Berro anaiek eta Iker Perezek maisuki ireki eta ekipatutako “Ekaitzean Elaia” bidearen eskuinean bigarren bide bat ireki, garbitu eta erdi ekipatu dute, “La Última Meiga” deiturikoa. Bi bide hauen eskuinean hirugarren bide bat dago baina bide hau nork irekia den eta zein izen duen ez dugu topatu. Zailtasun mailaren aldetik, hiru bideak V zailtasunaren baitan daude eta hiruak eskalatuz gero, goiz edo arratsalde ederra pasatzeko aukera paregabea izango dugu.
Ekainaren 23an hiru bide hauek eskalatzeko asmoz Asier eta biok La Lezera hurbildu ginen arren, azkenean Berro anaiek irekitako bi bideak eskalatzeko astia bakarrik izan genuen. Bide hauen azalpenak kronika bakarrean idatziz gero kronika luzeegia geldituko zenez, bi kronika idaztea pentsatu nuen, kronika bat bide bakoitzeko. Egun honetako bigarren kronika hau den arren, “Ekaitzean Elaia” kronika irakurri baduzue argazki asko errepikatzen direla ikusiko duzue.
Eskertzekoa da Berro anaiek bide hauetan egindako lana, oso gomendagarriak diren bi bide berri utziz. Hori bai, lehen luzea ezik erdi ekipatutako bideak dira, duten zailtasuna kontutan izanda, friend eta artaka-trabagailuen erabileran nolabaiteko trebetasun minimo bat izatea eskatuko digutena.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2. Lehenengo luzea “Ekaitzean Elaia” bidearekin partekatzen du.
- Nork irekia: Josema eta Iban Berrocoso eta Iker Perez, 2017ko otsaila-martxoan.
- Zailtasuna: V+. Luzez luze: 1ºL: V (25 m), 2ºL: V+ (35 m). Lehenengo luzea paraboltez oso ondo ekipatua dagoen bitartean, bigarren luze osoan lau parabolt besterik ez daude, beraz, auto-babeserako materiala beharko dugu.
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: La Lezeko aparkalekuaren ondoko iturrian.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadurara iritsitakoan ezkerrera hartu eta “La fuente” sektorera zuzenduko gara gure eskuinean pitzadura/kanal antzeko bat utziz. Kanal honen amaieran, basoan sartu aurretik, eskuinera gora doan malda igoko dugu bidearen oinera iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 10-15 minutu pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete inguru.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak.
Krokisa zehatzago.
DESKRIBAPENA
- Lehenengo luzea, 25 metro, V. Luze hau “Ekaitzean Elaia” bidearekin partekatzen duenez, honen inguruko azalpen hotza besterik ez dut egingo. Azalpen zabalago baterako hemen klik egin dezakezue.
Lehenengo luzearen krokis zehatza.
Lehen luzea tentetzen doan plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da horma bertikalarekin topo egin arte. Hemendik gora luze osoa V zailtasunaren baitan mugitzen da.
Horma bertikala kolokan diruditen harkaitz batzuk eskalatuz hasi eta bilgunetik oso nabaria den harlauz bertikalera zuzenduko gara. Denbora osoan primerako heldulekuak topatuko ditugu eta luzea oso ondo babestua dago.
Lehen bilgunea.
Harlauzaren gainera igo eta harkaitz-plaka bertikal bat eskalatuz jarraituko dugu (helduleku oso onak), zuhaixka baten ondoko erlaitz txiki batera arte. Hemendik gora, zailtasun guztiak amaituta, harkaitz-plaka txiki bat eskalatuko dugu bilgunera iritsiz. Bilgunea, kate eta eraitsi ahal izateko mosketoi batez osatua dago.
Lehen bilgunetik behera egindako argazkia, zuhaixkaren eskuinean bilgunera iritsi aurreko erlaitza ikusi daiteke.
Harkaitz-plaka bertikala eskalatzen hasteko prest.
Lehen “bis” bilgunera iristeko 20 metro inguru oinez egin beharko digutu. Honetarako, bilgunearen eskuinetik oinez atera eta hildako zuhaitz handi eta nabarira zuzenduko gara.
Lehen bilgunetik jarraitu beharreko bidea, argazkiaren eskuinean hildako zuhaitz handia ikusi daiteke.
Zuhaitzera iritsi gabe ezkerrera hartu eta, oinez, zuzen joko dugu bigarren luzea hasten den harkaitz-plakara iritsiz.
Asier lehen "bis" bilgunea dagoen harkaitz-plakaren oinean.
Bertan uztaidun parabolt bat eta mailoi batek lotutako harkaitz-zubi pare batez osatutako bilgunea topatuko dugu.
Lehen "bis" bilgunea.
Lehen "bis" bilgunetik gora abiatzen diren bi bideak: gorriz "Ekaitzean Elaia" eta urdinez "La Última Meiga".
- Bigarren luzea, 35 metro, V+. Asierrek friend, artaka-trabagailu eta zinta-uztai guztiak hartu eta bilgunetik zuzen helduleku ederreko harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasi zen. Harkaitz-plakaren erdian gutxi gora behera harkaitz-zubi ederra dago. Asierrek bitan pentsatu bertatik zinta-uztai bat pasatu eta lehen asegurua jarri zuen. Harkaitz-plaka amaiera arte eskalatu eta bilgunetik nabarmena den ur-tantadun plaka bertikalaren azpian kokatu zen.
Harkaitz-plakaren erdiako harkaitz-zubitik zinta-uztaia pasatzen.
Ur-tantadun plaka bi paraboltekin babestua dago. Plakaren eskuinetik eskalatzen hasi eta, mugimendu geldoak eginez, lehen paraboltera iritsi zen. Bigarren paraboltera iristeko nahi baino izerdi gehiago bota behar izan zituen (V+). Bigarren paraboltetik express zinta pasatu eta ur tantadun plaka eskalatu zuen.
Ur tantadun plaka eskalatu ondoren.
“Ño, estutu beharrekoa, eh?” esan zidan friend bat trabatzearekin batera, “paso honek kinto mas gutxiñez bauke”.
Ur-tantadun metroak eskalatuta helduleku oneko harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraitu zuen pixkanaka ezkerrera jo eta bilgunearen gainean ikusten diren arteen arteko erlaitz erosora iritsiz.
Erlaitzetik gorako harkaitz-plaka bertikalaren hasierako paraboltetik express-zinta pasatu eta zuzen eskalatzen jarraitu zuen. Harkaitz plaka hau ederra da eta friend eta artaka-trabagailuak trabatzeko aukera handia dago.
Uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi aurreko pasabidean luzearen laugarren eta azken paraboltera iritsi zen: “kontu oain, eh? pasoa datorrela” ohartu zidan talkietik. Soka geldirik egon zen une baten ondoren pixkanaka Reversotik pasatzen hasi eta handik denbora gutxira “reunión!!!!” entzun nuen.
Bigarren bilgunean...
Gertuago... Ur tantadun plakan jarritako bi paraboltak ikusi daitezke.
“Zemuzkoa?” galdetu nion. “Bueno, estutu beharreko bi pasito badittu” erantzun zidan, “ea zuri ze iruitzen zaizun”. Sokak biltzearekin batera eskalatzen hasi nintzen.
Askotan esan izan dudan moduan, ur tantadun plakak gorrotu ditut!!!!! Hala ere, plaka uste baino soltura handiagoarekin eskalatzen hasi nintzen. Bigarren paraboltera iristeko estutzen hasi eta bertako express-zinta paraboltetik kendu behar nuenean gorputzak atzera egin eta automatikoki express-zintari heldu nion: “kaka zarraaa!!” pentsatu nuen. Gorputza ongi kokatu eta oraingoan pasabidea “garbi” eskalatu nuen arteen arteko erlaitzera iritsiz.
Erlaitzetik behera egindako argazkia.
“Ño!!” bota nion Asierri erlaitzetik, “goteren pasoa estutu beharrekoa, eh?”. “Bai” erantzun zidan, “ni hortxe ta reunioa iritsi baño lehen ia erortzekotan izan naiz”.
Erlaitzetik bigarren bilgunera egindako argazkia. Harkaitz-plakan jarritako lehen parabolta ikusi daiteke.
Erlaitzetik gora eskalatzen jarraitu eta bilgunera iritsi aurreko pasabidera iritsi nintzen, hau ere, ur tantadun plakaren moduan, V+ zailtasunaren baitan egongo dena. Asierren azalpenei jarraituz pasabide hau aurrekoa baino errazagoa iruditu zitzaidan eta ez nuen hainbeste estutu behar izan. Pasabide honetan altua izateak laguntzen du, pasabidearen koska bilgunearen ezkerreko helduleku izugarria eustean baitago.
Bilgunearen eskuinean, 4-5 metro ingurura, eskuineko bidearen bilgunea dago. Rappela muntatu eta rappela egiten ari ginela eskuineko bidearen nondik norakoak begiratuz joan ginen. Ekipatuta dagoen moduan Berro anaiek irekitakoen estilokoa zela iruditu zitzaigun, parabolten arteko tartea luzea baita. Baina susmoa egiaztatzeko beste batean etorri eta eskalatu beharko dugu, jejeje.
Lehen rappela egiten.
Ondoko beste biderik eskalatu nahi ez bada lehen bilgunera oinez iritsi eta bigarren rappel bat eginez lurrera itzuliko gara.
Bigarren rappelean.
“Ekaitzean Elaia” bidearen kronikan esan nuen moduan, Berro anaiek horman egindako garbiketa eta prestaketa lana txalogarria izan da. Bejondeizuelaaaaaa!!!!!
"Ekaitzaean Elaia" (gorriz) eta "La Última Meiga" bideei azken begiradatxoa... Itzuliko gara!!!
AZKEN 10 SARRERAK
2018/07/04
EGINO: LA LEZE, "LA ULTIMA MEIGA" BIDEA, 60 m, V+, 2018-06-23
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
20:19
Etiketak:
berro,
egino,
eguino,
eskalada,
la leze,
la utlima meiga,
leze,
meiga,
smithy,
smithyrenbloga,
ultima
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina