AZKEN 10 SARRERAK

2017/06/23

AIZTONDO, "IÑAKI GOÑI" BIDEA, 115 m, 5c (2017/06/17)

Gizakiak xelebreak gara: leku batera hilabeteetan joan gabe izan gaitezke eta, behin joanda, denbora gutxian hiru-lau aldiz jarraian itzuli gaitezke. Honelako zerbait gertatu zaigu Iker eta bioi azkenaldian Uharteko Aiztondo eskalada eskolarekin. Hilabete luzeetan bertara ia hurbildu gabe izan ondoren azken bi asteotan lau aldietan izan gara.

Gure ibilbidea duela aste parea "Irripe" sektorean kirol eskalada eginez hasi genuen. Bertan gozatu ederra hartu ondoren abiada hartu eta lau egun beranduago "Irrintzi" bidea eskalatu genuen. Astebete beranduago, larunbatean "hiru bi gabe ez direla" esaten duen esaerari jarraituz "Iñaki Goñi" bidea eskalatu eta "gorenera etorrita", ibilbidea igandean "Makurketa" sektorean kirol eskalada eginez amaitu genuen. Pausu honetan datozen asteetan bertako bide guztiak eskalatuko ditugunaren susmoa daukat, jejeje.

"Iñaki Goñi" duela urte batzuk Asier eta Josurekin batera eskalatu nuen. Bide ederra iruditu zitzaidan, ez oso gogorra eta duen pausurik zailena (hirugarren luzeko sabaia) A0 moduan eskalatzeko aukera ematen zuena. Orduan sabaia ezin izan nuen "garbi" eskalatu eta express zinteetatik tiraka eskalatu nuen. Oraingoan luze hau garbi eskalatzeko asmo biziaz itzuli nintzen bidearen oinera.

Aurreko asteburuan "Irrintzi" bidea eskalatu genuenean egin genuen bezala, oraingoan ere goiz gelditu ginen, ahal zen neurrian bidea itzalpean eskalatzeko.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 115 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Ez dut datu hau inon topatu.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 5a (30 m), 2ºL: 5c (30 m), 3ºL: 5c (30 m), 4ªL: 4b (25 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
Jaitsiera:Bi aukera ditugu: bidea errapelatzea eta bidearen amaieratik oinez jaistea erdi-izkututako bidexka bat jarraituz. Bidea errapelatzen bada gomendagarria da lehen errapela "Esto si es Chamonix" bidearen bigarren bilgunera egitea, biderik zuzenena hona eramaten baitu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rapelatzen badugu eskertuko dugu bi rapeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 15 express zinta (hirugarren luzean denak erabiliko ditugu) eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bidea errapelatzen bada, errapelatzeko "Shunt" aparatu modukoa eramatea gomendagarria izan daiteke, momenturen batean eskuak sokatik askatzea beharko bagenu lasai ibiltzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru..

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago, urdinez egin daitezkeen bi errapelak. Bilgune urdina, "Esto si es Chamonix" bidearen bigarren bilgunea da, igoeran alde batera utzi beharko duguna.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Oinara iristeko deskribapena kronika honetan irakurri dezakezue.

Kotxea utzi genuen lekutik egindako argazkia. Argazkian bidearen oinara joateko jarraitu behar den bidea margotuta dago.


DESKRIBAPENA

Goizeko bederatziak ematear zeudela bidearen oinera iritsi ginen. Dagoeneko sokada bat "Irrintzi" bidearen bigarren luzea eskalatzen hasita zegoen baina sokada honetatik aparte ez zegoen beste inor horma osoan: "joer, jendea goiz ibiltzeala, eh?" esan zuen Ikerrek. "honbre, gaurko emanda daun berokin normala iruitze zait" erantzun nion. Bidearen oinera iritsi eta eskalatzaileaz janzten ari ginen bitartean lehen luzea non hasten zen begira aritu nintzen: " ez nau oso ziur zein den lehen luzea, hau edo eskuibitio kimikokin ekipatutakoa" esan nion Ikerri. Aurretik nuen paraboltez babestutako luzea eskalatzen hasi eta bidearen lehen metroetan dagoen plakatxo metalikoa ez nuen ikusi: "joer, ba gogoatzen naiz plakatxo bat zegoela baña hemen eztau" esan nion Ikerri alde batera ta betera begiratuz. Lehen luzea eskalatzen ari nintzen bidearen ezkerrekoa zela pentsatuz, lehen metroak destrepatu eta kimikoez babestutako luzea eskalatzen hasi nintzen: "ba hemen ere eztau plakaik" esan nion Ikerri "baña lehenengo luzen kimikoik etzeola esango nuke". Luze hau ere destrepatu eta paraboltez babestutako luzera itzuli ginen: "ziur hemendio dijola" esan zidan Ikerrek, "gañea lehenengo reunioa daun zuhaizea dijo".

Iker bidearen oinean.


Materiala berriro ere kolokatu eta lehen luzea eskalatzen hasi nintzen. Gero etxean ikusiko genuen bezala, kimikodun luzea "iparraldeko izarra" bidea da, luze bakar eta V- zailtasuneko bidea, eskerrak eskalatu ez genuen, jejeje.

Lehen luzea, 30 metro, 5a. Lehen luzea helduleku oneko plaka etzan bat eskalatuz hasten da eta bilgunea goian ikusten den zuhaixka nabariaren ezkerrean dago. Eskalatzen hasi eta metalezko plakatxoaren bila hasi nintzen berriro ere, baina ez nuen ikusi, ez dakit kenduta egongo den ala ez.

Luzearen lehen plakatxo etzanak eskalatu ondoren.


Lehen metro etzan batzuen ondoren luzea pixkanaka tentetzen eta eskuinera doa arrail eta harlauz ezberdinak jarraituz. Zati hau gozatzekoa da nonahi helduleku ederrak topatzek direlako. Esan bezala bilgunea luzea zuzentzen den zuhaixka nabariaren ezkerrean dago. Bilgunera iritsi aurretik tenteagoa den plaka leun bat eskalatzen da eta hemen egon daiteke luzearen zailtasunik handiena. Gorputza zertxobait luzatu eta behatz puntekin plakaren amaiera heldu ondoren plaka zailtasun handirik gabe eskalatu eta erlaitz eroso batean kokatutako bi bilguneeetara iritsi nintzen.

Lehen bilgunean.


Ezkerreko bilgunea bi paraboltez osatua dago, eskuinekoa aldiz uztaidun bi paraboltez. Nik bilgunea eskuineko bilgunean muntatu nuen bigarren luzea honen eskuinetik doan parabolt lerroa jarraitzen du eta.

Lehen luzeko bi bilguneak.


Bilgunea zinta luze batez muntatu, bertatik zintzilikatu eta soka jasota nuenean Iker eskalatzen hasi zen.

Sokak jasotzen.


Ikerrek luzea erraztasun handiz eskalatu zuen: "zemuzkoa?" Galdetu nion. "Hasteko ondo, errexa ta disfrutatzen" erantzun zidan, "baña haizekin ta itzaletan frexoantxen gelditzen ai nintzen, azkenen haizetako txamarra jarriet". Bero handiko egun eguzkitsuetan goiz ibiltzeak dituen abantailetako bat.

Plaka etzana eskalatu ondoren. Bilgunera iritsi aurretik eskalatu behar diren harlauz eta pitzadurak ikusi daitezke.


Bigarren luzea, 30 metro, 5c. Goian esan bezala, bigarren luzea eskuineko bilgunetik gora doazen bi paraboltak eskalatuz hasten da. Lehen metro hauetan horma ez da oso bertikala eta dituen helduleku ederrak aprobetxatuz Ikerrek erraztasun handiz eskalatu zituen berriro ere nire bertikalean jarriz.

Lehen bi paraboltetatik aseguratu ondoren. Diedro/hodi inklinatua eta bigarren bilgunearen kokalekuak ikusi daitezke.


Bigarren paraboltetik luzea tentetuz eta ezkerrera doa gainean dagoen eta bilgunetik nabaria ez den diedro/hodi inklinatu batera iristeko. Zati honetan Ikerren abiadura zertxobait moteldu zen baina ia gelditu gabe eskalatuz jarraitu zuen, ematen zituen pausuaz seguru zegoen seinale. Diedro/hodiaren sarreran pausu bertikal eta fin bat dago baina zailtasunik gabe eskalatu zuen hodiaren barruan sartuz.

Bigarren paraboltetik gora.


Diedro/hodiaren barruan metro batzuk eskalatuta, diedroan bertan dagoen bilgunera iritsi aurretik diedro/tximinitik eskuinera atera eta luzeari zailtasuna ematen dion ezker-eskuineko pausu fin eta zeharkalditxoaren ondoren uztaidun bi paraboltetako bilgunera iritsi zen. Diedro/hodiaren barruan utzitako bilgunea "Esto si es Chamonix" bidearen bigarren bilgunea da, errapelatzeko garaian lehen errapelarekin iritsiko garena.

Ezker-eskuineko zeharkaldia hasten.


Bigarren bilgunean. Erreferentzi bezala, ezker-eskuineko zeharkaldia bederatzigarren paraboltean aseguratu ondoren hasten da.


Bilgunea deserosoa izan gabe ez dauka lehenengo bilgunearen erosotasuna eta lehen bilgunetik ikusten den zuhaixka nabari baten ezkerrean muntatzen da.

Bigarren bilgunean, eskuinean zuhaixka ikusi daiteke.


Lehen bilgunea bigarrenetik ikusita.


Ikerrek eskalatzen hasteko abisua eman zidanean eskalatzen hasi nintzen. Lasai eta seguru eskalatu nuen denbora osoan, ametsetan izango banintz bezala: "ez altzea tubon gehiegi igo?" esan zidan Ikerrek ametsetik esnatuz. Eskuinera begiratu eta biok ia altuera berean geundela ikusi nuen: "Buff, ba zeharkaldie horizontala inbeharkoet" esan nion. Nahi baino izerdi eta energia eskatu zidan zeharkaldiaren ondoren bilgunera iritsi nintzen: "joer pasokin, nahi baño gehio estutu behar izan det" esan nion oraindik bihotza korrika batean nuela.

Bigarren bilgunea gertutik.


Ikerri materiala jaso eta gora begiratu nuen: "bueno luze klabea, ea zemuzkoa ateatzen den, ze azkenekon expressetaik earki tira in behar izan nun". Gora begiratu eta lehen parabolta urrun zegoela iruditu zitzaigun, bilgunearen eskuinean orlegi koloreko parabolt bat ikusi genuen arte: "bueno, horraño trabesie egin ta gora" esan zidan Ikerrek.

Hirugarren luzea, 30 metro, 5c. Bilgunearen eskuinean dagoen parabolt orlegia identifikatu ondoren bertara iristeko 2-3 metroetako zeharkalditxo erraza egin nuen.

Lehen parabolt honetatik gora hasiera batean parabolt lerroak jarraitzen duen plaka leuna zuzen eskalatzeko tentaldia izan nuen arren, azkenean plakaren ezkerrean eta eskuin ezker diagonalean doan belardun arrail nabaria eskalatzen hasi nintzen luzeari metroak zailtasunik gabe irabaziz: "zemuz dijo?" galdetu zidan anaiak, "oaingoz ondo, ea goien zemuz".

Arrailaren amaierara iritsi nintzenean, ni eta 5c pausua dagoen sabaiaren artean ur-tantadun plaka tente bat eskalatu nuela ikusi nuen: "joer, zati honekin ez nintzen akordatzen" pentsatu nuen. Kronika askotan esan dudan moduan ur-tantadun plakak gorrotu ditut eta eroso oso gutxitan eskalatzen ditut. Oinak nahiz eta helduleku onetan ipini, behatz eta besoetatik nahi baino gehiago tiratuz metroak irabaziz joan nintzen sabaiaren azpira besaurreak kexati nituela iritsiz. Orain arteko zailtasuna bosgarren mailako zailtasunaren baitan dagoela esango nuke.

Sabaiaren azpira iristen.


"Bueno zailenea iritsi gea" pentsatu nuen. Sabaia eskalatzeko bere azpitik eskuin ezker horizontalean zeharkatu beharra dago. Sabaiaren gainean dagoen parabolt orlegitik aseguratzen garenean zeharkaldiarekin jarraitu behar da gainean dagoen paraboltera zuzen eskalatu gabe, nahiz eta parabolt hau gertu ikusi. Zeharkaldi osoan oinentzat helduleku onak topatuko ditugu eta sabaiaren ezkerretik ateratzear gaudela, ezker eskuarentzat harlauz itsurako helduleku on bat dago. Hona iritsita eta ezker eskuan helduleku on honetan helduta, eskalada sabaiaren ezkerretik egiten da eskuin eskuarentzat helduleku txikiak aprobetxatu eta esku berarekin sabaian dauden parabolT guztiak "txapatuz". Komeni da zeharkaldi honetan guztian jarritako express zintak luzeak izatea soken marruskadura ahalik eta gehien kentzeko.

Sabaia eskalatuta, bilgunea 3 metro ingurura dago plakatxo etzan bat eskalatu ondoren. Hirugarren bilgunea, uztaidun bi paraboltez osatuta, leku eroso batean dago.

Hirugarren bilgunea.


Goian azaldutakoaz bilgunearen segurtasunera iritsi nintzenean ohartu nintzen. Sabaiaren zeharkaldiarekin hasi eta parabolt orlegian aseguratu nintzenean, goian nuen hurrengo paraboltarekin itXutu, zeharkaldiarekin ahaztu eta zuzen eskalatzen hasi nintzen izugarri estutuz. Azkenean, parabolt orlegitik nuen express zintari eutsiz goiko paraboltean aseguratu eta bertan jarritako zintatik tiraka ere sabaia zuzenean eskalatu nuen bilgunera besaurreak puztuta iritsiz.

Iker bigarren bilgunetik ateratzen. Sabairen gainetan dauden paraboltak ikusi daitezke (parabolt orlegia ez da ikusten).


Ikerrek ordea, goiko azalpenei jarraituz sabaia erraztasun handiz eskalatu zuen: "ze iruittu zaizu?" galdetu nion, "uste baño askoz errexago" erantzun zidan, "kabroia" erantzun nion "nik kristonak pasaittut" bota nion "bai, bai, konturatu naiz, jejeje" erantzun zidan irrifar maltzur batekin.

Laugarren luzea, 25 metro, 4b. "Bueno bukaerara iritsi gea" esan zidan Ikerrek eskalatzen hastearekin batera. Azken luzearen lehen metroetan helduleku ederreko plaka etzana eskalatzen da eskuin ezker diagonalean doan belardun erlaitz batera iritsi arte. Ikerrek oso erraz eskalatu zituen.

Belardun erlaitz inklinatuan.


Erlaitz inklinatutik gora plaka tentetu arren helduleku heldulekuak onak daude eta ia zailtasunik gabe eskalatu zituen di-da batean bilgunera iritsiz. Bilgunea, plaka inklinatu batean jarritako uztaidun bi paraboltez osatua dago.

Erlaitzetik gora eskalatzen.


Ni hirugarren bilgunean.


Bidearen amaieran, hau egina dago!!!.


Azken luze hau ederki etorri zitzaidan bidea sentsazio lasai eta eroso batekin amaitzeko. Ez nuen inongo momentuan zailtasunik izan eta izugarri gozatu nuen.

Bilgunetik atera aurretik.


"Joer gaur errex ibili zeala iruittu zait" esan nion anaiari bilgunera iritsi nintzenean. "Ba bai, gaur egun ona izan det, uste baño hobe ibili naiz" erantzun zidan "bakizu, gu hola ibiltzegea gaur ni ta bihar zu, jejeje". "Ikusi al dezu bilgunera dijon beste parabolt ilara?" Galdetu nion. "Ba bai, ze bide da?" Galdetu zidan berak. "Ba eztakit, krokisetan bilgune honta luze bakarra iristeala jartzeota" erantzun nion. Egia esan ez dakit zein luze den hona iristen dena eta gero etxean ere ez nuen parabolt ilara misterioso honen berri topatu. Bide honen ezkerrean gelditzen dena "Esto si es Chamonix" bidea da eta duela urte batzuk eskalatu genuenean azken luzea ezkerrago gelditzen zenaren oroitzapena daukat. Luze berri bat ekipatu bada eskertuko nuke bakarren batek honen inguruko informaziorik izango balu.

Bilgunean biok aseguratu eta errapelako muntatzen hasi ginen.

Azken bilgunean.


Lehenengo errapela "Iñaki Goñiren" bigarren bilgunera edo "Esto si es Chamonix" bidearen bigarren bilgunera egin daitekeen arren, zuzen errapelatzen badugu bigarren aukera da zuzen eta logikoena. Lehen errapelaren ondoren, bigarrenarekin motxilak eta zapatilak utzitako lekura itzuli ginen.

Bigarren errapelean.


Kuriosoa bada ere, Aiztondon izateko horma osoan bi sokada bakarrik geunden eta hirugarren bat hastear zengoen. 11:10ak aldera traste guztiak motxiletan jaso eta, joan den asteburuan bezala, eguzkiak indarrez jotzen hasita zegoenean kotxerako bidea hartu genuen larunbatean egingo zuen berotasunetik ihesi.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina