Abuztuaren erdialdean udako burutapen zoro horietako bat izan nuen: Lekanda eta Aldamingo ekialdeko gandorrak eskalatu ondoren, Gorbeiara igotzea. Oso luzea (eta aspergarria ere, zergatik ez, jejeje) izan ziteken kronika ekidin nahian, ibilbide osoa bi kroniketan banatzea erabaki nuen, alde batetik Lekandako ekialdeko gandorraren eskalada eta bestetik Aldamingo ekialdeko gandorraren eskalada eta Gorbeiako igoera azalduz. Modu honetan, bi kronikak bi ibilbide independiente bezala jarraitzeko aukera dago, ibilbide osoa bitan banatuz.
Hala ere, ibilbidearen azalpen orokorrean ibilbide osoari erreferentzia egingo diot.
Espero dut irakurlea ez nahastea.
IBILBIDEA
Ibilbidea Pagomakurren (880 metro) hasi genuen. Bertako pista jarraitu eta, malda gogor bat igo ondoren, zementuzko ubide baten ondoren, zelaian gora hasi ginen haitzen arteko bi pasabide zeharkatu eta Lekandako ekialdeko gandorraren oinera iristeko. Gandorra eskalatu ondoren (IIIko zailtasuneko pasabide isolatu batzuk), hego-mendebaldeko gandorretik jaitsi eta, Igelarantz pasabidea zeharkatu ondoren, Arrabako larretara jaitsi ginen Gorbeiara doan ohiko bidearekin bat eginez. Puntu honetan ibilbide hau murriztu daiteke Pagomakurrera itzuliz. Lekandako ekialdeko gandorra eskalatu gabe Pagomakurretik puntu honetara zuzenean oinez igotzen bagara ere ibilbidea murriztuko dugu.
Gorbeiara doan ohiko bidea jarraituz, Aldamiñapera doan GR-282 bidearen bidegurutzeko indikazio-postera iritsitakoan, bidea utzi eta zelaian gora hasi ginen Aldamingo ipar hormatik ahalik eta gertuen mantenduz. Ipar hormaren oineko harritzak goiko ertzetik alderik alde zeharkatu ondoren Aldamingo ekialdeko gandorrera iritsi ginen. Hemendik gora gandorraren ertzetik ahalik eta gehien jarraitu genuen IIIko eskaladatxo isolatuaren ondoren gailurrera iritsiz.
Aldaminetik Aldamiñospe lepora jaitsi eta malda gogor baten ondoren Gorbeiara iritsi ginen.
Jaitsiera Gorbeiatik Pagomakurrera doan ohiko bidetik egin genuen.
Argazki honetan jarraitutako ibilbidea ikusi daiteke: puntu zuriz Aldamingo ekialdeko gandorrera eta Aldamindik Gorbeiara arteko bidea, puntu gorriz gandorraren eskalada eta puntu urdinez jaitsieran jarraitutako bidea.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
Hasieran esan bezala, ibilbide osoak Lekanda eta Aldamingo ekialdeko gandorrak eta Gorbeiako igoera lotzen ditu, honegatik datuak eta "track"-a ibilbide honi buruzkoak dira.
- Luzera: 15,2 kilometro.
- Punturik baxuena: Pagomakurre, 880 metro.
- Punturik altuena: Gorbeia, 1.482 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 3.
- Ura: Pagomakurren iturria dago.
- Zailtasuna: Gandorraren ertzetik joaten bagara gehinez IIIko zailtasuneko pasabide isolatuak topatuko ditugu. Dena den, pasabide eta zailtasun guztiak ekidin daitezke.
- Eramandako materiala: Ez genuen ezer eraman. Dena den, II/IIIko eskaladatxoak egiteko erraztasunik ez badago soka edo kordel bat eta express-zinta batzuk eraman daitezke pausu zailenak aseguratu ahal izateko. Nahiz eta harkaitza orokorrean trinkoa izan, kaskoa eramatea ere gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora:Lau ordu eta erdi pasatxo.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
Lekandako ekialdeko gandorra eskalatu ondoren, Igelarantz pasabidea (Arrabatxuko atea bezala ere ezaguna) igaro, Lekandako lapiaz eremua atzean utzi, eta Arrabaraino iristen diren zelai-maldetako belar gozo eta biguna zapaltzen hasi ginenean oinek atseden hartu zuten. Harkaitzean itsatsitako hezetasunaren eraginez Lekandako jaitsiera ez zen lasaia izan. Orain erdi korrika zelaian behera inongo kezkarik gabe gindoazen, non zapaltzen genuen begiratu gabe.
Arrabara jaisten, zuriz jarraitu genuen bidea eta urdinez Pagomakurretik datorrena, jaitsieran jarraituko genuena.
Arrabara goizeko bederatziak eta hogeietan iritsi ginen, Pagomakurretik atera eta ordu eta erdi pasatxora. Aurretik bidea luzea genuela jakinda abiadura moteldu eta hidratatzeko aprobetxatu genuen. Atzera begiratu eta orain arte jarraitutako bideari begiratu ondoren, begirada Aldamin eta Gorbeia mendietara zuzendu zen, hurrengo helburuetara.
Atzera begirada. Urdinez Lekanda eta Igelarantz pasabidearen arteko bidea, zuriz Arraban zehar jarraitutakoa eta orlegiz Pagomakurretik datorrena, jaitsieran jarraituko genuena. Guk egindako ibilbidea laburtu nahi bada, puntu zuriak orlegiekin elkartzen diren lekuan beherako bidea hartzea besterik ez dago.
Eguneko lehen mendizaleak Arraba zeharkatzen ari ginela ikusi genituen. Harrigarria bada ere, orain arte medizalerik ikusi gabe geunden, ahuntzak eta zaldiak bidelagun bakartzat izanez.
Angel de Sopeña aterpea atzean utzita, hegoekialdera doan bide gozo eta nabaria jarraituz, gure oinak "Bide barria" adierazten duen indikazio-poste batera zuzendu ziren.
"Bide barria" idatzitako indikazio-postera iristen.
Eguzkia goizeko freskotasuna zartagian jarritako gurin pusketa baten moduan desegiten hasita zegoen, poliki-poliki, konturatu gabe, giroa berotuz: "eguzkitako krema ematea geldittu behar naiz" esan zidan Asierrek indikazio-postearen oinean motxila utziz. "Bai, hobe deu oain ematea ze geo aristan ezkea akordauko" erantzun nion. Krema ematen ari ginen bitartean ordua begiratzeko aprobetxatu nuen: "joer, denboraz earki goaz" esan nion, "pentsatzenun polikigo ibiliko giñela".
Igurtzitako sagarraren moduan kremaren eraginez distiratsu, motxilak bizkarreratu eta ibilbidearekin jarraitu genuen.
Bideak Gaztarrieta mendia iparretik inguratu eta Egiriñao kokatutako pagadira zuzentzen da. Pagadia baino 50 metro lehenago indikazio-poste berri batera iritsi ginen.
Gaztarrieta iparretik inguratu ondoren. Argazkian bigarren indikazio-postea ikusi daiteke. Zuriz, igoeran jarraitu genuen bidea, urdinez aldiz, jaitsierakoa.
09:35. Indikazio-postea, 1.100 metro inguru. "Hemen Aldamiñape jartzeon lekualdea jun beharren gare" esan nion Asierri Gotzonen azalpenak gogoan nituela. Bitan pentsatu gabe orain arte jarraitutako bidea utzi eta, Aldamiñapera doan GR-282 bidea jarraitu gabe, bidetik kanpo zelaian gora hasi ginen gure eskuinean harritza bat utzita.
Indikazio postearen ondoan eta hemendik gora jarraitutako bidea.
Zelaian gora.
Bakardadean berriro ere. Hori izan zen Gorbeiara doan ohiko bidea utzi genuenean sentitu genuena. Bakardadea gustuko ez duena ere badago noski, baina gustuko dugunoi mendian bake sentsazioa eman eta zentzuak nolabait irekitzen dizkigu mendia bere osotasunean sentituz: oinen azpian lurraren biguntasun eta harriaren gogortasuna, belarraren usain freskoa, txorien kantuak eta inguratzen gaituen edertasuna ikusteko aukera.
Zelai-maldaren amaierako lepo antzekora iritsi eta pareko horma bertikala bere ezkerretik (ibilbidearen noranzkoan) inguratu genuen erdi nabaria den xenda estu batean behera jarraituz.
Horma berkikalera iristen.
Horma inguratu ondoren Aldamaningo ipar horma ikusgarriaren oinera iritsi ginen. Hasiera batean zuzen jarraitu eta parean genituen harritzak oinetik zeharkatzera tentatuak izan bagina ere orain arteko xendatik jarraitzea erabaki genuen maldan gora hasiz. Metro batzuk irabazi ondoren, xenda eskuinean utzi eta lehen harritzaren ertzean dauden pago batzuetara zuzendu ginen.
Argazki honetan horma bertikaletik aurrera jarraitutako bidea ikusi daiteke.
Hemendik aurrera, zeharkaldia azkar eta erosoagoa egiteko, Aldamingo ipar hormako harritza handiak goiko ertzetik zeharkatzea erabaki genuen, ardien joan etorriek nabarmentzen hasitako bidexka jarraituz.
Lehen harritza zeharkatu ondoren jarraitutako bidea, atzean Lekanda.
Bigarren harritzaren zeharkaldia eta honen ondoren jarraitutako bidea.
Ezinbestean Aldamingo ipar hormari begira gindoazen, bertatik igotzeko zirrikituen bila: "hortio negun kanaltxo interesgarrin bat badau" esan nion Asierri. "Bai, mendiak-en irakurritauket" erantzun zidan. "Egie esan eztauke pinta txarrik, lastima etxetio hain urruti gelditzea". Ez dakit egunen batean Gorbeiara negu giroan etorriko naizen baina ipar horma hau eskalatzeko gogo biziarekin etorriko naizela argi daukat.
Bigarren harritza atzean utzi genuenean berriro ere zelaian gora hasi ginen ardi eta zaldiek zabaldutako bidexketako bat jarraitu eta ekialdeko gandorretik zintzilikatutako haitz handi batzuekin topo egin arte: "Ze ingo deu, harkaitzen goitio edo azpitio hasi?" galdetu nion Asierri. Hasiera batean zalantzan izan ginen arren, azkenean haitzen azpitik hastea erabaki genuen: "bazpare gehiegi igotzen bagea".
Ekialdeko gandorrera hurbiltzen. Argazkian azpitik inguratu genituen haitzak ikusi daitezke.Hasiera batean gandorrera harkaitzen gainetik iristea pentsatu genuen.
Haitzen azpira zuzentzen den animalien bidexka jarraitu eta, inongo zailtasunik gabe, gandorrera iritsi ginen.
Haitzen azpiko zeharkaldian eta gandorrera iristeko jarraitutako bidea.
Gandorretik atzera begirada. Zuriz gandorrera arte jarraitutako bidea eta gorriz gandorrean gora egingo genituen lehen metro eta eskalada.
Argazki honetan Gorbeiako ohiko bidea utzi genuen indikazio-postetik aurrerako bidea ikusi daiteke (zuriz) baita ekialdeko gandorraren eskalada (gorriz) ere. Urdinez jaitsierako bidea.
10:05. Gandorraren eskaladaren hasiera, 1.150 metro inguru. Gandorrean ekialdetik zetorren haize leun eta goxoak aurpegia nolabait freskatzen gintuen bitartean, orain arte lasai zeuden muxal eta behor batek, gu ikusteaz beldurtuta edo, pixkanaka aldentzen joan ziren, mesfidati, noizik eta behin atzera begiratuz. Kamera atera eta argazki bat egin nahi izan nienerako urrunduta zeuden.
"Hemendio gora hasiko gea..." galdetu nion Asierri, "...paren daun harkaitz hoi zuzen eskalatzen?". "Bai, al dala ea ertzetio juten gean" erantzun zidan. Motxilaren poltsikoetako batean eskua sartu eta, behatzekin batera eta bestera bila aritu ondoren, barratxo bat topatu nuen. Hozkada pare batean irentsi eta hiruzpalau ur tragorekin urdaileraino bultz egin ondoren gandorrean gora hasi ginen.
Lehenengo metroak oinez bete genituen 3-4 metro inguruko horma bertikaldun harkaitz handi batekin topo egin arte.
Gandorrean egindako lehen metroak eta eskalatutako lehen hormatxoa. Argazkian ikusten den bezala hormatxo hau ezkerretik (hegoaldetik) saihestu daiteke.
Bitan pentsatu gabe hormatxora zuzendu eta bertako helduleku ederren laguntzaz di-da batean eskalatu genuen. Zailtasunaren aldetik ez dugu uste II baino gehiago izango duenik.
Hasierako hormatxoa eskalatzen. Tentea bada ere helduleku ederrak ditu.
Lehen hormatxo hau eskalatuta, gandorra zabaldu eta, harrien artean oinez jarraitu genuen 30-40 metroren ondoren, bigarren hormatxo batekin topo egin genuen.
Hormatxoaren gainetik jarraitutako bidea. Argazkian Miruenaitzaren postontzia ikusi daiteke.
Bigarren hormatxoan, ertzetik ahalik eta gehien mantenduz, 3-4 metroetako eskaladatxo bat egin (II zailtasuna) eta gandorra berriro ere horizontal bihurtzen da. Oinez metro batzuk egin ondoren Miruenaitz mendiaren postontzira iritsi ginen.
Bigarren hormatxoa eskalatzen.
10:10, Miruenaitz, 1.280 metro. Gailurrean argazki bat egiteko denbora apurra hartu eta ia gelditu gabe aurrera jarraitu genuen.
Miruenaitzaren gailurreko postontziaren ondoan.
Gandorraren eskaladarik interesgarrienak hemendik gora hasten direla esatera ausartuko nintzateke. Miruenaitzeko gailurra atzean utzi eta oinez hainbat metroetan jarraitu ondoren hirugarren horma batekin topo egin genuen.
Hirugarren hormara hurbiltzen eta bertan eskalatutako bidea.
Hormatxora hurbildu ginenean hormaren eskuinaldetik eskalatzen hastea bururatu zitzaigun, gure asmoa gandorra bere osotasunean ertzetik eskalatzen jarraitzea baitzen. Halere, hormaren oinera iritsi bezain pronto bertako bertikaltasunak atzera egin eta, 5-6 metro ezkerrago, bide "errazago" batetik (II-II+) eskalatu genuen, helduleku oneko 8-10 metroetako horma tentea: "pena katuk ekarri ez izana, jejeje".
Hormaren ertzean eskalatzeko bide baten bila. Hasieran Asierren eskuinean ikusten den arrail bertikala eskalatzekotan izan bagina ere, azkenean gorriz adierazitako bidetik jarraitu genuen.
Hirugarren horma eskalatuta gandorrak berriro ere horizontal bihurtu eta oinez jarraitu genuen. Orain arte zerura doan eskilara erraldoi bat eskalatzen ari ginenaren sentsazioa genuen: maila bat eskalatu, metro batzuk horizontalean egin, maila bat eskalatu, metro batzuk horizontalean egin... hirugarren tarte horizontalaren ondoren laugarren "maila" batekin topo egin genuen.
Laugarren hormara iristen eta bertan jarraitutako eskalada.
Hemen ere ertzera hurbildu eta oraingoan bertako harkaitz apurtu eta askeak atzera bota zigun. Horma ezkerretik (igoerako noranzkoan) inguratzen hasi eta bi harkaitz handien artean pasabide estu bat ikusi genuen. Bitan pentsatu gabe bertara zuzendu (IIko zailtasuna eta helduleku oneko hormatxo tentea) eta harkaitzen artetik pasatuz hormatxoaren gainera igo ginen.
Harkaitzen arteko pasabidera daraman IIko eskaladatxoan.
Asier harkaitz artetik pasatzen.
Atzera begiratu eta hormatik bereizten den orratz zabal eta ikusgarri batek atentzioa deitu zigun: "pasada bat izan beharrauke holako leku baten argazkie ittea" esan nion Asierri.
Hormaren gainetik atzera begirada, orratz nabaria ikusi daiteke.
"Gotzonek esateun lehen eskalada serioa oain dator" esan nion Asierri aurrean genuen horma seinalatuz. Metro batzuk behera egin eta, bidexka bat jarraituz, hormaren azpian kokatu ginen.
Lehen eskalada serioaren atarian... Argazkian jarrraitutako bidea ikusi daiteke.
Hormak eskalatzeko dituen bi aukerak aztertu genituen: ezkerrean makurtua dirudien tximini nabari bat (II-II+ duena) eta eskuinean iltze eta uztaidun burdinez babestutako horma. Hormatxo honen oinean herdoildutako bi iltzez osatutako bilgunea dago. Bigarren aukera "interesgarriagoa" izan zitekela ikusita ez genuen bitan pentsatu ere egin: "hemendio igoko gea, ez?" bota zidan Asierrek irribarre maltzur batekin.
Bi aukerak baloratzen eta azkenean eskalatuko genuen bidearen nondik norakoak. Asierren gerriaren parean bilgunea dago.
Iltze zaharrez osatutako bilgunea gertuago...
Bilgunea ezkerrean utzi eta Asier horma eskalatzen hasi zen. Helduleku oneko metro bertikal batzuen ondoren (III) belarrez estalitako erlaitz inklinatu bat alderik alde zeharkatu eta, bi harkaitzen arteko pasabide estu eta bertikala eskalatu ondoren hormaren gainera iritsi zen.
Belarrez estalitako erlaitzean. Bideak goian ikusten den orratz itsurako harkaitzaren ezkerreko pasabide estutik jarraitzen du.
"Hemen rapelatzeko malloi bat dauuu!!!" esan zidan hormaren gainetik. "Zemuzkoa iruittu zaizu?" galdetu nion. "Ba, errexa, kanto oso ona dauke" erantzun zidan.
Hormatxo honetako eskalada, erraza bada ere gozatzeko modukoa iruditu zitzaidan, helduleku ederreko eskalada ederra. Lekandako ekialdeko gandorrean gertatu bezala, hemen ere atentzioa deitu zidan horman jarritako iltze eta burdinezko aseguru kopurua.
Irteerako pasabide estuan.
Hormaren gainera igo eta iltze, zinta eta mailloi zahar batez osatutako rappel puntua ikusi nuenean ezinbestean hormaren bestaldera hurbildu nintzen amildegi bat topatuko nuenaren beldurrez.
Rappel puntua.
"Joer ba hemen ere rapela montatzeare" esan nion Asierri hormaren bestaldean horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitz hestua ikusi nuenean. "Lekandan bezela igual hemen neguako jarrita dau" esan zidan Asierrek, "dena den hemendio ez nuke rapelauko, jejeje".
Hormaren bestaldera kontu handiz pasatu eta harriak osatutako erlaitza aprobetxatuz hormatik behera jaitsi ginen (IIko zailtasuna). Pasabide honek zailtasunik ez duen arren ez da komeni bertatik behera erortzea, Aldamingo ipar hormaren zuzeneko ikusmira izan nahi ez bada behintzat, jejeje.
Erlaitzaren zeharkaldian.
Azken metro errazetan.
Hormatik jaitsi ondoren pareko hormaren oinetik ezker-eskuin doan erlaitz eta bidexka jarraitu genuen horma eskalatzeko puntu baten bila. Horma batetik eta bestetik begiratzen aritu ondoren azkenean ertzetik 5-6 metro ezkerrago eskalatzen hasi ginen hormaren gaineko harkaitz handi bat erreferentzia bezala hartuz.
Eguneko seigarren horma eskalatzen.
Eskalada erraza izan arren (II), kontu ibili beharrekoa da, tarteka belar zatiak baitaude. Pentsatzen dut belarra hezea egonez gero arriskutsu izango dela. Hormaren gaineko harkaitz handia eskuinetik (igoerako noranzkoan) inguratu eta hormaren gainera iritsi ginen.
Asier horma eskalatzen. Azpian, rappel puntutik aurrera jarraitutako bidea.
Hormaren gaineko harkaitzaa, eskuinetik (igoerako noranzkoan) inguratu genuena.
Horma eskalatuta, gandorraren ertzetik jarraitzea "kaotiko" xamar bihurtzen da, gandorra ertzetik jarraitu nahi bada, harkaitz-bloke ezberdinak igo eta jaitsiz jarraitu behar baita. Aldamingo gailurrera eramango gintuen azken hormaren oinera arteko tarte hau pazientziaz hartu eta blokeak igo eta jaitsiz jarraitu genuen.
Azken horma arteko zatia eta horma eskalatzeko jarraitutako bidea.
Harkaitz-blokeak atzean utzi eta hormara iritsi aurretik gandorra berriro ere zabaldu egiten da. Oinez metro batzuetan ibili ondoren hormaren oinera iritsi ginen.
Arzera begirada, jarraitutako bidea.
"Orratz bat topatu beharren gare" esan nion Asierri, "bidea orratz txiki baten ezkerretio ta honen gañetio daun diedro batetio dijo ta".
Urrutitik hormaren eraginez ezkutuan gelditzen bada ere, hormaren oinera iritsi ginenean orratz txikia "aurkitu" genuen. Asier hurbildu eta "hemen iltze bat ikustea" esatearekin batera eskalatzen hasi zen.
Azken hormaren oinean eta horma eskalatzeko jarraitutako bidea. Orratza horman kamuflatuta dago, jejeje.
Azken hormaren lehen metroetan, orratza orain ongi ikusten da.
Lehen metroak eskalatu eta orratzaren ondora iritsitakoan (helduleku oneko IIIko pasabide bat) erlaitz txiki bat dago. Bertara iritsi nintzenean Asierrek eskalatzen jarraitzen zuen.
Erlaitz txikira iristen.
Erlaitz txikitik gora 3 metro inguruko helduleku ederreko diedro motza eskalatu eta hormatik atera ginen.
Diedroa eskalatzen, iltze bat ikusi daiteke. Azkeneko horma honetan ere aseguru asko ikusi genuen.
Diedroa eskalatuta, zailtasun guztiak amaituta, Aldamingo gailurrera oinez iritsi ginen.
Azkeneko metro errazetan, atzean Aldamingo gailurrean eraikitako mugarritzarra eta Asierren atzean Lekanda.
10:50, Aldamin, 1.373 metro. Datu kurioso bezala, Aldamin da Bizkaiko lurretan osorik dagoen mendien artean altuena. Gailurrean zegoen mendizale parea beheko bidea hartu zutenean gailurra guretzat bakarrik gelditu zen, orain arteko bakardadea luzatuz. Eskalatzerakoan denboraren nozioa galdu egiten da, buru eta arima aurretik duzun harkaitzaren hurrengo metroetan izaten baita. Telefonoaren erlojua begiratu eta hamaikak hamar gutxi zirela ikusi nuenean harritu egin nintzen, motelago ibiliko ginela kalkulatua nuen eta. "Ta hoi korrikaik ezteulain" esan nion Asierri.
Aldamingo postontziak, atzean Lekanda.
"Buzoietan oaindio notak uzteie?" galdetu zidan Asierrek postontzietako nota ateraz. "Baietz pentsatzet" erantzun nion, "garai baten nota hoik jaso eta mendi soziedadetara bueltatzen ziela ustet, igotako mendin arabera puntuk eman ta urte bukaeran medalla batzuk emateko".
Bakardadean izango ginen azken uneari ahalik eta zukurik handiena atera eta, lehen mendizaleak gailurrera iristearekin batera Aldamingo mugarritzarra utzi genuen: "Bueno, azkenekon bila" esan nion Asierri une honen ondoren.
Aldamingo mugarrian.
Gorbeia Aldamingo gailurretik ikusita.
Aldamin eta Gorbeiaren arteko bideak misterio handirik ez dauka. Gailurraren hegoaldetik Aldamiñospe lepora doan bide nabaria jarraitu eta, lepoa zeharkatu ondoren, hauspoa ederki berotu zigun malda igo ondoren gurutzera iritsi ginen.
Aldamiñospetik gora, aurrean ikusten diren puntu koloredun eta ilun guztiak mendizaleak dira.
11:10, Gorbeia, 1.482 metro. Agur orain arteko bakardadeari!! Gailurra mendizalez betea zegoen eta, iman baten moduan, gurutzeak alde guztietatik mendizale gehiago erakartzen zituen bere baitan bilduz: "joer, hau da jende pila" esan zidan Asierrek, "Txindokin jendea eoteala baña hemen ere...".
Gorbeiako gurutzea.
Gurutzearen oineko Begoñako Ama.
Gurutze eta mendizale taldeetatik metro batzuetara aldendu eta zertxobait jan eta edan genuen. Zerua oskarbi, eguna gehiegi ez berotzeko haize xuabe bat eguzkiarekin borrokan zebilen arren, orduak aurrera egin ahala borroka galduko zuela ziur geunden. Beharbada haizea honen jabe zen baina ahaleginik gabe ezin esan gauzak posible ez direnik.
Pentsamendu hauetan murgilduta argazki batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen.
Gorbeiako gailurrean.
Jaitsiera Pagomakurretik Gorbeiara doan ohiko bidetik egin genuen. Aldamiñospera berriro ere jaitsi eta hemendik ipar-mendebaldera doan bide nabarian behera egin genuen, Egiriñaotik pasatuz.
Aldamiñospera iristen eta hemendik behera jarraitutako bidea.
Minutu batzuk lehenago igotako eskilaratzarra. Argazki honetan azken horma eskalatzeko erreferentzia bezala hartu behar den orratza ikusi daiteke.
Egiriñaon.
Egiriñao kokatutako pagadia atzean utzi ondoren Aldamingo ipar hormaren atea ireki zigun indikazio-postera itzuli ginen.
Indikazio-postera iristen.
Atzera begirada, zuriz jaitsierako bidea.
Indikazio-postea atzean utzi eta ardurarik gabe larratzen ari ziren behor batzuen artetik pasa ondoren gelditu eta atzera begiratu nuen, egindako bidea begiradarekin jarraituz: ipar hormaren zeharkaldia, gandorraren eskalada, Gorbeiako igoera eta bertako jaitsiera. Mendi egun eder batez gozatzeagatik zorioneko nintzen, ezin gehiago eskatu. Argazki pare bat egin eta beherako bidearekin jarraitu genuen.
Gaztarrieta mendiaren inguraketan.
Arrabara iristen, ezkerrean Angel de Sopeña aterpea ikusi daiteke.
Jaitsiera, paradojikoa bada ere, presarik gabe baina arin-arin egin genuen. Ez genuen korrikan egiteko beharrik, ez genuen presarik, mendiaz mendiaz gozatzen ari ginen besterik gabe. Konturatu ginenerako gure parean Pagomakurreko pagadia azaldu eta ibilbideari amaiera eman genion.
Pagomakurren.
12:20, Pagomakurre, 880 metro. Pagomakurren eguzkiak gogoz jotzen zuen, Gorbeiako gailurrean haizeak hasitako borroka galdu zuenaren seinale. Kotxearen leiho guztiak ireki eta, barruko berotasuna alferkeriz irteten zen bitartean, pagoen itzalpeko iturriko ur hotzaz zintzur eta azal freskatu genituen. Motxilan eskua sartu, barruko gauzen artean gel bat "lapurtu" eta edatearekin batera kotxearen motorra martxan jarri genuen, kotxera sartu aurretik Igalirrrintza eta Aranobaltzaren horma bertikalei agur eginez.
Ez dakit Gorbeiara noiz itzuliko naizen, espero dudan bakarra beste hogei urte baino gehiago ez pasatzea da, jejeje.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina