AZKEN 10 SARRERAK

2018/11/12

EGINO: "BASOTXO" BIDEA, 250 m, 5b. 2018/11/04

Ibilbidearen oineko plakatxo eta lila koloreko kordela.


"Eginon bide berrie ireki dute, basotxo. Mendia ta eskaladan dau" zioen Asierren mezuak. Gauza batengatik edo bestegatik ia hilabetez mendian eskalatu gabe nenbilen. Droga-menpekotasuna duenaren moduan eskalada dosi on baten beharra nuen. Azken asteetan Ikerrek etxean muntatuta duen rokromo txikian abstinentzia-sindromea nolabait apaldu arren, dosia ez zen nahikoa izaten ari. Honegatik, Asierren mezua irakurri ondoren, bitan pentsatu gabe Iñaki Zuzak kudeatzen duen "Mendia eta eskalada" blogara zuzendu eta "Basotxo" bidearen krokisa goitik behera aztertu nuen. Irekitzaileen zerrenda irakurtzearekin bakarrik bidea eskalatzeko gogo bizia piztu zitzaidan: "hok ezaututa ziur bidea kalitatezkoa dela" pentsatu nuen.

Mezua jaso ondorengo egunak eta asteburua euritsu eta hotzak izan ziren, Aralar eta Aizkorri udazken honetan lehen aldiz zuriz janzteraino. Neguak udazkenari aurre hartu izan bazion bezala, hotzak eta euriak ez zuten bidea eskalatzeko garra apaldu ezta Aizkorriko kanalak zurituak ikusteak ere, honek duen tentazioarekin. Dosia behar nuen, honegatik, Santu Guztien egunaren ondorengo astebururako eguraldi ona iragarrita zegoela ikusi bezain pronto, MATeko whatsapp taldea dantzan jarri nuen: "Igandeako fijo baietz!!!", jejeje.

Udazkeneko lehen elurtea.


BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude, hirugarrena eta seigarrena ezik. Hirugarrenean uztaidun parabolt bat dago (harkaitz-zubi batez indartua) eta seigarrenean parabolt bakarra (harkaitz-zubi batez indartua).

- Luzera: 250 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: Javier Barbarin, Gerardo Bilbao, Susana Agirre, Belen Eguskiza eta Iñaki Gorrotxategi 2018an.
- Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: III+ (45 m), 2ºL: 5b (40 m), 3ºL: IV+ (45 m), 4ºL: V (40 m), 5ºL: 5b (45 m) eta 6ºL: IV (35 m).
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Egino herrian dagoen iturrian ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu. Bidea “Elmer” eta “Udaberri” bideen artean dago. Bidearen hasieran “Basotxo” izena duen plakatxoa eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordel more bat ikusiko ditugu.
- Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik behera doan ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginon izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 14 express-zinta (bigarren luzean denak erabiliko ditugu) eta zinta-uztaia batzuk bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Lehen luzeko aseguruen arteko tarte luzea laburtu nahi bada friend eta artaka-trabagailuak eraman daitezke, hauek trabatzeko aukera handia baitago. Guk eraman arren ez genituen erabili.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian bidearen ondoan dauden beste bide ezagunak ikusi daitezke.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Iragarritako hotzagatik ihes egin nahian Asierrek normalean baino beranduago jaso arren, Eginoko erdigunean kotxea utzi genuenean termometroak -0,5Cº adierazten zituen: "ostia, hau da hotzaaaaa!!!" bota nion Asierri kotxetik atera eta Eginoko kaleak gupidarik gabe zeharkatzen zituen haize hotzaren mendean gelditu nintzenean. Motxila hartu eta forro polarra goraino lotu ondoren martxan jarri ginen, hotzagatik uzkurtuta, eskuak galtzetako poltsikoetatik atera gabe.

Herritik eskaladako bideetara zuzentzen den porlanezko pistan gora arin igo arren, berotu genuen gauza bakarra hauspoa izan zen, halabeharrez abiadura jaitsiz: "bidea irixtegeanen hotza badau pixkat etxoingodeu ea eguzkikin berotzen gean" esan zidan Asierrek. Egun hotzei begira Eginoko txoko honetako bideen hego-orientazioak goizean goiz eguzkiaren berotasuna sentitzeak ziurtatzen du. Lehenago edo beranduago eguzkia horma berotzen hasiko zen eskaladaz gozatzeko aukera emanez. Harkaitza oso hotza dagoeneko sentsazioa ez da atsegina. Metroak irabazi ahala hatzetako sentikortasun eta mugikortasuna galtzen joaten da harkaitza hatz puntekin ez sentitzeraino. Behatzak gogor eta harkaitza sentitu gabe gelditzearekin batera segurtasun faltaren itzala handituz joaten da, eskuekin heldutako heldulekua benetan helduta dagoen ziurtatzea zaila izaten baita.

"Basotxo", “Elmer” eta “Udaberri” bideen artean dago. “Elmer” bidearen oinetik 5-6 metro eskasera geundenean eskuinera bota eta, hamabosten bat metro ibili ondoren, "Basotxo" izena duen plakatxo gorrira iritsi ginen. Plakatxotik zentimetro batzuk gorago harkaitz-zubi batetik pasatako soka lila dago.

Bidearen oina.


"Buenooo, oain emateo hainbesteko hotzik eztaula" esan nion motxila lurrean uztearekin batera. Azaroan indarra galtzen hasitako eguzkiak bazterrak zertxobait berotzen hasita zegoen sinesmenean, prestaketa lanak lasai eta mantso hartu genituen. Honetan ari ginela azpiko zuhaitzen artetik ahots batzuk iritsi zitzaizkigun. Behera begiratu eta sokada bat azaldu zen. Aurretik zihoana ezaguna iruditu zitzaidan baina, askotan esan dudan moduan, izenak gogoratzeko desastre hutsa naizenez, nondik ezagutzen ote nuen galdetzera ausartu gabe "aupa" soil bat bakarrik bota nien.

"¿Vosotros sois del blog smithy?" galdetu zigun bat batean. "Si" erantzun genien. "Yo soy Javier Berganzo, de escaladores de la edad de oro" esan zigun bioi milaka metro eskalatutako esku sendo, bero eta gogorrekin bostekoa emanez. "Oain bai!!" pentsatu nuen, "esaten nun ba nunbaitetio ezautzen nula". Javierren "Escaladores de la edad de oro" bloga behin baino gehiagotan kontsultatu izan dut eskalada-bideen inguruko informazioa topatzeko, hauen azalpen motz bezain zehatza egiten baitu. Beraiekin hitz batzuk partekatu ondoren gu lasai hasteko esan ziguten: "nosotros iremos detrás vuestra".

Traste guztiak zintzilik nituenean beroa sentitzen hasi nintzen, eguzkiak azken unean kasu egin eta bazterrak berotzera animatu izan balitz bezala. Bitan pentsatu gabe eta, behin eskalatzen hasita zaila izango zela beldurrez, polarra kendu eta motxilan sartu nuen manga motzetan geldituz: "eskalatzen hasten naizenen berotuko naiz", pentsatu nuen. Talkie-a piztearekin batera Javierri "gero arte" bat bota eta berak erantzundako "disfrutad" baten ondoren eskalatzen hasi nintzen.

- Lehengo luzea, 45 metro, III+. “Basotxo” izena duen plakatxo gorriaren gaineko harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen hasi nintzen (II-III) gainean dauden zuhaitzetara hurbilduz. Nahiz eta Javierrek lasai ibiltzeko esan, atzetik sokada bat izateak nolabaiteko presioa sentiarazten ninduen eskaladaz erabat gozatzeko aukerari oztopoa jarriz.

Bidearen lehen metroak azpitik ikusita. Borobil gorrian izena duen plakatxoa ikusi daiteke.


Harkaitz-plakaren gaineko zuhaitzetara iritsi gabe luzeak zertxobait eskuinera jotzen du, onak izanda ere, tarteka heldulekuren baten sendotasuna ongi begiratu behar den harkaitz-plaka tenteago bat eskalatuz (III-III+).

Harkaitz-plaka tentearen oinetik behera egindako argazkia.


Harkaitz-plaka honetan aseguruen arteko tartea ez da motza baina auto-babeserako aukera handiak daude. Hasierako presioaren ondoren burua eskaladara itzultzen joan zen erabat kontzentratu arte. Mundu osoa aurretik nituen 4 metro eskasetara mugatzen zen, esku eta oinentzat heldulekurik sendoenak topatzera jolastuz. Harkaitz-plaka osoan ez nuen friend edo artaka-trabagailurik trabatzeko beharrik sentitu baina aukera hau hain da pertsonala…

Harkaitz-plakaren amaieran zuhaitz baten enborretik pasatako mailloidun soka batera iritsi nintzen. Luzearen zailtasun guztiak amaituta, orain arteko kontzentrazioak alde egin eta atzetik zain zeudenak berriro ere burura etorri zitzaizkidan. Bitan pentsatu gabe bilgunea bertan muntatu nuen.

Mailloidun soka duen zuhaitza,. Lehen bilgunea honen atzeako horma bertikalean dago.


Asier eskalatzen ari zela bilgunea zuhaitzean muntatzearen erabakia zalantzan jarri nuen: “luzen zehar paraboltak jarrittuzte ta eztue lehen bilgunen fundamentuzko reunioik montau?” Asier iritsi zenean bilgunean gelditu gabe aurrera jarraitzeko eskatu nion: “ustet benetako reunioa goien daula”.

Lehen luzearen harkaitz-plaka tentea azpitik ikusita.


Asier harkaitz-plakaren azken metroetan.


Nire susmoa egi bihurtu zen. Asier zuhaitzaren ondotik pasa eta oinez 8-10 metro ibili ondoren horma bertikal baten azpian kokatutako benetako lehen bilgunera iritsi zen: “esatenon ba…” bota nion arin-arin bilgunera iritsi nintzenean.

- Bigarren luzea, 40 metro, 5b. Lehen ezusteko tontoaren ondoren eta galdutako denbora berreskuratu nahian, Asierrek arnesetik materiala hartzen zidan bitartean, bera segurtasunez aseguratzeko sokak berriro jaso nituen. Segurtagailutik pasa, Asierri keinu bat egin eta eskalatzen jarraitu zuen. Luzea bilgunetik gora doan koska txikidun harkaitz-plaka bertikala eskalatuz hasten da lehen parabolta arte (IV+). Lehen metro hauetan aurreko egunetatik eguzkiak oraindik eraman gabeko hezetasuna zegoen eskalada kontu handiz egitera behartuz.

Bigarren paraboltaren aurretik helduleku txikiak dituen 5b zailtasuneko pasabidearen ondoren, sokak paraboltetik pasatu eta zertxobait eskuinera bota zen harkaitz-plaka eskuinetik errazago eskalatzen baita.

Bigarren paraboltetik gora.


V zailtasuneko metro batzuen ondoren "Berto” izeneko arrail bertikalaren oinera iritsi zen.

"Berto" arrailaren oinean.


Arraila pertsona baten zabaleran hasi eta pixkanaka estutuz doa hormarekin bat egin arte. Asier poliki hasi zen eskalatzen, esku eta oinak bota aurretik arrailaren ertzetako harrien kalitatea nahikoa zela egiaztatuz.

"Berto" arrailaren lehen metroetan.


Arrailaren amaierara iristear zegoela eskuinera pasa eta bilgunera arteko harkaitz-plaka bertikala kontu handiz eskalatu zuen (5b, beharbada zertxobait gehiago). Bilgunea, azpitik ikusten den zuhaixka baten gainean, “Udaberri” bidearen hirugarren luzeko sabai nabariaren ezkerrean kokatua dago. “Ze luze ona. Honi ze emateie?” galdetu zidan bilgunetik. “kinto b” erantzun nion, “ze ba?”. “Nei gehixeago iruittu zait” erantzun zidan "ea zuri ze iruitzezaizun".

Bigarren bilgunean.


Hizketan ari ginela zuhaitzen artetik Javier azaldu eta uztaidun paraboltetako bat libre utzi ondoren bertatik aseguratu zen: “¿Cómo va?” galdetu zidan, “Por ahora muy bien” erantzun nion, “mi compañero dice que el largo que viene ahora es una pasada”. “Pues nada, a disfrutar” erantzun zidan lasaitasun osoz.

Luzea, bide osoko luzerik eder, bertikal eta mantenuena iruditu zitzaidan inongo zalantzarik gabe. Luze hau gutxienez eskalatzeko bide honetara hurbiltzea merezi du. "Berto" arrailaren eskalada ikusgarria da, eskuekin tira eginez baino oinak ongi jarrita eskalatu behar den horietakoa.

"Berto" arraila azpitik ikusita.


Arrailaren amaieran.


Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plakan ere, indarra baino gorputza ongi kokatu beharko dugu.

Arraila atzean utzi ondoren.


Bigarren bilgunea.


Asierren susmoa baieztatuz, eta inguruan dituen “Elmer”, “Udaberri” edo “Susi” bezalako bideekin alderatuz, luze honek beharbada 5b baino zertxobait gehiago izan dezakeela iruditu zitzaidan.

. Hirugarren luzea, 45 metro, IV+. Atzetik genituenak denbora luzean zain ez izateko Asierri materiala azkar-azkar hartu eta eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunetik ezkerrera metro batzuetako zeharkaldi horizontala egin nuen (III) bigarren paraboltera iritsiz. Zeharkaldi hau kontu handiz egin behar izan nuen harkaitzen bat edo beste askea baitago.

Zeharkaldiaren amaieratik bilgunera egindako argazkia.


Zeharkaldiaren ondoren, helduleku ederretako harkaitz-plaka inklinatu bat ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraitu nuen ur tantadun harkaitz-plaka tente batera zuzenduz (III). Metroak azkar irabazten nindoan eta arreta osoa oinak belar edota harri askeetan ez jartzean nuen.

Ezkerrerako joerarekin eskalatzen den harkaitz-plaka inklinatua.


Ur-tantadun plaka nabariaren azpian kokatu eta eskuinean duen harlauzaren laguntzarekin zuzen eskalatu nuen (IV).

Ur-tantadun plaka.


Harlauzaren amaierarekin batera zertxobait eskuinera pasatu eta, IV+ zailtasuneko pasabidetxo baten ondoren, gainetik nuen harkaitz-plaka eskalatzen amaitu nuen harriz estalitako zabalgune batera iritsiz.

Zabalgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka eskalatzen.


Harkaitz-plaka bera azpitik ikusita.


Zabalguneak dituen 4-5 metroak oinez zeharkatu eta pareko horma bertikalean uztaidun parabolt bat eta harkaitz-zubi batetik pasatako sokaz osatutako bilgunera iritsi nintzen. Bilgunea “Udaberri” bidearen laugarren bilgunetik 8-10 metro ezkerrera dago.

Luze kuriosoa iruditu zitzaidan, eta tarte luze batean zeharkaldia eginez eskalatzeak bere xarma du. Kontu bakarra sokak jasotzean jarri beharra dago, zabalgunean tamaina ezberdineko harri aske asko baitago. Nik sokak jasotzeko garaian zorionez ondoriorik izan ez zuen harri handi bat bota nuen.

Asier bilgunera iristen. Lurrean dauden harri askeak ikusi daitezke.


"Atzekok ni reuniotik atera arte eztie eskalatzen hasi" esan zidan bilgunera iritsi zenean. "Joer, ze ondo" erantzun nion, "holakok geroz ta gutxigo ikusten die". Eskalada tamalez gizarteak dituen presa, berekoikeri eta ohitura txarrez kutsatzen hasita dago, sokaden arteko adiskidetasuna arriskuan jarriz. Geroz eta ohikoagoak dira bide bera eskalatzen ari diren sokaden arteko liskarrak, batez ere azkarrago doana motelago doana edozein moduan eta edozein tokitik aurreratzen saiatzen denean, bi sokadak arriskuan jarriz. Javierren sokada bezalakoen jokaera galtzeko arriskuan dago.

- Laugarren luzea, 40 metro, V. Laugarren luzearen lehen metroak bi moduetara eskalatu daitezke: bilgunetik zuzen jarraitu eta honen gaineko sabaitxoa eskalatu lehen bi paraboltak eskuin eskuarekin "txapatuz" edo bilgunearen eskuinaldera jo eta, ia parabolten gainetik, harkaitz-plaka bertikala eskalatzen jarraitu. Zailtasunaren lehen aukera zertxobait zailagoa izan daiteke baina biek IV edo IV+ zailtasunaren baitan egongo direlakoan nago.

Laugarren luzeko (puntu gorriz) lehen metroak eskalatzeko dauden aukerak. Puntu zuriz “Udaberri” bidearen bosgarren luzeko lehen metroak.


Asierrek bigarren aukera hartu zuen. Bilgunetik gora 4-5 metroetako harkaitz-plaka bertikala eskalatu (IV) eta pixkanaka ezkerrera zeharkaldi erraz bat eginez jarraitu zuen (II-III) begi bistatik galdu eta “Udaberri” bidearen bosgarren luzearekin bat egin arte.

Lehen metro bertikalak eskalatu ondoren.


Sentsazio arraroa izaten da soka-laguna begi bistatik galtzen denean soka nola eta noiz eman ez baita jakiten. Zizarearekin arrantzan aritzen ginenean bezala, sokak lagunetik eskuetara transmititzen duen sentsazioarekin adi egon behar da, tentsiorik sentitzen es denean soka jaso eta tentsioa sentitzen hasten denean soka emanez.

Bilgunera arte “Udaberri” bidearekin partekatzen diren metro hauetan Asierrek harkaitz-plaka inklinatu batean zeharkaldia egin (IV) eta bilgunera iritsi aurreko horma bertikalaren azpira iritsi zen: "hemen ezkerretio parabolt linea bat dator" esan zidan talkietik, "ez nun ba gaizki hartuko, ez?". "Ez da ba Elmerrena izango,ez?" galdetu nion. "Balittteke erantzun zidan, "ea ze esatezun". Horman zuzen eskalatu eta sabaitxo baten parera iritsi zen. Sabaia azpitik helduz ezkerrera horizontalean mugimendu pare bat eginez (V) bilgunera iritsi zen.

Soka gainetik izanda bilgunetik gora zuzen ateratzea erabaki nuen. Bilgunearen gaineko sabaitxoaren azpian kokatu eta honen gaineko helduleku txiki batzuetara eutsiz oinak altxatu eta IV+ zailtasuna izan dezaken pasabidea eskalatu nuen bigarren paraboltaren parera iritsiz.

Lehen metro bertikalak eskalatu ondoren egindako argazkia. Bilgunera iritsi aurreko horma bertikala ikusi daiteke, baita honen gaineko sabaitxoa (Asierren eskuinean).


Bilgunera iritsi aurreko horma bertikalaren aurretik zeharkatu behar den IV zailtasuneko harkaitz-plaka inklinatua.


Bilgunearen azpiko hormara iritsi nintzenean Asierrek esan zidan ezkerreko parabolt ilarari begiratu eta oso azpitik zetorrela ikusi ondoren “Elmer” bidearen laugarren luzekoak zirela baieztatu nion. "Basotxo" bideak laugarren bilgunea “Udaberri” eta “Elmer” bideekin partekatzen du.

Laugarren bilgunean.


Bilgunera iritsi eta Asierri soberan zuen materiala hartu gabe aurrera jarraitu nuen. Bilgunearen ezkerretik oinez atera eta pixkanaka belarren artean nabaritzen hasita dagoen bidexka jarraitzen hasi nintzen pareko harkaitzetara igoz.

Bosgarren luzearen (gorriz) nondik norakoak. Honen ezkerretik "Txomin" eta “Elmer” bideen bosgarren luzeak doaz.


Eskuinean dagoen haritz handi eta nabarmenera hurbildu eta eskuinean utziz hormara zuzendu nintzen. Bosgarren luzea haritzaren ezkerrean eta atzean dagoen harkaitz-plakaren oinean hasten da. Bertan “basotxo” izena duen plakatxoa gorria topatu nuen.

Bosgarren luzearen hasiera.


Guztira, laugarren bilgunetik laugarren "bis" bilgunera 50 metro inguru ibili nituen. Erreferentzi bezala, "Basotxo" bidearen bosgarren luzeko ezkerreko horman "Txomin" eta “Elmer” bideen bosgarren luzeak doaz.

Bosgarren luzea aztertzen.


- Bosgarren luzea, 45 metro, 5b. "Ea kinto hau bigarren luzekon antzekoa da"esan nion Asierri bilgunetik atera baino lehen. "Hemen emateo pasoa goiko tetxu hortan eongoela" erantzun zidan hormaren gaineko sabaitxo nabarmena seinalatuz.

Bilgunetik gorako harkaitz-plaka eskalatzen hasi nintzen hormaren erdian dagoen arrail nabarmenera zuzenduz. Harkaitz-plaka lehen metroetan etzana bada ere (II-III), metroak irabazten diren heinean tentetuz doa (IV).

Lehen metroetako harkaitz-plaka etzanean.


Arrailera iritsi aurretik ezkerrera V zailtasuneko pasabide motz eta arraro bat topatu nuen, oinak ongi jarri beharreko pasabide horietako bat. Orain arte atentzioa gehien deitu zidana aseguruen arteko tartea izan zen, ez baita motza. Halare auto-babeserako aukerarik badago.

Arrailaren hasieran.


Arrailaren eskalada plazer hutsa iruditu zitzaidan: aseguruen arteko tartea luzea bada ere helduleku oso onak ditu eta azpitik dirudiena baino errazago eskalatzen da, V zailtasunean mantenduz. Arrailaren amaieran horma metro gutxi batzuetan bertikaltasuna galdu eta gainetik nuen sabaiaren azpira doan ur-tantadun plakatxo batera zuzendu nintzen: "Bai, pasoa hemen eongoa" bota nion Asierri parabolten arteko tartea asko murrizten zela ikusita.

Aurretik, 4-5 metro eskasean hiru parabolt nituen. Ur-tantadun plakaren azpian gelditu, eskuak magnesio poltsan sartu eta gehiegizko magnesioa putz eginez kendu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.

Ur-tantadun plakatxora iristen.


Ur-tantadun plakatxoa eskalatu eta bidea ixten zidan sabaiaren azpian kokatu nintzen. Ezker besoarekin sabaitxoa modu alderantzikatuan azpitik heldu eta oinak ahal izan nuen guztia igo ondoren gorputza altxatu eta eskuin eskuarekin helduleku baten bila hasi nintzen. Ez zen denbora luzea pasa sabaiaren eskuinaldean dauden helduleku handietako bat heldu nuen arte. Heldulekua sendo eutsi eta ezker eskua askatzearekin batera sabaia eskalatu nuen (5b).

Sabaia eskalatu ondoren. Ur-tantadun plakatxoa ikusi daiteke.


Sabaia eskalatuta harkaitz-plakak bertikaltasuna zertxobait galtzen du. Itsasgarritasunezko pasabidea izan gabe oinetan fede osoa jarri beharreko metro batzuen ondoren harkaitz-plaka amaiera arte eskalatu (IV+) eta gaineko zuhaixketara iritsi aurretik ezkerrean dagoen belarrezko kanalera jaitsi nintzen metro gutxi batzuen ondoren bilgunera iritsiz.

Bosgarren bilgunean. Harkaitz-plakaren azken metroak ikusi daitezke.


Luzea ederra iruditu zitzaidan baina ez bigarren luzea bezain ederra.

Asier bosgarren luzeko zailtasunak amaitzen.


"Ze iruittu zaizu?" galdetu nion Asierri bilgunera iritsi zenean. "Ona baña bigarren luzea askoz hobea" erantzun zidan. "Neire hala iruittu zait" erantzun nion.

- Seigarren luzea, 35 metro, IV. "Oain artekoa ikusita expressak bakarrik hartukoittut" esan zidan Asierrek bilgunetik atera baino lehen. "Malo sea friend ta fisurerok azken luzen erabiltzea, jejeje" bota nion irribarretsu. "Eztet uste" erantzun zidan, "ta hala bada kuarto izanda esperoet ateratzea, jejeje".

Bilgunetik gora eskalatzen hasi eta pareko harkaitz-plaka inklinatua bertan dagoen arrailaren laguntzarekin erraz eskalatu zuen (III).

Luzearen lehen metroetako harkaitz-plaka inklinatuaren gainean.


Plaka hau eskalatuta eskuinera doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu zuen, eskuinean dagoen “Y” itsurako hildako zuhaitz nabarmenera zuzenduz.

Eskuinerako zeharkaldian. Argazkiaren ezkerrean hildako zuhaitza ikusi daiteke.


Harkaitz-plaka honetan dago luzearen pasabiderik zailean, IV zailtasuneko pasabide isolatu bat.

IV zailtasuneko pasabidean.


IV zailtasuneko pasabidea argazkian ikusten diren bi parabolten artean dago. Argazkiaren ezkerraldean "Y" itsurako hildako zuhaitza ikusi daiteke.


Bilgunera iritsi aurreko azken metroak harkaitz-plaka erraz bat eskalatuz bete (III) eta "Y" itsurako zuhaitzaren atzean kokatutako bilgunera iritsi zen. "Basotxo" bideak bilgune hau "Berta" bidearekin partekatzen du.

Seigarren eta azken bilgunean.


"Y" itsurako zuhaitza.


Azken luzean izugarri gozatu nuen, beharbada erraza zelako, beharbada azkenekoa zelako, baina izugarri gozatu nuen. "Bidea asko gustau zait" esan nion Asierri, "hontan luzen arten hainbeste ibili behar eztela iruittu zait". "Bai" erantzun zidan, "ta bigarren luzea oso oso ona da". "Ya lo creo..." erantzun nion.

Lanak amaituta, materiala lasaitasun osoz jasotzen aritu ginen, Javierri izandako jarreragatik eskerrak emateko denbora eginez. Dena prest genuenean eta beraiek bosgarren bilgunera iritsi berriak zirela ikusita, azken bilgunean argazkia egin eta beherako bidea hartu genuen.

Azken bilgunean egindako argazkia.


Urteak pasa ahala, hormen gainera iristeko bidea mugarrien bidez geroz eta nabarmenago adierazita dago. Harrizko mendixken atzetik eta II zailtasuneko eskaladatxo erraz batzuk eginez hormen gainera iritsi eta hemendik aurrera ongi zapaldutako bidea jarraitu genuen "Aztorea" eta "Usora" doan bidearekin bat egin arte.

Beharbada hemendik aspaldi pasa gabea nintzelako edo, jaitsierako bide malkartsuan normalean baino harri gutxiago zeudela iruditu zitzaidan. Eskalatzaileen joan etorrien ondorioa? Ez dakit ba.

Bidea asko gustatu zitzaigun, luzeen artean oinez ibiltzeko ia zatirik gabe. Bigarren luzea eskalatzeagatik bakarrik bide hau eskalatzeak merezi du oso oso ona baita. Ekipatzaileek bide osoan egindako garbiketa lana itzela izan da, ez dut imajinatu ere egin nahi horman zintzilik pasatako orduak. Halere, oraindik errepikapen batzuk behar ditu tarteka dauden harri askeak garbitzen joateko. Ziur naiz ez dela denbora luzerik pasa beharko bide hau klasiko handi bat bihurtu gabe.

Ah!!! eta amaitzeko Javierrek bere blogan idatzitako kronika irakurri nahi baduzue, hemen klik egin dezakezue.