AZKEN 10 SARRERAK

2018/02/21

AIZKORRIKO GURUTZEA SAKONAUNDITIK, PD, M2, II-III 2018/02/18

Aurtengo negua gogorra doa eta abenduaren hasieratik dagoeneko Goierrin bost elurte jasan ditugu. Komunikabideen hitzetan azken 50 urteetan izandako euri erregistrorik handiena izaten ari gara. Honek Aizkorriko kanaletara hurbiltzeko aukerak dezente murriztu dizkigu, asteburu gehienetan euria edo elurra bota eta bota aritu baita. Panorama honekin, azkeneko asteburuetan eguraldi iragarpenetan euriak eskainitako su-eten baten bila aritu gara motxilak hartu eta mendira ihes egiteko.

Otsailaren 18rako eguraldi web orri ezberdinak ados jarri eta, goizetik eguerdira arte euririk botako ez zuela iragarri zutenean, Iker eta biok ez genuen bitan pentsatu ere egin: Aizkorriko kanalei bisita berri bat egingo genien.

Eskalatzeke ditugun proiektuak aztertu ondoren, elurraren egoera eta euriaren berragerpena gehien kezkatzen gintuena zenez, helburu bikoitzeko irteera azkar baten alde apustu egitea erabaki genuen: Sakonaundi, “Couloir” irteeratik ateraz. Alde batetik Aitxuriko ipar hormaren egoera aztertu eta bestaldetik Ikerrek “Couloir” irteera ezagutzeko aukera izango zuen, harri batez bi kolpe eginez. Azkenean, kronikaren izenburuak dioen moduan, “Couloir” irteera beste baterako utziko genuen.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoan hasi genuen, Buenabista baserriaren ondoan hain zuzen ere. Hemendik gora Iralarrainardea kanalera doan bidea jarraitu genuen (bide honen nondik norakoak hemen irakurri daitezke). Iralarrainardea ezkerrean utzi eta zeharkaldi baten ondoren Sakonaundiren oinera iritsi ginen.

Behin Sakonaundin kanala jarraitzea besterik ez da, kanala zabaltzen hasten den lekuan pixkanaka ezkerrera joz. Sakonaunditik Aizkorriko gurutzera iristeko aukerak anitzak dira eta Aizkorriko gurutzea eta Aitxuriren arteko gandorrak zirrikitu eta zailtasun ezberdineko igoerak eskaintzen ditu. Gure kasuan, behe-lainoagatik izan genuen ikuspenak mugatuta, aukeran izan genuen irteeraren artetik interesgarriena iruditu zitzaiguna hartu genuen, eskaladan II-III eta mistoan M2 bezala sailkatu genuen irteera.

Jaitsiera Iralarrainardeatik egin genuen, nolabaiteko ibilbide zirkularra eginez.

Ibilbidearen krokisa.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 6 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aizkorriko gurutzea, 1.528 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 960 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD, M2, II-III.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet. Nahi izanez gero gandorrera iristeko soka luze bat egiteko aukera dago.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak egiteko denbora kontutan hartuta ia lau ordu eta erdi pasa genuen.

Ibilbidea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Goiza ez zen oso itxaropentsu hasi. Gauean zehar botatako euria etengabea izan arren, goizeko zazpiretan ateri zegoen: “Ikusi al dezu gauen ebie nola botaun?” galdetu zidan anaiak kotxea hartu genuenean, “guatxapa bidali ta ohian geldittuko nintzela bialtzekotan eon naiz”. “Bueno, emateo ebi gehio eztula ingo” erantzun nion, “ta gañea tex arropa besteik ezteu, jejeje”.

Langar itxi baten azpian Zegama atzean utzi eta Hiruetxeta auzora zuzendu ginen kotxea Buenabista baserriaren ondoko pistaren bazterrean aparkatuz: “bueno, emateo egualdikin asmaukoutela” esan nion Ikerri lainoen artean atzematen zen nolabaiteko argitasun bat seinalatuz. Traste guztiak prestatu ondoren, denbora askorik galdu gabe martxan jarri ginen.

Ateratzeko prest,atzean Buenabista baserria.


07:50, Buenabista baserria, 575 metro.Buenabistaren eskuinetik gora doan porlanezko pista jarraitu eta Altzukaran baserrira iritsitakoan utzi genuen, ezkerrera (igoerako norabidean) doan harrizko pista jarraituz.

Altzukaran baserrira iristen.


Pista honetan metro batzuk egin, metalezko langa zeharkatu eta pistan gora jarraitu genuen Emendatzetik datorren PR-GI 70 ibilbidearekin bat egin arte.

Metalezko langan.


Pistan.


Goiza heze eta freskoa, azken hilabetean botatako euriaren eragina nabaria zen: bidea lokaztuta, basoa busti-bustia eta errekastoak urez gainezka, ur salto txikiek igoerari nolabaiteko musika ipiniz.

PR-GI 70 bidea ipar norabidean jarraitu eta basoak egiten duen argiune batean jarritako egurrezko poste batean utzi genuen, sasi eta garoen artean doan xenda erdi izkutua jarraituz.

PR-GI 70 ibilbidea uzten den lekuan. Lokatza eta putzuak nabariak dira.


Hemendik gora jarraitu beharreko bideak asko dira eta gutxitan errepikatu izan dugu igoerako bidea, baina garbi eta erosoena PR-GI 70 ibilbidea uzten den lekutik gora doan bidea amaiera arte jarraitzea da. Bidea amaitzen den lekuan bi aukera ditugu: lehenengoa (nire ustez garbiena) orain arte jarraitutako norabidearekin jarraitzea, ezkerrera (hego, hego-mendebaldera) doan pista nabari batekin topo egin arte. Pista hau zeharkatu eta, diagonalean jarraituz bigarren pista batera iritsiko gara, aurrekoa baina nabariagoa. Bigarren pista hau hego, hego-mendebaldeko norabidean jarraituz, inongo galerarik gabe Iralarrain gurutzea dagoen zabalunera iritsiko gara. Bide hau da gutxi gora behera jaitsieran jarraitu genuena.

Bigarren aukera pista amaitzen den lekutik bertatik diagonalean jarraitu beharrean gora jarraitzea da, pagadiaren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduz, ezkerrera (hego, hego-mendebaldera) doan pistarekin bat egin arte. Bigarren aukera hau laburragoa bada ere handiagoa igo beharra dago eta bidea zikinagoa da. Bide hau da gutxi gora behera igoeran jarraitu genuena.

Hego, hego-mendebaldera doan pistaren amaieran, dagoeneko Iralarrainardea eta Aizkorriko gurutzea parez-pare.


Igoera lasai hartu genuen, hauspoa indartu eta izerdirik bota gabe, elkarrekin hitz egin eta argazkiak eginez. Egunak lainotuta jarraitzen zuen arren ez zuen euririk ari, eta honek nolabaiteko itxaropena piztu zigun. Konturatzerako pagoek elorri eta gorostiei pausu eman eta Iralarrain gurutzea dagoen zelaigunera iritsi ginen.

Zelaigunera iristen.


Zelaigunean, puntu zuriz gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.


"Alude haundie eon da hemen, eh?" bota zidan anaiak Iralarrainardea seinalatuz. "Bai, gañea kanala dexente garbittuo" erantzun nion. Iralarrain gurutzearen parera iritsi eta ibilbidean egindako lehen atsedenalditxoa hartu genuen.

08:50, Iralarrain gurutzea, 1.050 metro inguru. Bat-batean lainoek alde batera egin eta ostarteak zabaldu ziren: "joe azkenen egualdi ona ta guzti ingou" esan nion anaiari. Ostarteak ireki arren haize hotz batek bazterrak astintzen zituenez, forro polarrak motxilan jaso eta euritarako txamarrak janztea pentsatu genuen: "hola haizegatio babestu ta ebie ittebaure ezkea bustiko". Bide batez, burua beroa mantentzeko txapela eta kaskoa ere jarri genituen.

Kuriosoa bada ere, gainetik genuen kanalean, gutxi gora behera 1.200-1.300 metroetara, pagadia botatako elur berriarekin zuri zegoen. Bazirudien kartaboi batekin egindako marraren gainetik bakarrik elurra botata zegoela, elurra botako zuela iragarritako 1.200 metroetatik gora, hain zuzen ere. Marra horretatik behera pagadia marroia zegoen, marratik gora aldiz, zuri-zuria.

Iralarrain gurutzetik aurrera jarraitzeko prest.


Iralarrainardea gure ezkerrean (ibilbidearen norabidean) utzi eta urte eta elur-jausien ondorioz pilatutako harkaitzen gainetik pasa ondoren,  Sakonaundira iritsi aurreko pagadia zeharkatzen hasi ginen, tartean bi kanal hauen arteko kanala ere ezkerrean utziz.

Iralarrainardea eta Sakonaundiren arteko zeharkaldian.


Pagadiaren amaierara iritsi gabe, pagoen artetik gora zihoan elur-mingain bat ikusi eta, bitan pentsatu gabe igotzen hasi ginen, Sakonaundirekin gorago bat egiteko: "hemen elurre arraindegin modukoa dau" esan zidan anaiak zapaltzen ari ginen elur bigunari erreferentzia eginez. "Kanalen elurre hola badau eztakit nola igokodeun" erantzun nion.

Pagadiaren ertzetik gertu hanka pare bat zuloetan belaunetaraino sartu ondoren, Sakonaundira iritsi ginen.

"Ostia, hau da aludea hemen eondana" esan nion anaiari elur-jausiak utzitako elur eta izotz bolen gainetik ibiltzen hastearekin batera. Elur-jausia, Sakonaundi zabaltzen hasten den lekutik metro batzuk beherago sortua, azpian genuen pagadian amaitzen zen. Metroetan ez nuke ziur esango baina 175 metro baino gehiagoko ibilera zuela esango nuke.

Iker Sakonaundiren lehen metroetan, azpian elur-jausiaren amaiera nola hala atzeman daiteke. Azpiago oraindik, haranean erdi galduta, Zegama ikusi daiteke.


Behin Sakonaundin, poliki poliki kanalari metroak irabazten joan ginen, ahal zen neurrian hauspoa "erosotasunaren mugatik" atera gabe, nahiz eta horrelako lekuetan zaila izan, jejeje.

Sakonaundiren ertzetik igotzen. Hemen elur eta izotz bolak txikiagoak ziren.


Metroak ahal den neurrian irabazten.


Nahiz eta bolen gainetik ibili, igoera ez zen batere erosoa izaten ari, tarteka, kolokan zegoen bola zapaltzen genuenean irrist egin eta bi pausu atzera egiten genituelako: "Leku komodo bat topatzetenen kranpoiak jarri behar dittut" esan nion anaiari, "hola gutxiñez bolen gañetio erosogo ibiliko gea", Esan eta egin, kanpineko mahai baten tamainako izotz bola handi baten gainean motxilak kendu, pioletak atera eta kranpoiak jarri genituen.

Elur eta izotz bolen argazkia, honelako batek azpian harrapatuz gero, buffff!!!


Kranpoiak jarri ondoren: a zer nolako aldea!!!. Goian ikusten den hormaren oinetik ezkerrera "Couloir" irteeraren sarrera dago.


Elurra botatako mugara iritsi ginenean paisaia aldatuz joan zen: elur-jausiaren elur eta izotz bolak zurituak eta pago eta harkaitzak azukre-hautsez hautseztatuak ziruditen, ordura arteko baso eta paisaia ilunari argitasuna emanez.

Elurra botatako mugan, pago eta harkaitzak zuri-zuri ikusi daitezke.


Elur-jausiak utzitako bolak txikiago izatearekin batera elur freskoaren presentzia handituz joan zen, aldi berean igoera erraztuz. Piskanaka elur-jausia sortutako puntura hurbildu ginen, eta elur-jausiari eskerrak, orain arte zapaldutako elurra gogorra topatu genuen.

Baina hainbeste denbora elur eta izotz bolei begiratzen joateagatik ez ginen konturatu gure gainetik lainoa sartu eta dena estaltzen hasita zegoela. Konturatu ginenerako gora begiratu eta lainoaz osatutako horma zuria besterik ez genuen ikusi: "Aitxuriko ipar hormaren inspekzioa akabo" esan nion Ikerri, "ea gutxiñez Couloir itteun".

Hamar-hamabost metroetako ikuspen mugatuarekin goraka jarraitu genuen ahalik eta norabide zuzenena mantenduz.

Lainoen mundura sartzen.


Igoeran, pare bat aldietan elur-hausturak ekidin eta erosoago zeharkatzeko ezkerrerako norabidea hartu genuen, zuzen igotzen saiatuz gero elurretan belaunetatik gora sartzen ginelako. Nork esango zigun erabaki honek Aitxurira eraman beharrean Aizkorriko gurutzera eramango gintuela!!

Elur-hausturak atzean utzi ondoren ahalik eta zuzenen jarraituz.


Goian erdi-ikusten ziren harkaitz eta horma erreferentzi bezala hartuz zuzen jarraitu genuen, harkaitz horma batera iritsi eta orain arte igotako elur pala bitan banatu zen arte.

Anaia elur pala bitan banatzen den lekuan.


"Couloir hemendio ezkerreta dijo?" galdetu zidan anaiak. "Eztakit ba, hala emateo baña nik eztet hola gogoratzen" erantzun nion, "Couloir ezkerreko adar hoi bada, eskubikoa Sakonaundiko irteera zuzena izangoa, baña esango nuke hoi baño tentegoa dela".

Argazki kamera atera, "Couloir"-en sarrera ikusten zen argazkia goitik behera begiratu eta parean genuen horma argazkian ikusten zenarekin antzik ez zuela ikusi genuen. Hala ere, lainoak horma bere osotasunean ikusten uzten ez zigunez, hormaren azpian izango ginenaren zalantza piztu zitzaigun.

Inongo erreferentziarik gabe, aurretik genituen bi aukerak aztertu eta Ikerrek eskuinekoa erraza zirudiela esan zidan: "probatzea nijo ea elurre zemuzkoa daun".

Eskuin adarrean sartzen.


"Zemuzkoa ikustezu?" galdetu nion adarraren azpitik. "Elurre eztau oso gogorra baña nahiko ondo nijo" erantzun zidan. Aitaren batean bistatik galdu eta eskuin adarrak osatzen duen kanaltxotik atera zen.

Eskuin adarrean.


Anaiaren pausuak jarraituz kanaltxoa eskalatu nuen. Berak esan bezala elurra oso gogorra ez bazegoen ere, zatirik tentenean elurra eta lurra gogorra zegoen, pioletetatik tiratzen igotzeko primerakoa. Kanaltxoaren inklinazioa 50-55º ingurukoa izango zela esango nuke.

Kanaltxoa igota aurretik beste bi aukera ikusi genituen: zuzen jarraituz gero 45-50º inguruko elur aldapa bat edo honen eskuinean harkaitzen artean atzematen zen irtengune bat eskalatzea: "Behin honaño iritsita resaltea eskalatu beharko deu, ez?" bota nion anaiari, "gañea oain nei tokatzen zait aurretio jutea, jejeje".

Kanaltxoaren irteeratik gora egindako argazkia. Ikerren eskuinean irteera "erraza" ikusi daiteke, eskuinerago aldiz, guk eskalatuko genuen irtengunea, puntu zuriz margotua dagoena, alegia.


Irtengunera hurbildu eta helduleku onak zituela ikusita eskalatzen hasi nintzen. Hala ere, Aizkorriko harkaitzak izaten duen kalitatea ezagututa, irtengunearen lehen 3-4 metro bertikalak kontu handiz eskalatu nituen. Metro hauek ez dira zailak eta II-III arteko zailtasuna izango dute. Metro hauek atzean utzita, 3-4 metro elurretan egin eta beste 3-4 metroetako hormatxo tentea eskalatzearekin batera (honek III zailtasun ingurukoa) gandorrera iritsi nintzen: "libreeee!!!" bota nion zain nuen anaiari.

Iker bi hormatxoak erraztasun handiz eskalatu zituen nengoen lekura berehala iritsiz. Egin beharreko bi eskaladatxoak babestu nahi izanez gero, soka luze bat egin daiteke, gainera aseguruak jartzeko leku onak zeudela ikusi genuen.

Lehen eta bigarren hormatxoen arteko elur zatian.


"Punta bertan eongoa, ez?" esan zidan Ikerrek nire ondora iritsi zenean. "Sakonaundiko irteera zuzena inbadeu hortxe bertan" erantzun nion eskuinera seinalatuz. Hizketan ari ginela ahots batzuk entzun eta lainoaren artetik Aizkorriko gurutzetik behera zihoazen bi mendizale azaldu ziren: "Aizkorriko gurutzetio Urbia doan bidea ez da Aitxuritio hain gertu pasatzen" pentsatu nuen. Bitan pentsatu gabe gandorra ezkerraldera jarraitu eta, gure harridurarako, di-da batean Aizkorriko gurutzearen gailurra lainoaren artean azaldu zen, Aitxuriko gailurretik gertu ibili ginearen susmoa uxatuz.

10:40, Aizkorriko gurutzea, 1.528 metro. Denbora asko galdu gabe gailurrean argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen.

Iker, Aizkorriko gurutzearen gailurrean.


Baita ni ere.


Jaitsiera Iralarrainardeatik egitea adostu genuen, modu honetan ibilbide berean bi kanal ezberdinetan zehar ibiltzeko.

Gailurretik behera, Iralarrainardearen irteeraren bila.


Lehenengo metroak jaitsi ondoren, elurraren gogortasuna ehuneko ehunean ez zegoela ikusi genuen. Iralarrainardean dagoen irtengunean elurra nola izango zen beldurrez, irtengunea saihesteko zeharkaldi bat egin eta honen oinera itzuli ginen, hemendik behera Iralarrainardeatik jaitsiz. Bitxikeri moduan, harrigarria iruditu zitzaigun gu izan ginela igandean Iralarrainardean arrastoa irekitzen lehenak, eta gainera jaitsieran: "zeñek esango zigun egunen baten kanal hontan jaitsieran arrastoa irekiko genula" esan nion Ikerri.

Iralarrainardean behera arrastoa irekitzen.


Behera gindoazela piskanaka lainoen artean ahotsak entzuten hasi eta mendizale sokadak azaduz joan ziren: hasieran bi, gero hiru, gero beste hiru, hauen atzetik beste bi eta ia kanalaren amaieran azken bikotea.

Iralarrainardearen oinetik gora egindako argazkian gurutzatu genituen mendizaleetako batzuk ikusi daitezke.


"Beandu dijozte, ez?" galdetu zidan Ikerrek erlojuari begira, "ia hamaika terdik die". "Ba, bai" erantzun nion, "Aizkorrin hobe izatea goizago ibiltzea ze hemen aludek di-da baten izateie".

Lehenengo euri tanta lotsati batzuen artean Iralarrain gurutzera itzuli ginen. Bertan kranpoiak kendu, pioletak jaso eta makuluak motxilatik atera ondoren, bustita amaitu aurretik beherako bidea hartu genuen, benetazko euria iritsi baino lehen kotxean izateko.

Iralarrainardea eta Sakonaundiri azken begirada.


Beheko bidean, Iralarrain gurutzea dagoen zelaigunera iristen den pistaren hasieran.


Gertuago, azpian Zegama ikusi daiteke.


Jaitsieran berriro ere basoaren babesaz gozatzeko aukera izan genuen. Aurreko egunetan botatako euria dela eta pagoen enborretako goroldia orlegi biziz jantzia zegoen, basoari ukitu mitologiko eta magikoa emanez.

Basoko pagoetako bat.


Pago taldea goroldioaren orlegi biziaz jantzia.


Pago, hosto eta errekastoei argazkiak eginez hamabiak eta laurden jota zirenean Buenabistara itzuli ginen, hasiera batean pentsatua genuen planik bete gabe baina ibilbide ederra egin genuenaren sentsazioarekin. Batzuetan planik ederrenak prestatu gabekoak izaten dira. Ez al duzue uste?

Amaitzeko, ibilbidearen bideo-kronika partekatzen dizuet, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina