AZKEN 10 SARRERAK

2018/10/01

DENT D'ORLU: "TAPAS SANS DALLE" BIDEA, 425 m, 5c+. 2018/08/26

Dent D'Orlu.


Abuztuko opor egunei ahalik eta zukurik handiena ateratzeko asmoz buru eta gogoa Alpeetan jarri arren, azken orduko eguraldi txarrak plan hau bertan behera utzi eta ordezko plan baten bila hasteak behartu gintuen.

Aitortu beharra daukat Asierrek Dent D’Orlu mendira joatea proposatu zidanean honen ingurukorik sekula entzun eta irakurri gabe nengoela: “400 metrotik gorako bidek ta gañea ekipatuk?”. Kasualitatez, bihozkada bat izango balitz bezala, proposamena jasotako egunean Xabier Larretxeak idatzitako “Escaladas en el Pirineo Norte” liburua esku artean nuen. Liburuaren aurkibideari errepaso azkarra eman eta Dent D’Orluko hainbat bideen azalpena ikusi nuen. Bideen nondik norakoak irakurri ondoren ez nuen bitan pentsatu ere egin Asierri baiezkoa emateko.

Frantziako mendebaldeko Pirinioetan, Andorratik gertuko Ariège departamentuan D’Orlu natura-erreserba dago. Euskaldunentzat “kristoetxean” gelditzen den natura-errreserba honetan 2.222 metroetako Dent D’Orlu mendi ikusgarria kokatzen da. Baso guztien gainetik zerura zuzentzen den granitozko hortzaren ekialde eta hego-ekialdeko hormak eskalatzaileen artean preziatuak dira, eskalatzeko bide luze eta ekipatuak baitaude, bakarren bat 1.000 metroetatik gorakoa. Gailurrera doan ohiko bideak ere badu bere xarma eta tontorrera iritsi aurreko maldak hauspoa ederki berotuko digu. Hau gutxi ez bada, harkaitza hezea badago, kontuz igo eta jaisteko bidearen aurrean gaude. Zailtasunak zailtasun, gailurrera iritsitakoan bertako ikusmirak denbora batean eserita egotea behartuko gaitu, inguruko haran eta mendien talaia itzela baita.

Zailtasun ezberdineko eskalada bideak dauden arren, bide errazenek V zailtasunean solturaz eskalatzea eskatuko digute, orokorrean parabolten arteko tartea luzea baita. Eskalada motari dagokionez denetarik dago, diedro, sabai eta itsasgarritasunezko pasabideak nagusituz. Biderik errazenak ekialdeko horman daudenez, aurpegi hau izaten da lehen bisitarako gehienek aukeratzen dutena. Gure kasuan, lehen opor egunerako “Tapas sans dalle” (425 metro, 5c+) bidea eskalatzea erabaki genuen.

DENT D'ORLUREN EKIALDEKO HORMAN ESKALATZEKO KOTXEA NON UTZI

Lehenik eta behin Ax les Thermes herrira iritsi beharko dugu (Euskal Herritik ia bost ordu inguru kotxez), herriaren erdiko biribilgune nabarmenean D-613 bidea (maldan gora doana) hartuz. Ezkerrera doan bihurgune nabarmen batean D-613 errepidea utzi eta Ascou herrira doan D-25 errepidea hartuko dugu. Kotxea uzten den lekuan lo egiteko asmorik badugu, “Le Belvédère” izeneko hostatuaren ondoan (bertan kotxea uzteko aparkaleku txikia dago), errepidearen bazterrean iturri bat topatuko dugu.

D-25 errepidea utzi gabe, Ascou herri gunera doan bidegurutzea ezkerrean utzi eta, La Lauze izeneko urtegia zeharkatuz, honen ekialdeko muturrean kokatutako “Ascou la Forge” kanpinera iritsiko gara.

Kanpinaren parean, eskuinera doan bidegurutzea hartu (kanpinera sartuko bagina bezala) eta basora doan pista nabari bat jarraituko dugu urtegia hegoaldetik inguratuz. 5 kilometro inguruko igoeraren ondoren (topatuko ditugun 2-3 bidegurutzeetan biderik argiena jarraitzea besterik ez da), pista biribilgune itsurako batean amaitzen da. Kotxea bertan utziko dugu.

Kotxea uzten den biribilgunean. Puntu zuriz Dent D'Orlura (atzeko mendia) doan ohiko bidea.


BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude, lehenengo bostak gainera, kate batek lotutako uztaidun bi paraboltez.

- Luzera: 425 metro.
Luze kopurua: 11.
- Nork irekia: Dominique Fourcade eta René Vignolles 1993 urtean.
- Zailtasuna: 5c+. Luzez-luze: 1ºL: IV (40 m), 2ºL: IV+ (35 m), 3ºL: III+ (35 m), 4ºL: IV+ (40 m), 5ºL: IV (40 m), 6ºL: 5b (40 m), 7ºL: 5c+ (45 m), 8ºL: IV (40 m), 9ºL: IV (35 m), 10ºL: III+ (40 m) eta 11ºL: III+ (35 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Leku ezberdinetan hartzeko aukera dago: Ax les Thermes herrian, “Le Belvédère” izeneko hostatuaren ondoko iturrian eta “Ascou la Forge” kanpinean, besteak beste.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik Dent D’Orlu mendira doan ohiko bidea hartuko dugu Brasseil lepora arte. Lepo honetan (indikazio poste bat dago), ohiko bidea utzi eta L’Egue lepora zuzenduko gara, bertatik dagoeneko ekialdeko horma ikusiz. Bidea horma alderik alde horizontalean erdibitzen duen belarrezko erlaitz nabariaren hasieran hasten da, harkaitz baten ondoan. Bidearen hasieran “Tapas sans Dalle” izena idatzita dago. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera lasai joanda ordu eta hogei minutu inguru pasako ditugu.
- Jaitsiera: Dent D’Orlura doan ohiko bidea jarraituz ordu eta laurdenean kotxea utzitako aparkalekura iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, nahiz eta bilguneen artean denbora osoan begi-bistan izango garen.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: hiru ordu eta berrogeita hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Dent D'Orluren ekialdeko hormako bideak, gorriz ekipatutakoak eta orlegiz erdi-ekipatu edota ekipatu gabeak. Puntu zuriz hurbilketa eta jaitsierak, baita gandorrean egiten den zati erraza ere. Bilguneen kokalekua zehaztutako bideak guk eskalatutakoak dira. "Tapas sans Dalle" 16garren bidea da.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Bost ordu eta erdi pasatxoko bidaiaren ondoren, ipurdiko minez eta furgonetaren eserlekuetan postura eroso bat hartu ezinik, aparkalekua kokatzen den biribilgunera iritsi ginen. Lainoak inguruak hartuak zituen zirimiri fin batek bazterrak bustiak mantenduz. Arratsaldeko bostak zirela ikusita, furgonetatik jaitsi, bidaian gogortutako giharrak luzatu eta euritarako zamarrak jantzi ondoren, Brasseil lepora arteko bidean gora hasi ginen, biharamuneko bidea ezagutzeko asmotan.

Bideak mendian sendo errotutako pagadia zeharkatzen du. Pagoen hostoetatik eroritako ur tanta pilatuen euripean igoera lasai hartu genuen, aldapa gogorrean gora. Pagadia atzean uztearekin batera aldapak behera egin eta paisaia zuhaixka, txilar eta belarrak hartzen du. Basoaren babespetik kanpo, lainoa eta mendebaldeko haize hotz eta hezearen menpean gelditu ginen, euritarako zamarrak goraino lotu eta kaputxak ixtera behartuz. Ikuspena ez zen ona, eskerrak mendizaleen joan etorriek ongi zapaldutako bideak galtzeko arriskurik ez duen.

Metroak irabazten genituen heinean laino artean ahotsak entzuten hasi eta pixkanaka laino itxiak forma hartuz joan zen sokada ezberdinak azalduz: “ostia, holako egualdikin jendea eskalatzea etorri da?” bota nion Asierri. Bi sokada kalatalanekin hizketan aritu eta “Les Dalles Blanches” eta “Tapas sans dalle” bideak eskalatu zituztela esan ziguten: “¿y con este tiempo os habéis metido?” galdetu zien Asierrek harrituta. “Al principio no estaba tan malo pero aunque la roca estaba mojada se dejaba hacer” erantzun ziguten. Brasseil lepora iritsi ginenerako, harriduraz, dozena erdi bat sokadekin gurutzatu ginen.

Furgonetara itzulita, arratsaldeak aurrera egin ahala aparkalekua pixkana husten joan zen lau kotxe bakarrik geldituz: “Bueno, bihar asko eongo ez geala emateo” esan zidan Asierrek. Afaldu eta iluntzen hastearekin batera lo-zakuen goxotasunera errenditu ginen.

Alarmak goizeko zazpietan esnatu gintuen. Zerua oskarbi izan arren gauean zehar isuritako euri tantak furgonetaren sabaia jo eta jo aritu ziren, txalaparta monotono bat osatuz: “Ea pareta sekoa daun” esan nion Asierri gosaltzen genuen bitartean. “Granitoa normalen azkar sekatzea ta gaurko eguzkikin eztet uste arazoik izangoanik” erantzun zidan. Gosaldu, ontziak garbitu eta bezperan prestatutako motxilak bizkarretik zintzilikatu ondoren martxan jarri ginen.

Aldapan gora, pagadian dagoen zabalune nabarmena zeharkatzen. Dagonekeo lehen eguzki izpiek Dent D'Orlu mendia argitzen hasita.


Aurretik sokada bakarra abiatu zela jakinda igoera bezperakoa baino lasaiagoa hartu genuen, bideaz gozatu eta, bide batez, onddo beltzaren bat edo beste bilduz: “eskalatzeik ez badeu sikiera onttok hartukoitteu, jejeje” esan zidan Asierrek.

Pagadia atzean utzi ondoren, egun zoragarri baten atarian.


Brasseil lepoko indikazio-postera iritsi ginenean mendian gora jarraitu beharrean ezkerrera (ibilbidearen noranzkoan) maldan behera doan bidea hartu genuen, L’egue lepora doana hain zuzen ere.

Puntu zuriz L'Egue lepora arteko bidea eta urdinez Dent D'Orlura doan ohiko bidea, jaitsieran jarraituko genuena. Borobil zuriaren barruan indikazio-postearen kokalekua.


Brasseil lepoko indikazio postea.


L'Egue lepora hurbiltzen.


L'Egue lepora iritsi bezain pronto Dent D’orluren ekialdeko hormatzarrak aho zabalik utzi gintuen: “joer, hoi da hormatzarraaaa!!”. Bezperan botatako euriaren ondorioz horma ur-arrasto ezberdinez josita zegoen, hormari zebra baten azalaren itsura emanez. Ur-arrastoren bat errekasto bihurtzetik gertu ere bazegoen, jejeje: “ea gure biden sikiera txorreraik eztaun” pentsatu nuen.

Dent D'Orluren ekialdeko horma L'Egue lepotik ikusita.


Bidearen hasiera topatzea ez zen erraza izan. Noraezean dabiltzan galdutako bi turisten moduan hormaren oinean batera eta bestera ibili ondoren, atzetik zetorren bikote katalan batek bidearen hasiera non zegoen esan zigun, horma alderik alde horizontalean erdibitzen duen belarrezko faxa nabariaren hasieran, hain zuzen ere.

Bidearen hasieran eta lehenengo luzeen nondik norakoak. Nire atzetik horma bitan erdibitzen duen belarrezko faxa nabaria ikusi daiteke.


Bidearen oinera iristearekin batera “Tapas san dalle” izena harkaitzean erdi ezabaturik topatu genuen. Xabier Larretxearen liburuari bezperan egindako argazkiak telefonoan begiratu eta lehenengo luzeen nondik norakoak aztertzen hasi ginen: “emateo bigarren luzea txorreran erditio dijola, ez?” galdetu nion Asierri bigarren luzearen hasierako sabaia seinalatuz. “Igual ebitatzeik badau, ta gañea horrea iristeako igual sekatzen hasita eongoa” erantzun zidan.

L'Egue lepotik bidearen oinera arteko bidea. Asier bidearen oinera iristen.


Bidearen hasiera adierazten duen erdi-ezabatutako izena.


Motxilatik traste guztiak atera, eguzkitako krema ongi eman, talkie-ak piztu eta, Asierri keinu egin ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

- Lehengo luzea, 40 metro, 4a. Koska txiki batera igo eta granitozko harkaitz-plaka etzan eta itsaskorra zuzen eskalatzen hasi nintzen (II-III). Lehenengo paraboltera iritsi nintzenean, “Les dalles blanches” bidearen paraboltak eskuinean utzi eta ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu nuen (III). Lehenengo metro hauek guztiak ez zitzaizkidan zailak iruditu eta arreta bakarra bustitako harkaitz zatietan jarri nuen, irristakorrak baitzeuden.

Lehen parabolta atzean utzi ondoren.


Bilgunera iritsi aurretik horma zertxobait tentetu arren helduleku ederrak ditu. Lehorrean arazorik gabe eskalatuko den zati honetan tarte bustiak ahal izan nuen hobekien ekidin (IV) ondoren, sabai nabarmen baten azpitik 5-6 metroetara dagoen bilgunera iritsi nintzen.

Lehen bilgunera iristen.


Lehen bilgunetik beherako ikusmira, ur-arrastoak ikusi daitezke.


Lehen bilgunean, errekasto baten azpian nagoela dirudi.


“Ze iruittu zaizu?” galdetu nion Asierri. “Errexa, ez?” erantzun zidan. “Neire ala iruittu zait, eztakit kuartore emango nion” erantzun nion.

- Bigarren luzea, 35 metro, 4c. “Joer ba bigarren luzea txorreran gañetio dijo” esan nion Asierri etengabe tantaka ari zen sabaiari begira. Sabaitik behera, mihi luze irristakor baten moduan, ur-arrasto nabari bat bilguneraino iristen zen: “ta gañea paraboltak txorreran erdin dare”.

Asier bilgunetik atera eta harkaitz-plaka inklinatua bustitako zatiaren ezker ertzetik eskalatzen hasi zen, paraboltetatik express-zintak pasatzeko ur-arrastoaren gainetik gorputza luzatuz (III). Sabaiaren azpira iritsi zenean halabeharrez harkaitz bustiaren gainean kokatu behar izan zuen: “oain bazpare kontuz, eh?” ohartarazi zidan.

Sabaiaren gaineko paraboltetik sokak pasatu eta, gorputzaren pisua harkaitz bustian jarritako oinetan kontu handiz banatuz, sabaia poliki-poliki eskalatu zuen (IV+). Sabaia eskalatuta, bustitako harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu zuen.

Sabaia eskalatu ondoren.


Zazpigarren paraboltetik aurrera eskuinera zeharkaldi horizontal bat eginez hasi zen (zortzigarren parabolta eskuineko hormatxoan dago), tartean pasabide fin bat eskalatuz. Harkaitz lehorrean misterio handirik izango ez duen zeharkaldi hau arreta handiz eskalatu behar izan genuen, gorputzaren pisua oinen gainean poliki jarriz.

Zeharkaldi horizontalaren ondoren.


Zortzigarren paraboltera iritsi zenean metro batzuetan helduleku ederreko harkaitz-plaka bat zuzen eskalatuz bilgunera iritsi zen.

Bigarren bilgunean.


Lehen bilgunea bigarrenetik ikusita. Luzea zerharkatzen zuen ur-arrasto nabaria ikusi daiteke.


“Eztakit harkaitze bustie zeolako baña hemen zertxobait estutu behar izan det” esan nion. “Baita nik ere” erantzun zidan, “ea hurrengoa zemuzkoaen”.

- Hirugarren luzea, 35 metro, 3c. Luze hau trantsiziozko luzea iruditu zitzaigun. Bilgunetik gora harkaitz-plaka etzan batetik zuzen eskalatzen jarraitu nuen (II-III) pixkanaka eskuinean ikusten den sabai nabarmen batera diagonalean zuzenduz.

Hirugarren luzearen lehen metroetan. Nire eskuinean luzea zuzentzen den sabai nabarmena ikusi daiteke.


Luzean zehar belar bustiz estalitako tarte erraz batzuk zeharkatu behar izan nituen.

Belar artean, atzean luzea zuzentzen den sabai nabarmena.


Bilgunera iritsi aurretik plaka zertxobait tentetu (III+) arren zailtasunik gabe eskalatu nuen. Bilgunea, gainetik dagoen sabai nabaritik 15 metro inguru beherago kokatzen da harkaitzak egiten duen koska baten eskuinean.

Hirugarren bilgunetik bigarrena honela ikusten da.


Hirugarren bilgunera iristen.


“Haure errexa, ez?”. “Bai, lenengo luzen antzekoa” erantzun zidan.

Hirugarren bilgunean, gainean laugarren luzean eskalatzen den sabai nabaria.


- Laugarren luzea, 40 metro, 4c. Asier bilgunetik gora zuzen eskalatzen jarraitu zuen gaineko sabaira zuzenduz (III). Luzea pixkanaka sabaiaren ezkerrera zuzentzen da, bertatik eskalatzen baita.

Sabaiaren azpira iristen.


Sabaiaren azpian kokatu eta, apenas gelditu gabe, sabaia eskalatzeko eskalatu behar diren bi koskak eskalatu zituen (IV+). Laugarren bilgunea justu sabaiaren gainean dago.

Bigarren koskaren eskaladaren amaieran.


Hirugarren bilgunea laugarrenetik ikusita.


Luzeari zailtasuna ematen dion pasabidea azpitik ikusita.


Luze hau ez da zaila baina bi kosken eskalada arraroa eta ez oso erosoa iruditu zitzaidan: “Oaingoz kuartok errexak die baña kuarto masetan eskalau behar da, ezta?” galdetu nion Asierri. “Bai”, erantzun zidan “bin arten saltoa dau, ea goiko kintok zemuzkok dien”.

- Bosgarren luzea, 40 metro, 4a. Asierri zintzilik zituen express-zintak hartu eta luzea eskalatzen jarraitu nuen. Luzeak harkaitz-plaka etzan bat zuzen eskalatuz jarraitzen du (III) gainean dugun sabaira zuzenduz. Tarteka IV zailtasuneko koska txikiren bat eskalatu arren, luzeak zailtasun handirik ez dauka. Metroak eskalatzen nituen heinean oinak harkaitzaren zimurrik txikienetan jartzera ohitzen hasita nengoela konturatu nintzen, granito honetako itsasgarritasunaz gozatuz.

Bosgarren bilgunera iristen.


Konturatzerako harkaitz-plaka alderik alde ebakitzen duen sabaitik 5-6 metroetara dagoen bilgunera iritsi nintzen.

Laugarren bilgunea bosgarrenetik ikusita.


Bosgarren bilgunean, gorriz seigarren luzearen lehen metroak.


- Seigarren luzea, 40 metro, 5b. “Gaurko lehen kintoa” bota nion Asierri bilgunetik atera baino lehen “bai, ea zemuzkoaen” erantzun zidan. Bilgunetik atera eta zertxobait eskuin aldera diagonalen eskalatuz hasi zen, hormatxo txiki baten ezkerretik eskalatu eta sabaiak eskuinean duen arrail antzekora zuzenduz (IV).

Sabaiaren azpiko paraboltetik sokak pasatu eta kontu handiz luzearen pasabidearen azpiko erlaitz inklinatura igo zen. Bilgunetik ez dirudien arren, erlaitzaren gainean zutitu zenean (IV) horma makurtuak atzeraka egiten zuela nabarmen gelditu zen: “joer, pareta extraplomatue dau” esan zidan. Erlaitzaren gainean hainbat postura ezberdin frogatu ondoren, azkenean ezker oina sabaiaren gaineko koska batean jarri eta, hankak asko zabalduz, gorputza pixkanaka altxatuz joan zen pasabidearen gaineko paraboltera iritsiz (5b).

Seigarren luzeko pasabidean.


“Zaile, ez?” bota nion bilgunetik. “Eztakit postura onen eskalau deten baña paso konplikatue iruittu zait” erantzun zidan. Sabaia eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka inklinatu ezberdinak zuzen eskalatuz (III-IV) jarraitu zuen belarrezko kanal baten ondoan kokatutako bilgunera iritsiz.

Seigarren bilgunean.


Sabaiko pasabidea konplikatua iruditu zitzaidan eta ez nintzen kapaz izan postura egoki bat topatzeko. Azkenean, saiakera ezberdinen ondoren, gaineko express-zintari heldu eta pasabidea A0 moduan eskalatu nuen. Express-zintarik gabe ez dakit pasabide hau nola eskalatuko den, pasabidea babesten duen parabolta oso goian gelditzen baita.

- Zazpigarren luzea, 45 metro, 5c+. “Bueno, ea luzeik gogorrena ateatzeten” bota nion Asierri bilgunea utzi aurretik.

Bilgunetik zuzen eskalatzen hasi nintzen belarrez estalitako harkaitz-plaka ezberdinak eskalatuz. Izan nuen lehen aukeran eskuinean nuen belarrezko kanala zeharkatu nuen honen eskuineko harkaitz-plaka trinkotik eskalatzen jarraituz (III). Luzea oraingoz erraz zihoan, zailtasunik gabe.

Belarrezko kanala zeharkatu ondorengo harkaitz-plaka trinkoan.


Luzeko pasabidea dagoen sabaiaren azpian sabaitxo txiki bat duen harkaitz-plaka inklinatu bat dago. Plaka hau ezkerretik eskalatzen jarraitu (IV) nuen sabai handiaren ezkerrean kokatuz. Horizontalean metro pare bat eskuinera egin eta bidearen pasabiderik zailena (5c+) babesten duen paraboltaren parean gelditu nintzen: “Bueno, asuntoa hemen hastea“ esan nion Asierri. Bularraren parean nuen paraboltetik express zinta eta sokak pasatu eta sabaiaren gaineko heldulekuak haztatzen hasi nintzen.

Gorputza luzatuta ezkerreko behatz puntekin ukitzen nuen helduleku txiki bat eta eskuin eskuarentzat topatu nuen helduleku eder batetik aparte, ukitzen nituen beste heldulekuak garbantzu itsurako helduleku txikiak ziren. Hau gutxi ez bazen, sabaiaren azpiko harkaitz-plaka busti eta irristakorrak ez zidan askorik laguntzen. Heldulekuen bila ari nintzela paraboltaren eskuinean, sabaiaren ertzean, garbantzu handi baten tamainako koskatxoa ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe eskuin oina bertan kokatu eta gorputza altxatzen saiatu nintzen. Gorputza zertxobait altxatu arren sabaiak atzeraka botatzen ninduen. Eskuin eskua helduleu on batean izan arren, ezker eskurako ez nuen heldulekurik topatzen, eskua itsuan hormara botaz. Hainbat saiakeren ondoren amore eman eta Asierri bilgunera jaisteko eskatu nion.

“Joer, hanka jartzeko garbantzu bat dau baña gorputzak atzeaka itteziten” esan nion. “Bueno, ea nik suerte gehioeten” erantzun zidan.

Asier pasabidearen azpira iritsi zenean, bitan pentsatu gabe eskuin oina garbantzuaren gainean jarri eta gorputza sabaiaren gainetik altxatu zuen: “tomaaaaa!!!!” oihukatu nion.  Sabaiaren gaineko harkaitz-plaka tente eta hezean metroak kontu handiz irabazi (IV+) eta pasabidetik urrun gelditzen den paraboltera iritsi zen.

Sabaiaren gaineko paraboltean.


“Express zinta bakarra gelditzen zait” esan zidan bat batean. Arnesera begiratu eta lau express-zinta zintzilik nituela ikusi nuen: “joer, hemen geldittuie!!” esan nion. “Ea dauketenekin zeoze itteit deten” erantzun zidan. Harkaitz-plaka erdi-bertikalaren bigarren paraboltera iritsi zenean (IV+) bertatik azken express-zinta pasatu eta aurrera jarraitu zuen.

Bigarren parabolt honetatik aurrera luzeak eskuinera jotzen du harkaitz-inklinatu bat zeharkatuz (III). Bertako paraboltetako batetik segurtasunezko mosketoi bat pasatu eta beste parabolt bat “txapatu” gabe utziz bilgunera iritsi zen. A zer nolako lasaitasuna hartu nuen “Reuniónnn” entzun nuenean.

Zazpigarren bilgunean.


Gertuago...


Seigarren bilgunea zazpigarrenetik ikusita.


Eskalatzen hasi eta luzearen pasabidera iritsi nintzenean eskuin oina garbantzuaren gainean jarri eta nahiz eta goraka egin atzeraka erortzen nintzela ikusi nuen: “ostia, argazki kamara da atzeaka itteitena” esan nion Asierri sabaiaren azpitik. Kontu handiz motxilaren bularreko zintatik argazki kamaren zorroa askatu eta arnesetik zintzilikatu nuen. Bularraldea libre nuela, eskuin oina berriro ere garbantzuaren gainean jarri eta, oraingoan, bularra sabaiaren kontra eta ezker eskuarekin oposizio indarra eginez pasabidea erraz eskalatu nuen: “trukoa ezker eskun zeon” esan nion Asierri zoriontsu, “oposizion indarra inda ta kamara gabe errex eskalau det”. Ez da gauza bera izaten luze bat aurretik edo atzetik eskalatzea eta sokak gainetik izateak ematen duen segurtasuna, askotan bezala, agerian gelditu zen.

Zazpigarren bilgunea.


Xabier Larretxearen liburuan pasabide hau A0 moduan eskalatu daitekeela azaldu arren ez dut uste posible denik, sabaiko parabolta ez baita altu gelditzen eta hurrengo parabolta oso urrun dagoelako. Aukeran, beharbada zinta-uztai bat estribu moduan erabiliz errazago eskalatuko da.

- Zortzigarren luzea, 40 metro, 4a. Express-zinta guztiak arnesetik zintzilik nituela egiaztatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunearen gaineko hormatxo bertikala eskalatu (IV) eta pixkanaka etzanez doan harkaitz-inklinatu bat zuzen eskalatu ondoren sabaitxo baten azpira iritsi nintzen.

Hormatxo bertikala eskalatu ondoren bilgunera egindako argazkia.


Hormatxo bertikalaren gainean.


Sabaitxo hau zuzen eskalatu (III) eta harkaitz-plaka etzan bat jarraituz bilgunera iritsi nintzen.

Sabaitxoa eskalatu ondoren.


Zazpigarren bilgunea azpian...


Zortzigarren bilgunea muntatzen.


Zortzigarren bilgunean.


- Bederatzigarren luzea, 35 metro, 4a. Bilgunearen segurtasunera lotzen zuen zilborra askatu eta Asier zuzen eskalatzen jarraitu zuen sabai edo hormatxo txiki eta harkaitz-plaka inklinatu ezberdinak tartekatuz.

Bederatzigarren luzeko lehen metroetan.


Luzea hormatxo txikiz josi izan arren, helduleku ederrak ditu eta, orain arteko IV zailtasuneko luzeen modura, zaitasunik gabe eskalatu zuen.

Bederatzigarren bilgunea muntatzen.


Zortzigarren bilgunea bederatzigarrenetik ikusita.


Bederatzigarren bilgunean.


- Hamargarren luzea, 40 metro, 3c. Bilgunearen gaineko harkaitz-plaka etzana zuzen eskalatzen jarraitu nuen zertxobait ezkerrera bota eta diedro etzan baten oinera iritsiz (III). Diedroaren erdian arrail bat dago nahi izanez gero babaresa moduan eskalatu ahal izateko. Nire kasuan, diedroaren ezker plakatik eskalatuz jarraitu nuen (III+) bere gainera iritsitz.

La Fourche korridoretik ateratzen


Diedrotxo hau eskalatuta luzeak zuzen jarraitzen du bigarren diedrotxo bat eskalatuz (III+). Diedro honek belar pila dauka eta aukeran hobe da belarretara hurbiltzerakoan eskuinera bota eta diedroa osatzen duen eskuin hormatxoaren ertzetik jarraitzea. Bilgunea bigarren diedro honen gainean kokatua dago.

Hamargarren bilgunetik bederatzigarrenera egindako argazkia.


Hamargarren bilgunea muntatzen.


Iksumira itzela da.


Lehen diedroa azpitik ikusita, gorago bigarrena ikusi daiteke.


Bigarren diedroaren oinean.


- Hamaikagarren luzea, 35 metro, 3c. “Bueno, azkeneko largoa“ esan nion Asierri materiala pasa nionean. Asier bilgunetik eskuinera 5-6 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin zuen lehen parabolta arte (II).

Lehen paraboltaren parean.


Bertatik express-zinta pasatu eta gora zuzen eskalatzen jarraitu zuen harkaitz-plaka eta belar zatiak tartekatuz eta pixkat eskuinera botaz (III+), baina eskuinera gehiegi joan gabe.

Lehen paraboltetik gorako harkaitz-plaketan.


Nahiz eta belarra ekiditen eskalatu azken metroak nahi eta nahi ez belarra zapalduz igo zituen Dent D’Orluren gailurrera iritsiz. Bilgunea gailurrean bertan muntatu zuen.

Argazki honetan lehen parabolta eta hamargarren bilguneak ikusi daitezke.


Lehen paraboltetik gorako tartea.


Luzearen azken metroetan.


Azken luzea gailurrera iristeko trantsiziozko luzea iruditu zitzaidan, zailtasunik gabekoa. Hala ere, bilgunera oso zoriontsu iritsi nintzen.

“Earra bidea” bota nion, “pena luzek kontinuidade gehio ez izatea”. “Bai” erantzun zidan, “paso aislatuk die ta hoien arteko tartek oso errexak”.

Katu-oinak kendu eta materiala jasotzen genuen bitartean eskalada osoan zehar bidelagun izan genuen haize goxoak freskatu gintuen. Nahiz eta eguzkia jaun eta jabe izan ez genuen berorik pasatu, eskalada atsegin eta gozoa eginez. Materiala jasota, motxilatik barratxo eta gel bat atera eta gailurraren ikusmiraz gozatzeko aukera izan genuen. Dena pronto genuenean Itziri dena ongi zihoala abisatzeko telefonoz deitu eta beherako bidea hartu genuen.

Dent D'Orluren gailurrean.


Gailurreko ikusmira zoragarria.


Harkaitza tarteka bustia egoteagatik Brasseil lepoaren arteko jaitsiera malkarra poliki eta kontu handiz hartu genuen. Bide luze bat eskalatu arren ez ginen nekatuak sentitzen eta jaitsieraz gozatu eta, bide batez, onddo beltzak biltzeko aprobetxatu genuen; esne-gain, hirugihar eta pastarekin nahastuta amaituko zuten onddo beltz goxoak.

Basoko fruituak...


... hauek bai fruitu goxoak!!!!


Bidea ederra iruditu zitzaigun, Dent D’Orluko granitoan ohitzen hasteko aproposa. Pena, gailurrean komentatu genuen moduan, luzeek jarraikortasun gehiago ez izatea eta zailtasunak pasabide isolatuetan kokatuak egotea.

Ax Les Thermes herrian ura hartu eta onddoak protagonista nagusi izan ziren luxuzko afariaren ondoren, eskalatzaile katalan batzuekin solasalditxoa izan eta iluntzen hastearekin batera lo-zakuetan sartu ginen: “Bihar zer?” galdetu nion Asierri,. Xabier Larretxearen liburua hartu eta “Pink Floyd eskalatzen badeu?” proposatu zidan. “Nekatio primeran” erantzun nion begiak itxi eta ametsen mundura daraman atea irekiz.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina