AZKEN 10 SARRERAK

2018/07/29

ETXEBERRI (ARAKIL - IRURTZUN), AIXITA: "AHUNTZEN BIDEA" BIDEA, 120 m, V. 2018/07/15

Etxeberriko (Arakil - Irurtzun) Aixita mendiaren “Aixita” bidea eskalatu genuenean harritu gintuen honen ezkerreko horman bide gehiagorik irekita ez egotea. Egun batzuk beranduago, Asierren lankide bati eskerrak, “Arteeen Artean” bidea deskubritu genuen. Gaztelerako "no hay dos sin tres" esaera betez, “Arteen Artean” bidea eskalatu genuen egun berean honen ezkerrean “AB” hitzak oinean zituen hirugarren bide bat deskubritu genuen. Ez dakiguna da laugarren biderik badagoen. Etorkizunerako ikerketa lana irekita dago, jejeje.

Arteen Artean” bidea eskalatu genuenean, hirugarren bilgunetik gora zailtasun guztiak amaitu eta gailurrera arte oinez iristea besterik ez genuela jakinda Asier eta bioi ideia bat bururatu zitzaigun: “eta hemendio rapelau ta AB bidea eskalatzen badeu?”. Erlojuari begiratu eta denboraz ongi ibiliko ginela ikusi ondoren ez genuen bitan pentsatu ere egin: "Ze kristo, ez badeu gaur itten igual ezteu beste aukeraik izango". Lehen rappel batean lehen bilgunera eta bigarren batekin lurrera itzuli ginen.

Sokak bildu, zapatilak berriro jantzi eta, igande goizari ahalik eta zukurik handiena ateratzeko gogoz, “Ahuntzen Bidea” bidera zuzendu ginen bide hau eskalatzeko irrikan.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Joseba Arlegi.
- Zailtasuna: V-/V. Luzez-luze: 1ºL: V (30 m), 2ºL: IV+ (65 m), 3ºL: III+ (25 m). Bidearen lehen luzea paraboltekin erdi-ekipatua eta bilgunea uztaidun bi paraboltez muntatua dagoen bitartean, beste luzeak garbi-garbiak daude. Azken bi luzeetako zailtasun guztiak saihestu daitezke.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko “V” handia izeneko lepo nabarira doan kanala utzi, ezkerrera doan xenda jarraitu eta, metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, Aixita” bidearen oineko trikuharri itsurako harkaitz handira iritsiko gara. Harkaitzaren ondotik pasatu eta aurrera doan bidexka jarraituz, 60-65 metro eskasen ondoren (tartean “Arteen Artean” bidearen oinetik pasako gara) harritza txiki eta estu batera iritsiko gara. Harritza hau gurutzatu eta zuhaitz artean pasatu ondoren (zenbait puntuetan dezente makurtu beharko dugu) bidearen oinera iritsiko gara. Bidea hasten den harkaitz-plakan “AB” idatzita ikusiko dugu. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera berrogeita hamar minutu inguru pasako ditugu. Joseba Arlegiren iradokizunari kasu eginez, hurbilketarako modurik erosoena Etxeberriko herritik egitea da. SL-NA Ibilbidea jarraitu Aixitarantz. Tontorrera bidea hartuta, hirugarrenean ehiza postua baino lehen eskuinerantz bidezidor bat doa paretaren oinetik, hitoak jarraituz.
- Jaitsiera: Aixitaren gailurretik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalak ikusteko aukera paregabea izango dugu. 45-50 minutuetan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. A-15 errepidearen zaratak bilguneen arteko komunikazioa zailtzen du.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete eta hogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, Aixita” eta orlegiz “Arteen Artean” bideak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Bidearen oinera iritsi ginenerako eguzkiak goizeko hezetasun guztiak eramanak zituen, horma ia osorik lehortuz. Deigarria izaten da horma baten itsura denbora motzean nola aldatu daiteken. Egun berean, ordu gutxien aldean bi sokada ezberdinek bide bera eskalatzerakoan sentsazio eta egoera erabat ezberdinak sentitu eta topatu ditzazkete.

Bidearen oinera iritsi aurretik zeharkatu behar den harritza txikia. Bideak zuhaitzen artean jarraitzen du nahiz eta nabaria ez izan.


Bidearen oinera iritsi ginenean, material guztia motxilatik kanpo genuenez, ez genuen denbora luzerik behar izan eskalatzen hasteko, zapatilak kendu eta katu-oinak jartzea eraman zuen denbora besterik ez. “Arteen Artean” bidea nik amaitu nuenez, arnesetik zintzilik nuen materiala Asierri eman eta gerriaren baitan ordenatzen zuen bitartean bidearen lehen metroei argazki batzuk egiteko aprobetxatu nuen.

Bidearen oinean idatzitako "AB" hizkiak.Gerora Joseba Arlegiri eskerrak AB "Ahuntzen Bidea" erreferentzia egiten ziotela jakingo genuen.


Lehen luzearen lehen metroen nondik norakoak.


“Bueno, ea hau zemuzkoa den” esan zidan Asierrek materiala ordenatzen amaitu eta eskalatzen hastearekin batera.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V. Asier bilgunetik gora doan harkaitz-plaka etzana eskuin aldeko joerarekin eskalatuz hasi zen (II-III). Harkaitz-plaka trinkoa, helduleku ederrekoa eta erraza izanda ez zuen aseguru bat ere jartzeko beharrik sentitu.

Lehen metroetan eskalatzen den harkaitz-plaka etzanaren amaieran, gainean luzeari zailtasuna ematen dion horma bertikala.


Lehen metro etzan hauen ondoren (15 metro inguru) harlauz handi eta inklinatu baten oinera iritsi zen. Bertan luzearen lehen parabolta dago. Harlauzaren ezkerretik eskalatzen hasi eta, tarteka babariar teknika erabiliz, metroak erraztasun handiz irabazi zituen (IV) bere gainera iritsiz.

Harlauza eskalatuta, bidearen oinetik nabaria den horma bertikalera iritsi baino lehen, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu zuen, tartean itsasgarritasunezko pasabide bat eskalatuz (III). Bertan luzearen bigarren parabolta dago.

Harkaitz-plaka inklinatuaren amaieran.


“Zemuz dijo?” galdetu nion. “Oaingoz errexa” erantzun zidan, “aurreko biden antzekoa”.

Horma bertikalaren azpian friend bat non trabatu bilatzen.


Horma bertikala 2 paraboltekin babestua dago. Hormaren oinean oraindik hezetasun apur bat zegoenez, Asier batera eta bestera mugitu zen oinak harkaitz lehorrean kokatuz. Friend bat hormaren oineko arrail batean trabatu ondoren eskalatzen jarraitu zuen.

Friend-a trabatu ondoren.


Modu elegantean, hormaren arrail eta harlauzetako helduleku ederrak aprobetxatuz, metroak segurtasun handiz irabazi zituen, luzea lehendik ezaguna izango balu bezala. Zatirik bertikalena ere (V), dudazko harkaitz batzuk dauden arren, oinak baino eskuen heldulekurik sendoenak topatuz, inongo arazorik gabe eskalatu zuen, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Luzearen zatirik zailenaren amaieran.


Lehen bilgunea.


“Kanto ona dauke, emateona baño errexago da” esan zidan bilgunetik. Hori entzuteak mentalki lasaitu ninduen. Eskaladan, bizitzan bezala, nahi eta nahi ez konfiantzako lagunak esandakoa eragin izaten du, aurrean dugunaren nolabaiteko aurreritzia sortuz. Aurretik pasa denak luzea gogorra dela esaten badu nolabaiteko urduritasun edo beldur bat sortuko digu (batez ere aurretik doana eskalada maila handiagoa badu). Aurretik eskalatu duenak aldiz luzea erraza dela esanez gero, luzea lasaitasunez hartuko dugu. Eskalatzen ez dutenek modu honetara hobe ulertuko dute: ezagutzen ez dugun pertsonaren aurrean konfiantzako lagun batek esaten diguna, ona ala txarra izan, nahigabean eragina izaten duen bezala, aurretik dugun eskaladaren inguruan ere antzerako efektua sortzen da, ona ala txarra izan.

Asierrek sokak bildu eta eskuarekin keinu egin zidanean eskalatzen hasi nintzen.

Bidearen lehen metro errazetan.


Luzea ikaragarri ona iruditu zitzaidan eta babariar teknikarekin eskalatzen den harlauz inklinatua itzela.

Babariar teknikarekin eskalatu daiteken harlauza azpitik ikusita. Goian, Asier bilgunetik zintzilik ikusi daiteke.


Pasabide bertikalean harriren bat edo beste oraindik aske topatu nuen baina pentsatzen dut bidea errepikatzen den heinean garbituz joango dela.

Luzearen zatirik zailenean.


“Hemendio gorako luzek holakok badie bidea izugarrie izangoa” esan nion bilgunera iritsi nintzenean.

- Bigarren luzea, 65 metro, IV+. Asierri soberan zuen materiala hartu eta denbora asko galdu gabe eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunetik atera eta metro batzuk gora eta ezkerrera erdi muntatutako bilgune batera (uztaidun parabolta) iritsi nintzen.

Erdi muntatutako bilgunea.


Gora begiratu eta, zuhaitzen artean, eskalatzeko aukera handirik ez duela dirudien kanal antzekoa ikusi nuen. Bilgunetik 5-6 metro ezkerrera aldiz, amaieran hormatxo bertikala duen harkaitz-plaka inklinatu eta trinko bat ikusi nuen: “eztakit zuzen jarraitu edo ezkerrea zeharkaldie egin” esan nion Asierri “baña bitan eztet kontinuidadeik ikusten”. “Aixita” bidearen hirugarren luzeko zeharkaldi horizontala buruan, eskuinera 10-12 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin nuen harkaitz-plaka batera iritsiz. Harkaitz-plaka ongi begiratu ondoren, “hemen ere ezer ez daula emateo” esan nion.

“Nire ustez gora jarraitu beharkoa” esan zidan Asierrek. Bitan pentsatu gabe erdi muntatutako bilgunera itzuli eta hasieran ikusitako kanal itsurakotik gora eskalatuz jarraitu nuen.

Kanal itsurakoaren lehen metroetan.


Metroak irabazi ahala, ezkerrean nuen harkaitz-plaka inklinatuari begiratzen nion luzea hortik joango ez ote zen pentsatuz. Baina plakak ixten duen hormaren gainaren parera iritsi nintzenean hondakindegi baten antza hartu nion, dena harri askez estalia baitzegoen. “Hortio eztela seguro” esan nion Asierri “goien daun harritzakin ateatzea oso arriskutsu izango zelako”.

Kanalean denbora osoan zailtasuna bilatuz eskalatzen nindoan (tartean oinez, tartean II-III pasabide isolatuak eskalatuz).

Kanalaren erdian gutxi gora behera 3 metro inguruko hormatxo bertikala topatu nuen. Hormatxo hau eskuinetik saihestu daiteken arren, zuzen eskalatzea erabaki nuen. Hormaren azpian friend bat trabatu, ahalik eta erosoen kokatu eta, bertan jaiotako lizar txiki baten enborraren laguntzarekin, asko estutu gabe eskalatu nuen (IV/IV+ pasabide isolatua), honen gaineko harkaitz-zubi txiki batetik artaka-trabagailu bat trabatuz.

IV+ zailtasuneko pasabide isolatua duen hormatxoa azpitik ikusita. Sokaren bidea jarraitzen badugu, hormatxoan jaiotako lizarra ikusi daiteke.


Hormatxoa eskalatuta eskaladatxo errazeko (II) harkaitz-plakak eta oinezko tarteak tartekatuz jarraitu nuen basoaren amaieratik gora doan harkaitz-plaka inklinatuaren oinera iritsiz. Bertako haritz zahar baten enborretik zinta-uztai bat pasatuz bilgunea muntatu nuen. Luze luzea atera zitzaigun eta, bilgunera iristeko, Asierrek azkeneko 6-7 metroak ensanblean eskalatu behar izan zituen. Dena den, bilgunea muntatzeko aukera ezberdin asko dago, kanalaren ertzetan zuhaitzak baitaude.

Bigarren bilgunean.


“Bueno, ez da luze ona izan” esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean, “pentsatzen nun gehio eskalauko genula”. “Ea azkeneko hontan ze itteun” erantzun zidan luzean jarri gabeko materiala jasoz.

- Hirugarren luzea, 25 metro, III+. Asier bilgunetik atera eta harkaitz-plaka inklinatua eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraitu zuen denbora osoan pasabiderik zailenak bilatuz (II-III).

Luzearen lehen metroetan.


Bigarren bilgunean.


Aixitaren gailur azpiko zuhaitz ilara identifikatu zuenean bertara zuzendu zen tartean 3 metro inguruko bi hormatxo bertikal eskalatuz (III+).

Bigarren hormatxoa eskalatu ondoren, Aixitaren gailur azpiko zuhaitzetan.


Bigarren hormatxoa eskalatu zuenean zuhaitzetara iritsi eta hauen ezkerretik eskalatuz jarraitu zuen (II) Aixitaren gailurrera iritsiz. Bilgunea gailurreko metalezko oroitarri handian muntatu zuen.

Esan bezala, azken bi luzeak zailtasunak bilatuz eskalatu genituen. Zailtasun hauek guztiak ekidin daitezke gailurrera erdi-oinez iritsiz.

Hirugarren bilgunean.


“Hau da beroa itteona!!!!” esan zidan bilgunera iritsi nintzenean. Eguzkiak erruz jotzen zuen eta, txitxar eta kirkilen zaratan murgilduta, putre eta bueltaka zebilen saizuriari prismatikoekin begira zegoen bikotea agurtu ondoren, ahal izan genuen azkarren materiala guztia jasotzen hasi ginen. Motxilan neraman kantinplorako ura trago banaz edan eta, izerditan blai, eguzkitik ihes beherako bidea bizi-bizi hartu genuen zuhaitz eta Ahizpa Handiaren ipar aurpegiaren itzalaren bila.

45 minutu beranduago kotxea utzitako lekuan geunden berriro ere.

Ez dakit non ezta noiz ere, ikastaro batean ariketa hau proposatu zidaten: "pentsatu egunero 86.400 euro zure kontu korrontean sartzen direla. Diru sarrera hau bi baldintzen menpean dago: lehenengoa, gastatzen duzun kopurua gastatzen duzula egunaren amaieran kontu korrontea hutsean geldituko dela eta bigarrena diruarekin erositako hori gozatu bezain pronto desagertuko dela: zer egingo zenuke?" Une batez ikastaroan geunden guztiak dirua zertan eta nola gastatu pentsatu eta izugarrizko zerrenda egin ondoren, ariketa galdera honekin amaitu zen: "eta esango banizu egunero 86.400 segundo zure kontu korrontean sartzen direla, non eta nola gastatuko zenituzke?". Ez da lan makala orainean bizitzea eta aitortu beharra daukat ezohiko momentu batzuetan ezik oraindik ez dudala lortu. Burua maiz izaten dut biharko asmo eta ametsetan edota atzoko oroitzapenetan. Kristau erlijioak kutsatutako mendebaldar pentsakera hau barrenean txertatuta dugu eta, haur bati gustuko duen helatuarekin gertatzen zaion moduan, ez ditugu uneak benetan gozatzen amaituko direla ohartzen garen arte. Automatikoki jaten aritu garen helatuaren azken zatiak izaten dira denboraz eta patxadaz gozatzen ditugunak, helatuari ahalik eta zukurik handiena atera nahian. Antzerako zerbait gertatzen zait blogean kronika bat partekatu eta argazki bakoitza berriro ere biziko ez dudan une motz bat besterik ez dela ohartzen naizenean. Eta honetaz ohartzerakoan batzuetan triste sentitzen naiz, une horri zuku guztia atera ez nionaren sentsazioak kutsatzen naulako.

Horacio erromatar poetak sortutako "carpe diem" (literalki "eutsi egunari" edo "momentua aprobetxatu") esaldiaren baitan kokatzen da 1989 urteko "Dead Poets Society" (gazteleraz "El Club de los poetas muertos") film ezaguna. Filma kritikagarria izan daiteken arren, funtsean orainean bizitzen saiatu beharra dugula esaten digu. Orainean gertatzen dira gauzak, ez atzo, ezta bihar ere, eta orainean aprobetxatu gabeko uneak, aukerak, bizipen eta sentimentuak, damu, lotsa eta erresumin bezalako kaxetan gordeko dira betiko. Zerbaitetaz gozatzeko aukeraren aurrean, zergatik ez? Beharbada azken aukera izan daiteke. Honek ez du esan nahi orain arte bizitzan eraikitakoa alde batera utzi  eta parean topatzen dugun aukera oro aprobetxatu beharra dugunik, ez eta gutxiagorik ere.

"Ahuntzen Bidea" eskalatzearen erabakia bitan pentsatu gabekoa izan zen: bertan geunden, eguna topera gozatzen ari ginen eta eguraldia primerakoa zen: zer gehiago nahi genuen? "Carpe diem". Ez dakigu bide honek lehen luzetik gora luze "ezkuturik" baduen edo luze bakarreko bidea den. Lehen luzea ikaragarria den bitartean, hemendik gorako luzeak “sin más” (egungo gazteek esango luketen moduan) iruditu zitzaizkigun. Guk ez genuen aukera interesgarriagorik topatu eta ahal izan genuen zuzenen eskalatu genuen hormaren zailtasunik handienak bilatuz. Lehen luzetik gora pasabiderik errazena bilatuz igo izan bagina, igoera osoa erdi-oinez egingo genuela esatera ere ausartzen naiz. Bide hau eskalatzen denbora alferrik galdu genuela esaten ari naiz? Ez. Alde batetik, eskalatu izan ez bagenu ez genuen bide honen ingurukoak sekula jakingo eta bestetik, Asierri txantxetan esan nion bezala, Aixitaren "Direttissima" eskalatzeko aukera eman zigun, jejeje”.


2018/07/24

ETXEBERRI (ARAKIL - IRURTZUN), AIXITA: "ARTEEN ARTEAN" BIDEA, 85 m, V. 2018/07/15

Duela hamabost egun eskas “Aixita” bidea eskalatu genuenean, harkaitzaren kalitatearekin txundituta gelditu ginen: “ta honen ezkerren ez al die ba bide gehio irekitzeik eongo?” izan zen gure galdera eta zalantza. Egun batzuk beranduago Asierren lankide batek “Aixita” bidea eskalatzera joan eta honen ezkerrean topatutako beste bide bat eskalatu zuela esan zion Asierri: “kinto ingurukoa da ta hiru luze ditu”. Hau jakinda bide hau eskalatzeko gogo bizia piztu zitzaigun. Lehen aukera izandakoan bertara hurbildu “beharra” genuen, jejeje.

2018ko "Ehunmilak" lasterketa historiara pasako da lehen aldiz ehunmilak eta G2H lasterketak bertan behera gelditu zirelako. Lasterkari eta boluntarioen segurtasuna lehenetsiz, mendian botatako ekaitz eta tximista ugariek lasterketarekin aurrera jarraitzea arriskutsu bihurtu zuten. Adibide gisa, ostiral eta larunbata arteko gauean hiru orduetan hiru mila tximista bota zituen. Gau osoa Uarraingo dendaren babespean tximista eta ekaitzez inguratuak pasa ondoren, larunbata goizean anoa postua jaso, jarritako baliza guztiak kendu eta etxera itzuli ginen. Lasterketa bertan behera uztearen erabakia zentzuz hartutakoa izan zen, inongo zalantzarik gabe.

"Ehunmilak" lasterketa bertan behera uzteak igande goizean eskalatu ahal izateko atea ireki zigun: “ta Aixita ondokoa eskalatzea juten bagea?” proposatu nion Asierri. “Ondo” erantzun zidan.

Kronikarekin jarraitu aurretik, Aixita eta Biaizpe inguruko informazio zabala, kotxea non utzi eta bidearen oinera iristeko jarraitu beharreko bidea hemen irakurtzeko aukera dagoenez, honen inguruko azalpenik ez dut emango.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 85 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Joseba Arlegi.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: IV+ (30 m), 3ºL: V (25 m). Bidea erdi-ekipatua dago parabolt eta harkaitz-zubietatik pasatako soka eta kordelekin (kontutan izan denborarekin soka eta kordel hauek usteltzen joango direla), honegatik, auto-babeserako materiala eraman beharko dugu.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko “V” handia izeneko lepo nabarira doan kanala utzi, ezkerrera doan xenda jarraitu eta, metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, “Aixita” bidearen oineko trikuharri itsurako harkaitz handira iritsiko gara. Harkaitzaren ondotik pasatu eta aurrera doan bidexka 20-25 metro eskas jarraitu ondoren bidearen oinera iritsiko gara. Bidearen hasierako harkaitz-plakan “AA” idatzita dago. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera hogeita bost minutu inguru pasako ditugu. Joseba Arlegiren iradokizunari kasu eginez, hurbilketarako modurik erosoena Etxeberriko herritik egitea da. SL-NA Ibilbidea jarraitu Aixitarantz. Tontorrera bidea hartuta, hirugarrenean ehiza postua baino lehen eskuinerantz bidezidor bat doa paretaren oinetik, hitoak jarraituz.
- Jaitsiera: Bi moduetara egin daiteke: lehena bi rappel eginez. Bigarren aukera, nire ustez ederrena, hirugarren bilgunetik gora ezkerrerako joera eramanez oinez eta batzuetan eskuak erabiliz jarraituko dugu Aixitaren gailurrera iritsiz. Gailurretik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalez gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Bigarren aukera hartuz gero, 45-50 minutuetan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. A-15 errepidearen zaratak bilguneen arteko komunikazioa zailtzen du.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez “Aixita” bidea eta orlegiz "Ahuntzen bidea" bidea.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Aparkalekutik oinez atera ginenean bezperan botatako ekaitzen ondorioak nabariak ziren: Larraun ibaia harro eta nahastua, pista putzuz betea eta egurrezko zubia irristakorra: “eskerrak zubin lija tirak jarrituen” esan nion Asierri zubia zeharkatu genuenean.

Larraun ibaia zeharkatzen duen zubian, gainean Ahizpa Handia.


Bidearen oinera doan xenda lokaztua eta irristakorra egonda, hurbilketa lasai eta kontu handiz hartu genuen denbora mugagabea izango bagenu bezala. Begi bat lurrean eta bestea horman genuen, bustitako zati asko ikusten baitziren. Zuhaitzen artean pixkanaka nabariagoa den bidexka jarraituz, “Aixita” bidearen oineko trikuharri itsurako harritik 20-25 metro eskasera, bidearen oinera iritsi ginen.

Hasierako harkaitz-plaka bustia zegoen baita ondorengo goragokoaren zati handi bat ere: “Pazientzikin hartu beharko deu” esan nion Asierri “trastek poliki prestau ta bitarten ea pareta zertxobait lehortzean”. Gutxienez, hezetasunak ematen zuen kolore ilunaren gainetik "AA" hizki zuriak nolabait nabaritzen ziren, gure atentzioa deitu nahiko balute bezala.

Zerua oskarbi, eguzkiaren lehen izpiek horma laztantzen zuten bitartean prestaketa lana patxadaz hartu genuen: eguzkitako krema eman, arnesa eta kaskoa jarri eta materiala poliki-poliki arnesaren uztai ezberdinetan ordenatu, dagoeneko barneratuta dugun erritualari jarraituz. Asierrek bide honen ezkerrean beste biderik bazegoen ikertzeko ere aprobetxatu zuen.

“Hor ondon beste bat dau!!” esan zidan ikerketa lanetik itzuli zenean, “AB izena dauke”. “Ostia ze ona!!!” erantzun nion “ea pareta bidez josita egon behar don ta gu enterau gabe!!! Jejeje”.

Bidearen inguruko erreferentzia bakarra hiru luze eta “kinto” ingurukoa zela zenez, ez genekien zein zen luzerik gogorrena ezta luze guztiak "kintokoak" ziren ala ez. Asierri gaurkoan ni hasiko nintzela eskatu eta katu-oinak ahal izan nuen lehorrenen mantenduz eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV. Erabat bustiak zeuden lehen metroen ondoren, aurretik nuen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu (III) nuen, harkaitz lehorra bakarrik zapaltzen ahaleginduz.

Lehen metro hezeen ondoren "0" bilgunera egindako argazkia.


Lehen metro hezeak eskalatu ondoren. Bidearen izena idatzita dagoen lekua ikusi daiteke.


Hasiera batean luzea goitik nuen sabaitxora zuzen joko zuela uste banuen ere, harkaitz-zubi pare batetik pasatako soka berriek jarraitzen zuten ilara jarraituz hormaren eskuin aldera zuzendu nintzen: “Pentsatzet tetxun erdiko harrie eztela ona izango” esan nion Asierri “ze logiko ta poilttena hortio eskalatzea izango zela emateo”.

Sabaitxoaren oineko harkaitz-zubitik express-zinta pasatu eta eskalatzen jarraitu nuen. Sabaitxoa tentea den arren helduleku ederrekoa da. Honetaz aparte, bertako harria lehorra egoteak konfiantza handia eman zidan horma zailtasun handirik gabe eskalatzeko (IV).

Sabaitxoa eskalatu ondoren.Harkaitz-plakaren tarte hezeak nabariak dira.


Sabaitxoaren ondoren hormatxo bertikal bat eskalatu (IV) eta honen goiko zatian harlauz horizontal bat dago. Harlauzaren gainean kontu handiz jarri eta parabolt batez babestutako harkaitz-plaka tente baten azpian kokatu nintzen. Helduleku ezberdinen bila aritu ondoren, harkaitz-plakaren gainean oinak kontu handiz kokatu, paraboltetik express-zinta pasatu eta, urak harkaitzean egindako kanaltxoetan oinak trabatuz eskalatzen jarraitu nuen, tartean itsasgarritasunezko pasabide motz bat eginez (IV).

Lehen luzeari zailtasuna ematen dion pasabide osoa azpitik ikusita.


Pasabide hau eskalatuta harkaitz-plakak inklinazio eta zailtasuna galdu (III) eta erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsi nintzen. Bilgunea, uztaidun parabolt bat eta harkaitz-zubi handi batetik pasatako soka batez osatua dago. Harkaitz-zubitik pasatako sokan altzairuzko uztai handia dago. Bilgunearen kokaleku zehatza zein den jakiteko, erreferentzi bezala bilgunearen ezkerrean hildako zuhaitz nabari bat dago.

Lehen bilgunea.


Bilgunearen ezkerreko zuhaitz hil nabaria.


Lehen luzea bidearen oinetik ikusita.


Asierrek ere, katu-oinak ez bustitzeko, lehen luzea kontu handiz eskalatu zuen: “zemuzkoa iruittu zaizu?” galdetu nion bilgunera iritsi zenean. “Eztakit, kuarto ingurun eo?” erantzun zidan. “Neire hala iruittu zait” esan nion. “Halere politte”.

Luze osoko parabolt bakarra dagoen harkaitz-plaka tentea.


Bilgunearen aurreko harkaitz-plakaren amaieran.


Material guztia pasatu eta bigarren luzeak nondik joko zuen begira hasi ginen. Hasiera batean bilgunetik zuzen gora edo zertxobait ezkerrera jarraituko zuela pentsatu genuen, bilgunearen ezkerrean dagoen ur tantadun plaka bat eskalatuz. Horretan ari ginela Asierrek bilgunearen eskuineko horma bertikalean parabolt bat ikusi zuen. Tentu handiz begiratu eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordel bat ere ikusi genuen, orain arte ikusitakoen bezalakoxea: “luzea seguro hortio dijola” esan zidan. “Bai, hala emateo” erantzun nion, “ea zemuzkoa den”.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV+. Asier bilgunearen eskuinetik zeharkaldia eginez atera eta pareko horma bertikalera zuzendu zen. Hormaren oineko harkaitz zubian express-zinta jarri eta bilgunetik nabarmena den arrail bertikala eskalatzen hasi zen.

Arrail bertikalaren oinean.


Arraila bustia egoteagatik mugimenduak kontu handiz egin zituen, arrautzak zapaltzen arituko balitz bezala, metroak segurtasunez irabaziz. Bustien zegoen lekuan, arrailak ezker aldera diagonalean jotzen du. Bertan, badaezpada eroriko balitz, tarte motz batean bi friend trabatu ondoren, hormaren zatirik bertikalena eskalatu zuen (IV+).

Arrailak ezkerrera egiten duen lekuan.


Arrailaren amaieran harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu (III+) eta bilgunetik nabaria den horma bertikalaren oineko erlaitz erosora iritsi zen, bertako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunean aseguratuz. Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plakaren amaieran iltze bat jarrita dagoen arren, Asierrek bertatik express-zintarik pasatu gabe eskalatu zuen, oso seguru zihoanaren seinale.

Harkaitz-plakaren amaieran.


Bigarren luzea bere osotasunean.


Bigarren bilgunean.


“Ze iruittu zaizu?” galdetu nion. “Ba, aurrekon antzekoa, igual zeoze zailxegoa” erantzun zidan, “pena harrie bustie egotea”.

Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plakan jarritako iltzea.


Arrailaren eskalada zoragarria iruditu zitzaidan, bertikala izan arren helduleku ederrekoa eta auto-babeserako aukera apartak dituena. Asierrek esan moduan, pena bustia topatu izana. Horma bertikal horretan honelako luze “erraza” topatzea maisu lana iruditu zitzaidan. Azkenaldian eskalatutako luzerik ederrenetakoa inongo zalantzarik gabe.

Bigarren bilgunera iristen.


Bigarren bilgunean.


“Bueno pentsatzet hau izangoela kintoko largoa” esan nion Asierri bilgunearen gaineko horma bertikalari begira. Luzearen nondik norakoak aztertu ondoren, soberan zuen materiala hartu eta, bitan pentsatu gabe, eskalatzen jarraitu nuen.

Hirugarren luzearen nondik norakoak aztertzen. Argazkian luzearen pasabiden jarritako parabolt bakarraren kokalekua ikusi daiteke.


- Hirugarren luzea, 25 metro, V. Bilgunetik zuzen atera eta harkaitz-plaka inklinatu bat eskuin alderako joerarekin eskalatuz jarraitu nuen horma bertikalaren azpian kokatuz (III/III+). Zati honetan, igoera osoan bezala, bustitako zatiak ekidin nahian jarraitu nuen.

Hormaren azpitik pasabidea babesten duen parabolt bakarra ikusi nuen. Gorputza pixkat altxatu eta bertatik express zinta eta sokak pasa nituen: “Bueno” esan nion Asierri “pasoa behintzet parabolta gañetik daula ingoet”. “Bakizu, hola eonda estutu lasai” erantzun zidan.

Hormak zertxobait makurtua dagoen arren, helduleku onak ditu. Txarrenean, pasabidea A0 moduan eskalatzea izango nuela pentsatzeak asko lasaitu ninduen. Oinak non jarri ongi begiratu, eskuentzat heldulekurik onenak topatu, behatzak magnesio hautsez estali eta, Asierri abisatu ondoren, pasabidea eskalatzen hasi nintzen.

Horma bertikalaren zatirik zailena eskalatu ondoren.


Tiraldi motz baten ondoren (V pasabide isolatua) bi eskuekin heltzera iristen nintzen harlauza handira iritsi nintzen. Asierri eroso nengoela esan bezain pronto, bitan pentsatu gabe, argazki pare bat egin zizkidan.

Pasabidetik ateratzen.


Luze eta bidearen pasabiderik zailena eskalatuta, harkaitz-zubi batetik express-zinta pasatu eta pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatu ondoren (III+ hasieran, gero zailtasuna galtzen du), haritz baten enborraren inguruan pasatako soka eta altzairuzko uztai batez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Hirugarren bilgunea.


“Bide earra, eh?” bota nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Bai, asko gustazat” erantzun zidan, “katxarreatzen hasteko earra”.

Asierren lankideak bideak hiru luze zituela esan zionez, hemendik gorako eskalada amaitu zela pentsatu genuen. Badaezpada Asier bilgunetik gora jarraitu (II-II+ pasabidea duen harkaitz-plaka) eta 15-20 metro inguru igo ondoren eskalatzen jarraitzea merezi ez zuela esan zidan: “hemendio gora segundoko plakak besteik eztare”. Bilgunearen eskuineko harkaitz-plakara hurbildu eta gauza bera esan zidan. Azkenik ezkerrera basoan sartuz diagonalean oinez hasi zen: “hemendio oinez jarraitzea besteik ez da”.

Hirugarren bilgunetik gora. Jarraitu beharreko biderik errazena adierazita dago. Hasierako pitzaduraren zailtasuna II-II+ baitan egongo da.


Orduan, hirugarren ideia bat bururatu zitzaigun: “eta hemendio rapelau ta AB bidea eskalatzen badeu?”. Erlojuari begiratu eta denboraz ongi ibiliko ginela baieztatu ondoren ez genuen bitan pentsatu ere egin. Lehen rappel batean lehen bilgunera eta bigarren batekin lurrera bueltatu ginen.

Lehen rappelean.


Rappel berearen amaierara iristen.


Sokak bildu, zapatilak berriro jantzi eta “AB” bidera zuzendu ginen, gerora Joseba Arlegik "Ahuntzen bidea" izena duela esan zigun bidera hain zuzen ere. Baina bide honetako abentura kronika berri baterako utziko dut. Ea noizerako aurki prest dudan!!!

Bigarren rappela egiten.