Gaua lasaia izan zen. “Tapas sans dalle” bidea eskalatzen pasatako denbora kontutan izanda ez genuen iratzargailurik jarri eta egunsentiaren lehen argiak aurreko leihotik sartu eta furgoneta argitzen hastearekin batera esnatu ginen. Begiak ireki nituenean bezperako bideak utzitako zapore goxoa oraindik ezpain artean nuen. Gaurkoan “Pink Floyd” bidea eskalatuko genuen zailtasun maila koskatxo bat igoz.
Afarian jan gabeko ogiarekin esne-zopak egin eta, gosaldu eta ondoren, martxan jarri ginen.
Dent D’Orluko ekialdeko hormaren eskalada bideen ingurukoak, kotxea uzten den lekura nola iritsi eta hormarako hurbilketaren nondik norakoak ezagutzeko hemen klik egin dezakezue.
BIDEAREN DATU BATZUK
Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude.
- Luzera: 440 metro.
- Luze kopurua: 11.
- Nork irekia: Roger, Miguel eta Gustavo 2004ko abuztuaren 7 eta 8an.
- Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (65 m), 2ºL: 5a+ (35 m), 3ºL: 5b (30 m), 4ºL: 5b (40 m), 5ºL: 4c (55 m), 6ºL: 4c (35 m), 7ºL: 4c (30 m), 8ºL: 4c (30 m), 9ºL: 4c (35 m), 10ºL: 4c (40 m) eta 11ºL: 4c (45 m). Oharra: 10garren luzean nahastu eta “Fleur de Rhodo” bidearena eskalatu genuen.
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Leku ezberdinetan hartzeko aukera dago: Ax les Thermes herrian, “Le Belvédère” izeneko hostatuaren ondoko iturrian eta “Ascou la Forge” kanpinean.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik Dent D’Orlu mendira doan ohiko bidea hartuko dugu Brasseil lepora arte. Puntu honetan (indikazio poste bat dago), ohiko bidea utzi eta L’Egue lepora zuzenduko gara. Lepotik dagoeneko ekialdeko horma ikusiko dugu. Bidea horma alderik alde horizontalean erdibitzen duen belarrezko erlaitz nabariaren hasieran hasten da, harkaitz baten ondoan. Bidearen hasieran “Tapas sans Dalle” izena idatzita dago. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera lasai joanda ordu eta hogei minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Dent D’Orlura doan ohiko bidea jarraituz ordue eta laurdenean kotxea utzitako aparkalekura iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 12 express-zinta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, nahiz eta bilguneen artean denbora osoan begi-bistan izango garen. Badaezpada friend eta artaka-trabagailu sorta eraman arren, ez genituen eskalada osoan erabili.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta berrogeita bost minutu.
BIDEAREN KROKISA
Dent D'Orluren ekialdeko hormako bideak, gorriz ekipatutakoak eta orlegiz erdi-ekipatu edota ekipatu gabeak. Puntu zuriz hurbilketa eta jaitsierak, baita gandorrean egiten den zati erraza ere. Bilguneen kokalekua zehaztutako bideak guk eskalatutakoak dira. "Pink Floyd" 15garren bidea da.
Krokisa zehatzago.
DESKRIBAPENA
Hormaren oinera iritsi ginenean egun osoan gehien kostako zitzaiguna gertatu zen: bidearen hasiera topatzea. Horman behera hasi eta “Fleur de Rhodo” bidearen hasiera topatu genuenean hormaren oinetik eskuinera jo genuen. Xabier Larretxearen "Escaladas en el Pirineo Norte" liburuan irakurrita, bidearen lehen parabolta urrun gelditzen zela bagenekien, baina ez genuen inon paraboltik ikusten.
“Fleur de Rhodo” bidetik 10-12 metroetara geundela, hormaren oinean dagoen zuhaixka bakarraren ondoan, Asierrek 12-15 metro ingurura parabolt bat ikusi zuen. Pixkanaka goraka begiratzen hasi eta bigarren parabolt bat ikustea lortu genuen: “bueno, emateo bidearen hasiera topatu deula!!” lasaitu ginen. Bidearen hasiera topatzeko bi puntu kontutan hartu behar dira: hormaren oinean dagoen zuhaixka bakarra eta hormaren gainaldean dagoen belarri handi baten itsurako zulogunea, lehen luzea “belarriaren” eskuin ertzetik baitoa.
Bidearen oinean, Asierren ezkerrean bidearen oinean dagoen zuhaixka nabarmena ikusi daiteke. Argazkian lehen pararbolta eta belarri itsurako zulogunaren kokalekuak adierazi ditut.
Motxilak lurrean utzi eta materiala prestatzen ari ginen bitartean bikote ingeles gazte bat azaldu, agurtu eta “Fleur de Rhodo” bidera zuzendu ziren. Bezperan bidea eskalatzen ni hasi nintzenez, oraingoan Asier izan zen eskaladari hasiera eman ziona.
- Lehengo luzea, 65 metro, 4b. Luze hau sokak baino luzeagoa zela bagenekien: “sokak bukatzeko darenen abisaukoizut” esan nion Asierri, “hola ensanblen atea naizela jakingozu”. Asierrek material guztia arnesetik zintzilik zuela egiaztatu ondoren eskalatzen hasi zen.
Lehen paraboltaren arteko metroak uhin itsurako harkaitz-plaka etzan eta erraz ezberdinak eskalatuz egiten dira (II). Lehen paraboltetik aurrera horma zertxobait tentetzen da belarri itsurako zulogunera zuzenduz (III).
Lehen paraboltetik sokak pasatu ondoren.
“Belarrian” horma tentetuz doa bertikal jarri gabe (IV). Asierrek metroak lasai irabazten zituen, presarik gabe, eskaladaz gozatuz. Bitartean bikote ingelesa traste guztiak prestatu eta eskalatzen hasi zen. Errekor bat hautsi nahiko balu bezala, aurretik zihoana horman gora ziztu bizian zihoan, Asier harrapatzea jomuga izango balu bezala.
Asierrek “belarria” eskalatzen amaitzearekin batera soka amaitu zen: “ensambleee!!” ohartarazi nion eskalatzen hasiz. “Belarriaren” gainetik harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu (4b) eta, ekialdeko horma alderik alde bitan banatzen duen belar-faxa nabarian kokatutako bilgunera iritsi zenean, eskalatzen gelditu nintzen bilgunea muntatzeko zain.
Lehen bilgunean, sokada ingelesaren lehena ikusi daiteke. Gorriz, bigarren luzearen nondik norakoak.
“Hemengo plakan Pink Floyd jartzeo” esan zidan Asierrek. Gerora konturatuko ginen bidearen krokis berrietan lehenengo luzea dagoeneko ez dela azaltzen, bidea guk eskalatutako bigarren luzetik hasiz.
Lehen bilgunearen ondoko harkaitz-plakako izena.
Lehen bilgunetik beherako ikusmira, nire eskiunean bidearen oineko zuhaixka nabaria ikusi daiteke.
Ordurako ingelesen sokadako lehena parean zuen. Gelditu gabe “Fleur de Rhodo” bidearen bigarren luzea eskalatzen jarraitu zuen soka-laguna atzetik ensamblean zuela. Ikusgarria zen zein erraztasunez eskalatzen ari ziren biak.
“Konfiantza haundie euki behar da hola eskalatzeko” esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean. “Konfiantza bakarrik ez, nibela ebai” erantzun nion.
- Bigarren luzea, 35 metro, 5a+. “Bueno, lehen kintoa, ea atzokok baño errexagoa den” esan nion bilgunetik atera baino lehen. Luzearen lehen paraboltak identifikatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.
Bigarren luzeko paraboltak identifikatzen.
Bilgunetik atera eta 3 metro inguruan eskuinera jo nuen belarra duen kanal antzeko hormatxo bertikal baten azpian kokatuz. Oinak ongi kokatu eta, belarra ahalik eta gutxien zapalduz, hormatxoa eskalatu nuen (V). Hormatxoa eskalatuta harkaitz-plaka inklinatu bat metro gutxi batzuetan zuzen eskalatu (IV+) eta eskuinera pasa nintzen nabaria den diedro inklinatu batera zuzenduz.
Hormatxo bertikala eskalatu ondorengo harkaitz-plaka inklinatuan.
Diedroaren arrailean eskuin oina trabatuz metroak irabaziz jarraitu nuen (5b). Diedroa eskalatu ondoren eskuinera belarrez estalitako zeharkalditxo horizontal motza egin behar da horma makurtuan zintzilik dagoen bilgunera iristeko. Eskuekin belarrei heldu eta pisua granitoaren zimur txikietan jarritako oinetara pasa ondoren zeharkaldia kontu handiz egin eta bilgunera iritsi nintzen.
Bigarren bilgunean, nire azpian bilgunearen aurreko diedroa ikusi daiteke.
Diedroa azpitik ikusita, bertako arrailean friend txikiak trabatu daitezke.
“Hau bai kintoa” bota nion Asierri bilgunera iritsi zenean. “Bai, hau gu ohituta garen kintoa da” erantzun zidan.
- Hirugarren luzea, 30 metro, 5b. Hirugarren luzea bilgunea kokatutako hormatxo makurtua eskalatuz hasten da. Eskuak magnesio hautsetan “irineztatu” eta bilgunearen segurtasunera lotzen zuen mosketoia askatu ondoren eskalatzen jarraitu zuen. Hormatxoa makurtua izan arren helduleku ederrak ditu eta gakoa eskuin oina eskuin hormatxoan ongi kokatzean datza.
Asierrek hormatxoa zailtasun berezirik gabe eskalatu (V) eta harkaitz-plaka inklinatu bat eskuekin baino oinekin eskalatzen jarraitu zuen (IV) sabai batera hurbilduz. Sabaiaren azpira iritsi baino lehen luzeak eskuinera jo eta sabaiaren eskuinera zuzentzen da (IV).
Hormatxoa eskalatu ondoren. Gainean sokada ingelesa ikusi daiteke.
Sabaiaren eskuinean kokatuta, Asierrek sabaiak osatzen duen “koska” kontu handiz eskalatu (5b) eta harkaitz-plaka inklinatu bat jarraituz (IV) bilgunera iritsi zen: “tetxitoa inkomodo xamarra da, baña luzea ez da zaile” esan zidan talkietik.
Sabaiaren onean.
Hirugarren bilgunean.
“Tetxitora” iritsi nintzenean Asierrek oinak ongi kokatu beharra nituela ohartarazi zidan. Hala ere, oinak non kokatu baino arazoak motxilarekin izan nituen, bizkarrean nuen horman jo eta eskalatzen jarraitzeko enbarazu egiten zidalako. Ahal izan nuen bezala gorputza harkaitz-plaka inklinatuan luzatu eta, motxila eskuin hormatik libratuz, estilo ez oso itxurosoan pasabidea eskalatu nuen.
“Joer pasitokin, ez nintzen sartzen, jejeje” bota nion. “Bai, paso hontan bajue izanezkeo hobe” erantzun zidan.
- Laugarren luzea, 40 metro, 5b. Bilgunetik zuzen atera eta pixkanaka bertikal bihurtzen den harkaitz-plaka eskalatu nuen gainean nuen sabaira zuzenduz (IV). Sabaiaren azpira iritsi nintzenean orain arteko eskalada jarraitua gelditu zen: "ustet hemen daula luzen pasoa" esan nion Asierri. Kontu handiz, oinen puntak harkaitz-plakaren zimur txikietan jarri eta sabaiaren ezkerrera pasa nintzen honek osatzen duen diedro bertikala eskalatzen jarraituz. Oinak non jarri ongi begiratuz eta eskuin eskuarekin diedroaren eskuin hormaren ertzari helduz metroak pixkanaka irabazi nituen diedroaren gaineko sabaitxo txikira iritsiz (5b). Sabaitxo hau eta bigarren sabaitxo bat eskalatuz (V) luzearen zailtasun guztiekin amaitu nuen. Gerora komentatu genuen bezala, bide osoko luzerik zailenak hirugarren eta laugarrena iruditu zitzaizkigun.
Luzearen zailtasunak amaitu ondoren, argazkian lehen metroetako sabai nabaria, honen ezkerreko diedroa eta diedroaren gaineko sabaitxoak ikusi daitezke.
Bigarren sabaitxoa eskalatu ondoren, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen (IV), pixkanaka ezkerrera jo eta honen amaieran, belarrez estalitako harkaitz-plaka baten ondoko bilgunera iritsiz.
Bilgunea muntatzen.
Hirugarren bilgunea laugarrenetik ikusita.
- Bosgarren luzea, 55 metro, 4c. "Joer inglesak nun daren" esan nion Asierri hormaren amaiera seinalatuz. Zeruan koloretako bi irudi nabaritzen ziren. "Ia bukau due" erantzun zidan.
Eskuinean belarrez estalitako harkaitz-plaka zabala utziz, Asierrek bilgunetik zuzen eta zertxobait ezkerrera eskalatzen jarraitu zuen belar artean doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatuz (IV). Belarrak atzean utzi ondoren zuzen metro batzuetan jarraitu zuen gainean dagoen sabai txiki batera zuzenduz.
Belarren tartea amaitzen, Asierren ondoan sabai txikia ikusi daiteke, baita hormaren amaieran ingeles sokada.
Sabaitxora iritsi aurretik luzeak eskuinera jotzen du "C" itsurakoa egin, belarrez estalitako harkaitz-plaka gainetik inguratu eta bigarren sabaitxo batera (aurrekoa baino nabariagoa) zuzenduz.
Sabaia eskuinetik oso nabaria den bitartean, ezkerrera doan heinean malgutzen doa "koska" bat izatera iritsiz. Ahultasun hau kontutan izanda, sabaiaren azpira iritsi aurretik, honen azpiko harkaitz-plaka inklinatua eskalatu (4c) eta sabaiaren ezkerrera zuzendu zen, bertan kokatutako bilgunera iritsiz.
Bosgarren bilgunean, Asierren eskuinean sabai nabaria ikusi daiteke.
Ni laugarren bilgunetik atera aurretik.
- Seigarren luzea, 35 metro, 4c. Bilgunera iritsi, Asierri materiala jaso eta hitz pare bat partekatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.
Bilgunea kokatzen den harkaitz-plaka inklinatura igo eta zuzen eskalatzen jarraitu nuen sabaitxo batera iritsiz (III). Sabaitxoaren gainean lehen parabolta dago. Bitan pentsatu gabe sabaitxoa eskalatu (IV) eta honen gaineko plaka (diedro ireki baten ezkerrean dagoena) eskalatzen jarraitu nuen.
Argazki honetan hasierako sabaitxoa eta diedro irekia (justu nire azpian) ikusi daitezke.
Diedrotxo ireki hau eskalatu ondoren (IV), oinentzat zimur ederrak dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraitu nuen (4c) bilgune erosora iritsiz.
Bilgunea muntatzen.
Seigarren bilgunean. Arnesetik zintzilik, besteen artean, erabiliko ez genituen friend-ak
- Zazpigarren luzea, 30 metro, 4c. Hau zen gure ustez Xabier Larretxearen liburuaren azalpenei jarraituz friend bidez babestu beharra zen luzea. Asierri friend guztiak pasatu eta bilgunetik eskuinaldera eskalatzen hasi zen bilgunetik ikusten den lehen paraboltera zuzenduz (IV).
"Zemuz ikustezu?" galdetu nion. "Hemendio gora beste hiru parabolt ikusteittut" erantzun zidan, "halare hemen eskubin friend-ak sartzeko pitzadurak badare". Lehen paraboltetik sokak pasatu eta gainetik zuen harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatzen jarraitu zuen (IV) eskuinean friend-ekin babestu daiteken pitzadura batzuk utziz.
Bigarren paraboltean.
Nahiz eta harkaitz-plaka inklinatu honek hiru parabolt bakarrik izan, luzea ongi babestua dago. Bilgunera iritsi aurretik harkaitz-horma tentetu eta parabolt batez ongi babestutako 4c pasabidea erraztasun handiz eskalatu zuen.
Zazpigarren bilgunean.
Bilgunearen azpiko harkaitz-plaka inklinatua.
- Zortzigarren luzea, 30 metro, 4c. Azkeneko luzeetan Xabier Larretxearen liburuaren azalpenak eskalatzen ari ginen luzeekin bat ez zetozelaren susmoak luze honetan egi bihurtu ziren. Gerora konturatuko ginen bezala guk hamaika luze eskalatu genituen, Xabierren liburuan aldiz, zortzi besterik ez dira azaltzen. Bidea berrekipatzeko garaian ziurrenik luzeak moztu zituzten. Hau ikusita, luze honetatik gora Xabierren liburuari egindako argazkia gorde eta, aurretik genituen luzeen zailtasuna jakin gabe, paraboltak jarraitzea besterik ez genuela egingo erabaki genuen.
Asierri materiala hartu eta bilgunearen eskuineko harkaitz-plakaren gainean ikusten den lehen paraboltera zuzendu nintzen. Lehen paraboltetik soka pasatu eta gora begiratzen hasi nintzen bigarren paraboltaren bila: "edo oso urruti dau edo bidea hemendio gora ez dijo" esan nion Asierri. Asierrekin hitz egin ondoren, berriro ere gora begiratu behar nuenean eskuinean nuen horman parabolt bat ikusi nuen: "han dau bigarrena!!!" bota nion Asierri.
Bitan pentsatu gabe eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraitu nuen eskuineko hormara zuzenduz (IV). Hormaren oina zeharkatzen duen belarrezko kanal nabaria harkaitz-plaka inklinatu batetik zeharkatu (IV) eta eskuineko hormaren azpian kokatu nintzen sokak bigarren paraboltetik pasatuz.
Bigarren paraboltean.
"Bazpare oain kontuz baña kanto ona daukela emateo" esan nion Asierri horma eskalatzen hasi baino lehen. Horma haztatu eta helduleku ederrak dituela ikusi nuen. Hauetaz baliatuz pasabide bertikal hau itsuraz zirudiena baina erraztasun handiagoz eskalatu nuen (4c).
Hormaren gainean.
"Joer ba bigarren parabolta zuk ikusi dezulako" esan zidan Asierrek, "ni seguro goraka zuzen jarraituko nuen".
Horma eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraitu nuen sabaitxo batekin topo egin arte. Sabaitxo honek ere helduleku ederrak ditu eta zailtasunik gabe eskalatu nuen (IV) bilgunera iritsiz. Bide osoan hau izan zen bata besteari bistaz galdu genion luze bakarra.
Zortzigarren bilgunean. Lehen planoan bilgunera iritsi aurretik eskalatu behar den sabaitxoa ikusi daiteke.
- Bederatzigarren luzea, 35 metro, 4c. Asierek bilgunearen gaineko harkaitz-plaka inklinatua zuzen-zuzen eskalatzen jarraitu zuen gaineko sabai txikira zuzenduz (IV). Sabaitxo hau eskalatuta, IV zailtasunaren baitan egongo diren beste hiru sabaitxo jarraian eskalatu ondoren harkaitz-plaka tente batera iritsi zen.
Jarraian eskalatzen diren lau sabaitxoak eskalatu ondoren.
Harkaitz-plaka tente hau kontu handiz eskalatuz (4c) bilgunera iritsi zen. Bilgunea belaunen altueran dagoen koskaren gainean kokatuta dago, diedro baten azpian.
Bederatzigarren bilgunea muntatzen.
Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka tentea, luzeari zailtasuna ematen diona, alegia..
Luze hau oso dibertigarria iruditu zitzaidan, ia luze osoa zailtasun berean mantendua eta 35 metro eskasetan denetarik duena. Luzea eskalatzen ari nintzela sokada ingelesa mendian behera oinez zihoala ikusi nuen: "hoik eztie eozein izango" esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean. "Ya lo creo! erantzun nion, "guk gora iristeako hoik dauneko bazkaldu ta siesta inda eongoie, jejeje".
- Hamargarren luzea, 40 metro, 4c. "Luze hontan ez da ba hor goien ikustean tetxue eskalatuko, ez?" galdetu nion Asierri gainetik genuen harkaitz-plaka alderik alde mozten zuen sabaia seinalatuz. "Hala emateo" erantzun zidan lehenengo paraboltak seinalatuz. "Ea hau izan behar den 6a-ko luze sekretue, jejeje" erantzun nion bilgunetik ateraz.
Bilgunearen gaineko diedroa eskalatu (IV) eta, honen gaineko harkaitz-plaka inklinatuan ezkerrera zeharkaldi horizontal bat egin behar izan nuen (4c) bigarren paraboltera iritsiz.
Bigarren paraboltaren parean. Gorriz, gerora konturatuko ginen bezala, luzearen berezko bigarren parabolta.
Orain arteko luzeak nahiko zuzen zihoazela ikusita, hasiera batean harritu ninduen luzeak harkaitz-plakaren erdian zeharkaldi hau egitea, harkaitz-plaka zuzen eskalatzen jarraitzeko aukera baitu. Lehen bi parabolt hauetan komeni da zinta luzeak jartzea sokaren marruskadura ekiditeko.
Bigarren paraboltetik gora doan harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraitu nuen (4c) bilgunetik ikusten den sabai nabarira zuzenduz. Sabaiaren azpira iritsi nintzenean, gorputza tentetu eta honen gainean izugarrizko heldulekuak zeudela ikusi nuen. Horietarko batera helduz buelta hartu eta "Asier nahibazu hemen oso eroso nau argazki bat itteko" esan nion. "Seguro?" erantzun zidan. "Bai, gero honea iristen zeanen ikusikozu".
Sabaian. Nire eskuinean luzearen berezko bigarren paraboltaren kokalekua adierazi dut.
Sabaia eskuinetik eskalatzen da eta esku eta oinentzat helduleku ederrak ditu (4c). Sabaia eskalatuta, honen gaineko harkaitz-plaka inklinatua eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraitu nuen bilgunera iritsiz.
Hamargarren bilgunea muntatzen.
Bilgunea muntatzen ari nintzela honen eskuinean (3 metro ingurura) uztaidun bi paraboltez osatutako beste bilgune bat ikusi nuen."Eskalatzen ai nintzela eskubin parabolt gehio ikuste zien" esan zidan Asierrek. "Ahibalaostia, ezto bat luzek eskubitio joko ta eskubiko reunio honta iritsiko, ez?"erantzun nion. Etxean baieztatuko genuen bezala, luze hau "Fleurs de Rhodo" bidearena eskalatuz egin genuen. Hamargarren luzea berez hasierako diedroa eskalatu ondoren eskuinera jarraituz doa eta 5b zailtasuna dauka.
- Hamaikagarren luzea, 45 metro, 4c. "Bueno, gaurko azkena" esan zidan Asierrek.
Bilgunetik gora zuzen eskalatzen jarraitu zuen belar eta harkaitz-plaka ezberdinak tartekatu (III-IV) eta paretaren amaieran ikusten den horma bertikalera zuzenduz.
Horma bertikalaren azpira hurbiltzen.
Azken luze honetan ere, zuzen jarraitzen duen parabolt ilaratik kanpo, eskuinean beste parabolt bat ikusi genituen. Oraindik parabolt honen misterioa ez dut argitu.
Horma bertikalaren azpian kokatu eta, bertako helduleku ederrak aprobetxatuz, ezkerretik eskalatu zuen (4c) gandorrean bertan dagoen bilgunera iritsiz.
Luzearen amaierako hormatxo bertikala eskalatu ondoren.
Azken bilgunetik beherako ikusmira.
Beti egiten dudan moduan azken luzea pazientziaz hartu nuen, hormaren zimur eta helduleku bakoitzari zukurik handiena atera nahiko banio bezala. Luzeak duen metro bakoitza ahalik eta gehien gozatuz, luzearen amaierako hormatxo bertikalaren azpira iritsi nintzen.
Hormatxo bertikala azpitik ikusita.
Hormatxoa zailtasunik gabe eskalatu eta Asierren ondora iritsi nintzen.
Azken bilgunean.
"Hemengo bigarrena eskalau deu!!!" esan nion bilgunera hastearekin batera. "Atzokoa baño gehio gustau zait" erantzun zidan, "kontinuidade gehio dauke". "Bai, hala da" erantzun nion, "gañea kintok gure kinton antzekok diela iruittu zaizkit". Sokak eta trasteak jaso gabe bilgunea desmuntatu eta gandorra jarraituz metro gutxi batzuk oinez ibili ondoren gailurrera iritsi ginen.
Gailurra hegaldun inurriek osatutako hodei ilun batez estalia zegoen. Izerdiagatik erakarriak, agerian genuen azal zati txikienean ere itsasten hasi zitzaizkigun. Ezinbestean Txindokiko "Ezkutua" bidea eskalatu genueneko jaitsiera burura etorri zitzaidan, orduan ere intsektuekin hainbat komeri pasa genuen eta. Materiala ahal izan genuen azkarren jaso eta, inurrietatik ihes, gailurra ahal izan genuen bezain pronto utzi genuen.
Dent D'Orluren gailurrean, lepo eta aurpegia inurriz beteak.
Gailurra utzi aurretik.
Inurrien hodeia atzean gelditu zenean, eguzkitako krema bigarrenez emateko gelditu eta Itziri telefonoz deitzeko aprobetxatu nuen, dena ongi zihoala eta, biharamuneko ekaitz iragarpena betez gero, ziurrenik arratsalde-gauerako etxean izango ginela esateko.
Jaitsiera lasai hartu genuen, bideaz gozatu eta, bide batez, bezperan bezala, onddo beltz sorta polit bat bilduz, pasta eta esne-gainarekin batera bazkalduko genituenak.
"Tapas sans dalle" bidearekin alderatuz "Pink Floyd" gehiago gustatu zitzaigun. Luze gehienetan zailtasuna ez da pasabide isolatuetara mugatzen eta, Asierrek esan zuen bezala, "kontinuidadea handiagoa da". Ez dakit oinak dagoeneko granitora ohituak genituelako baina "Pink Floyd" bidean "Tapas sans dalle" bidean baino gehiago gozatu genuen.
Aparkalekura iristen...
Bazkaldu ondoren Dent D'Orluko eskaladari amaiera eman eta “Ascou la Forge” kanpinean indarberritu gintuen dutxa ederra hartu genuen. Gorputz eta arima indarberrituta, furgoneta Gourette eski estaziora zuzendu genuen, biharamunean eskalatu gabe utziko genuen Pene Sarriere mendiaren hegoaldeko gandorra eskalatzeko asmoarekin. Non bukatuko genuen? Hurrengo kronikan kontatuko dizuet...
AZKEN 10 SARRERAK
2018/10/07
DENT D'ORLU: "PINK FLOYD" BIDEA, 440 m, 5b. 2018/08/27
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:02
Etiketak:
ariege,
d'orlu,
dalle,
dent,
dent d'orlu,
escalade,
eskalada,
floyd,
frantzia,
pink,
pink floyd,
pirinioak,
pyrenees,
smithy,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina