AZKEN 10 SARRERAK

2018/09/10

LARRUNARRI (TXINDOKI), TARTEKO EZPROIA: "EZKUTUA" BIDEA, 130 m, IV+/V. 2018/08/22

Hainbat luzeetako eskaladarekin goierritar askok lehen aldiz kontaktua izandako eskola Larrunarri izan da. Mendebal aurpegiko harkaitzean asko izan gara indarrak neurtu ditugunak, baita ametsak bete ditugunak ere.

Aspalditik uste nuen lerro bertikalez zeharkatutako aurpegi honetan bide berririk irekitzea ez zela posible, honegatik, Euskal Herria Trad blogean “Ezkutua” bidearen berri izan nuenean zeharo harritu nintzen: “Txindokin bide berrie, ekipatu gabe, harroka onen ta gañea IV+? Hoi probau beharren gare”.

“Ezkutua” bidea “Arrastrakulos” kanala eta “Plaka Gorriak” sektorearen arteko ezproi nabarmenean kokatzen da. Bidea ireki zutenen esanetan, izenaren jatorria “ezkutua” hitzaren esanahi bikoitzarekin lotua dago: alde batetik bidea nolabait ezkutuan gelditzen da eta bestetik bigarren luzeko sabaiak ezkutu (gazteleraz “escudo”) itsura dauka.

Abuztuaren 12an bide honi lehen saiakera egin genion. Buenooo, saiakera zerbait esateagatik, krokisa etxean ahaztuta, ez ginelako krokisa interneten aurkitzeko gai izan. Azkenean traste guztiak hartu eta Plaka Gorrietako “Peter Punk” bidea eskalatzen amaitu genuen. Astebete beranduago, egoskorkeriak jota, Asierri bide hau eskalatzeko proposatu nion: “Goizen liatuta nau, atsalden juten bagea?”. Eguraldi sargoritsu eta beroa iragarrita zegoela ikusita, “primeran, bostetan jasoko zaittut” erantzun nion.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Pitu, Lertxun eta Auxkin 2017ko azaroan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (50 m), 2ºL: IV (20 m), 3ºL: IV (35 m) eta 4ºL: II (25 m).
Orientazioa: Hego-mendebaldea. Goizean-goiz joanez gero ia eguerdira arte itzala izango dugu. Hala ere udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ura Larraitzen eta Oria iturrian hartu daitekeen arren, uda aurrera doan heinean Oria iturriko isuria dezente murrizten da, batzuetan lehortzera iritsiz.
- Hurbilketa: Larraitzetik ordu bete pasatxo lasai joanez gero. Bertara hurbiltzeko azalpena hemen irakurri daiteke.
- Jaitsiera: "Arrastakulos" kanaletik. Bustia badago kontuz ibili beharreko jaitsiera da, II zailtasun mailako irtengune pare bat jaisten direlako. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura ordubete pasatxo pasako dugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Camalot 3 eta 4a (edo 3a errepikatuta) eramatea ere gomendagarria izan daiteke. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

Ezproiaren kokalekua eta bertara iristeko (edo bertatik jaisteko) bideak: zuriz, guk jarraitu genuenea eta urdinez "Tximista" bidea.


Ezproia gertuago. Zuriz igoerako bidea, gorriz eskalatutakoa eta urdinez jaitsierako bidea, "Arrastakulos" kanala, alegia.


BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Egun oskarbi eta sargoritsua izan arren, Asier jasotzeko orduaren zain nengoen bitartean, etxeko leihotik Txindoki laino itxi batek pixkanaka biltzen zuela ikusi nuen. Lepoan jarritako bufandaren moduan, noizik eta behin Larrunarriko gailurraren burua besterik ez zen ikusten: “ea harkaitze bustie eztaun” esan nion Asierri kotxean sartu zenean.

Larraitzen gora burdin eta sokaz betetako motxilekin hastearekin batera izerdi patsetan hasi ginen. Haize arrastorik ez zegoen eta eguzkiak gogor eta errukirik gabe jotzen zuen motxilen azpian geroz eta gehiago makurtu araziz. “Tximista” bidera iritsi gabe, bidean zeharkatzen den pinudia atzean utzi eta berehala zelaian gora hasi ginen hurbilketa motzagoa egiteko asmoz. Maldan gora, lurrari begira, Txindokik jantzitako lainozko “bufandari” begiratzen nion bakoitzean izerdi tantetan urtutako eguzkitako krema begietan sartzen zitzaidan, erresumin eta azkura eraginez: “joerrrrrr!!” kexatzen nintzen izerditan blai nuen kamisetarekin begiak lehortzeko gelditzen nintzen bakoitzean.

Laino artean sartu ginenean kremak eragindako malkoek murriztutako ikusmira ahalik eta gehiago murriztu zen, hamar-hamabost metroetara besterik ez. Inguratzen gintuen mundua airean esekitako ur tantetara mugatzen zen, noizik eta behin laino artetik zuhaitz, harkaitz edo zaldi itsurako irudi bat azalduz: “eztakit ba harrie sekoa eongoen” esan zidan Asierrek zalantzaz betea. “Bustie badau, honaño motxilekin igo ta jaixtea entrenamendu earrare izangoa”, erantzun nion animatu nahian.

Bat-batean, laino artean ezerezetik Plaka Gorriak eta honen ezkerrean eskalatu nahi genuen ezproia azaldu ziren. Hauen gainetik, zerua oskarbi zegoela zirudien. Ezproira zuzendu eta honen oinean blai egindako motxilak bota genituen: “Nikie piszina baten sartu izan banitz bezela dauket” esan nion Asierri, “baita nik ere” erantzun zidan kamiseta kendu eta harkaitz batean lehortzeko esperantzarekin utziz. Lainoaren mugan geunden. Tartean ezproia erabat estaltzen zen, tartean garbitu eta zeru urdinaz gozatzeko aukera genuen.

Ezproia lainoz erdi-estalia.


“Gutxiñez harrie sekoa daula emateo” esan zidan Asierrek, “baña ezer ikusibe goraka itsun hastea eztakit ba…”. Lainoak gora edo behera egingo zuen itxaroten, mendian askotan gertatzen den bezala, naturaren azken hitzaren zain gelditu ginen. Krokisa atera eta, ezproia hodeiez garbitu zen une laburretako batean, bidearen erdiko ezkutu itsurako sabai nabaria identifikatzeko kapaz izan ginen: “bueno gutxiñez bakigu noaldea jun beharren gare”.

Lehen luzeko nondik norakoak aztertzen.


Lainoa pixkanaka behera egiten hasi zenean eskalatzen hastea erabaki genuen: “joer, kaskoa eztet ekarri” esan zidan Asierrek motxilatik arnesa atera zuenean. “Ahhhh pajarooo, luze guztik aurretio eskalatzeko truko zaharra” erantzun nion irribarretsu. Kaskoa bisera batengatik ordezkatu eta lainoak berriro ere ezproia ezkutatu zuenetako batean eskalatzen hasi zen.

- Lehenengo luzea, 50 metro, IV+/V. Bidea ezproiaren eskuinaldean (azpitik begiratuta) hasten da, urak harkaitz-plaka inklinatu batean mendeetan higatutako kanal nabari batzuk (“kanalizoak”) eskalatuz. Lehen 4-5 metroak ez dira zailak (III) eta Asierrek oinak “kanalizoen” barruan ongi trabatuz erraz eskalatu zituen.

"Kanalizoak" eskalatzen.


“Kanalizoak” eskalatuta horma etzan eta harkaitz-zubi batean lehen asegurua jarri zuen. Horma etzanean ezkerrera jarraitu zuen (II) bertan dagoen harkaitz zuridun arrail batera zuzenduz. Bertan friend bat trabatu eta goraka zuzen jarraitu zuen (babaresa moduan eskalatu daiteke baina ez da beharrezkoa) harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz (III).

"Kanalizoak" eskalatu ondorengo harkaitz-zubitik zinta-uztai bat pasatzen.


“Hemen puenterroka baten kordino bat jarrita dau” esan zidan. “Bai, kronikan kordino bat ta iltze bat utzi zutela jartzeo” erantzun nion. Harkaitz-zubiko kordeletik express-zinta pasatu eta metro batzuetan eskuin aldera diagonalean eskalatu ondoren, hormaren oinean dagoen arrail zabal edo harkaitz-zulo nabarmen batera iritsi zen.

Luzearen zailtasunak hemendik gora hasten dira, horma tentetzen baita. Harkaitz zulotik gora doan harkaitz-plaka tentean metro pasatxo eskalatu eta, ezkerrera zeharkaldi horizontal bat eginez, bertako arrail inklinatu nabarira iritsi zen (IV).

Hurrengo metroak arrail inklinatu hau eskalatuz egin zituen, arraila asko zabaltzen den puntu batera arte (hemen ere harkaitz-zulo itsura hartzen du). Krokisean lehen bilgunea harkaitz-zulo honetan muntatzen bazuten ere, harkaitz-zuloan 3-ko Camalota trabatu eta Asierrek eskalatzen jarraitzea erabaki zuen.

Arrail inklinatuaren amaieran.


Bigarren harkaitz-zulotik atera eta itsasgarritasunezko pasabidea eskalatu aurretik.


Harkaitz-zuloaren gainetik lehen luzeko (eta bide osoko) pasabiderik gogorrena dator, harkaitz-plaka tente batean eskalatzen den 4-5 metro inguruko itsasgarritasunezko pasabide fina (IV+/V). Harkaitzaren zimur eskasetan oinak (eskuentzat heldulekurik ez dago eta) non jarri ongi begiratu ondoren, “oain kontuz, eh?” esan eta pasabidea poliki eskalatu zuen, gorputzaren pisua oinen artean kontu handiz jarriz. Hiruzpalau pausuen ondoren plakaren gaineko arrailera iritsi zen: “ñooo, paso fiñe, eh?” esan zidan.

Lehen bilgunera iristen.


Arraila jarraituz azken metro batzuk egin eta belar eta harkaitz soltez estalitako erlaitz eroso batera iritsi zen: “reuniónnn!!!”. Bilgunea, artaka-trabagailu eta 4-ko Camalot batekin (eraman genuen bigarrena) muntatu zuen.

Lehen bilgunean, argazkian bigarrenaren nondik norakoak ikusi daitezke.


Lehen bilgunea.


Lehen bilgunetik behera egindako argazki honetan bidearen pasabiderik gogorrena ikusi daiteke.


“Ostia adherentziko pasoa!!” esan nion bilgunera iritsi nintzenean. “Honi ze emateie?” galdetu zidan. Krokisa atera eta “kuarto mas” erantzun nion. “Nei gehio iruittu zait” esan zidan “gutxiñez kinto emateare ez legoke gaizki”. “Neire hala iruittu zait, bazpare krokise ittetenen kinto izan daikela jarrikoet” erantzun nion.

"Kanalizoak" eskalatu ondoren gora egindako argazkia. Ezkerrean harkaitz zuriko arraila ikusi daiteke.


Irekitzaileek utzitako harkaitz-zubi muntatua (kordel gorriarekin). Gorago lehen harkaitz-zuloa ikusi daiteke.


Bigarren harkaitz-zulotik gora egindako argazkia. Irekitzaileek lehen bilgunea hemen muntatu zuten.


Lainoa dagoeneko azpian genuen, bailara osoa estaltzen zuen kotoi itsurako itsaso zuria osatuz. Gure gainetik belatxinga talde bat aurrera eta atzera zebilen bion ikuskizuna ikusteko leku baten bila izango balira bezala. Bilgunera aseguratu, Asierri gainean nuen materiala eman eta, eroso jarri ondoren, eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 20 metro, IV. Bigunetik atera gabe, gorputza luzatu eta irekitzaileek utzitako iltzera iritsi zen.

Bilgunetik ateratzeko prest. Argazkian bide osoko iltze bakarra ikusi daiteke.


Iltzetik express-zinta pasatu eta, goiko sabaira zuzenduz, iltzearen ezkerretik gora doan helduleku oneko arrail bertikala babaresa moduan eskalatzen jarraitu zuen (IV).

Bigarren luzearen nondik norakoak.


Arraila ia amaiera arte eskalatu zuen ezkutu itsurako sabaiaren azpian kokatuz. Bertan friend bat sendo trabatu eta, sabai azpitik, eskuin-ezkerreko zeharkaldi horizontala egin zuen sabaia ezkerretik eskalatuz.

Sabaia azpitik zeharkatu ondoren.


Gertuago...


Sabaiaren gainera iritsi zenean metro batzuetan eskuinera egin eta bi harkaitz-zubi handien laguntzarekin bilgunea erlaitz eroso batean sendo muntatu zuen.

Sabaiaren gainetik lehen bilgunera egindako argazkia.


Lehen bilgunetik bigarrenera egindako argazkia.


Luzea azpitik dirudiena baino errazagoa iruditu zitzaidan.

Sabaiaren azpira iristen.


Sabaia eskalatzeko ez genuen honen ezkerreko diedroaren laguntzarik behar izan eta bertan topatu nituen harkaitz askeak kentzeko aprobetxatu nuen, pasabidea ahalik eta garbien utziz.

Sabaia eskalatzen.


- Hirugarren luzea, 35 metro, IV. “Hemendio gora nundio eskalau zuen?” galdetu zidan. Krokisa begiratu eta gainean ikusten den tximini nabarmen batetik eskalatu zutela iruditu zitzaigun. “Hori bai, harri txarra daula jartzeo” ohartu nion.

Lehen metroak bilgunearen gainetik harkaitz-plaka inklinatu eta sendo bat eskalatuz egin zituen (III) horma bertikal motz batekin topo egin arte. Hormatxoa ezkerretik eskalatu ondoren (III) metro batzuetan gora egin eta tximiniaren azpiko belarrez estalitako erlaitz batera iritsi zen: “bueno, oain arte harrie ez da txarra” esan zidan.

Bigarren bilgunea. Asier lehen ezkerretik eskalatu zuen hormatxo bertikala eskalatu ondoren.


Tximiniaren oinean friend bat trabatu eta eskalatzen jarraitu zuen.

Tximiniara (bere ezkerretik diagonalean gora doana) eramango zuen zeharkalditxoa egin aurretik.


“Kontuzzzz!!!” oihukatu zidan bat batean. Gora begiratu eta harri handi bat horman behera zetorrela ikusi nuen. Bilgunetik 10 metro ingurura pasa ondoren ezproian behera amildu zen, bidean ke eta erre usaina utziz. “Buff!!! Hemen harrik oso suelto dare” esan zidan, “oain eroi dana eskukin ikuttu besteik eztet egin”.

Tximiniaren eskalada oso arriskutsua izan zitekeela ikusita, metro batzuk jaitsi eta tximiniaren ezkerreko hormara zuzendu zen. “Hemen ere harrie ez da bate ona” esan zidan. Azpitik dirudiena baino bertikalagoa den hormari metroak kontu handiz irabazten zihoan bitartean soka poliki ematen nion, edozein momentuan erortzeko arriskuan izango balitz bezala. Reversoari soka zentimetroka janez hormaren gainera iritsi zen (IV) begi bistatik galduz. Hormatik gora 3 metro inguruko diedrotxo bertikala eskalatu (IV) eta ezproiaren gandorrera iritsi zen sendo zirudien harkaitz handi batean bilgunea muntatuz.

Horma bertikaletik ateratzen.


Horma bertikala arteko eskalada ona iruditu zitzaidan, harkaitz onean egiten dena. Horma bertikalaren eskalada aldiz arriskutsua iruditu zitzaidan, sendoak ez diruditen harkaitz handietan gorputzaren pisua kontu eta fede handiz jarri behar den horietakoa.

Horma bertikaletik atera eta diedro azpira iritsi nintzenean urre koloreko argi batek atentzioa deitu zidan. Argia zetorren lekura begiratu eta eguzkia laino-itsasoan urtzen hasita zegoela ikusi nuen. Asierri sokatik eusteko eskatu eta, kamara ateratzearekin batera, presaka eguzkiari azken argazki batzuk egin nizkion. Momentu magiko honek horma bertikalean pasatako urduritasunak astindu zizkidan bake sentsazio batez kutsatuz. Argazki kamera gorde eta diedrotxoa eskalatu ondoren Asierren ondora iritsi nintzen.

Eguzkiaren azken izpiak.


Hirugarren bilgunean. Laugarren luzeak atzean ikusten den gandorra jarraitzen du.


- Laugarren luzea, 25 metro, II. “Argi gutxikin ta hemengo harrie nolakoaen ikusita hobe deu sokakin ittea” esan nion. “Bai, hobe deu” erantzun zidan. Bilgunetik atera eta gandorraren amaiera arteko zatia (II zailtasuna) arin egin zuen tartean friend pare bat trabatuz.

Bilgunetik atera ondorengo lehen harkaitz-blokeak eskalatu ondoren.


Bilgunetik atera nintzenean zeruertza eguzkiak utzitako su koloreko arrasto gorri batez tintatua zegoen. Honen azpitik kotoizko itsasoa, gainetik aldiz, pixkanaka belzten zihoan zerua. Asierrek argazki bat egin eta berarekin elkartu nintzen: “Gutxiñez biatio ezkea gauez atera” esan nion.

Laugarren bilgunera daraman gandorrean zailtasun guztiak amaitu ondoren.


Hemendik aurrera helburua iluntasunak ahalik eta behean harrapatzea izan zen. Traste guztiak azkar-azkar jaso, etxekoak lasaitu eta kopetako argiak buruan genituela “Arrastrakulos” kanalean behera hasi ginen. Bertako bi irtenguneak jaisteko kopetako argiak piztu eta kanalaren oinera iluntasunarekin batera iritsi ginen: “Bueno, zaillena atzen utzi deu” esan nion Asierri zelaian behera hasiz.

Laino artean sartu ginenean tenperatura eta hezetasuna bat batean igo, izerditan hasi eta kopetako argiek ez ziren kapaz lainoa zeharkatzeko. Argiak zuzentzen genituen leku guztietan lainoa besterik ez genuen ikusten, kotxearekin laino artean argi luzeak pizten direnean bizitzen den egoera biziz. Hau gutxi ez balitz, izerdi eta argiak erakarrita, inguruko eltxo eta inurri hegaldunak azal bustian itsatsi eta belarri, sudur eta aho-zulotik sartzen zitzaizkigun, kontzentrazioa galdu, irrist egin eta belar bustian behin eta berriz erori araziz. Atseden galanta hartu genuen lainoa atzean utzi eta Txindokira doan ohiko bidearekin bat egin genuenean!!!

Larraitzera hamarrak eta erdi emanak iritsi ginen. Bertako iturrian azalean itsatsiak genituen azken intsektuak kendu ondoren motxilak kotxe barrura bota eta Larraitz atzean utzi genuen, etxean hartuko genuen merezitako dutxa goxoa buruan genuela.

“Ezkutua” orokorrean gustatu zitzaigun. Lehen bi luzeak ederrak iruditu zitzaizkigun, oso onak, pena hirugarren luzean harria hain txarra izatea. Ez dakit hirugarren luze hau beste nonbaitetik modu seguruago batean eskalatzerik izango den. Hala balitz, bidea Txindokiko klasiko bat izatera deitua dago inongo zalantzarik gabe. Zorionak eta eskerrik asko bidea ireki zuten Pitu, Lertxun eta Auxkini!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina