AZKEN 10 SARRERAK

2017/08/30

AIZTONDO, "MAKURKETA" SEKTOREA: "EGUNSENTIKO LAINOEN ARTEAN" BIDEA, 90 m., 6a 2017/08/25

Uharte-Arakileko Aiztondo eskalada eskola hainbat luzeetako eskalada bideengatik ezaguna da batez ere. Bide luzeenak "Aiztondo" sektorean dauden arren, "Makurketa" sektorean ere hainbat luzeetako hiru bide ere badira: Comando Nafarroa (bi luzeetakoa: lehenengoa 25 m eta 5a eta bigarrena 20 m eta 6b+ zailtasun mailakoa), bigarren luzea gogorra duen bidea, Aldapan gora (bi luzeetakoa: lehenengoa 22 m eta V+ eta bigarrena 25 m eta 6a zailtasun mailakoa), itsasgarritasunezko eskalada peto-petoa, lehenengo luzea etzana baina bigarrena bertikala dena, eta Egunsentiko lainoen artean (lau luzeetakoa: lehenengoa 25 m eta 4b, bigarrena 20 m eta 5b, hirugarrena 25 m eta 6a eta laugarrena 20 m eta 5b zailtasun mailakoa), kronika honetan azalduko dudana.

Hiru bide hauek hainbat luzeetako "bide ofizialak" diren arren, Makurketa sektorea osatzen duten hiru hormetako eskalada bideak bakoitzaren zailtasun mailaren arabera lotu ditzazke, hiru horma hauek bata bestearen gainean daudelako. Duela gutxi arte beheko horman irekitako bide bakarra Aldapan gora bidearen lehen luzearena zen (5c) baina azkeneko urtean IV zailtasun mailaren baitan izango diren bide berriak ireki dituztenez, orain gehienez 5a eta 6a+ zailtasuna duten hiru luzeetako konbinaketak egiteko aukera dago.

Goian azaldu bezala, "Makurketa" sektorean dauden hainbat luzeetako bideen artean luzeena Egunsentiko lainoen artean da. Luzeena izateaz aparte badauka beste berezitasun bat: Aiztondoko erdi ekipatutako bide bakarra da, hau da, bide hau eskalatu nahi izanez gero auto-babeserako materiala eraman beharko dugu, friend eta fisureroak alegia.

Duela hilabete batzuetatik begi artean nuen arren, Iker bide hau eskalatzeko ez nuen konbentzitzen. Astean zehar "Makurketa" sektoreko Aldapan gora bidea (6a), Arrano beltza (6a) eta ENAM (5c/6a) bideak lehenengo saiakeran eskalatu eta gero, Egunsentiko lainoen artean estuasun handirik gabe eskalatuko genuela esan nion: "lasai, 6a luzeri nik emangoiot" bota eta, nire harridurarako, baiezkoa esan zidan.

Bide honen inguruko informazio zehatza topatzeko internetera jo eta ez nuen gauza handirik aurkitu. Zehaztasun handieneko azalpena Neskalatzaileak elkarteko Idoia Rubialek hemen egindakoa izan zen, krokisa eta guzti. Bide hau Josu eta Asierrek eskalatuta zutela jakinda eta, gauzarik egokiena bidea eskalatu duenarengana jotzea izaten denez, Josuri deitu nion: "ostia, bide earra da, batez ere azkeneko largoa, horregatio bakarrik bidea eskalatzea merezi du", esan zidan "gañea paso zailetan paraboltak jarrita dare ta ez da bildurrik pasatzen". "Sextoko largoa azeratzeik badau?" galdetu nion. "Ez naiz gogoratzen baña erortzekotan paraboltak darenez etzea asko eroiko" erantzun zidan "hoi bai, azkeneko largoa earra da, friend-ak a cañón sartzeien hoitakoa". Josuren argibideak Ikerri esan eta, erabat konbentzitu ondoren, ostiral goizean Aiztondoko bidea hartu genuen.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 90 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: Honen daturik ez dut topatu.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 4b (25 m), 2ºL: 5b (20 m), 3ºL: 6a (25 m), 4ªL: 5b (20 m). 6a luzea A0 moduan eskalatu daiteke 5c pausu behartua eginez.
Orientazioa: Hego-ekialdea, udan goizetan bero handia pasa daiteke, arratsaldetan aldiz, itzalpean dago.
Ura: Ura eramatea gomendatzen dut. Etxetik ez badugu ekartzen Uharte-Arakilen hartzeko aukera dugu.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10 minutu eskas.
Jaitsiera: Bidea errapelatzeko prstatua dagoen arren ez dut uste gomendagarria denik sokak kateatuta gelditzeko aukera oso handia dagoelako. Aukeran hobe sokak jaso, "Makurketa" sektoreko goiko hormara arte zeharkaldia egin eta bertako edozein bidetik errapelatzea izango litzateke.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta (ez genituen denak erabili) , luzera ezberdinetako zintak bilguneak muntatu eta harkaitz zubietatik pasatzeko, friend joku bat (hobe txikiak badira, gure kasuan alien semaforoa eta Camalotak 0,75 arte) eta fisurero joku bat. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bidea errapelatzen bada, errapelatzeko "Shunt" aparatu modukoa eramatea gomendagarria izan daiteke, momenturen batean eskuak sokatik askatzea beharko bagenu lasai ibiltzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


Krokisa lehen luzearen 4b pausutik gora.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

"Makurketa" sektorera iristeko biderik motzena Uharte-Arakiletik Aralarko San Miguel-era doan porlanezko pista hartu eta 300 metro inguru igo ondoren pista bazterrean kotxeak utzi daitezken leku eskasetan kotxea uztea da. Kontutan izan isunik jaso nahi ez badugu kotxe osoa pistatik kanpo utzi beharra dagoela.

Argazki honetan Uharte-Arakil herriaren saihesbidea (gorriz), Aralarko San Miguelera doan pista (urdinez) eta Makurketara iristeko kotxea utzi daitezken "aparkalekuen" kokalekua adierazi ditut.


Porlanezko pistatik bidexka bat hariztian sartzen da. Bidexka hau topatzeko erreferentzi bezala zutabe elektriko bat hartu daiteke.

Porlanezko pistatik jarraitu beharreko bidexka. Argazkian erreferentzi moduan hartu daiteken zutabe elektrikoa ikusi daiteke.


Porlanezko pistatik Egunsentiko lainoen artean-en azken bi luzeak ikusi daitezke.


Hariztian sartzen den bidexkak galtzeko arrisku handirik ez dauka. Hormara hurbiltzen garen heinean eskuinera doan bidexka hartu beharko dugu, ezkerrekoa "Aiztondo" sektorera doa eta.

Hariztian sartuta, bidearen oinera arte gutxi gora behera jarraitu beharreko bidea.


Aldapatxo bat igo ondoren bidearen oinera iritsiko gara, lasai joanez gero, kotxea utzitako lekutik 10 minutu eskasera.

DESKRIBAPENA

Presarik gabe Uhatera iritsi eta, kotxea porlanezko pista bazterretako batean utzi ondoren, hurbilketa lasai hartu genuen. Egun bero baten aurrean geunden eta eguzkiak dagoeneko horman jotzen zuen: "eztakit ba baña ustet gaur beroa pasako deula" esan nion anaiari.

Bidearen oinera iritsi eta material osoa arnesean ordenatu nuen: express zintak arnesaren atzeko uztaietan, friend txikiak eskuineko uztaian eta ertainak ezkerrekoan. Talkie-ak piztu eta dena ongi zegoela ikusi ondoren eskalatzen hasi nintzen.

Lehen luzea, 25 metro, 4b. Gainean genuen sabaitxoa bere eskuinetik eskalatzen zela bagenekien, eskuinean duen zuhaixkaren ondotik hain zuzen ere, baina ez genuen oso argi luzea nondik hasi, bi aukera genituelako, harlauz baten ezkerretik (aukera zikinagoa) edo, Azken agurra bidearen eskuinetik doan hodi itsurako kanaltxotik. Guk bigarren aukera hartzea erabaki genuen, " hola azken agurrako lehen bi kimikok erabilikoittut" esan nion anaiari.

Lehenengo luzearen nondik norakoak, zuriz jarraitu beharreko bidea eta gorriz Azken agurra bidea. Lehenengo metroak aseguratzeko erabili nituen bi kimikoen (nahiz eta parabol hitza jarri) kokalekua adierazita dago.


Azken agurra bidearen bigarren kimikoan aseguratu ondoren pixkanaka eskuinera jo eta harkaitz zubi handi batetik zinta bat pasa nuen: "oaingoz luzea ondo dijo" pentsatu nuen. Metroak nahiko azkar irabazten nindoan sabaiaren azpira iritsi nintzen arte.

Behera begiratu eta azkeneako asegurua, harkaitz-zubian jarritakoa alegia, urrun zegoela iruditu zitzaidan. Sabaitxoaren azpian "V" itsurako arrail ederra zegoen, fisurero bat sartzeko primerakoa.

"Ze, arazon bat?" galdetu zidan Ikerrek geldirik nengoela ikusita. "Ba joer, hemen kriston lekue dau fisurero batentzako baña eztitteu ekarri" erantzun nion. Beste aukerarik ez nuenez, tamaina ezberdinetako friend-ekin frogatu eta azkenean 0,5eko Camalota (friend mota bat) hala nola sartu nuen: "buff, friend psikologiko bat jarriet, esperoet ez eroitzea" esan nion.

Sabaiaren gaineko plakan luzean dagoen parabolt bakarra dago, nengoen lekutik 2-3 metroetara. Paraboltera iristeko oinak ahal izan nuen guztia igo beharra nituen zuhaixkaren ezkerrean sabaitxoa "apurtzen" duen arrail zabal itsurako helduleku ederrera iristeko. Baina jarrita nuen friend psikologikoak indar handiagoa zuen paraboltera iristeko nuen gogoa baino eta sabaiaren azpian alde batera eta bestera aritu nintzen pausu erraz baten bila.

Eskuinean dagoen plakatik saiatu ondoren Camalota jarrita nuen lekura itzuli eta, bitan pentsatu gabe, zuzen eskalatzen jarraitu, oinak igo eta, Ikerren animoen artean, zuhaixkaren ondoko helduleku ederrera iritsi nintzen. A zer nolako lasaitasuna hartu nuen paraboltetik pasatako express zintatik bi sokak pasa nituenean!!!

Sabaitxoa eskalatu ondoren.


Sabaitxotik gora harri txikiz jositako erlaitz batera iritsi eta parean nuen horman parabolt bat ikusi nuen.

Erlaitzera igotzen.


Bitan pentsatu gabe hormaren oinean dagoen bigarren erlaitz batera iritsi eta paraboltera aseguratu behar nintzenean honen eskuinean iltze bat sartuta zegoela ikusi nuen: "lehenengo bilgunea hau izangoa" pentsatu nuen.

Parabolt eta iltzearen laguntzaz bilgunea muntatu eta "reuniónnnn" bota nion Ikerri talkie-tik. Bilgunea erlaitz erosoan izan arren iltzetik sartzen den segurtasun mosketoia posizio behartuan sartzen da. Bilgunea dagoen erlaitzetik behera harriak botatzeko arrisku handia dago, beraz kontuz ibili behar da sokak jasotzerakoan.

Lehenengo bilgunea, ilzetik sartuta dagoen segurtasun mosketoia argazkian dagoen posizioan bakarrik jartzea izan nuen.


Bidearen hasiera lehenengo bilgunetik ikusita.


Bidea errapelatzeko asmoa genuenez, behar ez genuen material guztia, zapatilak, motxilak, baita ura ere bidearen oinean utzi genituen. Ikerrek dena txukun-txukun utzi ondoren katu oinak jantzi eta eskalatzen hasi zen.

Harkaitz zubia dagoen lekuan. Argazkian sabaitxoaren ondoko zuhaixka eta luzea babesten duen parabolt bakarra (express zinta jarrita dago) ikusi daitezke.


"Zemuz?" galdetu nion Ikerri bilgunera iritsi zenean. "Bigarren junda errexa" erantzun zidan materiala hartzen zidan bitartean, "ea hemendio gora zemuzkoa den".

Lehenengo bilgunetik gorako bidearen nondik norakoak.


Bigarren luzea, 20 metro, 5b. Hasiera batean luzea bilgunetik gora plaka jarraituz zihoala pentsatu genuen baina, ez parabolt ezta iltzerik ikusi ez genuenez, luzea bilgunearen ezkerretik ezker-eskuin doan arrail inklinatua eskalatuz zihoala pentsatu genuen.

Iker arraila eskalatzen hasi, friend bat jarri eta, metro batzuk gorago, bigarren friend bat jarri behar zuenean, behera begiratu eta "hemen argolla bat dun iltzea dau" esan zidan. "Earraaaa!!!" erantzun nion, "hoi bide honetik goazen señale".

Uztaidun iltzea dagoen lekura iristen.


Iltzetik express zinta eta bi sokak pasatu eta nondik jarraitu pentsatzen hasi zen: "esango nuke iltzetio ezkerrera diagonalen dijola ze azkeneko luzek ezkerreko paretatik gertu itten die" esan nion.

Iltzetik aseguratu ondoren.


Zalantzazko momentu hauen ondoren Iker uztaidun iltzetik gora eskuin ezker doazen harlauz ezberdinak eskalatzen hasi zen. Arrailatik ateratzeko pausua tente samarra denez, iltzetik gorago badaezpada friend bat jarri zuen babesgarri gisa. Harlauzak eskalatzen ari zela noizik eta behin behera begiratu eta "iltze bat!!!", esaten zidan bidea ongi aukeratu zuenaren seinale.

Harlauzak eskalatu ondoren plaka bertikal batera iritsi eta, metro batzuk zuzenean eskalatu ondoren, ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin zuen uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Bigarren bilgunea muntatu ondoren.


Gertuago, argazkian ikusten den lehen express zinta iltzetik pasatakoa da, bigarrena aldiz, arrailatik ateratzeko Ikerrek jarri zuen friend-ena. Hirugarren luzean erreferentzi bezala hartzen diren bi arteak eta laugarren luzeko diedro inklinatuaren kokalekuak ere ikusi daitezke.


Lehen bilgunetik dagoen ikusmira.


Bilgunea muntatu eta igotzeko esan zidanean denbora luzea galdu gabe eskalatzen hasi nintzen. Uztaindun iltzearen parera iritsi nintzenean soketatik zintzilikatu eta argazki bat egin nion.

Uztaidun iltzea eta gorago jarritako friend-a.


Arrailatik atera eta harlauz ezberdinak eskalatu ondoren plaka bertikalera iritsi nintzen. Helduleku txikietako plaka hau liken beltzez estalita zegoen eta oinek noizik eta behin irrist egiten zuten. Hala ere metroak pixkanaka irabazi eta Ikerren altuerara iritsi nintzenean ezkerrera zuzen jo behar nuela esan zidan. Nahi eta uste nuen baino ezerosoago egindako zeharkaldi horizontalaren ondoren bilgune erosora iritsi nintzen.

"Joer kintokin" esan nion anaiari "gañea likenak eztu bate seguridadeik ematen". "Hemendio jende gutxi pasa denen señale" esan zidan. Solasalditxo motz baten ondoren ez bera ezta ni ere ez ginela eroso eskalatzen ari argi gelditu zen. Horma hain "zikina" ikusteak ez zigun konfidantzarik ematen eta oraingoz eskalada fisikoa baino psikologikoagoa egiten ari ginen.

Bigarren bilgunea.


"Bueno, ea zemuzkoa da sextoa" esan nion materiala inguruan zintzilikatu eta bilgunea uztearekin batera.

Hirugarren luzea, 25 metro, 6a. Bilgunearen ezkerretik atera eta aurretik nuen plakaren erdian parabolt bat ikusi nuen.

Bilgunetk ateratzen.


"Joer han parabolt bat ikustet baña kristoetxen dau" esan nion anaiari. "Bueno horrek esan nahi du tarten zeoze sartzeko aukeraik izangozula" erantzun zidan.

Hasi eta berehala friend bat jartzeko aukera izan arren metro batzuk gehiago eskalatzen jarraitzea erabaki nuen, friend-a oso behean geldituko zelakoan.

Plaka bertikalean gora metroak irabazten nituen heinean heldulekuak txikitu, likena handitu eta aseguruak jartzeko aukerak murriztuz joan ziren aseguru bat jartzea ezinezkoa bihurtu zen arte. Lehenengo paraboltera iritsi nintzenean arnasa sakon eta lasai hartu nuen.

Lehehengo paraboltetik gora gauzak ez ziren hobeak eta, likenaren eraginez, pare bat aldiz irrist egin nuen. Friend bat jarri ondoren iltze batera iritsi eta bigarren friend bat jarri ondoren beste iltze batera arnasestuka iritsi nintzen.

Arnasa lasaitu nahian.


Iltzetik gora begiratu eta urrengo asegurua hamar metro ingurura nuen 6a pausuaren azpiko parabolta zela ikusita, ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu nuen arte batera iritsi nintzen arte. Enborraren ingurutik zinta bat pasatu eta aseguratu ondoren berriro ere lasaitu nintzen.

"Oain kontu ibili hemendio aurrea zailena hasteata" esan nion anaiari. Arteak ematen zidan babesetik atera eta, aurretik nuen plaka bertikalari zentimetroak janez, berriro ere arnasestuka, likenaren eraginez oinetan inongo konfidantzarik gabe, 6a pausua babesten duen azpiko paraboltera iritsi eta bertatik ahal izan nuen azkarren express zinta eta sokak pasatu nituen.

Plakak likenik izango ez balu 6a pausua ez da hain gogorra egiten. Zailtasuna bi enborrreko arte baten azpiko sabaitxoa eskalatzean dago eta,  nahiz eta likenak oinentzat helduleku oso fidagarriak ez eman, eskuentzat dauden heldulekuak oso onak dira. Pausua bi paraboltekin babestua dago.

Pausuaren azpiko paraboltetik gora eskalatzen hasi nintzenean oin batek irrist egin eta dardar batean hasi nintzen. Bitan pentsatu gabe express zintari eutsi nion. Oinak igo, express zintaren laguntzarekin gorputza altxatu eta, sabaian eskuentzat dauden heldulekuetatik tira egin ondoren, parabolta azpian utzi nuen. Eskuin eskuarekin gorputza irrist egin gabe mantentzen nuen bitartean, ezkerrekoarekin express zinta goiko paraboltetik pasa, sokak ahal izan nuen azkarren pasatu eta, arnasestuka eta oinak dardar batean nituela, goiko express zintari ere heldu nion.

Hemendik gora artearen eskuineko enborrera heldu eta, bi enborren tartetik pasa ondoren, hirugarren bilgunearen ezkerrean dagoen paraboltean express zinta bat jarri eta eskuinean dagoen uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Mundua bigarren bilgunetik ikusita.


Bilgunea muntatu ondoren.


Hirugarren bilgunea eta ezkerrean dagoen parabolta.


Bilgunea muntatu eta Ikerri "sextoko pasoa ondo ateakozu" talkie-tik esan ondoren eskalatzen hasi zen.

Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.


Iker poliki zetorren, serio eta erabat kontzentratua munduan eskalatzen ari zen metroetatik aparte beste ezer izango ez balitz bezala. Sabaiaren azpira iritsi zenean azpiko paraboltetik express zinta askatu eta, maisutasunez egindako mugimendu batzuen ondoren, artearen bi enborren artetik atera zen.

"Ez naiz bate disfrutatzen ai" esan zidan bilgunera iritsi zenean. "Ezta nik ere, beste zeoze espero nun" erantzun nion, "gañea liken puta hoi leku guztitan dau ta hankak denbora guztin irrist ittedue". "Ya te digo" erantzun zidan, "aspaldi ez nula hain tenso eskalatzen". "Bueno, gutxiñez Josuk esandako luze famatue dator" esan nion, "izugarrie omen da".

Argazki honetan hirugarren luzeko azken zatia eta laugarren luzeko diedro inklinatua ikusi daitezke.


Laugarren luzeko diedro inklinatua hirugarren bilgunetik ikusita. Diedroan dauden bi iltzeen kokalekua ikusi daiteke.


Laugarren luzea, 20 metro, 5b. Iker bilgunetik ezkerrera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin (zeharkaldi hau babesteko dago bilgunearen ezkerreko parabolta) eta diedro inklinatuaren azpian kokatu zen. Babaresa moduan, eskuak diedroaren arrailean sartuz eta oinak eskuineko horman dauden helduleku ederretan jarriz, metroak pixkanaka irabazten joan zen.

Bi friend sartu eta, hirugarrena sartzear zegoenean, arnesetik berriro ere zintzilitatu eta horman ikusi zuen zerbaitera zuzen joan zela ikusi nuen: "iltze bat!!!" bota zidan.

Iltzetik aseguratu eta, gora zuzen jarraitu zuen luzean dagoen bigarren eta azken iltzera iritsi arte.

Bigarren iltzearen parean. Lehenengo iltzea argazkian ikusten den hirugarren express zintan dagoena da.


Bigarren iltzetik gora eskaladaren abiadura asko moteldu zuen. Soka poliki-poliki emanez zati zail batekin borrokan arituko zela pentsatu nuen. Minutu batzuen ondoren talkie-tik "reunion" entzun nuenean lasaitu ederra hartu nuen: "berak sikiera bidea bukau du" pentsatu nuen.

Bilgunea jaso eta Ikerrek eskalatzen hasteko abisuarekin batera azken luzea eskalatzen hasi nintzen.

Diedro inklinatua azpitik ikusita. Argazkian bilgunearen ezkerrean dagoen parabolta ere ikusi daiteke.


"Benga Smithy, oain disfrutatzea" animatu nintzen. Eskuak diedroaren arrailean sartu eta orain arte ez bezala eskalatzen hasi nintzen, mugimenduak bata bestearen atzetik automatikoki ateraz eta luzeaz erabat gozatuz. Diedro inklinatua motz egin zitzaidan eta konturatzerako bigarren iltzera iritsi nintzen. Hemendik gora harkaitz-bloke bertikal batzuk eskalatu (hemen ibili zen Iker motelago) eta bilgunera lehen aldiz lasai eta gozatuz iritsi nintzen.

Laugarren eta azken bilgunean.


"Joer ze ona azken luzea, Josuk arrazoia zeuken" esan nion Ikerri "pena 20 metro on eskalatzeko 70 metro kaskar eskalau behar diela". "Ba ni hontan ere tenso jun naiz" erantzun zidan. "Bidea ze iruittu zaizu?" galdetu nion. "Eztet bate disfrutau ta harkaitze etzait bate ona iruittu" erantzun zidan. "Egie esan notatzea bide hau eztela ia eskalatzen ta liken, belar ta harri sueltoz beteta dau" erantzun nion, "baña gutxiñez hemen goiko bistak eztie txarrak" bota nion Uharte-Arakil seinalatuz.

Uharte Arakil laugarren bilgunetik ikusita.


"Goazemazu hemendio azkar ude edateko" esan zidan errapela muntatzeko sokak jasotzen zituen bitartean.

Laugarren bilgunea errapela muntatu ondoren.


"Ni jungo naiz leno" esan nion, "bidek 90 metro izanda lenengo rapelakin bigarren bilguneraño egin ta gero lurreraño iritsiko gea". Sokak Reversotik (soka-laguna aseguratzeko eta baita errapelatzeko ere balio duen aparatua) pasatu eta errapelatzen hasi nintzen.

Errapelatzen nuen heinean Ikerrek soka pixkanaka ematen zidan, soka guztia bilgunetik botaz gero hirugarren luzean zegoen artean katiatuko zenaren beldurra genuen eta. 20 metro inguru errapelatuta nituenean soka botatzeko eskatu nion. Ikerrek sokak hauen amaieran egindako korapilotik heldu eta zerura bota zituen. Sokak airean zeudela, ezerezetik haize bolada bat altxatu eta bilgunetik 6 metro inguru ezkerrera dagoenn harkaitz bloke batean katiatzen zirela ikusi nuen. Soketatik tiraka hasi eta ez aurrera ez atzera zeudela ikusi nuen: "joer sokak engantxau indie" esan nion anaiari. "Ni hemendiore ez naiz iristen, rapelatzen detenen jasokoittut" erantzun zidan. "Bilgunea iriste zea?" Galdetu zidan. "Ba eztakit ba" erantzun nion. Behera begiratu eta bigarren bilgunera iristeko larri ibiliko nintzela ikusi nuen.

Errapelatzeko nituen hamar  metro pasatxoak nahikoak izango zirenaren itxaropenean errapelatzen jarraitu nuen hiru metro eskas nituela bilgunera iritsiko ez nintzela ikusi nuen arte: "kaka zaharra!!!!!" pentsatu nuen. Nire eskuinean Aldapan gora bidearen bigarren bilgunea ikusi nuen. Bertara hurbiltzeko pendulu moduan  mugitu eta bilgunetik metro eta erdira nengoela soken amaierara iritsi nintzen: "no jodas!!!" pentsatu nuen.

Egoera komikoa bezain absurdoa zen. Goiko harkaitz batetik katiatutako soketatik zintzilik inora iritsi gabe. Egunsentiko lainoen artean bidearen hirugarren bilgunera iristea baztertuta nuen, bidetik erabat kanpo nengoelako. Orduan, bilguneetara aseguratzeko dudan segurtasun mosketoi eta kordinoa askatu eta gorputza ahal izan nuen guztia luzatuz segurtasun mosketoia bilgunearen kimiko batetik pasatzea lortu nuen. Bilgunera aseguratuta nengoen arren Reversoa soketatik askatu beharra nuen eta orain, nahiz eta egoera hobetu, bi soken artean lotuta nengoen. Urduritzen eta desesperatzen hasi nintzen eta zerbait egin beharra nuen soketatik askatzeko. Beste aukerarik ez nuenez, bilgunera lotzen ninduen kordinoari ahal duen luzera handiena eman, bilgunetik gora metro pasatxo eskalatu eta, ahal izan nuen moduan, errapelatzeko sokak tenkatuak mantenduz, Reversoa askatzea lortu eta destrepatuz bilgunera itzuli nintzen: "libreeee!!!" esan nion Ikerri talkie-tik kordinotik zintzilikatu nintzenean.

Ikerrek Reversoa soketatik pasatuta izateak ematen zion segurtasuna aprobetxatuz soka katiatuta zegoen harkaitzeraino zeharkaldia egin eta soka askatu zuenean diedro inklinatutik errapelatzen jarraitu zuen ni nengoen bilgunera iritsi zen arte: "hau da hau izan deten mobidea" esan nion anaiari pasatakoa kontatuz.

Anaia bilgunetik bere segurtasun mosketoia pasatu eta sokak jasotzen hasi zen: "Ostia, soka ez dijo" esan zidan. "No jodas!! Ze esatezu?" bota nion txantxetan ari zela pentsatuz. "Ba hoi, soka ez dijola" erantzun zidan. Biok sokatik tiraka hasi baina soka ez zen zentimetro bat ere mugitzen.

"Gora igo beharren gare" esan zuen Ikerrek azkenean. Bilguneraino eskalatzeko prest bazen ere nik ideia hau burutik kendu eta "Makurketa"-ren goiko hormaren eskuinetik eskaladatxo erraz batzuen ondoren horma gainera igo eta zeharkaldi bat eginez bilgunera azkar eta seguruago iritsiko ginela esan nion. Bilgunera lotzen zidan kordinoaren metro eta erdi aprobetxatuz eskuinera zeharkalditxo bat egin, bilgunetik askatu eta, zeharkalditxo errazago bat eginez "Makurketa"-ren goiko hormaren azpira iritsi nintzen. Ikerrek nik egindakoa jarraituz nire ondora di-da batean iritsi zen

Bilgunea utzi ondoren, sokak nola dauden ikusi daiteke.


Hormaren gainera eskuinetik egin daitezken eskaladatxo batzuen ondoren igo eta, eskuin-ezker zeharkaldi luze bat egin genuen berriro bilgunera iristeko, sastraken artean eta erortzea hobe ez zen zeharkalditxo bat ere eginez.

"Oain ni jungo naiz" esan zidan Ikerrek soketatik Reversoa pasa zuenean, "hauxe behar nun bide honekin gozatzen bukatzeko".

Bigarren aldiz errapelatzen hasi aurretik, keinua nabaria da.


"Gutxiñez oaingon soka ez da iñun engantxauko" esan nion bistatik galtzen hasi nuenean.

Errapelaren lehen metroetan.


Ikerrek errapelatzen zuen bitartean inguruan nuen ikusmiraz ahal nuen neurrian gozatu eta argazkiren bat edo beste egiteko aprobetxatu nuen barruan nuen sua apaldu asmoz.

Maddalen Haitza laugarren bilgunetik.


Lasaitzen hasita nengoenean talkie-tik "libreee" entzun nuen. Ahal izan nuen azkarren errapelatu nuen. Ikerrek berriro ere Aldapan gora bidearen bigarren bilgunea aukeratu zuen errapela amaitzeko, soka hirugarren bilguneko artearen adarretan katiatu zitekenaren beldurrez. Bertara iritsi, bilgunera aseguratu eta sokak jasotzen hasi nintzen.

Sokak metro erdi eskas jasoak nituela nonbaitean berriro ere katiatu zirela ikusi nuen: "anda, no me jodas!!!!" Oihukatu nuen. "Ez esan beize engantxau diela" esan zidan Ikerrek. Kontrako sokatik tira egin eta soka mugitzen bazen ere, tira beharra nuen sokatik tira egiten nuenean nonbaitean katiatzen zen. "Hau ez da posible!!!" esan nion, "manda huevos bi alditan gauza bea pasatzea!!". Iker ere sokak jasotzen saiatu eta ezinezkoa zela ikusi zuenean, "beize nijo gora" esan eta bilgunea utzi zuen, "zu bazpare hemen geldittu ea oain soka hemen engantxau behar den".

Luzeak egin zitzaizkidan minutu batzuen ondoren, anaia hirugarrenez bilgunera iritsi eta sokak jasotzen hasi zen.

Eskerrak bilgunean gelditu nintzela!!! Sokak bi errapelen kiribiltzen hasita eta korapilo bat eginak zeuden. Ikerri jasotzen uzteko esan eta, soken arteko korapiloa askatu ondoren, sokak jasotzen bukatu zuen. Eguna okertzen denean erabat okertzen dela argi dago.

Ikerrek oraingoan bi sokak Makurketa sektoreko goiko hormaren bide batetik pasa eta ni nengoen lekura arte errapelatu zuen: "bitan tira baña ez nau prest gauza bea hirutan pasatzeko" esan zidan. Ordurako eguzkiak bazterrak ederki berotzen ari zen eta bi anaiok aho eta eztarriak lehor lehorrak genituen: "a ze gogoa deten bera iritsi ta motxilan deten botilatik ude eateko" esan zidan.

Oraingoan Arrano beltza eta ENAM bideek partekatzen duten bilgunera joan eta hemendik lurrera itzuliko gintuen errapela muntatu genuen. "Sikiera kamarako irrifar bat bota beharkozu" esan nion anaiari errapelatzen hasi baino lehen.

Lurreraino eramango gintuen azken errapelean. Irrifartsu egon arren bai Ikerrek eta baita nik ere odola pil-pilean genuen.


Iker lehenik, ni ondoren, motxilak utzitako lekura itzuli ginen. Sokak oraingoan inongo ezustekorik jaso eta Ikerrek motxilan zuen litroko ur botilatxoa derrotean edan genuen. Pasatako tensio une, desesperazio, frustrazio, bero eta deshidratazioarengatik jota geunden, mendi maratoi batean parte hartu izan bagenu bezala. Material guztia motxiletan jaso eta, burumakur, filmetan gerratik etortzen diren soldaduen moduan, kotxera itzuli ginen. "Ustet bide hau ez detela beize eskalatuko" esan nion anaiari Altsasu arteko ixilunea hautsiz. "Ezta nik ere, vaya puta mierda!!!" erantzun zidan. Argi zegoen errapelarekin izandako nahaste borrasteak eragin garbia izan zuela bideaz genuen iritzian.

Egun batzuk beranduago, su eta berotasun guztiak apaldu zirenean, bidearen inguruko beste ikuspegi bat genuen, nahiz eta biok bidea errepikatuko ez dugula argi izan. Eskalatzen ez den bidea izanda, zikina dago. Bide hau gehiago eskalatuko balitz hormak likenik gabe eta erlaitz eta heldulekuak belar eta harri askez garbiak izango ziren, eskaladaz gozatzeko aukera handiagoak emanez. Dena den, alpinismoa egiten denean, Pirineo nahiz Alpeetako hormak ez dira garbiak egoten eta horma zikinetako "horma psikologikoa" ere eskalatzen jakin beharra dagoela argi dugu.

Hori bai, azkeneko luzea zoragarria da, bideak duen gauzarik onena inongo zalantzarik gabe, baina, Josuri egun batzuk beranduago esango nion bezala, merezi du 70 metro zikin eskalatzea 15 metro zoragarriz gozatzeko? Galdera eta hausnarketa hor uzten dut.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina