AZKEN 10 SARRERAK

2018/07/24

ETXEBERRI (ARAKIL - IRURTZUN), AIXITA: "ARTEEN ARTEAN" BIDEA, 85 m, V. 2018/07/15

Duela hamabost egun eskas “Aixita” bidea eskalatu genuenean, harkaitzaren kalitatearekin txundituta gelditu ginen: “ta honen ezkerren ez al die ba bide gehio irekitzeik eongo?” izan zen gure galdera eta zalantza. Egun batzuk beranduago Asierren lankide batek “Aixita” bidea eskalatzera joan eta honen ezkerrean topatutako beste bide bat eskalatu zuela esan zion Asierri: “kinto ingurukoa da ta hiru luze ditu”. Hau jakinda bide hau eskalatzeko gogo bizia piztu zitzaigun. Lehen aukera izandakoan bertara hurbildu “beharra” genuen, jejeje.

2018ko "Ehunmilak" lasterketa historiara pasako da lehen aldiz ehunmilak eta G2H lasterketak bertan behera gelditu zirelako. Lasterkari eta boluntarioen segurtasuna lehenetsiz, mendian botatako ekaitz eta tximista ugariek lasterketarekin aurrera jarraitzea arriskutsu bihurtu zuten. Adibide gisa, ostiral eta larunbata arteko gauean hiru orduetan hiru mila tximista bota zituen. Gau osoa Uarraingo dendaren babespean tximista eta ekaitzez inguratuak pasa ondoren, larunbata goizean anoa postua jaso, jarritako baliza guztiak kendu eta etxera itzuli ginen. Lasterketa bertan behera uztearen erabakia zentzuz hartutakoa izan zen, inongo zalantzarik gabe.

"Ehunmilak" lasterketa bertan behera uzteak igande goizean eskalatu ahal izateko atea ireki zigun: “ta Aixita ondokoa eskalatzea juten bagea?” proposatu nion Asierri. “Ondo” erantzun zidan.

Kronikarekin jarraitu aurretik, Aixita eta Biaizpe inguruko informazio zabala, kotxea non utzi eta bidearen oinera iristeko jarraitu beharreko bidea hemen irakurtzeko aukera dagoenez, honen inguruko azalpenik ez dut emango.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 85 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Joseba Arlegi.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (30 m), 2ºL: IV+ (30 m), 3ºL: V (25 m). Bidea erdi-ekipatua dago parabolt eta harkaitz-zubietatik pasatako soka eta kordelekin (kontutan izan denborarekin soka eta kordel hauek usteltzen joango direla), honegatik, auto-babeserako materiala eraman beharko dugu.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko “V” handia izeneko lepo nabarira doan kanala utzi, ezkerrera doan xenda jarraitu eta, metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, “Aixita” bidearen oineko trikuharri itsurako harkaitz handira iritsiko gara. Harkaitzaren ondotik pasatu eta aurrera doan bidexka 20-25 metro eskas jarraitu ondoren bidearen oinera iritsiko gara. Bidearen hasierako harkaitz-plakan “AA” idatzita dago. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera hogeita bost minutu inguru pasako ditugu. Joseba Arlegiren iradokizunari kasu eginez, hurbilketarako modurik erosoena Etxeberriko herritik egitea da. SL-NA Ibilbidea jarraitu Aixitarantz. Tontorrera bidea hartuta, hirugarrenean ehiza postua baino lehen eskuinerantz bidezidor bat doa paretaren oinetik, hitoak jarraituz.
- Jaitsiera: Bi moduetara egin daiteke: lehena bi rappel eginez. Bigarren aukera, nire ustez ederrena, hirugarren bilgunetik gora ezkerrerako joera eramanez oinez eta batzuetan eskuak erabiliz jarraituko dugu Aixitaren gailurrera iritsiz. Gailurretik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalez gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Bigarren aukera hartuz gero, 45-50 minutuetan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. A-15 errepidearen zaratak bilguneen arteko komunikazioa zailtzen du.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez “Aixita” bidea eta orlegiz "Ahuntzen bidea" bidea.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Aparkalekutik oinez atera ginenean bezperan botatako ekaitzen ondorioak nabariak ziren: Larraun ibaia harro eta nahastua, pista putzuz betea eta egurrezko zubia irristakorra: “eskerrak zubin lija tirak jarrituen” esan nion Asierri zubia zeharkatu genuenean.

Larraun ibaia zeharkatzen duen zubian, gainean Ahizpa Handia.


Bidearen oinera doan xenda lokaztua eta irristakorra egonda, hurbilketa lasai eta kontu handiz hartu genuen denbora mugagabea izango bagenu bezala. Begi bat lurrean eta bestea horman genuen, bustitako zati asko ikusten baitziren. Zuhaitzen artean pixkanaka nabariagoa den bidexka jarraituz, “Aixita” bidearen oineko trikuharri itsurako harritik 20-25 metro eskasera, bidearen oinera iritsi ginen.

Hasierako harkaitz-plaka bustia zegoen baita ondorengo goragokoaren zati handi bat ere: “Pazientzikin hartu beharko deu” esan nion Asierri “trastek poliki prestau ta bitarten ea pareta zertxobait lehortzean”. Gutxienez, hezetasunak ematen zuen kolore ilunaren gainetik "AA" hizki zuriak nolabait nabaritzen ziren, gure atentzioa deitu nahiko balute bezala.

Zerua oskarbi, eguzkiaren lehen izpiek horma laztantzen zuten bitartean prestaketa lana patxadaz hartu genuen: eguzkitako krema eman, arnesa eta kaskoa jarri eta materiala poliki-poliki arnesaren uztai ezberdinetan ordenatu, dagoeneko barneratuta dugun erritualari jarraituz. Asierrek bide honen ezkerrean beste biderik bazegoen ikertzeko ere aprobetxatu zuen.

“Hor ondon beste bat dau!!” esan zidan ikerketa lanetik itzuli zenean, “AB izena dauke”. “Ostia ze ona!!!” erantzun nion “ea pareta bidez josita egon behar don ta gu enterau gabe!!! Jejeje”.

Bidearen inguruko erreferentzia bakarra hiru luze eta “kinto” ingurukoa zela zenez, ez genekien zein zen luzerik gogorrena ezta luze guztiak "kintokoak" ziren ala ez. Asierri gaurkoan ni hasiko nintzela eskatu eta katu-oinak ahal izan nuen lehorrenen mantenduz eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV. Erabat bustiak zeuden lehen metroen ondoren, aurretik nuen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu (III) nuen, harkaitz lehorra bakarrik zapaltzen ahaleginduz.

Lehen metro hezeen ondoren "0" bilgunera egindako argazkia.


Lehen metro hezeak eskalatu ondoren. Bidearen izena idatzita dagoen lekua ikusi daiteke.


Hasiera batean luzea goitik nuen sabaitxora zuzen joko zuela uste banuen ere, harkaitz-zubi pare batetik pasatako soka berriek jarraitzen zuten ilara jarraituz hormaren eskuin aldera zuzendu nintzen: “Pentsatzet tetxun erdiko harrie eztela ona izango” esan nion Asierri “ze logiko ta poilttena hortio eskalatzea izango zela emateo”.

Sabaitxoaren oineko harkaitz-zubitik express-zinta pasatu eta eskalatzen jarraitu nuen. Sabaitxoa tentea den arren helduleku ederrekoa da. Honetaz aparte, bertako harria lehorra egoteak konfiantza handia eman zidan horma zailtasun handirik gabe eskalatzeko (IV).

Sabaitxoa eskalatu ondoren.Harkaitz-plakaren tarte hezeak nabariak dira.


Sabaitxoaren ondoren hormatxo bertikal bat eskalatu (IV) eta honen goiko zatian harlauz horizontal bat dago. Harlauzaren gainean kontu handiz jarri eta parabolt batez babestutako harkaitz-plaka tente baten azpian kokatu nintzen. Helduleku ezberdinen bila aritu ondoren, harkaitz-plakaren gainean oinak kontu handiz kokatu, paraboltetik express-zinta pasatu eta, urak harkaitzean egindako kanaltxoetan oinak trabatuz eskalatzen jarraitu nuen, tartean itsasgarritasunezko pasabide motz bat eginez (IV).

Lehen luzeari zailtasuna ematen dion pasabide osoa azpitik ikusita.


Pasabide hau eskalatuta harkaitz-plakak inklinazio eta zailtasuna galdu (III) eta erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsi nintzen. Bilgunea, uztaidun parabolt bat eta harkaitz-zubi handi batetik pasatako soka batez osatua dago. Harkaitz-zubitik pasatako sokan altzairuzko uztai handia dago. Bilgunearen kokaleku zehatza zein den jakiteko, erreferentzi bezala bilgunearen ezkerrean hildako zuhaitz nabari bat dago.

Lehen bilgunea.


Bilgunearen ezkerreko zuhaitz hil nabaria.


Lehen luzea bidearen oinetik ikusita.


Asierrek ere, katu-oinak ez bustitzeko, lehen luzea kontu handiz eskalatu zuen: “zemuzkoa iruittu zaizu?” galdetu nion bilgunera iritsi zenean. “Eztakit, kuarto ingurun eo?” erantzun zidan. “Neire hala iruittu zait” esan nion. “Halere politte”.

Luze osoko parabolt bakarra dagoen harkaitz-plaka tentea.


Bilgunearen aurreko harkaitz-plakaren amaieran.


Material guztia pasatu eta bigarren luzeak nondik joko zuen begira hasi ginen. Hasiera batean bilgunetik zuzen gora edo zertxobait ezkerrera jarraituko zuela pentsatu genuen, bilgunearen ezkerrean dagoen ur tantadun plaka bat eskalatuz. Horretan ari ginela Asierrek bilgunearen eskuineko horma bertikalean parabolt bat ikusi zuen. Tentu handiz begiratu eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordel bat ere ikusi genuen, orain arte ikusitakoen bezalakoxea: “luzea seguro hortio dijola” esan zidan. “Bai, hala emateo” erantzun nion, “ea zemuzkoa den”.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV+. Asier bilgunearen eskuinetik zeharkaldia eginez atera eta pareko horma bertikalera zuzendu zen. Hormaren oineko harkaitz zubian express-zinta jarri eta bilgunetik nabarmena den arrail bertikala eskalatzen hasi zen.

Arrail bertikalaren oinean.


Arraila bustia egoteagatik mugimenduak kontu handiz egin zituen, arrautzak zapaltzen arituko balitz bezala, metroak segurtasunez irabaziz. Bustien zegoen lekuan, arrailak ezker aldera diagonalean jotzen du. Bertan, badaezpada eroriko balitz, tarte motz batean bi friend trabatu ondoren, hormaren zatirik bertikalena eskalatu zuen (IV+).

Arrailak ezkerrera egiten duen lekuan.


Arrailaren amaieran harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu (III+) eta bilgunetik nabaria den horma bertikalaren oineko erlaitz erosora iritsi zen, bertako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunean aseguratuz. Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plakaren amaieran iltze bat jarrita dagoen arren, Asierrek bertatik express-zintarik pasatu gabe eskalatu zuen, oso seguru zihoanaren seinale.

Harkaitz-plakaren amaieran.


Bigarren luzea bere osotasunean.


Bigarren bilgunean.


“Ze iruittu zaizu?” galdetu nion. “Ba, aurrekon antzekoa, igual zeoze zailxegoa” erantzun zidan, “pena harrie bustie egotea”.

Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plakan jarritako iltzea.


Arrailaren eskalada zoragarria iruditu zitzaidan, bertikala izan arren helduleku ederrekoa eta auto-babeserako aukera apartak dituena. Asierrek esan moduan, pena bustia topatu izana. Horma bertikal horretan honelako luze “erraza” topatzea maisu lana iruditu zitzaidan. Azkenaldian eskalatutako luzerik ederrenetakoa inongo zalantzarik gabe.

Bigarren bilgunera iristen.


Bigarren bilgunean.


“Bueno pentsatzet hau izangoela kintoko largoa” esan nion Asierri bilgunearen gaineko horma bertikalari begira. Luzearen nondik norakoak aztertu ondoren, soberan zuen materiala hartu eta, bitan pentsatu gabe, eskalatzen jarraitu nuen.

Hirugarren luzearen nondik norakoak aztertzen. Argazkian luzearen pasabiden jarritako parabolt bakarraren kokalekua ikusi daiteke.


- Hirugarren luzea, 25 metro, V. Bilgunetik zuzen atera eta harkaitz-plaka inklinatu bat eskuin alderako joerarekin eskalatuz jarraitu nuen horma bertikalaren azpian kokatuz (III/III+). Zati honetan, igoera osoan bezala, bustitako zatiak ekidin nahian jarraitu nuen.

Hormaren azpitik pasabidea babesten duen parabolt bakarra ikusi nuen. Gorputza pixkat altxatu eta bertatik express zinta eta sokak pasa nituen: “Bueno” esan nion Asierri “pasoa behintzet parabolta gañetik daula ingoet”. “Bakizu, hola eonda estutu lasai” erantzun zidan.

Hormak zertxobait makurtua dagoen arren, helduleku onak ditu. Txarrenean, pasabidea A0 moduan eskalatzea izango nuela pentsatzeak asko lasaitu ninduen. Oinak non jarri ongi begiratu, eskuentzat heldulekurik onenak topatu, behatzak magnesio hautsez estali eta, Asierri abisatu ondoren, pasabidea eskalatzen hasi nintzen.

Horma bertikalaren zatirik zailena eskalatu ondoren.


Tiraldi motz baten ondoren (V pasabide isolatua) bi eskuekin heltzera iristen nintzen harlauza handira iritsi nintzen. Asierri eroso nengoela esan bezain pronto, bitan pentsatu gabe, argazki pare bat egin zizkidan.

Pasabidetik ateratzen.


Luze eta bidearen pasabiderik zailena eskalatuta, harkaitz-zubi batetik express-zinta pasatu eta pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatu ondoren (III+ hasieran, gero zailtasuna galtzen du), haritz baten enborraren inguruan pasatako soka eta altzairuzko uztai batez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Hirugarren bilgunea.


“Bide earra, eh?” bota nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Bai, asko gustazat” erantzun zidan, “katxarreatzen hasteko earra”.

Asierren lankideak bideak hiru luze zituela esan zionez, hemendik gorako eskalada amaitu zela pentsatu genuen. Badaezpada Asier bilgunetik gora jarraitu (II-II+ pasabidea duen harkaitz-plaka) eta 15-20 metro inguru igo ondoren eskalatzen jarraitzea merezi ez zuela esan zidan: “hemendio gora segundoko plakak besteik eztare”. Bilgunearen eskuineko harkaitz-plakara hurbildu eta gauza bera esan zidan. Azkenik ezkerrera basoan sartuz diagonalean oinez hasi zen: “hemendio oinez jarraitzea besteik ez da”.

Hirugarren bilgunetik gora. Jarraitu beharreko biderik errazena adierazita dago. Hasierako pitzaduraren zailtasuna II-II+ baitan egongo da.


Orduan, hirugarren ideia bat bururatu zitzaigun: “eta hemendio rapelau ta AB bidea eskalatzen badeu?”. Erlojuari begiratu eta denboraz ongi ibiliko ginela baieztatu ondoren ez genuen bitan pentsatu ere egin. Lehen rappel batean lehen bilgunera eta bigarren batekin lurrera bueltatu ginen.

Lehen rappelean.


Rappel berearen amaierara iristen.


Sokak bildu, zapatilak berriro jantzi eta “AB” bidera zuzendu ginen, gerora Joseba Arlegik "Ahuntzen bidea" izena duela esan zigun bidera hain zuzen ere. Baina bide honetako abentura kronika berri baterako utziko dut. Ea noizerako aurki prest dudan!!!

Bigarren rappela egiten.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina