AZKEN 10 SARRERAK

2018/04/11

IRAULEKO ORRATZAREN BI KANALAK, AIZKORRIKO KANALEN DENBORALDIARI AMAIERA EMANEZ: EDO EZ?

Txokolate marka bateko iragarki zahar batean kopetilun eta lurrean eserita haur bat azaltzen zen, txokolate tabletaren paperezko bilgarria eskuetan, ahots tristearekin “dena amaitzen da” esanez, munduko azken txokolatea jan izan balu bezala. Abendura arte gutxienez, udaberria normala badator behintzat, Aizkorriko kanalen denboraldia ere, txokolate tabletaren moduan, amaitutzat eman dezakegu. Aizkorri oraindik zurituko da, baina kostako da kanalak egoera onean berriz egotea, baina azkenaldian botatzen ari den euri mordoarekin zeinek daki, jejeje.

Aurtengo negua luzea bezain iluna izan da, eguzkia nekez ikusi dugu eta, azken berrogeita hamar urteetan ez bezala, zazpi elurte bizi izan ditugu. Hala ere, elur asko bota arren, Aizkorriko kanaletarako ez da denboraldi oparoa izan, batetik elurraren kalitateagatik, bestetik, asteburu gehienetan eguraldi txarra izan dugulako, elur-jausien arriskua handituz. Ideia bat egiteko, denboraldi osoan Aketegiko ipar hormaren ateak zabaltzen dituen Nardagaizto behin bakarrik eskalatu dugu, abenduan gainera.

Martxoaren hirugarren astean, Aizkorriko kanalen denboraldia amaitutzat ematear geundela, tenperaturak jaitsi, elurra bota eta, elurra galtzen hasita zeuden kanalak berriro ere elurrez bete ziren, itsura ikusgarria emanez. Egun batzuk beranduago, Ostegun Santu aurreko egunetan oporretan kanpoan nengoela, Josebaren mezua jaso nuen kanalen egoeragatik galdezka. MATeko kide guztiak Goierritik kanpo oporretan izanda ez nuen kanaletako erreferentziarik eta, pena handiz, informaziorik ezin niola eman erantzun nion.

Oporretatik bueltan, Aizkorriko kanalek oraindik elur dezente zutela harriduraz ikusi nuen, eskalatzeko azken aukera eman nahiko balute bezala. Larunbaterako 1.000 metroetatik gora berriro ere zurituko zuela iragarrita bazegoen ere, Pazko-iganderako goiza garbi eta freskoa espero zen. Aukera tentagarri honen aurrean ez nuen bitan pentsatu: igandean kanalei bisita egingo nien.

Aizkorriko kanalen egoera apirilak 1ean.


Bakarrik joateko asmoa nuenez, Nardasakon igotzea erabaki nuen: elurra egoera onean izanez gero Irauleko orratzaren kanal mehartua eskalatuko nuen, bestela, kanalaren irteera normalera zuzenduko nintzen, Irauleko eskuin kanaletik jaisteko. Ideia honek buruan itsura hartzen ari zela Josebarekin gogoratu nintzen. Egun batzuk lehenago sartuta gelditu zitzaidan arantza kentzeko asmoz, Aizkorriko kanalei egindako argazki bat bidali nion, nire planen berri eman eta, elkarrekin eskalatzeko animatzen bazen, abisatzeko. Baiezkoa erantzun zidanean asko poztu nintzen, izan ere banuen gogoa sare sozialen bidez “on-line” eta “digitalki” ezaguna nuena “off-line” eta “analogikoki” ere ezagutzeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 6 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro inguru.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 950 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1 (hiru alditan, jejeje).
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: AD+, M4, IV+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak, bi piolet eta eskaladarako materiala: 30 metroetako soka, Lincam jokoa, iltze batzuk, dozena erdi bat express zinta eta zintak bilgunea muntatzeko.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak hartzeko denbora kontutan hartuta, lau ordu eskas.

Ibilbidea wikiloc orritik deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Apirilaren lehenean Ikerri kotxea hartu, Joseba Zegamako geralekuan jaso eta, zortziak ematear, Itzubiagako bordatik atera ginen, elurraren egoeraz kezkatuta, badaezpada soka eta auto-babeserako materiala ere hartuz. Ordura arte ez ginen elkar ezagutzen baina, nahiz eta arrazoizko azalpenik ez izan, geralekuan bostekoa eman zidan momentutik gure artean giro ona izango zenaren sentsazioa izan nuen.

Irteteko orduan hego haize zakarrak termometroari graduak lapurtzen zizkion bitartean gorriz tindatutako egunsentiaren azken une epelez gozatzeko aukera izan genuen. Basoan, gure pausuen hotsaren gainetik, haizeak batera eta bestera mugitzen zituen pinuen kexak nabarmentzen ziren.

Ibilbidea lasai hartu genuen, urrun eta gertuko mendiak, eskaladak, Aizkorriko kanalak eta mendi bizipenak hizpide. Elur maila mila metroetatik gora izateak eta Nardasakonen topatutako arrastoak metroak arin irabazteko aukera eman zigun.

Pagaditik ateratzen. Argazkian Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalaren arrastoa ikusi daiteke.Kilometro bertikala Irauleko eskuin kanaletik doa.


Pagadiaren babesetik irten eta kanala zabaltzen den lekutik gora, arrastoa uzteko elurra indarrez zapaldu behar izan genuen, oso gogorra baitzegoen: “orratzan elurre hola badau, earki gozauko deu” bota nion Josebari.

Joseba zabalunean.


Goierri gure azpian.


Orratzaren azpiko hormaren oinean elurra zapalduz erlaitz bat zabaldu eta eskaladarako prestatu ginen, kaskoa, kranpoi eta pioletak hartu eta makuluak jasoz.

Zabaldu genuen erlaitzetik gora egindako argazkia eta gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Hormaren lehen metroak erraz eskalatu genituen, txilarren sustrai eta harkaitzen koska eta pitzaduretan piolet eta kranpoien puntak konfiantzaz sartuz.

Lehen metroak atzean utzi ondoren.


Irtenguneetako batean.


Gure mendi kuttunaren begiradapean...


Altuera irabazi ahala elurraren egoera hobetuz zihoan, izan ere, Orratzaren bilgunera daraman pasagune estu eta bertikalean elurra gogorra topatu genuen, pioletetatik tiratzeko primerakoa.

Orratzera daraman pasagune estura iristen.


Pasagune estuaren lehen metroetan.


Pasagune estuaren amaieran.


Orratzaren azpiko bilgunera iritsi ginenean, irteera zuzena nondik doan azaldu eta ezkutuko kanal mehartua eskalatzen jarraitu genuen. Kanalaren egoera primerakoa zen: sarrerako koska elur gogorrez estalita zegoen, baita irteeraren lehen metroak eta irteera bera ere, eskalada dezente erraztuz.

Ezkutuko kanal mehartuan.


Nire txanda...


Kranpoi eta pioleten “krak-krak” hotsean murgilduta, konturatzerako Irauleko gandorrean dagoen porlanezko gurutzera iritsi ginen.

Irteeran.


Gandorrera ateratzen.


Erlojua begiratu eta bederatziak eta erdi ematear zeudela ikustean, Josebari “eta irteera zuzena eskalatzen badeu?” proposatu nion. “Materiala eukita ta ikusita ze ordu den, denbora emango digu, ta hola orratzeko beste bidea ezagutukozu”. “Nikatik ondo” erantzun zidan.

Gandorrean zebilen hego haize indartsutik ihesi, Nardasakonen irteera destrepatu (hau ere goitik behera elur egonkorrez estalia zegoen) eta orratzaren ezker sarrerara hurbildu ginen, tartean 50-55 graduetako zeharkaldi horizontala eginez.

Nardasakonen irteeran.


Zeharkaldi horizontalean, atzean Aketegiko gailurra defendatzen duten harkaitzak.


Zeharkaldiaren amaieran.


Orratzetik zintzilik dagoen sokaren azpian, 1955ko udaberrian orratza lehen aldiz eskalatu zeneko istorioa kontatu eta, egoera eta egitura ikusi ondoren, sokak 60 urtetik gora zintzilik ez zeramala ondorioztatu genuen: “hau soka berrigoa izangoa”. Sokaren azpian, orratzaren ipar aurpegian, orain arte ikusi gabeko bilgune zahar eta herdoildu bat topatu genuen.

Zintzilikatutako soka atzean utzi ondoren orratzera hurbiltzen. Argazkian orratzeko bilgunea ikusi daiteke.


Orratzaren bilgunera bigarrenez iritsi eta motxiletatik eskalatzeko material guztia atera genuen: “nik emangoiot edo zuk eman nahiozu?” galdetu nion Josebari. Bera aurretik joango zela esan eta materiala pasa nion. Ordainean pasagune estuetan enbarazu egiten zioten eski-bastoiak utzi zizkidan.

Orratzean berriro ere.


Irteera zuzenaren lehen metroetako tximini estua kanpotik eskalatu zuen, hankak tximiniaren bi hormetan zabaldu eta metroak poliki baina konfiantza handiz irabaziz. Bertako iltze eta espitetik aparte friend pare bat sendo trabatu, pasagune bertikalaren azpian kokatu, honen ezkerreko harlauzaren laguntzarekin gorputza altxatu eta irteera zuzena maisutasun handiz eskalatu zuen, irteeratik eskuin horman 3 metro inguru gorago jarrita dagoen iltzea eta friend batekin bilgunea muntatzeko: “Peleon, eh?” esan zidan bilgunea muntatu zuenean.

Soka jasotzen hasi zenean, bere makuluak sokaren muturrera lotu eta muturretik 7-8 metro ingurura zortziko korapiloa arnesera segurtasun mosketoi batekin lotu nuen. Modu honetan, makuluek eskaladan ez zidaten enbarazurik egingo eta horma eskalatu ondoren sokatik tira eginez jasoko nituen. Tximinia kanpotik eskalatu beharrean, barrura sartu eta eskalada erosoa ez bada ere, seguruagoa iruditu zitzaidan, gorputza tximiniaren bi hormen artean trabatzeko aukera duelako. Lehenengo iltzetik mosketoia ateratzeko nahiko lan eta estu izan nintzen, behartutako posturan egonda, ezker hankako bikia igotzeko keinua egin zidalako. Espitetik mosketoia errazago atera eta, bertako harkaitzetan pioletak trabatu eta tira eginez, pasagune bertikala eskalatu nuen. Irteera zuzena eskalatu nahi bada, komeni da fisurero pare bat eramatea iltze eta espitaren zuloetatik pasatzeko, mosketoi bat, nahiz eta txikia izan, nekez sartzen baita.

“Honi ze gradu eman zenioten?” galdetu zidan. “Kuarto inguru” erantzun nion, “baña ez neuken konplikatue zenaren oroitzapenik”. “Igual zuek eskalatu zenutenen tximini barrun elur gehiago zeon” esan zidan. Josebak arrazoia zuen eta gero etxean egiaztatuko nuen bezala, 2013an eskalatu genuenean tximiniak elur gehiago zuen tximinian eskalatutako metroak erraztuz. Gaurkoan IV+ zailtasunetik IVetik baino gertuago zegoela ondorioztatu genuen.

Irteera zuzena eskalatu ondoren muntatutako bilgunean.


Eski-bastoiak berreskuratu eta igotzen jarraitu behar nuenean “kakaaaa!!!” entzun nuen. Bastoietako batek, arrisku zalea sobra ere, horman behera salto egitea erabaki eta tximiniaren oinean trabatuta gelditu zen: “bueno” esan nion umorez, “berriro igo beharko deu”.

Bilgunetik ateratzen.


Zailtasunak amaituta, Josebak Irauleko orratza atzean duela. Leku ikusgarria benetan.


Gandorrera 50-55 gradu inguruko elur pala eskalatuz bigarrenez iritsi, Nardasakonen irteeraren azpiko elurrezko erlaitz handiaren babesean atseden motza hartu eta eski-bastoiaren erreskatea martxan jarri genuen, arinago mugitzeko motxila eta eskaladarako materiala erlaitzean utziz: “lehen aldie da egun beren orratzetio hiru alditan igo behar naizela” esan nion irribarretsu.

Ezker sarrera bigarrenez eskalatuz orratzera iritsi, eski-bastoia berreskuratu eta ezkutuko kanal mehartua bigarrenez eskalatu genuen.

Kanal mehartuan berriro ere.


Gandorrera hirugarrenez iritsi aurretik kanal mehartuaren amaieran hasi eta Irauleko ipar horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitza jarraitu genuen, hormaren aukera ezberdinak aztertuz, tartean eskalatzeke dugun proiektu bat ere.

Motxila eta trasteak utzitako lekura itzuli, ura edateko atseden motza hartu eta, material guztia motxilan jaso ondoren, goiza ederki aprobetxatutako sentsazio onarekin beherako bidea hartu genuen.

Nardasakonen behera.


Jaitsieran, igoeran bezala, mendi bizipenak hizpide izan genituen, tartean biok izandako eskalada istripuak. Hizketan gustura, eguzkiaren epeltasuna gorputzean, konturatzerako Itzubiagako bordara itzuli, kotxea hartu eta, Zegamako geralekuan berriro ere bostekoa emanez, ibilbideari amaiera eman genion. Goizean bostekoa lehen aldiz eman genueneko sentsazioa erabat bete zela baieztatu eta denbora osoan gure arteko giroa ederra izan zen.

Aizkorriri Zegamatik egindako azken argazkia.


Egun batzuk beranduago, txokolate iragarkiaren “dena bukatzen da” esaldia buruan badut ere, ordenagailuaren atzean, Aizkorriko kanalen denboraldiari amaiera emateko modu elegantea izan zela iruditzen zait, hasieran esan bezala, udaberri "normala" badator.

Ibilbidearen nondik norakoak eta zailtasunaren gainetik, Joseba ezagutu eta elkarrekin ibilbide hau bizitzea esperientzia itzela izan zen, elkar ezagutu gabe, urteetan mendian batera ibili bagina moduan sentitu nintzen eta. Ea datorren denboraldian elkarrekin kanal gehiago eskalatzeko aukerarik dugun!!!

Datorren negura arte. Edo ez? Jejeje



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina