AZKEN 10 SARRERAK

2017/06/16

AIZTONDO, "IRRINTZI" BIDEA, 110 m, 5c (2017/06/11)

Nahiz eta noizean behin kirol eskalada egitera joan, baziren bi urte Aiztondon hainbat luzeetako biderik eskalatzen ez genuela. Honetarako eskola ederra da eta luzeak oso ongi aseguratuak daude: estutu beharreko lekuetan aseguruak orokorrean ez dira urrun gelditzen eta erorketak ere ez dira luzeak izaten. Eskalada orokorrean kareharrizko plaka trinkoetan egiten da nahiz eta batzuetan sabaiak eta diedrotxoak eskalatzeko aukera ere izan. Bideen zailtasunari dagokionez, denetarik dagoen arren, 5c eta 6a artean kokatzen dira bide gehienen zailtasunik gogorrena. Bideetako hurbilketa motza denez, zaila da bertako hormetan sokadik zintzilik ez ikustea.

Aiztondora itzultzeko gogoa bizia genuen arren, bertan izaten den sokada pilak atzeraka botatzen gintuen. Bertan eskalatutako azken aldietan bide bera eskalatzen ari zirenen arteko liskarren testigu ere izan ginen, batez eskalatzen eta errapelatzen ari zirenen artean. Tristea da liskar hauek ikustea baina tamalez eskalatzaile asko mugitzen den lekuetan ohikoak bihurtzen ari dira. Honegatik, eta osagai hauek guztiak tentagarriak ez baziren ere, azkenean goiz joanez gero arazorik izango ez genuela erabaki eta bi anaiok igande goizerako gelditu ginen: "hola jaisten hasten geaneako gehiengoa igotzen hasteko prest eongoa" esan nion Ikerri.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 110 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Ez dut daturik topatu.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 4a (30 m), 2ºL: 5c (30 m), 3ºL: 5c (25 m), 4ªL: 5c (25 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Hala ere, goiz ibiliz gero, eguerdira arte bide osoa itzalpean eskalatzeko aukera izango dugu.
Ura: Uharte Arakilen.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
Jaitsiera: Bidea errapelatuz, 50 metro inguruko bi errapelak eginez, lehenengoarekin bigarren bilgunera iritsiko gara eta bigarrenarekin bidearen oinera.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, dena den bigarren bilgunea ezik, beste bilgune guztiak begibistan izango ditugu.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Oinara iristeko deskribapena kronika honetan irakurri dezakezue.

Kotxea utzi genuen lekutik egindako argazkia. Argazkian bidearen oinara joateko jarraitu behar den bidea margotuta dago.


DESKRIBAPENA

Goizeko zortziak eta erdi aldera kotxetik irten eta, trasteak hartu ondoren martxan jarri ginen. Hormara iritsi aurreko hariztia zeharkatzen ari ginela zurrumurru batzuk entzun nituen. Gelditu, buelta eman eta anaiari ixiltzeko eskatu nion: "ez al dezu entzuten? Paretan jendea dau". Ikerrek adi entzun eta "joer, ea gutxiñez gure biden iñor eztaun" erantzun zidan.

Nafarroako Mendi Federakuntzak hainbat luzeetako eskalada ikastaroa ematen ari zen, baina gure lasaitasunerako, praktikak hormaren eskuinean gelditzen diren bideetan egiten ari ziren. Arrazoia ez genekien arren, begiraleek kaskorik ez eramatea atentzioa deitu zigun: "deskuidau ezkeo ikaslen bati kaskoa ahaztu eta monitorek utzi die" esan zidan Ikerrek.

Gure bidean inor ez zegoela ikusteak eman zigun lasaitasunarekin traste guztiak prestatu eta, ur pixkat edan ondoren, Iker lehen luzea eskalatzen hasi zen.

Lehen luzea, 30 metro, 4a. "Irrintzik" lehen luzea "Ainhoa" bidearekin elkarbanatzen du eta ezkerrera diagonalean doan plaka etzana eskalatuz doa. Iker, lasai baina ia gelditu gabe, express zintak bata bestearen atzetik jarriz joan zen bilgunearen aurreko plakara iritsi zen arte.

Bidearen lehen metroetan.


Plaka honetan, nahiz eta hasiera batean zalantzak izan, zuzen eskalatu eta di-da batean bilgunera iritsi zen: "earki, nahiko arin gabiltz" pentsatu nuen.

Iker lehen bilgunea muntatzen. Bigarren bilgunea eta laugarren luzean eskalatzen den arrail inklinatua eta sabaiaren kokalekua ikusi daitezke.


Luze honetaz ez gozatzea zaila da. Lehen metroak oso errazak dira, helduleku ederrekin, eta oinekin bakarrik eskalatu daitekeen plaka etzana eskalatzen da. Eskalada ongi zihoan arren, goizetik zegoen beroaren eraginez izerditan blai nindoan. Bilgunera iritsi aurretik plaka tentetu eta heldulekuak kamusten diren arren zailtasunik gabe eskalatu nuen. Hala ere, azken plaka hau plakaren eskuinetik errazago eskalatzeko aukera dago.

Zuhaixka berezia lehen bilgunearen ondoan.


"Ea estutu beharreko pasotan ez deten irrist itten" esan nion anaiari izerditutako eskuak erakutsiz, uztaidun bi parabolt dituen bilguneko erlaitz erosora iritsi nintzenean. "Magnesioa eamantzazu" esan zidan. "Lasai, ea magnesioik gabe eskalatzeik deten".

Lehen bilgunean.


Ikerri soberan zituen express bakarrak hartu eta, denbora asko galdu gabe, gora jarraitu nuen.

Bigarren luzea, 30 metro, 5c. "Ainhoa" bidearen bigarren luzea eskalatzen arituko banintz bezala bilgunetik ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu eta, eskuinean dagoen plakara iritsitakoan, bertako bi zuhaixken ezkerretik eskalatu beharrean, zuhaixken artetik doan parabolt lerroa jarraitu nuen. Sarrera honetan zertxobait estutu beharreko pausu bat dago. Oinak ahal izan nuen goienen jarri eta, eskuentzat dauden pare bat helduleku txikietatik tiraka, izerditan blai, plakara igo nintzen: "eskuk blai indauzket, ea hemendio gora luzea zemuz dijon" esan nion Ikerri.

Plakaren lehen metroak, zuhaixken artean doazenak alegia, ez dira zailak eta zailtasun handirik gabe eskalatu nituen. Zuhaixkak atzean uzterakoan berriz, plaka tentetu eta ordura arteko helduleku onak desagertzen dira, batez ere parabolt lerroa zuzen eskalatzen badugu. Nire kasuan hormaren zatirik errazenak bilatuz joan nintzen, hasieran eskuinean dagoen harlauz batera zuzendu eta, honen ondoren, ezker-eskuin doan arrail diagonal estua ahal izan nuen guztia aprobetxatuz. Pausu batean baino gehiagoan estutu arren eroso nindoan, ahal nuen guztietan eskuak galtzetan hala nola lehortuz.

Iker zuhaixken artetik ateratzen.


Bigarren bilgunea plakaren amaieran ikusten diren zuhaixken atzean dago. Bilgunera iristeko, bi aukera ditugu: lehenengoa arrailatik gora doan plaka zuzen zuhaixken ezkerraldera eskalatzea da, "Irrintzi" bidearen bilgunea zuhaixken atzean dagoen ezkerrekoa baita. Bigarren aukera, bietatik errazena, arraila ahal dugun gehiena aprobetxatu eta zuhaixketara zuzen igotzea da, zuhaixken azpitik metro pare bateko zeharkaldia ezkerrera egin eta arazorik gabe bilgunera iristeko. Zuhaixken atzean bi bilgune daude: eskuinekoa (uztaidun bi parabol dituena) "Clásica Sur" bidearen bigarren bilgunea da. "Irrintzi" bidearena ezkerrekoa da, bi paraboltez osatutakoa. Hau kontutan izatea garrantzitsua da errapelatzeko garaian eskuineko bilgunetik errapelatu beharko dugulako.

Ni bigarren bilgunean eta hurrengo bi luzeen nondik norakoak.


"Buenooo, luze honek bazeuken pasotxoren bat, eh?" esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Bai, baña etzait hain zaile iruittu" erantzun nion, "gutxiñez eztet bildurrik pasau, jejeje".

Soberako materiala Ikerri eman eta eskalatzen jarraitu zuen.

Hirugarren luzea, 25 metro, 5c. "Haure kinto mas da, ez?" Galdetu zidan Ikerrek, "bai, gañea zuri gustatzen zaizun hoitakoa, goteretatio igotzen dena, jejeje" erantzun nion irrifartsu. Bigarren bilgunetik gora hiru bide doazenez, Iker jarraitu behar ez diren bideak pixkanaka deskartatzen joan zen: ezkerrera diagonalean jarraitzen badugu "Clasica Sur" bidearen hirugarren luzea eskalatzen hasiko gara. Hemen ez nahasteko bilgunetik gora dagoen parabolt marroira (erdoildutakoa) erreferentzi bezala hartu eta Iker bertara iritsi zen. "Clasica Sur" bidea deskartatua, "Fliparax" bidea deskartatu beharra zuen. Honetarako horman gora doan ur-tantez osatutako plaka bertikala erreferentzi bezala hartu beharko dugu, "Irrintzi" bidea hortik doa eta.

Iker lehen parabolta atzean utzi eta, eskuin eskuarentzat helduleku ederra ematen duen harlauzaren laguntzaz metroak erraz irabazi zituen ur-tantadun plakaren hasierara iritsiz. Harlauz honetatik eskuinera doan parbolt ilara "Fliparax" bidaren hirugarren luzea da, 6a zailtasuneko luzea.

Hirugarren bilgunera iristen. Argazkian hasierako harlauza eta ur tantadun horma ikusi daitezke.


Ur tantadun plaka bertikala da eta Ikerren abiadura dexente moteldu zen. Batera eta bestera begiratuz metroak poliki irabazten joan zen noizik eta behin eskuak magnesio poltsan sartuz: "honek ere eskuk blai inda dauzke" pentsatu nuen. Ur tantadun plakaren amaierara iritsi aurretik honen ezkerrean dagoen arrail estura pasatu eta, oina bat arrailean eta bestea ur-tantadun plakan zituela metro batzuk eskalatu ondoren, arrailea erabat pasatu zen horma eskuin ezker zeharkatzen duen arrail nabariaren oinera iritsiz. Bilgunea bertan dago eta uztaidun bi paraboltez dagoen arren, ez da bilgune erosoa, horman zintzilik gelditzen baita: "Zemuzkoa?" Galdetu nion talkietik. "Buenoooo, gotera tira, baina azkeneko metrotan estutu beharra dau" erantzun zidan.

Hirugarren bilgunea muntatu ondoren.


Ikerrek esan bezala, ur tantadun plakara arte zailtasun handirik gabe eskalatu nuen. Ur-tantadun plakaren ezkerreko arrail estua eskalatzen hasterakoan estutu beharreko pausu pare bat egin behar izan nituen bilgunera iritsi ahal izateko: "Joer, ba bai, bi pasotxo fin badare" esan nion bilgunera iritsi nintzenean, "primeron junda pentsatzet zailagok ikusiko ziela, jejeje".

Hirugarren bilgunetik bigarrenera egindako argazkia.


Bilgunera iritsi eta, deseroso geundenez, denbora asko galdu gabe eskalatzen jarraitu nuen, Ikerri soberan zituen express zintak hartu gabe.

Laugarren luzea, 25 metro, 5c. Laugarren luzeak bilgunearen gainetik diagonalean doan arrail bertikal eta nabaria jarraitzen du. Azpitik beldurgarria bazirudien ere, helduleku ederrak dituenez, metroak uste baino errazago irabazten joan nintzen: "Zemuz doa?" Ikerrek, "oaingoz oso ondo, emateona baño errexagoa da" erantzun nion.

Arrail inklinatuan.


Arrailaren amaiera iritsi nintzenean luzeak plaka bat eskalatuz gora zuzen jarraitzen zuela ikusi nuen: "Reunioa iristeko asko falta zaizu?" galdetu zidan Ikerrek. Gora begiratu eta "10-15 metro inguru, zeba?" galdetu nion. "Hiru express bakarrik dituzulako". Berriro ere gora begiratu eta luzea amaitzeko lau express beharko nituela ikusi nuen. Hasiera batean goian nuen paraboltera iritsi, expreesa jarri, berriro ere jaitsi eta jarritako azken aurreko express zinta kentzea pentsatu nuen, modu honetan goraino arazorik gabe iristeko.

Arrail inklinatuaren amaieran hurrengo express zintak nola aurreztu pentsatzen.


Azkenean, aurretik nituen bi parabolten arteko tartea zaila ez zela ikusita, lehenengo paraboltetik zinta bat pasatu eta segurtasun mosketoi batekin (besterik ez nuelako) bi sokak pasa nituen: "Bueno ez da egokiña baña tira" esan nion Ikerri, "Ze ba?" galdetu zidan "Ba eroiezkeo igual paraboltak zinta moztuko duelako" erantzun nion.

Eskaladarekin jarraituz, arrailatik gorako lehen metroak ez zitzaizkidan zailak iruditu eta dauden helduleku ederren laguntzaz bilgunearen azpiko sabaira iritsi nintzen. Gainean nuen azken express zinta sabaiaren gaieko paraboltean jarri eta, oinak ahal izan nuen goinenen jarriz, dauden helduleku ederretatik tira egin eta zailtasun handirik gabe eskalatu nuen, erlaitz txiki baina eroso batean muntatutako uztaidun bi paraboltetako bilgunera iritsiz.

Bigarren hirugarren bilgunetik ateratzen.


"Haure kinto mas da?" Galdetu zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Liburun hala jartzeo, baña nei, beste bi luzeekin konparauta behintzat, errexagoa iruittu zait" erantzun nion. "Neire bai" esan zidan, "beste bik kinto mas badie hau igual 5b ingurun ibilikoa, ez?" galdetu zidan. "Nik ere hala pentsatzet" erantzun nion.

Sabaiaren azpian.


Azken luzearen zailtasun mailaren inguruko solasaldiaren ondoren errapela muntatu eta Iker bigarren bilgunera jaitsi zen. Ordurako "Clasica Sur" bidearen bigarren luzea amaituta zuen eskalatzaile bat zegoen, baina Iker zuzenean "Irrintzi" bilgunearen bigarren bilgunean aseguratu zen.

Bigarren errapela muntatu ahal izateko "Clasica Sur" bidearen bilgunea behar genuenez (uztaidun paraboltak dituelako), sokada osatzen zuten bikotea luzea amaitu arte zain izan ginen. Ordurako eguzkiak jotzen hasita zegoen, baina zuhaixken itzalpean gustura egoten zen. Bikoteak (zaldibitarra mutila eta donostiarra neska) aurreko arratsaldean bide bera eskalatzen saiatu zirela esan ziguten baina, beroaren eraginez, bigarren luzean erdi deshidratatuta beherako bidea hartu zuten. Mutilak, denbora irabazteko "Irrintzi"-ren azken bi luzeak bakarrean eskalatzeko asmoa zuela esan zigun: "hola leno bukau ta atzoko beroik eztiau pasauko". Elkarri zortea opaz, arazorik gabe bilguneaz aldatu eta bigarren errapela egin genuen.

Argazki honetan bidetik jaisteko egiten diren bi errapelak ikusi daitezke.


"Ze ordutan bizi gea?" galdetu nion Ikerri. "hamaikak eta laurden" erantzun zidan. "Joer, ze ona, gaur etxea di-da baten iritsiko gea". Traste guztiak jaso eta, praktiketan ari ziren eskalatzaile naparrak agurtu ondoren, eguzkiak indarrez jotzen hastearekin batera beherako bidea hartu genuen, etxera goiz iritsi, garagardo frexkoa edan eta barbakoa denboraldiari hasiera emateko asmoz, jejeje.

Kotxea utzitako aparkalekutik egindako azken argazkia, bertan eskalatutako bidea ikusi daiteke.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina