AZKEN 10 SARRERAK

2019/05/21

LARRUN (910 m): URKILAKO GANDORRETIK, 300 m+, IV/IV+. 2019/05/12

Larrungo gailurra arte iristen den kremailera-trena.


Larrun, Larun (Nafarroan), Larhun (iparralden), La Runhe (frantsesez) Nafarroa eta Lapurdiren artean kokatutako mendi bakarti eta ikusgarria da, leku guztietatik ikusten dena, leku guztiak begiradapean dituena.

Harearri eta konglomeratuaz osatutako mendi nabarmen hau Pirinioak osatzen duen bizkarrezurraren mendebaldeko lehen mendi esanguratsutzat hartu daiteke. Mendi bakartien ezaugarriei jarraituz, gailurreko ikusmira ikusgarria da. Bertatik Euskal Herriko mendirik esanguratsuenak ikusteko zortea izango dugu, baita Euskal Herriko kostaldea ere. Egun argietan ikusmira infinitoan galdu eta Midi du Bigorre bera ere ikusten dela diote.

Baina, ikusmira eta bakartasunaren gainetik, ezagunen egiten duena gailurreraino iristen den kremailera-trena da, Napoleon IIIren emaztea zen Eugenia de Montijo enperatrizaren omenez 1912an eraikitzen hasi eta 1924 urtean inauguratu zena. Burdinezko orbaina jarraituz mendia osoki josten duen egurrezko tren txiki honek urtero 350.000 bisitari inguru gailurrera eramaten ditu, eguraldi oneko asteburuetan gailurra turistez betez. Zoramen honi erantzun eta zerbitzua eman nahian gailurrean benta, jatetxe, taberna eta oroigarriak erosteko aukera duten eraikinak badira, gailurreko antena erraldoiekin batera mendiari itsura itsusia emanez. Tamalez, porlan eta burdinak belar, harkaitz eta zuhaitzei protagonismoa kendu diete.

Egun, Larrunera oinez, korrika, bizikletan, kotxean eta trenez igotzerik badago. Asierren mezua jaso nuenean espero ez nuena zen eskalatzen igotzeko aukera badagoela irakurtzea. “Larrunea esakalatzen?” pentsatu nuen, “hoi inbeharren gare!!!!”. Interneten begiratzen hasi eta Asierrek topatutako Mendikat web orritik kanpo ez genuen informaziorik aurkitu. Etxeko liburutegiko liburu zaharretan bilatzen hasi eta Elkar argitaletxeak argitaratutako Pirineoak bildumaren lehen liburuan eskalada honen inguruko informazioa topatu nuen. “Gutxiñez baditteu bi informazio itturri” pentsatu nuen.

Geografikoki zorrotz jarrita Urkilako gandorra Larrunen baino izen bereko mendian kokatzen da, eskalada Urkilepo izeneko lepoan hasi eta Athekaleun harratean amaituz. Harkaitz ona, zailtasunari dagokionez eramangarria, pasabide zailenak saihesgarriak eta turistaz beteriko mendian bakardadean egotea izan ziren erakarri gintuztenak. Osagai hauekin ezin ezetzik esan!!!

IBILBIDEA

Ibilbidea Sara herriko (50 metro) igerilekuetan hasiko dugu. GR-10 arrastoak jarraituz metroak pixkanaka irabaziz joango gara Urkilepo lepora iritsiz. Urkilepora iristeko, GR-10 ibilbidea trikuharri itsura duen eraikin berezi bat atzean utzi ondorengo borda batean utziko dugu, bidearen ezkerretik sakonean doan errekastora jaitsi, gurutzatu eta garoaz estalitako malda gogorra igoz. Pentsatzen dut garoak pil-pilean daudenean malda hau igotzea ez dela erosoa izango.

Urkilepotik gora konglomeratu eta hareharriz osatutako gandorra eskalatzen hasiko gara. Gandor gehiena II/III zailtasuneko pasabideak ensanble moduan eskalatuko baditugu ere, bidean soka-luze bat egitea eskatuko diguten lau pinakulu topatuko ditugu, denak III+ eta IV+ zailtasunaren artean.

Eskalada Athekaleun harratean amaitzen da. Hemendik gora, Urkila mendiko gailurra ezkerrean utzita, oinez jarraituko dugu 20-25 minutuen buruan Larrungo gailurrera iritsiz. Jaitsiera leku ezberdinetatik egin daiteke. Gure kasuan, Larrungo ipar hormatik behera Azkainera doan ohiko bidetik egin genuen Les trois Fontaines lepora iritsitz. Hemendik trenbidea zeharkatu eta berriro ere GR-10 arrastoak jarraituz Sarara itzuli ginen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 14 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Sara, 50 metro.
- Punturik altuena: Larrun, 910 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Ibilbidean zehar hainbat lekutan iturriak topatu daitezke, batez ere hasieran. Larrungo benta eta tabernetan iturririk ez dago. Txarrenean ur botilak erosi daitezken arren, bertako ordutegi eta turista kopuruaren arabera, gerta daiteke itxita egon edo urik gabe gelditzea.
- Zailtasuna: Zailtasunaren bila bagoaz IV edo IV+ zailtasuneko pasabideak topatu daitezken arren, pasabide hauek guztiak ekidin daitezke.
- Eramandako materiala: 30 metroetako sokak, 8 express-zinta, zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitzetatik pasatzeko, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa. Gandorrean noizik eta behin iltze, plakatxo eta egurrezko takoren bat aurkitzen bada ere orokorrean garbia dago, hainbat lekuetan bilgune sendoak muntatzeko irudimenarekin jokatzera eskatuz.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: zazpi ordu pasatxo, atseden uneak ere kontutan hartuta.

BIDEAREN KROKISA

Urkilako gandorraren nondik norakoak, zuriz oinezko zatiak eta gorriz eskaladakoak. Argazkian eskalada-luzeak egitea eskatu zizkiguten lehenengo hiru pinakuluen kokalekua ikusi daiteke. Laugarren pinakulua ez da ikusten.


DESKRIBAPENA

Ez nintzen oso optimista etxetik atera eta Txindoki lainoek estaltzen zutela ikusi nuenean. Asteburu osoan ezkutuan izan bazen ere, iganderako zerua garbituko zela iragarrita zegoen. “Igual kostalden garbigo eongoa” esan zidan Asierrek kotxean sartu zenean.

Sara arteko ordu eskasa Aste Santuko oporren berri emateko aprobetxatu genuen: anaiari bisitatzearen aitzakian EEBBtan oporraldia egin nuen bitartean, Asier Austria aldean ibili zen, La Silvretta mendi-eskiko zeharkaldia burutzen. Esperientzia oso ezberdinak, esperientzia oso aberasgarriak biak ere.

Sarako igerilekuetako aparkalekuan kotxea utzi genuenean animoak zertxobait gora egin zuen, Larruneko gailurra lainoek ezkutatzen bazuten ere, Urkilako gandorra zelai eta lainoen artean garbi ageri baitzen. Trasteak prestatzen ari ginela gizon bat hurbildu zitzaigun: “Vous parlez français?”. Eskaladako materialarekin nora gindoazen jakin minez, oinarrizko ingeles batean azalpen batzuk eman arren arraro begiratzen gelditu zitzaigun. Ez dut uste igerilekuetako aparkalekuan soka eta eskalatzeko traste guztiekin zer demontre egiten genuen garbi azaldu genionik, nahiz eta behin eta berriz urrun ikusten ziren harkaitzak eskuarekin seinalatu, jejeje.

Larrun eta Urkilako gandorra Sarako igerilekuetatik ikusita.


Gizona bizikletarekin urruntzen zen bitartean motxilak hartu eta errepidean behera oinez hasi ginen bidegurutze batera iritsiz. Errepidea gurutzatu eta zuzen doan errepidean gora kolore biziko baserrien artean galdu ginen.

Igerilekuetatik beherako bidegurutzea eta jarraitutako bidea.


Baserrien artean...


Ez zen denbora luzea pasatu GR-10 ibilbideko arrasto gorri eta zuriak ikusten hasi eta, hezetasunaren ondorioz, arropa kentzen hasi ginen arte. Arrastoen gidaripean errepide ezberdinak lotzen joan ginen metadun baserri baten ondoko argibide-postean errepidea utzi eta basoan sartu ginen arte.

Errepidean gora.


Metaren ondotik pasatzen, argazkian argibide-postea ikusi daiteke.


Argibide-postea gertuago.


Mendiaren erraietatik lapurtutako ur freskoa zekarren iturri bat atzean utzi eta metro gutxietara amaiera arte jarraituko genuen errepide batekin topo egin genuen.

Errepidean berriro ere. GR arrastoak ugariak dira, argazkian ikusten den moduan.


Orain arteko bidea gozo eta samurra izan arren, asfaltoa utzi eta mendian gora doan bide zabal eta zapaldua jarraitzeak alaitu ninduen. Gaztainondo eta haritz zaharren hosto jaio berrien artean eguzki izpiak irristatzen hasiak ziren lurra lotsati argitu eta giroa berotuz. Basotik atera ginenean zerua argitzen ari zela ikusi genuen: “Bueno, azkenen eguzkie ta dena izango deu” esan nion Asierri. “Hala emanda dau behintzet” erantzun zidan. Kotxetik berrogei minutu ingurura trikuharri itsurako eraikina duen zelaiaren ertzera iritsi ginen: “hara hor arista”, esan zidan Asierrek zuhaitzen gainetik bereizten zen gandor nabaria seinalatuz.

Trikuharri itsurako eraikina, atzean Urkilako gandorra ikusi daiteke.


Gandorra gertuago...


Hamar minutu beranduago basoaren erdian eraikitako harrizko borda batera iritsi ginen. Bidea metro batzuetan jarraitu eta gandorretik urruntzen ginela ikusita, bordara itzuli eta, GR-10 bidea alde batera utzita, maldan behera hasi ginen entzuten besterik ez genuen errekastora jaitsiz.

GR bidea utzi genuen borda goitik ikusita.


GR bidea utzitako lekua.


A zer nolako ezusteko atsegina hartu genuen errekaren ondoan zapaldutako bidexka batera iritsi ginenean!!! Bidexka metro batzuetan jarraitu eta errekastorarekin bat egin zuenean, beste ertzera pasa ginen Urkilepora eramango gintuen maldaren oinean azalduz. “Bueno, mendatea hasteala!!!” pentsatu nuen maldan gora hasiz.

Errekastoaren ondoko bidexkan.


Mendiaren hegal maldatsu hau osoki garoaz estalita izan arren igoera erosoa da. Maiatzaren erdialdean izanda, garoak jaio berriak zeuden igoera dezente erraztuz. Ez dakit garoak handitzen direnean malda hau igotzea nolakoa izango den.

Maldaren lehen metroetan, GR bidea utzitako borda behean berehala gelditzen da.


Igoera lasai hartu genuen, presarik gabe, arnasesturik gabe. Hala ere, kopetatik behera isuritako izerdi tantak, hilabete luzean motxila pisuduna bizkarrean ez eramatearen seinale, lepotik behera kamisetaren barnean etengabe galtzen ziren.

Maldan gora, Sara dagoeneko urrun gelditzen da.


Goian jotzen zuen haizearen musikak hodeiak dantzan zituen, batera eta bestera eraman eta eguzkiari tarteka protagonismoa kenduz.

Maldaren azken zatian...


Hogeita bost minutuetako igoera tentearen ondoren Urkilepora iritsi ginen. “Ostia, igoera potentea, eh?” bota nion Asierri. “Bai, izerdi batzuk botaittut” erantzun zidan. Lepora iristearekin batera haize hotz eta indartsuak agurtu gintuen. Aurretik genuen gandor zatia eskaladari begira interes handirik ez zuela ikusita, haizeak hoztu baino lehen, 30-35 metro oinez jarraitu genuen gandor zati txiki hau eskuinean (igoerako noranzkoan) utziz.

Urkilepo lepoan.


Metro eskas hauen ondoren gandorraren lehen zailtasun “seriora” iritsi ginen: Betortz erraldoiaren moduan zerura zuzendutako 15 metro inguruko pinakulua. Pinakuluaren ipar isuria inklinatua den bitartean, hego isuria bertikala da, tximini nabari batez osatua.

Lehen pinakulua.


Tximinia berez bi pinakuluk osatutako pasabidea da, izugarrizko harkaitz blokea txapel moduan duena. Tximinia bera oso zaila ez zirudien bitartean, pinakulu nagusiaren gailurrera zuzen iristeko nondik eskalatu ez genuen argi ikusi: “errexena goiko bloken azpitio pasatzea da” esan zidan Asierrek. “Bai baña hola ezkea punta iristen ta punta iristeala jartzeu” erantzun nion gure notak irakurriz.

Tximinia azpitik ikusita, gaineko harkaitz bloke handia ikusi daiteke.


Pinakulura atzetik eskalatu (II zailtasuna) eta tximiniaren gaineko harkaitz blokera igo ginen goitik eskalada ikusteko: “ba punta zuzenen eskalau behar bada nik eztet argi ikusten” esan zidan Asierrek. Minutu batzuetan batera eta bestera ibili ondoren, pinakuluaren ipar aurpegira pasa eta bertatik eskalatzen hastea erabaki genuen.

Pinakuluaren ipar aurpegiko horma inklinatua.


Eskaladako trasteak atera eta prestatzen ari ginen bitartean horma inklinatua zeharka begiratzen genuen. Horma, tamaina ezberdinetako “patata” itsatsiaz osatuta, arrail batek behetik gora bitan banatzen du. “Gaur ni hasiko naiz” esan zidan Asierrek, “Zapatilekin eskalatzek dauken ona leheno prestatzen zeala da, jejeje”. Material guztia arnesetik zintzilikatu eta sokak segurtagailutik pasatzearekin batera, lehen metroak arin eskalatu zituen arrailean friend bat sendo trabatuz.

Friend-a trabatutako lekuan.


“Oaingoz zemuzko harrie da?” galdetu nion. “Ona, gutxiñez ezta askatzen” erantzun zidan. Konglomeratuan eskalatzeak duen xarma eusten diren harriak gorputzaren pisua zein puntura arte eutsiko duten jakitean dago. Harriak hormara sendo itsatsita daudenean rokodromo batean eskalatzearen antzeko sentsazioa da, harriak kili-kolo daudenean aldiz, psikologikoki hotz izatea eskatzen duen eskalada da, lekurik errazenean ere zein harri askatu daiteken ez baita jakiten.

Metroak irabazi heinean Asierren harkaitzarekiko konfiantza handituz joan zen, hiru friend trabatu ondoren pinakuluaren gailurrera iritsiz. “Zenbat soka falta da?” galdetu zidan. “5-6 metro inguru” erantzun nion. “Ea reunioa montatzeko zeoze topatzeten ze hemen eztau ezer”.

Hormaren amaieran.


Hormaren amaieratik behera egindako argazkia.


Pinakuluaren gailurraren inguruan denbora batean ibili eta bloke handi baten atzean bilgunea muntatu ondoren, eskalatzen hasi nintzen. Katu oinak eta soka gainetik izanda metroak erraz irabazi nituen. Harkaitzaren kalitatea oso ona iruditu zitzaidan, horman itsatsitako harriak sendo mantenduz. Zailtasunari dagokionez, III/III+ inguruan egongo dela pentsatu genuen. Asierrengana iritsi nintzenean soberan zituen trasteak hartu eta, aurretik genuenaren bide eta zailtasuna argi ez genuenez, bigarren luze bat eskalatzea adostu genuen.

Bilgunetik atera eta pareko bi harkaitz-bloke handiek osatutako 6-8 metro inguruko kanal estua eskalatzen jarraitu nuen (II+), kanaltxoa eskalatu ondoren eskuineko harkaitz blokearen puntara pasatuz.

Kanaltxoa eskalatzen.


Asier bilgunean. Ezker hanka tximiniaren gaineko harkaitz-bloke handian dauka.


“Oaingoz errexa dijo” esan nion harkaitz-blokearen puntatik.

Harkaitz-blokearen puntan.


Aurrera begiratu eta, 6-8 metro ingurura, eskuin-ezker diagonalean doan arraildun hormatxo bertikal bat ikusi nuen. Asier iritsi eta bloke handi eta eroso baten gainean kokatzearekin batera eskalatzen jarraitu nuen. Harkaitz-bloke pare baten gainetik pasatu eta, horma eskalatzen hasi aurretik, honen azpiko punta baten inguruan zinta-uztai eta express-zinta bat jarri nituen. “Bueno, ea hemendio gora zemuzkoaen” bota nion.

Hormatxo bertikalatik ateratzen.


Pasabide bertikala motza da (2-3 metro eskas) eta, helduleku ederrak dituen arren, bigarren aseguru bat trabatzeko aukerarik ez nuen ikusi. Eskuekin pasabidearen gaineko harri batzuk heldu eta horma zailtasun handirik gabe eskalatu nuen (III), eskuineko harkaitz-blokearen puntara pasatuz. “Zemuzkoa?” galdetu zidan Asierrek. “Azpitio emateuna baña askoz errexago” erantzun nion.

Eskuineko harkaitz-blokearen gainean.


Asier aseguratzen...


Metro batzuk zuzen jarraitu eta, soka amaitzeko 2-3 metro eskas falta zirenean, zuhaitz bat ezkerrean duen tximini estu eta inklinatu baten oinera iritsi nintzen.

Zuhaitza ezkerrean duen tximinia estu eta inklinatuaren azpian.


“Oain arteko zailtasune ikusita igual hobe ensanblen jarraitzen badeu, eztezu uste?” proposatu zidan Asierrek nire ondora iritsi zenean. “Ba igual bai” erantzun nion, “bestela, 30 metrotako luzek inda gora irixteako beandu ingo zaigu”. Sokak bildu, bion artean 10-12 metro inguru utzi eta, Asierri material guztia pasatu ondoren, aurretik jarraitu zuen.

Zuhaitz ondoko tximinia zailtasunik gabe eskalatu (6-8 metro, II/III), eskuineko harkaitz-blokearen puntara pasatu eta gandorraren ertzetik ahalik eta gehien mantenduz jarraitu genuen.

Zuhaitz ondoko tximiniaren gainetik atzera egindako argazkia.


Ensanblean eskalatzeak eskalatzaileen arteko koordinazioa eskatzen du, ahal den neurrian eskalatzaileak abiadura berean eskalatu behar baitute bien arteko sokaren tentsioa mantenduz.

Asier bidea irekitzen.


Gandorraren amaierara iritsi, 2-3 metro zelai gozoan oinez zeharkatu eta berriro ere harkaitz-blokeek osatutako gandorrera igo ginen, 15 metro inguru ertzetik jarraitu ondoren berriro ere lurrera jaisteko.

2-3 metroetako zelai gozoan.


Aurretik arrail zabal batek eskuin-ezker diagonalean bitan banatutako 6-8 metroetako horma bertikal baten oinean geunden. “Hara, trenak!!” bota zidan Asierrek bere ondora iritsi nintzenean. “Zeñek daki, igual hor dijon bakarren baten argazki makiñan bukauko deu” erantzun nion argazki bat egiten nien bitartean. “Flash bat ikusietela iruittu zait, jejeje” erantzun zidan irribarretsu.

Kremailera-trenak mendia zeharkatzen.


Aurretik genuen horma bertikala aztertzen hasi eta Asierrek lehen tentaldia egitearekin batera lurrera jaitsi zen: “katuk izango banittu…”, esan zidan. Nire tentaldia ez zen hobea izan eta eskuin eskuarekin helduta nuen patatatxoa apurtu zenean zelaian bukatu nuen. “Utziazu azken intentoa” esan zidan. Oinak jartzeko lekuak lokalizatu, goien zituen patatatxoei heldu eta gorputza pixkanaka igotzen joan zen.

Horma bertikala eskalatzen.


Eskuekin arrail zabala sendo eutsi zuenean gorputza altxatu eta hasierako pasabide bertikal hau (2-3 metro, IV) atzean utzi zuen. Zailtasunik handiena atzean utzita, arrailean artaka-trabagailu bat sendo trabatu eta goraino eskalatu zuen (III+). “Bazpare, reunioa montau ta goitio aseguraukoizut” esan zidan goitik.

Arrail inklinatuaren amaieran.


Pasabide honetako zaitasunik handiena artaka-trabagailua errekuperatzea izan zen. A zer nolako izerdiak bota nituen!!!! Jejeje. Kurioso eta lasaigarria traste xinple hauek nola trabatu daitezken.

Horma eskalatuta aurretik genituen blokeen gainetik jarraitu genuen puntadun harkaitz-bloke bertikal batekin topo egin genuen arte. Azpitik pare bat aldiz begiratu eta, honen eskalada zuzena baztertu ondoren, bere eskuinetik (iparretik) inguratu eta, eskuak erabiliz, berriro ere zelaiaren biguntasunera jaitsi ginen.

Parean krokisean adierazitako bigarren pinakulua genuen, 10-12 metroetako betortza, arrail nabarmen batek eskuin ezker erdibitzen duena. “Azalpenen arabera fisura hoi terzerokoa da” esan nion Asierri. Arrailaren azpira hurbildu eta “honek terzero baño gehio dauke” esan zidan Asierrek konfiantza osoz.

Bigarren pinakulua.


Atzera begirada, eskuinetik (zuriz) inguratu genuen harkaitz-bloke bertikala. Urdinez, harkaitz-bloke honetatik jaisteko bidea.


Bitan pentsatu gabe pinakuluaren eskuinera (iparrera) pasa eta tximinia baten eskuinean iltze zaharrez ekipatutako horma inklinatu bat topatu genuen. “Bakit nundio igo behar gean...” esan nion Asierri irribarretsu. Soberan zuen materiala hartu ondoren horma eskalatzen hasi nintzen.

Ekipatutako horma inklinatua.



Konglomeratu eta helduleku oneko 3-4 metro inguruko horma bertikala eskalatu ondoren luzearen lehen iltzera iritsi nintzen. Hemendik gora, beste 4-5 metroetan, itsasgarritasunezko harearrizko plaka inklinatu bat eskalatzen da. Metro hauek bi aseguruz ongi aseguratuak dauden arren, aseguruak torloju zahar eta “L” itsurako xafla herdoilduez osatuak daude. “Gutxiñez segurun zulotatio mosketoiak sartzeie” esan nion. Eskuetan baino oinetan konfiantza gehiago jarriz metro hauek pixkanaka eskalatu (IV) eta berriro ere konglomeratuzko tarte batera iritsi nintzen. Bertan dago luze honetako laugarren eta azken asegurua. Aseguru honetatik gora zailtasuna jaitsi (III) eta pinakuluaren puntara iritsi nintzen bertako harkaitz-blokean bilgunea muntatuz. Atentzioa deitu zigun ekipatutako hormatxo honen inguruan Mendikat orrian nahiz Pirineoak liburuan aipamenik ez egotea, aseguruak oso zaharrak baitira.

Luzea eskalatu ondoren, pinakuluaren puntara zuzentzen. Argazkian ikusten den tximini nabarmen hau da gure ustez Mendikat orriak erreferentzia egiten duen III zailtasuneko tximinia.


Luzearen amaieratik behera egindako argazkia. Itsasgarritasunezko hareharrizko plaka inklinatua ikusi daiteke.


Asier iritsi zenean bilgunea desmuntatu eta, denbora luzerik galdu gabe, aurrera jarraitu genuen pinakulua zailtasun handirik gabe jaitsi eta parean genuen harkaitz-bloke lerrora oinez hurbilduz.

Pinakulutik behera jaisten. Aurretik duguna marraztu dut.


Lehenengo harkaitz-blokera hurbildu eta Asierrek honen ezkerreko (hegoa) horma bertikaletik eskalatzen jarraitu zuen arrail bat aprobetxatu eta ezkerrean zuhaixka bat utziz. “Hara, hemen beste iltze bat sartuta dau” esan zidan zuhaixkaren parera iritsi zenean.

Iltzetik express-zinta pasatzen. Ezkerrean zuhaixka ikusi daiteke.


Atzera begirada, eskalada luzea egindako pinakulutik hona egindako bidea marraztu dut.


Asierrek aurrera jarraitu eta bion arteko soka tente jarri zenean eskalatzen hasi nintzen. Horma lehen metroetan makurtua dagoela dirudi eta hau izan zen orain arte zertxobait estutu behar izan nuen lehen zatia (IV/IV+). Iltzetik gora, zertxobait ezkerrera pasa eta harkaitz-blokera errazago igo nintzen (IV). Ordurako Asier, hormatxo honen ondorengo gandor zati erraza (II/II+) atzean utzita, harkaitz bloke hauetako azkena eskalatzen hasita zegoen, eskuin-ezker nabarmen doan diedro inklinatua duena hain zuzen ere.

Diedro inklinatua eskalatzen.


Diedroaren oinera iritsi nintzenean Asierrek arrail bat aprobetxatuz friend bat trabatu eta, diedrotik ateraz, harkaitz-blokearen azken 2-3 metro bertikalak eskalatu zituen.

Diedrotik ateratzen.


Diedroa zaila iruditu ez zitzaidan bitartean (III), honen amaieratik gora eskalatu beharreko metro bertikaletan bigarrenez zertxobait estutu behar izan nuen (IV+). Asier harkaitz-blokearen bestaldean zegoen soka errekuperatzen: “Paso hoi ikusita bazpare reunioa montatzea pentsau det segurogo aseguratzeko” esan zidan. “Iltzea zun pasoare fiñe zan, eh?” esan nion. “Bai, tentea bai, jejeje” erantzun zidan irribarretsu.

Harkaitz-bloke erraz (II) batzuen gainetik jarraitu ondoren krokisean adierazitako hirugarren pinakulura iritsi ginen: harearri argiko pinakulu ikusgarria. Pinakulua, hostorearen orrien moduan, bata bestearen gainean jarritako harlasta ezberdinez osatua dago eta hegoaldera doan olatu erraldoiaren itsura du. Honen eskuin hormara (iparrera) zuzendu eta harlasta inklinatu bat eskalatzea “besterik ez zela” ikusi genuenean, “Paretio emangoiot” esan zidan Asierrek konfiantza osoz. Sokaren 30 metroak lurrean zabaldu eta segurtagailutik pasatu bezain pronto pinakulua zuzen eskalatzen hasi zen.

Lehenengo metroak ez dira eskalatzeko erosoak ezkerrean dagoen oteak enbarazu egiten duelako. Asierrek harlasta ezberdinek eskaintzen dituzten helduleku onak aprobetxatuz makurtutako hormaren lehen metroak itxuraz oso erraz eskalatu zituen (IV). “Hemen beste iltze bat dau” esan zidan zatirik teknikoena eskalatu zuenean. “Bide onetio juten ai gean señale”, erantzun nion.

Asier olatuaren gainean.


Pinakuluaren zatirik bertikalenaren ondoren gandorra labana baten moduan estutzen da. Asierrek, oinak ipar horman mantenduz, gandorraren 4-5 metroak bavariar teknikarekin erraz eskalatu zituen bat-batean martxa geldituz.

Gandor osoko pasabiderik ikusgarrienaren atarian zegoen: pareko harlasta inklinatuaren gainera igotzeko, “amildegiaren” gainetik eman behar den metro eskaseko oinkada (III+). Zalantzazko une baten ondoren oinkada eman eta harlastak duen lehen asegurutik (torloju zahar eta “L” itsurako xafla herdoildu bat) soka pasatzerakoan arnasa lasai hartu zuen.

Harlasta, bigarren aseguru zahar batez babestutako arrail inklinatu nabari bat aprobetxatuz eskalatzen da. Oinak eta eskuak arrailean trabatuz Asierrek nire animoen artean metroak irabazi zituen harlastaren gainera iritsi eta bilgunea bertako harkaitz batean muntatuz.

Arrail inklinatuaren amaieran.


Hirugarren pinakuluaren eskalada ederra iruditu zitzaidan. Makurtutako lehen metroak gogorrak diruditen arren helduleku apartekoa da. Kontuz zati honetan iltzearen azpiko harlastetako bat erdi kolokan baitago. “Amildegiaren” gaineko oinkada ikusgarria da eta pasua eman baino lehen behin baino gehiagotan pentsatu behar izan nuen oina non eta nola jarri. Amaitzeko, arrailaren eskalada ere kuriosoa da.

Bilgunera iritsi nintzenerako haize zakar batek sokak batera eta bestera bandera baten moduan astintzen zituen. Denbora luzean gelditu gabe aurretik nituen oteen arantzak ahal izan nuen moduan ekidinez, zailtasun handirik ez duen (II) gandorra amaiera arte igo nuen, atzetik Asier iritsiz.

Hirugarren pinakuluan muntatutako bilgunean.


Bilgunetik gora egindako argazkia. Kontuz oteekin!!!!


Parez pare gandorraren laugarren eta azken pinakulua genuen (krokisean ezkutuan gelditzen da), deskribapenen arabera IV zailtasunekoa. “Ea azkeneko hau zemuzkoaen” esan nion Asierri aurrera egin aurretik. 8-10 metro inguruko pinakulu honek harkaitz-bloke txikiago bat (2-3 metroetakoa) itsasia dauka.

Laugarren, eta azken, pinakulu eta zailtasunen nondik norakoak.


Metro gutxi batzuetan behera egin eta harkaitz-blokearen azpian kokatu nintzen. “Trukoa bloken gañea igotzea eongoa” esan zidan Asierrek harkaitz-blokearen punta seinalatuz. “Bai, hala emateo” erantzun nion. Harkaitz bloke makurtua aztertu eta pinakuluarekin osatzen duen arrailean friend bat trabatzea lortu nuen. Ezker eskuarentzat helduleku eder bat topatu, eskuinekoa arrailean sartu eta, besoetatik tira eginez, pasabide makurtu hau uste baino errazago eskalatu nuen. “Ona Smithyyyy” esan zidan Asierrek.

Harkaitz-blokea eskalatzeko prest. Argazkian pinakulura igotzeko sartutako iltzeen kokalekua ikusi daiteke.


Harkaitz-blokearen gainean eskuinera begiratu eta pinakulura nondik igo begiratzen hasi nintzen. Metro pare bateko eskalada bertikalaren ondoren arrail estu bat hasten da. Burua altxatu eta “Hemen hiru iltze leku beren dare!!” oihukatu nion Asierri. “Hiru iltze?” galdetu zidan harriduraz. “Bueno, iltze iltzek eztie, zuloa duten txapa batzuk die”, erantzun nion. Jarritako “iltzeak” “Plakas del pajaro Loco” bidearen lehen luzekoak burura ekarri eta orduan bertatik mosketoiak pasatzea zenbat kostatu zitzaigun gogoratu nuen. “Ea mosketoiak sartzeien!!” bota nion.

Gorputza luzatu eta iltzeetatik express-zintaren mosketoia pasatzen saiatu nintzen. Hiru iltzeetan froga egin eta mosketoia sartzen ez zela ikusita berriro ere harkaitz-blokearen gainera itzuli nintzen. “Ostia, mosketoiak eztie sartzen!!” bota nion. Gainean eramaten dudan mosketoi txikiago batekin saiatu baina bigarren saiakera ere antzua izan zen. “Joerrrrrr!!!”.

“Saiau fisurero batekin aber” esan zidan Asierrek azpitik. Artaka-trabagailu ezberdinak pasatzen saiatu arren ezin izan nuen iltzeen zuloetatik ezer pasatu. Iltzeen artean artaka-trabagailu bat trabatzen ere saiatu nintzen inongo efekturik gabe. “Eztakit bat ze egin” bota nion azkenik “eztu zaile ematen baña eroitzen banaiz lurreaño nijo”. “Zuk ikusi” erantzun zidan Asierrek lasai, “Baukezu hortio nunbaitea iristea?”. “Bai” erantzun nion, “ezkerretio errexa da”. “Ba segi ordun” erantzun zidan.

Amorrazio puntu txiki batekin harkaitz-blokearen gainetik pinakulua ezkerretik inguratu eta metro gutxietara topatu nuen harkaitz-bloke batean bilgunea muntatu nuen. Asier ere saiatu arren ezin izan zuen iltzeetatik ezer pasatu. “Holakotan seguridadea aurretio dijo” esan zidan bilgunera iritsi zenean.

Asier iritsi bezain pronto eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunetik gora 6-7 metroetako eskalada erraza egin (II-III) eta parean nuen azken harkaitz-blokea eskuin ezker diagonalean mozten duen tximini estuaren oinera iritsi nintzen.

Tximini estutik behera egindako argazkia. Asierren ezkerrean laugarren pinakulua ikusi daiteke.


Tximinia estuaren oinean.


“Hemen egurrezko takoa dau” bota nion, “soka ustela daula emateo baña pasok eztu zaile ematen”. Egurrezko takotik express-zinta eta sokak pasatu ondoren azken zailtasuna atzean utzi nuen (III), harkaitz-bloke honen gaineko harkaitz handi batean friend bidez bilgunea muntatuz.

Tximinia estua eta egurrezko takoa.


“Eskalada hemen bukatzea?” galdetu zidan Asierrek bilgunera iritsitakoan. “Mendikaten arabera bai” erantzun nion, “liburun eztu zehazten”. Aurretik azken punta bat genuen baina sokarik gabe ongi igoko genuela ikusita eskaladako materiala gordetzen hasi ginen. Trasteak jaso, barratxo bat jan, ura edan eta, dena prest genuenean, bilgunea muntatutako harkaitz handia ezkerretik inguratu (amildegiaren gainetik egiten den pasabide motz bezain ikusgarria da) eta pareko puntara zuzendu ginen.

Atzera begirada. Azken bilgunea muntatutako harkaitza eta bertatik jaraitutako bidea.


Azkeneko puntara arte gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Batzuetan alde batetik, batzuetan bestetik, puntara iristeko gandorretik ahalik eta gertuen mantenduz metroak arin irabazi genituen lurra estaltzen zuten oteen arantzen akuilupean.

Athekaleun lepoa azken puntaren gailurretik. Puntu zuriz lepotik gora jarraitutako bidea.


Atzera begirada, gandorra eta Sara urrun gelditzen dira. Argazkian eskalada amaitutako harkaitz handia ikusi daiteke.


Azken punta honen bestaldeko Athekaleun lepora jaitsi eta ongi zapaldutako bidetik zuzenean gora jarraitu genuen. Haizeak ingurua hozten zuen hodeiak batera eta bestera eraman eta ikusmira murriztuz. Hala ere bideak galtzeko arriskurik ez dauka eta, Urkila mendiaren gailurra ezkerrean utzita, metroak pixkanaka irabazi genituen. Dozena erdi bat mendizaleekin gurutzatu ondoren pista zabal batera iritsi ginen.

“Eztet uste puntatio urruti eongo geanik” esan nion Asierri. Pistan metro batzuk egin eta, hodeien artean, gizakien zarata eta gailurraren inguruko eraikin eta turistak azalduz joan ziren.

Zibilizaziora itzultzen...


Gailurreko argibide-harriari argazki pare bat egin eta, behe-laino, haize eta zibilizaziotik ihesi, ez genuen bertan denbora luzerik egin. “Azkeneko urtetan igoeten menditako gailurrik itsuiña hau izan da dudaik gabe” esan zidan Asierrek tristura tonu batekin gailurra koroatzen duen izugarrizko antena zuri-gorriari bizkarra emanez.

Larruneko gailurreko argibide-harria.


Gailurreko antena zuri gorria.


Beherako bidean. Eraikinen ezkerrean Eugenia de Montijoren omenez erakitako oroigarria ikusi daiteke.


Jaitsiera Azkainera doan ohiko bidetik egin genuen.

Argazki honetan gutxi gora behera jarraitutak bidea margotuta dago.


Tren-geltokiaren azpitik trenbidea gurutzatu eta Larrungo ipar hormatik behera nabarmen doan bidea jarraitu genuen basora iritsi arte. Basoan sartu ginenean, eskuinera doan bidea hartu eta zelaiak estalitako Les trois Fontaines lepora iritsi ginen.

Les trois Fountaines lepora iristen.


Larruni azken begirada...


Bertatik erdi ikusten hasia zen gailurrari argazki bat azkar-azkar egin eta trenbidera zuzendu ginen, bigarrenez gurutzatu eta Sarara doan GR-10 bidearekin berriro ere bat egiteko.

Burdinezko kremailera mendiaren orbain.


Urkilako gandorra bere osotasunean.


Jaitsieran Urkilako gandorrari argazki gehiago egiteko aprobetxatu genuen. Kuriosoa da zein zaila izan daiteken ordu batzuk lehenago eskalatutako pasabideak beste ikuspuntu batetik identifikatzea. Urkilepo non zegoen ere identifikatzea kosta zitzaigun, jejeje.

Gandorreko pasabideak identifikatzen...


Bidean topatuko ditugun haritz zaharretako bat.


Sarako igerilekuetara uste eta nahi baino beranduago iritsi arren oso kontentu geunden. Gandorra polita iruditu zitzaigun, bakarti, interesgarri eta gomendagarria. Gure uste xumean bilgune batzuk muntatuta eta pasabideren batean baino gehiagoan parabolten bat jarria izango balu luze ederrak eskalatzeko aukera emango luke, bakarren bat V zailtasunetik gorakoa ere.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA

- Mendikat. Larhun. 2018ko apirilak 5. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/1122#
- Angulo M. Pirineoak: 1.000 igoera. I, Hendaiatik Somportera (bide arruntak eta eskalada errazak), 56-57. Donostia/Baiona. Elkar argitaletxea, 1999.
- Le train de la Rhune. Eskuragarri: https://www.rhune.com/eu/


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina