Wolfgang Gullich eskalatzaileak eskaladan muskulurik garrantzitsuena garuna zela esaten zuen. Alexei Bolotov alpinista errusiarrak berriz, psikologia garrantzitsua bada ere, entrenamentu fisikorik gabe ezertarako ez duela balio esaten zuen: "eguneroko entrenamentu fisikoa da oinarrizkoena eta fisikoki indartsua izateak psikologia egonkortzen du". Nire ustez biek arrazoia zuten. Nahiz eta psikologikoki oso indartsua egon, fisikoki entrenatua ez egoteak eskalada asko ahalegin hutsean uzten ditu. Eskalada bateko pausurik gogorrenean fisikoki indartsua izan arren buruak ezetz esaten badu ere eskalada on bat izan zitekeena ahalegin batean gelditu daiteke. Galdera edo eztabaida, arrautza eta oiloarekin gertatzen den moduan, hau izan daiteke: zein da lehenengoa, garuna edo muskulua? Eta galdera gehiago nahastu nahi bada, non gelditzen da mendiaren alde espirituala? Non gelditzen da arima? Arima, garuna eta muskulua; espiritualitatea, psikologia eta fisikoa. Gakoa hiruen arteko oreka mantentzean izan daiteke.
Mendiak lasaitasuna eta pakea ematen dit, batez ere mingotsak diren momentuak bizi edo bizitzear nagoenean. Urriaren hirugarren astea tristea izan zen. Asteartean amona hil eta astean zehar bere hutsunea ulertu eta onartzen saiatu nintzen. Asteburua iritsi eta mendira joateko gogoz nengoen, burua hustu, arima ireki eta barruko zurrunbilo eta korapiloak askatu eta ordenatzeko asmoz. Baina astebururako eguraldi txarra iragarrita zegoen eta, hau gutxi ez bada, astelehenean aspalditik programatutako ebakuntza egingo zidaten, menditik aparte hilabete pasatxo utziko ninduen ebakuntza. Kronikaren hasierako hausnarketaren ildotik, burua, gorputza eta arima orekatu beharra nituela sentitzen nuen.
Eguraldi iragarpenen web orri ezberdinak begiratzen hasi nintzen ea nonbaiten eguzkirik topatzen nuen. Leku guztietan euria iragarrita zegoela zirudien: Euskal Herrian, Piriniotan... Baina bazegoen euririk iragarri gabeko leku bat: Riglos ingurua. Eskalatzeke ditudan proiektuen karpeta ireki eta bitan pentsatu gabe Peña Ruebara zuzendu nintzen. Duela urte batzuk Asier eta Ikerrekin "Los terceros también existen" bidea eskalatua nuen, bertako biderik errazena. Zailtasun koska bat igo eta begiak Sueño Vertical taldekoek duela urte pare bat irekitako "Dos diablos en el corazón" bidera joan zitzaizkidan. Asierrekin hitz egin eta Peña Rueban eskalatzeko dituen bide bakarrenetakoa izanda, berehala baiezkoa eman zidan.
Egun berean joan eta etorria egiteko asmoa genuenez, larunbatean goiz gelditu eta egunsentia baino lehen martxan jarri ginen.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 225 metro.
Luze kopurua: 7.
Nork irekia: Manrique Perez eta Jesus Sanchez, 2015ean. Bidea ireki zutenek idatzitako kronika ederra hemen irakurri dezakezue.
Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III (35 m), 2ºL: IV (25 m), 3ºL: IV+ (35 m), 4ªL: IV+ (45 m), 5ºL: V (30 m), 6ºL: V (25 m) eta 7ºL: III (30 m). Azkeneko luzea "Los terceros también existen" bidearekin partekatzen da.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
Ura: Murillo de Gallego herrian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 25 minutu.
Jaitsiera: Oinez ordubete eskas. Bideak errapelatzeko aukera duen arren, bertan izaten den jendetza ikusita ez dut uste aukera zentzuzkoena izan daitekeenik.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 16 express zinta eta zintak bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi inguru.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Gertuago...
Krokisa zehatzago.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Kotxea non utzi eta bidearen oinera arteko ibilbidearen inguruko zehaztasunak hemen irakurri daitezke. Bidearen hasiera gutxi gora behera "Los terceros también existen" bidetik 8-10 metro eskuinera dago. Bidearen oinean, harkaitz batean erdi ezabaturik, "II D" irakurriko dugu.
Bidearen hasiera adierazten duen "II D" idatzia.
DESKRIBAPENA
Goizeko bederatziak eta hogei pasatxoan aparkalekura iritsi eta libre zegoen leku bakarrean kotxea utzi genuen. Aparkalekuko dozena erdi bat kotxeetatik eskalatzaileak atera eta trasteak prestatzen hasita zeuden: "joer, hau da jende pila" esan nion Asierri. "Hemen bakarrik egualdi ona emanda normala da" erantzun zidan.
Etxetik motxilak prestatuta izateak duen gauza ona kotxetik atera, motxilak hartu eta martxan jartzeko aukera ematen duela izaten da. Honela ba, kotxetik atera, maskuriak ustu eta, beste sokaden harridurapean, oinez berehala hasi ginen.
Gure aurretik bikote bat zihoan: "hoik neskalatzailekok ez al die?" galdetu nion Asierri. "Neire hala iruittu zait, ustet neskak Ana izena dula". "Hainbesteako eztakit, baña mutile ez da ba El Negro izango? Nola beti hola izena dun bat beraiekin eskalatzen aitzen den", erantzun nion. Gero konturatuko ginen Anaren soka-laguna Jesus izango zela.
Bi neskalatzaileen atzetik metroak arin irabazi genituen. beraiek Mallo Común-en gelditzen ziren bitartean guk Mallo La Mora-ra zuzendu ginen. Egun batzuk beranduago egiaztatuko ziguten bezala Sendero Limite-koek irekitako "Más de lo mismo" bidea eskalatzera zihoazen.
Hurbilketan, puntu zuriz bidearen oinera arte jarraitutako bidea.
Mallo La Mora-aren oinera iritsi ginenean bidearen hasiera topatzea kosta zitzaigun. Aurrera eta atzera ibili ondoren azkenean oinean duen erdi-ezabatutako "II D" arrastoa topatu genuen: "ze biden bila ai zeate?" galdetu ziguten "Bruno Gaspar" bidea eskalatzen ari ziren batzuk. "Dos diablos en el corazón" erantzun genien. "Ba hortxe eon beharrauke" esan ziguten goierritar euskara petoarekin. "Bai, bai, hasiera oaintxe topau deu" erantzun genien. Trasteak prestatzen ari ginela Asierrek ondoko eskalatzaileak urretxuarrak ez ote diren esan zidan, "eztakit urretxuarrak baña euskera hoi ezta urrutikoa, jejeje" erantzun nion.
Lehenengo luzea errazena dela ikusita Asierri niri uzteko eskatu nion: "hola harkaitzekin ohitzen jungo naiz" esan nion. "Nekatio lasai" erantzun zidan. Gora begiratu, lehen luzeko paraboltek jarraitzen duten ilara identifikatu eta, dena prest zegoela egiaztatu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.
Lehen luzea, 35 metro, III. Lehen luzea eskuinerako joerarekin eskalatzen da. "0" bilgunetik atera eta, nahiko gertu dauden paraboltak jarraituz, plaka inklinatu bat eskalatuz hasi nintzen. Plaka ez da zaila, oinekin bakarrik eskalatu daitekeen horietakoa. Luzean egindako harrien garbiketa lana nabaria da, harri guztiak horman sendo itsatsiak daudelako.
Luzearen erdialdean gutxi gora behera luzeak duen zailtasun bakarrera iritsi nintzen, 2-3 metroetako hormatxo tente bat. Eskuak baino oinak non kokatu begiratu ondoren hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu nuen: "Zemuzkoa?" galdetu zidan Asierrek, "oaingoz oso errexa" erantzun nion.
Hormatxoaren gainetik behera egindako argazkia.
Hormatxoa eskalatu ondoren gora begiratu eta ez nuen parabolt gehiagorik ikusi. Alde batera eta bestera begiratu ondoren paraboltak eskuinaldera erdi-horizontalean jarraitzen zutela ikusi nuen. Erdi-oinez erdi-eskalatzen plaka etzana jarraitu eta konturatzerako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgune erosora iritsi nintzen.
Lehenengo bilgunea.
Bilgunea muntatzear nengoela atzetik eskalatzaile bat azaldu zen: "hau nundio etorrikoa?" pentsatu nuen. Ingurura begiratu eta nengoen lekutik 6-7 metro ingurura beste bilgune bat ikusi nuen: "ze bide eskalatzen ai zeate?" galdetu nion, "A Galliguera" erantzun zidan. "Pentsatzet zuen reunioa ondoko hoi izangoela, ez?" galdetu nion. "Baietz ustet" erantzun zidan bilgunera zuzenduz.
Bilgunea muntatu eta Asierri igotzen hasteko eskatu nion.
Hormatxoa eskalatu ondoren, bilgunera doan zeharkaldi erdi-horizontalean.
Ni lehen bilgunean, ikusten denez horma etzana da.
"Joer, pentsatzen nun ondokok gu aurretu nahian zebiltzala" esan nion Asierri. "Leku honek dauken gauza txarra biak bata bestetio oso gertu juteiela da" erantzun zidan, jarri ez nituen express zintak ematen nizkion bitartean. "Bekok hau ittekotan dare baña gu ikusita Nueva cultura del agua eskalau, rapelau ta gero honea sartuko diela esan diate" esan zidan, "goiz ibiltzek dauken gauza ona hoi da, lehena sartze zeala". "Ya lo creo..." erantzun nion.
Bigarren luzea, 25 metro, IV. Luzea horma goitik behera zeharkatzen duten belar eta zuhaixkez estalitako bi arrail nabarien artetik doa, alderantzizko "C" baten itsura eginez. Asier bilgunetik atera eta lehen metroetan plaka etzan bat zuzen eskalatu zuen parean dagoen sabaira hurbilduz. Sabaia ez da zuzen eskalatzen, eskuinean duen 3-4 metroetako horma bertikal batetik baizik.
Asierrek eskuinera jo, hormara hurbildu eta, eskalatzeko duen modu lasaiean, zailtasunik gabe eskalatu zuen.
Horma eskalatuta, luzeak bertikala izatera iristen ez den plaka tente bat eskalatuz ezkerrera jarraitzen du.
Sabaiaren eskuineko horma eskalatu ondorengo plaka tentean.
Bilgunera iritsi aurretik bigarren hormatxo bat (aurrekoa baino errazagoa) inongo zailtasunik gabe eskalatu eta bigarren bilgunea kokatutako erlaitz erosora iritsi zen. Bilgune hau ere uztaidun bi paraboltez osatua dago.
Bigarren bilgunea muntatzen.
Ondoko bilgunean zegoen eskalatzailea agurtu eta eskalatzen hasi nintzen. Luzea, aurrekoa bezala, oso ona iruditu zitzaidan, helduleku on eta sendokoa. Lehenengo hormatxoa, luzeari zailtasuna ematen diona alegia, lehen luzeko horatxoa bezain erraz ez eskalatu arren, zailtasunik gabe eskalatu nuen.
Luzearen lehen hormatxoa eskalatu ondoren.
Eskalada ederki zihoan, estutasunik gabe, gozatuz. Bilgunera irrifartsu iritsi nintzen.
Luzeaz gozatuz.
Asier bigarren bilgunean.
"Joer, oiangoz ze ona" esan nion Asierri, "ta gañea segurok gertu dare". "Bai" erantzun zidan, "Sueño verticalekon biak ondo txapauta eoteie". "Hemendio gora gauza tentego ikustea" esan nion. "Lasai" erantzun zidan, "segurok hain gertu eonda ondo eskalaukozu".
Express zinta guztiak hartu eta, Asier prest zegoela esan ondoren, eskalatzen jarraitu nuen.
Hirugarren luzea, 35 metro, IV+. Bilgunetik gora begiratu eta Asierri "bueno, ea oain zemuz dijon" esan nion. Orain arteko plaka etzan edota inklinatuak alde batera utzita, luzeak bilgunetik gorako plaka bertikala zuzen-zuzen jarraitzen du. Plaka bertikala izanda ere oso helduleku onak ditu eta parabolten arteko gertutasunak ez zidan inongo momentuan estutasunik pasatzen utzi. Zailtasun mailari dagokionez, etengabe IV-IV+ inguruan egongo dela esango nuke.
Luzearen lehen metroetan.
Paraboltek pixkanaka luzearen eskuineko arrail nabariaren ingurura zuzendu ninduten. Arrailean dagoen zuhaixka batetik gertu nengoenean, 3-4 metroetako hormatxo bertikala ikusi nuen: "ustet luzen pasoa hemen daula" esan nion Asierri. Hormaren azpira iritsi eta parabolten arteko tartea motza ikusteak lasaitu ninduen: "txarrenen express-ari heldu ta listo" pentsatu nuen. Horma aztertzen hasi eta helduleku oso onak dituela ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe horma uste baino errazago eskalatu, ezkerrerako joerarekin plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu eta erlaitz zabal batean kokatutako bilgune erosora iritsi nintzen.
Hirugarren bilgunea.
Hirugarren bilgunea bigarrenetik ikusita.
Bilgunea lasaitasunez muntatu nuen. Zoriontsu nengoen, aspaldiko partez sokadan aurretik joateagatik gozatzen.
Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita. Argazkiaren ezkerrean bilgunearen aurreko hormaren ondoko zuhaixka ikusi daiteke.
Sokak jaso, argazki batzuk egin eta Asierri igotzen hasteko keinua egin nion.
Igotzeko keinua egiten.
Asierrek luzea oso erraz eskalatu zuen, besoetatik baino oinekin indar gehiago eginez.
Bilgunearen aurreko hormara iristen.
"Luze hontan gehio eskalau behar da, eh?" komentatu zidan bilgunera iritsi zenean. "Hemendio gora eztet uste kuarto masetik jaisten denik" erantzun nion. Harrigarria bada ere, bidea eskalatu aurretik informazio gutxi irakurria nuen. Izan ere etxetik ez nuen krokisa ekarri ere egin, luze gogorrak non zeuden ez jakiteko. Asmoa, bidea baldintzatua izan gabe eskalatzea zen, modu honetan kontzentrazioa ahalik eta gorenen mantentzeko. Eta egia esan, hartutako erabakia oraingoz ongi ateratzen ari zitzaidan.
Laugarren luzea, 45 metro, IV+. Bilgunearen ezkerretik atera eta gainean dugun hormatxoa eskalatu behar da erlaitz zabal batera igoz. Hormatxoa arteko zati motza plaka inklinatu bat eskalatuz egiten da.
Hormatxoaren oinean.
Hormatxoak bi metro eskas izango ditu eta zaila baino eskalatzen ezerosoa dela esango nuke. Asierrek bi eskuak erlaitzean jarri, oinak altxatu eta hormatxoa erraz eskalatu zuen.
Hormatxoaren zati ezerosoan.
Erlaitzetik gora 15 metro inguru plaka etzan batetik erdi-oinez jarraitu zuen. Zati hau oso erraza da eta Asierrek parabolteren bat edo beste express zintarik pasa gabe utzi zuen. Metroak irabazi ahala plaka tentetuz doa eskuinean dugun arrail nabarira hurbilduz.
Arrailaren nabariaren ondoan.
Arraila ez da jarraitu behar, zeharkatu baizik. Arraila zeharkatu ondoren plaka bertikala bihurtzen da baina helduleku oso onak ditu. Asier betiko martxan zihoan, lasai, itsuraz poliki baina segurtasun handiz. Eskuinera eskalatuz plakari metroak irabazi zizkion erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsiz.
Laugarren bilgunean.
"Luze errexa ta politte" esan zidan talkie-tik eskalatzen hasteko eskatu aurretik.
Laugarren bilgunetik hirugarrena egindako argazkia.
Sokak jaso eta, bilgunea utzi aurretik, argazki batzuk egin zizkidan. Ordurako beste sokada bat bidearen oinean materiala prestatzen ari zen, bide berean gaur sartuko zen hirugarrena. Bilgunea desmuntatu eta eskalatzen hasi nintzen.
Bilgunea utzi aurretik, azpian beste sokada ikusi daiteke.
Luzearen hasierako hormatxo motzaren eskalada ezerosoa iruditu zitzaidan. Eskuak hromatxoaren gaineko erlaitzean jarri eta gorputza altxatzeko indarra egiten nuenean, bularrean eramaten dudan argazki kamerak hormaren kontra jo eta gorputzak atzeraka botatzen zidan. Pare bat saiakeren ondoren haur txikiek aulki edo mahaietara igotzeko erabiltzen duten teknika berarekin eskalatu nuen, teknika ez oso profesionala baina bai eraginkorra, jejeje.
Arraila arteko metroak errazak iruditu zitzaizkidan eta arrailatik gora, nahiz eta horma bertikala izan, helduleku onak daudenez, ez nuen estutasunik pasa.
Laugarren bilgunean, atzean bosgarreneko lehenengo paraboltak.
"Luze politte" esan nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean. "Bai, neire gustau zait, pena erdin oinez ittean tartea" erantzun zidan. Soberan zuen materiala jasotzen ari nintzela gure ezkerrean zegoen horma seinalatu eta "beida, han dare neskalatzailekok" esan zidan. Begirada Asierrek adierazten zidan lekura zuzendu eta horma bertikalean bi puntu urdin ikusi nituen. "Joer, ba bidea potentea emateo" erantzun nion. "Ustet 6c+ dula baña estribo batekin kintomasen ateatzen omen da" esan zidan.
Argazki kamera atera eta argazki batzuk egiteko aprobetxatu genuen.
Neskalatzaileak Mallo Común-en, atzean Aguero Malloak.
Gertuago, argazki honetan zertxobait gehiago nabaritzen da.
Gertuago oraindik, hormaren bertikaltasuna nabaria da.
Bosgarren luzea, 30 metro, V. Luzeen zailtasuna egiten diren argazkien araberakoa bada, bidearen luzerik zailena hau dela esango nuke, ia argazkirik ez genuelako egin, jejeje. Luzea orokorrean bertikala eta denbora osoan IV+/V inguruan egonkor mantentzen da. Bilgunetik metro batzuetan zuzen eskalatzen hasi nintzen arrail inklinatu batera iritsi arte. Metro hauek tenteak izan arren ez zitzaizkidan zailak iruditu. Laugarren luzean bezala, arrail hau ere zeharkatu behar da. Hemendik gora horma oso bertikala bihurtzen den arren (zertxobait atzeraka egiten duela ere esango nuke) helduleku ederrak ditu. Arrailatik gorako lehenengo metro bertikal hauek dira luzearen metrorik zailenak, baina, bide osoan gertatzen den moduan, paraboltak oso gertu ikusteak lasaitasun handia eman zidan.
Lasaitasun honetaz kutsatuta, pazientziaz hormako heldulekuak erraz topatu nituen. 6-8 metroen ondoren luzeak eskuineko joera hartzen doa eta, bertikaltasuna galtzen ez duen arren, ez da aurreko metro hauen bezain bertikala. Metroak pixkanaka irabaziz erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsi nintzen.
Bosgarren bilgunea.
"Ostia ze ona, reunionnnnn!!!" bota nion Asierri, "luze hau gorragoa da, baña helduleku oso onak ditu". "Bai, konturau naiz eskalatzen polikigo aittu zeala" erantzun zidan. Sokak jasotzen ari nintzela "A Galliguera"ko sokadaren lehena iritsi eta gure bilgunetik eskuinera 4 metro eskasera zegoen bilgunera zuzendu zen. Elkar agurtu eta bakoitzak bere lanarekin jarraitu zuen.
Asier laugarren bilgunea desmuntatzen.
Asierrek ere luzea besteak baino polikiago eskalatu zuen. Bere mugimenduak kontrolatzeko behera begiratzen nuen arren, luzearen metro zailenetatik atera arte ez nuen ikusi. Behera begiratzen ari nintzela Asier eta "A Galliguera"-ko sokadaren bigarrena batera azaldu ziren. Ikusmira kuriosoa zen: hainbat luzeetako bi bide ezberdinetan bi eskalatzaile bien arteko tartea 4 metro eskasekoa mantenduz eskalatzen. Momenturen batean, biek hala adostuz gero, elkarri eskua emateko kapaz izango zirela iruditu zitzaidan.
Luzearen azken metroetan.
"Normalen eskalatzen deten lekutan jende gehio egotek ez nau molestatzen baña gaur ez nijo komodo" esan zidan bilgunera iritsi zenean, "emateo deportiba itten ai geala". "Zahartzen hasita zaren señale, jejeje", erantzun nion. "Azkenaldin gaizki ohittu gea, edo oso goiz ibili edo kristoik eztabilen lekutan ibili gea". "Gutxiñez eskerrak talkie-k ditteun, ze kordada ezberdiñen oihun arten zaile da bata bestei aitzea". "Ya lo creo" erantzun nion, "talkiña inbento earra da".
Asierrek esan arte konturatu gabe nengoen baina inguruko bideak pixkanaka eskalatzaileez betetzen hasita zeuden. Hemen eta han "reunionnnn!!!", "Cuerdaaaa!!!", "Dameeee", "Tensaaaaa!!!", "Vaaaaaa!!!" bezalako oihuak entzuten ziren, baita noizik eta behin gustuko ez dugun "piedraaaaaaa!!!!" ere.
Seigarren luzea, 25 metro, V. Asier bilgunetik atera eta bilgunearen gainetik dagoen plaka bertikala zuzen eskalatzen hasi zen eskuinean hori/laranja koloreko plaka nabari bat utziz.
Plaka bertikalean, Asierren eskuinean plaka hori/laranja ikusi daiteke.
"Zemuzkoa?" galdetu nion, "aurreko luzen antzekoa" erantzun zidan.
Plaka hori/laranjaren amaierara iritsitakoan (bosgarren paraboltean gutxi gora behera) eskuinera jo zuen plaka inklinatu bat eskalatuz. Metroak irabazi ahala zailtasunak amaitzen ari zirela nabaria zen, abiadura arintzen ari zen eta. Hormaren amaieran dagoen sabai baten azpira iristear zegoela, bidearen azkeneko bilgunera iritsi zen.
Seigarren bilgunera iristen.
Azkeneko luzea trantsiziozkoa zela jakinda, bilgunetik bertikaltasunean egingo nuen azken eskaladaz gozatzeko asmoz atera nintzen. Baita gozatu ere, denbora osoan kontzentrazio osoa harkaitzaren hotz eta testuran eraman nuen, hatz eta oinekin harkaitzaren zimurrak ahal izan nuen guztia sentituz. Mugimenduak pentsatu gabe ateratzen zitzaizkidan, esku eta oinek nondik heldu jakingo bazuten bezala. Buru, gorputz eta arima orekatzen hasita zeudela sentitzen ari nintzen.
Nirvana sentsazio honetan nengoela, konturatu gabe bilgunera iritsi nintzen.
Seigarren bilgunean.
"Joer, bidea flipantea iruittu zait" esan nion Asierri, "banuen gogoa iñongo preokupazioik gabe eskalatzeko". "Hemen darenen antzekoa da" erantzun zidan, "bakizu, hurrengon ondoko beste baten bila".
Zazpigarren luzea, 30 metro, III. Mallo La Mora-ren gainara iristeko "Los terceros también existen" bidearen azken luzearekin bat egitea adostu genuen. Honetarako, paraboltak jarraituz, bilgunearen ezkerretik atera eta horma ezkerretik inguratuz joan nintzen.
"Los terceros también existen"-en azken luzearekin bat egin nuenean altzairuzko uztaidun bilgune batera iritsi nintzen. Metro gutxi eskalatuak nituela ikusita horma inklinatu batetik eskalatzen jarraitu eta bi parabolt eta, soka finko batez osatutako bilgunera iristear nengoela, "A Galliguera" bidea eskalatu zutenak bertan zeudela ikusi nuen. Hau ikusita, bilgunea metro batzuk lehenago harkaitz zubi batetik pasatako zinta zabal batean muntatu nuen.
Zazpigarren bilgunea, beharbada ez da bilgunerik seguru eta sendoena baina azken luzearen erraztasuna eta erorketa arriskutsurik izan ez daitekeela ikusita bilgune egokia iruditu zitzaidan.
Sokak jasotzen hasi nintzenean sokekin nahi gabe harri txikiak botatzen nituela ikusi nuen. Hau ikusita, kontzentrazio osoa harriak ez botatzean jarri eta sokak poliki-poliki jasotzen hasi nintzen: "Bazpare poliki igo, harrik eroitzen die ta" esan nion Asierri eskalatzen hasi aurretik.
Zazpigarren bilgunean. Ikusten denez, ez nituen express zintak parabolt guztietatik pasatu, soken marruskadura ahalik eta gehien ekiditeko.
Azken luzearen amaieran, azken metro hauetan harri aske asko dago.
Asier bilgunetik zertxobait gorago igo eta, soketatik askatu ondoren, materiala jasotzen hasi ginen.
Materiala jasotzen.
"Ze bide ona, estuasunik pasatzen ezten horietakoa" esan nion Asierri "bakit noa etorri eskalatzen deskolokatzen naizeneako, jejeje". "Neire gustau zait" esan zidan "ingurukon antzekoa da baña zertxobait errexagoa".
Materiala jaso, zerbait edan eta argazki batzuk egiteko aprobetxatu genuen. Ordua begiratu eta hamabiak eta erdi pasatxo zirela ikusi genuen: "ze ona, hemen nunbaiten bazkaldu ta siesta orduako etxen gare, jejeje".
Jaitsiera, bilgunetik aurrera doan soka finkoa jarraituz egin genuen, Mallo La Moraren gaina eskuinetik inguratu eta honen iparraldeko lepora jaitsiz.
Zeharkaldiaren hasieran.
"Los terceros también existen" bidea eskalatu genuenean lepotik gora jarraitu genuen, via ferrataren amaierara iritsiz, Oraingo honetan lepotik behera jo genuen, soka eta kate finko ezberdinen laguntzarekin jaitsiz.
Mallo La Moraren iparreko lepoan. Oraingoan via ferrataren amaierara zuzendu beharrean lepotik behera jo genuen (puntu zuriz adierazitako bidea).
Lepotik behera, jaitsiera tentea jartzen hasten den lekuan.
Kate finkoetako lekuan.
Kate finkoen amaieran.
Jaitsiera ez da bereziki zaila baina kontuz jaitsi beharra dago, tarte batzuetan tentea baita. Soka finkorik gabeko tarteren bat ere badago eta harkaitza oso zapaldua dagoenez, bustia izanez gero kontu handiz jaitsi beharko dugu. Jaitsiera amaitzen den lekuan bi aukera ditugu: behera jaisten jarraitu edo zuzenean gora jarraitzea. Lehenengo aukerak errapel batzuetara eramaten gaitu, bigarrenak aldiz, via ferratara. Gure ustez aukerarik azkarrena bigarrena denez, hauxe izan zen hartu genuen bidea.
Argazki honetan Mallo La Mora-ren jaitsiera ikusi daiteke.
Beste argazki honetan aldiz, Mallo La Mora-tik via ferrataraino jarraitu beharreko bidea margotu dut.
Behin via ferratan, bide hau hasten den lekura arte jarraitzea besterik ez genuen egin.
Via ferrataren amaieran, "lurrean" berriro ere.
Beheraka gindoazela hormetan zegoen eskalatzaile kopuruak zur eta lur utzi gintuen: "la ostia, hoi da jende pila" esan nion Asierri. "Bai, hoi da leku honek daukena". Bide guztietan sokadaren bat zegoela esango nuke, baina denen gainetik "Sendero Limite" bidea izan zen atentziorik handiena deitu zidana. Bide osoan sei sokada zenbatu genituen: "joer, ba holako bide baten aurretio beste bost kordada izanda satzea, eztakit ba..." esan nion Asierri. "Hainbeste errepikatzen dien bidek nahiko garbik dare, baña harrin bat botaezkeo..." erantzun zidan.
"Sendero Límite" bidearen argazki honetan lau sokada ikusi daitezke.
Kaskoak kendu gabe bide ezberdinen oinak zeharkatu genituen. Hormetatik urruntzen hasita geundenean kaskoak kendu eta Peña Ruebari azken begirada eta argazkiak egiteko aprobetxatu genuen.
Peña Ruebari azken begirada, ziur itzuliko naizela!!!
Jaitsieran bidearen inguruan hizketan joan ginen. Bide ederra iruditu zitzaigun, paraboltak gertu (batzuentzat ziurrenik gertuegi) eta inongo momentuan estutasun beharturik pasatuko ez duguna. Erabat gomendagarria, bai jauna, baina jendetza ikusita, goiz ibili beharrekoa. Kotxera itzuli, trasteak jaso eta, zein ordu zen ikusita, bidean bazkaltzeko gelditu ginen, bidearen amaieran esan bezala, etxera siestarako garaiz iristeko, jejeje.
Pertsonalki, azkenaldian behar nuen lasaitasunera itzultzeko aukera eman zidan bidea izan zen. Paraboltak (paraboltak daudenean, jejeje) 5-6 metroetara ikusi beharrean 2-3 metroetara ikustea alde handia dago eta buruak ederki eskertu zuen. Definitiboki, bide honek buru, gorputz eta arima orekatu zizkidan.
Eta ebakuntzarekin zer gertatu zen? Dena ongi atera zen. "Barrenak" ongi osatzeko hilabete pasatxo kirolik egin gabe egon beharko naizen arren, gauzak ondo badoaz, azaroaren amaieran berriro ere mendian izango naiz egurre ematen!!!!
Ebakuntzaren biharamunean egindako argazkia. Laister arteeeeeee!!!!!!
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina