AZKEN 10 SARRERAK

2018/07/16

PEÑARTEA: "SUGANDILA", 60 m, IV+ ETA "MUSKERRA", 70 m, V.

Zer egin nahi dugun argi izan arren, batzuetan egin nahi dugun hori nola eta non egin jakiterik ez dago, batez ere “nola” eta “non” hori gure esku ez dagoenean. Dena kontrolpean izatea gustuko dutenei egoera hauek nolabaiteko larritasuna sortzen diete, ziurgabetasuna ez baitute lagun izaten. Nahiz eta egoera berria aldatzeko borroka egin, hobe izaten da etsi, onartu eta egoerak dakarrenari jarraitzea ahal den neurrian moldatuz.

Antzerako zerbait gertatu zitzaigun kronika honetan azaldutakoarekin. Goizean goiz etxetik irten eta Itzik “noa zoazte?” galdetu zidanean “eztakit” erantzun nion, “baña bazkaltzeko etxen eongo geala ustet”.

Goierri igandean hezea esnatu zen eta goizaldean botatako euriak espaloiak busti-bustiak utzi zituen. Asierren kotxean sartzerakoan, telefono mugikorra atera, eguraldiaren iragarpenerako aplikazioa ireki eta eskalatzeko aukera ezberdinak mahai gainean jarri genituen: “kostalden ebie emanda dau, baita hemen ere” . “Egino alden?” galdetu zidan. “Bueno, hamaiketatik atzea ebie” erantzun nion “baita Uharte alden ere”.

Hegoaldera joanez gero euri arriskua txikiagoa zela ikusita, Asierrek kotxearen motorra martxan jarri eta Etxegarate mendatera zuzendu ginen. Non eskalatuko genuen? Oraindik ez genekien.

BIDEEN DATU BATZUK

"SUGANDILA"

- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2. Luze bakarrean, soka amaiera arte luzatuz, eskalatu daiteke, baina kontutan izanda sugandilatik jaisteko rappel-a lehen bilgunean muntatua dagoela, ez dakit merezi duen, oinez jaisteko asmoa ez badugu behintzat.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (53 m) eta 2ºL: III+ (7 m). Bidea ekipatua dago eta 14 express zinta beharko ditugu. Bi bilguneak bi paraboltez osatuak dauden bitartean, lehenak bakarrik dauka altzairuzko uztai bat bertatik rappela egin ahal izateko.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Tiebas herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik gora doan harrizko pista hartu eta “Plaka” sektorera doan bidea hartuko dugu. Sektore honetara iristean ezkerrera doan bidea jarraituko dugu, “Zilindro”, "Kobra", "Elefante txikia" eta "Elefante handiaren" azpitik pasa ondoren "Muskerra" eta "Sugandilara" iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 15-20 minutu inguru pasako ditugu.
- Jaitsiera: Lehen bilgunetik rappel bat eginez. Kontuz rappel hau egiterakoan. Ezproiaren ezkerreko belar-arrailatik gertuen mantentzea da egokiena, ezkerreko kanalera jaitsi gabe. Jaisteko beste modu bat Orraun mendira doan ohiko bidetik jaistea da. Honetarako gailurretik zuzen jarraitu eta hegoaldera joko dugu bidexka honekin bat eginez.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 14 express zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogei minutu eskas.

"MUSKERRA"

- Luzera: 70 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (50 m) eta 2ºL: IV (20 m). Bidea ekipatua dago eta 7 express zinta beharko ditugu. Bi bilguneak bi paraboltez osatuak dauden bitartean, bigarrenak bi paraboltak altzairuzko uztaia duen kate batez lotuak ditu, bertatik rappel bat egin ahal izateko.
- Jaitsiera: Rappel bat eginez ezproiaren ezker (hegoaldeko) hormatik jaitsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 7 express zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berroegita bost minutu.

BIDEEN KROKISAK

Bideen nondik norakoak


Sugandilaren krokis zehatza.


Muskerraren krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Etxegarate mendatean behera zaparrada batek hartu gintuen. Araba aldera begiratu eta zerua beltz ikusi ondoren, Ziordia eta Eginoko aukerak baztertu, A-15 errepidea hartu eta Uharte aldera jo genuen.

Hegoaldeko noranzkoan joan arren euriaren indarrak ez zuen behera egiten. Aiztondo eskola euri tantez estalitako kotxearen leihotik tristuraz begiratu eta aurrera jarraitu genuen: “ea Biaizpen ze egualdi daun”. Irurtzunen ere ez genuen zorterik izan eta, hegoalderako ihesaldian, Iruñara zuzendu ginen. “Vaya por Dios, hemen ere ebie!!!” esan nion Asierri Zuhastiko zerbitzu gunera iritsi ginenean.

Iruñaren hegoaldean ostarte zabalak ikusi genituen: “ta Peñarteara juten bagea?” proposatu zidan Asierrek, “hango lagartija, lagarto ta elefantea aspalditio eskalatzeko gogokin nau”. Iruñan izanda galtzeko ezer ez genuenez, bitan pentsatu gabe Noainen A-15 autopista utzi, N-121 errepidea hartu eta, Itziri nora gindoazen esan ondoren, Peñarteara zuzendu ginen.

Peñartearen aparkalekua putzuz betea eta arroilaren bi aldeetako “El Portillo” eta “Plaka” sektoreetako hormak bustiak zeuden. “Behin hemen garela sikiera kamara hartu ta paseotxo bat eman dezakeu paretak nola daren ikusi ta argazki batzuk itteko” esan nion Asierri. Motxilak kotxean utzi eta, argazki kamera eskuan, arroilan gora doan pistan hasi ginen.

Aparkalekutik egindako argazkia. Ezkerreko horma "El Portillo" sektorea da, eskuinekoa aldiz "Plaka". Parean "Sugandila", "Muskerra" eta "Elefante Handia", "Elefante Txikia" ikusi daitezke.


"Sugandila", "Muskerra", "Elefante Handia" eta "Elefante Txikia" gertuago.


“Pacha” eta “Orraun” sektoreetara doan bidexkaraino hurbildu eta “Sugandila”, “Muskerra” eta “Elefantea” osatzen duten hormatzarrari argazki batzuk egin nizkion. “Han emateo harrie sekoa daula, gutxiñez eztie txorrerak ikusten” esan zidan Asierrek. “Igual hobena deu trastek hartu ta bertaño jutea” erantzun nion, “pareta bustie daula? Motxilakin paseo bat ingo deu. Pareta sekoa daula? Eskalau ingo deu”. Erabakia hartuta, kotxera itzuli, motxilak hartu eta zerutik han eta hemen erortzen ziren euri tanten artean martxan jarri ginen.

Kotxera bidean, parean "Plaka" sektorea.


Arroilean sartu eta bereheala pistaren eskuinean dagoen zabalgunetxoan gora doan bidexka hartu genuen, “Plaka” sektorera doana, hain zuzen ere.

Pista uzten den lekuan.


Bidexka nabaria da eta galtzeko arriskurik ez dauka. “Plaka” sektorea eskuinean genuenean ezkerrera jo eta “Zilindroa” (“Cilindro”) lehenik eta "Kobra” (“La Cobra”) sektorea ondoren eskuinean utzi genituen. Hurbilketa lasai hartu genuen, minutuak pasatzearekin batera zerua argituko zenaren itxaropenean. Berehala “Elefante Txikia” eta "Elefante Handira" iritsi eta honen atzetik “Muskerra” (“Lagarto”) eta “Sugandila” (“Lagartija”), etorri ziren, gure lehen helburua.

"Elefante Handiaren" azpitik pasatzen.


Argazki honetan hurbilketan gutxi gora behera jarraitutako bidea eta zeharkatzen diren sektore ezberdinak ikusi daitezke.


Zerua zertxobait argitzen hasita bazegoen ere, bidean zeharkatutako ezpel arteko pasagune bustien ondorioz blai eginda iritsi ginen. Hormara hurbildu eta lehorra zegoela iruditu zitzaigun, segurtasunez eskalatzeko aukera emanez. “Nahibazu ni hasiko naiz, ondo?” eskatu zidan Asierrek. “Buenooo, iñungo arazoik gabe” erantzun nion.

Motxilatik express-zinta guztiak eta zinta-uztai pare bat hartu ondoren “Sugandila” eskalatzen hasi zen.

Materiala prestatzen. Puntu gorriz, lehen luzearen nondik norakoak.


“SUGANDILA” edo “LAGARTIJA”

- Lehenengo luzea, 53 metro, IV+. Lehenengo luzea ezproiaren ertzetik doa. Lehenengo paraboltak ertzaren ezkerraldean daude, zuhaixka txiki batzuen ondoan.

Zuhaixka txikien parean.


Hasierako metroak bertikal xamarrak dira (IV+) eta Asierrek patxadaz hartu zituen. Lurretik aldenduz, sokari metroak irabazten zizkion luzeko paraboltak bata bestearen atzetik “txapatuz”: “Harrie ez da txarra baña ezta ona ere” esan zidan, “bloke batzuk eztue ematen oso seguru daudenik ta beste askok hots huekoa itteue”. “Beharbada horregatio eongoie hainbeste parabolt jarrita” erantzun nion.

Luzearen erdian.


Luzearen erdian zegoenean euri tantak maizago erortzen hasi ziren: “baukezu parabolten baten aseguratzea?” galdetu nion, “hola zapatilak motxila azpin ez bustitzeko satukoittut”. Asierrek gertuen zuen paraboltetik daysi chain zintarren muturreko segurtasun mosketoia pasatu eta aseguratua zegoela esan zidanean, korrika batean Reversoa askatu, zapatilak eurigatik babestu eta Reversoa arnesera berriro lotu nuen. “Listooo!!!” bota nion.

Lehen luzea erdira arte gutxi gora behera IV+ zailtasunaren baitan dagoen bitartean, erditik gora ezproia zertxobait etzaten da zailtasuna IV mailaren baitan kokatuz. Bilgunera iristeko, ezproiaren ertzetik ezkerrera pasatu eta metro pare bateko zeharkalditxo horizontala egin zuen (III). “Expressik gabe geldittu naiz” esan zidan bilgunea muntatu zuenean, “Azkeneko bi paraboltak seguridadeko mosketoiekin aseguratuittut”.

Lehen bilgunean...


... Gertuago...


Lehen luzearen zaitasun maila oso ondo jarrita daukala iruditu zitzaidan baina, Asierrek ohartu zidan moduan, hainbat lekuetako harkaitzak ez du erabateko konfiantzarik ematen, izan ere, bilgunera iristear nengoela, nahigabe, helduleku bateko harri bat bota nuen.

Luzearen lehen metroetan.


Eskuak baino oinak non jarri begiratzen.


Gertuago...


- Bigarren luzea, 7 metro, III+. Azken bi paraboltetan jarritako segurtasunezko mosketoiak itzuli eta bilgunetik bertatik lehen express-zinta pasatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunearen gaineko hormatxoa eskalatzen hasi eta, lehen aukera izan nuenean, ertzera pasatu nintzen (III+). Ertzean metro erraz batzuk eskalatu ondoren (III) zinta zahar batek lotutako bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen. Metro hauetan guztietan ez nuen paraboltik topatu.

Hormatxoa eskalatu ondoren, bilgunetik gertu.


Lehen bilgunea hormatxoaren gainetik ikusita.


Eskuinera begiratu eta “Muskerra”-ren gailurra parez pare nuen. Bertatik putre batek hegaldia lasaitasun osoz hasten zuen bitartean, beste putre bat geldirik gelditu zen eskalatzaileak ikustera ohitua izango balitz bezala: “hortio etorriko zaio Putre Haitz izena” pentsatu nuen.

"Muskerra"-ren gailurra, bertan putre pare bat ikusi daiteke.


“Sugandila”-ren gailurrean ez nengoela ikusita, bilgunetik aurrera metro erraz batzuk oinez jarraitu eta eskaladatxo erraz baten ondoren (II) punturik altuenera iritsi nintzen.

Bigarren bilgunetik "Sugandilaren" gailurrera jarraitutako bidea.


Hasiera batean bertako zuhaitzetako batean bilgunea muntatzear izan arren, azkenean zentzuzkoena Asier zegoen bilgunera itzuli eta bertatik rappel bat egitea zela erabaki nuen.

“Hemen aukera bakarra mailoi bat eta bi paraboltak lotuz zinta bat uztea deu” esan nion Asierri bigarren bilgunetik. “baña onena zu zaren lekura destrepau ta bertatio rappelatzea izangoa”. Sokak, gainetik izateak duen efektu psikologikoagatik, bilguneko zinta zaharretik pasatu nituen, zintak erorketa bat jasango ez zuela jakinda. Eskalatutako metroak pixkanaka eskuak erabiliz jaitsi eta lehen bilgunera itzuli nintzen.

Bigarren bilgunea.


Rappela muntatu eta, “Sugandila”-ren ezkerreko kanaleko zuhaixka eta sokekin borroka bizia mantendu ondoren, rappel bakarrean motxilak utzitako lekura itzuli nintzen. Asierrek rappela ezproiaren ezkerreko belar arrail estutik gertu mantenduz egin zuen modu garbi eta itxurosogoan lurrera itzuliz.

Asier "Sugandila" rappelatzen.


“Bueno, lenengoa poltsikora, goazen lagarton bila” esan nion. Trasteak jaso, oraindik bustiak zeuden zapatilak jantzi eta “Muskerra”-ren oinera zuzendu ginen. Konturatu gabe ordurako ostarteak irekitzen joan eta eguzkiak bazterrak berotzen hasita zegoen: “Goizen zeñek esango zigun azkenen eguzkitako krema ematen bukauko genula, jejeje” esan nion Asierri eguzkitako krema ateratzearekin batera.

Zapatila eta galtzerdiak eguzkitan zegoen harkaitz handi baten gainean lehortzen utzi eta, express-zinta guztiak hartuz, eskalatzen hasi nintzen.

"Muskerraren" lehen luzearen nondik norakoak.


“MUSKERRA”, “PUTRE HAITZ” edo “LAGARTO”

- Lehenengo luzea, 50 metro, IV+. Ohiko bidea ezproiaren ertzetik doan bidea da. Ertzetik gertu, bere ezkerretik beste parabolt ilara bat ikusi daiteke. Bide hau “una cara que nunca volveré a ver” bidea da, V+/6a zailtasunaren baitan dagoen luzea, ohiko bidearekin lehen bilgunean bat egiten duena.

Gorriz ohiko bidearen paraboltak, urdinez "una cara que nunca volveré a ver" bidearen lehen parabolta.


“Gu klasikoa ittea etorri gea, ezta? Jejeje” bota nion Asierri irribarre maltzur batekin. Lehen metro erraz batzuen ondoren (IV), sabaitxo bat eskalatu ondoren horma azpitik dirudiena baino bertikalago jarraitzen du zailtasuna puntu bat igoz.

Harkaitz-plaka bertikalean gora.


Nahiz eta gidek IV+ zailtasuna duela esan, gure ustez V zailtasuna duela esateak ez dio kalterik egiten. Internet-en irakurritako kronikaren batean 5c inguruan ere izan daitekeela iradokitzen duten arren, nire ustez V zailtasuna duela esatea ondo legoke.

“Sugandila”-ren parabolten gertutasunera ohituta, lehen luze honetan parabolten arteko tartea luzeagoa da, estutzen hasten zarenean parabolt bat azalduz, izan ere luze osoan zazpi parabolt topatuko ditugu. Heldulekuak ez dira txarrak eta estutu behar izan nuen lekuren batean helduleku onenak non dauden ongi begiratu behar izan nuen.

Estutzeko pasabideetako batean.


Hasiera batean uste nuena baino gehiago estutu eta luzearen azken metroetan zailtasuna zertxobait jaitsi ondoren, amildegira zintzilikatutako bilgunera iritsi nintzen.

Lehen bilgunean.


Lehen luzea azpitik ikusita, hasierako sabaitxoa ongi ikusi daiteke.


Asier eskalatzen hasteko prestatzen.


“Ostia, bertikala, eh?” bota nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Bai, bestea espoloi itxura gehio dauke, hau gehio pareta da” erantzun zidan. Hemengo harkaitza “Sugandila”-rena baino hobea zela iruditu zitzaigun eta, esan bezala, zailtasun aldetik zailagoa.

“Hurrengo luzen kontuz ibili, goien igual putrek ibiliko dielako” ohartu nuen “Sugandila”-ren gailurretik ikusitako putreak buruan. “Ondo dau jakittea” erantzun zidan.

- Bigarren luzea, 20 metro, IV. Asierri soberan nituen express-zintak pasatu eta bilgunearen ezkerretik jarraitu zuen metro batzuetara dagoen paraboltera zuzenduz (III+). Bilgunea eta lehen paraboltaren arten, express zinta bat pasatu nahi bada, uztaidun iltze zahar bat dago. Egia esan, bide osoan zehar iltze zaharrak ikusi daitezke, gehienak jarritako paraboltetatik oso gertu.

Bigarren luzearen lehen metroak, gorriz paraboltak eta urdinez lehen paraboltaren aurreko iltzea.


Lehen paraboltetik helduleku oneko horma zuzen eskalatuz jarraitu zuen (IV) hormaren gainera iritsiz. “Hemendio aurrea arista antzeko bat dau” esan zidan.

Horma eskalatu ondoren.


Lehen bilgunea hormaren ondorengo harkaitz-plaka inklinatuaren gainetik ikusita.


Harkaitz-plaka inklinatu bat lehenik (III+) eta etzana den ertzetik (II-III) ondoren jarraitu zuen gailurraren azpian kokatutako bilgunera iritsiz. Ertza honetan paraboltik ez egon arren, bi iltze zahar topatuko ditugu.

Bilgunean express-zinta bat pasatu eta 2-3 metro gehiago eskalatu ondoren (II), “Muskerra”-ren gailurrera igo zen: “Putreik ba al dau?” galdetu nion. “Ez” erantzun zidan. Bilgunera itzuli eta muntatu zuen.

Bigarren luzea motza izan arren ederra iruditu zitzaidan, lehenengoa baino errazagoa.

Harkaitz-plaka inklinatuaren amaieran, ertza eskalatzen jarraitu aurretik.


Bigarren bilgunean.


Bilgunera iritsi eta gailurrera igotzearen tentaldiari ezin izan nion eutsi. Gailurrean zutitzen hasi nintzenean parean putre bat ikusi nuen, “Sugandila”-n nengoela hegan hasi ez zen putre bera. “Ostia Asier, hemen putre bat dau, jejeje” bota nion irribarretsu. “No jodas, etzea ba adarra jotzen aittuko?” erantzun zidan. Putreari argazki batzuk egin eta bilgunera itzuli nintzenean Asier gailurrera berriro igo zen. “Joer, ba lehen eztet ikusi” esan zidan, “burue hain txurie izanda kumea izangoa”. “Ba kumea izateko tamaña earra dauke” erantzun nion.

"Muskerraren" gailurreko putrea.


Bilgunera itzuli eta rappela muntatu ondoren Asierrek bilgunea utzi zuen. Rappel bakarrean biok lurrera itzuli ginen.

Rappelaren hasieran, bigarren bilgunea ikusi daiteke.


Rappela azpitik ikusita.


Erlojua begiratu eta etxera bazkaltzera iritsi nahiez gero “Elefantea” eskalatzeko denborarik izango ez genuela baieztatu genuenean, traste guztiak jaso, eguzkiak lehortutako zapatila eta galtzerdiak jantzi eta beherako bidea hartu genuen, goibel esnatu zen egunari amaiera eguzkitsu eta borobila emanez.

"Muskerrari" azken begirada. Asierrek esan zidan moduan, muskerra baino itsasoko iguanaren antza gehiagoa dauka.


Peñarteari azken begirada, itzuliko gara.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina