AZKEN 10 SARRERAK
bidea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
bidea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/09/08

CASA DE PIEDRATIK BACHIMAÑAKO AINTZIRETAKO ATERPERAINO ESKALATZEN. 1º ZATIA: "VIA DEL NANO", 105 m, V (IV+/Ae) eta "ESPOLON DEL REBOLLON", 110 m, V+ (IV+/Ae) BIDEAK. 2019-08-25

- Zemuz lo indezu?
- Buenoooo, nahi baño okerrooo… - erantzun nion aho zabalka Asierri.

Furgonetan ondo lo egiteak aklimatazio prozesu bat dakar. Egunak pasa ahala hobe lo egiten den arren, lehen gauak normalean ez du loaldi sakon bat egiteko aukerarik ematen. Hau gutxi ez bada, furgoneta Panticosako bainuetxea zeharkatzen duen errekaren ondoan aparkatua genuen. Lo-zakuetan sartzerakoan belarriak goxatzen zituen uraren zurrunbilo erlaxagarria goizeko ordu bietarako kokoteraino ninduen zarata “jasanezinean” bihurtu zen, jejeje.

Lo-zakuko epeltasunetik atera eta baldar janzten hasi nintzenean eskuetako behatzei begira gelditu nintzen. Bezperan 550 metro eskalatuak izan arren hatz-mamietan ez nuen minik sentitzen eta besoetan ere agujeten arrastorik ez zegoen, eskuekin baino oinekin eskalatu nuenaren seinale ona. Nahigabean aurpegiak irribarre bat marraztu zidan…

Eztarritik pasatzea kosta egin ziren “artisau gaileta” batzuk gosaltzearekin batera afarian itsura hartzen hasitako proiektu zaharrari azken ukituak eman genizkion: Casa de Piedra eta Bachimañako aintziretako aterpeen arteko tartea eskalatzen lotzea. Eskailera motz baten moduan, tarte hau lau mailez osatuta dago: Panticosako bainuetxeko lehen eta bigarren hormak, Bozueloko horma eta Bachimañako ur-jauziko horma.

“Eskailera” hau zailtasun maila ezberdineko bideak konbinatuz igo daiteken arren, lehen aldirako maila bakoitzeko biderik errazenak aukeratu genituen: Panticosako lehen hormako “Vía del Nano” (105 m, V), bigarren hormako “Espolón del Rebollón” bidea (110 m, V+), Bozueloko hormako “Mowgli" gandorra (200 m, IV+) eta Bachimañako ur-jauziko hormako “Espolón del pino” (270 m, D-/V).

Eskaileraren lehenengo hiru mailak, Bachimañako ur-jauziaren horma ez da argazkian ikusten. Gorriz eskalatzen igotako zatiak eta zuriz oinez betetakoak. Orlegiz GR-11 bidea, tarte batzuetan igotzeko eta eskalada egunaren amaieran jaisteko jarraituko genuena.


Aurretik 680 metroetako eskalada eta hainbat metroetako oinezko ibilbidea genuen, erronka erakargarria.  Bachimañako aintziretako aterpetik gorako Bachimañako orratzeraino eskalatzen jarraitzea baztertu genuen bertako “Edu ezproia” eskalatuta genuelako. Gainera azken bide baterako auto-babeserako materiala denbora osoan motxilan “alferrik” eramateak ez gintuen gehiegi motibatzen.

Gosari azkar eta sendoaren ondoren motxilak hartu eta goizeko 7:40tan aurretik genuen egunari heltzeko prest martxan jarri ginen.

OHARRA: kronika bakarrean eskalatutako bide guztien azalpena oso luzea izango denez, lehenengo honetan “Vía del Nano” eta “Espolón del Rebollón” bideei buruzkoak bakarrik azalduko ditut.

SARRERA MODUAN

Panticosako bainuetxean hainbat luzeetako bideez zeharkatutako bi horma daude, bata bestearen gainean.

Bi hormen kokalekua, argazkiaren eskuinean Casa de Piedra aterpearen zatitxo bat ikusi daiteke.


Lehenengo horman hiru bide eskalatu daitezke, hirurak “Sendero Limitekoek“ ekipatutakoak eta hirurak Casa de Piedra aterpeko Nano Martinez zaindariari eskainiak. Hormaren ezkerretik eskuinera “Supernano” (100 m, 6b edo V/Ae), “Vía del Nano” (105 m, V edo IV+/Ae) eta “Tercera vía del Nano” (115 m, V+) ditugu. Bide hauen amaieratik ezkerrera oinez hormaren oinera itzuli daiteken arren, normalean bigarren hormako bideren bat eskalatzen jarraitzen da.

Bigarren horman beste hiru bide ditugu, hauek ere “Sendero Limitekoek” ekipatutakoak. Ezkerretik eskuinera “Escalera de color” (110 m, V+), Espolón del Rebollón” (110 m, V+ edo IV+/Ae) eta “Boletus” (110 m, 6a edo IV+/Ae) ditugu. “Escalera de color” eta “Espolón del Rebollón” bideen arteko kanalean horma rappelatzeko aukera jarri dute. Bigarren horma honetatik jaisteko bi aukera daude: lehenengoa “Escalera de color” de “Espolón del Rebollón” bideen arteko rappel lerrotik jaitsi eta hemendik behera lehen hormaren oinezko jaitsieratik. Bigarren aukera bideen amaieratik eskuinera joatea da, mugarriez adierazitako bidexka bat jarraituz. 10-15 minutuetan GR-11 bidearekin topo egingo dugu, bertatik Panticosako bainuetxera itzultzeko.

Lehen eta bigarren hormako eskalada bideak. Puntu zuriz oinez betetzen diren zatiak. Marra zuriak rappel lerroaren kokalekua adierazten du.


Bi horma hauetako bideak osagai nahikoak dira goiz edo arratsalde pasa gozo baterako, denbora gutxian eta bideak nahi ditugun moduan konbinatuz 200 metroetatik gorako eskaladaz gozatu daitekeelako.

Goian esan bezala Casa de Piedra eta Bachimañako aintziretako aterpeen arteko tartea “Vía del Nano” eta “Espolón del Rebollón” bideak konbinatuz eskalatuz hastea erabaki genuen, horma hauetako bideen artean errazenak hain zuzen ere.

Lehenengo bi hormetan eskalatuko genituen bideen nondik norakoak.


"VÍA DEL NANO" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 105 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría eta Julio Benedé, 2012ko abuztuaren 15ean.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (40 m), 2ºL: V (35 m) eta 3ºL: IV+ (30 m).
- Orientazioa: Hego ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzeko horman iturri bat dago.
- Hurbilketa: Casa de Piedraren atzeko zelaigunetik antena batera zuzentzen den belarrezko pista bat jarraituko dugu. Antenara iritsi aurretik eskuinera doan bidexka jarraitu eta maldatxo bat igo ondoren hormaren oinera iritsiko gara. Casa de Piedra aterpetik 5 minutu inguruan bidearen oinera iritsiko gara. Bertan, lehen paraboltetik zintzilik bidearen izena duen zinta topatuko dugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ezkerrera jotzen badugu, lehen horma inguratuz oinera 5-10 minutuetan iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere ondoko bideetan sokada gehiago badaude.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 45 minutu.

"VÍA DEL NANO" BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Casa de Piedra aterpearen atzeko iturrian kantinplorak goraino bete genituen . Aurretik egun bero bat eta ordu batzuetako aktibitatea zain genuen arren goiza fresko esnatu zen, eskalatzeko primerakoa. Kantinplorak beteta, aterpearen atzeko zelaigunea zeharkatu eta basora doan belarrezko pista jarraitzen hasi ginen, parean dagoen antena handira zuzenduz.

Aterpearen atzeko zelaigunea zeharkatu eta basora doan belarrezko pista jarraitzen hasi ginen.


Antenara iristear geundela pistatik eskuinera doan bidexka hartu eta zuhaitz artera igo ondoren, mugarri batera iristearekin batera lehen hormarekin topo eginez.

Basora doan belarrezko pista jarraitzen hasi ginen, parean dagoen antena handira zuzenduz. Puntu zuriz eskuinera doan bidexka.


"Mugarri batera iristearekin batera lehen hormarekin topo eginez".


Aterpetik hormara 3-4 minutu besterik ez daude, ez da harritzekoa horma honetan sokada asko eskalatzen ikustea.

Argazki honetan lehen hormaren oinera iristeko jarraitu behar den bidea ikusi daiteke.


Hormako hiru bideak identifikatu ondoren (denek lehen paraboltetik zintzilik izenadun zinta bat dute) “Vía del Nano” bidearen azpian motxilak lurrean utzi genituen.

Bidea identifikatzen duen zintaren kokalekua.


Motxiletatik trasteak lasaitasunez ateratzen nituen bitartean Asier arin-arin prestatzen ari zela ikusi nuen, eskalatzeko gogotsu, hormari begirik kendu gabe. Ez da harritzekoa, luzearen hasierako hormak modu berezi batean erakartzen baitu. Konturatu nintzenerako express-zintak arnesetik zintzilikatuak zituen.

- Pentsatzet zu hasiko zeala, jejejeje – bota nion umoretsu.

Arnesa eta katuak jantzi, motxila bizkarrean zintzilikatu eta segurtagailutik soka pasatzearekin batera “nahizunen!!!” bota nion.

- Lehengo luzea, 40 metro, V. Luzea 5-6 metro inguruko horma bertikala eskalatuz hasten da, luze eta bide osoko pasabiderik zailena. Asier eskuak magnesio hautsetan sartu eta esku eta oinak non jarriko zituen memorizatu ondoren eskalatzen hasi zen. Pasabide hau bertikala izanda ere helduleku onak ditu, baina gorputza ongi kokatzea eskatzen du ez baita eskalatzeko erosoa (V). Asier parabolten artean batera eta bestera mugituz eskalatzen zihoan, gorputza ongi kokatu eta heldulekurik onenak automatikoki topatuz. Hasieran zuzen eskalatu behar da hormatik ateratzeko ezkerrera zeharkaldi motza eginez.

- Zemuzkoa?
- Bueno, errexa iruittu zait. – erantzun zidan horma eskalatu zuenean.

Horma bertikalaren zailtasunik handienak atzean utzi ondoren.


Begi-bistatik kanpo, hasierako horma eskalatuta itsasgarritasunezko pasabideak dituen harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu zuen. Harkaitz-plakak hiru zati ezberdin ditu: hasieran zailxeagoa (V-), erdian etzana (III) eta amaieran berriro ere zertxobait tentetzen da (IV).

Hormaren gaineko harkaitz-plaka inklinatua. Asier tarteko bilgunean dago.


Sokaren erdibidea iristear zegoela harriduraz “Reunión!!!” entzun nuen. Luzea hain motza izateak harritu ninduen arren, soka nire inguruan desagertu eta arnesetik gora tiraka hasi zenean eskalatzen hasi nintzen.

Hasierako horma eskalatzea kosta egin zitzaidan. Batetik gorputza ez nuen batere ondo orekatu eta bestetik eskuak denbora osoan hezeak izan nituen, ziurrenik estutzearen ondorioz. Heldulekuetatik irrist egingo zutenaren beldurrez, eskuak instintiboki arnesaren atzera bota eta ezer ukitu ez nuenean, ezinbestean furgonetaren goxotasunean utzitako magnesiodun poltsa faltan sentitu nuen.

Horma eskalatu eta Asier ikusi nuenean, bilgunea lehen luzearen tarteko bilgunean (hasieratik 25 metro ingurura dagoena) muntatu zuela baieztatu nuen, erlaitz eroso batean uztaidun bi paraboltez osatutakoa.

- Ehhh!!! Hoi eztela reunioaaaa, jejejeje!!!
- Banengoen ba plaka honen erdin reunioa egotea arraroa zela – erantzun zidan gainetik genuen hormari begiratuz.

Tarteko bilgune honetatik benetako lehen bilgunera 15 metro eskas eta harkaitz-plaka etzan bat dagoela ikusita, plakaren lehen metroak aseguratuta eskalatu (III) eta hemendik aurrera, sokak aske nituela, erdi oinez, pareko horma bertikaleko uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Tarteko bilgunetik luzearen "benetazko" bilgunera arte (karratu gorrian ikusi daiteke) dagoen harkaitz-plaka etzana. Argazkian bigarren luzea bere osotasunean ikusi daiteke.


"Hau da benetazko bilguneaaaaa!!!".


Asierrek soka prestatzen zuen bitartean eskuak harkaitzaren kontra igurtziz lehortzen saiatu nintzen:

- Nahizu magnesio poltsa uztea?
- Ez lasai, - erantzun nion – pentsatzet eskuk pixkanaka sekatzen jungoiela.

- Bigarren luzea, 35 metro, IV+. Luzea bilgunearen gaineko 3-4 metroetako horma bertikala eskalatuz hasten da. Hormak helduleku onak ditu eta nahiz eta eskuak hezeak sentitu lehen luzekoa baino errazago eskalatu nuen (V-).

Horma bertikala eskalatu ondoren.


Horma hau eskalatuta helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen (IV+). Luzeak pixkanaka eskuinera doa metro pare bateko hormatxo batekin topo egin arte (IV).

Hormatxoaren lehen metroetan.


Hormatxo hau ere ustez baino errazago eskalatu ondoren (V-) erlaitz batean muntatutako bilgunera iritsi nintzen.

Hormatxoa eskalatzen.


Bigarren bilgunean.


Eskuetan izerdirik ez izan arren argizari geruza bat gainetik emanda izango nuenaren sentsazioa nuen, eskuak harkaitzaren kontra igurtziz nolabait kentzen nuena. Rokodromoan honelako sentsazioa noizik eta behin izaten dudanez, han gertatzen zaidan bezala pixkanaka joango zenaren itxaropena nuen.

Lehen bilgunea bigarrenetik ikusita.


Bigarren bilgunean.


- Hirugarren luzea, 30 metro, IV+. Hirugarren luzeak beste bien tankerakoa da. Hasteko helduleku oneko 2-3 metroetako hormatxo bertikal bat eskalatzen da (IV+). Asierrek di-da batean eskalatu zuen, hormak zailtasunik izango ez balu bezala.

Asierrek di-da batean eskalatu zuen, hormak zailtasunik izango ez balu bezala.


Horma eskalatu ondoren metroak irabazi ahala etzanez doan harkaitz-plaka ezberdinak eskalatuz jarraitu zuen (III) lurrean uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Hormaren gaineko harkaitz-plaka ezberdinak. Asier bilgunera iristen.


Harkaitz-plakak zailtasun guztiak galtzen duten lekutik behera egindako argazkia. Hemendik hirugarren bilgunera metro gutxi batzuk daude.


- Eguneko lehena listo.
- Bai, kalentamentu ederra bestetako. – erantzun zidan Asierrek soka biltzen zuen bitartean.

Hirugarren bilgunean.


“Espolón del Rebollón” bidea oso urrun ez dagoenez, katu oinak kendu gabe jarraitu genuen. Enborrean zinta handi bat duen pinu baten ondotik pasatu eta ezkerrera jo genuen harkaitz batean marraztutako gezi zuri batekin topo egin genuen arte.

Enborrean zinta duen pinua eta bertatik jarraitutako bidea. Karratu gorriaren barruan gezi zuria ikusi daiteke.


Gezi zuriaren parean.


Hemen eskuinera jo eta, bidexka bat jarraituz, pinu artean sartu ginen bidegurutze batean bi plakatxo dituen harri batekin topo egin arte: ezkerrera hartuz gero “Escalera de color” bidera iristen da, eskuinera hartuz gero aldiz, “Espolón del Rebollón” eta “Boletus” bideetara.

Bi plakatxoak dituen harria dagoen bidegurutzea.


Eskuinera hartu eta basoan metro batzuetan ibili ondoren “Espolón del Rebollón” izenadun zinta hormatik zintzilik ikusi genuen.

“Espolón del Rebollón” izenadun zinta hormatik zintzilik ikusi genuen.


Bi bideen arteko tartea zazpi minutu eskasean bete genuen lasai asko ibilita.

"ESPOLON DEL REBOLLON" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría eta Julio Benedé, 2013ko abuztuaren 7an.
- Zailtasuna: V+ (IV+/Ae). Luzez-luze: 1ºL: IV+ (35 m), 2ºL: V (35 m), 3ºL: V+ (25 m) eta 4ºL: V (25 m).
- Orientazioa: Hego ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzeko horman iturri bat dago.
- Hurbilketa: Ohikoena Panticosako lehen hormako bide bat eskalatu aurretik eskalatzea da. Hurbilketa oinez egin nahi badugu Casa de Piedraren atzeko zelaigunetik antena batera zuzentzen den belarrezko pista bat jarraituko dugu. Antenara iritsi aurretik eskuinera doan bidexka jarraitu eta maldatxo bat igo ondoren lehen hormaren oinera iritsiko gara. Lehen horma ezkerretik inguratu daiteke honen gainera iritsiz. Bertatik mugarriz adierazitako bidexka bat jarraituz hormaren oinera iritsiko gara. Oinez guztira 15-20 minutu inguru pasako ditugu.
- Jaitsiera: Jaisteko bi aukera daude: lehenengoa “Escalera de color” de “Espolón del Rebollón” bideen arteko rappel lerrotik jaitsi eta hemendik behera lehen hormaren oinezko jaitsieratik. Bigarren aukera bideen amaieratik eskuinera joatea da, mugarriez adierazitako bidexka bat jarraituz. 10-15 minutuetan GR-11 bidearekin topo egingo dugu, bertatik Panticosako bainuetxera itzuliz.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere ondoko bideetan sokada gehiago badaude.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete.

"ESPOLÓN DEL REBOLLÓN" BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokisa zehatza.


DESKRIBAPENA

- Oain nei hastea tokatzen zait. – esan nion Asierri sokaren muturra hartuz.
Eskuak lehorrak nituen, eskaladaz ez gozatzeko aitzakiarik gabe.

- Lehengo luzea, 35 metro, IV+. Luzea harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da.

Lehen metroen nondik norakoak.


Helduleku txikiak dituen arren hauetan oparoa da eta metroak oinak ongi kokatuz poliki-poliki irabazi nituen (IV+). Harkaitz-plakaren amaierara iristen ari nintzela gainean zinta zahar bat jarritako pinu estu bat ikustearekin batera Asierrek 25 metro eskalatuak nituela esanda zidan.

Harkaitz-plaka inklinatuaren amaierara iristen.


Bitan pentsatu gabe pinura iritsi eta, express-zinta bat zintatik pasatu ondoren, pinuaren atzeko harkaitz-plaka tentean parabolt bat ikusi nuen.

- Hemen goien parabolt bat dau baña eztet reunioik ikusten.
- Begiratu aber baña largoa 35 metrotakoa bada reunioa eztezu oso urruti eukiko.

Bitan pentsatu gabe gaineko paraboltera arte eskalatu eta bilgune baten bila hasi nintzen. Nire gainetik paraboltez jositako horma tente bat besterik ez nuen ikusten. Bat batean behera begiratu eta igota nengoen harkaitz-plakaren oinean zinta handi bat ikusi nuen.

- Reunioa ikustet!!! – Bota nion altxor bat topatu izan banu bezala.

Pinu estura arte jaitsi eta bertatik ezkerrera 4-5 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin nuen, sustrai batzuen arteko zinta zabalaren ondotik pasa eta honen ezkerreko hormako bilgunera iritsiz (II). Bilgunea bi paraboltez osatua dago.

Lehen bilgunean. Argazkian sustraietatik pasatako zinta handia ikusi daiteke.


Soka biltzen ari nintzela zintadun pinutik 3-4 metro beherago eskaladan ikusi ez nuen parabolt bat ikusi nuen. Orduan ulertu nuen lehen luze honetan ez dela zintadun pinura iritsi behar. Bertara iritsi aurretik harkaitz-plakaren ezkerrean dagoen parabolt “ezkutu” horretatik zuzenean bilgunera eskalatu behar da.

Lehen bilgunera iristen. Argazkian zintadun pinu estua eta ikusi ez nuen parabolta (Asierren aurrean) ikusi daitezke. Garbiena parabolt horretatik bilgunera zuzentzea izango litzateke.


- Pinura itsu jun naiz parabolt hoi ikusibe – esan nion Asierri harkaitz-plakatik burua atera zuenean.
- Klaro, ez zoaz kontzentrauta eta, jejeje – bota zidan irribarretsu.

- Bigarren luzea, 35 metro, V. Bilgunetik atera eta Asier helduleku oneko harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasi zen (IV+) diedro itsurako harkaitz-plaka batera iritsiz, aurrekoa baino tenteagoa. Diedroa metroak irabazi ahala tentetuz doa. Diedroa eskalatu ondoren (V-) harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu (IV) eta 3-4 metroetako horma bertikal batekin topo egin zuen.

Diedroaren amaierara iristen, aurretik harkaitz-plaka inklinatua eta horma ikusi daitezke.


Asier hormaren azpian kokatu eta bertako helduleku ederrak aprobetxatuz zailtasun handirik gabe eskalatu zuen, begi-bistatik galdu eta hormak osatzen duen ezproiaren gaineko bilgunera iritsiz (V).

Asier begi-bistatik galdu ondoren.


Luze hau ederra iruditu arren eskuetako izerdiak itzuli ziren:

- Ta oain kintomaseko largoa.
- Nahizu magnesioko poltsa uztea? – eskaini zidan Asierrek bigarrenez.
- Ba honeako bazpare bai.

Asierren poltsa gerrira lotu, behatzak hautsetan murgildu eta eskalatzen hasi aurretik begirada maltzur batekin begiratu nion.

- Oain bai!!!
- Oain igual seguruik gabe eskalaukozu, jejeje –erantzun zidan.

- Hirugarren luzea, 25 metro, V+. Luzea helduleku oneko 5-6 metroetako horma bertikal bat eskalatuz hasten da, gero datorrenarentzat beroketa paregabea. Magnesioaren plazebo efektupean horma lasai eskalatu nuen, zailtasunik gabe, hormaren gaineko erlaitz txikira iritsiz (V).

Erlaitz txikian.


- Pentsatzet okerrena oain hasikoela.
- Bai – erantzun zidan Asierrek bilgunetik – baña magnesiokin errex ingozu, jejeje.

Eskuak magnesiotan sartu, arnasa sakon hartu eta bitan pentsatu gabe eskalatzen jarraitu nuen. Pasabide hau A0 moduan eskalatu daitekeela jakin arren, modu askean eskalatuko nuenaren asmo irmoarekin lehen mugimenduak egin nituen.

Erlaitzetik gora bigarren hormatxo bertikal bat eskalatu (V) eta ezker eskuineko zeharkaldi diagonala egiten da pixkanaka makurtuz doan hormari metroak irabaziz. Makurtua izan arren helduleku ederrak ditu. Metroak pixkanaka irabazten nindoan, oinentzat kokalekuak topatu eta gorputza orekatu ondoren eskuak heldulekuen artean segurtasunez mugituz. Konturatu nintzenerako zeharkaldiaren amaierara iritsi eta horma eskalatu nuen (V+).

Zeharkaldiaren amaieran.


Azken metro tente batzuen ondoren (V) bilgunera iritsi nintzen.

- Tomaaaa!!!! – Oihukatu nuen pozaz zoratzen.
- Magnesioik baukezu?

Asierren galderak harritu ninduen. Eskuak atzera bota eta poltsarik ez nuen topatu.

- Ay la ostia!!! – Oihukatu nuen.
- Goiko zatin eroi zaizu, jejeje – esan zidan Asierrek bilgunetik – hemendio gertu eroi da.

Poltsa gerrira lotuta nuen korapiloa askatu eta poltsa erori zela ez nintzen ohartu ere egin. Eta eskerrak, konturatu izan banintz akabo plazebo efektua, jejeje!!!

Asierrek luzea elegante eta estutasunik pasa gabe eskalatu zuen, tartean poltsa eta poltsa lotzeko kordela berreskuratu eta argazkiren bat edo beste eginez. Gozamena da hain lasai doan bati eskalatzen ikuste baita lasaigarria ere berarekin soka berean lotzea ere, segurtasun sentsazio handia transmititzen baitu…

Zeharkaldiaren zatirik zailena hasi aurretik.


Zeharkaldiaren amaieratik egindako argazkia.


- Laugarren luzea, 25 metro, V. Bilgunetik irtetean dago luzearen pasabiderik zailena. Asierrek lehen parabolta identifikatu eta bilgunetik gora zuzen eskalatzen hasi zen oinak horma inklinatuaren helduleku txikietan kontu handiz kokatuz (V). Bigarren paraboltetik gora harkaitz-plaka pixkanaka etzaten doa (III), lurrean muntatutako bilgunera arteko azken metroak erdi oinez betez.

Asierrek soka bildu zuenean bilgunetik zuzen atera beharrean, bilgunea muntatutako erlaitzean metro eta erdi ezkerrera bota eta bertatik eskalatzen hasi nintzen (errazagoa nire ustez), lehen paraboltaren parera iritsi nintzenean bertara iristeko ezker eskuineko itsasgarritasunezko pasabide bat egiteko (IV+/V-). Lehen parabolt honetatik gora zuzen jarraitu nuen bilgunera eragozpenik gabe iritsiz.

Hasierako horma inklinatua eskalatu ondoren.


- Bigarrena bukauta!!! – esan nion zoriontsu.
- Hirugarrena hau baño errexagoa da, pentsatzet zapatilekin errex ingodeula – erantzun zidan “Mowgli” gandorrari erreferentzia eginez.

Laugarren bilgunean.


Asierrek soka jasotzen zuen bitartean, bidearen amaieratik eskuin aldera doan bidexka jarraitu nuen pinuen itzalaren bila.

Soka jasotzen.


Bidearen lehen metroak. Pareko pinuen itzalpean egin genuen eguneko lehen atsedena.


Goizeko hamarrak pasatxo ziren arren eguzkia dagoeneko indarra hartuta zegoen. Soka, express-zintak eta katu-oinak motxiletan jaso eta eguzkitako krema eta zerbait edateko atseden labur baten ondoren, kaskoa eta arnesa jantzita, martxan jarri ginen.

Tarteka zapaldutako bidexka eta tarteka mugarriak jarraituz pinu eta harkaitz-blokeen artean sigi-saga jaisten hasi ginen, 10-15 minuturen ondoren, GR-11 bidera iritsi ginela ohartarazi gintuen mugarrira iritsi arte.

GR-11 ibilbidera iritsi garela adierazten duen mugarria.


GR-11 bidera iristearekin batera bat batean mendi-errepide batetik bost erreiko autopista batean sartu izan bagina sentitu nintzen. Ordura arte inor ikusi eta entzun gabe geunden, bakar bakarrik, mendiak esaten ziguna entzunez.

Errealitateak zaplaztako galanta eman zidan. Mendiaren ahotsa haur talde eta mendigoizaleen oihuek itotzen zuten bitartean, “Molondro” bidea eskalatu genuenean gertatu bezala, guk “epa” esan arte gehienek ez zuten agurtzeko keinurik egiten. Tristuraz hasi nintzen GR-11 bidean gora, zibilizaziotik ihes, “Mowgli” gandorrean berriro ere bakarrik izango ginenaren itxaropenez.


Itxaropen hau beteko zen? Hurrengo kronikan ikusi behar


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Sendero Límite bloga. 2014/09/14. Escalando al refugio a los ibones de Bachimaña. Eskuragarri: https://senderolimite.blogspot.com/2014/09/escalando-al-refugio-de-los-ibones-de.html
- Eskalatzen bloga. Balneario de Panticosa - Vía del Nano (5b, 100 m, derrigorrez 4c) eta Espolón de Rebollón (5c, 105 m, derrigorrez 4c). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2014/09/balneario-de-panticosa-via-del-nano-5b.html


2018/07/29

ETXEBERRI (ARAKIL - IRURTZUN), AIXITA: "AHUNTZEN BIDEA" BIDEA, 120 m, V. 2018/07/15

Etxeberriko (Arakil - Irurtzun) Aixita mendiaren “Aixita” bidea eskalatu genuenean harritu gintuen honen ezkerreko horman bide gehiagorik irekita ez egotea. Egun batzuk beranduago, Asierren lankide bati eskerrak, “Arteeen Artean” bidea deskubritu genuen. Gaztelerako "no hay dos sin tres" esaera betez, “Arteen Artean” bidea eskalatu genuen egun berean honen ezkerrean “AB” hitzak oinean zituen hirugarren bide bat deskubritu genuen. Ez dakiguna da laugarren biderik badagoen. Etorkizunerako ikerketa lana irekita dago, jejeje.

Arteen Artean” bidea eskalatu genuenean, hirugarren bilgunetik gora zailtasun guztiak amaitu eta gailurrera arte oinez iristea besterik ez genuela jakinda Asier eta bioi ideia bat bururatu zitzaigun: “eta hemendio rapelau ta AB bidea eskalatzen badeu?”. Erlojuari begiratu eta denboraz ongi ibiliko ginela ikusi ondoren ez genuen bitan pentsatu ere egin: "Ze kristo, ez badeu gaur itten igual ezteu beste aukeraik izango". Lehen rappel batean lehen bilgunera eta bigarren batekin lurrera itzuli ginen.

Sokak bildu, zapatilak berriro jantzi eta, igande goizari ahalik eta zukurik handiena ateratzeko gogoz, “Ahuntzen Bidea” bidera zuzendu ginen bide hau eskalatzeko irrikan.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Joseba Arlegi.
- Zailtasuna: V-/V. Luzez-luze: 1ºL: V (30 m), 2ºL: IV+ (65 m), 3ºL: III+ (25 m). Bidearen lehen luzea paraboltekin erdi-ekipatua eta bilgunea uztaidun bi paraboltez muntatua dagoen bitartean, beste luzeak garbi-garbiak daude. Azken bi luzeetako zailtasun guztiak saihestu daitezke.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko “V” handia izeneko lepo nabarira doan kanala utzi, ezkerrera doan xenda jarraitu eta, metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, Aixita” bidearen oineko trikuharri itsurako harkaitz handira iritsiko gara. Harkaitzaren ondotik pasatu eta aurrera doan bidexka jarraituz, 60-65 metro eskasen ondoren (tartean “Arteen Artean” bidearen oinetik pasako gara) harritza txiki eta estu batera iritsiko gara. Harritza hau gurutzatu eta zuhaitz artean pasatu ondoren (zenbait puntuetan dezente makurtu beharko dugu) bidearen oinera iritsiko gara. Bidea hasten den harkaitz-plakan “AB” idatzita ikusiko dugu. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera berrogeita hamar minutu inguru pasako ditugu. Joseba Arlegiren iradokizunari kasu eginez, hurbilketarako modurik erosoena Etxeberriko herritik egitea da. SL-NA Ibilbidea jarraitu Aixitarantz. Tontorrera bidea hartuta, hirugarrenean ehiza postua baino lehen eskuinerantz bidezidor bat doa paretaren oinetik, hitoak jarraituz.
- Jaitsiera: Aixitaren gailurretik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalak ikusteko aukera paregabea izango dugu. 45-50 minutuetan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. A-15 errepidearen zaratak bilguneen arteko komunikazioa zailtzen du.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete eta hogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, Aixita” eta orlegiz “Arteen Artean” bideak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Bidearen oinera iritsi ginenerako eguzkiak goizeko hezetasun guztiak eramanak zituen, horma ia osorik lehortuz. Deigarria izaten da horma baten itsura denbora motzean nola aldatu daiteken. Egun berean, ordu gutxien aldean bi sokada ezberdinek bide bera eskalatzerakoan sentsazio eta egoera erabat ezberdinak sentitu eta topatu ditzazkete.

Bidearen oinera iritsi aurretik zeharkatu behar den harritza txikia. Bideak zuhaitzen artean jarraitzen du nahiz eta nabaria ez izan.


Bidearen oinera iritsi ginenean, material guztia motxilatik kanpo genuenez, ez genuen denbora luzerik behar izan eskalatzen hasteko, zapatilak kendu eta katu-oinak jartzea eraman zuen denbora besterik ez. “Arteen Artean” bidea nik amaitu nuenez, arnesetik zintzilik nuen materiala Asierri eman eta gerriaren baitan ordenatzen zuen bitartean bidearen lehen metroei argazki batzuk egiteko aprobetxatu nuen.

Bidearen oinean idatzitako "AB" hizkiak.Gerora Joseba Arlegiri eskerrak AB "Ahuntzen Bidea" erreferentzia egiten ziotela jakingo genuen.


Lehen luzearen lehen metroen nondik norakoak.


“Bueno, ea hau zemuzkoa den” esan zidan Asierrek materiala ordenatzen amaitu eta eskalatzen hastearekin batera.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V. Asier bilgunetik gora doan harkaitz-plaka etzana eskuin aldeko joerarekin eskalatuz hasi zen (II-III). Harkaitz-plaka trinkoa, helduleku ederrekoa eta erraza izanda ez zuen aseguru bat ere jartzeko beharrik sentitu.

Lehen metroetan eskalatzen den harkaitz-plaka etzanaren amaieran, gainean luzeari zailtasuna ematen dion horma bertikala.


Lehen metro etzan hauen ondoren (15 metro inguru) harlauz handi eta inklinatu baten oinera iritsi zen. Bertan luzearen lehen parabolta dago. Harlauzaren ezkerretik eskalatzen hasi eta, tarteka babariar teknika erabiliz, metroak erraztasun handiz irabazi zituen (IV) bere gainera iritsiz.

Harlauza eskalatuta, bidearen oinetik nabaria den horma bertikalera iritsi baino lehen, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu zuen, tartean itsasgarritasunezko pasabide bat eskalatuz (III). Bertan luzearen bigarren parabolta dago.

Harkaitz-plaka inklinatuaren amaieran.


“Zemuz dijo?” galdetu nion. “Oaingoz errexa” erantzun zidan, “aurreko biden antzekoa”.

Horma bertikalaren azpian friend bat non trabatu bilatzen.


Horma bertikala 2 paraboltekin babestua dago. Hormaren oinean oraindik hezetasun apur bat zegoenez, Asier batera eta bestera mugitu zen oinak harkaitz lehorrean kokatuz. Friend bat hormaren oineko arrail batean trabatu ondoren eskalatzen jarraitu zuen.

Friend-a trabatu ondoren.


Modu elegantean, hormaren arrail eta harlauzetako helduleku ederrak aprobetxatuz, metroak segurtasun handiz irabazi zituen, luzea lehendik ezaguna izango balu bezala. Zatirik bertikalena ere (V), dudazko harkaitz batzuk dauden arren, oinak baino eskuen heldulekurik sendoenak topatuz, inongo arazorik gabe eskalatu zuen, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz.

Luzearen zatirik zailenaren amaieran.


Lehen bilgunea.


“Kanto ona dauke, emateona baño errexago da” esan zidan bilgunetik. Hori entzuteak mentalki lasaitu ninduen. Eskaladan, bizitzan bezala, nahi eta nahi ez konfiantzako lagunak esandakoa eragin izaten du, aurrean dugunaren nolabaiteko aurreritzia sortuz. Aurretik pasa denak luzea gogorra dela esaten badu nolabaiteko urduritasun edo beldur bat sortuko digu (batez ere aurretik doana eskalada maila handiagoa badu). Aurretik eskalatu duenak aldiz luzea erraza dela esanez gero, luzea lasaitasunez hartuko dugu. Eskalatzen ez dutenek modu honetara hobe ulertuko dute: ezagutzen ez dugun pertsonaren aurrean konfiantzako lagun batek esaten diguna, ona ala txarra izan, nahigabean eragina izaten duen bezala, aurretik dugun eskaladaren inguruan ere antzerako efektua sortzen da, ona ala txarra izan.

Asierrek sokak bildu eta eskuarekin keinu egin zidanean eskalatzen hasi nintzen.

Bidearen lehen metro errazetan.


Luzea ikaragarri ona iruditu zitzaidan eta babariar teknikarekin eskalatzen den harlauz inklinatua itzela.

Babariar teknikarekin eskalatu daiteken harlauza azpitik ikusita. Goian, Asier bilgunetik zintzilik ikusi daiteke.


Pasabide bertikalean harriren bat edo beste oraindik aske topatu nuen baina pentsatzen dut bidea errepikatzen den heinean garbituz joango dela.

Luzearen zatirik zailenean.


“Hemendio gorako luzek holakok badie bidea izugarrie izangoa” esan nion bilgunera iritsi nintzenean.

- Bigarren luzea, 65 metro, IV+. Asierri soberan zuen materiala hartu eta denbora asko galdu gabe eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunetik atera eta metro batzuk gora eta ezkerrera erdi muntatutako bilgune batera (uztaidun parabolta) iritsi nintzen.

Erdi muntatutako bilgunea.


Gora begiratu eta, zuhaitzen artean, eskalatzeko aukera handirik ez duela dirudien kanal antzekoa ikusi nuen. Bilgunetik 5-6 metro ezkerrera aldiz, amaieran hormatxo bertikala duen harkaitz-plaka inklinatu eta trinko bat ikusi nuen: “eztakit zuzen jarraitu edo ezkerrea zeharkaldie egin” esan nion Asierri “baña bitan eztet kontinuidadeik ikusten”. “Aixita” bidearen hirugarren luzeko zeharkaldi horizontala buruan, eskuinera 10-12 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin nuen harkaitz-plaka batera iritsiz. Harkaitz-plaka ongi begiratu ondoren, “hemen ere ezer ez daula emateo” esan nion.

“Nire ustez gora jarraitu beharkoa” esan zidan Asierrek. Bitan pentsatu gabe erdi muntatutako bilgunera itzuli eta hasieran ikusitako kanal itsurakotik gora eskalatuz jarraitu nuen.

Kanal itsurakoaren lehen metroetan.


Metroak irabazi ahala, ezkerrean nuen harkaitz-plaka inklinatuari begiratzen nion luzea hortik joango ez ote zen pentsatuz. Baina plakak ixten duen hormaren gainaren parera iritsi nintzenean hondakindegi baten antza hartu nion, dena harri askez estalia baitzegoen. “Hortio eztela seguro” esan nion Asierri “goien daun harritzakin ateatzea oso arriskutsu izango zelako”.

Kanalean denbora osoan zailtasuna bilatuz eskalatzen nindoan (tartean oinez, tartean II-III pasabide isolatuak eskalatuz).

Kanalaren erdian gutxi gora behera 3 metro inguruko hormatxo bertikala topatu nuen. Hormatxo hau eskuinetik saihestu daiteken arren, zuzen eskalatzea erabaki nuen. Hormaren azpian friend bat trabatu, ahalik eta erosoen kokatu eta, bertan jaiotako lizar txiki baten enborraren laguntzarekin, asko estutu gabe eskalatu nuen (IV/IV+ pasabide isolatua), honen gaineko harkaitz-zubi txiki batetik artaka-trabagailu bat trabatuz.

IV+ zailtasuneko pasabide isolatua duen hormatxoa azpitik ikusita. Sokaren bidea jarraitzen badugu, hormatxoan jaiotako lizarra ikusi daiteke.


Hormatxoa eskalatuta eskaladatxo errazeko (II) harkaitz-plakak eta oinezko tarteak tartekatuz jarraitu nuen basoaren amaieratik gora doan harkaitz-plaka inklinatuaren oinera iritsiz. Bertako haritz zahar baten enborretik zinta-uztai bat pasatuz bilgunea muntatu nuen. Luze luzea atera zitzaigun eta, bilgunera iristeko, Asierrek azkeneko 6-7 metroak ensanblean eskalatu behar izan zituen. Dena den, bilgunea muntatzeko aukera ezberdin asko dago, kanalaren ertzetan zuhaitzak baitaude.

Bigarren bilgunean.


“Bueno, ez da luze ona izan” esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean, “pentsatzen nun gehio eskalauko genula”. “Ea azkeneko hontan ze itteun” erantzun zidan luzean jarri gabeko materiala jasoz.

- Hirugarren luzea, 25 metro, III+. Asier bilgunetik atera eta harkaitz-plaka inklinatua eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraitu zuen denbora osoan pasabiderik zailenak bilatuz (II-III).

Luzearen lehen metroetan.


Bigarren bilgunean.


Aixitaren gailur azpiko zuhaitz ilara identifikatu zuenean bertara zuzendu zen tartean 3 metro inguruko bi hormatxo bertikal eskalatuz (III+).

Bigarren hormatxoa eskalatu ondoren, Aixitaren gailur azpiko zuhaitzetan.


Bigarren hormatxoa eskalatu zuenean zuhaitzetara iritsi eta hauen ezkerretik eskalatuz jarraitu zuen (II) Aixitaren gailurrera iritsiz. Bilgunea gailurreko metalezko oroitarri handian muntatu zuen.

Esan bezala, azken bi luzeak zailtasunak bilatuz eskalatu genituen. Zailtasun hauek guztiak ekidin daitezke gailurrera erdi-oinez iritsiz.

Hirugarren bilgunean.


“Hau da beroa itteona!!!!” esan zidan bilgunera iritsi nintzenean. Eguzkiak erruz jotzen zuen eta, txitxar eta kirkilen zaratan murgilduta, putre eta bueltaka zebilen saizuriari prismatikoekin begira zegoen bikotea agurtu ondoren, ahal izan genuen azkarren materiala guztia jasotzen hasi ginen. Motxilan neraman kantinplorako ura trago banaz edan eta, izerditan blai, eguzkitik ihes beherako bidea bizi-bizi hartu genuen zuhaitz eta Ahizpa Handiaren ipar aurpegiaren itzalaren bila.

45 minutu beranduago kotxea utzitako lekuan geunden berriro ere.

Ez dakit non ezta noiz ere, ikastaro batean ariketa hau proposatu zidaten: "pentsatu egunero 86.400 euro zure kontu korrontean sartzen direla. Diru sarrera hau bi baldintzen menpean dago: lehenengoa, gastatzen duzun kopurua gastatzen duzula egunaren amaieran kontu korrontea hutsean geldituko dela eta bigarrena diruarekin erositako hori gozatu bezain pronto desagertuko dela: zer egingo zenuke?" Une batez ikastaroan geunden guztiak dirua zertan eta nola gastatu pentsatu eta izugarrizko zerrenda egin ondoren, ariketa galdera honekin amaitu zen: "eta esango banizu egunero 86.400 segundo zure kontu korrontean sartzen direla, non eta nola gastatuko zenituzke?". Ez da lan makala orainean bizitzea eta aitortu beharra daukat ezohiko momentu batzuetan ezik oraindik ez dudala lortu. Burua maiz izaten dut biharko asmo eta ametsetan edota atzoko oroitzapenetan. Kristau erlijioak kutsatutako mendebaldar pentsakera hau barrenean txertatuta dugu eta, haur bati gustuko duen helatuarekin gertatzen zaion moduan, ez ditugu uneak benetan gozatzen amaituko direla ohartzen garen arte. Automatikoki jaten aritu garen helatuaren azken zatiak izaten dira denboraz eta patxadaz gozatzen ditugunak, helatuari ahalik eta zukurik handiena atera nahian. Antzerako zerbait gertatzen zait blogean kronika bat partekatu eta argazki bakoitza berriro ere biziko ez dudan une motz bat besterik ez dela ohartzen naizenean. Eta honetaz ohartzerakoan batzuetan triste sentitzen naiz, une horri zuku guztia atera ez nionaren sentsazioak kutsatzen naulako.

Horacio erromatar poetak sortutako "carpe diem" (literalki "eutsi egunari" edo "momentua aprobetxatu") esaldiaren baitan kokatzen da 1989 urteko "Dead Poets Society" (gazteleraz "El Club de los poetas muertos") film ezaguna. Filma kritikagarria izan daiteken arren, funtsean orainean bizitzen saiatu beharra dugula esaten digu. Orainean gertatzen dira gauzak, ez atzo, ezta bihar ere, eta orainean aprobetxatu gabeko uneak, aukerak, bizipen eta sentimentuak, damu, lotsa eta erresumin bezalako kaxetan gordeko dira betiko. Zerbaitetaz gozatzeko aukeraren aurrean, zergatik ez? Beharbada azken aukera izan daiteke. Honek ez du esan nahi orain arte bizitzan eraikitakoa alde batera utzi  eta parean topatzen dugun aukera oro aprobetxatu beharra dugunik, ez eta gutxiagorik ere.

"Ahuntzen Bidea" eskalatzearen erabakia bitan pentsatu gabekoa izan zen: bertan geunden, eguna topera gozatzen ari ginen eta eguraldia primerakoa zen: zer gehiago nahi genuen? "Carpe diem". Ez dakigu bide honek lehen luzetik gora luze "ezkuturik" baduen edo luze bakarreko bidea den. Lehen luzea ikaragarria den bitartean, hemendik gorako luzeak “sin más” (egungo gazteek esango luketen moduan) iruditu zitzaizkigun. Guk ez genuen aukera interesgarriagorik topatu eta ahal izan genuen zuzenen eskalatu genuen hormaren zailtasunik handienak bilatuz. Lehen luzetik gora pasabiderik errazena bilatuz igo izan bagina, igoera osoa erdi-oinez egingo genuela esatera ere ausartzen naiz. Bide hau eskalatzen denbora alferrik galdu genuela esaten ari naiz? Ez. Alde batetik, eskalatu izan ez bagenu ez genuen bide honen ingurukoak sekula jakingo eta bestetik, Asierri txantxetan esan nion bezala, Aixitaren "Direttissima" eskalatzeko aukera eman zigun, jejeje”.