AZKEN 10 SARRERAK

2018/08/29

LEKANDA (1.309 metro) PAGOMAKURRETIK: EKIALDEKO GANDORRA ESKALATUZ, III. 2018/08/19

Aldamin eta Gorbeia Lekandaren gailurretik.

1.482 metroekin, Gorbeia, Araba eta Bizkaiako mendirik altuena da, bere gailurrak bi probintzien arteko muga zeharkatzen baitu. Gailurrera iristeko zailtasun teknikorik ez duenez, arabar eta bizkaitar mendigoizaleek sarritan igotzen duten mendia da eta, Goierrin Txindokikin gertatzen den moduan, ez dut uste inor igotzen ez den egunik ezagutu duenik.

Gorbeiaren berezitasunik handiena gailurrean duen gurutze puska da. Egungo gurutzea bertan eraikitako hirugarrena da. Lehenengoa 1901 urtean eraiki zen, Leon XII aita santuak mende berria ospatzeko mendi garaienetan gurutze bat jarri behar zela esan ondoren. Gurutze honek 33 metro eta 33 zentimetro zituen, Kristo hil zuteneko adinari erreferentzia eginez. Gurutzea sendo eraikin arren, urtea amaitu baino lehen ekaitz batek bota egin zuen. Bigarren gurutzea, aurrekoa baino hamar metro baxuagoa, 1903ko urriaren 1an inauguratu eta 1906an ekaitz batek berriro ere bota zuen. Egungo gurutzea, 18 metro eta 32 zentimetro dituena, 1907an inauguratu eta oraingoz ez da lurrera bota duen ekaitzik izan.

Goierritarrok ez dugu ohitura handirik izaten Gorbeiara igotzeko. Ez da gertu dugun mendia eta, Aralar eta Aizkorri artean bizi garenez, hemendik ateratzea asko kosta egiten zaigu. Nire kasuan, haur bat besterik ez nintzela, osabaren eskutik Gorbeiara lehen aldiz duela hogeita hamar urte baino gehiago igo nintzen. 2016 urtera arte itxaron behar izan nuen Gorbeiaren gailurrera itzultzeko. Orduan, hamabost egunetan gailurra bi alditan zapaldu nuen, lehenengoa Gorbeia Suzien mendi-lasterketa eta bigarrena Hiru Handiak mendi ibilbidearen eskutik.

Gorbeiara itzultzeko gogoa nuen, baina ez ninduen asko motibatzen "belarrezko aldapa bat besterik igotzea". Internet-en saltseatzen hasi eta Gotzonen blogean Lekanda eta Aldamingo ekialdeko gandorren kronikak topatu eta irakurri ondoren, ideia bat burura etorri zitzaidan: "Eta bi gandorrak egun berean eskalatuz Gorbeiara igotzen banaiz?". Gorbeiako mapa bat erosi eta Gotzonen azalpen zehatzak jarraituz ibilbidea egun berean arazorik gabe egin zitekeela ikusi nuen. Ibilbide osoa, lasai joanez gero, 5-6 orduetan erraz egingo nuela kalkulatu nuen.

MAT-eko whatsapp taldea dantzan jarri eta Asier ibilbide hau egitera animatuko zela erantzun zidan. Gure asmoa ahalik eta arinen joatea zenez, soka, arnes eta kaskoak kotxean utzi eta, mendiko zapatila eta motxila arin batzuk besterik ez genituen hartu, ibilbideari hasiera eta bukaera Pagomakurren emanez.

Oso luzea izan daiteken kronika ekidin nahian, ibilbide osoaren kronika bi zatitan banatzea erabaki dut, alde batetik Lekandako ekialdeko gandorraren eskalada eta bestetik Aldamingo ekialdeko gandorraren eskalada eta Gorbeiako igoera. Hala ere, ibilbidearen azalpen orokorretan ibilbide osoari erreferentzia egingo diot. Irakurlea ez nahastea espero dut.

IBILBIDEA

Ibilbidea Pagomakurren (880 metro) hasi genuen. Bertako pista jarraitu eta, malda gogor bat igo ondoren, zementuzko ubide baten ondoren, zelaian gora hasi ginen haitzen arteko bi pasabide zeharkatu eta Lekandako ekialdeko gandorraren oinera iristeko. Gandorra eskalatu ondoren (IIIko zailtasuneko pasabide isolatu batzuk), hego-mendebaldeko gandorretik jaitsi eta, Igelarantz pasabidea zeharkatu ondoren, Arrabako larretara jaitsi ginen Gorbeiara doan ohiko bidearekin bat egiteko. Puntu honetan ibilbide hau moztu daiteke Pagomakurrera itzuliz.

Aldamiñapera doan GR-282 bidearen bidegurutzeko indikazio postera iritsitakoan, bidea utzi eta zelaian gora hasi ginen Aldamingo ipar hormatik ahalik eta gertuen mantenduz. Ipar hormaren oineko harritzak goiko ertzetik alderik alde zeharkatu ondoren Aldamingo ekialdeko gandorraren oinera iritsi ginen. Hemendik gora gandorraren ertzetik ahalik eta gehien jarraitu genuen IIIko eskaladatxo isolatuaren ondoren gailurrera iritsiz.

Aldaminetik Aldamiñospe lepora jaitsi eta malda gogor baten ondoren Gorbeiara iritsi ginen.

Jaitsiera Gorbeiatik Pagomakurrera doan ohiko bidetik egin genuen.

Lekandako ekialdeko gandorraren krokisa.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

Hasieran esan bezala, ibilbide osoak Lekanda eta Aldamingo ekialdeko gandorrak eta Gorbeiako igoera lotzen ditu, honegatik datuak eta "track"-a ibilbide honi buruzkoak dira.

- Luzera: 15,2 kilometro.
- Punturik baxuena: Pagomakurre, 880 metro.
- Punturik altuena: Gorbeia, 1.482 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 3.
- Ura: Pagomakurren iturria dago.
- Zailtasuna: Gandorraren ertzetik joaten bagara gehinez IIIko zailtasuneko pasabide isolatuak topatuko ditugu. Dena den, pasabide eta zailtasun guztiak ekidin daitezke.
- Eramandako materiala: Ez genuen ezer eraman. Dena den, II/IIIko eskaladatxoak egiteko erraztasunik ez badago soka edo kordel bat eta express-zinta batzuk eraman daitezke pausu zailenak aseguratu ahal izateko. Nahiz eta harkaitza orokorrean trinkoa izan, kaskoa eramatea ere gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora:Lau ordu eta erdi pasatxo.

Bidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc



DESKRIBAPENA

07:45, Pagomakurre, 880 metro. Ordu eta erdiko kotxe bidaiaren ondoren Pagomakurrera iritsi ginen. Hodeien bat bazegoen ere zeruan urdina zen nagusi eta, iragarrita zegoen moduan, egun eder baten atarian geunden. Goiz iritsi arren atentzioa deitu zigun aparkalekuan zegoen kotxe kopurua: "hemen ere jende asko etortzeala" esan zidan Asierrek.

Kotxetik atera eta denbora luzea galdu gabe martxan jarri ginen, lehen orduetako freskotasuna ahalik eta gehien aprobetxatu nahian.

Pagomakurretik ateratzeko prest.


Pagomakurre hegoekialdeko noranzkoan zeharkatu eta pistan gora arin hasi ginen, txalet itsurako aterpe edo etxola batzuk gure eskuinean utziz.

Pagomakurretik gora doan pistan, dagoneko Aldamin eta Gorbeia begi bistan.


Pistak Lekanda ezkerretik (igoerako noranzkoan) inguratzen du. Kotxetik atera eta ordu laurden eskasera, aldapak atseden bat ematen duen leku batean, zementuzko ubide bat zeharkatu eta, pista utziz, zelaian gora hasi ginen, gaineko harkaitz-hormen artean ikusten den pasabide batera zuzenduz.

Zementuzko ubidea zeharkatzen eta hemendik gora jarraitutako bidea. 


Pasabidea argazkian ikusten diren pagoen artean dago.


Zelaian gora hastearekin batera motorra ere berotzen hasi zitzaigun orain arte eramandako abiadura arina lasaituz: "ez gea ba lehen maldan izerditan hasiko, jejeje" bota nion Asierri.

Pagoen arteko pasabidea oinez zeharkatu ondoren bigarren pasabide batera iritsi ginen.

Bigarren pasabidera iristen.


Bigarren pasabidea, lehenengoa bezala, oinez zeharkatu eta, zertxobait ezkerrera (igoerako noranzkoan) egin ondoren, Lekandako ekialdean dagoen lepo nabari batera iritsi ginen.

Lekandako ekialdeko lepora iristen, parean ekialdeko gandorra bere osotasunean ikusi daiteke.


Lepoan metro batzuk ibili ondoren gandorraren oinean duela urte batzuk bertan istripuz hildako Yerairen omenez jarritako plaka eta postontzira iritsi ginen.

Gandorraren oinera iristen. Argazkian ekialdeko gandorraren nondik norakoak azaltzen dira.


Asier plaka eta postontzia jarritako lekuan.


08:15, gandorraren hasiera, 1.155 metro. "Ostia ahuntzek" esan nion Asierri bere parera iritsi nintzenean, "ta gu kaskoik gabe". "Hok daren lekun eztet uste harrik botakoittuenik" erantzun zidan. "Bakizu oain nundio dijon?" galdetu zidan. "Nik ertzetio zuzen jarraittuko nun" erantzun nion, "teorikamente 6-8 metro inguruko tximini antzeko batekin topauko gea".

Bitan pentsatu gabe Yerairen plakatik gora hasi ginen tartean II zailtasuneko eskaladatxo motzak eginez. Metroak irabazten genituen heinean zeharka ahuntzei begiratzen nien nora jotzen zuten ikusiz.

Lehen metroetan ahuntzetatik urrun mantenduz. Argazkian gandorraren lehen zailtasuna ikusi daiteke.


Asier lehen metro errazetan.


Ertzean ahalik eta gehien mantenduz eta zailtasunak bilatuz (gehienez II mailako zailtasuna) metroak arin irabazi genituen sabaidun horma bertikal batekin topo egin arte. Hormaren eskuinean (igoerako noranzkoan) 6-8 metroetako arrail bertikal bat ikusita bertara hurbildu ginen: "hara, hemen iltzek dare" esan zidan Asierrek. "Bai, hau izangoa Gotzonek esaten duen 6-8 metrotako tximinie".

Bitan pentsatu gabe Asierrek arrail/tximini bertikala eskalatzen hasi zen.

Arrail bertikalaren lehen metroetan...


"Zemuzkoa?" galdetu nion. "Politte" erantzun zidan. Arraila eskalatu zuenean eskalatzen hasi nintzen. Arraila azpitik dirudiena baino bertikalagoa den arren, helduleku oso onak ditu, harkaitzaren kalitatearen parekoa. Zailtasunaren aldetik III inguruan egon daitekela esango nuke.

Arrail bertikalean.


Atentzioa deitu zidan arrailean jarritako iltze eta burdinez osatutako aseguru kopurua: "hoik segurasko negun eskalatzeko jarrita eongoie" esan zidan Asierrek gora iritsi nintzean, "ze harkaitzen kranponazok ikusteie".

Arrail bertikala atzean utzita gandorrak ezkerrera jo eta metro batzuetan oinez jarraitu genuen, eskuinean belar-kanal nabari bat duen horma bertikal batekin topo egin genuen arte.

Oinez egiten den zatian eta hemendik gora jarraitu genuen bidea. Eskalatutako hormaren eskuinean belar-kanal nabaria atzeman daiteke.


Gandorraren ertzetik mantenduz eskaladatxo erraz batzuk egin genituen hormaren ezkerreko (igoerako noranzkoan) 4-5 metroetako diedro/tximini bertikal batera zuzenduz. Harkaitz trinkodun eskalada motz (II+) baten ondoren tximiniaren oinean kokatu ginen. Bertatik igotzen hasi ginenean zintadun egurrezko tako zahar bat ikusi genuen,bide onetik joaten ari ginearen seinale.

Diedro/tximini bertikalaren lehen metroetan.


Zintadun egur-takoa.


Diedro/tximini bertikalean.


Diedrotxoa eskalatuta gandorrak metro batzuetan inklinazioa galdu eta oinez jarraitu genuen. Berriro ere gandorraren ertza jarraituz eskaladatxo erraz batzuk egin eta gandorraren amaierara eramango gintuen horma bertikalaren azpian kokatu ginen.

Oinezko zatian.


Gandorraren ertzetik eskaladatxo errazak eginez. Argazkian geroago eskalatzen den sokadun harkaitz-blokea ikusi daiteke.


Azken zailtasunak dituen horma bertikalera iristen. Argazkian jarraitutako bidea ikusi daiteke.


"Hara han goien dau leku guztitan azaltzen den soka fijoa" esan nion Asierri hormaren gainean dagoen harkaitz-bloke nabari bat seinalatuz. Bitan pentsatu gabe horma bertikala eskalatzen hasi (II+ pasabide bat hasieran) eta soka finkodun harkaitz-blokearen oinera iritsi nintzen: "ea zemuzkoa den hau" bota nion Asierri.

Sokadun harkaitz-blokearen ezkerrera pasa eta pasabide bertikal baten ondoren, honen gainekok harkaitzaren azpian kokatu eta iltzeren bat edo beste jarraituz zertxobaik eskuinera jarraitzen duen belarrezko diedrotxo bertikala eskalatu nuen.

Sokadun harkaitz-blokearen ezkerrean pasabide bertikala eskalatzen hasi aurretik.


Pasabide bertikalean lehen pausua ematen.


Asier belardun diedrotxo bertikalaren azken metroetan.


Diedrotxo bertikal hau eskalatu eta, zailtasun guztiak amaituta, gandorra arin-arin jarraitu genuen inongo zailtasunik gabe Lekandako gailurrera iritsiz.

Gandorraren azken metro errazetan.


Atzera begirada.


08:45, Lekanda, 1.309 metro. Arrabako axnagusia edo Axnagusia bezala ere ezaguna den mendi honen gailurreko ikusmirak txunditu ninduen. Zerua garbi zegoen eta Gorbeia eta Aldamingo gailurren azpitik basoak aske utzitako hodei batzuk eguzkiak pixkanaka desegiten zituen bitartean, Arrabako larretatik zaldien zintzarrien oihartzuna iristen zen, gailurrari nolabaiteko ukitu magikoa emanez: "ondoko mendi horta igoko gea?" galdetu zidan Asierrek ondoan ikusten zen zementuzko puntua seinalatuz. "Eztakit ba" erantzun nion, "jundaetorrie azkar ingodeu baña igual gero damutuko gea". Lekandako ipar-mendebaldean dagoen Igalirrintza mendia igotzeko oso tentatuta izan bagina ere, argazki batzuk egin eta, zintzurrak freskatu ondoren, bidearekin jarraitzea erabaki genuen.

Lekanda, 1.309 metro.


Jaitsiera hego-mendebaldeko gandorra jarraituz hasi genuen. Gure hurrengo helburua? Arrabako larretara iristea.

Lehen metroetan jaisten hasi eta harkaitza bustia zegoela ikusi genuen, kontuz ibiltzeko alarmak piztuz.

Hego-mendebaldeko gandorraren lehen metroetan.


Jaitsiera berez ez da zaila baina bai kontuz ibili beharrekoa, lapiaz eremu batean murgilduko garelako. Mota honetako eremuetan gertatzen den moduan, harkaitza bustia badago eta eroriz gero, "aberia" ederra egin daiteke.

Harkaitz heze eta irristakorren gainetik kontu handiz jaisten.


Hasiera batean gandorretik ahalik eta gertuen mantentzen saiatu ginen baina azkenean, mugarri eta xenda bat jarraituz, gandorra gure eskuinean utzi eta, bide seguruago batetik, metroak errazago galdu genituen Lekanda eta Kutxak mendien arteko lepoa osatzen duen Igelarantz pasabidea edo Arrabatxuko atera iritsiz.

09:05, Igelarantz pasabidea, 1.165 metro. Hasiera batean zalantzan izan ginen nondik jarraitu baina lepoan dagoen mugarritik ezkerraldera (jaitsierako noranzkoan) doan bidexka ikusi genuenean ez genuen bitan pentsatu ere egin bidexka jarraitu eta Arrabako larren gainera iritsiz. 

Igelarantz lepoan eta bertatik jarraitutako bidea. Lepoan herrien arteko mugarri bat dago.


Hemendik behera berriro ere oinez bizi-bizi hasi ginen Pagomakurretik Gorbeiara doan ohiko bidearekin bat eginez.

09:20, Arraba, 1.080 metro. Puntu honetan, ibilbidea motzagoa egin nahi bada, Pagomakurrera itzuli daiteke goiz pasa elegante bat eginez.

Arraban. Zuriz jarraitu genuen bidea. Urdinez, Pagomakurrera doana.


Gure kasuan, Aldamingo ekialdeko gandorra eta Gorbeia buru eta gogoan genituenez, aurrera jarraitu genuen.

Arraba pixkanaka behean uzten. Urdinez Lekanda eta Igelarantz pasabidearen arteko bidea, zuriz Arraban zehar jarraitutakoa eta orlegiz Pagomakurretik datorrena, jaitsieran jarraituko genuena. Guk egindako ibilbidea laburtu nahi bada, puntu zuriak orlegiekin elkartzen diren lekuan beherako bidea hartzea besterik ez dago..


Oraindik bidea luzea zegoela jakinda abiadura moteldu eta hidratatzeko aprobetxatu genuen. Atzera begiratu eta orain arte jarraitutako bideari begiratu ondoren, aurrera begiratu eta begirada Aldamin eta Gorbeia mendietara zuzendu zen, hurrengo helburuetara. Ibilbidea nola amaituko zen? Mendi hauen igoeren nondik norakoak hurrengo kronikan kontatuko ditut...

Ibilbide honen bigarren kronika irakurri nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.