehen metro bertikalak eta eskuinera egiten den "zeharkaldia" erraz eskalatu nituen. Azken hormatxo bertikala eskalatzen amaitzen ari nintzenean soka ezkerrera nabarmen zihoala ikusi eta Iker bilgunean ikusi nuen: "Zuk hortio ateazkeo noaldea jungo ziñen?" galdetu zidan. "Ba zuzen goraka" erantzun nion. "Nik hala indet baña eztet iñun bileraik topau" esan zidan "azkenen hau ikusietenen honea etorri naiz". Bilgunera iritsi eta, gainean generaman krokisa begiratu ondoren, zazpigarren bilgunea Iker zegoen berbera zela egiaztatu genuen. Bide hau eskalatzen baduzue detaile hau kontutan izan: hormatxo bertikala eskalatu ondoren bilgunera iristeko hormatxoaren ondorengo kimikoan aseguratu eta ezkerrera jarraitu behar da lurrean izkutuan dagoen bilgunera iristeko.

Hormatxoa eskalatu ondoren dagoen paraboltetik bilgunera iristeko jarraitu behar den bidea. Kontuz leku honetan gu bezala gora eta behera bilgunearen bila bueltaka ez ibiltzeko.


"Ostia, hoztu indo ez?" Galdetu zidan Ikerrek. "Hoixe bea aittu naiz lehen pentsatzen" esan nion "eztakit haize aldaketakin ebie hasiko ote den". "Behin hemen eonda sikiera azken luzea eskalau beharko deu" erantzun zidan soka jasotzen zuen bitartean.

Soka jasotzen, atzean "Atsedenlekua" sektorea ikusi daiteke.


"Enarri" sektorea eskalatuta "Atsedenlekua" sektorera zuzendu ginen, gaurko azkenekoa. Bertara iristeko zazpigarren bilgunetik gora doan bidexka jarraitzea besterik ez da, denbora osoan begien bistan dugun "Atsedenlekua" sektorera iritsi aurretik alanbre arantzadun hesi bat zeharkatuz. Zati honetan, "Enarri" sektorera iristeko egin genuen bezala, ez genituen katu oinak kendu eta, bide erosoa jarraituz, arazorik gabe egin genuen. Bilgunetik hormaren azpira 80-90 metro inguru izango dira.

"Atsedenlekua" sektorera iristen.


Zortzigarren luzea, Atsedenlekua sektoreko "Saiak" bidea, 5b, 15 metro. Luzea horma goitik behera zeharkatzen duen diedro itsurako pitzadura nabariaren ezkerretik gora doa. Hasieran zalantzan izan ginen bide hau eskalatu hala ez, 15 metro bakarrik izanda, goitik erraz ateratzerik izango genuen ez genekielako: "Goitio ateatzeik ez badau rapelau ta ondokoa eskalauko deu" esan nion Ikerri. "Zuk eman behar diozu?" erantzun zidan. "Ze ba?" nik. "Eske gaurko lau kintotatik zuk hiru eskalauko dituzuta..." bota zidan baxu-baxu hori esateak lotsa emango balio bezala. "Nork esango zigun duela hilabete pare bat kintoko luzeengatik burrukan aittuko giñela, eh? Jejeje" esan nion irrifartsu. Ikerri material guztia pasatu eta, ekitatearean hobebeharrez, bidearen azken luzea eskalatzen hasi zen.

Belarraren gainean, luzearean azpiko harkaitz-boke handiaren oinean aseguratzen hasi nintzen. Hasieran blokearen gainetik aseguratzea pentsatu genuen baina, alde batetik ez zitzaigun leku erosoa iruditu eta bestetik Ikerren eskalada nekez jarraituko nuke.

Hasierako blokea eskalatu ondoren. Argazkian hurrengo parabolten kokalekua adierazi dut.


Blokea (III) erraz eskalatu eta horma bertikalean gora eskalatzen hasi zen. Poliki baina segurtasun osoz eskalatuz, helduleku onak aprobetsatuz, bosgarren mailako zailtasuna izango duen hormari metroak irabazten joan zitzaion. 10 metro inguru eskalatu ondoren sabai baten azpira iritsi zen.

Plaka bertikalean.


"Pentsatzet asuntoa hemen izangoela" esan zidan. Sabaiaren azpian oinak ahal izan zituen hobekien jarri eta, sabaiaren azpitik, eskuinera jarraitu zuen: "joer, hemen eskuntzat heldulekuik eztau!!!" esan zidan, "oain al loro ibili!!". Soka tenkatu eta izan zitekeen erorketarako prestatu nintzen. Iker estu izan arren, hormari pixkanaka zentimetroak irabazten joan eta azkenean sabaiatik ateratzea lortu zuen.

Sabaiatik ateratzen.


A zer nolako "Reunionnnn!!!" oihukatu zuen bilgunera iritsi zenean. Tenperatura dexente jaitsi eta gorputza hozten hasita nuela sentitu arren, ez dut uste Ikerrek bilgunera iritsi zenean hotz handirik izango zuenik.

"Reunionnnnnn!!!!!" Oihukatuz.


Sokak jaso zituenean eskalatzen hasi nintzen. Hatz-mamiak hotzak nituen eta, lehen metro bertikalak eskalatzen nituen heinean, hatzen sentsibilitatea galduz nindoala sentitu nuen. Harkaitza hotza dagoenean hatz-mamietan sentitzen den sentsazio desatsegin hau izan arren, sabaiaren azpira uste baino erraz eta erosoago iritsi nintzen.

Ikerrek egin zuen moduan oinak ahal izan nuen altu eta hobekien jarri eta sabaiaren eskuin aldera jo nuen. Nahiz eta Ikerrek eskuentzat helduleku onik ez topatu, ni altuago izanda, bera iritsi ez zen heldulekuren batera iritsiko nintzela pentsatu nuen. Baina gorputza sabaiaren gainetik altsatzea iritsi zenean nik ere ez nuen heldulekurik topatu edo, topatu banu, ez nuen behatzetan sentitu.

Hatz-mamiak erabat hotzak eta, galdutako sentsibilitateagatik, zerbaiteri helduta nengoen ala ez jakin gabe, estutzen hasi nintzen: "bufff, larri nau!!" esan nion Ikerri "ahalbazu soka tentsau". "Erabat tentsauta zare" erantzun zidan. Soka erabat tenkatuta zegoela esan arren ez nuen arnesean tentsiorik sentitzen: "joer, konturatu gabe eskuekin heltzen ai naiz" ohartu nintzen. Nahiz eta behatzekin ezer ez sentitu goraka indarra egin eta, oinetatik pisua kentzen nuela nabaritzearekin batera, erortzen nintzela sentitu nuen: "banijolaaaa!!" oihukatu nion anaiari. Baina eskuek ongi eutsi eta, oinak gorago igo nituenean, sabaiatik atera eta bilgunera iritsi nintzen.

"Ostrasss, behatzak izoztuta dauzket" esan nion, "neire berdiñe pasa zait" erantzun zidan. Bilgunetik gora 5-6 metro inguru oinez egin eta, harkaitz batean eserita, Ikerrek bilgunetik askatzen zen bitartean soka jasotzen hasi nintzen.

Zortzigarren bilgunean sokak jasotzen hasi aurretik.


Eskalatzen hasi ginenetik tenperaturak behera gradu batzuetan egina zuen eta, euririk egin gabe, langar batek inguruak hezetzen hasita zegoen, soka eta kaskoak bustiz. Ahal izan genuen azkarren materiala motxilaren babesera sartu eta, soka bildu eta motxilatik zintzilikatu ondoren, euria hasi baino lehen beherako bidea arin-arin hartu genuen.

Metro batzuk iparraldera egin eta, hego-mendebaldeko norabidea hartzen duen bidea jaraitu genuen "Atsdenlekua" sektorearen oinera itzuliz.

Bidea amaitzen den lekutik behera. Argazkian Iker dagoen lekura arte dagoen belarrez estalitako erlaitza jarraitu behar da.


"Atsedenlekua" sektorearen ondoan berriro ere. Azken luzeko parabolten kokalekua adierazi dut.


Sektorea gure ezkerrean utzi eta, hego-mendebaldeko norabidearekin jarraituz, metroak galdu ahala nabarmenduz doan bidea GR-121 bidearekin bat egiten duen bidegurutzera arte jarraitu genuen.

Mugarri bat GR-121 bidearekin bat egin aurretik.


Bidegurutzean ezkerrera (hegoaldera) jo eta, "Tetxo" sektorea gure ezkerrean utziz, arin-arin jaitsi ginen, igoerako bidearekin bat egin eta Arritxulo aterpera ordu erdi inguruan iritsiz.

Berriro ere pistan eskalatutako bideari begira.


"Bufff, ze ona, gutxiñez ezkea busti" esan nion Ikerri kotxean sartu ginenean. "Ya te digo" erantzun zidan "ez nun uste gaur erdiere eskalauko genunik". "Ezta nik ere, jejeje" erantzun nion motorea piztearekin batera, "zortea alde deunen ere esan beharra dau".


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina