AZKEN 10 SARRERAK

2018/04/18

MALLOS DE AGÜERO, AGÜERO EKIALDEA: "TIERRA DE NAIDE" BIDEA, 145 m, V+. 2018/04/14




Edozein irteeraren aurrean "B" plan bat eraman behar dela esaten da beti. Aitortu beharra daukat "A" plana hain ikasia eta prestatua eramaten dudala, ezen oso gutxitan erabili edo eraman behar izan dudala "B" plan bat. Eta ez dut harrokeriaz esaten. Kronika askotan esan izan dudan moduan oso "segurola" naiz eta ongi ikasitako proiektuak astro guztiak elkartu arte ez ditut aurrera eramaten. Baina hala ere onartu beharra daukat gaizki ez datorrela badaezpada "B" plan bat ere eramatea.

Honelako zerbait gertatu zitzaigun kornika honetako eskaladarekin. Asier eta bion plana Peña Rueban eskalatzea zen eta ziur geunden arazorik ez genuela izango. Baina kotxean gindoazela eskalatu nahi genuen horma bustita ikusi eta zur eta lur gelditu ginen. Ni blokeatuta nengoen bitartean Asierrek "Riglos Vertical" gidaren edizio berria atera eta berehala topatu zuen "B" plana: "eta Agüeron daun En tierra de Naide bidea eskalatzen badeu? Hau anaiekin eskalauko ez deten bide tipikoa da". Gida hartu eta hormak ekialdeko orientazioa zuela ikusi nuenean "gañea deskuidau ezkeo pareta sekoa eongoa" esan nion. Honetaz aparte, Sendero Límite-ko Julio Benedé eta Luis Royok ireki eta ekipatu zutela irakurri nuenean gozatuko genuela pentsatu nuen.

Bitan pentsatu gabe kotxea hartu, Peña Ruebari bizkarra eman eta Agüeroko noranzkoa hartu genuen. Asierri esan nion bezala: "lehen aldie da eskalada bat ein behar detena iñongo informaziorik irakurri gabe".

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 145 metro.
Luze kopurua: 5.
Nork irekia: J. Benedé, L. Royo eta G. Arguedas, 2010eko ekainean.
Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: III+ (25 m), 2ºL: V (30 m), 3ºL: IV (30 m), 4ªL: V+ (30 m) eta 5ºL: IV (30 m).
Orientazioa: Ekialdea. Eguzkiak lehen orduan ematen dio.
Ura: Murillo de Gallego herrian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20 minutu inguru.
Jaitsiera: Ibilbidearen amaieratik gailurrera igo eta iparreko noranzkoan doan bidea jarraituko dugu ferrata moduan ekipatutako tximini/kanalera arte. Bertan sirga, katea eta soka finko bat topatuko ditugu tximinia jaisteko. Tximinia jaitsita, hormaren ondotik doan bidexka jarraitu eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Bidearen amaieratik aparkalekura 40 minutu inguruko bidea dugu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 14 express zinta eta zintak bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Agüero herria eta izen bereko Malloak Peña Ruebatik ikusita.


Agüero Malloak gertuago. Zuriz hurbilketarako bidea, gorriz eskalada bidea eta urdinez jaitsierakoa. Ferrataren kokalekua ere adierazita dago.


Ibilbidearen nondik norakoak azpitik ikusita.


Krokisa zehatzago.


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Iruñatik pasatuz joaten garenontzat, lehenik Yesako urtegia atzean utzi ondorengo Puente La Reina de Jaca herrira iritsiko gara. Herriaren amaieran dagoen zubia zeharkatu ondoren eskuinera doan A-132 errepidea hartuko dugu (errepide honek Puente La Reina Huesca-rekin lotzen du). Errepide honetatik 41 kilometro inguru egin ondoren Murillo de Gállego herria zeharkatu eta hemendik kilometro pasatxora, ezkerrera doan bihurgune batean, eskuinera, Agüero herrira doan bidegurutzea hartuko dugu. Bidegurutzetik Agüerora 7-8 kilometro izango dira.

Herrira iritsi aurretik, herriaren kartela dagoen lekutik 10 metro ingurura, eskuinera Agüeroko hilerrira doan errepidea hasten da. Errepide hau maldan gora hartuko dugu eta hilerria atzean utzi ondoren maldan behera hasiko gara herrira berriro ere hurbilduz.

Herrira iritsi aurreko bihurgunea, herriko kartela eta hilerrira joateko jarraitu behar den bidea.


Herriaren lehen etxeetara iritsi baino 150-200 metro lehenago, ezkerrera doan bihurgune nabarmenaren ondoren, errepidearen eskuinean indikazio poste bat eta panel bat ikusiko ditugu eta ezkerrean kotxea uzteko aparkaleku txiki bat. Hau izango da kotxea utziko dugun lekua.

Kotxea uzteko aparkalekua eta errepidearen bestaldeko indikazio postea eta panela. Atzean, Agüeroko lehen etxeak.


DESKRIBAPENA

Azkeneko aldiz Peña Rueban eskalatzen aritu ginenean ez bezala, nahiz eta hamarrak laurden gutxiak izan, aparkalekuan ez genuen kotxerik topatu: "ein dittun ebikin eztet uste gaur jende asko animaukoenik" esan zidan Asierrek motxila hartzen zuen bitartean. Kotxez egindako hurbilketan Agüero herriaren edertasunak txunditu gintuen: "Riglos txikin emateo" esan zidan Asierrek. Mallo guztien artetik Peña Sola izan zen gehien erakarri gintuena. "Riglos txiki bai, baña a ze nolako purua dauken, jejeje" bota nion Asierri.

Agüero eta Peña Sola ikusgarria, puru edo, bakoitzaren imajinazioaren arabera, beste gailu edo gorputz-atalaren antza duena, jejeje.


Materiala bion artean banatu eta denbora luzea galdu gabe martxan jarri ginen.

Errepidea gurutzatu eta indikazio postea eta paneletik eskuinera goraka doan bidexka jarraitzen hasi ginen gure ezkerrean kirol eskaladan aritzeko ekipatutako harkaitz bloke handi batzuk utziz.

Indikazio postea eta panela. Argazkian ikusten diren haitzak dira kirol eskaladan aritzeko bideak dituztenak.


Eguna eguzkitsua izan arren freskoa esnatu zen eta, nahiz eta hasiera batean zalantzan izan, azkenean forro polar eta hotzetarako txamarrak jantzita eraman genituen. Bideak galtzeko arriskurik ez dauka eta nahiz eta estua izan oso zapaldua dago. Kotxetik atera eta 5-6 minutu eskasera errekatxo bat zeharkatu genuen.

Errekatxoa zeharkatzen.


Errekatxoa zeharkatu ondoren bideak goraka egin eta gure ezkerrean Malloen ekialdeko hormak azaldu ziren.

Malloen ekialdeko hormak bistan dagoeneko.


Begi bistan genuen izugarrizko hormatik Tierra de Naide bidea zein zen ez genekienez, bitan pentsatu gabe mugikorra atera (eskalada gida kotxean utzi genuen) eta internet-en informazio bila hasi nintzen. A zer nolako ezuzteko atsegina Xabier Larretxeak bere eskalatzen blogean bide hau deskribatuta zuela ikusi nuenean!!! "joer, eskalatzenen dauta" esan nion Asierri.

Bidexka jarraituz, kotxetik atera ginenetik 15 minutu eskasera, harkaitz bloke nabari batera iritsi ginen. Blokearen ondoan gelditu eta, parez-pare genuen horman bidea identifikatu ondoren, orain arte jarraitutako bidexka utzi eta ezkerrera, horma aldera, doan bidexka bat jarraitzen hasi ginen.

Kotxetik atera ginenetik jarraitutako bidexka utzi genuen lekua adierazten duen harkaitz bloke nabaria.


Bidexka oihanpe antzeko batean galtzen dela badirudi ere, oso garbia da eta jarraitzeko zailtasunik ez dauka. Gainera, horma denbora osoan begi-bistan izateak hurbilketa asko errazten du.

Nahiz eta sastraka eta zuhaixka artean galduta izatearen sentsazioa izan, bidea oso nabaria da. Parean, eskalatuko dugun horma.


Bidea jarraitzen genuen heinean bazirudien bidearen oinetik aldentzen ari ginela, eskuinera (igoeraren noranzkoan) zihoalako. Jaitsieran ohartuko ginen bezala, bidexka hau ferrataren oinera arte iristen dela.

Eskuinera (igoeraren noranzkoan) hartzen hasi ginen momentuan.


Bidetik gehiegi aldentzen ari ginela pentsatzen hasi ginenean, bidexkaren ezkerrean bi hito nabarmen eta lurrean margotutako gezi bat ikusi genituen, Tierra de Naide bidera jarraitu behar genuen bidexka berriaren adierazle.

Bidexka utzi behar den puntua adierazten duten bi hitoen artetik pasatzen.


Argazki honetan bi hitoetatik aparte lurrean margotutako gezia ikusi daiteke.


Bidexka berri hau jarraituz berehala iritsi ginen hormaren oinera. Hurbiltzen ari ginela horman zenbait leku busti zeudela ikusi genituen, batez ere bigarren luzean: "txarrenetio azeratu ta nolabait goraka jarraituko deu" esan nion Asierri, "gañea ni azeratzeko kuidadoik eztauket, jejeje". Hormaren oinaren ondoan dagoen sabai nabariaren ertzetik pasa eta motxilak lurrean utzi genituen.

Bidearen oinera iritsi aurreko sabaian.


Argazki honetan bidearen oinera iristeko jaraitu behar den bidea ikusi daiteke.


Kotxetik bidearen oinera osora 20 minutu eskas pasa genituen, lasai-lasai joanda.

Dagoeneko eguzkiak gorputza berotzen hasita zegoela ikusita manga motzetan eskalatzeko eguraldia izango genuela erabaki genuen. Material guztia lurrean zabaldu eta txaketak kentzen ari ginela, mugikorrean "1" zenbakia idatzi eta Asierri "bat edo bi?" galdetu nion. Harriduraz begiratzen zidan bitartean "bat" erantzun eta mugikorraren pantaila erakutsi nion: "hara, zu hastezea" bota nion irrifartsu.

Atzetik inor ez zetorrela eta luzeak motzak zirela ikusita Walkie talkie-ak motxilan uztea adostu genuen: "25-30 metrotan elkar ikusi ta entzungo gea". Asierrek material guztia pronto zuenean keinu egin eta eskalatzen hasi zen.

Lehenengo luzea, 25 metro, III+. Lehenengo luzeak misterio handirik ez dauka eta hormaren harkaitzarekin ohitzen joateko plaka etzana eskalatzea besterik ez da. Asier igotzen hasi eta lehenengo paraboltaren aurreko harkaitz zubia "txapatu" gabe utzi zuen. Nahiz eta luzea erraza izan, metroak lasai irabazten joan zen, atzetik inor ez genuela jakinda: "luze errexa, txapak saltatzea ere badau" esan zidan.

Bidearen lehen metroetan.


Bilgunetik 10 metro ingurura luzeak ezkerrerako joera hartu eta zertxobait tentetzen da, baina heldulekuak oso onak izanda zailtasuna ez da apenas igotzen. Bilgunea erlaitz eroso batean dago eta, luze guztien moduan, uztaidun bi paraboltez osatua.

Bilgunea iristen...


... Eta bilgunea muntatzen.


Lehen bilgunetik behera egindako argazkia. Nire atzean hormaren oinera iritsi aurreko sabai nabaria ikusi daiteke.


Eskalatzen hasteko keinua egin zidanean lehen luze honetan arreta osoa oinetan jarriko nuela erabaki nuen. Gora baino oinetara gehiago begiratuz. oinak non eta nola jarri eskalatzen joan nintzen, eskuak oreka mantendu eta paraboltetatik express zintak kentzeko bakarrik erabiliz. Plaka etzana izanda ariketa hau egiteko aproposa da eta konturatzerako bilgunera iritsi nintzen.

"Errexa ez?" galdetu nion Asierri. "Bai, berotzeko ondo" erantzun zidan, "ea hemendik gorakok zemuzkok dien".

Bigarren luzea, 30 metro, V. Hasieran idatzi dudan bezala, bidearen luzeei buruzko informazio eskasa genuen, bigarren luzea V eta laugarrena V+ zailtasuna zutela besterik ez, baina ez genekien zailtasun hau non eta nolakoak ziren. Bilgunetik gora begiratu eta sabaitxo bat ikusi genuen: "pentsatzet zailtasune hor eongo dela" esan nion Asierri. Soberan zuen materiala jaso eta poliki-poliki eskalatzen jarraitu nuen.

Luzearen lehen metroak etzanak badira ere, plaka lehen luzekoa baina tentegoa da. Lehenengo luzean bezala, arreta osoa oinetan jartzen joan nintzen.

Bigarren luzearen lehen metroetatik behera egindako argazkia.


Metroak irabaziz luzeari zailtasuna emango dion sabaitxoren azpira iritsi nintzen: "joer, hemen harkaitza bustie dau" esan nion Asierri. Badaezpada pausuaren azpiko paraboltetik bi sokak pasatu eta sabaitxoa gainditu arte horrela egingo nuela erabaki nuen.

Sabaitxoa gainditzeko oinentzako heldulekuak blai eginda zeudela ikusita orain arte oinetan nuen arreta eta konfidantza alde batera utzi eta, gaizki badago ere, arreta osoa esku eta besoetan jarri nuen. Hasiera batean bustitako harkaitzak zapaltzear izan nintzen baina esku batekin ukitu eta oso irristakorrak zeudela iruditu zitzaidan. Hau gutxi ez bada, sabaitxoaren gaineko parabolta ere ez nuen gertu, txarrenean pausua azeratu eta segurtasun osoz eskalatzeko.

Egoera honetan, pausua aseguratzen duten bi paraboten arteko bidea zuzen egin beharrean (hau da, tarte bustia zeharkatuz), sabaitxoaren azpiko paraboltetik zuzen eskalatzen jarraitu eta sabaitxoa eskalatu nuenean eskuinera metro eta erdi inguruko zeharkaldi motza egin nuen, sabaitxoaren gaineko paraboltean aseguratuz: "bueno, okerrena pasa da" animatu nintzen.

Argazki honetan bigarren luzearen nondik norakoak eta luzeari zailtasuna ematen dion puntua ikusi daitezke. Sabaitxoaren pausuan sokak adierazten duen bide zuzena jarraitu beharrean, buruz behera jarritako "L" baten itsurakoa egin nuen.


Sabaitxoa gaindituta, luzeak bertikal samar mantendu eta eskuin aldera joateko joera dauka, gainean dagoen zuhaixka batera hain zuzen ere. Bertikala izanda ere, eskalada atsegina iruditu zitzaidan, esku eta oinentzat helduleku dezente dago eta. Zuhaixkara iritsitakoan luzeak zertxobait ezkerrera jo eta, bertikaltasuna zertxobait galtzearekin batera, gorago dagoen sabai baten azpiko erlaitz erosoan bilgunea muntatu nuen.

Bilgunea muntatu ondoren. Luzeari zailtasuna ematen dion sabaitxoa gertuago ikusi daiteke.


Luzearen zati bertikaletik atera zenean, Asierrek ere bustitako tartea ahalik eta gehien saihestu zuela esan zidan: "gañea harkaitzek irrist ittezun" esan nion. "Bai, konturatu naiz" erantzun zidan.

Bigarren bilgunera daraman horma bertikaletik ateratzen.


Bilgunera iritsi eta materiala hartu zuenean "oaingok zer dauke?" galdetu zidan. "Joer, ba ideiaik eztauket, eztakit terzero edo kuarto den" erantzun nion. "Gutxiñez hemendio gora harkaitze lehorra daula emateo" erantzun zidan bilgunea uzten zuenean.

Hirugarren luzea, 30 metro, IV. Asier bilgunearen eskuinetik atera eta erabat bertikala izan gabe nahiko tentea den plaka sabaitxo batera arte eskalatuz jarraitu zuen. Sabaitxo honetan dago luzearen zailtasuna (IV), baina heldulekuak oso onak dira eta zailtasunik gabe eskalatu zuen.

Hirugarren luzearen hasieran, sabaitxoa gainean ikusi daiteke.


Sabaitxoa eskalatuta plaka asko etzan (III) eta aurrean dugun horma bertikalaren oineko sabai nabariaren ezkerrera zuzendu zen, bertan dagoen bilgunera iritsiz. Asierrek bilgunea muntatzen zuen bitartean eguzkia hodei handi baten atzean ezkutatu, haize fin bat altxatu eta hozten hasi nintzen. Bitan pentsatu gabe motxila kendu eta forro polarra berriro ere jantzi nuen.

Asier bilgunera iristen. Argazkian hirugarren luzeari zailtasuna ematen dion sabaitxoa ikusi daiteke.


Bideari zailtasuna ematen dion luzearen aurretik luze hau eskalatzea ongi etorri zitzaidan, ia luze osoa, bigarren zatia batez ere, oinekin eskalatu nuelako. Modu honetan bilgunera esku eta besoak fresko nituela iritsi nintzen.

Hirugarren bilgunea eta laugarrenaren nondik-norakoak. Laugarren luzeari zailtasuna ematen dion horma-hobiko pausua ikusi daiteke.


"Bueno, luze hontan dau biden asuntoa" esan nion Asierri materiala hartu nionean. "Begiratzen jun" esan zidan, "seguru paso guztitan zeoze eongoela" erantzun zidan. "Ea gutxiñez express zintei eusteko tentaziorik ez deten" bota nion irrifartsu.

Laugarren luzea, 30 metro, V+. Express zintak arnesean ordenatu eta dena ongi zegoela ikusi ondoren eskalatzen hasi nintzen. Luzearen lehen metroak, luze osoko errazenak, zailtasunik gabe eskalatu arren, irabazten nuen zentimetro bakoitzarekin horma geroz eta gehiago tentetzen zela iruditu zitzaidan.

Hirugarren bilgunean, atzean Peña Rueba.


Konturatu nintzenerako luzeko pausurik gogorrena dagoen horma-hobiaren ezkerreko paraboltera iritsi nintzen. Pausuaren goiko parabolta nengoen lekutik metro pare pasatxora nuen, ia bertikalean, honegatik paraboltera zuzen iristen saiatu nintzen. Oin eta eskuentzat heldulekuen bila hasi baina ez nuen ezer topatzen. Pixkanaka nire ikusmira ixten joan eta geroz eta helduleku gutxiago ikusten hasi nintzen, eskuetako heldulekuei geroz eta indartsuago heldu eta indarrak alferrik galduz: "ondo begiratu, seguru zeoze badaula", animatzen ninduen Asierrek bilgunetik.

Bat batean horma-hobiaren gainean eskuin oinarentzat helduleku on bat ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe eskuin oina luzatu, heldulekuaren gainean jarri eta eskuinera mugituz horma-hobiaren gainean kokatu nintzen: "hoi da helduleku onaaa!!!" animatu ninduen Asierrek.

Kokaleku berrian eroso izan arren hanketan "motoa" hasi zitzaidan. Arnasa sakon pare bat aldiz hartu eta eskalatzen jarraitu nuen. Eskuin eskuarekin helduleku txiki bat helduta gorputza altxatzen hasi baina, gorputza hormatik hain gertu nuen ezezn ez nuen oinentzat heldulekurik ikusten: "hor lasai estutu ze eroiezkeo etzea metro erdi baño gehio eroiko" esan zidan Asierrek. Beretzat metro erdi zena niretzat hogei metro ziren eta nengoen postura indartuan besaurreak pixkanaka gogortzen hasi zitzaizkidan. Erortzeko beldurrez hasierako lekura itzuli eta, Asierri abisatu ondoren, paraboltetik zintzilikatu nintzen: "ea pixkat lasaitzen naizen!!" esan nion.

Sokatik zintzilik egoteak ematen duen lasaitasunarekin pausua beste modu batera ikusi nuen, batez ere oinentzat heldulekuak. Asierri abisatu, horma-hobiaren gainean berriro ere kokatu eta oraingoan pausua eskalatzen asmatu nuen gaineko paraboltera arnasestuka iritsiz.

Hemendik gora zailtasun guztiak amaitu eta eskalada atsegina izango zela banengoen ere, berehala luzeak plaka bertikaleko bosgarren mailako zailtasun jarraitua zuela baieztatu nuen. Hau gutxi ez bada, paraboltetik paraboltera iristeko gorputza ongi kokatzen eta, parabolten artean zuzen eskalatu beharrean, batzuetan eskuinera eta besteetan ezkerrera mugitu behar izan nuen.

Bat batean hurrengo parabolta oso urrun zegoela ikusi nuen: "joer, horraño ez dau ezer?" pentsatu nuen. Eroso jarri eta, atseden hartzen nuen bitartean, horma ongi aztertzen hasi nintzen beste paraboltik ikusi gabe. Gainean horma-hobi bat izan zitekeena ikusi eta bertara iritsi eta handik horizontalean gainean nuen paraboltera erraz iritsiko nintzela pentsatu nuen. Bitan pentsatu gabe zuzen eskalatzen jarraitu eta horma-hobira iritsi nintzenean, bertan azpitik ikusten ez nuen bilgunea ikusi nuen: "Buffff, reunionnnn!!" oihukatu nion Asierri.

Argazkian laugarren bilgunea muntatzen eta laugarren luzearen nondik-norakoak ikusi daitezke. Kontuz, sokak ez baitu jarraitu beharreko bidea adierazten.


Laugarren bilgunea muntatu ondoren, luzeari zailtasuna ematen dion horma-hobia gertuago ikusi daiteke. Kontuz, sokak ez baitu parabolten artean eskalatzen jarraitu behar den bidea adierazten.


Asierrek ere luze hau aurrekoak baino motelago eskalatu zuen: "bilatu beharrekoa, eh?" esan zidan bilgunera iritsi zenean. "bai, luze honek eztu ezer oparitzen" erantzun nion, "gutxiñez nere helburue bete ta eztet A0-n atera". "Ni ere leku baten baino gehiagon zeoze estutu behar izan det". esan zidan Ni baño eskalada maila handiagoa duela jakinda, Asierrengatik zertxobait estutu behar izan zuela entzuteak lasaitu egin ninduen.

Bosgarren luzea, 30 metro, IV. "Bueno, azkena" esan nion "ea zemuzkoa den".

Azken luzea ia horizontala den zeharkaldi batekin hasten da. Zeharkaldia ikusgarria bada ere ez da zaila eta oin eta eskuentzat helduleku apartak ditu.

Bosgarren luzeko zeharkaldiaren amaieran.


Hirugarren paraboltetik gora zeharkaldia amaitu eta horma zuzen eskalatzen jarraitu zuen, horma tentetuz. Heldulekuak ez dira txarrak baina tarteren batean harri askeak topatu genituen.

Luzeari zailtasuna ematen dion hormatxo bertikala eskalatzen.


Luzeari zailtasuna (IV) ematen dion hormatxo bertikal hau eskalatu ondoren, bilgunea zuhaixka baten enborraren inguruan zinta bat pasatuz muntatu zuen. Nahiz eta enborraren inguruan zinta gehiago izan, zaharrak izanda nahiago izan zuen guk genuenetako bat jartzea: "bazpare" esan zidan geroago.

Bosgarren bilgunea.


Dena prest zuenean eskalatzen hasteko keinua egin zidan.

Bosgarren bilgunetik laugarrenera egindako argazkia.


Laugarren luzean pasatako estutasunak baretuta, azkeneko luzea benetan gozatu nuen: "Joer, iritsi aurreko harri hoik ze suelto daren" esan nion bilgunera iritsi nintzenean. Egia esan, bide osoan zenbat harri txiki aske zeren atentzioa deitu zigun, erlaitzetan batez ere. Asierrek esan zuen bezala, bide honetan eskalatzen hasi aurretik ondo dago begiratzea ea aurretik norbait doan: "pentsatzen nun hemen inguruko bideik errexena izanda garbigo egongo zela" esan zidan. Bidea zikina eta harri askez josia dagoela ez dut esango noski, baina erlaitzetan harri txiki askeak daude eta soka jasotzerakoan bat baino gehiago bota genuen.

Bilgunetik gora metro pare bat igo eta bidetik atera nintzen.

Bosgarren eta azken bilgunean.


Asier iritsi zenean materiala poliki eta pazientzaz jaso eta bertatik genuen ikusmiraz gozatzeko aukera izan genuen.

Bidearen amaieratik Agüero herrira egindako panoramika.


Traste guztiak jasota malloaren gailurrera iritsi ginen, bertan talde argazkia egiteko.

Galurretik ipar-mendebaldera egindako panoramika.


Asier eta biok zoriontsu malloaren gailurrean. Atzean, Peña Rueba.


Peña Rueba gertuago...


Ur pixkat edan eta inguratzen gintuen ikusmiraz gozatzeko atsedena hartu ondoren, beherako bideari ekin genion. Horretarako malloaren gailurretik ipar noranzkoan doan bidexka bakar eta nabaria jarraitzen hasi ginen.

Malloaren gailurretik ferrataren hasierara jarraitu behar den bidea.


200-250 metro ibili ondoren, parean dagoen mallo nabarira iritsi aurreko lepoan hito bat topatu genuen eta honen ondoko zuhaixkaren adar batetik zinta bat zintzilik: ferrataren hasieran geunden.

Argazki honetan ferrataren hasiera adierazten duen hitoa eta zuhaixkatik zintzilikatutako zinta ikusi daitezke.


Ferrataren lehen 4-5 metroetan sirga bat jarraitu genuen.

Ferrataren lehen metroetako sirgan, katera heldu aurretik.


Sirgaren ondoren kate batez babestutako helduleku oneko tarte tente bat jaisten da.

Katean...


Eta katea amaitzen den lekutik behera bi sokez babestutako tximinia estu eta tentea jaitsi genuen. Honek ere helduleku onak ditu, baina guk hezea topatu genuen punturen batean arreta osoa jarriz.

Katearen amaieratik behera jarritako soka finkoetan.


Tximiniaren azken metroetan.


Oinak non jarri ongi begiratuz tximinia eta soka finkoen amaierara iritsi ginen.

Soka finkoen amaieran.


Tximiniatik kanpo, hemendik aurrera honaino iristen den bidexka besterik ez genuen jarraitu, malloen hormetatik gertu mantentzen den bidexka. Malloetatik horren gertu ibilita badaezpada kaskorik ez kentzea erabaki genuen.

Galtzeko arriskurik ez duen bidexka jarraituz, hurbilketan bidexka hau utzi genuen bi hito eta gezi margotura iritsi ginen. Bertan kaskoak kendu eta beherako bidearekin jarraitu genuen kotxea utzitako aparkalekura itzuliz.

Malloaren gailurretik kotxera 40 minutu pasatxo pasa genuen.

Jaitsieran eskalatutako bideaz hizketan aritu ginen. Bidea oso ongi dago babestua eta parabolten arteko tartea ez da luzea. Gorago komentatu bezala, bidean zehar topatutako harri eta harrixka askeen kopuruak harritu gintuen, asko errepikatzen den bidetzat genuelako. Hala ere, azken egunetan botatako euri pilak honetan eragina izango zuela pentsatu genuen.

Kotxea iritsi eta gauzak jaso ondoren itzulerako bidea hartu genuen, Malloak begi bistatik galdu aurretik bide bazterretik argazki batzuk eginez. Agüeroko Malloen xarmak heldu gintuela esango nuke, etxerako bidean biok itzuliko ginela behin baino gehiagotan esan genuen eta.

Agüero herria eta Agüero Malloak. Leku eder eta ikusgarria.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina