AZKEN 10 SARRERAK
2018/02/19
EUSKAL MENDIZALETASUNAREN XXII. GALA 2018/02/16
Duela urte pare bat Ivan Ruiz “Rota” nirekin harremanetan jarri zen. Euskal Mendi Federakuntzak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkariak pausu digitala eman eta blog bat sortu berria zuten, “Pyrenaicablog” deiturikoa. Rotak blogaren berri eman eta blogarien bila ari zirela esan zidan, euskaraz idazteko ohitura dutenak batez ere. Berriaren Ibilkari proiektua hasi zenean bezala, euskarari bultzadatxo bat ematea tarteko denean, ez nuen bitan pentsatu eta berehala eman nion baiezkoa.
Bi urteren ondoren, 2018ko Errege egunean Luisa Alonsoren (Pyrenaica aldizkariaren zuzendaria) mezua jaso nuen. Mezuan Pyrenaicako blogaren sarietako bat irabazi nuela esaten zidan, sarrera gehien izandako kolaboratzailearena hain zuzen ere. Honekin batera, Gasteizen otsailean ospatuko zen Euskal Mendizaletasunaren XXII. galarako gonbitea luzatzen zidan, sariak bertan banatuko baitziren. Erantzuna ia bat-batekoa izan zen eta, bide batez, galaren ondoren izango zen afarirako gonbiteari ere baiezkoa eman nion.
Blogen munduan hasi nintzenetik ez nuen sekula pentsatuko hobby honengatik sari bat jasoko nuenik, honegatik, Luisaren mezua ezusteko handia izan zen eta, aldi berean, sekulako ilusioa egin zidan.
Saria sekretupean mantenduta (Iker eta Itziarrek bakarrik zuten honen berri) konturatzerako otsailaren 16a iritsi zen, galaren eguna. Gala Gasteizko Adurtza auzoko San Ignacio basotxo mendi klubak antolatu zuen, baita primeran antolatu ere!!!
Itzi eta biok sartzeko zain. Non gaude? jejeje
Photocall-a.
Gala osoa oinarrizko kanpamendu baten inguruan antolatu zen. Adurtza dantza taldekoen ongietorriaren ondoren, emozioak errusiar mendi baten moduan astindu eta umore uneak eta momentu hunkigarriak tartekatu ziren. Aipatzekoa Alberto Zerain eta Mariano Galvan eta Anjel Nuño (azkeneko hau “Euskal Mendizaletasunaren adiskide saria”) mendizaleei eskainitako omenaldi hunkigarriak.
Adurtza dantza taldea agurra egiten.
Sariei dagokionez, Pyrenaica aldizkaria, Pyrenaicako bloga eta Euskal Mendizale Federakuntzaren sariak banatu ziren. A zer nolako urduritasuna saria jasotzeko oholtzara igo nintzenean!!!! Plazer eta ohore handia izan zen saria Rotaren eskutik jasotzea. Konturatzerako galaren amaiera iritsi eta, Raul Romaren saxofoi jolearen musikaren ondoren, talde argazkia egin eta afaltzera joan ginen, egun elegante honi amaiera borobila emanez.
Saria jasotzen.
Kriston zoriontsu.
Nekez ahaztuko dudan unea.
Arratsalde-gau ederra izan zen Gasteizen pasatakoa, ahazteko zaila den horietakoa. Txindokiko gandorra elkarrekin eskalatu genuenetik ikusi gabeko Zieft eta Rota agurtzeko aukera izan nuen (ea hurrengoa noiz antolatzen dugun), baita aspalditik on-line moduan ezagunak ditudanekin hitz egiteko zortea ere: Mendiak web orriko Joana eta Txemi (bazen garaia, jejeje), Ibilkariko Mikel Arrizabalaga (Ibilkarin elkarri egurra ematen jarraituko dugu, jejeje) eta Ainhoa Lendinez (Irauleko orratza nahi duzunean zain izango duzu…) baita Mugiment-eko Alberto Mella ere (korrika ez bada ere, segi bizikletari egurra ematen), plazer eta gozatu handia izan zen zuek berriro ere ezagutzea.
Pertsona berriak ezagutzeko aukera ere izan nuen, “Montes Solidarios” ekimen ederraren Esther Merino (ea Amundarain errekaren iturburura doan kanalean ikusten zaitudan) eta Hego Amerika zeharkatuz denbora luzean kilometroak partekatutako Unai Artola eta Maria Mungia del Pozo, baita Mariaren ahizpa Jone ere (zuek bai autentikoak, bai jauna!!!). Unai eta Mariaren abentura osoa “Suaren bila” blogean irakurgai duzue.
Saritutakoen talde argazkia.
Ez nuke kronika hau amaitu Pyrenaica posible egiten duzuen guztioi eskerrak eman gabe. Amesten jarraitu eta eman eurreeeeeeee!!!!!!!!!!!
Jasotako saria gure mendi kuttunaren magalean.
P.D. Kronikaren argazki guztiak, azkenekoa ezik, Euskal Mendizale Federakuntzak eginak dira.
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:01
Etiketak:
2018,
aldizkaria,
blog,
emf,
euskal,
euskal mendizale federakuntza,
federakuntza,
gala,
gasteiz,
mendizale,
pyrenaica,
smithy,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina