AZKEN 10 SARRERAK

2018/11/20

GOROBEL MENDILERROA: FRAILEBURU EDO FRAIDEBURU (834 m), 50 m, III+. 2018/11/17

Fraileburuko postontzia, iragana eta oraina argazki berean.


Gorobel edo Sálvada mendilerroa, Arabako ipar-mendebaldean dago, Araba eta Burgos arteko mugan, hain zuzen ere. Arrastaria bailaratik 600 metroko amildegia osatuz altxatzen da, horma menderaezinaren itsura emanez. Hegoaldean aldiz, Burgosko baso eta zelaiekin aldapa leuna osatuz bat egiten du.

Kondairak dioenez, mendilerro honetan, Txarlazoko gailurraren azpian, herensuge erraldoi bat bizi zen, ardi-esnez eta bidean topatzen zituen gizakien haragiz elikatzen zena. Herensugea bizi zen lekutik gertu, Koba haundi izeneko haitzuloan, Marik bizilekua zuen, eta suzko bola bihurtuta herritarrak ikaratzen zituen zerua hegan zeharkatuz.

Gorobel mendilerroa ezagun egiten duena bertan iberiar penintsulako ur-jauzirik altuena kokatua egotea da: 270 metroekin, Nerbioi ibai jaio berria horman behera amiltzen da, kantauri itsasora iristeko abiadura hartzeko gogoz egongo balitz bezala.

Eskalada gustuko dugun mendizaleontzat aldiz, Gorobel mendia berezia da. Tertangako zirkotik zintzilik, Arrastaria haranera otoitzean ari den harrizko fraile erraldoi bat kokatzen da. Fraileburu edo Fraideburu izeneko monolito ikusgarri honen otoitzek Arrastaria haranean zehar zabaltzen dira, udazkeneko ihintza zelaietan zabaltzen den moduan. Eta otoitz hauek erakarrita, 1924ko martxoaren 16an, Club Deportivo Bilbao Elkarteko Angel Sopeña Oruetak monolito hau lehen aldiz eskalatu zuen, Euskal Herriko lehen eskalada dokumentatuz.

Arrastaria bailararen zaindaria.


Sopeña berak igoera honela kontatu zuen: "Las gentes de la montaña hablan del Fraile y lo frecuentan con asiduidad, esto llegó alarmarme me temí que otra bandera que no fuera la del glorioso Club Deportivo tomara posesión en su cima. Y con este ánimo me encaminé el 16 de Marzo de 1924, hacia la base del coloso. El domingo anterior fui a verlo, ahora ha sido más íntimo. Dejo mi mochila en su base sudoeste, junto a un arbusto de avellano. Escojo mi herramienta,un martillo, unos clavos, palanqueta de varilla de acero de mi inventiva. Me sitúo facilmente en el vértice en que arranca el pico, comienzo el tanteo y veo como se desgaja toda la peña muerta. Llego a un resalte vertical donde hallo apoyo para auparme. Regreso al vértice en busca de los clavos y vuelvo con ellos al punto alcanzado, uno se rompe y el otro lo afianzo dudosamente. Pero me apaño y subo el escalón. Sigue el trabajo de zapa y desescombro,llego donde se halla la mayor oquedad, que se señala en el cordón que surca vertical a una grieta. Lo que los técnicos alpinistas llaman chimenea. Este es un punto capital por la dificultad que entraña para salvar la convexidad del reborde de la hendidura. Me descalzo y vuelvo al ataque, con varias tentativas frustradas, veo que en la cornisa de la sierra hay gente que me observa, no me quitan ojo tienen una actitud expectante que me da nuevas fuerzas. Me aseguro los precarios apoyos y limpio la carcoma de la roca. Las piedras caen al vacío y es muy peligroso cualquier imprudencia puede ser de fatales consecuencias. Tras no pocos esfuerzos, a pocos metros veo el trozo de hierba, trepo ligeramente y estoy en la muesca que separa la capucha del Fraile, desde donde se aprecia el corte vertical. Un poco de cuidado para dominar el pelado cascarón de la "Chinostra"y humillar la cerviz del ciclópeo gigante. Lanzo tres vigorosos hurras, que se mezclan con los vítores de loco entusiasmo de hasta hace poco mudos espectadores. Diez minutos permanecí en la cima, en una cajita de zinc deposité una tarjeta del concurso de montes del Club Deportivo de Bilbao. Veremos como resuelvo el descenso, antes de abandonar la cima corto un ramito de un solitario mato de enebro. Desciendo facilmente a la zona de hierba y de esta roca para tomar el camino de vuelta, pero ofrece serias dificultades. Tras una acción laboriosa,consigo deslizarme y llegar a la concavidad antes señalada por cuya ranura me descuelgo con gran trabajo donde dejo los borceguíes. Para evitar estorbos los tiro al camino de Tertanga y lo recogen mis providenciales espectadores. El secreto del éxito de esta escalada, ha consistido en la serena reflexión que ha guiado cada uno de mis mayores movimientos y el caudal de energías que gracias a Dios, no me han faltado. Por ello considero un honor lo logrado por el alpinismo vizcaíno.

¡Gloria a Dios en las alturas!"

Angel Sopeña. 1925an Picu Urriellu eskalatu zuen. 8 urte beranduago, 1933an, Cervino Zmutt gandor ikusgarri eta zailetik igoko zuen. Argazkia Cesar Estormesen blogatik hartua dago.


Sopeñaren Fraileburun egindako eskaladak sekulako zalaparta sortu zuen Club Deportivo Bilbao elkartean. Bilbora itzuli zenean, jendearen artean zuzendaritzaren gelara zuzendu eta eta zuzendariari igoera eskeini zion: "En nombre del Club Deportivo subí ayer al Pico del Fraile". Urte bereko uztailean, Sopeñari eskalada honengatik Elkartearen urrezko domina emango zioten.

Bilbon izandako zalapartaren oihartzuna Orduña herriraino iritsi zen. Orduñan eskalada honi emandako garrantzia hain handia izan zen mendiari Sopeña haitza izena ere eman zitzaiola.

Urteetan zaila izan zen, eta gaur egun ere bada, Fraileburuko igoeraren krokis edo azalpen bat topatzea, Sopeñak 1924an emandakotik aparte. 1953an Pyrenaica aldizkariak Juan San Martinek idatzitako azalpen eta krokisa argitaratu zuen. Urteetan hau izango zen Frailebururen gailurra zapaldutakoek jarraituko zuten azalpen bakarra.

Frailebururen igoeraren azalpena dakarren Pyrenaica aldizkaria. Argazkia Pyrenaicaren web orritik hartua dago.


Aldizkari berean Juan San Martinek idatzitako artikulua. Krokisean beraiek jaisteko egindako rappelen ibilbidea ere ikusi daiteke. Argazkia Pyrenaicaren web orritik hartua dago.


Hogeita bat urte beranduago, zailtasun handiko lehen eskalada iritsiko zen. 1955an Pedro Udaondo eta Arturo Fernandezek Frailebururen hego-ekialdeko horma eskalatu zuten, Frailearen buruak osatzen duen sabaia A3 zailtasuneko luze batean igo eta frailearen aurpegi berberatik eskalatuz gailurrera iritsi ziren. Interneten bila eta bila aritu arren ez dut eskalada honen inguruko informazio zehatzik topatu, norbaitek izango balu eskertuko nuke informazioa partekatzea.

Frailebururen lehen argazkia nerabezaroan ikusi nuen. Gogoratzen ez dudan urtemuga batean Elkar argitaletxeak argitaratu berria zuen Miguel Anguloren "la montaña vasca" liburua oparitu zidaten. Urteetan erreferentzi bezala izan dudan liburu honen 42 orrialdean Txarlazo mendiaren igoera azaltzen bada ere, begirada 43 orrialde ia osorik hartzen duen harrizko monolitora joan zitzaidan. Argazkiaren oina irakurri eta Fraileburu irakurtzearekin batera: "la ostia izango zen eunen baten mendi hau igotzea" pentsatu nuen, etorkizunean mendiko botekin batera soka eta eskaladako materiala izango nuela burutik pasa gabe.

Gorobel mendilerroaren kontrasteak. Iparrera Arrastaria bailarara amiltzen den bitartean hegoaldean lautada zabal eta laua osatzen du.


Uda aurretik Fraileburura igotzeko irrikitan geunden baina ez genekien bertan eskalatzerik zegoen ala ez, nahiz eta 2008ko ekainak 2ko Arabako aldizkari ofizialean irailaren 1 arte Fraileburun eskalada debekatua dagoela azaldu. Eskalada arauketa berriagorik topatu ez genuenez, 2008koa aintzakotzat hartu eta irailaren 1 arte gutxienez itxarotea erabaki genuen. MATeko guztiak ahal izango genuen egun bat adostea izan zen irailetik aurrerako lanik handiena. Batek ahal zuenean besteok ezin genuen, denok ahal genuenean eguraldi txarra iragarrita zegoen, inorrek ezin zuenean izugarrizko eguraldi ona egiten zuen... Denbora pixkanaka aurrera zihoan eta azaroa ate joka genuen. Negu giroa hastearekin batera hilabete askotan mendi honetaz ahaztu beharko genuela jakinda, azaroaren erdialdean, lau egunetan jarraian eguzkia iragarrita zegoela ikusita, astebururako deialdia egin nuen. Lehenengo bi erantzunen berri banuen: Asierren baiezkoa eta Josuren ezezkoa. Beste konpromiso bat zuen Lekuren ezezkoa izan zen tristetu ninduena: "Hurrengo asteburun albada, bestela jun zuek ta hire blogeko reseñakin jungo nauk beste baten" izan zen bere erantzuna. Azkenean, Lekurengatik pena handiz, Asierrekin plana egin eta larunbata goizerako gelditu ginen.

ESKALADAREN DATU BATZUK

Luzera: 50 metro.
Luze kopurua: 3. Hiru luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
Nork irekia: Angel Sopeña, 1924ko martxoaren 16an.
Zailtasuna: III+. Luzez-luze: 1ºL: III (13 m), 2ºL: III+ (25 m) eta 3ºL: II+ (12 m).
Orientazioa: Mendebaldea.
Ura: Orduña edo Tertanga herrietan hartu daiteke.
Hurbilketa: Orduñako mendateko eskuineko (Orduñatik igotzen bagara) aparkalekutik ipar mendebaldeko norabidearekin doan pista nabarmena 3,2 kilometroetan jarraituko dugu. Pista utzi eta honen eskuinean (ibilbidearen noranzkoan) arantzadun alanbreaz osatutako hesia zeharkatzeko aukera ematen duen ate birakaritik pasako gara Tertanga herritik datorren bidearekin bat eginez. Metro batzuetan bidean behera egin, 30-35º inguruko malda duen zelaia zeharkatu eta Frailebururen mendebaldeko lepora iritsiko gara. Lepora iristeko II zailtasuneko hormatxo inklinatu bat eskalatu beharko dugu. Kotxetik eskalada hasten den lekura 45-50 minutu inguru pasako ditugu.
Jaitsiera: Gailurretik lepora 40 metroetako rappel bat eginez jaisten da. Hala ere, tartean bi bilgune daudenez, rappel motzagoak egin daitezke. Lepotik aparkalekura igoerako bide bera jarraituko dugu.
Eramandako materiala: Bidean jarritako materiala urria da: iltze bakarra lehen luzean, bi iltze bigarrenean eta iltzerik ez azkenekoan. Bilgunea guztiak aldiz, uztaidun paraboltez osatuak daude. Guk 30 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 4 express zinta, bilguneak muntatzeko zinta-uztai bana eta hiru Lincam erabili genituen (horia, gorria eta morea). Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. 60 metroetako sokekin luze bakarrean eskalatu eta rappel bakarra eginez jaitsi daiteke.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru luzeetan eskalatuz hogeita bost minutu.

Ibilbidea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue. Kontutan izan eskaladan GPS datuak ez direla zehatzak izaten.

Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Eskaladaren nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Gau hotz baten ondoren Etxegarateko mendatea igotzen ari ginela egunak iluntasuna astindu eta esnatzen hasi zen. Zerua oskarbi zegoen eta, goizeko lehen izpi hotzek kotxearen atzerako ispiluan islatzen hastearekin batera, Arabako lautadak udazkeneko urre kolorea hartu zuen. Eguzkia atzetik genuen, kotxeari bultza egin nahiko balio bezala: “gutxiñez gaur ezteu egualdin aitzakik izango” esan nion Asierri.

Gasteizera iristearekin batera iparrera hartu genuen, lautada lehor eta monotonoa atzean utzi eta paisaia basoak hartzen duen lekura. Orduñara iristen ari ginela, Foehn efektuaren eraginez, Burgostik zetorren hodeizko olatu zuri eta mardulak Gorobelek osatzen duen kai-muturra bortizki jo eta, mendilerroaren gainetik, Arrastaria haranera izara baten moduan zabaltzen zen: “no jodas goien lañotuta daula”, bota nion Asierri. “Hala emateo” erantzun zidan, “ea itteon eguzkikin gu iristeako lañok junda daren”.

Tertanga herria zeharkatu ondoren, mendiari lapurtutako Orduñako mendatean gora sigi-saga egiten genuen heinean kanpoko tenperatura jaitsiz joan zen. Mendatearen gainera iritsi eta eskuinera doan bide batetik aparkalekura iritsi ginenean, termometroak bederatzi graduetatik behera ez zela gehiago jaitsiko erabaki zuen.

Fraileburu Orduñako mendatetik. Argazkia jaitsieran egina da.


Errepidetik ikusitako hodeizko olatuak bazterrak estaltzen zituen, haizearen eraginez pinuen artetik ziztu bizian galduz. Kotxeko ateak haizearen kontra indarrez irekitzearekin batera, haizea arropak utzitako zirrikituetatik lotsagabe sartu eta gorputzeko tenperatura jaisten hasi zitzaigun: “ostia, frexko itteolaaaa!!!”.

Mendi honen igoeraren inguruko informazio zehatzik topatu ez genuenez, zalantza handiak genituen eraman beharreko materialarekin. Saltzaile ibiltarien moduan maletategian eskaladako material guztia zabaldu genuen: 60 metroetako bi soka, 30 metroetako beste bi, 14 express-zinta, dozena erdi bat zinta-uztai, artaka-trabagailu, Alien eta Lincam jokoa eta Talkie parea: “Bueno, hemendio ze eramango deu?”.

Eskaladako trasteak azkar aukeratu genituen: Lau zinta-uztai, Lincam jokoa eta dozena erdi bat express-zinta. Haizeren indarra ikusita Talkie-ak ere hartzea erabaki genuen. Zalantzarik handiena sokekin izan genuen: “luze bakarren igo ta jaitsi edo gutxiñez bi luzetan eskalau?”. Azkenean 30 metroetako bi sokak hartzea erabaki genuen, haizearengatik luze motzagoak egitea seguruago izango zelakoan. Material guztia aukeratuta, motxiletan sartu eta aparkalekutik ipar-mendebaldeko noranzkoan pinudian galtzen den pistan barrena sartu ginen.

Aparkalekutik ateratzen.


Aparkalekuan jaio eta Txarlazo mendiaren gailurreko Orduñako amabirjinaren baselizan hiltzen den pistak hasiera batean pinu gorriek osatutako pinudia zeharkatzen du. Pinudiaren amaieran, maldan behera hastearekin batera, haize boladen mendean gelditu ginen. Berokiak goraino lotu, eskuak galtzetako poltsikoetan berotasun bila sartu eta, hotzagatik erdi uzkurtuta, arin-arin jarraitu genuen haizearen oihu eta noizik eta behin entzuten ziren ehiztarien tiro galduen hotsen artean.

Pinudiaren amaierara iristen. 


“Pena mendie ez ikustea” esan zidan Asierrek. “Ya lo creo” erantzun nion, “mendi honek Urbasa edo Lizarragan itsuraukela emateo”.

Pistan hiru kilometro inguru ibili ondoren, amildegi eta hodeiaren artetik Fraileburuk burua lotsati azaleratu zuen. “Hara, hortxe gaurko mendie”.

Asier amildegitik burua ateratzen ari den Frailebururi begira.


Metro batzuk aurrerago egin eta Euskadi eta Gaztela eta Leon banatzen dituen arantzadun alanbrez osatutako hesia zeharkatzea ahalbideratzen duen metalezko ate birakarira zuzendu ginen, Tertanga herritik mendian gora datorren bidearekin bat eginez.

Pista utzi ondoren ate birakarira zuzentzen.


Ate birakarian, bi mundu ezberdinen arteko atea.


Atea zeharkatzearekin batera, lautadatik amildegira, Burgostik Arabara eta haizetik babesera pasa ginen, bi mundu ezberdinen arteko atea zeharkatu izan bagenu bezala. Atearen atzeko munduaren gainetik Fraileburu bere osotasunean ageri zen, horma bertikalek osatutako aldarean makurtua, bailarako biztanleen joan etorrien testigu ixila. Zaila da horrelako ikusmirak sortarazten duen zirraragatik ihes egitea.

Atea zeharkatu ondoren bidean behera, Frailebururen ikusmira zirraragarria. Puntu zuriz oinez jarraitutako bidea, puntu gorriz aldiz, lepora iristeko egin behar den eskaladatxo erraza.


Haizeagatik erdi babestutako mundu honetako belar eta harkaitzak, hodeizko olatuak utzi eta haizeak eraman gabeko ur tantez bustiak zeuden. Harkaitz irristakor batzuen gainetik kontu handiz pasa eta denborak landatutako pago zahar baten ondotik pasa ondoren, Frailebururen mendebaldeko lepora zuzendu ginen: “Joer, haizetio aparte oain behar deuna da pareta bustie eotea” kexatu nintzen.

Hormetatik mendeetan zintzilikatutako Fraile eta pagoa.


Altuera gehiegi galtzeko beldurrez, bidean behera ez genuen tarte luzerik egin.

Tertangatik datorren bidea utzitako lekutik gertu.


Lehen aukera izan genuenean, bidea utzi eta 30-35 gradu inguruko maldarekin hormatik behera erori eta aspaldi belarra moztu gabeko zelai bat gurutzatzen hasi ginen: “hemen negun kontuz pasa beharkoa” esan nion Asierri. “Bai, holako belar luzekin elurrek eztu oso ondo eutsiko” erantzun zidan.

Zeharkaldia burutzen ari ginela haizeak bazterrak ederki astintzen hasi zen berriro ere. Gure begirada eta zalantzak ordea mendebaldeko lepoan jarriak genituen, bertara iristeko aukera ezberdinak oso bertikalak ziruditelako: “joer, ba bertara iristeko segundoko trepadatxoa dela nunbaiten irakurriet ba” esan nion Asierri.

Zelai maldatsuaren zeharkaldian. Puntu zuri eta gorriz lepora iristeko jarraitu beharreko bidea.


Zeharkaldiaren amaierara iristear geundela urrutitik bertikal zirudiena etzanez joan eta, xenda bat metro gutxi batzuetan jarraituz, haizeagatik berriro ere erdi babesean, lepoaren ezkerreko hormaren oinean kokatu ginen. “Igual hobe deu hemen arnesak jarri ta trastek hartzen baditteu” esan zidan Asierrek, lepo inguruko belarrak haizearen indarrez alde batera eta bestera astintzen zirela ikusi ondoren.

Motxiletako arropa guztia jantzi eta traste guztiak prest genituenean, haizeak gibeletik gogor jotzearekin batera lepora daraman maldan gora hasi ginen, II zailtasuna izango duen harkaitz plakatxo inklinatu eta erraz bat eskalatuz.

Plakatxoaren oinean.


"Ostia, hau da haizea" esan nion Asierri lepora iritsitakoan. "Zer?". "Hau dala haizeaaaa!!!" oihukatu nion haizearen burrunbaren gainetik ahotsa altxatuz. Lepoko zoruan bi paraboltez osatutako bilgune bat dago, aseguratzailea lepoan behera ez amiltzeko ideiarekin, pentsatzen dut. "Gaurkon badeu hemen lotzea, ze haize honekinnnn...!!". Gainean neraman eta Asierrek lurrean utzitako sokak lotu ondoren, materiala arnesetik zintzilik nuenez, Asierri ni eskalatzen hasteko eskatu nion. Hasiera batean gure asmoa ahalik eta luzerik gutxienak eskalatzea bazen ere, azkenean hiru luzeetan eskalatzea erabaki genuen, segurtasuna handitzeko bion arteko tartea gutxituz. Asier bilgunean lotzearekin batera eskalatzen hasi nintzen.

Frailebururen mendebaldeko lepoan Asierrek lurrean utzitako sokaren bila. Nire atzean lurrean muntatutako bilgunea ikusi daiteke.


- Lehenengo luzea, 13 metro, III. Ia hutsik eraman arren biok motxilarekin eskalatzea erabaki genuen, nolabaiteko beroa eman eta haizeagatik babestuko gintuenaren itxaropenean. Lehenengo luzeak fraidearen bizkarrezurra jarraitzen du, ornoen moduan, koska ezberdinez apaindutako hormatxo bertikal batzuk eskalatuz. Luzea, lepotik 8 metro ingurura jarritako iltze oker, herdoil eta bakarti batek babesten du.

Lepoa ahal izan nuen bezala zeharkatu eta bestaldeko hormara gogor heldu nintzen, fraidearekin dantza lotu bat dantzatu nahiko banu bezala. Haizearengatik nolabait babesteko ertzaren ezkerrera pasa eta metroak pixkanaka irabaziz jarraitu nuen hormatxo bertikal batekin topo egin arte (II).

Hormatxoaren ezkerretik jarraituz gero belar zati bertikal bat eskalatu beharko nuenez ez nuen bitan pentsatu ere egin. Arnesetik Lincam gorria atera eta hormatxoaren ezkerreko arrail batean sendo trabatu nuen: "bueno, oain gutxiñez iltzeaño seguro bat bauket", pentsatu nuen.

Belar zati bertikala eskalatzea baztertuta, eskuinera bota eta ertzetik eskalatzen jarraitu nuen, hormatxoaren gaineko erlaitzera igo eta eskura nuen iltzetik bigarren express-zinta pasatzeko (III). Erlaitza arteko eskalada erraza da eta helduleku oso onekoa da. Pena haizea, pena hotza.

Iltzetik gora begiratu eta gainetik nuen bigarren hormatxo bertikala ertzetik eskalatuz jarraitu nuen, haizeak edozein momentuan hormatik botako ninduenaren beldurrez (III) harkaitzetara belkroa izango banu bezala itsatsita. Tentsio-unea izan zen, harkaitza, grabitatea eta haizearen aurkako borrokak sortutako tentsioa. Bigarren luzeko tximiniaren azpiko uztaidun parabolt bakarrez osatutako bilgunetik aseguratu arte ez nintzen lasaitu.

Lehen bilgunea muntatzen.


Asier sokak segurtagailutik askatzen. Lepoko bilgunean lotuta nola dagoen ikusi daiteke. Puntu gorriz lepora arteko bidearen azken metroak.


Sokak erabat jaso eta segurtagailutik pasatuak izan arte Asier ez zen bilgunetik askatu. Sokak tente zeudenean lurrera lotzen zuen zilbor-hestea askatu eta eskalatzen hasi zen. Metroak poliki irabazi zituen, helduleku bakoitza gogor eutsiz eta haizeak gogor jotzen zuenean geldituz.

Iltzearen parean.


"Ostia, haizea!!" botan nion hotzak eragindako muki urtsua txamarraren mahuketako batekin kenduz. "Bai, eskuk hozten hasitauzket" erantzun zidan. "Lasai, ni igual hasi naiz ta tentsiokin berehala berotu zaizkit" esan nion.

Zintzilik nuen material guztia hartu eta bilgunearen eskuineko harkaitzean sartutako iltze herdoildutik express-zinta eta sokak pasa ondoren eskalatzen jarraitu zuen. "Esperoet eroiezkeo iltze honek eustea" esan zidan.

- Bigarren luzea, 25 metro, III+. Luzea 4-5 metro inguruko helduleku oneko tximini bertikala eskalatuz hasten da. Asier tximiniaren barnean kokatu eta, oinak non jarri ongi begiratu ondoren, tximiniaren barruko arrailean ahal izan zuen goienen Lincam horia trabatu zuen. Gainetik seguru bat jarrita izateak ematen duen segurtasunarekin, gorputza bilgunetik gora kontu handiz altxatu eta mugimendu pare batean bilgunetik 2-3 metro ingurura dagoen erlaitz erosora igo zen (III+).

"Hemen beste iltze bat dau" esan zidan bertatik express-zinta bat pasatu eta, soken marruskadura ekidin asmoz, Lincam horia arrailetik kenduz.

Erlaitzean, iltzetik sokak pasatu eta Lincam horia kendu ondoren.


Argazki honetan lehen bilgunea osatzen duen uztaidun parabolta ikusi daiteke, baita honen eskuineko iltzetik pasatutako express-zintaren atzeko zatia ere.


Erlaitzetik gora haize boladak indartuz joan ziren. Nahiz eta Asierrek zerbait esan, bere hitzek haizeak mendian behera eramaten zituen nire belarrietara iritsi gabe. Hiru metro eskasera izanda ere ez genuen elkar entzuten. "Hobe deula hemendio aurrea talkietik hitzeittea" esan zidan azkenean talkie-tik. "Bai, hobe deu" erantzun nion.

Erlaitzetik gorako zatia ez da zaila, III zailtasunaren baitan izango da. Hala ere, Asierrek Lincam morea bertako harkaitzen arteko arrail estu batean trabatu eta, sendo zegoela baieztatu ondoren, express-zinta eta sokak bertatik pasatu zituen eskaladarekin jarraituz. Deigarria da eguraldia alde ez dugunean zenbat segurtasun neurri hartu daitezken.

Metro pare bat eskalatu ondoren, ia bilgunera erori zen harkaitz aske baten ondotik pasatu eta bigarren bilgunera arteko zelai inklinatura igo zen.

Frailearen kapa osatzen duen zelaia hasierako metroetan tentea da, 45 gradu ingurukoa. Haizeak etengabe orraztutako belar luzeei tira eginez metroak pixkanaka irabazi zituen, malda pixkanaka leunduz: 45, 40, 35, 30... Erdi-oinez egindako azken tartearen ondoren, pareko horman soka batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen. 

Bigarren bilgunea.


Nahiz eta zailtasun osoa lehen metroetan kontzentratuta izan bigarren luzea polita iruditu zitzaidan. Lehen luzean bezala, bidetik batera edo bestera pixkat ateraz gero harri solteak daude. Zelaira igotzeko eskalatu behar diren harkaitzetako bat kolokan dago, baina ez nintzen kentzera ausartu ondoko harkaitzak askatuko nituenaren beldurrez.

"Eskuk zemuz?" galdetu nion bilgunera iritsitakoan. "Buenooo, zoze berotuie baña asko ez". Eskuetan hotzik ez sentitu arren segurtasun mosketoiaren haria arin askatzea kosta egin zitzaidan, hotzagatik behatzak motelak zeudenaren seinale. Giroa solasaldi luzeetarako ez zegoenez, Asierri materiala hartu eta eskalatzen jarraitu nuen.

- Hirugarren luzea, 12 metro, II+. Luzea bilgunetik eskuinera oinez metro batzuk eginez hasten da, Frailebururen gailurraurre eta gailurrak osatzen duten lepo estura iritsiz.

Bigarren bilgunean, atzean Orduña ikusi daiteke.


Gailurra eta gailurraurrearen arteko lepotxoan eskuak berotu nahian.


Lepotxoan haizeak gogor eta gogoz jotzen zuen. Behera begiratu eta Frailebururen hegoaldean dagoen hormaren azpiko  lezean kokatutako eraikina ikusi nuen: "hor barrun oain bai ondo" pentsatu nuen. Automatikoki argazki kamera atera eta argazki pare bat egin nizkion.

Lezean kokatutako aterpetxoa. Ez dakit non irakurrita daukat gaur egun ahuntzen aterpe modura erabiltzen dela.


Argazki kamera zorroan gorde nuenerako eskuak berriro ere hotzak nituen. Eskuak igurtzi, astindu eta berotasun faltsu bat sentitzen hasi nintzenean, Asierri "hemendio gora errexa emateo" esatearekin batera eskalatzen jarraitu nuen.

Azken metroak II+ zailtasunaren baitan egongo den harkaitz-plaka inklinatu eta erraza eskalatuz betetzen dira. Halere azken metro hauek izan ziren eskalatzen deserosoenak haizeak bete-betean astintzen ninduelako. Plakan denbora luzean egoteagatik haizeak bertatik botako ninduenaren beldurrez, gelditu gabe eta asegururik jarri gabe eskalatu nuen, kate batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen arte.

Azken eskaladatxoa. Inguruko belarrak haizearen eraginez okertuta nola dauden ikusi daiteke.


Bilgunea atzean utzi eta fraidearen burugainak osatzen duen lautadatxora iritsi nintzen. Metro batzuk ibili ondoren eta gailur berezi honetan sentiarazi nuen intimitateaz kutsatuta, argazki kamera atera eta haizeak hartutako gailur bakartiari argazki batzuk egin nizkion.

Fraileburuko gailur bakartia.


Gailurra alderik alde zeharkatu eta euskal presoen etxeratzea haizearen bultzadarekin lau haizetara oihukatzen duen banderari eusten dion hagatxoaren ingurutik soka pasatzen hasi nintzen, bilgunea bertatik muntatzeko asmotan. "Joer. erdi kolokan dau" pentsatu nuen hagatxoari tira egin eta balantzak egiten zituela ikusi ondoren.

Lurrera begiratu eta harkaitz batean parabolt bat sartua ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe paraboltetik segurtasunezko mosketoi bat pasatu eta mosketoietik segurtagailua eta gailurrera lotuko ninduen soka pasatu nituen. Erosoago egoteko lurrean eseri eta sokak jaso ondoren, Asierren burua lautadatxotik agertzen ikusi nuen.

"Earra, eh?" oihukatu nion belarrira. "Bai, pena haizea!!!" erantzun zidan. Haizeteari alde on bat ikustearren, gutxienez horma, harkaitz eta belarrak lehor-lehorrak mantendu zituen.

Eskalada historiko honen ondoren pena izan zen gailurretaz gehiago gozatzeko aukerarik ez izatea. Haizea indartuz zihoala zirudien eta oraindik behera iritsi beharra genuen. Gailurrean izan ginen une laburrari ahal izan genuen zukurik handiena atera eta ahal izan genituen argazki gehienak egin genituen, Sopeñari gertatu bezala, Tertangako bidetik gora zihoazen mendizale batzuen begiradapean. Gailurra utzi aurretik bertako postontzian notarik ba ote zegoen begiratzera joan ginen. Metalezko etxetxo distiratsua irekitzearekin batera haizea sartu eta barruko hautsa besterik ez zen harrotu: "hutsik dau!!!" oihukatu nion Asierri postontzia berriro ere itxiz.

Fraileburuko gailurrean.


Gailurra utzi aurretik.


"Pentsatzet rappel batekin lehenengo bilguneaño iritsiko geala" esan nion Asierri rappel-a muntatzen zuen bitartean. "Hala ustezu?". "Baietz esango nuke, nunbaiten 40 metrotako rappel batekin beraño iristeala irakurri det behintzet". "Bueno, beheraka hasiko naiz ta talkietik abisaukoizut" erantzun zidan.

Bi itzal Frailebururen gailurrean.


Sokak mendian behera bota beharrean, haizeak eramango zituenaren beldurrez, Asierrek gainean eraman zituen metroak pixkanaka galduz. Nik bitartean, futbol partidua arreta osoz irrati txikian entzuten ari denaren moduan talkie-a belarrira itsasia nuen, Asierren "libreee" entzuteko zain.

Lehenengo rappelean, malda belartsuan behera.


"libre" entzun nuenean lasaitu ederra hartu nuen: Asier lehen bilgunean eta sokak inon katiatu gabe zeuden. Denbora asko galdu gabe azkenekoz haizeak agintzen zuen musikaren erritmoan dantzan zegoen bandera eta gailurrari begiratu eta, bihotzetik atera zitzaidan "gero arte" baten ondoren, beherako bidea hartu nuen.

Lehen bilgunera iristen. Argazkian bilgunea eta honen eskuineko iltze herdoildua (borobil gorriaren barruan) ikusi daitezke.


Haizea zintzo jokatu eta sokak arazorik gabe jaso genituen. Bigarren rappela soka bakarrarekin egiterik bagenuen ere, bi sokekin egitea erabaki genuen, lepora iristen den II zailtasuneko plakatxo inklinatua ere rappelatuz. Modu honetan zati hau sokarik gabe jaisteko ez genuen haizearengatik kezkatu beharko.

Bigarren rappelaren hasieran...


... eta amaieran. Puntu zuriz oinez egiten den zatia.


Asier soketatik askatu zenean rappelatzen hasi nintzen.

Bigarren rappelaren hasieran.


Asierren parera iritsi nintzenean haizeak orain arte emandako astindu eta bultzakadak laztan goxo eta leunak bihurtu zirela iruditu zitzaidan. "Bai, haizea zertxobait geldittua" esan zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala. "Oain bakarrik behar deu haizea geldittu ta zerue urdiñe gelditzea, jejeje" erantzun nion irribarretsu.

Sokak bigarrenez arazorik gabe jaso, traste guztiak motxilan sartu eta hurbilketan zeharkatutako zelai maldatsua goraino igo genuen, hormatxo motz bat eskalatu ondoren mendilerroaren ertzera ateraz: "ea fundamentuzko argazkin bat itteeten krokise marrazteko" esan nion Asierri.

Argazki honetan igoeraren nondik norakoak ikusi daitezke. Biderik ez dagoen zatia gailurraurreak estaltzen du.


Argazkilari baten aurrean posatzen ari den modeloaren moduan, Fraileburuari bira egiten genion heinean argazki kamera sutan jarri nuen, argazkiak leku guztietatik eginez.

Ate birakariaren bestaldeko pago zaharra eta Fraileburu.


Fraileburu parez-pare izan genuenean Pedro Udaondo eta Arturo Fernandezek 1955an bertatik eskalatutako bidea nondik nora doan amesten aritu ginen: "Zuzen igo bazuten A3ko pasok gutxiñez izangoittu" esan zidan Asierrek arrazoi osoz. "A ze meritue hortio igotzea!!!", "eta ze potrok!!!".

Fraileburu parez pare. Hortik igotzea ere!!!


Azken argazkiekin batera ate birakaria berriro ere zeharkatu eta amildegien mundutik lautadaren mundura itzuli ginen, hurbilketan jarraitutako pistari metroak irentsiz.

Pistan berriro ere, Asierren eskuinean Frailebururen burua ikusi daiteke.


Haizeak goiz osoan gogoz jo arren ez zen nahikoa izan zerua garbi uzteko. Itzuleran gutxienez paisai zabalago bat ikusteko aukera izan genuen.

Hurbilketan ikusi gabeko paisaia dastatzen.


Pistak maldan gora egiten duen puntuan, pinudian sartu aurretik buelta hartu eta Frailebururi azken begirada bota nion: "bai, berriro ere itzuliko naiz" esan nion argazki kameraren "klik" hotsarekin batera.

Pinudian sartu aurreko azken argazkia. Fraileburu, eguzki eta itzalen arteko borrokaren mugan dago.


Igoera izugarri gustatu zitzaigun. Goierritar askok galdetuko dute 50 metro eskalatzeko ordu eta erdiko bidaia merezi duen ala ez. Teknikoki eta zailtasunaren aldetik erakarpen gutxiko eskalada izan daiteken arren, eskalatzen den zentimetro bakoitzean Euskal Herriko eskaladaren lehen pausuen historia bizitzeko aukera dago. Batzuetan aurrera egin aurretik gelditu eta jatorriaren iturritik edan behar da egiten dugunari zentzua emateko. Eta hori da mendi honen igoerak eskeintzen duen altxorrik preziatuena: jatorriaren iturritik edateko aukera, alegia.

Kotxetik egindako azken argazkia. Eskuinean Orduñako baseliza gailurrean duen Txarlazo mendia. Ezkerean Tertangako zirkoa eta Fraileburu ikusi daitezke.


KRONIKA HAU IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK.

- Angulo, Miguel (1985). "la montaña vasca". Donostia: Elkar argitaletxea.
- Iturritxa, Javier (2011). "aristas y crestas de Euskal Herria". Bilbo: SUA edizioak.
- Pyrenaica (1953), 4. zenbakia, III urtea. Tolosa: Espainiar mendi federazioa.
- "Gorobel mendilerroa, altxor biziduna". Euskonews.com web orritik.
- "Cien años de la Comisión de Montaña del Club Deportivo de Bilbao, 1914-2014 - Tercera parte: años 1923-1926". Blog de César Estormes de Historia y Deportes blogatik.
- "Pico del Fraile". Mendikat web orritik.