AZKEN 10 SARRERAK

2018/07/10

ETXEBERRI (ARAKIL - IRURTZUN), AIXITA: "AIXITA" BIDEA, 135 m, V+. 2018/07/02

Duela urte asko, haur bat besterik ez nintzela, aitak Larraun errekara amuarrainak arrantzatzera eramaten gintuen. Irteera hauetako gauzarik dibertigarriena ez zen Larrauneko amuarrainetako bat etxera eramatea, Biaizpeko hormei begiratzea baizik. Aitak bi haitz ikusgarrien arteko pasagunean kotxearen abiadura moteldu eta eskalatzailerik ikusten genuen galdetzen zigun. Orduan anaia eta bion artean lehen eskalatzailea nork ikustearen lehia martxan jartzen zen hormatzarra goitik behera miatuz. Ahozabal eta txundituta gelditzen ginen orduko kasko zuriduneko eskalatzaileren bat horma bertikalean zintzilik ikusten genuen bakoitzean.

Biaizpe, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko kareharrizko ate erraldoi eta naturala da. Irurtzundik begiratuz, Larraun ibaiaren (400 metro inguru) eskuineko haitza Ahizpa Txikia da (674 metro), ezkerrekoa Ahizpa Handia (701 metro) eta honen ezkerrean, “V” handia deituriko lepo nabariak banatua, Aixita (702 metro) dago.

Badirudi Larraun ibaiak mendeetan higatutako pasabide ikusgarri honen “aizpe” hitzak ez duela “ahizpa” hitzarekin zer ikusirik, “haizpe” (haitzaren azpian) hitzarekin baizik. Nahaste honek ekarri du urteetan “Dos hermanas” edo “Bi ahizpak” deitu izana. Toponimiarik zaharrena Aixita omen da, errekaren pasabideak Aixitarte izena jasoz. Gainera, hiru mendietatik garaiena Aixita bera da, Ahizpa Handia baino metro bat gehiago baitu. Aixita hitza ere “haitzeta” hitzatik etor daitekela pentsa dezakegu.

Aixitaren gailurrean izen bereko gaztelua zegoen. Honen idatzizko lehen erreferentzia 1201 urtekoa da, Sancho VII “Indartsuak”, “Arraiçeaga et de Echaverri et de Irurçun” foruetan “castelum de Aycita” izeneko gazteluari erreferentzia egin zionean. Gazteluak gotortutako hiru maila ezberdinaz osatua zegoen, denetatik sendoena haitzaren gailurrean kokatuz. Harri eta egurrez eraikitakoa, sarrera lekurik helezinenean zegoen, amildegitik gertu. 1512 urtean suntsitu zuten, Gaztelak Nafarroa konkistatu baino aste batzuk lehenago.

Biaizpe ikusgarria, eskuinean Ahizpa Txikia eta ezkerrean Ahizpa Handia, erdian, Larraun ibaia.


Eskaladari dagokionez, Biaizpe urteetan zehar bertatik pasatu diren eskalatzaileen gogoa piztu eta oraindik ere pizten jarraitzen du. Gailur guztiak bide normaletik igota bazeuden ere, eskalatzen, 1947an Caballé, Magriña eta Xalmet katalanak izan ziren lehenak, Ahizpa Handiaren hego horman “Caballé” (200 m, 5c) bidea ireki zutenean.

Ahizpa Handiaren hego-horma eskalatuta, begirada eta saiakera ezberdinak honen ekialdeko hormatzar eta Ahizpa Txikiko hego horma ikusgarrira zuzendu ziren.

1964ko maiatzaren 1ean, Patxi Berrio eta Alberto Caceres egunsentiarekin batera abiatu ziren Ahizpa Handiaren ekialdeko paretan gora. Hiru eguneko lan gogor eta bi bibaka egin ondoren, maiatzaren 3an Ahizpa Handiaren gailurra zapaldu eta “Patxi Berrio” (200 m, 6c, V+/A1) bidea ireki zuten. “Caballé” bidea lau orduz rappel eginez jaitsi ondoren, iluntzean leher eginda itzuli ziren lurrera.

Eskalada hau historikotzat jo daiteke, Euskal Herriko horma batean lehen aldiz bibaka egin baitzen. Dirudienez, Patxi Berriok lo egiteko eraman zituen lona gorrien ideia Walter Bonatti handiaren argazki batetik hartu zuen.

Urtebete beranduago, 1965ean, Patxi Berrio eta Alberto Caceres-en jomuga Ahizpa Txikiaren hego-horma izan zen. Beraien helburua gailurrera ama birjin bat igo eta bertan jartzea zen. Urtean zehar eginiko bi saiakeren ondoren, irailaren 12an, Patxi Berrio, oraingoan Mikel Arrastoa soka-lagun zuela, aurreko saiakeretan horman utzitako ama birjina ez zegoela ikusi zuten, haizeak botata seguruenik. Zortzi ordutako eskaladaren ondoren Ahizpa Txikiaren hego-horma lehen aldiz eskalatzea lortu zuten, modu honetan “Ama Birjinarena” (120 m, 6b+ edo 6a/A0) bidea irekiz.

Patuaren gauzak, lau urte beranduago, 1969ko otsailean, Picu Urrielluren mendebaleko aurpegi beldurgarriaren neguko lehen eskaladaren saiakeran, zailtasun guztiak amaituak, iltze bat atera eta Patxi Berrio eta Ramon Ortiz eskalatzaileak amildu ziren. Erorketan jasotako golpeengatik bertan hil ziren, lurrera iritsi gabe, bi gorpuak horman zintzilik geldituz.

“Aixita” bidea eskalatu arte Biaizpekin izandako kontaktu bakarra izana nuen. Eskalatzen hasiberria nintzenean, Haritz soka-lagun nuela Ahizpa Txikiko “Txemi” bidea (140 m, 6a) eskalatzen saiatu nintzen. Bigarren luzean geundela euria hasi eta hormatik jaitsi behar izan genuen. Eskerrak horri, kirol eskaladan hasiberria, lehenengo bi luze hauek erabat kikilduta eskalatu bainituen, jejeje.

Duela hamar bat egun, Asierrek whatsapp bidez Biaizpeko “Aixita” bidearen krokisa bidali zidan: Bide erdi-ekipatua, V+ gehienez, ez oso luzea eta, bere esanetan, Biaizpeko biderik errazena. A zer nolako ezusteko atsegina hartu nuen bide hau eskalatzeko plana egin eta Josu soka-lagun izango genuela esan zidanean!!!!

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 135 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Joseba Arlegi 2013ko ekainean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V+ (50 m), 2ºL: V (20 m), 3ºL: V (30 m) eta 4ºL: IV+ (35 m). Bidea erdi-ekipatua dago, beraz, auto-babeserako materiala eraman beharko dugu. Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko “V” handia izeneko lepo nabarira doan kanala hasten den lekuan, ezkerrera doan xenda jarraitu eta metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, trikuharri itsura duen harkaitz handi eta nabarmen batera iritsiko gara. Bidea harkaitz honen pareko harkaitz-plakan hasten da eta bertan “AIXITA” hitza idatzita ikusiko dugu. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera hogeita bost minutu inguru pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bi moduetara egin daiteke: lehena bidearen amaieratik rappel bat eginez Ahizpa Handitik jaisteko jarraitzen den kanalera iritsi eta hemendik behera jarraituz. Bigarren aukera, nire ustez ederrena, bidearen amaieratik gora doan ertza ikusgarritik jarraitzea da, Aixitaren gailurrera arte. Gaztelua izan zenaren kokalekutik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalak ikusteko aukera paregabea izango dugu. Bigarren aukera hartuz gero, 45-50 minutuetan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eskas.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Ahizpa Handian eskalatu nahi bada, kotxea uzten den lekura iristeko, Goierritik gatozenentzat A-10 errepidea 3garren irteeran utzi beharko dugu, “Etxarren, Ekai, Zuhatzu” irteeran hain zuzen ere. Irteeratik ezkerrera jo eta, A-10 errepidearen gainetik doan zubia zeharkatu ondoren, NA-2410 errepidea jarraituko dugu zubiaren ondorengo biribilgunean Etxarren noranzkoa hartuz.

Etxarren alderik alde zeharkatu ondoren NA-2410 errepidean jarraitu eta, A-15 errepidearen azpitik pasatu ondorengo biribilgune txikian berriro atzera egingo dugu Etxarren noranzkoa hartuz. A-15 errepidearen azpitik berriro ere pasatu eta berehala eskuinera doan bidegurutzea hartuko dugu. Karril bakarreko errepidetxo honetako 100-150 metro eskasak egin ondoren errepidearen bestaldean Larraun ibaira doan pista batera sartuko gara. Pista langa batek ixten duen lekuan kotxea uzteko lekua aurkituko dugu.

DESKRIBAPENA

“Ke pasa gran Xabiiiii???” bota zidan Josuk bi anaiek etxean jaso nindutenean. “Ostia Josuu!! Zenbat denbora elkarrekin eskalau gabe!!!” erantzun nion elkar besarkatuz. Baziren gutxienez bi urte elkarrekin eskalatzen ez genuela eta kotxea uzten den lekura arteko hiru ordu laurden eskasean azkeneko bi urteotan izandako abenturak eguneratzeko aukera izan genuen.

Egun bero eta sargoritsua iragarrita zegoenez, kotxea zuhaixka baten itzalpe txikian “babestu” eta, pista ixten duen ataka metalikoa zeharkatuz, martxan jarri ginen.

Trasteak prestatzen, atzean bidea ixten duen ataka metalikoa ikusi daiteke.


Pistatik Larraun errekan ezkerrean utziz metroak irabazten genituen heinean parean genuen ikuskizuna geroz eta itzelagoa zen: Ahizpa Txikia ibaiaren eskuinean eta Ahizpa Handia ezkerrean txiki sentiarazten gintuzten. Hormetara zenbat eta gehiago hurbildu, nahi eta nahi ez burua geroz eta atzerago bota beharra genuen hormak bere osotasunean ikusi ahal izateko.

Ahizpa Txikia...


... Eta Ahizpa Handia, bidearen amaieran egurrezko zubia ikusi daiteke.


Ibaiaren gaineko egurrezko zubia zeharkatu ondoren, seinale-poste baten ondoan, ezkerrera doan bidea hartu genuen Etxarren herrira zuzenduz.

Izagirre anaiak horma honetan eskalatutako bideak identifikatzen.


Zubia zeharkatu ondoren dagoen seinale-postea. Hemen ezkerrera hartu genuen.


Gure helburua Ahizpa Handiaren gailurrera doan ohiko bidea topatzea zen. Honetarako, zutabe elektriko baten ondotik pasa ondoren, maldan gora doan xenda igotzen hasi ginen. Xendaren hasieran mugarri bat eta SL marka zuri eta berdea dago.

Zutabe elektrikoa.


SL bidea utzi genuen lekuan. Argazkian SL arrastoa eta mugarria ikusi daitezke.


Igoeraren lehen metroen ondoren izerdi patsetan hasi ginen. Beroa nagusitzen hasita zegoen eta inguruko hezetasunak ere ez zuen asko laguntzen. Josu aurretik zihoan serio, taldeari abiadura jarriz: “ostia Josu, eskerrak kirolik itte ez dezun, Pantani modun jarri zea” bota nion italiar txirrindulari eskalatzaileari erreferentzia eginez. “Hoixe esan behar nizun” erantzun zidan “nekatzen hasita naula ta Usurbea sikiera oinez gehiagotan igotzen hasi beharko naizela”.

Zuhaixken artetik doan bidexkak galtzeko arriskurik ez duen arren, malda ez da makala eta poliki eta patxadaz igotzea eskatu zigun. Aixita mendiaren hego hormara hurbiltzen ari ginela argiune batera atera eta, bidexkak “V handia” izeneko lepo nabarmenera doan kanala hasten denean, ezkerrera doan eta basoan galtzen den beste xenda bat ikusi genuen.

Xenda hau jarraitu, zertxobait maldan behera egin eta, 25-30 metro inguru ibili ondoren, izerditan blai, bidearen oinean dagoen trikuharri itsurako harkaitz handira iritsi ginen.

Trikuharri itsurako harkaitz blokea.


Harkaitz handi honen pareko harkaitz-plakan “AIXITA” izena identifikatzearekin batera motxilak kendu genituen.

"AIXITA" izena idatzita dagoen lekua.


“Lenengo gauza eguzkitako krema ematea” esan zuen Asierrek motxila lurrean uztearekin batera. Eguzkitako kremaren potea batetik bestera arin pasatu zen arropaz estali gabeko azal zentimetro bakoitza kremaz babestuz.

Bi anaiak eskalatzen hasteko prestatzen, argazkiaren eskuinean trikuharri itsurako harkaitza ikusi daiteke.


Asierrek bidea eskalatzen hasiko zela esan zigun: “ondo” erantzun genion “hola argazkik leku ezberdiñetatio ingoizkizut” esan nion. Material guztia prest zuenean trikuharri itsurako harkaitzera igo nintzen argazkiak egiteko prest.

- Lehenengo luzea, 50 metro, V+. Harkaitz plaka tente bat eskalatzen hasi eta helduleku oneko hormatxo motz eta bertikalaren azpian kokatu zen. Bertan kordel batez pasatako harkaitz-zubia dagoen arren, friend bat trabatu eta zertxobait makurtua dagoen hormatxoa zuzen eskalatu zuen (IV).

Luzearen lehen metroetako harkaitz-plaka tentean.


Hormatxo bertikala eskalatzen (IV).


Hormatxoa eskalatuta metroak arin eta erraz irabazi zituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz (III), zuhaitz bat eskuinetik inguratu eta pareko harkaitz-plaka bertikalarekin topo egin zuen arte.

Harkaitz-plaka bertikala zuzen eskalatzen hasi zen helduleku oneko pitzadura bertikal ezberdinak jarraitu (IV+) eta noizean behin friend bat edo beste trabatuz, harkaitz-plaka alderik alde horizontalean erdibitzen duen arrail batera iritsi arte.

Hemendik gora metro batzuk eskalatu ondoren luzearen pasabiderik gogorrenera iritsi zen, helduleku txikidun itsasgarritasunezko harkaitz-plaka trinkoa. Pasabide hau hiru paraboltez babestua dagoen arren fina da (V+), eskuetan baino oinetan konfiantza jarriz eskalatu beharrekoa.

Luzearen pasabiderik zailenera iristen, azpian ikusten den zuhaitz nabarmena da eskuinetik inguratzen dena.


Asier batera eta bestera mugitzen zen gorputzarentzat postura erosoenaren bila. Noizik eta behin behatzak magnesio-poltsan sartu eta mugimenduekin berriro ere hasten zen. Luzea egin zitzaion unearen ondoren, arnasestuka eta izerditan blai, gorputza pixkanaka altxatu eta pasabidea eskalatu zuen zuhaixka baten ondoko erlaitz erosoan dagoen bilgunera iritsiz.

V+ pasabidean jo ta su, eskuinetik inguratzen den zuhaitza argi ikusi daiteke.


“Bufff” bota zigun talkietik arnasestuka, “dexente estutu behar izan det”. “Goterak die?” galdetu genion. “Ke ba, adherentziko paso puta bat” erantzun zidan.

Lehen bilgunea.


Asierrek sokak jaso eta Josuri aurretik joatea eskatu nion: “hola goitio argazkik ateakoizkizut”.

Josu bidea eskalatzen hasteko prest.


Metroak segurtasun handiz irabazten joan ginen, eskaladaz gozatuz. Noizik eta behin gora zeharka begiratzen nuen paraboltak zeuden pasabidera arteko distantzia kalkulatu nahian: 10 metro. 9 metro, 8, 7, 6…

Hasierako hormatxo bertikalaren ondorengo harkaitz-plaka inklinatuan (III). Argazkiaren eskuinean eskuinetik inguratzen den zuhaitza.


Pasabidea babesten duen lehen paraboltera iritsi nintzenean “pasoa hirugarren parabolta ta bilgune arten dau” esan zidan Asierrek bilgunetik. Bigarren paraboltera uste baino errazago iritsi arren, bigarren eta hirugarren parabolten artean izan zen gehien estutu behar izan nuen lekua. Ezker oin eta bi eskuak helduleku txiki batzuetan kokatu, gorputza poliki altxatu eta, oreka mantenduz, hirugarren paraboltera iritsi nintzen. Hemen eskuin hanka zabaldu eta, gorputza beste pixka bat altxatu ondoren, pasabidearen amaieran dagoen helduleku ederra heldu nuen.

“Joer, ba nei azkeneko pasito hau zailagoa zela iruittu zait” esan zidan Asierrek. “Beharbada altue izatek laguntzeo ” erantzun nion.

Josuri ere bigarren eta hirugarren parabolten arteko pasabidea gogorragoa iruditu zitzaion: “baaa, estutu beharrekoa” esan zigun.

V+ pasabidean.


Pasabidea eskalatzear, aurpegiagatik asko sufritu zuenaren antzik ez dauka.


“Josu jarraittu zuk lasai, ni erdin gustoa nijo ta argazkik aurrea ta atzea iñez” esan nion. Asierrek soberan zuen materiala pasatu eta eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 20 metro, V. Bilgunetik atera eta diagonalean eskuinera jarraitu zuen, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu eta sabai txiki batera hurbilduz (III). Sabaian dagoen arraila ikusi bezain pronto Josuk ez zuen aukerarik galdu eta friend bat sendo trabatu zuen.

Bigarren luzearen lehen metroetan (III).


Lehen bilgunean.


Sabaiatik aurrera 10 metro inguruko zeharkaldi horizontala eginez jarraitu zuen (IV-) , 3 metro inguruko horma bertikalarekin topo egin arte. Zeharkaldia hormaren azpialdetik egin zuen, bertan baitaude oinentzat heldulekurik onenak. Goragotik egin nahi bada, friend gehiago trabatzeko aukera dago.

Zeharkaldia amaituta, V zailtasuneko horman.


Horma bertikalean jarritako paraboltetik express-zinta bat pasatu ondoren horma zuzen eskalatu zuen (V) bilgunera iritsiz.

V zailtasuneko horma eskalatzen. Argazkian lehen friend-a trabatutako sabai txikia ikusi daiteke.


“Zemuzkoa Josu?” galdetu genion. “Ba, errexa” erantzun zigun. Sokak jaso zituenean eskalatzen hasi nintzen.

Luzearen lehen metroetan.


Asier lehen bilgunean.


Josuk jarritako friend-etik nire soka askatu, Asierrena bertan utzi eta, zeharkaldia egiten hasi nintzenean, Asierren oihu bat entzun genuen: “Eroi intzea?” galdetu zion Josuk bilgunetik sokak sendo eutsiz. Asier bilgunetik atera zenean harkaitza hezea zegoen leku baten zapaldu eta pare bat metroetan irrist egin zuen “erorketa” friend-ak geldituz. “Lasai, ondo nau” erantzun zigun, “eskerrak friend-ari”.

Zeharkaldiaren hasieran.


Zeharkaldian (IV-).


Ustekabe honen ondoren zeharkaldiarekin jarraitu eta V zailtasuneko horma zailtasunik gabe eskalatu genuen bilgunera iritsiz. Eskaladan sekula ez da jakiten ezustekoa non izan daiteken.

V zailtasuneko horman Josuren begiradapean.


Horma bera goitik ikusita.


- Hirugarren luzea, 30 metro, V. Zalantzan izan ondoren azkenean Asierri eskalatzen jarraitzeko eskatu nion: “erdin ondo nijo, bioi argazkik itten”. Asierrek materiala hartu eta bilgunea utzi zuen.

Bilgunetik eskuinera horizontalean 3-4 metroetan belarrez estalitako erlaitz bat jarraitu ondoren arrail nabari baten azpian kokatuko zen.

Erlaitzaren amaieran.


Bertan friend bat trabatu eta arraila zuzen eskalatu zuen (IV) harkaitz-plaka tente batera iritsiz. Helduleku on eta autobabeserako aukera oneko plaka hau eskalatu ondoren (IV-) plaka zertxobait tentetzen da bi paraboltez babestutako V zailtasuneko pasabide batera iritsiz.

Arrailean (IV) friend bat trabatzeko lekuaren bila.


Arraila eskalatzen (IV).


Bat batean Asierrek botatako oihua entzun genuen: “Ahhh!!!!”. Josuk sokari eutsi baina soka ez zen mugitu. “Ze Asier, ondo?” galdetu zion talkietik. “Liztorrak pikatzen ai dieeee!!!” oihukatu zigun. “Jatxi inbazu?” galdetu zion Josuk. Asier isilik gelditu zen. Luzeak egin zitzaizkigun segundo batzuen ondoren soka poliki mugitzen hasi eta “eskubirago bota ta paken utzi naute” esan zigun “reunioarte jarraittukoet”.

Paraboltak atzean utzita, harkaitz-plakaren eskuinetik eskalatzen jarraitu zuen laugarren bilgunearen azpiko 2-3 metroetako hormatxo bertikalera iritsiz. Bertako harlauz bertikalaren laguntzarekin hormatxoa eskalatuz (IV+) bilgunearen segurtasunera iritsi zen.

IV zailtasuneko harkaitz-plaka tentera iristen.


Hirugarren luzea ederra iruditu zitzaidan eta, Asierrek bilgunetik ematen zizkigun azalpenei jarraituz, ez genuen luze osoan liztorrik topatu.

Hirugarren bilgunean.


Bilgunera iritsi ginenean liztorrek esku, beso eta kokotsean ziztatu zutela esan zigun: “A ze sustoa pasaeten!!”. Iaz Ikerrekin Aiztondon kirol eskaladan ari ginela liztor kabi batekin izandako esperientzia desatsegina burura etorri zitzaidan. Orduan, Ikerri abisatu ondoren, “txapatuta” nuen azken kimikotik bota egin nintzen liztorren ziztadetatik ihesi.

Hirugarren bilgunearen aurreko hormatxo bertikalean (IV+).


Hirugarren luzeak utzitako sentsazio onak animatuta “azkeneko luzea nik eskalaukoet!!” bota nien bi anaiei. “Sikiera bakarren bat aurretio eskalau beharkoet ba, jejeje”. Asierrek eta Josuk zuten material guztia hartu eta, arnesaren uztai ezberdinetan txukundu ondoren, bidearen azken luzea eskalatzen hasi nintzen.

- Laugarren luzea, 35 metro, IV+. Nahiz eta zertxobait makurtu, bilgunetik gorako hormak helduleku ederrak ditu. Lehen metroen ondoren zuhaitz batetik zinta-uztai bat pasatu (bertan soka-uztai zahar bat pasatuta dago) eta eskalatzen jarraitu nuen.

Luzearen lehen metroetan.


Hormatik ateratzeko pasabidea iltze batez babestua dago. Bertatik express-zinta bat pasatuz horma eskalatu nuen (IV+).

Hasierako hormaren amaieran (IV+).


Horma eskalatuta, zuhaixka batzuk eskuinetik inguratu eta pareko bi harkaitz-plakak eskalatzen jarraitu nuen. Lehenengoa bietatik tenteena da, baina primerako heldulekuak ditu. Bertako harkaitz-zubi batean jarritako kordel-uztaian express zinta pasatu ondoren estutasunik gabe eskalatu nuen (IV).

Bigarrena ez da hain tentea eta aurrekoa baino errazagoa da. Zailtasun bakarra harkaitz-zubi handi batetik pasatako soka-uztai zahar batek babesten duen hormatxo bertikalean dago. Badaezpada harkaitz-zubi honetatik zinta-uztaia pasatu eta hormatxoa eskalatu nuen (IV-).

Argazki honetan laugarren bilgunearen kokalekua eta bertara iristeko eskalatu beharreko harkaitz-plakak ikusi daitezke.


Hormatxo hau eskalatuta, harkaitz-plakak amaieran osatzen duen puntara iristeko zuzen eskalatzen jarraitu nuen baina puntaren azpiko plakatxoko harkaitza txarra zela ikusi ondoren, puntaren azpitik, metro batzuetan ezkerrera zeharkalditxo bat egin eta helduleku eder eta harkaitz trinkodun hormatxo bat eskalatu nuen (III+) bilgunera iritsiz. Azken luze hau ere ederra iruditu zitzaidan: auto-babeserako aukera handiak, pasabide beharturik gabekoa eta harkaitza paregabea, zer gehiago eskatu daiteke?

Laugarren bilgunean.


Asier eta Josu berehala iritsi ziren: “bide politte, eh?” bota nien. “Bai, asko gustau zat” erantzun zidan Josuk. Asierrek ere buruarekin baiezkoa erantzun zuen soka askatzen zuen bitartean.

Izagirre anaiak bidea amaitzen.


Traste guztiak motxilan jaso, zapatilak jantzi eta bilgunetik gora doan ertzetik jarraitu genuen. Hasieran eskaladatxo erraz bat dago (II) bilgunetik ikusten den harkaitz-bloke nabariaren gainera igotzeko.

Ertzean dagoen harkaitz-bloke nabariaren gainean, iparraldera dagoen amildegia beldurgarria benetan.


Hemendik aurrera, metro batzuetan iparraldera izugarrizko amildegia duen ertz estuaren ahotik jarraitu genuen. Ertza zati hau zaila baino ikusgarria bada ere, Lekuk esango zuen moduan, bertatik erortzea ez da aukera bat.

Gailurrera iritsi aurretik jarraitu beharreko ertza.


Pasabide ikusgarri honen ondoren ertza zabaldu eta inongo zaitasunik gabe Aixita mendiaren gailurrera iritsi ginen.

Hiruko taldea Aixita mendiaren gailurrean.


Ikusgarria da Aixitan izan zen gazteluaren inguruan egindako lana. Gaztelua izan zeneko maila ezberdinetan hainbat hizkuntzetan informazio panelak jarrita daude gazteluaren bizitzaren inguruko ideia eginez.

Gailurrean gazteluaren istorioa kontatzen duen oroitarria.


Nafarroako erresumaren defentsarako zegoen gaztelu katea azaltzen duen panela.


Gailurrean argazki batzuk egin eta, bertako haize goxoa denbora batez gozatu ondoren, behera doan ohiko bidea jarraitzen hasi ginen gazteluko maila ezberdinetako informazio guneei argazkiak eginez.

Gazteluaren bigarren maila eta urtziloaren kokalekua (panela dagoen lekuan)


Urtziloa.


Urtziloaren nondik norakoak azaltzen dituen panela.


Gazteluaren atearen kokalekua...


...Eta honen inguruko informazio panela.


Amaitzeko, gazteluaren mapa eta honen ingurukoak azaltzen dituen panela.


Panela gertuago.


Bideak mendebaldeko noranzkoan doa ehiza postu batzuen ondotik pasatuz. “Hemen holako ehiza postuk eonda ziur pista bat eztela urruti izango” bota nien. Esan eta izan. Bidea pista batekin topo egin zuenean eskuinera hartu eta, pistan metro batzuk egin ondoren, seinale-poste batera iritsi ginen.

Bideak pistarekin topo egiten duen lekuan, hemen eskuinera hartu genuen.


Seinale-postearen parean eskuinera hartu genuen SL-NA 131 bidea (Aixita bidexka) jarraitu eta mendiaren ipar aurpegiaren itzalpean sartuz.

Seinale-postearen ondoan eta jarraitutako bidea.


Hemendik beherako jaitsiera gozoa iruditu zitzaigun, basoaren itzalpearen goxotasun eta freskotasunean metroak erraz irabaziz. Berriro ere pista batekin topo egin genuenean ezkerrera hartu genuen.

Berriro ere pistara iristen den lekuan. Adi zuhaitzean dagoen SL arrastoari.


Pista honetatik aurrerako bidea zuzen jarraitu genuen basotik atera eta gure begien aurrean Ahizpa Handiaren ekialdeko hormatzarra eta Ahizpa Txikiaren hegoaldekoa parez pare azaldu ziren arte.

Azken seinale-postea, guk zuzen jaraitu genuen (beheraka, alegia).


Aurrean genuen ikusmira izugarri hau A-15 errepidean gora eta behera zebiltzan kotxe eta kamioiek bakarrik hausten zuten. Hiruok ahozabalik geunden batera eta bestera begira. Argazkiak egiten nituen bitartean Josu eta Asierrek dagoeneko eskalatutako bideen nondik norakoak azaltzen aritu ziren.

Ahizpa Handiaren ekialdeko hormatzarra.


Ahizpa Txikiaren hego horma ikusgarria.


Hainbat argazkiren ondoren, eguzkiaren berotasun gordina berriro ere sentitzen hasi ginenean, bidearekin jarraitu genuen Larraun ibaiaren gaineko egurrezko zubia bigarrenez zeharkatu eta kotxera itzuliz.

Ahizpa Handia eta Aixitari azken begirada...


... Aixita gertuago...


Guztira, Aixitaren gailurretik kotxera 45-50 minutu pasa genituen.

Kotxera itzultzen.


Aspaldi hiruok elkartu gabe, eskalada egun ederra izan zen, paraje ikusgarrian eta bide eder batean. Hiruoi bidea asko gustatu zitzaigun, errepikatzeko modukoa dudarik gabe. Baina denaren gainetik taldeko giroa eta konpainia izan zen, geroz eta argiago daukat hau dela mendi-irteeraren gauzarik garrantzitsuena.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina