Aizkorriko Gurutzeko gailurra... Argazkia 2019ko urtarrilak 7koa da.
2014ko azaroaren 15an Natxok Txindoki igotzearen ametsa bete zuen. Igoera luzea egin zitzaion gorputzari pasada ederra emanez eta gailurretik Goierriren ikusmiraz gozatzeko aukera murriztuz. Honen aitzakian edo honengatik, Euskal Herria bisitatuko zuen hurrengorako gehiago entrenatu eta Txindokiko igoeraz topean gozatuko zuela promes egin zidan.
Lau urte beranduago, 2018ko urrian Natxo eta Caroren bisita berriro ere izan genuen. Hilabete batzuk lehenago Natxok jarraitzen ari zuen entrenamenduen berri eman zidan, astean zehar korrika saioak indar ariketekin tartekatzen zituela azalduz: “joño, Txindokiko egoera bai serio hartuola” pentsatu nuen.
Txindokira igotzeko hitzordua zehazten ari ginela Caro ere animatuko zela aipatu zigun. Hau entzunda mendian sekula ibili gabekoa Txindokira igotzea gehiegi izango ez ote zen pentsatu eta Aizkorrira igotzea proposatu nien. Sandratitik abiatuz, Hontzabertza pagadia zeharkatzen duen bide eramangarria jarraituko genuen, Zalduondoko Zumarraunditik irteten diren mendizaleek jarraitzen dutena, hain zuzen ere. Bide honi gure artean maitasunez "arabarren bidea" deitu izan diogu.
Aizkorrira maiz hurbiltzen naizen arren, ohiko bideak egun gutxitan jarraitzen ditut eta, elurrik gabe, zer esanik ez. Sandratiko aterpetik gora abiatzen diren ohiko bideek metroen kopurua bera metatzen duten arren, Hontzabertza pagadia zeharkatzen duena da biderik xamur eta gozoena, baita luzeena ere. Mendizaleak izan gabe, poliki-poliki ibilita ibilbidea inongo zailtasunik gabe beteko zutela ziur nengoen.
IBILBIDEA
Ibilbidea Sandrati azpiko aparkalekuan hasi genuen. Sandratiko aterpea eskuinean utzi ondoren izen bereko leizea zeharkatu genuen galtzada jarraituz. Lizarrateko Eskaratza iturria ezkerrean utzi eta galtzadak ezkerrera bihurgune nabari bat egiten duen lekuan xenda bat hartu eta pagadian sartu ginen Peazuloeta lepora zuzenduz. Lepoa atzean utzi eta malda motz eta tente baten ondoren Linategieta lepora iritsi ginen. Bertan, Urbiara doan bide nabaria utzi eta eskuinera jo genuen Hontzabertza pagadian sartuz. Hemendik aurrera pagadia zeharkatzen duen bidea jarraitzea besterik ez da eta basoa mugatzen duten azken pagoak atzean utzi ondoren Aizkorriko Gurutzearen gailurrera iritsi ginen.
Jaitsiera Sancti Espiritutik gora doan bidetik egin genuen nolabaiteko ibilbide zirkularra osatuz.
IBILBIDEAREAN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 9 km.
- Abiapuntua: Sandrati azpiko aparkalekua, 825 metro.
- Amaiera: Sandrati azpiko aparkalekua, 825 metro.
- Altuera minimoa: Sandrati azpiko aparkalekua, 825 metro.
- Altuera maximoa: Aizkorriko gurutzea, 1.528 metro.
- Desnibel metatua osora: 705 metro.
- Zailtasuna: Erraza. Bidea bustia dagoenean, urteetan pasatako mendizaleen higaduraren ondorioz hainbat lekuetan harkaitza labainkorra egoten da.
- Igotako mendiak: 1.
- Ibilbidea betetzeko pasatako denbora (atsedenak barne): Hiru ordu eta laurden poliki-poliki joanda.
- Ura: Otzaurteko bentaren ondoko iturrian eta Eskaratza iturrian ura hartu daiteke.
Bidea "Wikiloc" orritik deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
Gosari goxoaren zaporea oraindik ere ezpain artean genuela aparkalekura iritsi ginen. Zeru oskarbiaren urdin biziak pagoen gorri eta urre kolore apalekin talka egiten zuen eta basoaren isiltasuna inguruko ehiztarien tiro hotsek apurtzen zuten, udazkenean bete-betean sartuta geundenaren seinale.
Motxilan kantinplora eta dozena erdi bat barratxo energetiko bakarrik eramatea erabaki nuen: “No llevéis mochila” esan nien etxean, “en caso de que paséis calor metemos la ropa en mi mochila y listo”.
Irteteko prest.
Argazki pare bat egin ondoren erlojuaren GPS-a piztu eta martxan jarri ginen.
Aparkaleku ondoko argibide-taula.
Mediterraneo itsasoan hiltzen den Ubierrekaren murmurio ixilaren gaineko egurrezko zubia zeharkatu eta, Elorri eta gorostiz apaindutako maldatxoa igotzearekin batera Sandratiko mendi aterpea (eta Mikelete etxea lehenago) izan zeneko eraikinera iritsi ginen, mendizaleen belaunaldi ezberdinen testigu isila.
Ubierrekaren gaineko zubia zeharkatzen.
Sandratiko aterpera iristen.
Begiak itxita, bertako salda beroa eta arrautza eta txistorra frijituen usain eta zaporea gogora etorri zitzaidan. 2010 urtean itxi eta naturaren elementuen mendean gelditu zenetik, paretik pasatzen naizen bakoitzean eraikinaren gainbeherak tristura sortarazten dit. Aterpeari tristuraz bizkarra eman eta Sandratiko leizera zuzentzen den bidean gora hasi ginen.
Aterpearen aurreko argibide-taula. Bideak aurreko mendizale taldea doan lekutik jarraitzen du.
Sandratiko aterpea, beste garai bateko oroitarria.
Martxa lasaia generaman, presarik gabe, pagoei hostoak lapurtu eta airean eramaten zituen hego haizeaz gozatuz.
Sandratiko leizera iritsi aurretik zoriontsu.
Arropa kentzeko geldiune motz baten ondoren Sandratiko leize aurreko harrizko arkua zeharkatu genuen.
Sandratiko leizera iristen.
Sarrerako harrizko arkupean.
Baselizari bisita motza egin eta, paisaiaren koloreak itzaltzearekin batera, leizearen iluntasunera sartu ginen atseden hartzen ari ziren behien artetik pasatuz. Galtzadaren harri irristakorrak ekidinez leizea atzean utzi eta koloredun mundura itzuli ginen, metro batzuen ondoren Lizarretako zabalgunera eta Mandobide edo “Kalbario” bidera doan bidegurutzera iritsiz.
Leizearen bestaldean.
“Kalbario” bidea motzagoa zela esan eta bien irribarrea abiadura handiarekin zabaldu zela ikusi nuenean, gaizki ulerturik ez egoteko bidea motzagoa izanda aldapa handiagoa zela zehaztu nien. Argibidearen efektua berehalakoa izan eta irribarrea ireki zeneko abiadura berberarekin itxi zitzaien, jejeje.
Leizarretako zabalgunean, puntu zuriz Mandobide edo "Kalbario"-rako bidea, puntu gorriz aldiz, guk jarraitutakoa, Donejakue bideak jarraitzen duena, hain zuzen ere.
Bidegurutzea atzean utzi eta urre koloreko hostoek estalitako galtzadan gora hasi ginen, Araia eta Aratz mendira igotzeko bidea hasten den Eskaratza iturriaren ondotik pasatuz.
Galtzadan... Bihurgunearen eskuinean dagoen argibide-postea Aratz eta Araiara joateko bidearen hasiera adierazten du. Honen eskuinean Eskaratza iturria kokatzen da. Argazkia 2019ko urtarrilak 7koa da..
Urre eta gorri koloreko hostoek estalitako galtzada...
Metro batzuk gorago, ezkerrera egiten duen bihurgune nabarmen batean, galtzada utzi (bertan mugarri bat eta "erreserba eremua" dioen metalezko seinalea dago) eta pagadian gora doan xenda jarraitzen hasi ginen, Peazuloeta lepora iritsi eta Zumarraunditik datorren bidearekin bat eginez.
Galtzada uzten den lekuan.
Peazuloeta lepoan.
“Ahora viene probablemente la cuesta más dura de toda la subida” esan nien. “Ah bueno” erantzun zidan Natxok. “¿Y a partir de acá no hay más cuesta?” galdetu zidan Carok. “Sí que la hay” erantzun nion “pero no tan fuerte como la que viene ahora”. Caroren galderaren ondoren aldapa oso poliki igotzea erabaki nuen, denbora osoan bere hauspoari arreta jarriz. Natxo aurretik zihoan, itxuraz fresko, itxuraz lasai.
Aldapa igo eta Linategieta lepora iritsi ginenean, bertako mugarri nabarmenean Urbiara doan bidea utzi eta eskuinera jo genuen Hontzabertza pagadian galtzen den gorri kolorez markatutako bidea jarraituz.
Maldaren ondorengo lepora iristen. Natxo dagoen mugarrian eskuinera jarraitu behar da. Ezkerrera hartuz gero Urbiara zuzenduko gara.
Linategieta lepoan dagoen egurrezok postea eta gorriz markatutako bidea. Argazkia 2019ko urtarrilak 7koa da.
Bidearen hasiera oso ondo adierazita dago. Argazkia 2019ko urtarrilak 7koa da
Hontzabertza pagadiaren lehen metroetan.
Bideak hasiera batean ez du altuerarik irabazten, izan ere lehen metroetan maldan behera ere badoa. Basoa zoragarria zegoen: hostoek osatutako izara gorriaren gainetik, irlen moduan, goroldioak estalitako harkaitzak ageri ziren nolabaiteko itsura magikoa emanez. Haizeak pagoen adar artetik pasatzerakoan sortutako soinu lasaigarriaren gainetik zapaldutako hostoen “kras-kras” hotsa bakarrik entzuten zen: “¿Qué os parece el paisaje?” galdetu nien. “Muy lindo, muy hermoso” erantzun zidan Carok.
Eguzki izpiak itzalekin borrokan.
Hostoek osatutako izara gorriaren gainetik, irlen moduan, goroldioak estalitako harkaitzak ageri ziren nolabaiteko itsura magikoa emanez.
Urteak ziren bide honetatik ibili gabe. Atsedenaldiaren munduan pasatako urteetan Zalduondotik oinez maiz igotzen ginen Aizkorriko Gurutzeko aterpean lo egiteko asmotan. Orduan barratxoen lekua sandia eta txorizo bana, atun eta sardina lata batzuk osatzen zuten, ogi batekin batera. Motxilaren erdia baino gehiago lo zaku handi batek betetzen zuen eta lo egiteko lastaira motxilaren kanpotik hala nola lotuta eramaten genuen. Garai hartako argazkiak oraindik ere ikusten ditudanean nolabaiteko nostalgia sentimendu batek bereganatzen nau.
Bidea ongi jarraitzen ari garenaren adierazlea. Ba al da izen bakarrean akats ortografiko gehiago egitea? Bueno "Aitzkorri" hitzari hasieran "h" bat jarriz gero, jejeje. Argazkia 2019ko urtarrilak 7koa da.
Pentsamendu hauetan murgilduta nengoela erlojuari begiratu eta ordurako normalean etxean edo etxeko bidean izaten naizela konturatu nintzen, mendian oso goiz ibiltzea gustuko izatearen seinale. Ura edateko atseden pare baten ondoren, pagadiaren lehen zabalgunera iritsi eta lehen aldiz Oltzako larra ikusteko aukera izan genuen.
Oltzako larra lehen aldiz ikusteko aukera dagoen zabalgunean.
“Bueno ya sólo queda un repechito de nada, salimos del bosque y tendremos la cima a tiro de piedra”, bota nien. “¿Cuánto queda para la cima?” galdetu zidan Carok. Orain arteko abiadura kontutan hartuz “una media hora o quizás un poquito más” erantzun nion. “Yo me quedo acá y les espero” esan zuen bat-batean, “por hoy tengo suficiente”. Natxo aurrerago zihoan, aurreratu gintuen mendizale talde baten aurretik. Falta zena eramaten ari ginen abiaduragatik kalkulatu nuela eta gailurra urrun ez zegoela komentatu nion: “eso sí, todavía queda una cuesta por subir”. Caro nola hala konbentzitu eta, lokatzaren irristakortasunarekin jolastuz, poliki-poliki maldan gora hasi ginen.
Pagaditik ateratzearekin batera gure ezkerrean horma baten moduan gailurra estaltzen duten harkaitz altuak azaldu ziren: “¿Hasta dónde hay que subir, hasta esas rocas?” galdetu zidan. “Sí” erantzun nion, “la cima está detrás de esas rocas”. Perspektibaren kontua izango da baina nik gertu ikusten nituen harkaitzak Carok izugarri urrun ikusten zituela agerian gelditu eta berriro ere bertan itxarongo zigula esan zidan. Oraingoan Caro konbentzitzeko erabili nuen estrategia ez zen falta zen bidea izan, jaitsierako bidea baizik: “el camino de bajada no pasa por aquí” esan nion, “queda más arriba. Si quieres vamos hasta donde comienza el camino y si estás cansada nos puedes esperar allí”.
Metro batzuk gorago igo ondoren Aizkorriko Gurutzeko gailurra ikusi genuen.
Aizkorriko Gurutzeko gailurra, hain gertu, hain urrun.,, Perspektibaren kontua ote?
Helmuga gertu ikustearen motibazioaz oin bat bestearen aurrean jarri, begirada lurrean finkatu eta, kexarik gabe, Caro gailurrera iritsi zen.
Natxo (argazkiaren eskuinean) aterpera iristen.
Ordurako Natxo zain genuen, atzean gelditu ginela konturatu gabe: “¿Que tal Natxo?” galdetu nion. “Bien” erantzun zidan, “mejor que en Txindoki”. “¿Cansado?” galdetu nion, “no, un poco no más” erantzun zidan konfiantza osoz. Hiruok elkar besarkatu eta gailurreko gurutzean hainbat argazki egin genituen.
Natxo eta Caro Aizkorriko Gurutzeko gailurrean. Beste amets bat betea!!!!!
Talde argazkia.
Gailurraren azpiko harkaitz batean eseri eta igoera ospatzeko motxilatik ateratako barratxoak eta kantinploraren ura di-da batean desagertu ziren: “eskerrak ezten asko nekau bestela… jejejeje” gaiztakeriaz pentsatu nuen.
Aizkorriko Gurutzeko aterpe eta baseliza.
Atsedenaldia patxadaz hartu genuen, erlojuari begiratu gabe, denboraren mendekotasunari ihes egin nahian. Gailurra han eta hemengo mendizalez betea zegoen, horien artean Josu Garcia ordiziarrarekin igotako ipar amerikarren taldetxoa. Motxilan zegoen guztia jan eta edan zenean Josu agurtu eta beherako bidea hartu genuen, aurretik baseliza eta aterpeari bisitatxoa eginez. A zer nolako lana “Aizkorri bizirik” taldekoek bertan egindakoa!!!! Espero dut Aizkorrira hurbiltzen garenok urte askotan zuek utzitako bezain txukun eta garbi mantentzea!!!
Zegama eta Txindoki urrun.
Hasieran komentatu bezala Sancti Espiritu baselizatik gora doan bidetik jaitsi ginen, Aizkorriren aurpegi basatiago bat ikusteko.
Sancti Espiritura doan bidearen lehen metroetan.
Atzera begirada.
Gehiegizko arropa motxilan jaso eta eguzkiaren argi eta epeltasuna bizkarrean genuela kontu handiz jaitsi ginen, oraingoan paisaiari baino basoaren detaile txikiei argazkiak eginez.
Jaitsieraz gozatzen... Zegama-Aizkorri maratoiaren eraginez urteetan erdi ahaztua izan zen bide eder hau berreskuratu da.
Pagoen gerizpean argirik hartu gabeko lokatz freskodun tarteetan Natxok patinatzeko duen trebezia erakutsi nahi zigula buruan sartu eta han aritu zen oinez baino gehiago patinatzen. Ipurdiarekin patinatzeko duen teknikaren erakustaldi laburra eskaintzeko ere denbora hartu zuen, jejeje. Berak zioen moduan: “no traje el calzado adecuado”.
Basoko detaileak.
Txikitasunean ere gauza handiak ikusi daitezke.
Udazkeneko azken loreak ...
Maldan beherak hizketarako duen aukera handia da eta denbora kontu kontari pasa genuen. Hizketan ari ginela Natxok goizetik komunera joan gabe zegoela esan eta adarra jotzeko aitzakia eman zigun. Zuhaitz baten enborrari helduta gorputzari lasaitua nola eman erakutsi ondoren, lotsagatik, kotxera etxera iritsi arte eutsiko ziola esan zigun. Pertsona duinen moduan, bere ipurdia benetako komun batean bakarrik eseriko zuela esan zigun.
Ezkutuan egon ondoren Sandratiko aterpea eta Sancti Espiritu baseliza ikusten diren lekuan.
A zer nolako lasaitasuna hartu zuen Carok Sancti Espiritu eta Sandratiko aterpea berriro ere ikusi zuenean!!!! Natxo aldiz, , ipurmasailak estu-estu zituela geroz eta keinu arraroagoak egiten zituen: “¿Todo bien?” galdetu nion irribarre maltzur batekin. “Bien, bien, ya aguanto hasta casa” erantzun zidan larri samar.
Sancti Espirituko baselizara iristen.
Sandratiko aterpearen parean ibilbidearen zirkulua ixten.
Sandratiko aterpearen parera iristearekin batera ibilbidearen zirkulua itxi eta goizean jarraitutako lehen metroen ondoren aparkalekura iritsi ginen.
Sandratiko aterpea, tristura handia sortarazten dit horrela ikustea.
Ubierrekaren gaineko zubia bigarrenez gurutzatzen.
Aparkalekura iristen.
Kotxean sartzearekin batera, posturagatik edo, Natxoren larritasuna nabarmendu zen txantxak areagotuz: “tanquilo ya paro en la venta y te quedas tranquilo”. Bentaren parean kotxea gelditu baino lehen atea ireki eta Usaint Bolt-ek berak hobetuko ez zuen markaren ondoren bentaren atetik desagertu zen. A zer nolako lasaitasun aurpegia itzulerakoa, jejeje!!!!
Eguna etxean familian bazkaltzen pasa genuen, mendian pasa eta ikusitakoak behin eta berriz mahai gainean jarriz. Eguna erabat borobila izateko astroak alde jarri eta Txindokiren atzetik, zerutik zintzilikatutako itsasargiaren moduan, gau iluna izugarrizko ilargi beteak argitu zuen. Honelako egunak ahaztea zaila izaten da!!!!
Gauean ilargiak eskeini zuen ikuskizunari begira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina